Edukira joan

Ibarretxe Plana

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibarretxe Planaren Eusko Legebiltzarreko bozketa

Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko parlamentuak onartutako estatutu berriztatu bat egiteko saiakera bat izan zen. Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa deitua, baita ere Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politiko Berria deitu zitzaion baina ezagunagoa da Ibarretxe Plana bezala. 2001eko irailean eman zuen honen berri Juan José Ibarretxe lehendakariak. 2003ko urriaren 25ean Eusko Legebiltzarrreko politika orokorreko osoko bilkuran aurkeztu zen eta 2004ko abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarrak gehiengoak bere alde bozkatu zuen.

2005eko urtarrilean Espainiako Kongresuan aurkeztu zen eta otsailaren 1ean atzera bota zuten Ibarretxe Plana. Aurka bozkatu zuten 313 diputatuk (PSOE, PP, IU, CC eta CHA), 29k alde (EAJ, ERC, CIU, EA, Nafarroa Bai eta BNG) eta bi abstentzio egon ziren (ICV). Gogoratu behar da urte horietan ezker abertzalea (Aralarrek ezker abertzale historikoa deiturikoa) ez zegoela Espainiako Kongresuan Espainiako Alderdien Legearen ondorioz, beren hautagaitzak legez kanpokoak bihurtu zituztelako.

2003. urtean, Espainiako Alderdien Legea indarrean jarri zen lehenengo urtea izan zen. Urte horren udal hauteskundeetan eta ezker abertzalearen (Autodeterminaziorako Bilgunea) ilegalizazioaren ondorioz, giro nahasia zegoen herri askotan. Udal hauteskundeekin batera, egun berean, Nafarroan hauteskunde autonomikoak izan ziren eta Euskadin Foru Aldundien hauteskundeak. Beraz, hauteskundearen emaitzak ez ziren hego Euskal Herriko emaitza "errealak" izan. Aldi berean, Gernikako Estatutua aldatzeko eta berritzeko gogoak erakutsi zituen EAJko alderdiaren zati batek. Estatutu berriztu honetan, euskal abertzaleen oinarrizko eskaera batzuk egoteaz gainera, idei iraultzaile batzuk agertzen ziren. Ideia batzuk Quebeceko erreferemdumetik hartuak izan ziren eta beste batzuk Puerto Ricoko "Estatu Libre Elkartua"ren kontzeptu politikotik. Izatez, Juan José Ibarretxek berak, batzuetan Puerto Ricoko egoerarekin alderatu zuen bere plana. Ibarretxe lehendakariak bere izenagatik ezaguna bihurtuko zuen plana aurkeztu eta berehala hasi ziren kritikak Espainiako alderdi nagusien, PP eta PSOEren partetik.

Espainiako komunikabideak izan ziren "Ibarretxe Plana" deitu zioten lehenengo komunikabideak, askotan sentzu negatiboan aurkeztu nahian.[1] Juan José Ibarretxek, izatez ez zion honela inoiz deitu eta aldiz bere izena bigarren leku batean geratzeko itxaropenarekin, Eusko Legebiltzarrak berak aurkeztutako proiektua onartu zuenean zera esan zuen: "jadanik hau ez da nire plana, Eusko Legebiltzarraren plana da."

Urte batzuk beranduago, antzekoa egin zuten Iñigo Urkullurekin. Berak, (egiari zor berak gidatutako Jaurlaritza idatzi beharko zen) adierazitako ideiak edo helburuak laster bihurtu ziren "Urkullu Plana" edo "Plan Urkullu".[2][3][4][5][6] Ezker Abertzalean, sarean bakarrik Iñaki Egañak aipatu zuen "Urkullu Plana"[7] eta izatez, euskarazko komunikabideetan izen hau ez da inon ere ez agertzen.

