Beharraldiko txanponak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beharraldiko txanponak
token coin (en) Itzuli
Ezaugarriak
JaulkitzaileaKontsumo kooperatiba eta Eusko Langileen Alkartasuna

Beharraldiko txanponak edo premiazko txanponak izan ziren kontsumo kooperatiba batzuek, bereziki Eusko Langileen Alkartasunak bultzatutakoek, sortutako txanpon edo monetak, diru ofizialaren eskasiari aurre egiteko.Txanpon haiek balioa zuten, soilik, sindikatuak berak antolatutako kontsumo kooperatibetan.

Kontsumo kooperatibak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsumo kooperatibak XIX. mendearen erdialdean sortu ziren, Britainia Handian, eta Europa guztira zabaldu ziren berehala. Euskal Herrian astiroago hedatu zen ekonomia sozialaren eragile hau, Suediaren, Frantziaren edo Alemaniaren aldean. Lehen kontsumo kooperatibak 1914an sortu ziren Euskal Herrian, lehen-lehenik Bizkaian, iturburu eta joera katolikoari loturik, besteak beste ideologia sozialistaren eraginez sortzen ari ziren gisa bereko ekimenei aurre egin nahirik. Ohikoa izaten zen, halakoetan, kooperatibaren izenean «katoliko» hitza berariaz aipatzea.[1][oh 1]

Kooperatiba mota honen xedea zen langile bazkideei eta familiei jana eta bestelako hornigaiak ziurtatzea, merkatuan prezio ahalik eta onenak lortuta, ahalmen kooperatiboak ematen zuen indarra baliatuz.

Eusko Langileen Alkartasuna XX. mendearen lehen hamarkada hartan eratzen eta sendotzen ari zelarik, eta jakina denez sindikatuaren sorreran ideario katolikoak indar handia eduki zuela,[2] beraren ekimenez edo, besterik ezean, babesaz zenbait kontsumo kooperatiba sortu ziren, batez ere sindikatua errotuta zegoen herrietan. Kontsumo kooperatiba haien barruan, txanpon propioak sortu zituzten, langile familia gehienek pairatzen zuten diru eskasiari aurre egiteko.[oh 2]

Sindikatuaren eta, oro har, jeltzaleen eraginez , lehen kontsumo kooperatibak 1919ko abuztuaren 15ean zabaldu zituen ateak, Bilbon. Formalki elkarte burujabe bat bazen ere, zeharka Eusko Langileen Alkartasunaren eta Euzko Alderdi Jeltzalearen koadroek kontrolatzen zuten. Urte berean sortu zen beste bat Durangon, eta hurrengo urtean, 1920an, kooperatiba bana eratu ziren Algortan, Bermeon, Trapagaranen eta Ortuellan.[3][oh 3]

Mende hasierako saioak finkatu eta sendotu ziren neurrian, benetako indarra Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian hartu zuten euskal herrietan, bereziki Eusko Langileen Alkartasunak 1933an Gasteizen egindako batzar nagusiak era honetako kooperatibak sustatzea erabaki zuelarik, Heliodoro de la Torreren eta Graciano Ormaetxearen ekimenez.[4][5] Horrela, 1933an bertan zenbait kooperatiba ireki ziren, batez ere Bizkaian, lehenik Bilboaldeko Eskuinaldean (Leioan,[6] Getxon eta Erandion[7]), gero Ezkerraldean (Sestaon, Portugaleten[7]). Hurrengo urtean, Algortan, Matikon, Lutxana-Barakaldon, Basaurin eta Bilboko zenbait auzotan (Abando, Solokoetxe, Zorrotza, Deustu, Begoña).[8]

Gipuzkoari dagokionez, kontsumo kooperatibak sortzeko prozesua astiroago joan zen. Herri batzuetan era honetako kooperatibak lehenagotik sortuak baziren ere —Azkoitikoa, adibidez, 1915ean—,[oh 1] Eusko Langileen Alkartasunaren ekimenez lehen kontsumo kooperatiba Eibarren sortu zen, 1929an.[9] Geroago zabaldu ziren, 1934an, Legazpin, Tolosan eta Errenterian. 1936an, frankisten matxinadaren atarian, kooperatiba bana zabaldu ziren Donostian, Lazkaon, Hernanin, Azpeitian eta Oiartzunen; proiektuak oso aurreratuta zeuden, berriz, Arrasaten, Irunen, Zumarragan eta Zarautzen.[10]

