Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Islamismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Jihad-aren bandera.

Islamismoa edo Islam politikoa (arabieraz al-'islāmiyya) inguru akademikoetan oso eztabaidatua den terminoa da[1]. Definizio batzuetan Islama ideologia gisa definitzen duten doktrina eta praktika politikoei ematen zaien izena da[2]. Beste batzuetan, musulmanen artean, islamiar legeak (xaria) gobernaturiko gizarte-motara itzultzea eskatzen duen mugimendu politiko, sozial eta erlijiosoa da[3]. Eztabaida akademikoan erabiltzen denean Islamismo hitzak ez du adierazten zein "ordena Islamiko" edo "xaria" ari den defendatzen, edo nola defendatzen dute aurrera eramatea euren proposamen politikoa[4]. Mendebaldeko komunikabideetan xarian oinarritutako estatuak ezarri nahi dituzten taldeak izendatzeko erabili da, askotan taktika biolentoekin eta giza eskubideen bortxaketarekin, eta fundamentalismoari lotutako esanahia hartu du. Mundu Islamikoan esanahi positiboa du bere defendatzaileen artean.

Islamismoaren korronte ezberdinek aldarrikatzen dute estrategia "iraultzaile" bat eraman behar dela aurrera gizartea Islamtzeko, estatu boterea erabilita; beste batzuek uste dute estrategia "erreformista" bat eraman behar dela, oinarriko mugimendu sozial zein politikoen bidez gizartea ber-Islamtzeko[5]. Islamisten artean ideia ezberdinak izaten dira garrantzitsuenak, hala nola xariaren ezarpena[6]; panislamismoaren batasuna, edo Estatu Islamiko bat[7]. Beste batzuek pentsatzen dute musulman ez direnen kanporaketa bultzatu behar dela, bereziki Mendebaldeko indar militar, ekonomiko, politiko, sozial edo kulturalak, ez dutelako uste Islamarekin bateragarriak direnik[6].

Ideologia eta ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xaria Britainia Handiarentzat dioen kartel bat.

Islamismoaren barruan ideologia-joera bat baino gehiago aurkitu daitekeen arren, helburu batek batzen ditu denak: Korana hitzez hitz interpretatuz bizi den gizarte-motara itzultzea. Gobernu eta erakunde laikoak ez dira gizarte musulmanaren ezaugarritzat hartzen. Eredutzat umma (islamiar komunitatea) hartzen da. Kezka nagusietako bat berdintasunarena dute: beren gizarte barruko desberdintasunak ez ezik, herrialde aberatsen eta pobreen arteko aldeak ere gaitzesten dituzte. Beste kezka bat kulturarena da: mendebaldeko ohiturak (arropa, balioak, gizarte-ereduak, egitura politikoak, hizkuntza, nortasuna) azalekoak eta arriskutsuak direla eta beren kultura galarazten ari direla uste dute.

Politikari dagokionez, herrialde musulman batzuek sistema kapitalistaren eredua hartu dute, eta beste batzuek sozialistarena, baina arrakasta handirik gabe; horregatik, islamiarrek garai batean munduan zehar indartsu egin zituen eredua berrezartzen saiatzen dira. 1969an Muammar al Kadafik Libiako Arabiar Herri Errepublika Sozialista ezarri zuen, panislamismoa eta sozialismoa lotzen zituen erregimen-mota, eta 1979an, Ruhola Khomeini aiatolak zuzendutako iraultzaren ondorioz, errepublika islamiar bihurtu zen Iran.[8] Mugimendu eta alderdi politiko islamiarrek hori hartu zuten eredutzat. Harrezkero, beste herrialde batzuetan ere ezarri da islamiar eredua, arrakastaz: Sudanen, Pakistanen, Txetxenian eta talibanen mende dauden Afganistango lurraldeetan adibidez; Saudi Arabian ere bai, baina askok ez dute islamiartzat hartzen herrialde hura, aberatsen eta pobreen arteko aldeak direla eta.

Berez, demokraziaren alde eta diktaduraren aurka daude, islamiarren eredua xura baita. Bertan, buruzagia gizartearekin harremanetan dago; beren beharrez, ideiez galdetu, eta herriak esaten dienaren arabera jokatu behar dute. Hala ere, gaurko buruzagi batzuek hori ahaztu eta diktadore gisa jokatzen dute, Iranen eta Sudanen adibidez, nahiz eta egoera hori behin-behinekotzat duten. Jordanian eta Turkian, aldiz, modu arrakastatsuagoan ezarri dira demokraziak.

