Q koentzima

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Q koentzima


Q koentzima, ubikinona ere deitua, arnas katean edo elektroien garraio katean parte hartzen duen koentzima liposolugarria da. Egitura kimikoari dagokionez, kate isoprenoide luzea duen kinona bat da. Kinona hori oxidatu eta erreduzitu daiteke elektroiak galtzean edo irabazterakoan, hurrenez hurren.

Fred L. Crane ikerlari estatubatuarrak mitokondrioetatik isolatu zuen estreinakoz 1957an.

Q koentzima ugari daude, kinonari lotuta dauden isoprenoen unitate-kopuruaren arabera. Garrantzitsuena, animaliengan, Q10 koentzima da, 10 isopreno dituena kinonari lotuak. Mikroorganismo askorengan, aldiz, Q6 koentzima da ugariena.

Esan bezala, arnas katean Q koentzima elektroien garratzailea da. Zehazki, elektroiak garraiatzen ditu arnas katearen I edo II konplexuetatik III konplexura, egoera erreduzitura pasatuz. Halaber, elektroien hartzailea ere bada beta oxidazioaren azetil CoA deshidrogenasa entzimak ematen dizkionean.

Bizidun guztien (prokarioto zein eukarioto) hainbat prozesu biokimikotan parte hartzen du. Ubikinona izenak, hain zuzen, ubikuotasunari aipamena egiten dio.

Animaliengan energia gehien kontsumitzen duten organoak (bihotza, birikak, gibela...) dira Q10 koentzimaren kontzentrazio handienak dituztenak. Elikagaien bidez hornitzen gara hain garrantzitsua den koentzima honetaz, haragia eta arraina izanik kopuru handiena dutenak.

Ezaugarri antioxidatzaileak ditu eta, horrenbestez, erradikal aske kaltegarrien kopurua nabarmen murrizten du.