Proxima Centauri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Koordenatuak: Zeruko mapa 14h 29m 42.9487s, −62° 40′ 46.141″

Proxima Centauri
Proxima Centauri 2MASS Atlas.jpg
Proxima Centauri 2MASSetik ikusita
Behaketa data
Garaia J2000.0      Ekinokzioa J2000.0 (ICRS)
Konstelazioa Centaurus
Igoera zuzena 14h 29m 42.9487s
Deklinazioa −62° 40′ 46.141″
Itxurazko magnitudea (V)11.05
Ezaugarriak
Mota espektralaM5.5 Ve
Itxurazko magnitudea (J)5.35 ± 0.02
U−B kolore indizea1.43
B−V kolore indizea1.90
Aldakor motaIzar ñirñirkaria
Astrometria
Abiadura erradiala (Rv)−21.7 ± 1.8 km/s
Berezko mugimendua (μ) IZ: −3775.40 mas/u
Dec.: 769.33 mas/u
Paralajea (π)768.7 ± 0.3 mas
Distantzia4,243 ± 0,002 au
(1,3009 ± 0,0005 pc)
Magnitude absolutua (MV)15.49
Zehaztasunak
Masa0.123 ± 0.006 M
Erradioa0.141 ± 0.007 R
Argitasuna (bolometrikoa)0.0017 L
Gainazaleko grabitatea (log g)5.20 ± 0.23
Tenperatura3,042 ± 117 K
Metaltasuna [Fe/H]0.21 dex
Errotazioa83.5 egun
Biratze abiadura (v sin i)2.7 ± 0.3 km/s
Adina4.85 Gu
Beste izendapenak
Alpha Centauri C, CCDM J14396-6050C, GCTP 3278.00, GJ 551, HIP 70890, LFT 1110, LHS 49, LPM 526, LTT 5721, NLTT 37460, V645 Centauri
Datubase erreferentziak
SIMBADdata

Proxima Centauri gertuen daukagun izarra da, eguzkiaren ostean, 4.22 argi-urteko distantziara. Alpha Centauri C izenarekin ere ezagutzen da, Centaurus konstelazioan dagoelako, beste bi izarrekin Alpha Centauri sistema osatuz. Nano gorri honen diametroa eguzkiaren 1/7 da, eta bere masa ere eguzkiaren 1/7 da.

Centaurus konstelazioan kokatzen da, bere izenak "Centaurusko [izarrik] hurbilena" esan nahi du latinez eta 1915ean aurkitu zuen Robert Innes astronomoak. Bere itxurazko magnitude oso ahulak, 11.13, ezinezko egiten du begi hutsez ikustea. Proxima Centauri Alpha Centauri sistemako hirugarren kidea da eta sarritan Alpha Centauri C gisa izendatzen da. Bere sistemako kide den Alpha Centauri AB izar bitarra beregandik 2.18º hego-mendebaldera kokatzen da. AB sistemarengandik 12,950 UAra (Saturno Eguzkitik 10 UA ingurura dago) kokatzen da eta izar bitar haren inguruan bira oso bat emateko 550.000 urte behar ditu.

Proxima Centauri nano gorri motako izarra da, Eguzkiaren masaren zortziren bat inguru duena eta batez besteko dentsitatea Eguzkiarena halako hogeita hamahiru duena. Lurretik hurbil kokatzen denez, bere diametro angeluarra zuzenean neurtu daiteke eta jakina da bere diametroa Eguzkiarenaren zazpiren batekoa dela. Batez bestean distira oso gutxi duen izarra bada ere, Proxima izar ñirñirkari bat da eta hortaz, noizean behin distira-areagotze ikaragarriak izaten ditu aktibitate magnetikoak eraginda. Izarrak bere gorputz osoan konbekzioa eginez lortzen du eremu magnetiko bat eratzea, bere burua ñirñirkari eginez eta horren ondorioz, Eguzkiak baino indar eta tamaina askoz txikiagoa duen arren, Eguzkiak haina X izpi igortzen ditu. Proximak bere nukleoan egiten duen erregai nahasketa (konbekzioaren bidez) eta haren energia-ekoizpen baxua aintzat hartuta, sekuentzia-nagusiko izarra izaten jarraituko du hurrengo lau trilioi urtetan.

2016an Proxima Centauri b planeta aurkitu zen, zeinak izarra 0.05 UAra orbitatzen duen eta orbita-periodoa gutxi gorabehera 11,2 egun lurtarrekoa duen. Masari dagokionean, gutxienez Lurraren masa halako 1,3 eduki beharko lituzke. Planeta honetako tenperatura ura egoera likidoan mantentzeko egokia izan daitekeelakoan daude astronomoak, bere izarraren gune bizigarrian kokatzen baita. Alabaina, ezin da ahaztu Proxima Centauri nano gorri ñirñirkari bat dela eta horrek zalantzan jartzen du planetak bizia edukitzeko aukera.

Behaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkiarengandik hurbilen dauden izarrak, horien artean dago Proxima Centauri.

1915ean, Robert Innes astronomo eskoziarrak, Hegoafrikako Johannesburgoko Behatoki Batuko zuzendari zenak, Alpha Centauriren berezko mugimendu bera zuen izar bat aurkitu zuen.[1][2][3][4] Hari Proxima Centauri izena jartzea proposatu zuen.[5] 1917an Itxaropen Oneko Lurmuturreko Errege Behatokiko Joan Voûte astronomo herbeheretarrak izarraren paralaxia trigonometrikoa neurtu zuen eta 0.755″±0.028″-koa zela ebatzi zuen.[6] Kalkulu horrek izar berria Alpha Centauri gutxi gorabehera Eguzkitik dagoen distantzia berera dagoela ondorioztatzera eraman zuen. Garai hartan ezagutzen ziren izarren artetik distira gutxien zuena ere bazen. Gerora, 1928an, Harold L. Alden estatubatuar astronomoak izar berriaren paralaxiaren neurketa berrikusi eta Alpha Centauri baino hurbilago dagoela ondorioztatu zuen, 0.783″±0.005″-ko paralaxiarekin.[2][5]

1951an jakin zen, Harlow Shapley astronomo estatubatuarrari esker, Proxima Centauri izar ñirñirkari bat dela. Argazki zaharrak berrikusten egonda, izarrak argazkien % 8an magnitudea nabarmenki areagotzen zuela ikusi zen eta horrek garai hartan ezagutzen zen izar ñirñirkariena egin zuen.[7][8] Izarra hurbil egoteak asko lagundu zuen bere ñirñirkaritasuna behatzen eta zehazten. 1980an, Einstein Behatokiak Proximaren izar-sugar baten X izpi bidezko energia-kurba zehatz bat argitaratu zuen. EXOSAT eta ROSAT sateliteek ere izar hark askatutako garrak behatu zituzten eta beranduago, 1995ean, ASCA satelite japoniarrak Eguzkiak askatzen dituen moduko gar apalak ikustea lortu zuen.[9] X izpien behatoki ugariren ikergai izan da Proxima Centauri, horien artean nabarmenak XMM-Newton eta Chandra.[10]

2016an, Nazioarteko Astronomia Elkarteak Izarren Izenen Lantaldea eratu zuen izarren izenak katalogatu eta araupetzeko asmoarekin.[11] 2016ko abuztuaren 21ean lantalde hark izar honen izena berretsi zuen eta egun horretaz geroztik NKEren onartutako Izarren Izenen Zerrendan ageri da.[12]

Proxima Centauri Lurretik begiratuta hegoalderantz dagoenez, soilik 27º N latitudetik hegoaldera ikus daiteke.[oh 1] Hala ere, esan bezala, Proxima Centauri bezalako nano gorriak ahulegiak dira begi hutsez ikusteko. Alpha Centauri A edo Bn egongo bagina ere, Proxima Centauri bost magnitudeko izar bat izango litzateke, prismatikoekin ikusteko ere zaila.[13][14] Lurretik ikusita hamaika magnitudeko izar bat da eta beraz, gutxienez zortzi zentimetroko irekiera duen teleskopio bat behar da izarra behatzeko, zerua oso garbi eta ilun eta izarra ortzi-mugatik oso gora badago ere.[15]

2018an Proxima Centaurik inoiz ikusitako garrik handiena igorri zuen. Gar ikaragarri hark izarraren distira 6,8 magnitudera igo zuen, hau da, hirurogeita zortzi aldiz argitsuago egin zen denbora tarte labur batean. Hala ere, urtero halako bost bat gar igortzen dituela uste da, baina hain laburrak izateak zail egiten ditu behatzeko.[16]

Ezaugarri fisikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Distira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi izar distiratsuak Alpha Centauri (ezkerrekoa) eta Beta Centauri (eskuinekoa) dira. Borobil gorriaren barneko izar lauso eta ahula Proxima Centauri da.

Proxima Centauri nano gorri bat da, izan ere, Hertzsprung–Russell diagramako sekuentzia nagusiko kide da eta M5.5 klase espektralaren baitan dago. M5.5 klasekoa izateak M motako izarren artean masarik baxuenetarikoa duela esan nahi du.[17] Bere magnitude absolutua, hau da, hamar parsec-eko distantziara ikusita duen distira, 15.5ekoa da.[18] Uhin-luzera guztietan duen distira Eguzkiarenaren halako % 0.17 da,[19][20] baina begia sentikorrenena den uhin-luzeran Eguzkiaren distiraren %0.0056a du.[21] Proxima Centaurik igortzen duen argiaren % 85a infragorrian egiten du.[22] Izaera ziklikoa duen izarra ere bada.[23]

Masa, diametroa eta dentsitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkitik hurbilen dauden 3 izarren tamaina eguzkiaren tamainarekin konparatuta.

2002an Teleskopio Oso Handiak (Very Large Telescope, VLTl) Proxima Centauriren diametro angeluarra 1.02±0.08 miliarkusegundokoa dela zehaztu zuen, interferometria optikoa egin ondoren. Bere distantzia jakiteak kalkulagarri egiten du izarraren diametroa, eta jakina da Jupiterrena halako 1.5ekoa dela, edo Eguzkiarenaren zazpirena. Izarraren masa aldiz izarren teoria oinarri hartuta kalkulatzen da eta hori Eguzkiarenaren % 12,2koa da, edo 129 Jupiterren masakoa.[4] Masa zuzenean kalkulatzea ere lortu da, baina zehaztasun txikiagoarekin: 0.150+0.062
−0.051
M☉. Kalkulu hori mikroleiar gertakarien behaketek egin dute egingarri.[24]

Sekuentzia nagusiko masa baxuko izarrek masa altukoek baino batez besteko dentsitate altuagoa dute[25] eta Proxima Centauri ez da salbuesten. Bere batez besteko dentsitatea 47.1×103 kg/m3-koa da, edo 7.1 g/cm3-koa, Eguzkiarena 1.411×103 kg/m3-koa (1.411 g/cm3) den bitartean.[oh 2]

Errotazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1998an aldakuntza fotometrikoen ikerketa bat egin eta Proxima Centaurik bere buruaren inguran bira bat emateko 83,5 egun lurtar behar dituela ondorioztatu zen.[26] Haatik, 2002an eginiko adierazle kromosferikoen azterketek errotazio periodo luzeago bat zuela aditzera eman zuten, 116.6±0.7 egun lurtarrekoa hain zuzen.[27] Alabaina beranduago egin ziren azterketek periodo hori 82.6±0.1 egunera murriztu zuten.[28]

Barnealdea eta konbekzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masa gutxi edukitzeak izarraren barnealdea erabat konbektibo egiten du[29] eta energia plasmaren mugimendu fisikoaren ondorioz garraiatzen da barnealdetik kanpoaldera, prozesu erradioaktiboek eragin gutxiago dutelarik. Beraz, hidrogenoaren fusio termonuklearrak sortzen dituen helio hondarrak ez dira nukleoan metatzen, izarrean zehar mugitzen egoten dira etengabe. Eguzkiak sekuentzia nagusia utziko du bere hidrogenoaren %10 inguru xahutu ondoren, baina Proxima Centaurik ia bere erregai guztia xahutuko du hidrogenoaren fusioa egiteari utzi aurretik. Horrek ematen dio hain bizitza luzea izarrari, lau trilioi urte ingurukoa.[30]

Konbekzioa eremu magnetikoa eratu eta iraunaraztearekin lotuta dago. Eremu honen energia magnetikoa izarraren gainazalera igortzen da garrak askatzen dituenean, zeinak izarraren batez besteko distira areagotzen duten denbora tarte labur batez. Gar hauek izarra bezain handiak izatera iritsi daitezke eta haien tenperatura hogeita zazpi milioi kelvin ingurukoa izan ohi da,[10] hau da, X izpiak igortzeko besteko beroa dute.[31] Hori horrela, Proxima Centauriren ohiko X izpi argitasuna, gutxi gorabehera (4–16) × 1026 erg/s ((4–16) × 1019 W)-ekoa da, Eguzkia gehienez iritsi daitekeena bezalakoa. Baina gar indartsuenak igortzean argitasun hori 1028 erg/s (1021 W)-ra irits daiteke.[10]

Kanpoaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima Centauriren kromosfera aktibo dago eta haren espektroan banaka ionizatutako magnesioaren igorpen-lerro indartsu bat ageri da, 280 nm-ko uhin-luzeran.[32] Izar honen gainazalaren %88 inguru aktibo dagoela uste da, hori Eguzkia bere zikloetako maximoetan egoten dena baino askoz gehiago da. Gar oso gutxi edo bat ere ez igortzen dituenean Proxima Centauriren koroa 3,5 milioi kelvineko tenperaturara iristen da, Eguzkiaren koroa periodo inaktibo beretan bi milioi kelvineko tenperaturetara iristen den bitartean.[33] Gainera, aldi horietan igortzen dituen X izpiak Eguzkiak igortzen dituenekin aldera daitezke.[34] Hala ere, Proxima Centauriren aktibitate orokorra beste nano gorriena baino askoz apalagotzat hartzen da,[34] eta hori bat dator bere adinarekin, 4.85 × 109 urte dituela kalkulatzen da.[17] Izan ere, zenbat eta zaharragoa izan nano gorria, orduan eta aktibitate gutxiago izango duela uste da, haren errotazio-periodoak behera egiten duelako.[35] Lasaitze hori milaka milioika urtetan gertatzen den prozesua da. Aktibotasun periodoa, hau da, izarraren zikloa 442 egun ingurukoa da, oso laburra Eguzkiarenarekin alderatuta, zeinarena hamaika urtekoa den.[36]

