Rodolfo II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Rodolfo II.a, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea

Rodolfo II.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea (Viena, 1552 - Praga, 1612) izateaz gain, Austriako artxidukea, Hungariako erregea (1572-1608) eta Bohemiako erregea (1575-1611) ere izan zen. Enperadore 1576tik 1612ra bitartean izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maximiliano II.a enperadorearen eta Maria Austriakoaren semea eta ondorengoa izan zen; Maria Karlos Habsburgokoa edo Karlos I.a Gaztelakoa enperadorearen alaba zen. Rodolfo II.a izaera ahulekoa, gaixo antzekoa eta eszentrikoa, Pragako gazteluan bizi izan zen 1583tik 1612an hil zen arte. Alkimiari zaletasun handia zion; Madrilgo gortean, osaba Filipe II.aren ondoan ikasi zuen, eta hortxe izan zituen, hain zuzen ere, alkimiarekin lehen harremanak. Astrologia, magia eta jostailu mekanikoak ere gogoko zituen.

Rodolfo II.a ospetsu egin zen magia, alkimia, mistizismoa, eta bestelako bitxikeriei buruzko eskuizkribu eta liburu arraroen bilduma ikaragarria zuelako; besteak beste, Roger Baconenak berarenak. Ez zituen, ordea, zientziak baztertzen, eta, esaterako, Galileo Galileiren Sidereus Nunciusen ale bat jasotzen lehenetakoa izan zen.

Bere entretenimendu eta nabarmenkeria bitxietan erabat murgilduta zela, bere begikoek eta familiako beste kideek menderatu zuten, eta altxortegia poliki-poliki murriztuz joan zen.

Rodolfo II.aren koroa, aurrerago Austriar Inperioaren koroa izango zena

Rodolfo I.a Hungariakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1572an koroatu zuten Hungariako errege, eta otomandarren aurka eta noblezia hungariarraren parte handi baten alde jokatu zuen, eta Ferenc Nádasdy eta Nicolás Pálffy baroiak izan zituen inguruan. Turkiarren esku zeuden hainbat eta hainbat gotorleku hungariar berreskuratu zituzten.

Rodolfo, Germaniako enperadore eta Hamabost Urteetako Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aita zuen Maximiliano II.a Habsburgokoa 1576an hil ondoren, Germaniako enperadore izan zen, Bohemia koroa hartu eta urtebete geroago.

1570ean sinatutako Speyerko Itunaren ondoren, erresuma hungariarra hiru partetan banandua zegoen: mendebaldea, Habsburgotarren mende; erdialdea, turkoen mende; eta ekialdea, hungariarren printzerri transilvaniarra moldea zuena. Helburua, erreinua batzea zen; batetik, noblezia hungariarrak printze transilvaniarrarekin egin nahi zuen; bestetik, germaniarrek Habsburgotarrekin egin nahi zuten.

Rodolfok Transilvaniako printzerrian krisialdi bati aurre egin behar izan zion. Krisialdi horri Otomandar Inperioarekin zituen tirabirak gehituta, Hamabost Urteetako Gerra (1591-1606) izan zen ondorioa. 1606ko udazkenean, bake-hitzarmena sinatu zuen, eta hitzarmen horretan Transilvaniaren independentzia onartzen segitzen zuen.

Mezenasgoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arteak asko babestu zituen; gortean hartu zituen Arcimboldo eta Bartholomeus Spranger margolariak. Zientziak ere babestu zituen, bai esperimentalak (astronomia, botanika edo matematikak) eta bai espekulatzaileak (alkimia, astrologia edo magia). Haren agintaldian izendatu zituzten matematikari inperial Tycho Brahe daniarra eta Johannes Kepler alemaniarra.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rodolfo II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa Aldatu lotura Wikidatan