Irati

Koordenatuak: 42°59′59.06″N 1°6′51.43″W / 42.9997389°N 1.1142861°W / 42.9997389; -1.1142861
Wikipedia, Entziklopedia askea
Iratiko Oihan» orritik birbideratua)
Artikulu hau oihanari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irati (argipena)».
Karpatoetako eta Europako beste eskualdeetako pagadi primarioak1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Iratiko oihana, Lizardoia

Mota Naturala
Irizpideak ix
Erreferentzia 1133
Kokalekua  Euskal Herria
Eskualdea2 Europa/Ipar Amerika
Koordenatuak 42°59′59.06″N 1°6′51.43″W / 42.9997389°N 1.1142861°W / 42.9997389; -1.1142861
Izen ematea 2017 (? bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena
Iratiko oiana mapa topografikoa

Iratiko oihana Euskal Herriko basorik handiena da, Europako pagadi-izeidi handienetan bigarrena (Alemaniako Oihan Beltza baizik ez da handiagoa).[1] Guztira 17.000 bat hektarea ditu,[1] Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaian. Pirinioetako bi aldeetara dago Iratiko oihana, Orhiko gainetik Orbaizetako lurretaraino, Aezkoako mendebaldean. Pago eta izeiez gainera, ugari dira pinuak eta arteak. Hango zuhaitz espezie batzuk otsalizarra, astigarra, sahatsa, ezkia eta zumar hostozabala dira; eta, zuhaixken artean, ezpela, hurritza, gorostia, elorri zuria, ipurua eta basarana. Baso gaztea da, orain dela 12.000 urte sortua.

Mitologiari dagokionez, basoa Euskal Herriko elezahar eta mitoen gune garrantzitsua da, batez ere Basajaunen bizilekuetako bat.

Iratiko oihanaren eremu bat, Lizardoia izenekoa, Aztaparretarekin batera, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu zuen 2017an[2], Europako beste pagadi batzuekin batera.

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iratiko oihana.
Iratiko oihana
Iratiko oihanaren ikuspegia, zuhaitzen gainetik.

Oreinak dira oihanean bizi diren animaliarik handienak. Badira basurdeak, orkatzak, basakatuak, erbinudeak, azeriak eta azkonarrak ere, besteak beste.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko ibai garrantzitsuak sortzen dira Irati inguruko mendietan. Atlantiko aldera jotzen dute Errobi ibaiak (Ezterenzubiko mendietan sortua) eta Ezterengibel (Ezterenzubiko herrian biltzen zaio Errobiri) eta Lauribar (Donibane Garazin husten du ura Errobi ibaian) ibaiek. Mediterraneo aldera jotzen du Irati ibaiak.

Irati ibaia Urtxuria eta Urbeltza ibaiek bat egin ondoren jaiotzen da. Urrio ibaiaren urak hartu eta Irabiako urtegian sartzen da. Ondoren Aezkoan sartu, Orbaizeta, Orbara, Aribe eta Orotz-Betelutik igaro, Artozkin Usozko urtegia sortu eta Agoitzen Urrobiren urak eta Aosen Errorenak hartzen ditu. Ondoren Zaraitzu ibaiaren urak hartzen ditu eta Aragoira isurtzen da. Guztira 80 km luze da.

Inguruko mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlojuaren orratzen norabideari jarraituz, Orbaizeta herritik hartuta, hauexek dira oihanaren inguruan dauden tontorrak:

Inguruko herriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iparraldean, mendebaldetik ekialdera, Eiheralarre, Ezterenzubi eta Lekunberri udalerriak ditugu, Nafarroa Beherekoak. Hegoaldean, norabide berean, Orbaizeta eta Otsagabia herri nafarrak ditugu.