Proxima Centaurik eguzki-haize erlatiboki ahula du, galtzen duen masaren % 20a baino ez duelako galtzen eguzki-haizean. Izar hau Eguzkia baino askoz txikiagoa denez, gainazal unitateko galdutako masa Eguzkiak gainazal berean galdutakoa halako zortzi izan daiteke.[37]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima Centauri masa gutxidun nano gorri bat izaki, hurrengo lau bilioi urtetan sekuentzia nagusian jarraituko du. Helio proportzioa areagotu hala hidrogenoaren fusioaren ondorioz (fusio horretatik ateratzen den soberakina helioa da), izarra gero eta beroago eta txikiago egingo da, era horretan nano urdin bihurtuz. Periodo honen amaieran distiratsuago egingo da, Eguzkiaren %2,5eko distira lortu arte, eta bere inguruko gorputzak berotu egingo ditu milaka milioi urte iraungo dituen periodoan zehar. Hidrogenoa agortu orduko, Proxima Centauri nano zuri bihurtuko da, erraldoi gorri izatearen fasetik igaro gabe, eta poliki-poliki geratuko zaizkion azken bero-energia apurrak xahutuko ditu.[30]

Distantzia eta mugimenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela 20.000 urte hasi eta hemendik 80.000 urte artean gure izarretik hurbilen egongo diren izarrak. Proxima Centauri horiz dago.
Lurretik ikusita, Proxima Centauriren orbitaren eskema. Izar urdin distiratsua Alpha Centauri delarik eta Proxima orban gorri txikia.

768.5004±0.2030 miliarkusegundoko paralaxian oinarriturik, 2018ko Gaia Data Release 2-n argitaratu zenaren arabera, Proxima Centauri Eguzkitik 4,244 argi-urte ingurura kokatzen da.[38] Lehenago hainbat paralaxi datu argitaratu ziren eta horiek poliki-poliki zorrozten joan dira: 2014an Research Consortium On Nearby Stars-ek 768.13±1.04 mas-ekoa zela adierazi zuen;[39] 771.64±2.60 mas-ekoa Hipparcos Katalogo berrituak, 2007an;[40] 768.77±0.37-ekoa Hubble Espazio-teleskopioaren Orientazio-sentsore Finen arabera, 1999an;[41] 772.33±2.42 mas-ekoa jatorrizko Hipparcos Katalogoan, 1997an.[42] Arestian esan bezala, 2.18 graduk bereizten dituzten Alpha Centauri eta Proxima Centauri Lurretik begiratuz gero,[43] hau da, Ilargi betearen diametro angeluarra lau aldiz.[44] Proximak gainera mugimendu propio azkarra dauka erlatiboki, 2.85 arkusegundo mugitzen baita urtean zeruan.[45] 22,2 km/s-ko abiadura erradiala dauka, Eguzkira zuzendua.[46]

Ezagutzen diren izarren artean Proxima Centauri da gaur egun hurbilen daukaguna, hala izan da azken 32.000 urtetan eta hala izango da beste 25.000 urte ingurutan, Alpha Centauri A eta Alpha Centauri B hurbilago izan arte. Hori gertatzen denean 79,91 urte ingurutan behin txandakatu egingo dira izarrak eta bi horietako bat egongo da Lurretik hurbilen. 2001ean, J. García-Sánchez eta bere ikertaldeak hemendik 26.700 urtera Proxima Eguzkiarengandik inoiz baino hurbilago egongo dela aurreikusi zuten, 3,11 argi-urtera hain zuzen.[47] 2010ean aldiz, V. V. Bobylev astronomoak hurreratze hori jazotzean 2,9 argi-urtera egongo dela aditzera eman zuen eta 27.400 urte barru gertatuko dela.[48] 2014an ordea, C. A. L. Bailer-Jones astronomoak zuzenketa bat egin eta hurreratzea 3,07 argi-urtera kokatu zuen, hemendik 26.710 urtera.[49] Proxima Centauri Esne Bidean Erdigune Galaktikoaren inguruan biratzen dabil izar guztiak bezala, harengandik gutxienez 27.000 argi-urtera eta gehienez 31.000ra, garaiaren arabera aldatzen da. Bere orbita-eszentrikotasuna 0.07-koa da.[50]

Proxima aurkitu aurretik ere jada bazen Alpha Centauri sistema bitarrak beste kide bat izan zezakeen susmoa. Hipparcos sateliteak bildutako datuek eta Lurretik egindako behaketek susmo horri indarra eman zioten. Proxima Alpha Centauri sistemako hirugarren kidea da, beste biak izar-bitar bat direlarik eta horregatik izendatzen da batzuetan Alpha Centauri C. 2017an Kervella eta bere ikertaldeak zehaztasun handiko abiadura erradialaren neurketak egin zituzten eta Proxima eta Alpha Centauri grabitazionalki lotuak daudela ondorioztatu zuten.[46] Alpha Centauri AB-ren barizentroaren inguruan duen orbita-periodoa 547000+6600
−4000
urtekoa dela diote gaurko azterketa berrienak eta 0.5±0.08-ko eszentrikotasuna duela orbita horretan.[46] Periastroan Alpha Centauritik 4300+1100
−900
UAra kokatzen da eta apoastroan 13000+300
−100
UAra. Egun, Proxima barizentro hartatik 12.947 ± 260 UAra kokatzen da, hau da, apoastrotik hurbil.[46]

Teorian, izar hirutar bat naturalki sortzeko masa baxuko izar bat masa handiagoko izar bitar batek harrapatu behar du, kasu honetan 1.5–2 M-ko masa duenak, eta hori kumulua sakabanatu aurretik jazo behar da.[51] Hipotesi hau egiaztatzeko neurketa zehatzagoak behar dira ordea.[52] Alpha Centaurik sistema sortzen zegoela lotu bazen Proxima sistemara, ziur aski hura osatzen duten hiru izarrek antzeko osaera elementala izango dute. Baliteke Proxima egote hutsak Alpha Centauriren disko zirkumestelarra astindu izatea iraganean. Honek substantzia lurrunkorren kopurua areagotuko zukeen (urarena adibidez) eta planeta harritsuak substantzia horiez hornituko lituzke.[52] Ezin da baztertu ordea Proxima Alpha Centauri sistema eratu ondoren harrapatua izatea, hasieran orbita oso eszentriko batekin, baina denboraren poderioz egonkortu egin zena itsasaldi galaktikoek edo beste izarrekin izandako topaketek lagunduta. Horrek adieraziko luke Proximaren planetek askoz aukera gutxiago izan dituztela Alpha Centaurik mendean hartzeko edo hark orbitalki eraginak izateko.[53]

Sei izar bakanduk, bi izar bitarrek eta izar hirutar batek Proxima Centaurirekin eta Alpha Centaurirekin batera bidaiatzen dute galaxian zehar, berdin mugituz. Izar guzti hauek Alpha Centauriren mugimendu berezitik 10 km/s-ra mugitzen dira. Beraz, mugimendu bera duten izar guzti horiek talde bat osatzen dute eta horrek jatorri bera dutela adieraz dezake,[54] adibidez, izar-kumulu bat.

Planeta-sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima Centauriren planeta-sistema[55][56][57][58]
Planeta Masa

(M)

Ardatzerdi handia

(UA)

Orbita-periodoa

(egun)

Eszentrikotasuna Makurdura

(º)

Erradioa

(R)

b
1.27+0.19
−0.17
0.0485+0.0041
−0.0051
11.186
< 0.35
0.8–1.5[59]
c (hautagaia)
12+12
−5
1.489±0.049
1900+96
−82
152±14 (28±14)[oh 3]

Proxima b[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Proxima Centauri b»
Hautagaiek eduki ditzaketen gehienezko masak[60]
Orbita-periodoa

(egun)

Ardatzerdi handia

(UA)

Gehienezko masa

(M)[oh 4]

3.6–13.8 0.022–0.054 2–3
< 100 < 0.21 8.5
< 1000 < 1 16

Proxima Centauri b, edo Alpha Centauri Cb, izarra 0.05 UAko distantziara orbitatzen duen planeta harritsu bat da, 11,2 egun lurtarreko orbita-periodoa duena. Bere masa gutxienez Lurrarena halako 1,3 dela uste da. Proxima b-ko batez besteko tenperatura ura egoera likidoan izateko bestekoa dela uste da, horrek izarraren gune bizigarrian kokatzen du.[55][61][62]

Exoplanetaren lehen zantzuak Mikko Tuomik topatu zituen 2013an, zeinak Hertfordshireko Unibertsitatean jarduten duen.[63][64] Aurkikuntza egiaztatzeko asmoarekin 2016ko urtarrilean astronomo talde batek Puntu Gorri Zurbila proiektua abiarazi zuten.[oh 5][65] 2016ko abuztuaren 24an mundu osoko hogeita hamaika zientzialarik osatutako talde batek,[66] Londreseko Mary Erregina Unibertsitateko Guillem Anglada-Escudé buru, Proxima Centauri b-ren izatea egiaztatu zuen[67] eta aditzera eman parekoen ebaluazioa jaso zuen Natureko artikulu batean.[55][68] Neurketak bi espektrograforekin egin ziren: La Silla Behatokiko 3,6 metroko ESO Teleskopioaren HARPS eta Paranal Behatokiko Teleskopio Oso Handiko 8 metroko UVES.[55] Planeta horren Proximan zeharreko iragate bat atzemateko hainbat saiakera egin ziren. 2016ko irailaren 8an iragate baten zantzuak atzeman ziren Bright Star Survey Teleskopioari esker, Zhongshan Estazioan, Antartikan.[69]

Puntu Gorri Zurbilak Proxima Centaurin exoplanetak bilatzea zuen helburu.

Aurkikuntza egin baino lehen izarraren abiadura erradialaren neurketek zehaztuta zuten atzeman bazitekeen, exoplanetak izan beharreko gutxieneko masa.[26][70] Izarraren aktibitate mailak zarata gehitzen die abiadura erradialaren neurketei eta horrek zaildu egiten du metodo horren bidez exoplanetak aurkitzea.[71] 1998an Hubble Espazio-teleskopioaren barneko Objektu Ahulen Espektrografoak Proxima izarra 0.5 UAra orbitatzen zuen planeta baten ebidentzia erakutsi zuen. Eremu Luzeko Kamera Planetarioa 2 Hubblek atzemandakoa egiaztatzen saiatu zen, baino ez zuen lortu.[72] Bestalde, Cerro Tololo Amerikarteko Behatokiak eginiko neurketa astrometrikoek Proximak Jupiterren tamainako planeta bat zuela uste izatera eraman zituen astronomoak, zeinak bi eta hamabi urte hartuko orbita-periodoa izan beharko zukeen.[73] Bigarren seinale bat ere atzeman zen, baina haren jatorriak zehaztu gabe dirau, izarraren aktibitatearengatik.[55]

Proxima c[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima c-ren izatea zalantzazkoa da gaur egun, 2019ko apirilean Mario Damasso astrofisikariak eta bere ikertaldeak atzeman zutela aditzera eman bazuten ere.[74][75] Damassoren taldeak Proxima Centauriren abiadura erradialean aldaketa txikiak atzeman zituzten ESOren HARPS tresna erabiliz.[74] Horrek Proximak bigarren planeta bat izateko aukerari indar handia eman dio, alabaina, egiaztapena behar da oraindik ziurtzat jotzeko. Exoplanetak Lurraren masa halako sei izango luke.[57][74] Proxima Centauri 1,5 UAko distantziara orbitatzen duela uste da eta 1900 egun inguruko orbita-periodoa duela, hau da, 5,2 urtekoa.[75] Proxima Centauri nano gorria izateak eta planeta ustez kokatzen den distantziak ezinezko egingo lukete bizia, 39 K-eko (-234 °C) tenperatura edukiko lukeelako.[74] Hurrengo urteetan haren izatea egiaztatu edo ezeztatzea espero da, HARPS tresnaren neurketa gehigarriekin edo Europar Espazio Agentziaren Gaia espazio-zundaren datuekin.[74] Del Sordok, Damassoren ikertaldeko kidea, uste du Proxima c exoplanetak erraztu egingo duela Proxima Centauriren planeta-sistema behatzea, batez ere zuzeneko argazkien bidezko behaketa.[74][75]

Gerrikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima Centauriren planeta-sistema, irudikapen artistikoa.

2017an ALMAk Proxima Centauritik 1 eta 4 UA bitartean hauts eta hondakin hotzezko gerriko bat atzeman zuen. Hautsak 40 K inguruko tenperatura du eta guztira duen masa Lurrarenaren % 1 ingurukoa dela uste da. Beste bi ezaugarri berezi ere atzeman zituen ALMAk: 10 K-eko tenperaturadun gerriko hotz bat izarretik 30 UA ingurura orbitatzen eta igorpen trinkoaren iturri bat izarretik 1,2 arkusegundo ingurura. Betse gerriko baten zantzuak ere aurkitu ziren eta hau izarretik 0.4 UAra kokatuko litzateke.[76] Ostera eginiko ikerketek ziurragotzat jo zuten aipatutako igorpenak 2017ko martxoan izarrak igorritako gar handi batek eraginak izatea. Ez da hautsik behar behaketak modelatzeko.[77][78]

Bizigarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxima Centauri b aurkitu aurretik, Alien Worlds (euskaraz, Estralurtar Munduak) telebistako dokumentalak Proxima Centaurin edo beste nano gorri batean bizia izan dezakeen planetaren bat existitu daitekeela adierazi zuen. Halako planeta Proxima Centauriren gune bizigarrian kokatuko litzateke, hau da, izarretik 0.023 eta 0.054 UA artean eta 3,6 eta 14 egun arteko orbita-periodoa edukiko luke.[79] Distantzia horretara kokaturiko planeta batek errotazio sinkronoa izan dezake. Planetaren orbita-eszentrikotasuna baxua balitz, Proxima Centauri gutxi mugituko litzateke planeta horren ortzian eta hortaz, planetaren lurrazalaren zati handienean eguna edo gaua izango litzateke beti. Planetak atmosfera balu, litekeena litzateke baliagarri izatea beti argiztaturiko aldean jasotako energia beti ilundutako aldera eramateko. Izan ere, atmosferarik gabe alde ilunean tenperatura hotzegia izango litzateke biziarentzat eta alderantziz beti argiztaturiko aldean, horrenbestez, bizia soilik ilunabar-aldeetan izango litzateke bideragarri.[80]

Proxima Centaurik aldian-aldian igortzen dituen gar sendoek gune bizigarriko edozein planetaren atmosfera higatu dezakete, baina dokumentaleko zientzialariek arazo hau gaindigarritzat jo zuten. Kaliforniako Unibertsitateko Gibor Basri zientzialariaren hitzetan, "ez du inork bizigarritasunarentzako oztoporik aurkitu". Astronomoen kezketako bat izarretik jaregiten diren garren partikula kargatuek hurbileko planeta baten atmosfera desagerrarazteko izan dezaketen gaitasuna da. Planetak eremu magnetiko sendoa badu, partikula horien aurkako ezkutu gisa jardungo du eta atmosfera babestu. Esan beharra dago orbita sinkronoan harrapatutako planeta baten, zeinak bere ardatzaren inguruan bira bat emateko izarraren inguruan bira emateko behar beste denbora behar duen, abiadura nahikoa dela halako eremu magnetiko bat sortzeko, betiere planetaren barneak urtuta irauten badu.[81]

Beste zientzialari batzuek, Lur arraroaren hipotesiaren jarraitzaileak gehienak,[82] ez dute uste nano gorriek bizia mantendu dezaketenik. Zientzialari hauen iritziz izar honen eta antzekoen gune bizigarrian planeta gehienak orbita sinkronoan daude eta horrek momentu magnetiko erlatiboki ahulean jartzen ditu planetak; atmosferak higadura gogorra jasango du Proxima Centauritik askatutako koroko masa-eiekzioak direla eta.[83]

Etorkizuneko esplorazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alpha Centauri sistematik honela ikusten da Eguzkia, Cassiopeia konstelaziotik gertu. Celestia programa informatikoa baliatu da irudia lortzeko.

Proxima Centauri izarrik hurbilena izateak izarrarteko bidai baten helmuga aproposa egiten du, eta ez dira gutxi izan hori egitea proposatu duten zientzialariak.[84] Egun Proxima Centauri Lurrera gerturatzen dabil, 22,2 km/s-ko abiaduran eta hala egiten jarraituko du harik eta hemendik 26.700 urtera urruntzen hasiko den arte. Une hori izango da Lurretik hurbilen egongo den, 3,11 argi-urtera.

Gaur egun erabiltzen diren espazio-ontzi arruntek, erregai nuklearrik erabili gabe, Proxima Centauri orbitatzen duen planeta batera iristeko milaka urte beharko lituzkete.[85] Adibidez, Voyager 1 zunda, zeina oraintxe 17 km/s-ko abiadurarekin urruntzen ari den Eguzkitik,[86] Proximara hemendik 73.775 urtera iritsiko litzateke. Halako abiadura duen edozein espazio-ontzik edo zundak hamarnaka mila urte beharko lituzke Proxima Centaurira iristeko, izar hura momenturik hurbilenean balego ere bai. Hori iritsiko balitz, litekeena baita Proxima Centaurira inoiz ez iristea, izar hura urruntzen hastean espazio-ontziaren abiadura gainditu lezakeelako.[87]

Propultsio nuklearrak egingarriago egin dezake izarrarteko bidaia, hala ere, mende bat beharko luke bertara iristeko eta beste bat itzultzeko, itzuliko balitz. Orion Proiektua, Dedalo Proiektua eta Longshot Proiektua ibili dira aukera hori ikertzen.[87]

Breakthrough Starshot proiektuak aldiz Alpha Centaurira XXI. mendearen lehen erdian iritsi nahi du, horretarako mikro-prozesagailuak argiaren abiaduraren % 20an bidaliz jaurtiz. Hori egiteko Lurretik 100 gigawatt-eko potentziako laserrekin propultsatu nahi ditu mikro-prozesagailuak.[88] Zunda horiek Proxima Centauritik gertu igaroko lirateke eta izarrari zein planetei argazkiak aterako lizkieke eta datuak bilduko lituzkete, batez ere planten atmosferari buruzko datu gehiago eskuratzeko. Hala ere, informazio horrek argiaren abiaduran bidaiatuko lukeen arren, 4,22 urte beharko lituzke Lurrera iristeko.[89]

Proxima Centauritik ikusita, Eguzkia 0.4 magnitudeko izarra da, Kasiopeia konstelazioan dagoena. Lurretik Achernar izarra ikusten den bezala ikusten da, gutxi gorabehera; hau da, distiratsu.[oh 6]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zeruaren hegoaldean kokaturiko izar batentzat, zeruan duen angelua latitudea eta deklinazioaren arteko kenduraren berdina da. Zeru-angelua 90º edo handiagoa denean izarra begi bistatik ateratzen da, hau da, ortzi-mugapean geratzen da. Horrenbestez, Proxima Centaurirentzat: Latitude maximoa = 90° + −62.68° = 27.32°. Ikus Campbell, William Wallace (1899). The elements of practical astronomy. London: Macmillan. 109–110. orrialdeak.
  2. Dentsitatea (ρ) masa eta bolumenaren arteko zatiketaren zatidura da. Eguzkiari dagokionean, honakoa da dentsitatea: = 0.122 · 0.154−3 · (1.41 × 103 kg/m3) = 33.4 · (1.41 × 103 kg/m3) = 4.71 × 104 kg/m3 Non ρ batez besteko dentsitatea den. Ikus: Munsell, Kirk; Smith, Harman; Davis, Phil; Harvey, Samantha (June 11, 2008). "Sun: facts & figures". Solar system exploration. NASA. Archived from the original on January 2, 2008. Retrieved July 12, 2008. Bergman, Marcel W.; Clark, T. Alan; Wilson, William J. F. (2007). Observing projects using Starry Night Enthusiast (8th ed.). Macmillan. pp. 220–221. ISBN 978-1-4292-0074-5.
  3. Mugimendu-anomalia bektore propio bakar bat atzeman denez, bi makurdura dira posible: 152±14° ohikoena den ebazpen aurrerakoirako, 28±14° ezohikoa den ebazpen atzerakoirako.
  4. adierazpenetik eratorritako balioak dira, goi-muga ezartzen diotenak hautagaiaren masari. Adierazpen horretan orbitaren zuzen normala eta ikuste-zuzenaren arteko angelua da, orbita zirkular batean. Orbita planetarioak aurpegitik hurbil badaude, edo oso orbita eszentrikoak badira, hemen adierazitako mugak gainditzen dituzten planetek gaitasuna izango lukete abiadura erradialaren metodoari iskin egiteko. Hau da, datuak ez lirateke balizkoak.
  5. Puntu Gorri Zurbila (jatorrian ingelesez: Pale Red Dot) Puntu Urdin Zurbila-ri (ingelesez: Pale Blue Dot) eginiko erreferentzia bat da, zeina Voyager 1-ek Lurrari atera zion argazki bat den, urrun zegoela.
  6. Eguzkiaren koordenatuak Proximarenekiko diametralki aurkakoak dira: α= 02h 29m 42.9487s, δ=+62° 40′ 46.141″. Eguzkiaren magnitude absolutua Mv 4,83 da, beraz 0.77199-ren π paralaxia aintzat hartuta, m itxurazko magnitudea ondorengo adierazpenaren emaitza da: Ikus: Tayler, Roger John (1994). The Stars: Their Structure and Evolution. Cambridge University Press. p. 16. ISBN 978-0-521-45885-6.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. van Maanen, A.. (1915-12). «Faint Star with Large Proper Motion» Publications of the Astronomical Society of the Pacific (27): 240 doi:10.1086/122446 ISSN 0004-6280 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  2. a b Glass, I. S. (2007ko uztaila). "The discovery of the nearest star". African Skies. 11: 39. Bibcode:2007AfrSk..11...39G.
  3. «Proxima Cen» web.archive.org 2017-09-12 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  4. a b (Ingelesez) information@eso.org. «How Small are Small Stars Really? - VLT Interferometer Measures the Size of Proxima Centauri and Other Nearby Stars» www.eso.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  5. a b Alden, Harold L.. (1928-11). «Alpha and Proxima Centauri» The Astronomical Journal (39): 20 doi:10.1086/104871 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  6. (Ingelesez) Voute, J.. (1917-07-14). «A 13th Magnitude Star in Centaurus, with the same Parallax as Centauri» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (9): 650–651 doi:10.1093/mnras/77.9.650 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  7. Shapley, Harlow. (1951-01). «Proxima Centauri as a Flare Star» Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America (1): 15–18 ISSN 0027-8424 PMID 16588985 PMC 1063292 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  8. (Ingelesez) Kroupa, P.; Burman, R. R.; Blair, D. G.. (1989). «Photometric Observations of Flares on Proxima Centauri» Publications of the Astronomical Society of Australia (2): 119–122 doi:10.1017/S1323358000023122 ISSN 1323-3580 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  9. Haisch, Bernhard; Antunes, A.; Schmitt, J. H. M. M. (1995). "Solar-like M-class X-ray flares on Proxima Centauri observed by the ASCA satellite". Science. 268 (5215): 1327–1329. Bibcode:1995Sci...268.1327H. doi:10.1126/science.268.5215.1327. PMID 17778978.
  10. a b c Guedel, M.; Audard, M.; Reale, F.; Skinner, S. L.; Linsky, J. L. (2004). "Flares from small to large: X-ray spectroscopy of Proxima Centauri with XMM-Newton". Astronomy and Astrophysics. 416 (2): 713–732. arXiv:astro-ph/0312297.
  11. «International Astronomical Union | IAU» www.iau.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  12. «International Astronomical Union | IAU» www.iau.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  13. «Proxima Centauri UV Flux Distribution» sdc.cab.inta-csic.es . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  14. «Rigil Kentaurus» stars.astro.illinois.edu . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  15. Sherrod, P. Clay.. (2003, ©1981). A complete manual of amateur astronomy : tools and techniques for astronomical observations. Dover Publications ISBN 0-486-42820-6 PMC 51445992 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  16. Howard, Ward S.; Tilley, Matt A.; Corbett, Hank; Youngblood, Allison; Loyd, R. O. Parke; Ratzloff, Jeffrey K.; Law, Nicholas M.; Fors, Octavi et al.. (2018-06-25). «The First Naked-eye Superflare Detected from Proxima Centauri» The Astrophysical Journal (2): L30 doi:10.3847/2041-8213/aacaf3 ISSN 2041-8213 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  17. a b (Ingelesez) information@eso.org. «A Family Portrait of the Alpha Centauri System - VLT Interferometer Studies the Nearest Stars» www.eso.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  18. Kamper, K. W.; Wesselink, A. J.. (1978-12). «Alpha and Proxima Centauri» The Astronomical Journal (83): 1653 doi:10.1086/112378 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  19. Doyle, J. G.; Butler, C. J. (1990). "Optical and infrared photometry of dwarf M and K stars". Astronomy and Astrophysics. 235: 335–339. Bibcode:1990A&A...235..335D
  20. Peebles, P. J. E. (Phillip James Edwin). (1993). Principles of physical cosmology. Princeton, N.J. : Princeton University Press . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  21. Binney, James, 1950-. (1987). Galactic dynamics. Princeton University Press ISBN 0-691-08444-0 PMC 15654197 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  22. (Ingelesez) Leggett, S. K.. (1992-09). «Infrared colors of low-mass stars» The Astrophysical Journal Supplement Series (82): 351 doi:10.1086/191720 ISSN 0067-0049 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  23. (Ingelesez) «Proxima Centauri Might Be More Sunlike Than We Thought» Smithsonian Insider 2016-10-12 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  24. (Ingelesez) Zurlo, A; Gratton, R; Mesa, D; Desidera, S; Enia, A; Sahu, K; Almenara, J-M; Kervella, P et al.. (2018-10-11). «The gravitational mass of Proxima Centauri measured with SPHERE from a microlensing event» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (1): 236–244 doi:10.1093/mnras/sty1805 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  25. Zombeck, Martin V.. (2007). Handbook of space astronomy and astrophysics. (3rd ed. argitaraldia) Cambridge Univ. Press ISBN 978-0-511-34964-5 PMC 310197447 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  26. a b Benedict, G. Fritz; McArthur, Barbara; Nelan, E.; Story, D.; Whipple, A. L.; Shelus, P. J.; Jefferys, W. H.; Hemenway, P. D. et al.. (1998-07). «Photometry of Proxima Centauri and Barnard's Star Using [ITALHubble[/ITAL] [ITAL]Space[/ITAL] [ITAL]T[/ITAL][ITAL]elescope[/ITAL] Fine Guidance Sensor 3: A Search for Periodic Variations»] The Astronomical Journal (1): 429–439 doi:10.1086/300420 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  27. (Ingelesez) Suárez Mascareño, A.; Rebolo, R.; González Hernández, J. I.; Esposito, M.. (2015-09-21). «Rotation periods of late-type dwarf stars from time series high-resolution spectroscopy of chromospheric indicators» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (3): 2745–2756 doi:10.1093/mnras/stv1441 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  28. Collins, John M.; Jones, Hugh R. A.; Barnes, John R.. (2017-06). «Calculations of periodicity from H α profiles of Proxima Centauri» Astronomy & Astrophysics (602): A48 doi:10.1051/0004-6361/201628827 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  29. Yadav, Rakesh K.; et al. (2016ko abendua). "Magnetic Cycles in a Dynamo Simulation of Fully Convective M-star Proxima Centauri". The Astrophysical Journal Letters. 833 (2): 6. arXiv:1610.02721. Bibcode:2016ApJ...833L..28Y. doi:10.3847/2041-8213/833/2/L28. L28.
