Ariel Sharon
Ariel Sharon (hebreeraz: אֲרִיאֵל שָׁרוֹן, arabieraz: أرئيل شارون, Ariʼēl Sharōn; Kfar Malal, 1928ko otsailaren 26a - Tel Aviv, 2014ko urtarrilaren 11) israeldar politikari eta militarra izan zen. Lehen Ministroa izan zen 2001eko martxotik 2006ko apirilera arte, nahiz eta 2006ko urtarrilaren 4tik aurrera, Ehud Olmert Lehen Ministrordeak postua hartu zuen, Sharonek odol isuri handia izan zuelako. Handik aurrera, koman egon zen, 2014ko urtarrilean hil zen arte[1].
Bere ibilbide politiko luzean zehar, bai Israelen, bai kanpoan, polemikak piztu zituen. Israelen segurtasuna ahuldu gabe, bakea lortzen ahalegintzen zen lidertzat jotzen zuten aldekoek. Israeldar askoren iritziz, borroka latzetan herrialdea defendatu zutenetakoa izan zen. Palestinar frankorentzat, berriz, 1982an Beirut inguratu zuen odolzalea eta Sabra eta Xatila sarraskiaren erantzulea zen[2].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1948an eratu zenetik, Israelgo armadako komandantea izan zen. 1953an 101 unitatea sortu zuen, palestindar fedajinen aurkako errepresalia operazioak egiteko. Suezko krisialdian (1956-1957), Sei Eguneko Gerran (1967) eta Yom Kippur Gerran (1973) parte hartu zuen. 1982an, Menahem Beginen gobernuko Defentsa ministroa zela, Libanoko inbasioa zuzendu zuen. 1982ko irailean gertatutako Sabra eta Xatila sarraskiaren ardura izatea leporatu zitzaion[3]. 1983an, Kahan komisioak "zeharka" eta "pertsonalki" erantzulea zela ebatzi zuen, nahita axolagabe jokatu baitzuen. Horren ondorioz, Defentsa ministro kargua utzi zuen. Nolanahi ere, Likud alderdiaren barnean politiko nabaria izanik, hurrengo kabineteetan ministro izaten segitu zuen.
1999an, Benjamin Netanyahuren porrotaren ostean, alderdiburu izendatu zuten. 2000eko irailean Meskiten Zelaigunera egin zuen bisitak Bigarren Intifada eragin zuen. 2001ean lehen ministro hautatu zuten. Kargua hartu ondoan Zisjordaniako mugako harresia eraikitzen hasi zen, nazioarteko komunitatearen kritikei jaramonik egin gabe. Baina Gazako zerrendatik erretiratzeko plana aurkeztu zuenean, alderdikide ugarik kritikatu eta Israel saldu izana leporatu zioten. Azkenean, 2005eko azaroan Sharonek Likud alderdia utzi eta Kadima izenekoa sortu zuen. 2006ko urtarrilean, istripu zerebrobaskular larria izan zuen, eta koma egoeran geratu[2]. Alderdi berriak, Ehud Olmert buru zuela, 2006ko hauteskundeak irabazi zituen.
Ariel Sharon Tel Aviven hil zen, 2014ko urtarrilaren 11n.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Sharonen hilkapera eguerdian zabalduko dute Israelgo Parlamentuan Eitb.com
- ↑ a b Ariel Sharon, la vida de un controversial guerrero israelí BBC Mundo. Bbc.co.uk
- ↑ David ALANDETE: Ariel Sharon, el fiero general que se convirtió en pragmático político Internacional.elpais.com
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau Israelgo biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |