Johan Cruyff
| Datu pertsonalak | ||
|---|---|---|
| Izen osoa | Hendrik Johannes Cruyff | |
| Jaio | 1947ko apirilaren 25a (65 urte) | |
| Amsterdam (Herbehereak) | ||
Hendrik Johannes Cruyff edo Johan Cruyff (Amsterdam, Herbehereak, 1947ko apirilaren 25a) futbol entrenatzaile eta futbolari ohia da. Munduko futbolari hoberenetarikoa izan zela jotzen da.
1974 eta 1978ko Munduko Futbol Txapelketan txapeldunordea izan zen Herbehereetako futbol selekzio nazionalarekin. Halaber, "Europako futbolaririk onena" izendatu zuten 1971, 1973 eta 1974an.
Halaber, UEFAko Txapeldunen Liga irabazi zuen 1971, 1972 eta 1973an Amsterdamgo Ajaxekin. Talde honetan hamar denboraldi burutu ondoren, 1973an, FC Barcelonak fitxatu zuen; 1978an, Ameriketako Estatu Batuetako ligara joan zen, bertan hiru denboraldi burutu zituelarik eta Espainiako Bigarren mailako Levante UD taldean ere aritu zen. 1981ean, berriro Herbehereetako ligara joan zen eta, bi denboraldi Ajaxen eman ondoren, bere azken urtea jokalari izan zen Feyenoord Rotterdamen.
1984an, jokalari bezala erretiratu zen, baina, 1985ean, Ajaxeko entrenatzaile izendatu zuten eta egun, Kataluniako selekzioko entrenatzailea da. Gainera, 2010ean, FC Barcelonak klubeko Ohorezko presidente izendatu zuen, eta Kataluniako federazioarekin kolaboratzen du kirol proiektuetan.
FIFAk XX. mendeko futboleko lau jokalari onenen artean izendatu du Cruyff, harekin batera Pelé, Diego Armando Maradona eta Alfredo Di Stéfano daudelarik.
Hiru aldiz jaso du Urrezko Baloia (1971, 1973 eta 1974).
Eduki-taula |
[aldatu] Biografia
Hendrik Johannes Cruijff 1947ko apirilaren 25ean jaio zen Weidestraaten, Amsterdameko kanpoaldean, Ajaxeko zelaiatik gertu. Aita Hermanus Cornelius Cruijff izen zen eta fruta eta barazki denda bat zuen; ama, Petronella Bernarda Draaijer, etxeko lanetan aritzen zen eta dendan ere lagundu ohi zuen. Jopie deitzen zion Johani.
Umea beti zebilen baloiaren atzean eta Amsterdameko Ajax taldea berehala sartu zen bere bizitzan, batez ere, 10 urte zituenean, 300 haurren artean aukeratu zutenean. Ama Petronella garbitzaile lanetan ibiltzen zen klubean eta entrenatzaileagan eragin zuen Johanen ahalmenak apreziatuarazteko ahaleginetan.
1959ko uztailaren 8an, bihotzeko batek aita hil zion eta 12 urteko haurra etxeko ekonomian lagundu beharrean aurkitu zen. Handik urtebetera, ikasketak utzi eta futbolean sartu zen buru-belarri eta, beste urtebete barru, bere bigarren aita izango zena ezagutu zuen, Ajaxeko zelaia zaintzen zuena.
1968ko abenduaren 2an, Johan Danny Costerrekin ezkondu zen, Cor Coster enpresaburuaren alabarekin. 3 seme-alaba izan zituzten: Chantal (1970eko azaroaren 16a), Susila (1972ko urtarrilaren 27a) eta Jordi (1974ko otsailaren 9a). Sendia Bartzelonan bizi da. 1993an jaio zen bere lehen iloba, Jessua Andrea, Chantal eta Jesús Mariano Angoy atezain ohiaren semea. Geroago etorriko zen Gianluca, bikotearen bigarren semea.