Araban eta Nafarroan, berriz, kontsumo kooperatibak soilik hiriburuetan ezarri ziren. Gasteizen, 1934an zabaldu zituen ateak; eta Iruñean, 1936an martxan zen.[10]

Txanpon adibide batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkoitia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkoitiko Jasokunde Kooperatibaren txanpon batzuk, 1915ekoak. Alboan, 5 pezetakoa.

Azkoitiko kontsumo kooperatiba goiztiarra izan zen, 1915eko abenduaren 10ean eratu baitzen,[11] artean oraindik Eusko Langileen Alkartasunaren antolamendua eratu gabea zela herrian. Dirudienez, kooperatibaren eredua Zugaztietatik hartu zuten.[12]

Ezagutzen diren txanponak dira pezeta 1eko, 2ko, 5eko, 25eko eta 50eko baliokoak. Balio txikienekoek (1 eta 2 pezeta), aurrian herriko armarriaren gaztelua dute irudikatuta, eta handienekoek barriken iturria; guztiek, ifrentzuan txanponaren balioa eta kooperatibaren izena zeramaten. Diktadura frankistaren lehen urteetako gabezia larrietan, kooperatibaren txanponek balio handia izatera iritsi omen ziren.[13]

Azkoitiko kooperatibaren kasuan, ezagutzen diren txanpon guztietan idazkunak gaztelaniaz soilik daude. Latorriz egindako txaponak dira.

Hernani[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hernaniko txanpona, aurria (eta ifrentzua, beste irudian).

Aurreko atalean azaldu den bezala, Hernaniko kontsumo kooperatiba Eusko Langileen Alkartasunaren ekimenez eratu zen, 1936an, hau da, frankisten matxinada gertatu baino hilabete batzuk lehenago. Ez zuen, beraz, bizialdi luzerik ukan.

Ezagutzen den txanponak, aurrian, Eusko Langileen Alkartasunaren ikur tradizionala darama erdian,[oh 4] pixka bat aldatuta, azpian baserri baten irudia agertzen baita. Txanponaren ertzaren inguruan hau dago idatzita: «Eusko langile ta nekazarien sal-eroste elkargoa». Irudiaren azpian, «Ernani» ageri da.[oh 5]

Txanponaren ifrentzuan, balioa zehazten da: «½ aztaga[14] (libra) ogi ordainbide», hau da, kilo laurden bat ogi, gutxi gorabehera.

Bi berezitasun ditu, gutxienez, Hernaniko kontsumo kooperatibaren txanpon honek: alde batetik, ez du balioa, beste kasuetan bezala, garai hartan indarrean zegoen pezetaren neurrira ematen, baizik eros ahalmenaren neurrira; bestetik, ezagutzen diren txanponetan bakarra da idazkunak osorik euskaraz dituena.

Brontzezko aleazioren batez, edo antzeko itxura duen beste aleazio metalikoren batez egina da.[oh 6]

Portugalete[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugaleteko txanpona.

Bilboaldeko beste zenbait kooperatibarekin batera, Portugaletekoa 1933an eratu zen.[7] Ezagutzen den txanpon bakarra, beraz, 1933-1936 bitartean egina izan behar da..

Txanponaren balioa da pezeta baten 50 zentimo. Aurrian, Eusko Langileen Alkartasunaren ikurra ageri da erdian, eta ertzaren inguruan idatzita, goien «Cooperativa vasca» eta behean «Portugalete»; ifrentzuan, berriz, txanponaren balioa besterik ez da ageri, «50 centimos».

Brontzezko aleazioren batez, edo antzeko itxura duen beste aleazio metalikoren batez egina da.

