Edukira joan

Konstituzio plaza (Donostiako Plaza Berria)

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Koordenatuak: 43°19′25″N 1°59′06″W / 43.32361°N 1.98489°W / 43.32361; -1.98489
Wikipedia, Entziklopedia askea
Donostiako Konstituzio plaza» orritik birbideratua)
Konstituzio plaza (Donostiako Plaza Berria)
Kultura ondasuna
Parte Zaharra
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaDonostia
Koordenatuak43°19′25″N 1°59′06″W / 43.32361°N 1.98489°W / 43.32361; -1.98489
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza 1722, 1817
Arkitektura
ArkitektoaPedro Manuel Ugartemendia
EstiloaArkitektura neoklasikoa
Ondarea
BICRI-51-0005140
767

Donostiako Plaza Berria edo Konstituzio Plaza Gipuzkoako Donostia hiriburuan dagoen plaza bat da, Parte Zaharraren erdialdean. 1722koa denez, lekuak 300 urte bete zituen 2022an.[1][2] Euskaraz eta modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen XX. mende erdialde arte. Beste hainbat hiritako 'plaza berriak' bezala neoklasiko estilokoa da, oinarri karratukoa, eta harrizko arkupeak ditu. Ezaugarri nagusitzat arkupeak dituen plaza honetan ospatu ohi dira hiriko jai handiak (Danborrada, San Tomas feria, San Juan sua. Aste Nagusiko dantza alardeak...).

Bertan dago, halaber, Donostiako Udaletxe zaharra, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.

Plaza Berriaren 300. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Historian plaza honek izen desberdinak izan ditu: Plaza Berria, Konstituzio Plaza, Uztailaren 18ko Plaza eta Konstituzio Plaza berriz ere. Plaza Berria da izen zaharrena, San Jeronimo kalearen irteeran baitzegoen betiko Plaza Zaharra eta, Berwickeko dukearen erasoan izandako kalteen ondoren (1719), plaza berri bat eraiki zen lehenago etxeak zeuden orubean: egungo Konstituzio Plaza.

Donostiako Plaza Berria gauez bustita 2024ko Gabonetan

Egungo izena 1820an jarri zioten, ez udalaren aginduz, baizik eta orduko Donostiako elite liberalek, La Sociedad Patriótica de San Sebastián elkartean bilduta (Tertulia Constitucional La Balandra ere deitua), hala ezarrita. Josu Tellabidek oso espainiarzaletzat dauka elkarte hori.[3] Haatik, 1898an, Donostiako Udalak bi izendapen onartu zituen ofizialki: gaztelaniaz, Plaza de la Constitución, eta euskaraz, Plaza Berria.

Modu herrikoian, Plaza Berria izena erabili zen urteetan, nahiz eta ofizialki beste izen batzuk ezarri ziren, frankismo garaian konsti izena ere hasi zen erabiltzen modu herrikoian, izen ofiziala 'Plaza del 18 de julio' zenean.[4][2]

Egitura eta kokalekua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkupedun eraikinez inguratutako leku atsegin honetan garai batean Donostiako udaletxea egon zen, eraikineko erlojua nabarmentzen da hor. Gaur egun bertatik paseatu edota tabernetako kanpoko mahaietan eseri ohi direnak sarritan plaza honetako xehetasun batekin harritzen dira: plazara jotzen duen balkoi bakoitza zenbaki batez adierazita dago. Xehetasun hori garai batean plaza hau zezen plaza zeneko oroigarria da, zezenleku honek 147 balkoi edo palko zituen. Plaza honek estilo neoklasikoa du.[5]


Plazaren inguruko kaleak honako hauek dira: Arrandegi kalea, Fermin Kalbeton kalea, Iñigo kalea, Joan Bilbao kalea, Narrika kalea, Portu kalea eta San Jeronimo kalea.