Hiru zutabe zituen Plan honek:

  1. Euskadi (Euskal Autonomia Erkidegoari buruz hitz egiten zuen planak) identitate propioa duen herri bat da.
  2. Euskadik bere etorkizuna erabakitzeko, eskubidea dauka. Era argi batean, autodeterminazio eskubidea agertzen da.
  3. Euskadiko probintzia guztien arteko (hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoen artekoa) begirunea eta baita ere gainerako herrien arteko begirune edo errespetua. Helburu hau lortzeko, probintzia guztien gehiengoa behar zen.

Lehenengo bi puntuak euskal abertzaleen artean gauza ezagunak baziren ere, hirugarren puntua ordurarte ezezaguna zen gauza berri bat sartzen zuen politikan. Probintzia guztien arteko errespetua. Ibarretxe Plana aurrera ateratzeko ez zen nahikoa izango Euskadiko hiru probintzien (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa) gehiengoa. Beharrezkoa zen probintzia bakoitzean gehiengo batek Planaren alde bozkatzea.

Honetaz gainera proposamenak zera esaten zuen:

  • Iraultzailea zen beste idei bat: Nahi zuenak euskal naziotasuna edo euskal pasaportea izango zuen. Aldi berean nahi zuenak Espainiako nazionalitatea mantendu ahalko zuen edo nahi izanez gero Espainiako eta Euskadiko nazionalitate biak izan ahalko zituen. Pasaporte bat hala bestea (edo biak) izateak ez zuen eragina izango eskubide eta betebeharretan. Herritartasunak emango zituen eskubide eta betebeharrak eta ez nazionalitateak.
  • Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin erlazioen askatasuna betiere probintzia guztien arteko begirunea mantenduz.
  • Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekiko harremanei lehentasuna ematen zion Planak. "Hartarako, Europar Batasunaren esparruan, Pirinioen bi aldeetan kokatutako euskal lurraldeeta giza taldeek, mugaz gaindiko lankidetzarako egungo zein etorkizuneko araudiak eskainitako aukerak ahalik eta erarik zabalenean erabili ahal izateko beharrezko akordio eta itunak sinatzea sustatuko da, Euskadiko Erkidegoaren eta Frantziako Estatuan kokatutako euskal lurralde eta giza taldeen artean historia, gizarte eta kulturako lotura bereziak estutzeko, udalerri eta lurralde mailako lankidetzarako tresnak ezartzeko gaitasuna barne dela, alde bakoitzeko herritarren borondatea errespetatuz. (7. artikulua lehenengo puntua).
  • Botere judizial autonomo bat.
  • Espainiak Europar Batasunean zuzenezko errepresentazio bat onartzea, Herbehereak, Belgika eta Alemaniako Landerrak dituzten moduan. Hots, herrialde federalen antzera.
  • Estatutu Berria, Espainiak bertan behera uztearen kontrako bermeak. Horretarako besteak beste bialdeko komisio bat osatuko zen sortu ahal ziren lizkar edo arazoak konpontzeko.
  • Euskadiko selekzio nazional ofizialak.
  • Eskumen esklusiboak administrazio publikoan, hezkuntzan, kulturan, kirolan, hizkuntza politikan, gizarte arloetan, Osakidetzan, ekonomian, ogasunean, etxebizitza arloan, garraioetan, segurtasun publikoan (Ertzaintza), ingurumen agentzian, azpiegituratan, lanean eta gizarte segurantzan,
  • Planaren beste alderdi iraultzaile bat hau zen: 69. artikuluaren xedapen gehigarrian, eskubide erreserba bat zegoen. Bertan zera zekarren "Estatutu hau onartzeak ez du esan nahi Euskal Herriak bere historiaren arabera dagozkion eskubideei uko egiten diela, ezta bere borondate demokratikoaren arabera askatasunez erabakitzeko eskubidea erabiltzeari uko egiten diola ere"[8]. Hau da, gehiengo batek horrela erabakitzen bazuen, Ibarretxe Plana ere bertan behera geratuko zela, autodeterminazio eskubidea Planean idatzita zegoelako.
  • Euskal diasporari begira, eskubide bereziak zituzten: "Euskadiko Erkidegoan beren azken administrazio-auzotasuna izan eta kanpoan bizilekua duten pertsona guztiek, baita horien ondorengoek ere, eskatzen badute, euskal naziotasuna nahiz euskal herritarrei dagozkien eskubide politikoak izan ditzakete, legeek xedatutakoarekin bat etorriz. (5. artikuluaren lehen atala). Aldi berean, Planak, diasporari laguntasuna, elkartasuna, eskubide eta prestazioak eskaintzen zizkion.

Planaren etapak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plana etapa ezberdinetan aurkeztu zen:

  1. Lehendakariaren aurkezpena parlamentutik kanpo.
  2. Parlamentutik kanpoko eztabaida.
  3. Euskadiko Parlamentuan aurkezpena eta eztabaida.
  4. Euskadiko Parlamentuan onarpena.
  5. Espainiako Korte Orokorretara aurkeztu eta berarekin negoziatu. Puntu honek huts egin zuen, Espainiako alderdi gehienak (eta besteak beste Izquierda Unida eta CHA ahaztu gabe) ez zutelako Plana negoziatzeko (ezta ia eztabaidatzeko) aukera eman.
  6. Hurrengo pausua eta egin ez zena, euskal gizartearen onarpena hala ez, erreferendum baten bitartez. Ez da ahaztu behar Arabako biztanleen gehiengoa, Bizkaiko biztanleen gehiengoa eta Gipuzkoako biztanleen gehiengoa beharko zela Plana onartzeko.[9]

Ibarretxe Planaren aldekoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

A) Eusko Jaurlaritza osatzen zuten alderdiak egon ziren Planaren alde. Hau da, EAJ, EA eta EB.

Garai horietan (2004-2005eko hasiera) EAJ-EAren arteko aliantzaren ondorioz, Ibarretxek gehiengo handia zuen beste alderdiekin alderatuta. Nahiz eta EAJ,EA eta EB (urte horieta IUren alderdi federal aliatua) Planaren alde egon, alderdi hauen artean ados jartzea ez zen erreza izan. Adibidez, EBk zuzenketa partzialak jarri zizkion artikulu guztiei.

B) Nahiz eta Euskal Herritarrok alderdia Ibarretxe Planaren aurka egon zituen zazpi legelbiltzakideetatik hiruk Planaren alde bozkatu zuten. Beste hiruk aurka bozkatu zuten eta zazpigarrenak ez zuen bozkatu. Joseba Egibarrek esan zuen moduan "hiru ken hiru, berdin zero". Esaldi honekin, Planaren aldeko jarrera eza leporatu nahi zien ezker abertzaleko kideei.

C) Europako beste lurralde batzuetatik, batez ere Katalunia eta Eskoziatik Planaren aldeko jarrera handi bat zegoen. Gizarte kataluniar zati handi baten sustengua argia zen orduan argitaratu ziren bertako komunikabideetan.

Ibarretxe Planaren aurkakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako bi alderdi nagusien jarrera guztiz aurkakoa izan zen hasieratik. Honekin batera Espainiako komunikabideak gupidarik gabe Planaren kontra jo zuten.[10] PPk eztabaidatu ere ez zuen egin nahi baina PSOEk legezko eta eztabaidako zirrikitu baten alde agertu zen. PPk lege bat egin zuen non erreferemdun bat egiten baldin bazen Espainiako Gobernuaren baimenarik gabe, gartzelara joango ziren erreferendumaren antolatzaileak bost urterarteko izan ahal ziren preso.[11]

Hauek izan ziren Ibarretxe planaren kontra egon ziren talde politiko eta erakunde batzuk:

A) Kataluniako eta Galiziako nazionalistak kenduta eta Espainiako Parlamentuan ordezkatuta ez zeuden talde txiki batzuk kenduta, beste guztiak kontra izan zituen Ibarretxek. (5) PPk eta PSOEren akusazio batzuk hauek izan ziren:

  • Zeharkako independentziaren Plan bat zela eta helburua epe ertainera Euskadiko independentzia zela.
  • Konstituzioaren eta Europar Batasunaren kontrakoa izatea. Europar Batasunak ez zuen iritzirik eman nahi izan Espainiako barne kontu bat dela esanez.
  • Ezker abertzalearen helburuekin bat egitea eta beraz zeharka ETAren alde egitea.

Gogoratu behar da urte horietan Dena da ETA esaeraren garaiak zirela eta akusazio errezena eta ohikoena hori esatea zela.

  • Aldebakarrekoa izatea zela leporatu zioten Espainiako alderdi konstituzionalekin ez baitzuten lehenago eztabaidatu Plana.
  • Planak Euskadi porrot ekonomikora eramango zuen.

B) Ezker Abertzalea orokorrean Planaren aurkarko jarrera izan zuen. Ilegalizatzen hasiak ziren dagoeneko. Hala eta guztiz, 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren ezker abertzaleak zazpi diputatu zituen. Horietako bat, Josu Urrutikoetxea ihesean zegoen. Geratzen ziren sei diputatuetatik, hiruk planaren alde bozkatu zuten eta beste hiruk kontra. Ezker Abertzalea Planaren kontra egoteko funtsezko bi arrazoi erabili zituen:

  • Espainiarekin lotura hausten ez zuen beste estatutu bat zela.
  • Nafarroa eta Ipar Euskal Herria kanpoan geratzen zirela.

C) Espainiako Eliza Katolikoaren Konferentzia Espiskopala aurka ipini zen. Beraien ustez Ibarretxe plana "moralki onartezina, elkartasunik ez izatea, exkluientea, totalitarismo kutsuarekin, nazioaren kultua lehenetsi eta helburu politikoak giza eskubideen gainean jartzea" (7) Beste Artzapezpiku batzuk, gehienbat euskaldunak eta Donostiako Juan Maria Uriarte adibidez, beraien buruzagiak esandakoagatik aldendu ziren eta iritzia "ez-lotezlea" zela esan zuten. (8)

D) Nafarroako gobernua. Espainiako PPk esaten zuenaren antzera, "ETAri arnasa" ematen ziola esan zuen eta Nafarroako Foru Aldundiarekin eta Nafarroako gauzekin esku-hartze larria egiten zuela. Nafarroako lehendakaria zen Miguel Sanzek Nafarroako foru Erkidegoa "bakean uzteko" eskatu zion.(9)

E) Confebask Euskadiko enpresarien elkarteko lehendakaria, Roman Knörr. Baita Arabako enpresarien SEA elkartea aurka jarri zen. Enpresari ezagun batzuk besteak beste Iñigo Oriol, Iberdrolako lehendakariak gogor egin zuen Planaren kontra kritikak eginez. Arrazoi ekonomikoak argudiatzen zituzten Planaren kontrako jarrera izateko. Baita ere gizartearen zatiketa eta instituzioen arteko borrokek ekarriko luketen hondamendia aipatu zituzten. Bestalde Gipuzkoako enpresarien elkarteak (ADEGI) eta Bizkaikoak (CEBEC) ez zuten Ibarretxe Planaren aldeko edo aurkako jarrera erakutsi.(10)

F) Burgosko aldundia eta baita ere Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoa. Nahiz eta horrela ez izan, Trebiñu anexionatu nahi zutela ziurtatzen zuten bai Burgoseko Aldundiak baita bere Erkidegoak ere. Izatez, eta 'Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politiko Berria'n hau agertzen zen hitzez hitz Trebiñuko gaiari buruz: 3. puntua Euskadiko Erkidegoari atxiki ahal izango zaizkio Trebiñu eta Villaverde Turtzioz barrendegiak, Erkidego horretan integratzearen alde askatasunez eta demokraziaz agertzen direnean, honako prozedura hau betez:

1)Interesa duten udalek eska dezatela Euskadiko Erkidegoan sartzea.