1991n, bihotzeko batek Barça alboratzera eraman zuen. Cruyffek asko erretzen zuen eta utzi beharrean izan zen; handik aurrera, Chupa Chupsa ahoan agertuko zen maiz. Tabakoaren aurkako kanpainetan agertu zen behin baino gehiagotan.
Johan Cruyff Johan Cruyff Foundationen aitzindaria izan zen, haur ezinduak kirolean bideratzen dituen elkartea, eta Cruyff Academics International, Johan Cruyff Institute for Sport Studies, Johan Cruyff University eta Johan Cruyff College. Kirolarekin zerikusia duten programak eskaini ditu Espainian, Herbehereetan eta Mexikon.
[aldatu] Jokalariaren ibilbidea
- 1964–1973 Ajax Amsterdam 240 p (190 g)
- 1973–1978 FC Barcelona 143 (48)
- 1979–1980 Los Angeles Aztecs 27 (16)
- 1980–1981 Washington Diplomats 32 (12)
- 1981 Levante UD 10 (2)
- 1981–1983 Ajax 36 (14)
- 1983–1984 Feyenoord Rotterdam 33 (11)
Guztira: 521 partida (293 gol)
[aldatu] Ajax
Rinus Michels entrenatzaileak ariketa fisikoa programatu zion Johani, bere gorpuzkera ahula sendotzeko xedez. Berehala sartu zen Ajax barneko lan guztietan, aldagelak zaintzen, zapatak garbitzen eta abarretan, azkenean jokalari taldean sartzea lortu zuen arte.
17 urte zituen nederlandar Ligan debuta egin zuenean eta berak sartuko zuen bere ekipoak markatu zuen gol bakarra. 1964ko azaroaren 15a zen eta GVAV Groningenean aurka jokatu zuten. Ondoren etorri ziren urteetan, Ajaxekin, 6 Liga (Eredivisie), 4 Kopa (Herbeheretako Kopa), 3 Europako kopa, Kontinenteen arteko kopa bat eta Europako Superkopa bat lortuko zituen.
1965-1966 denboraldia izan zen Cruyffek Ajax taldean leku garrantzitsu bat lortu zuen urtea; denboraldi horretan, 25 partidutan, 23 gol lortu zituen eta Liga irabazi zuten. Hurrengo denboraldian, berak lehenengo aldiz bi txapelketa irabaziko zituen urte berean (Liga eta Kopa) eta, hurrengoan, berriro ere, Liga lortu zuten. Urteko jokalari herbeherear hoberena izendatu zuten azkeneko bi urte haietan.
1969-1970 denboraldian, berriro bi txapelketa irabazi zituzten urte berean, baina, 1970ean, lesio bat izan zuen eta denboraldi baterako zelaietatik urrundu behar izan zuen. Itzuli zenean, 1970eko urriaren 30ean, ezin izan zuen betiko 9 zenbakia eraman, Gerrie Mührenek hartuta baitzuen eta, jeneralean 11tik gorako zenbakiak ordezkoentzat baziren ere, 14 zenbakiarekin atera zen. Prentsak datu hori nabarmendu zuen, eta gazte bihurriak betiko bereganatu zuen zenbaki hura, geroztik izango zituen taldeetan.
Handik aurrera, Johan Cruyff erreferentzia nabarmena izango zen futbolaren munduan.
[aldatu] FC Barcelona
1973-1974 denboraldian, Ajax taldea utzi zuen. Kluba jokalaria Real Madril taldeari eskualdatzeko negoziatzen ari zen. Baina jokalariak ez zuen hara joan nahi izan, eta haren arerio nagusia zen FC Barcelonara jo zuen. Cruyffen eskualdatzea futbolaren historian ordu arte egindako garestiena izan zen —60 milioi pezeta— eta hilero 12.000 dolarreko irabazia emango zion kontratua sinatu zuen.