  30. a b (Ingelesez) Genevieve J. M. Graves, Fred C. Adams, Gregory Laughlin. (2004). RED DWARFS AND THE END OF THE MAIN SEQUENCE. RevMexAA.
  31. «Chandra :: Photo Album :: Proxima Centauri :: 09 Nov 04» chandra.harvard.edu . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  32. E. F., Guinan; Morgan, N. D. (1996). "Proxima Centauri: rotation, chromospheric activity, and flares". Bulletin of the American Astronomical Society. 28: 942. Bibcode:1996AAS...188.7105G
  33. (Ingelesez) Wargelin, Bradford J.; Drake, Jeremy J.. (2002-10-10). «Stringent X‐Ray Constraints on Mass Loss from Proxima Centauri» The Astrophysical Journal (1): 503–514 doi:10.1086/342270 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  34. a b Wood, Brian E.; Linsky, Jeffrey L.; Müller, Hans-Reinhard; Zank, Gary P.. (2001-01-20). «Observational Estimates for the Mass-Loss Rates of α Centauri and Proxima Centauri Using [ITALHubble Space Telescope[/ITAL] L[CLC]y[/CLC]α Spectra»] The Astrophysical Journal (1): L49–L52 doi:10.1086/318888 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  35. (Ingelesez) Stauffer, J. R.; Hartmann, L. W.. (1986-07). «Chromospheric activity, kinematics, and metallicities of nearby M dwarfs» The Astrophysical Journal Supplement Series (61): 531 doi:10.1086/191123 ISSN 0067-0049 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  36. Cincunegui, C.; Díaz, R. F.; Mauas, P. J. D.. (2007-01). «A possible activity cycle in Proxima Centauri» Astronomy & Astrophysics (3): 1107–1113 doi:10.1051/0004-6361:20066027 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  37. Wood, B. E.; Linsky, J. L.; Muller, H.-R.; Zank, G. P. (2000). "Observational estimates for the mass-loss rates of Alpha Centauri and Proxima Centauri using Hubble Space Telescope Lyman-alpha spectra". Astrophysical Journal. 537 (2): L49–L52. arXiv:astro-ph/0011153. Bibcode:2000ApJ...537..304W. doi:10.1086/309026.
  38. Gaia Collaboration; Brown, A. G. A.; Vallenari, A.; Prusti, T.; de Bruijne, J. H. J.; Babusiaux, C.; Bailer-Jones, C. A. L.; Biermann, M. et al.. (2018-08). «Gaia Data Release 2: Summary of the contents and survey properties» Astronomy & Astrophysics (616): A1 doi:10.1051/0004-6361/201833051 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  39. Lurie, John C.; Henry, Todd J.; Jao, Wei-Chun; Quinn, Samuel N.; Winters, Jennifer G.; Ianna, Philip A.; Koerner, David W.; Riedel, Adric R. et al.. (2014-10-13). «THE SOLAR NEIGHBORHOOD. XXXIV. A SEARCH FOR PLANETS ORBITING NEARBY M DWARFS USING ASTROMETRY» The Astronomical Journal (5): 91 doi:10.1088/0004-6256/148/5/91 ISSN 1538-3881 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  40. van Leeuwen, F.. (2007-11). «Validation of the new Hipparcos reduction» Astronomy & Astrophysics (2): 653–664 doi:10.1051/0004-6361:20078357 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  41. Benedict, G. Fritz; McArthur, Barbara; Chappell, D. W.; Nelan, E.; Jefferys, W. H.; van Altena, W.; Lee, J.; Cornell, D. et al.. (1999-08). «Interferometric Astrometry of Proxima Centauri and Barnard's Star Using [ITALHUBBLE SPACE TELESCOPE[/ITAL] Fine Guidance Sensor 3: Detection Limits for Substellar Companions»] The Astronomical Journal (2): 1086–1100 doi:10.1086/300975 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  42. van Leeuwen, F.. (2009-06). «The Hipparcos catalog» Astronomy & Astrophysics (1): 505–506 doi:10.1051/0004-6361/200912202 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  43. Kirkpatrick, J. Davy; Dahn, Conard C.; Monet, David G.; Reid, I. Neill; Gizis, John E.; Liebert, James; Burgasser, Adam J.. (2001-06). «Brown Dwarf Companions to G-Type Stars. I. Gliese 417B and Gliese 584C» The Astronomical Journal (6): 3235–3253 doi:10.1086/321085 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  44. «Moon Fact Sheet» nssdc.gsfc.nasa.gov . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  45. (Ingelesez) Q. Wang, P. J. Shelus, P. D. Hemenway, J. McCartney, Wm. F. van Altena, R. Duncombe, O. G. Franz and L. W. Fredrick, G. F. Benedict, B. McArthur, E. Nelan1, D. Story, A. L. Whipple, W. H. Jefferys. Astrometric Stability and Precision of Fine Guidance Sensor #3: The Parallax and Proper Motion of Proxima Centauri. Astrometric Stability and Precision of FGS3.
  46. a b c d Kervella, P.; Thévenin, F.; Lovis, C. (2017). "Proxima's orbit around α Centauri". Astronomy & Astrophysics. 598: L7. arXiv:1611.03495. Bibcode:2017A&A...598L...7K. doi:10.1051/0004-6361/201629930. ISSN 0004-6361.
  47. (Ingelesez) Stellar encounters with the solar system. Astronomy & Astrophysics.
  48. (Ingelesez) Bobylev, V. V.. (2010-03). «Searching for stars closely encountering with the solar system» Astronomy Letters (3): 220–226 doi:10.1134/S1063773710030060 ISSN 1063-7737 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  49. Bailer-Jones, C. A. L. (2015eko martxoa). "Close encounters of the stellar kind". Astronomy & Astrophysics. 575: 13. arXiv:1412.3648. Bibcode:2015A&A...575A..35B. doi:10.1051/0004-6361/201425221. A35.
  50. Allen, C.; Herrera, M. A. (1998). "The galactic orbits of nearby UV Ceti stars". Revista Mexicana de Astronomía y Astrofísica. 34: 37–46. Bibcode:1998RMxAA..34...37A.
  51. (Ingelesez) Kroupa, P.. (1995-12-15). «The dynamical properties of stellar systems in the Galactic disc» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (4): 1507–1521 doi:10.1093/mnras/277.4.1507 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  52. a b (Ingelesez) Wertheimer, Jeremy G.; Laughlin, Gregory. (2006-11). «Are Proxima and α Centauri Gravitationally Bound?» The Astronomical Journal (5): 1995–1997 doi:10.1086/507771 ISSN 0004-6256 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  53. (Ingelesez) Feng, F.; Jones, H. R. A.. (2018-01-21). «Was Proxima captured by Alpha Centauri A and B?» Monthly Notices of the Royal Astronomical Society (3): 3185–3189 doi:10.1093/mnras/stx2576 ISSN 0035-8711 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  54. (Ingelesez) Johnston, Kathryn V.; Hernquist, Lars; Bolte, Michael. (1996-07). «Fossil Signatures of Ancient Accretion Events in the Halo» The Astrophysical Journal (465): 278 doi:10.1086/177418 ISSN 0004-637X . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  55. a b c d e (Ingelesez) [https://www.eso.org/public/archives/releases/sciencepapers/eso1629/eso1629a.pdf A terrestrial planet candidate in a temperate orbit around Proxima Centauri. ] eso.org.
  56. Li, Yiting; Stefansson, Gudmundur; Robertson, Paul; Monson, Andrew; Cañas, Caleb; Mahadevan, Suvrath. (2017-12-14). «A Candidate Transit Event around Proxima Centauri» Research Notes of the AAS (1): 49 doi:10.3847/2515-5172/aaa0d5 ISSN 2515-5172 . Noiz kontsultatua: 2020-05-23.