2)Barrendegiko udalerrietako biztanleek hala erabaki dezatela berariaz deitutako erreferendumean emandako baliozko botoen gehiengoz.

3)Eusko Legebiltzarrak eta Estatuko Gorte Nagusiek onar dezatela erabaki hori.

4) Aurreko letran aipatutako instituzioetakoren batek barrendegia Euskadiko Erkidegoan integratzea onartzen ez badu, bitariko batzorde bat sortu beharko dute bi aldeen artean –instituzio horiek izendatutako ordezkariek eta barrendegiko udal-ordezkaritzak osatua–, sei hilabeteren barruan negoziazio-prozesu bat aurrera eraman dadin segregazioari buruz eta, kasua hori bada, atxikitze eztabaidatuari buruz–, barrendegiko herritarren borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko aukera emango duten baldintza politikoak ezartzeko.

G) ETAren aurkako erakunde zibikoak, Terrorismoko biktimen erakundeak bezela ezagunak zirenak, Ibarretxe Plana ETAren alde zegoela ziurtatzen zuten. Besteak beste, Foro de Ermua (13), Aski da! (14) eta bere bozeramailea Fernando Savater(15) Planaren aurkako salaketa larriak eta hitz bortitzak esan zituzten. Ibarretxe Lehendakariarn eta Jaurlaritza osoaren aurkako salaketa apokaliptikoekin batera, manifestazioak antolatu zituzten eta Planaren aurkako propaganda handia egin zuten, besteak beste autobus bat alokatu zuten herriz herri hori egiteko.

Ondorioak Euskadin eta Espainian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hauteskundeak aurreratu zituen. Nahiz eta hasieran erreferenduma egingo zuela esan, hainbeste aurkari ikusi eta gero eta laguntasun gutxi sumatuta, bertan behera utzi zuen erreferenduma. Hiru urte beranduago, 2008an bi galdera zituen kontsulta bat egiten ahalegindu zen. Kontsulta hau ere hasieratik mespretzatua eta mehatzatuta (11), ilegala zela esan zuen Espainiako Konstituzio Auzitegiak. Espainiako gobernua amaitutzat eman zituzten mehatsuak eta Euskadiko jende askorentzat argi geratu zen Espainiako Konstituzioak zituen muga zorrotzak.

Ondorioak Eskozian eta Katalunian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskoziako alderdi abertzaleko agintariak SNPkoek alegia, gertutik ikertu eta bizi izan zuten Ibarretxe Planaren ibilbidea eta 2008ko Kontsultaren ahalegina. 2014ko irailaren 18an egin zuten 2014ko Eskoziako independentzia erreferenduma, ein garrantzitsu batean Ibarretxe Planean zeukan oinarria. Kataluniako agintariek Eskoziako erreferendumaren eragina ere izan zuten eta Ibarretxeri gertatu zitzaion esperientzia erabilgarria suertatu zitzaien Katalunian egin zuten 2014ko Kataluniaren autodeterminaziorako kontsultan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Iglesia carga contra el plan Ibarretxe por "insolidario, inaceptable y excluyente" (6) Los obispos se van posicionando sobre el Plan Ibarretxe "todos los ciudadanos católicos están llamados a elaborar de manera adulta, sin proteccionismos ni intervensionismos eclesiales, sus propias opciones políticas (...) no es en sí mismo vinculante para la formación del criterio moral de la comunidad católica guipuzcoana, puesto que es un escrito pastoral, no un documento doctrinal aprobado unánimemente por los obispos ni ratificado por la Santa Sede." (7)

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]