1766ko matxinada

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
1766ko matxinada Gipuzkoan eta inguruan.[1]

1766ko matxinada urte hartan Gipuzkoan zerealen salneurria eta merkatariek biltegian zuten zereala saldu nahi ezak sortutako matxinada izan zen[2]. Testuinguru orokorrago batean, Antzinako Erregimenaren gainbehera eta aldaketa ekonomiko sakonen ondorioa da, eta Madrilen emandako Esquilacheren aurkako matxinadaren jarraipen gisa ikus daiteke. Jauntxo lokalen gehiegikerien, librekanbismoaren eta aldatzen ari den nekazaritza munduaren arteko talka ikusteko balio izan zuen[3].

Matxinadak hildakorik eragin ez zuen arren, hainbat herritar zigortu zituzten, deserriratuz edo kartzelara bidaliz. Jesuitek zituzten ondasunak kentzeko baliatu zuen Espainiak, eta Gipuzkoako liberalek onura handiak lortu zituzten kaleratze horren ondorioz.

Aurrekariak eta testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testuinguru ekonomikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Magdeburgeko arpilaketa, 1631. Alemaniako hiri hau, XVII. mendeko krisiaren muturreko kasu bat da. 30.000 biztanle izatetik, 5.000 baino gutxiago izatera pasa zen arpilaketa honen ondorioz. Hogeita Hamar Urteko Gerraren amaieran, ia bostehun biztanlera ere ez zen iristen.

XVII. mendeko krisiaren eraginez, politika ekonomikoa zeharo aldatu zen Europan. Espainiak pisua galdu zuen Europako politikan, eta asko kostatu zitzaion krisialdi horretatik ateratzea[4]. Erdi Aroko feudalismotik burgesiak kontrolatutako ekonomia batera pasatzea ere eragin handia izan zuen elikagaien prezio eta banaketan. Antzinako Erregimenak ogiaren beharra zuen, eta garia edo irina funtsezko elikagaiak ziren biztanleriaren gehiengoarentzat. Familia normal batek bere gastuen %60 eta %75 artean elikaduran egiten zituen, eta bere diru sarreren herenetik erdira garia erosteko erabiltzen ziren[5]. Horregatik monarkiak paper garrantzitsua zuen irinaren eta ogiaren prezioaren kontrolaren gainean[6]. Espainia modernoan ohikoa zen gariaren prezioaren gora-beherek eragin larria izatea herritarrengan, goseteak eta matxinadak sortuz[5]. Gainera, Espainiak ez zuen errepide sistema onik, eta kostaldean garia lortzea posible bazen ere, barnealdeko komertzioa oso mugatua zen[7]. Honela, XVIII. mendearen erdialdean batez ere Mediterraneo inguruko hirietan elikadura-krisiak ia desagertu baziren ere, ez zen egoera bera barnealdean edo Gaztelaren gariaren dependentzia zuten herrientzat[5]. Gariaren banaketaren bi instituzio garrantzitsu herri eta hirien hornikuntzaz arduratzen ziren obligaziodunak eta herrietan sortutako garauaren positoak zeuden.

Bi eredu ekonomiko ezberdin zeuden lehian Antzinako Erregimenaren amaiera fase horretan. Alde batetik ekonomia morala deitu izan dena zegoen[8]. Ekonomia moralaren oinarria da morala eta ekonomia loturik daudela, eta ez dela bidezkoa soberakinak dituen ekoizle batek berauek kanpoan saltzea garestiago sal dezakeelako, bere inguruan norbaitek beharra badu oraindik[9]. Prezio justuaren nozioa hartzen dute, eta nekazariek pentsatzen zuten beharrezko elikagaien prezio justu hori garrantzitsuagoa zela merkatu librearen nozioa baino. Bestetik fisiokrazia garatzen ari zen kontzeptua zen Frantzian, garauaren liberalizazioa (besteak beste) bultzatzeko asmoz. Indibidualismoa eta Laissez faire ideiak bultzatzen zituzten, Txinako ereduetan oinarrituta[10]. Fisiokratek ondasun guztia lurretik zetorrela pentsatzen zuten, eta horregatik hori zela liberalizatu behar zen gune nagusia[11]. Esku ikustezinaren ideia defendatzen zuten, eskaintza eta eskaria naturalki erregulatzen zela proposatuz. Beranduago Espainian desamortizazioa ekarriko zuen pentsamendu honek, baina lehen pausoak gariaren liberalizazioa izan zen. Proto-liberal hauek gobernuetara iritsi ziren potentzia handi ziren Espainia eta Frantzian, despotismo ilustratu izena hartu duen sistema politikoan.

