Metropolis (1926ko filma)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Metropolis
Stamp Germany 1995 80Pf-Briefmarkenblock 100 Jahre Film.jpg
Datuak
Jatorrizko izenburua Metropolis
Urtea 1926
Estreinaldia 1927ko urtarrilaren 10a
Generoa Zientzia-fikzioa
Herrialdea AlemaniaAlemania
Iraupena 210 minutu
(Alemanian estreinatu zenekoa)
123 minutu
(2002ko berriztatzea)
Aurrekontua 7.000.000 marko alemaniar
Banatzailea UFA
Zuzendaria
Fritz Lang
Ekoizleak
Erich Pommer
Gidoilariak
Thea von Harbou
Fritz Lang
Aktoreak
Brigitte Helm
Gustav Fröhlich
Alfred Abel
Rudolf Klein-Rögge
Musikagileak
Gottfried Huppertz
Argazkilariak
Karl Freund
Gunther Rittau
Eugene Schüfftan efektu berezietarako
Jatorrizko hizkuntza
ahots gabeko filma; intertituluak alemanez
Datu gehigarriak
Zuri-beltzean. Mutua.

Metropolis zientzia-fikzioko film mutua da, 1926an Fritz Langek zuzendua, Alemaniako UFA etxeak ekoitzia eta Babelsberg estudioetan grabatua. Kontakizuna etorkizuneko jendarte distopiko batean kokatzen da, hiritzar batean. Gizartearen antolamenduari buruzko gogoeta egiten da, langile klasearen eta ugazaben arteko krisis sozial bat agertuz. Gidoia Fritz Langek eta Thea von Harbou bere emazteak idatzi zuten, von Harbouren 1926ko nobela batean oinarrituta. Filma Alemaniako arte espresionistaren ikurretako bat da zinematografiaren alorrean. Inoiz egindako film muturik garestiena izan zen, 5 milioi alemaniar markoko aurrekontuarekin.

Filma Alemanian estreinatu eta gero hasierako muntaiari eszena asko kendu zitzaizkion, eta denborarekin beste eszena asko hondatu edo galdu egin ziren. Han-hemen barreiatutako kopiak elkartu eta filma berriz osatu eta zaharberritzeko lan handia egin ondoren, 2001ean estreinatu zen Berlingo Film Jaialdian Metropolisen bertsio zaharberritua, eta kopia bat UNESCOk Munduaren Oroimenaren Erregistroan gorde zuen. 2008an beste kopia bat aurkitu zuten Argentinan, ordura arte ezagutzen zen osoena baino 30 minutu luzeagoa, eta 2010ean Berlinen eta Frankfurten estreinatu zuten, zaharberritze prozesu luzearen ondoren.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

2026. urtea da. Metropolis hiri erraldoian bi klase sozial bizi dira elkarrengandik erabat bereizita: Beharginak lur azpian bizi dira hiriari eusten dioten makinetan gau eta egun lanean, gainazalera ateratzeko erabateko debekuarekin. Gainazalean, berriz, jabe eta pentsalarien klasea bizi da, luxuzko etxe orratzetan. Johan 'Joh' Fredersen da hiriaren sortzailea eta agintari nagusia.

Maria izeneko emakumeak, langileen artean lidergo eta karisma handia duelarik, une oro langileak lasaitzeko ahaleginak egiten ditu hiria suntsi lezakeen iraultza bortitz bat has ez dezaten, etortzear den "Bitartekari" bati esker gizarteko bi aldeak batu ahalko direla predikatuz. "Mittler zwischen Hirn und Hand muss das Herz sein" esaldia da bere irakaspena laburbiltzen duena, hau da, "Garunaren eta eskuaren artean, bihotzak izan behar du bitartekari". Hiriko agintariaren semea den Freder Fredersen gaztea ere kausa horren alde jarriko da, langileriaren bizimodu gogorragatik atsekabeturik.

Joh Fredersenek Rotwang zientzialariari eskatzen dio Mariaren kerak eta bisaia dituen robota sor dezan. Joh-en asmoa da langileak matxinadara eramatea, horrela errepresio bortitza justifikatu ahal izateko. Rotwangek, ordea, hiria suntsitu nahi du, Joh-en aurka mendekua hartzeko. Rotwangek Maria bahitu eta robot gaiztoa bidaltzen du lur azpira, Mariaren jarraitzaileak ezkutuan elkartzen diren tokira.

Robotak lur azpiko biztanleen aldartea nahastuko du eta kaos soziala sorrarazi. Robotak, hein berean, gazte aberatsen gogoa lausotzen du eta haien gizartea gainbeheran jarri, Yoshiwara kabaret ospetsuan dantzari sentsual baten errola hartzen duenean.

Langileek, robataren mintzaldi suharrek erotuta, lurrazpiko hiria suntsitu nahiko dute, hau uretan murgilduz. Eroaldi betean, langileak gainazalera igoko dira hiriaz jabetzera, haien seme-alabak lurrazpian abandonatu dituztela erabat ahaztuta.

Bien bitartean, Mariak Rotwang-en laboratoriotik ihes egitea lortzen du Fred Fredersenen laguntzarekin, eta ume guztiak onik aterako dituzte arriskutik. Egiazko Maria eta robota pertsona bera ez direla ohartuta, langileak beren okerraz konturatzen dira. Rotwan hiltzen du Fredek, hiriko katedralean zehar gertatzen den borrokaldi luze eta ikusgarri batean.