Txanponarekin batera, Portugaleteko Eusko Langileen Alkartasunaren zigilu bat ere ezagutzen da. Idazkun hau ageri du: «Pro Solidaridad de Obreros Vascos, 20 cts».[oh 7] Ez dago argi zigiluaren erabilera kontsumo kooperatibarekin lotuta ote zegoen edo, besterik gabe, sindikatuaren aldeko diru ekarpenak biltzeko sortu ote zuen sindikatuak.

Gasteiz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizko txanpona.

Azalpen atalean adierazi den bezala, Eusko Langileen Alkartasunak bultzatutako Gasteizko kontsumo kooperatibak —Araba osoan, bakarra—1934an zabaldu zituen ateak.[10] Ezagutzen den txanpon bakarra pezeta bateko baliokoa da, latorriz egina da eta idazkun hauek erakusten ditu: aurrian, sindikatuaren ikurra ageri da erdian, eta ertzaren inguruan idatzita, goien «Cooperativa de T. Vascos» eta behean «Vitora»; ifrentzuan, txanponaren balioa ageri da, «1 peseta».

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Gipuzkoan sortutako lehen kooperatibatako bat Azkoitikoa izan zen —2022an oraindik lanean ari zena, Jasokunde Kooperatiba izenaz, sindikatutik guztiz bereizia—, jatorriz «La Asunción de Nuestra Señora de obreros católicos de la Villa de Azcoitia» izena zuena.
  2. Kooperatibetako txanponak bono modukoak ziren: kooperatiban gastua egin ahala, erosleak txanpon bat edo gehiago jasotzen zuen, balio jakin batekin, hurrengo erosketan aurrezki gisa erabiltzeko. Ikus Maxixatzen.eus, Zakel Zaltue irratsaioa, 32. zk., 27:20-27:45.
  3. Dario Anselek ohartarazten duen bezala (2011, 291. or.), ELAk bultzatutako lehen kooperatibak sortu ziren sindikatuak indar urria zuen herrietan. Horrek erakusten du sindikatuarentzat era honetako kooperatibak zabalkunderako abiapuntu izan zirela.
  4. Eusko Langileen Alkartasunaren anagrama edo ikur tradizionala ikus daiteke, besteak beste, Euzko langillia aldizkariaren lehen zenbakian (Manu Robles Arangiz Institutua).
  5. Itxura guztiaren arabera, txanpona 1936an egina izango zenez, Eusko Langileen Alkartasunaren jarraitzaileek eta, oro har, jeltzaleek ez zuten h hizkirik erabiltzen euskal hitzetan.
  6. Hernaniko kontsumo kooperatibaren txanpona Ane Jalon (@AneJalon) txiolariak eman zuen argitara, 2022ko abuztuaren 4ko txio batean. Irudiak CC-BY-SA lizentzia baten mende erabiltzeko baimendu zuen, txio beraren harian.
  7. Jakina da Eusko Langileen Alkartasunaren sorrera urteetan sindikatuak izena maiz gaztelaniaz erabiltzen zuela, Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) eran.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Medina-Albaladejo, Pujol-Andreu (2014).
  2. Gran Enciclopedia de Navarra | SINDICATO CATÓLICO LIBRE. (Noiz kontsultatua: 2022-08-23).
  3. Ansel (2011), 291. or.
  4. Ulazia (2021).
  5. Ansel (2011), 293. or.
  6. Ansel (2011), 298. or.
  7. a b c Ansel (2011), 299. or.
  8. Ansel (2011), 300-305. or.
  9. Ansel (2011), 307-308. or.
  10. a b c Ansel (2011), 309. or.
  11. Ikus Jasokunde Kooperatibaren akta liburuak.
  12. «Kooperatibako txanponak eta beste zenbait gai jorratuz amaitu du ikasturtea Zakel Zaltuk irratsaioak -» Maxixatzen.eus: 27:30. (Noiz kontsultatua: 2022-08-23).
  13. «Kooperatibako txanponak eta beste zenbait gai jorratuz amaitu du ikasturtea Zakel Zaltuk irratsaioak -» Maxixatzen.eus: 29:00. (Noiz kontsultatua: 2022-08-23).
  14. «aztaga, bilaketa - OEH» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-24).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]