Naturagune babestuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lizardoiako natura eremu integrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Lizardoia»

Zabaleta edo La Cuestión mendian, Iratiko etxeak eta Irabiako uharkaren artean dago kokatuta, 64 hektareako azalera du pago eta izeiekin. Horren barnean, 20 hektareatan ukitu gabeko basoa dago, 40 metroko altuera duten zuhaitzekin. 2017an, Europako beste pagadi batzuekin batera, UNESCOk Gizateriaren Ondaretzat izendatu zuen.[2]

Mendilatzeko naturagune babestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendilatzen, Iratiko oihanaren Aezkoako aldean, 119 hektarea dauka kareharrizko eremuan, euri tasa altuarekin eta pago handien basoarekin, beste espezie batzuekin batera.

Tristuibartea edo Ariztibarrenako naturagune babestua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pettuberro mendian, Hiriberrin, 55 hektarearekin. Haritzak daude beheko aldeetan eta pagoak goikoetan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iratiko lurretako aberastasunen erabilerak gatazka ugari sorrarazi du historian zehar. XVI. mendean hasi ziren Frantziako eta Espainiako koroen arteko eztabaidak Iratiko mugak zehazterakoan.

XVIII. mendean, Frantziako eta Espainiako errege borboitarrek baso hustuketa neurrigabe bati ekin zioten, itsasontzietarako zur eske, eta garrantzi berezia hartu zuen Iratiko oihanak (masta ederrak eskaintzen zituzten, besteak beste, Iratiko izei tantai luzeek). XVIII. mendearen bukaeran, Karlos III.a Espainiako erregeak Orbaizetako burdinolan armaola handi bat egiteko asmoa agertu zuen, eta Aezkoako mendien ustiapena berarentzat izatea lortu zuen, bertakoei egin zien zerga arintze baten truke. 7.593 ha ziren, pagoz eta izeiez estaliak gehienbat. Garrantzi handia izan zuen XIX. mendean Orbaizetako Armaolak.

1856. urtean zehaztu zituzten Frantziako eta Espainiako estatuek Iratiko mugak. Bestalde, berrehun urteren ondoren berreskuratu ditu Aezkoako ibarrak bere mendiak (1982). Gaurko egunean, arriskuan jartzen dute Iratiko oihana alde bateko eta besteko gehiegizko zuhaitz mozteek.

Kablegintza Iratin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean Morettiren aita eta osaba italiarrak izan ziren egur kableak Euskal Herrira lehen aldiz ekarri zituztenak. Bixente Eskisabel (1899-1955) ataundarra beste aitzindari bat izan zen mendi inguruetan egurra eta beste lehengai batzuk garraiatzeko kableen sistemen instalakuntzan, besteak beste Irati aldean. Historiako lehenengoa zonalde honetan 1934an ezarri zuten Hiriberrin, Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian. Besteak beste Martxate-Berrendi-Azpilingua, Mendilatz-Etxalastoa, Txangoamendi-Etxesakeseko Erreka-Txangoa, Txangoamendi-Nabalako Bidea, Egurgio-Mozoloartea, Kakollako Erreka-Gibelea eta Mozoloak-Iribiatxikia egur kableak eraiki zituzten Aezkoa aldean.

Mendibetik (Nafarroa Beherea) Iratiko oihaneraino zihoan 18 kilometroko kable azpiegitura airetik.

Ponte izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan, Aneren ondoren Irati da Euskal Herrian gehien erabilitako emakumezko izena. Horrela deituta, pertsona ezagunak dira gaur egun Irati Jimenez eta Irati Elorrieta idazleak, Irati Anda eskalatzailea eta Irati Zubizarreta mendi lasterkaria eta Irati Sarasua kazetaria, besteak beste.

Kirola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

GR 11 ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako hegoaldeko isurialdea aldenik zeharkatzen duen GR 11 ibilbidea bertatik igarotzen da. Hiru etapa hartzen dute barne ibilbideak zonalde honetan:

  • Otsagabia - Iratiko etxeak (4 ordu)
  • Iratiko etxeak - Orbaitzetako Ola (4 ordu 10 min)
  • Orbaitzetako Ola - Auritz (5 ordu).

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Iratiko Oihana» Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren webgunea (Noiz kontsultatua: 2018-02-01).
  2. a b Tubia, Iker. (2017-09-13). «Bi tanta baso zabalean» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]