Gariaren liberalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Goyak Esquilacheren matxinadari buruz egindako margolana.

Gariaren liberalizazioa Espainian 1765eko uztailaren 11ko Errege Pragmatikarekin eman zen lehengoz[12]. Frantzian ere Anne Robert Jacques Turgotek jarri zuen martxan 1763 eta 1764 artean, baina bertan behera geratu zen. 1774an berriro ere Turgotek neurri hau martxan jarri zuen, irinen gerra izena duen altxamendua eraginez[13]. Egoera honetan ohikoak dira Europa osoan zehar janari-matxinada deitu direnak, eta arrazoi ezberdinak batzen dira. Adibidez, Esquilacheren aurkako matxinada testuinguru berean ematen da[14].

1766an hainbat altxamendu izan ziren Espainia osoan zehar, Madrilgoaren ostean. Martxoaren 31n Alacanteko Tobarran, Apirilaren 6an Cuencan eta Zaragozan. Hilabete horretan zehar Aragoi eta Kataluniako hainbat herritan. Eta apirilaren 14a baino lehen Elxen ere[15]. Gipuzkoako matxinada eta gero ere Béjar, Salamanca, Hervas, Lorcan, Mancha Realen eta, ondoren, Jaénen. Apirilaren 26an Toboson eta Campo de Criptanan, ondoren Totanan[15] Guztira, ehun altxamendu baino gehiago egon ziren 1766an, eta historialari batzuek proposatu dute Esquilacheren aurkako matxinada ezin dela gertakari isolatu gisa ulertu[16].

Liberalizazioaren bultzatzaileen ustez, gariaren prezioa askatzeak ez zuen amaituko gosearekin edo espekulazioarekin, baina bai lortuko zuen irabaziak gari produktoreengana joatea, eta euren ustez baxua zen ogiaren prezioa igotzea[17].

Gariaren eskasia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztelako anega erdia. Anegaren tamaina aldakorra zen herrien eta usadioen arabera. Donostiako anega, adibidez, handiagoa zen Azpeitikoa baino. Matxinadaren epaiketan aipatu zutenez, erosteko Donostiako anega erabiltzen zuten, eta saltzeko Ávilakoa, txikiagoa zena[18].

Eguraldi eskasa dela eta[17], 1761 eta 1765 artean oso gari gutxi jaso zen Gaztela osoan, eta prezioa bikoiztu zen: anega batek 843 marabedi balio zuen hasieran, 1.657 amaieran[19]. Eguraldiak eragin handia izan zuen hamarkadako lehen urteetan gariaren eta beste aleen uztan. Denboraz kanpoko hotzak, beroaldi handiak, eurite handiek, izozte oso handiek (1766an Arga ibaia Iruñean eta itsasoa Bizkaiko kostan izoztu ziren) eta elurte izugarriek garia ez sortzeaz gain ezin inportatzea ekarri zuen[17]. Izotz Aro Txikiaren gertakarietako bat izan zen[20].

Herrietako biztanle eta langileek, eta baita nekazariek ere, jauntxoei euren errentak garauan ordaindu behar zieten, eta hauek garau hori gordetzen zuten beranduago saldu ahal izateko, espekulazio prozesu batean, pobretzean sakonduz. Frantzian, antzeko prozesu batean, konspirazio teoria bat sortzen da garaua apropos garestitzen ari dela defendatzen duena: Pacte de Famine delakoa[6].

Aurretik aipatu dugun gariaren liberalizazioaren ondorioz, arazoak biderkatu ziren. Uzta txarra izango dela pentsatuz, autoritate lokalek biltegiak betetzeko erosketak egiten hasi ziren, baina prezioen mugarik ez zegoenez jada, inflazioak gora egin zuen etengabe. Positoak betetzeko egindako esfortzuak gehiago garestitu zuen prezioa, eta espekulatzaileek aukera gehiago zituzten garia gordetzeko[17].

Egoera Gipuzkoan eta Azpeitian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohar anonimoa matxinada gertatu aurretik

Azpeitiaco jaun guciac, adi zazute au ondo, bana eguin bizate onec diona, bestela galduac guera eta. Billazen dituzten caballero ero jaunak ere bi falta dira, cergatik chit contrarioa zan jendiaren il emen dituzte guizonac ero machino oriec, eta neu ere larri egon naiz. Docena bat guizonec artu naute erdian, erabili naute joca, estocaraca, azquenian navaxarequin belarria ere ia qendu ziraten, dituranac ere agertu ta navaga batez pusca bat quendu ciraten, eta oraindik ere ecin picha edo chisa eguin derala nago, mericoac curacen diratela; eta esa ciraten emendican dozena bat et' erdi egun bano lenago pasatuco zala beste pestari Azpeitian eta ciudade oneta jendi'au murazen ez bazan edo gauza onec onela biar badeu, onela esan cirate, eta emen dabilza asco chit berriac xaquiten cein diran contrarioac. Orain da bulicio eme, chit aguiz iru milla guizon omen daude plantaturic eta Azpeitiaraco ere milla eta berreun omen daude eta dabilza esquian, belebilza bezela berriac jaquiten baita or ere, biraldu neba mutil bat, or ete zan bulucioric eta cion mutillac edo pagiac aec jo cituen bi anche cebillela berriac jaquiten. Jaunac arren garie eta artua mercatu bihar dituzte a 24 oguia faneguia eta artua a 16 r. faneguia, yagur jauna, ez ditut esan nahi guciac.

Para todos los señores de Azpeitia a 9 de Abril de 1766 Azpeitia San Sebastían.

Anonimoa[15]

Gipuzkoako Foruak gariaren esportazioa debekatzen zuen, eta inportazioa baimendu, elikagaiak egon zitezela ziurtatu asmoz[21]. 1765eko alearen liberalizazioak ondorio larriak ekarriko zituela uste zuten azpeitiarrek, esportazioa baimentzen zuelako, baina inportazioa ez zuelako bultzatzen[19]. Herritarrek, gainera, uste zuten (eta kasu batzuetan hala zen) jauntxoek aleak gordetzen zituztela garestiagoa zenean espekulatu ahal izateko[19]. Donostian, jaiotzen ari zen burgesia batek garia erosi eta kanpora esportatzen zuen, eskasia areagotuz.

Jaiotzen ari zen burgesia berri horrek proto-kapitalismoa babesten zuen. Eta ez zuen bakarrik garia merkantzia gisa ikusten, arrainak ere hala ikusten zituzten kostaldean. 1764an Getariako Sardinazaleen Errege Konpainia sortu zuten, adibidez, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren eredua jarraituz[22]. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ordezkatzen zuen burgesiaren eta euskal pentsamendu librekanbista eta liberala, Xabier Munibe Peñafloridako kondeak eta Azkoitiko Zalduntxoek sortu zuten elkartea. Beste helburu batzuen artean, kapitalaren kontzentrazioa babesten zuten. Lehen aipatutako sardinaren kasuan, gazitzearen monopolioa eskuratu nahi zuten, Getaria, Zumaia edo Zarautzen zeuden hamalau arrantzaleen elkarteen aurka[22].