Politika ekonomikoan, islamiar gehienek demokrazia sozialetik gertu dagoen sistema defendatzen dute, eta eredu horretatik urruntzen direnek gehiago jotzen dute kapitalismo aldera (Aljerian), komunismora baino. Maileguetako eta gordailuetako interesen aurka egotea dute ezaugarri nagusia. Izan dira interesik kobratzen ez dituzten bankuak jartzeko saioak, baina zenbait kasutan porrot egin dute, Egiptoko 1980koan adibidez.

Islamismoa hirietan eta jatorri apaleko gazte ikasien artean ari da zabaltzen, batez ere lanpostu ugari jatorri aberatseko jendeari ematen zaiola uste dutelako. Ez dute gizartea hankaz gora jarriko duen iraultzatzat hartzen islamismoa, balio zaharrak berreskuratuko dituen eta gainbehera dakarten elementuak kanporatuko dituen iraultzatzat baizik. Nekazari-herrietan dirauten balio zaharkituak ere utzi eta berritu egin nahi dituzte. Horretarako, ez dituzte aurrerapen teknologikoak gaitzesten; aitzitik, beren gizartean orokortu nahi dituzte. Emakumeei buruzko iritzia oso desberdina da joeren arabera, baina, gehienetan, emakumeek islamiar egiturak beren burua askatzeko onartu dituzte. Emakumeek lan egiteko eta politikan eta gizartean eragina izateko eskubidea dutela defendatzen du islamismoak. Baina, oro har, islamiar taldeek uste dute gizonari bizitza soziala dagokiola eta emakumearen ardura nagusia familia dela; hala ere, oso gutxitan gertatzen da emakumea etxeetan gordeta edukitzea. 1980 eta 1990 arteko krisialdi sozioekonomikoak, herrialde musulman gehienetan mendebaldeko ohiturak hartu izanak, eta ekonomiaren globalizazioak mesede handia egin zioten islamaren oinarrira itzultzeko eta berezko nortasuna bilatzeko ahalegin horri.

Indarkeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sidneyn egindako protestan erakutsitako kartelak.

Islamiar mugimendu batzuk indarkeriaren aldeko dira, eta estatuari izaera erlijiosoa emateko bide gisa ikusten dute. Islamiar fundamentalisten lehen atentatuak Anaia Musulmanak edo Jihad islamiarra deituriko taldeak Hezbola mugimendu xiitaren beso armatuak egin zituen 1945ean. Mugimendu hori 1928an sortu zuen Egipton Hasan al-Banna-k. 1970eko hamarraldian talde armatuak ugaritu egin ziren. Egipto, Siria eta Jordanian, bertako erregimen laikoetan ezegonkortasuna sortzea zuten helburu. 1981ean, Jihad-eko kide batek Egiptoko presidente Anwar al-Sadat, hil zuen. 1983an talde horrek berak AEBetako eta Frantziako soldaduen aurkako bi atentatu egin zituzten Libanon. Talderik bortitzena, Hamas, 1988an sortu zen. Jihad-en adar batetik eratorria da, eta Palestinako estatua ezartzeko Israelen aurka borroka armatua egitea defendatzen du. Persiar Golkoko gerraren ondoren (1991), islamiar terrorismoa indarturik berpiztu zen.

1992an Aljeriako hauteskundeetan Salbazioko Fronte Islamiarrak (FIS) irabaz ez zezan, agintean zeudenek estatu-kolpe bat eman eta legez kanpo utzi zuten FIS. Horren ondorioz, gerra zibila piztu zen armadaren eta islamiar taldeen artean (FIS alderdia eta Talde Islamiar Armatua).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Poljarevic, Emin Islamism (definition, history and the development of the term): The Oxford Encyclopedia of Islam and Politics . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  2. «Islamist - Oxford Islamic Studies Online» www.oxfordislamicstudies.com . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  3. (Ingelesez) The Oxford Encyclopedia of the Islamic World Oxford University Press 2009 doi:10.1093/acref/9780195305135.001.0001 ISBN 9780195305135 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  4. Martin, Richard C., editor. Encyclopedia of Islam and the Muslim world ISBN 9781786848161 PMC 1044647730 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  5. Roy, Olivier, 1949- (1994) The failure of political Islam Harvard University Press ISBN 0674291409 PMC 30473567 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  6. a b «Wayback Machine» web.archive.org 2016-03-04 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  7. Moten, A. Rashid. (2015) Introduction to political science CENGAGE Learning ISBN 9789670357423 PMC 957280552 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.
  8. (Ingelesez) Schirazi, Asghar (1998-09-15) The Constitution of Iran: Politics and the State in the Islamic Republic I. B. Tauris ISBN 9781860642531 . Noiz kontsultatua: 2019-06-03.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]