  57. a b (Ingelesez) Damasso, Mario; Sordo, Fabio Del; Anglada-Escudé, Guillem; Giacobbe, Paolo; Sozzetti, Alessandro; Morbidelli, Alessandro; Pojmanski, Grzegorz; Barbato, Domenico et al.. (2020-01-01). «A low-mass planet candidate orbiting Proxima Centauri at a distance of 1.5 AU» Science Advances (3): eaax7467 doi:10.1126/sciadv.aax7467 ISSN 2375-2548 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  58. Kervella, Pierre; Arenou, Frédéric; Schneider, Jean (2020). "Orbital inclination and mass of the exoplanet candidate Proxima c". Astronomy & Astrophysics. 635: L14. arXiv:2003.13106. Bibcode:2020A&A...635L..14K. doi:10.1051/0004-6361/202037551. ISSN 0004-6361.
  59. Bixel, A.; Apai, D. (2017ko otsailaren 21). "Probabilistic Constraints on the Mass and Composition of Proxima b". The Astrophysical Journal Letters. 836 (2): L31. arXiv:1702.02542. Bibcode:2017ApJ...836L..31W. doi:10.3847/2041-8213/aa5f51. hdl:10150/623234. ISSN 2041-8205.
  60. Endl, M.; Kürster, M.. (2008-09). «Toward detection of terrestrial planets in the habitable zone of our closest neighbor: proxima Centauri» Astronomy & Astrophysics (3): 1149–1153 doi:10.1051/0004-6361:200810058 ISSN 0004-6361 . Noiz kontsultatua: 2020-05-23.
  61. (Ingelesez) Chang, Kenneth. (2016-08-24). «One Star Over, a Planet That Might Be Another Earth» The New York Times ISSN 0362-4331 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  62. (Ingelesez) Knapton, Sarah. (2016-08-24). «Proxima b: Alien life could exist on 'second Earth' found orbiting our nearest star in Alpha Centauri system» The Telegraph ISSN 0307-1235 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  63. (Ingelesez) Dot, Pale Red. (2016-08-24). «Proxima b is our neighbor… better get used to it!» PALE RED DOT . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  64. (Ingelesez) Aron, Jacob. «Proxima b: Earth-like planet spotted just 4 light years away» New Scientist . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  65. (Ingelesez) information@eso.org. «Follow a Live Planet Hunt! - Pale Red Dot campaign launched» www.eso.org . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  66. (Ingelesez) «- The Washington Post» Washington Post . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  67. (Ingelesez) August 2016, Samantha Mathewson 24. «Proxima b By the Numbers: Possibly Earth-Like World at the Next Star Over» Space.com . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  68. (Ingelesez) Witze, Alexandra. (2016-08-25). «Earth-sized planet around nearby star is astronomy dream come true» Nature News (7617): 381 doi:10.1038/nature.2016.20445 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  69. Liu, Hui-Gen; et al. (2018ko urtarrila). "Searching for the Transit of the Earth-mass Exoplanet Proxima Centauri b in Antarctica: Preliminary Result". The Astronomical Journal. 155 (1): 10. arXiv:1711.07018. Bibcode:2018AJ....155...12L. doi:10.3847/1538-3881/aa9b86. 12.
  70. Kürster, M.; Hatzes, A. P.; Cochran, W. D.; Döbereiner, S.; Dennerl, K.; Endl, M. (1999). "Precise radial velocities of Proxima Centauri. Strong constraints on a substellar companion". Astronomy & Astrophysics Letters. 344: L5–L8. arXiv:astro-ph/9903010. Bibcode:1999A&A...344L...5K.
  71. Robert A. Donahue, Steven H. Saar. Activity-Related Radial Velocity Variation in Cool Stars. Astrophysical Journal.
  72. Schultz, A. B.; Hart, H. M.; Hershey, J. L.; Hamilton, F. C.; Kochte, M.; Bruhweiler, F. C.; Benedict, G. F.; Caldwell, John; Cunningham, C.; Wu, Nailong; Franz, O. G.; Keyes, C. D.; Brandt, J. C. (1998). "A possible companion to Proxima Centauri". Astronomical Journal. 115 (1): 345–350. Bibcode:1998AJ....115..345S. doi:10.1086/300176.
  73. Lurie, John C.; Henry, Todd J.; Jao, Wei-Chun; Quinn, Samuel N.; Winters, Jennifer G.; Ianna, Philip A.; Koerner, David W.; Riedel, Adric R.; Subasavage, John P. (2014ko azaroa). "The Solar Neighborhood. XXXIV. a Search for Planets Orbiting Nearby M Dwarfs Using Astrometry". The Astronomical Journal. 148 (5): 12. arXiv:1407.4820. Bibcode:2014AJ....148...91L. doi:10.1088/0004-6256/148/5/91. 91.
  74. a b c d e f (Ingelesez) April 2019, Mike Wall 12. «Possible 2nd Planet Spotted Around Proxima Centauri» Space.com . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  75. a b c (Ingelesez) Billings, Lee. «A Second Planet May Orbit Earth’s Nearest Neighboring Star» Scientific American . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  76. Anglada, G.; Amado, P. J.; Ortiz, J. L.; Gómez, J. F.; MacIas, E.; Alberdi, A.; Osorio, M.; Gómez, J. L. et al.. (2017). «ALMA Discovery of Dust Belts around Proxima Centauri» ASTROPHYSICAL JOURNAL LETTERS doi:10.3847/2041-8213/aa978b ISSN 2041-8205 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  77. (Ingelesez) «Proxima Centauri's no good, very bad day: Flare illuminates lack of a dust ring; puts habitability of Proxima b in question» ScienceDaily . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  78. MacGregor, Meredith A.; Weinberger, Alycia J.; Wilner, David J.; Kowalski, Adam F.; Cranmer, Steven R.. (2018-02-26). «Detection of a Millimeter Flare from Proxima Centauri» The Astrophysical Journal (1): L2 doi:10.3847/2041-8213/aaad6b ISSN 2041-8213 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  79. Hatzes, Artie P.; Cochran, William D.; Endl, Michael. (2010). «The Detection of Extrasolar Planets Using Precise Stellar Radial Velocities» Planets in Binary Star Systems (Springer Netherlands): 51–76 ISBN 978-90-481-8686-0 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  80. Tarter, Jill C., Mancinelli RL, Aurnou JM, Backman DE, Basri GS, Boss AP, Clarke A, Deming D (2007). "A reappraisal of the habitability of planets around M dwarf stars". Astrobiology. 7 (1): 30–65. arXiv:astro-ph/0609799. Bibcode:2007AsBio...7...30T. doi:10.1089/ast.2006.0124. PMID 17407403.
  81. Alpert, Mark (2005ko azaroa). "Red star rising". Scientific American. 293 (5): 28. Bibcode:2005SciAm.293e..28A. doi:10.1038/scientificamerican1105-28. PMID 16318021.
  82. Ward, Peter D. (Peter Douglas), 1949-. (2000). Rare earth : why complex life is uncommon in the universe. Copernicus ISBN 0-387-98701-0 PMC 40996050 . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  83. Khodachenko, Maxim L., Lammer H, Grießmeier J, Leitner M, Selsis F, Eiroa C, Hanslmeier A, Biernat HK (2007). "Coronal Mass Ejection (CME) activity of low mass M stars as an important factor for the habitability of terrestrial exoplanets. I. CME impact on expected magnetospheres of earth-like exoplanets in close-in habitable zones". Astrobiology. 7 (1): 167–184. Bibcode:2007AsBio...7..167K. doi:10.1089/ast.2006.0127. PMID 17407406.
  84. Gilster, Paul. (2004). Centauri dreams : imagining and planning interstellar exploration. New York : Copernicus Books . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  85. Crawford, I. A. (1990eko iraila). "Interstellar Travel: A Review for Astronomers". Quarterly Journal of the Royal Astronomical Society. 31: 377–400.
  86. «Eguzki sistematik ihes egiten ari diren zundak» www.heavens-above.com . Noiz kontsultatua: 2020-05-22.
  87. a b PROJECT LONGSHOT AN UNMANNED PROBE TO ALPHA CENTAUR1. NASA.
  88. Merali, Zeeya (2016ko maiatzaren 27). "Shooting for a star". Science. 352 (6289): 1040–1041. doi:10.1126/science.352.6289.1040. PMID 27230357.
  89. Popkin, Gabriel (2017ko otsailaren 2). "What it would take to reach the stars". Nature. 542(7639): 20–22. Bibcode:2017Natur.542...20P. doi:10.1038/542020a. PMID 28150784.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz

Ingelesez

  • Alpha Centauri 3 - Izar-sistemari buruzko datuak, irudiz hornituak.
  • SkyMap - Proxima Centauri SkyMap zeru-mapan.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Proxima Centauri Aldatu lotura Wikidatan

Portugaleraz