1766an burdinolak erabateko dekadentzian eta baserritarrak Erdi Aroaz geroztik egoera gorrienean zeuden. XVIII. mendean bost baserritatik lau maiztertzan emanak zeuden herri hartan[23][20]; ugazabek nahiago zuten errenta garitan kobratu eta aletegiak lepo eduki, maizterrek eguzkia gosaltzen zuten bitartean. Ondare kontzentrazio izugarria zegoen: Azpeitiko bederatzi lur-jabek –tartean, noski, Enparandarrak, Narrosko markesa, Basazabal alkatearen familia...– herriko errentaren ia erdia pilatzen zuten[23]. Azpeitia zen, garaian, Gipuzkoako burdin-olen zentro nagusia. Burdina Bizkaitik etortzen zen, barkuan, Zumaiaraino, eta bertatik eramaten ziren Azpeitiraino. Baso komunaletako egurra erabiltzen zen ikatza egiteko[24].

Herritarren artean gosea zabalduta zegoen, eta askok liberalismoari egozten zioten gosete hori. Iñigo Aranbarrik Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna entseguan aipatzen duenez, Peñafloridako kondeak El borracho burlado Bergaran estreinatu zuen egunean, 1764ko irailaren 11n, aberatsek eta jauntxoek pobreen goseaz barre egiteko espektakulua antolatu zuten plazan: kukaña koipetu batzuen gainean janaria jarri, eta eurek balkoitik ikusten zuten nola saiatzen ziren janaria eskuratzen, txokolatea edaten zuten bitartean[25].

Bitartean, Donostiak eta Bilbok euren boterea handitzen zuten etengabe. Bertan esportazio eta inportazioetan aritzen zen klase burgesak botere handiagoa zuen, eta instituzioen kontrola zuten[22].

Gertakariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azkoitiako Egurbide baserriaren multzoa. Inguruan zegoen errota eta burdinola, baseliza eta baserri-dorrearen ondoan.

Apirilaren 13an Azkoitiako apaizak bere igandeko sermoian aberatsei eskatu zien ez ateratzeko garaurik ezta jakirik kanpoan saltzeko, eta herritarrei ez baimentzeko janaririk kanpora atera zedin[25]. Hurrengo egunean bi emakumek gidatutako gurdiak alea hartu zuen Leturiondo etxean eta Azkarateko bidea hartu zuen. Laster iritsi ziren Egurbide Burdinolara. Bertan gizon talde bat zegoen eskatuz buelta emateko eta ale guztia hartutako lekuan uzteko. Gizonak herrira jaitsi ziren eta jauntxoekin alearen prezio berria adostu zuten, goiz horretan bertan[25].

Apirilak 14: Azkoitia eta Azpeitia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alea jatorrizko etxera itzuli eta gero kanpaiak jo zituzten, eta inguruetako baserrietako jendea Azkoitiko plazara jaitsi zen. Jauntxoak laster agertu ziren plazan eta, zer nahi ote zuten galdetuta, hauek garia 30 errealetan anegako eta artoa 20tan jartzen eskatu zieten. Eskariari kasu egin, eta jendea lasai geratu zen. Arratsaldean, ordea, albisteak Azpeitira iritsi ziren: alde batetik matxinatuen bidetik, lortutakoa azalduz; bestetik, jauntxoen aldetik, arriskua zegoela ohartaraziz. Bigarrenek euren jabetza babesteko hainbat baserritar deitu zituzten, armak eskuetan, herria babesteko.[26]

Arratsalde horretan bertan Azkoitiko alkateak mezua bidali zion Loiolako Santutegiko erretoreari, bertan zituen langileak armatu eta herrira bidaltzeko Azpeitia defendatzera. Baina langileei zer gertatu zen azalduta, Azkoitikoen alde jarri eta ez zirela joango esan zioten erretoreari[26]. Are eta gehiago, "Azpeitiaren aurka etorriko zirela esan zuten, baina ez bere alde"[oh 1][15] Iluntzean Azpeitiko jauntxoek baserritarrei esan zieten lasai bueltatzeko euren etxeetara, ikusita dena lasai zegoela, baina hauek jakin nahi izan zuten, orduan, zergatik deitu zieten. Zergatia jakinda, Azkoitikoekin ados zeudela esan eta alearen prezioa jaisteko matxinatu ziren ere. Jendetza biltzen hasi zen, kanpaiak jo zituzten eta Urrestillako matxinoak ere jaitsi ziren herrira[26].