Antzina, harresi barruko Donostiak plaza bakarra zuen XVI. mendean, Plaza Zaharra izenekoa (gaur egungo Ugartemendia plazan, Bulebarreko erlojuaren inguruan, zegoen). Plaza hori militarrek erabiltzen zuten maniobretarako, eta arazoak izaten zituzten herritarrek beren ospakizun eta ekitaldietarako.[2]

Plaza Berria (1722)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrela, hiriaren erdialdeko etxe batzuk bota eta Plaza Berria sortu zuten egungo Konstituzio plazaren lekuan 1719ko setioko eraikin kaltetuen tokian. 1722ko urtarrilaren 18an inauguratu zuten, eta Plaza Berria izena jarri zioten. Aurrekoa, harresiaren ondoan zegoena, gaur egungo bulebarrean, Plaza Zaharra bilakatu zen.[2][5]

Plaza Berria eta Plaza de la Constitución (1817)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Donostiako Plaza Berrian 1817an egin ziren lanak eta ospakizunak (Baldomero Anabitarte, 1903).[6]

Plaza hura (ia Donostia osoarekin batera) suntsituta geratu zen 1813ko abuztuaren 31ko asalto eta sutearen ondorioz. Egungo plaza 1817an Pedro Ugartemendia eta Alejo de Mirandak eraiki zuten, suntsiketa haren ondorengo berreraikitzeko proiektuaren lanik aipagarriena plaza hau eraikitzea izan baitzen.[2] Berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan. Bizente Etxagaraik bertsoak idatzi zituen ospakizunerako (Donostiako plaza berriko metarriyen asierarizortzikoa).[7][8][5]

1820an, ordea, ‘Plaza de la Constitución’ izena inposatu zuten, Cadizko 1812ko konstituzioa goraipatzeko. Sociedad Patriotica de San Sebastian izan zen horren eragilea, Donostiako elite liberalaren elkarte espainiarzalea. Aipatu elkarteko sortzailea zen Jose Manuel Collado, eta partaideak Donostiako familia aberatsetako kideak ziren: Etxague jenerala, Joaquin Bermingham, Fermin Lasala, Eustasio Amilibia, Joaquin Calbeton, Brunet anaiak, Claudio Anton Luzuriaga eta abar. Herritarrek, ordea, euskal elebakarrak gehienak, Plaza Berria esaten jarraitu zuten.[2]

1896an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko kale eta plazak bi hizkuntzatan errotulatu behar zirela. Agindu hori betez, udalbatzak 1897an erabaki hau hartu zuen: Plaza Berria jartzea herritarren ohitura jarraituz. Halere, ‘Plaza Constitucion’ mantendu zuten, ez baitziren ausartu inposatutako izena kentzen edo ez zieten utzi.[2]

Plaza del 18 de julio (1936)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko altxamendu militarraren ondoren, ‘Plaza del 18 de julio’ izena jarri zioten. Izen hori mantendu zuen frankismoa bukatu zen arte. Euskaraz egitea guztiz debekatua eta zigortua zegoen garai hartan, '18 de julio' ez esatearren, herritarrak ‘La Consti’ eta ‘Ko(n)sti’ esaten hasi ziren. Eta horrek ekarri zuen Plaza Berria izena ahanzturan erortzea.[2]

Garai horretako giroa agertzen da Ramon Saizarbitoria idazlearen Ehun metro eleberrian da (1973an) eta 1985ean egindako Ehun metro filmean. ETAkide batek poliziengandik ihesi orduko Plaza Berrian eraila izan aurretik korrika egiten dituen azken metroak kontatzen ditu, haren haurtzaroko bizipenak, klandestinitateko egunak, iraganeko amodiozko harreman bat, egunkarietako titularrekin, beste gazte bati egindako itaunketa polizialekin eta kaleko jendearen iruzkinekin tartekatuz.

Plaza de la Constitución / Konstituzio plaza (1978)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an Espainiako konstituzioa erreferendum bidez onartu zenean, haren omenez, gerra aurretik plazak zuen izena jarri zioten. ‘Plaza de la Constitucion’ euskaraz ere jarri zuten, ‘Konstituzio plaza’ izenarekin.[2]

2013an, 1813ko asalto eta sutearen 200. urteurrenean, eta 2022an, plazaren 300. urteurrenean, eskaerak egin ziren plazaren jatorrizko izena ofizialki berreskuratzeko.[9]

Ospakizunak urtean zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Ignazio Ansorena Donostiako udal txistulariekin. Igandero eguerdian Plaza Berrian.
Sakontzeko, irakurri: «Donostiako Danborrada»

Normalki leku lasaia izan ohi da, baina jai egun garrantzitsuetan jendez lepo egoten da, adibidez San Tomas Egunean eta bereziki Donostiako jai nagusia den San Sebastian Egunean, urtarrilaren 20ko egun honetan plaza jendez bete eta San Sebastian martxa jotzen baita.

1931etik aurrera hiriko agintariek plaza honetan Gizon-dantza dantzatu ohi zuten San Juan bezperan (aurretik ziurrenik beste lekuren batean dantzatzen zen), gerora ohitura galdu egin zelarik. 2011n Juan Karlos Izagirre alkateak berriro dantzatu zuen.[10]

Noiz Ospakizuna Plaza Berrian
Urtarrilaren 20an Donostia eguna, Danborrada
Otsailean ihauteriak baino lehen Kaldereroak
Ekainaren 23 eta 24an Lizar bat plaza erdian, Donibane sua, alkateak aurreskua dantzatzen du.[10]
Abuztuaren 15eko astea Aste Nagusian Txistulari eta Dantzarien alardeak arratsaldero,
Iraileko lehen bi asteetan Euskal Jaiak. Jolasak eta ikuskizunak arratsaldeetan, berbena gauetan
Abenduaren 20an San Tomas jaia
Gauero Kaleko Afari Solidarioak
Urte osoan igandero Txistu kontzertua Donostiako udal txistulariekin igandero eguerdian (urte askotan Jose Ignazio Ansorenarekin)

Beste 'Plaza Berri' batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen bereko beste hainbat plaza ere badira. Denak XVIII. edo XIX. mendekoak dira, neoklasiko estilokoak, oinarri karratukoak, eta harrizko arkupeak dituzte (Donibane Garazin, Tolosan eta Lanestosan ez baina). Gutxienez sei hauek dira "Plaza Berria':

Plaza Hiria Beste izen ofizialik? Auzoa Urtea Arkitektoak
Plaza Barria (Bilbo) Bilbo Zazpikaleak 1829-1851 Silvestre Pérez, Antonio Etxebarria eta Avelino Goikoetxea
Plaza Berria (Donibane Garazi) Donibane Garazi Alde Zaharra
Plaza Berria (Donostia) Donostia Konstituzio plaza (1820-1936), Plaza del 18 de julio (1936-1978) Parte zaharra 1722 eta 1817 1722an Hércules Torrelli

1817an Pedro Ugartemendia eta Alejo de Miranda

Plaza Berria (Gasteiz) [11] Gasteiz Konstituzio Plaza (1812-1927), Jauregiaren Plaza Zentrala (1828), Alfontso XIII.a plaza (1927-1936), Espainia plaza (1936tik).[12] Gasteizko Zabalgunea 1791 Justo Antonio Olagibel
Plaza Berria (Lanestosa) Lanestosa
Plaza Berria (Tafalla) Tafalla Frantzisko Nafarroakoa plaza Erdigunean 1866 edo 1858 Martin Sarasibar Lafuente
Plaza Berria (Tolosa) Tolosa Alde Zaharrean, Iribarateta 1700? (XVIII. mendea)

Plazako eraikin nagusia Donostiako Udaletxe zaharrarena (1832) da, gerora Udal Liburutegi izandakoa. Gaur egun Donostia Kulturaren bulegoekin batera Liburutegiaren funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude bertan.

Donostiako Plaza Berriko bertsoak (1817)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Bizente Etxagarai
Arratsaldeko argi-jokoak Plaza Berriko arkupean.

Donostiako Plaza Berria berreraiki behar zela-eta, 1817ko irailaren 16an eta 17an jaiak edo ospakizunak antolatu ziren plazan bertan. Hauexek Bizente Etxagaraik irailaren 16koak kontatuz idatzi zituen bertsoak:[7][8]

Donostiako plaza berriko metarriyen asierari. Zortzikoa.