Bartzelonan, idolo nagusia izan zen eta, bere etorrerarekin, 14 urtez irabazle izan ez zen taldeak bira handi bat eman zuen, ez baitzuen partidurik galdu denboraldi horretan, Liga eskuratuz.
Taldean, besteak beste, Hugo Sotil, Carles Rexach eta Asensi jokalariak zeuden eta, 1974ko otsailaren 17an, irabazitik irabazira, 0-5 garaitu zuten Real Madrid Santiago Bernabéun. Denboraldiaren bukaeran, Johanek 24 gol sartuak zituen eta Atlético de Madridi Camp Noun sartu zion hark askoren gogoetan jarraitzen du oraindik.
Hurrengo bi denboraldietan, taldeak ez zuen titulurik irabazi, baina Johann Cruyff futbolari guztien artean ezberdintzen ari zen izarra bilakatu zen.
1975-1976 denboraldian, Hennes Weisweiler entrenatzailearekin arazoak izaten hasi zen eta, haserrearen haserre, ekainaren 30ean, Johanek kluba utziko zuela adierazi zuen. Baina, futbolaria itzal handiko gizona zen eta publikoa bere alde zegoen nabarmen; horregatik, entrenatzailea izan zen dimititu zuena eta Laureano Ruiz etorri zen bere ordez.
1975ean, Brontzezko baloia jaso zuen eta kontinenteko 3. jokalari hoberena izendatu zuten. 1976-1977ko denboraldian 30 partida jokatu zituen eta 14 tanto markatu; Erregearen Kopan jokatutako 9 partidetan, berriz, beste 6 sartu zituen eta Europako Kopan jokatutako 7 partidetan, 5.
1977-1978 izan zen azken denboraldia Barçan eta Errege Kopa lortu zuten. Johanek 11 gol gauzatu zituen, baina zuzendaritzarekin zituen arazoek Espainiako futbola uztera behartu zuten. Hala ere, garai hartan Bartzelona eta kataluniar kultura barneratuta zituen erabat; bere hirugarren semeak Jordi izena zuen, adibidez. Honek denak frankismoarekin arazoak ekarri zizkion, bera beti agertu baitzen erregimenaren aurka eta izen katalanak debekatuta zeuden han.
[aldatu] Ameriketako Estatu Batuetako Futbol Liga (NASL)
Oso denbora gutxian egon zen geldi eta, 1979an, Los Angeles Aztecs taldeak fitxatu zuten eta, maiatzaren 23an, debutatu zuen. 3-0 izan zen emaitza eta gol haietako 2 Johanenak izan ziren. 16 gol 27 partidetan nahikoak izan ziren Ameriketako Estatu Batuetako Ligako jokalari onenaren saria jasotzeko.
Hurrengo denboraldian, 1980an, Washington Diplomatsekin fitxatu zuen eta 10 gol sartu zituen 27 partidetan. Berriro ere, Ligako Jokalari hoberena izendatu zuten.
1981ean, Espainiako Bigarren Mailan hasi zen jokatzen, hilabete batzuetan Levante UDn jokatuz, baina Washingtonen bukatu zuen urtea.
[aldatu] Eredivisiera itzuli
34 urterekin, Ajax taldeak fitxatu zuen berriro. Bertan egon zen hurrengo 2 denboraldietan, bi liga eta kopa bat irabaziko zituen. Ajaxen eman zuen azken denboraldian, 1982-1983an, Cruyffek penalti indirektoa ospetsu egin zuen: zuzenean bota ordez, Jesper Olsen lagunari bota zion, honek itzuli egin zion eta Cruyffek markatu.
Denboraldi honetan, Johanek bere bigarren aita izan zuen hura galdu zuen eta oso desanimatuta ibili zen. Ajaxek ez zion kontratua berritu.
Berriro atera zen Cruyffen alde bihurria eta Ajaxen aurkari nagusia zen Rotterdameko Feyenoordekin fitxatu zuen 37 urte zituenean. Dobletea lortu zuen, Liga eta Kopa, eta Eredivisieko jokalari hoberena izendatu zuten. Garaipenez hornituta amaituko zuen jokalari bizitza.