Azkenik, Maria eta Federek lortzen dute Joh eta Grotek (ugazaben eta langileen buruak, hurrenez hurren) bakeak egitea, horrela jendarte mota berri bati hasiera emateko. Hala, Mariak irakatsitako hitzak betetzen dira. "Garunaren eta eskuaren artean, bihotzak izan behar du bitartekari": Fredersen litzateke garuna, Metropoliseko langileak eskua, eta Fred Fredersen gaztea bihotza.

Filmaren gaineko hainbat kontu[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Filmaren edukia eta gidoia

Gidoiaren ertz gehienak 1924 urte aldera taxutuak zituzten Fritz Langek eta Thea von Harbouk , eta 1926an von Harbouk nobela argitaratu zuen oinarrizko argumentu hartan oinarrituta. Kontakizunaren eraginen artean dago Yakov Protazanov-en Aelita (1924) zientzia fikziozko film sobietarra, Aleksei Nikolayevitx Tolstoiren nobela batean oinarritua. Aelitaren bilbearen barruan, Marten iraultza proletarioa gertatzen da; Metropolisen, aldiz, gatazka soziala bi klase sozialen arteko kooperazio baketsuari esker konpontzen da.

Filmak egiten duen bi klase sozialen arteko kolaborazio harmoniatsuaren aldeko aldarria zuzen-zuzenean lotzen da nazismoak eta faxismoak defendatutako korporatibismoarekin. Thea von Harbou 1933an Alemaniako Langile Alderdi Nazionalsozialistara batu zen, eta berari zor zaio filmak dakarren mezu politikoa, marxismoaren klase borrokaren kontra egiten duena; Fritz Langi, aldiz, filmaren diskurtso politikoa baino gehiago interesatzen zitzaion alderdi estetikoa. Urte batzuk geroago argitaratutako elkarrizketa batean, Langek esango zuen filmaren tesis zentrala, Von Harbouk asmatua, non esaten den garunaren eta eskuaren artean bihotzak bitartekari-lana egin behar duela, gezurra iruditzen zitzaiola eta ez zuela maite.


Arkitektura filman

1924ko urrian Fritz Lang Ameriketako Esatu Batuetara joan zen UFAko ekoizle birekin, New Yorken bulegoak zabaltzekoak baitziren. Itxura batean, gauez eta itsasoz ailegatu omen ziren New Yorka, eta hiria halako moldez ikusteak filmaren alderdi estetikoa eta nondik norakoak taxutzen lagundu zion; argumentua zena bukatua zuten, baina etxe orratzek eragindakoa pelikulan nabari geratuko zen.

Arkitekturak baditu, beraz, lekua eta esanahia filman. Lurretik gorako eraikuntzak dotoreak dira, etorbideek eta trenbideek bat egiten dute, katedralak gotikoaren eragina du, eta Rottwang zientzialariaren etxeak ere Erdi Aroko ikutua du. Lurpean estiloa xumeagoa da, ilunagoa. Bestetik, bada hirian lorategi bat, agintean den talde politikoaren bizilekua irudikatzen duena; bekatua hiriko beste alde batean bizi da, eta horretarako aukeratutako estiloa ekialdeko arkitetura da. Lurpean, berriz, talde klandestino eta isilpekoen babesa katakonba modukoak dira.

Paramount eta MGM enpresa amerikarrek dirua tartean jarri zuten Metropolis filma egin ahal izateko. 310 egun eta 60 gau behar izan zituzten filmazioak egiteko (1925eko maiatzaren 22tik 1926ko urriaren 30era bitartean); 36.000 estra aritu ziren, eta hauetariko 750 umeak ziren; 1.100 lagun burusoil agertu ziren.

Aktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Alemanez) Fred Gehler, Ullrich Kasten: Fritz Lang – Die Stimme von Metropolis, Henschel, Berlin 1990, ISBN 3-362-00522-5
  • (Alemanez) Guntram Geser: Fritz Lang, Metropolis und Die Frau im Mond, Zukunftsfilm und Zukunftstechnik in der Stabilisierungszeit der Weimarer Republik, Corian-Verlag, Meitingen 1999, ISBN 3-89048-310-0
  • (Alemanez) Ilona Brennicke, Joe Hembus: Klassiker des deutschen Stummfilms. 1910–1930, Citadel-Filmbücher, Goldmann, München 1983, ISBN 3-442-10212-X
  • (Alemanez) Jacobsen / Sudendorf Metropolis - Ein filmisches Laboratorium der modernen Architektur Menges Verlag ISBN 3-930698-85-4
  • (Gaztelaniaz) Pilar Pedraza: Metrópolis, Fritz Lang : estudio crítico. Ediciones Paidós Ibérica, S.A. 2000 ISBN 84-493-0879-8
  • (Gaztelaniaz) Tamel de Pablos García: Cine e historia contemporánea : análisis filosófico y técnico-lingüístico del film aleman Metrópolis (1926, dir. Fritz Lang) Universidad de Barcelona. Publicaciones y Ediciones = Universitat de Barcelona. Publicacions i Edicions. 1994 ISBN 84-475-0629-0
  • (Gaztelaniaz) Quim Casas. Fritz Lang. Signo e Imagen / Cineastas, Catedra, Madril, 1998 (2. argitaraldia). ISBN 84-376-1024-9

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Metropolis (1926ko filma) Aldatu lotura Wikidatan