1.
Egun konsolagarri
zorionekoa,
amaseigarreneko
Agorrillekoa:
neurritu dana Plaza
Donostiyakoa,
aztu bear dubena
len erretakoa.

2.
Atzo goiz beranbuban
Donostiko erriyan
ekusgarririk asko
zen Plaza Berriyan:
alkiyak ipiñirik
inguru guztiyan,
agintariyak zeuden
jarririk erdiyan.

3.
An ziren kabildo ta
Errege gizonak,
an ziren gure junta
obretako jaunak
etxegille nagusi
agintariyenak,
ezpata-dantzari ta
soñurik onenak.

4.
Edertasun andi bat
goizeko amaiketan
zegoan jendezkoa
leku guztiyetan:
Plazan eta kaleko
etxe berriyetan,
arri pilla, leyo zar,
pareta gañetan.

5.
Arri urdiñ biribil
lenbizikoetan
atzo sartu dirade
Plaza-kantoyetan
paper eta dirubak
frasko ederretan,
noizbait jakin dadiyen
ondorengoetan.

6.
Ekarriko dirade
bereala arriyak,
egiteko bertatik
pillare beriyak:
guztiz izango dira
sendo eta egokiyak,
orpoetan urdiñak,
gañean zuriyak.

7.
Gero asiko dira
egiten etxeak,
ogei ta bosteraño
posible ez obeak:
berdintasunarekin
banaita gabeak
artuko dituztenak
Plazan iru aldeak.

8.
Kontzejuko etxeak
artuko du urrena
gure Plaza Berriko
alde laugarrena:
zimenduak sendoki
egiñik aurrena,
izango da herriko
lanik ederrena.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Pi Chevrot, Jose Javier. (2019-11-06). «La Plaza Nueva y su Casa Concejil. Donostia-San Sebastián. 1715-1722. Creación de una pieza urbana modélica.» www.educacion.gob.es (Universidad Politécnica de Catalunya) (kontsulta data: 2023-05-27).
  2. a b c d e f g h i Tellabide, Josu; Manterola, Marije; Dani, Goñi; Legorburu, Mikel. «Donostiako Plaza Berriak 300 urte» Berria (kontsulta data: 2022-11-23).
  3. Berria.eus. «Donostiako kale izendegia gora eta izendegia behera» Berria (kontsulta data: 2018-08-30).
  4. https://web.archive.org/web/20111229163413/http://www.gipuzkoaturismo.net/WAS/CORP/DITPortalTurismoPublicoWEB/Detalle.do?destino=irADetalle&codigoFN=D.4.1.14&seccion=PAGINA_DETALLE&buscaFN=false Donostiako Konstituzioaren plaza. Gipuzkoako Turismo Bulegoaren webgunea
  5. a b c Pi Chevrot, José Javier. (2019-11-06). La ciudad de Donostia-San Sebastián antes de 1813 : reivindicación de su presencia. Universitat Politècnica de Catalunya (kontsulta data: 2024-05-02).
  6. (Gaztelaniaz) Anabitarte, Baldomero. (1903). Gestión del municipio de San Sebastián en el siglo XIX. Donostia: Imprenta y encuadernación de Francisco Juenet, 51-55 or..
  7. a b Zavala, Antonio. FESTARA. Jose Vicente de Echagaray. (Berre bertso guztien bilduma). Auspoa.
  8. a b «BERTSO / OLERKIen orrialdea» www.armiarma.eus (kontsulta data: 2023-05-12).
  9. Josu Tellabide, Marije Manterola, Dani Goñi eta Mikel Legorburu Plaza Berria Berreskuratu Dezagun. (2022). «Plaza Berria, 300 urte!» Noticias de Gipuzkoa (kontsulta data: 2022-11-23).
  10. a b Lide, Aguirre. La Gizon Dantza unió a la corporación. Diario Vasco (kontsulta data: 2011-6-26).
  11. a b «Zatoz Gasteizko Plaza Berrira 2023ari ongietorria EITBrekin batera emateko» EITB 2022-12-27 (kontsulta data: 2023-05-16).
  12. «Gasteizko Espainia plaza berriz ere Plaza Berria izan dadin, sinadura bilketa» Argia (kontsulta data: 2025-02-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]