[aldatu] Selekzioa
1966ko irailean, Johanek Holandako selekzioarekin debutatu zuen Hungariaren aurka eta 2ra berdindu zuten azken minutuan.
1976an, Johanek Eurokopan hartu zuen parte, hirugarren postuan geratuz.
2008ko apirilean, Cruyffek 1977ko amaieran gertatutakoa argitu zuen; FC Barcelonako jokalaria izan zen garaian, bera eta bere familia bahitzeko saiakera izan zen. Gaizkile batzuk sartu zitzaizkien etxean eta bera eta bere emaztea aulki batean lotu zituzten, bere seme-alaben aurrean tiro egiteko desafioa eginez.
Bere herriko selekzioan parte hartzeari utzi zionean, 48 partida jokatuta zituen, 33tan kapitain izanik, eta 33 gol markatuta.
[aldatu] Entrenatzaile
Berehala itzuli zen berriro zelaira. 1984-1985 denboraldian, kirol zuzendari gisa sartu zen Ajax taldean eta hasieratik argi izan zituen ideiak. Epe luzerako proiektuari ekin zion eta kirol egitura eraldatzeari eman zion, bertako harrobia kontuan hartuz. 3-4-3 sistema erabili zuen, 3 defentsa ezarriz eta asko arriskatuz, baina atakeak arrakastatsuak izaten ziren. Urte horretan UEFAko txapeldunen Liga irabazi zuten. Sistema bera ezarri zuen beheko ekipoetan eta harrobi hartatik aterako ziren Ronald de Boer, Frank anaia, Edgar Davids edo Clarence Seedorf, 1995ean, Ajax Txapeldunen Liga irabaztera eramango zutenak. Proiektua hasi zuenak eraman beharko zuen haren ardura eta, 1985eko ekainaren 6an, Ajaxen entrenatzaile bezala sinatu zuen. Bi denboraldi eta erdi eman zituen han, Europa osoa joko berritzale harekin liluratuz. Munduko entrenatzailerik hoberena izendatu zuten World Soccer Magazine aldizkarian. Ajaxek bi kopa irabazi zituen Herbehereetan eta Eurokopa ere bai, baina ez zuen liga lortu.
1988ko maiatzaren 4an, FC Barcelonak kontratatu zuen. Berriro zebilen gaizki klub hura, eta Cruyffek epe luzerako proiektua diseinatu zien, hainbat jokalari fitxatuta —hala nola Txiki Begiristain edo José Maria Bakero— taldea berrituz.
Hala ere, Bartzelonan izan zuen hasiera ez zen erraza izan. Cruyffen ustez, ezinbestekoa zen taldeak jokoaren filosofia barneratzea. Bigarren urtean, 1989-1990 denboraldian, Michael Laudrup fitxatu zuen, eta ingurukoek ez zuten gustuko izan.
Baina Cruyffek aurrera jarraitu zuen eta, azkenean, iritsi zen arrakasta. Ronald Koeman eta Hristo Stoitchkov fitxatu zituen eta 1990-1991ko liga irabazi zuten. Barça irabazlea jarri zen martxan eta Real Madriden hegemonia amaitu zen.
1995-1996 denboraldia gogorra izan zen. Emaitza onak behar ziren eta Luis Figo fitxatu zuten. Arrakasta ez zen etorri, ordea, eta Cruyff eta Núñez presidentearen harremanak okerrera egin zuen. Cruyff bota zuten eta Rexach etorri zen. Honen lehenengo partidan, Camp Nou pankartez lepo agertu zen, herbeheretarrari eskerrak emanez.
2010ean, FC Barcelonak klubeko ohorezko presidente izendatu zuen, eta Kataluniako federazioarekin kolaboratzen du kirol proiektuetan.