Arratsaldeko zazpietan txirula eta danborra hartuta Loiolara joan ziren, bertako langileak hartu eta Azkoitiraino abiatu ziren, bertakoekin Azpeitira bueltatu eta indarra egiteko asmoz. Azkoitian gauzak erre eta biolentzia erabiltzeko mehatxua egin zuten, eta gauean lortu zuten azkoitiarrek Azpeitira laguntzea. Garaiko iturrien arabera, 2.000 bat matxinatu ziren, eta aurrean jauntxo bat eta hiru apaiz jarri zituzten, aizkora eta banderekin[26].

Gau horretan bertan alondegia hustu zuten, okindegi eta tabernetara sartu eta gau osoa pasa zuten jaten eta edaten. Apaizak jendea lasaitzen saiatu ziren, baina matxinatuak jauntxoen etxeetara sartu eta leiho eta balkoiak apurtu zituzten. Elizaren hamarrena jasotzen zuen Antonio Gorostiza alkandoran aterarazi zuten kalera, su hartu ez zuen tiro bat bota, eta herritik paseatu zuten. Sartu ziren denda eta etxe guztietan aurkitu zituzten anega neurriak suntsitu zituzten, lehen aipatutako bi neurrien aurkako protesta gisa. Gau osoan zehar jo zuten kanpaiek[26].

Apirilak 15: Kapitulazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizean jendea Azpeitiko plazan bildu zen eta aldarrikapenak egiten hasi ziren. Herriko ordezkariak bertan biltzera behartu eta, Azkoitian bezala, 26 erreal gari anegako eta 16 arto anegako prezioak ezartzera derrigortu zituzten. Elizaren hamarrena ere erregulatzeko eskatu zieten, eta zeuden bi neurriak suntsitu eta berri bakarra egiteko proposatu. Neurri hauei Azpeitiko kapitulazioak izena eman zaio, eta beste herri askotan erabili ziren eskariak egiteko aurrerantzean. Dokumenturik ez da gordetzen, hala ere, eta Mutrikun egun batzuk beranduago onartutako kapitulazioa irakurri behar da ideia bat egiteko[26].

«
Mutrikuko kapitulazioa
  1. Lehenengo eta behin eta hemendik aurrera kalitate oneko gari anega 26 errealetara sal dadila, ogia horren ondorioz, eta artoa txanpon bereko 15 errealetara, betirako.
  2. Bere lurrean errenta ordaindu ahal izateko nahikoa gari anega ez dituen maizterrak, bakarrik ordaindu behar izatea 22 erreal falta den anegako bere Nagusiari. Era berean, eta onura publikoaren alde, orain arte erabilitako neurri guztiak desagertzea adostu zuten, eta berriak egitea, guztiak neurri zaharraren tamainakoak, eta ikusten bada norbaitek neurri zaharra erabiltzen duela 20 dukadoko isuna jartzea eta duen gariaren erdia galtzea.
  3. Primiziak Herria kudeatzea enkantera atera gabe, eta kudeatzeko izendatzen den pertsonari ehuneko hamarra ordaintzea.
  4. Herriko gaztainaren fruitu guztia herritar eta bertan bizi diren guztien artean banatzea, euren ardura izanik jasotzea, eta bi pertsona izendatzea Erregimentuak gaztainak jasotzeko, euren lana ordainduz.
  5. Hortik aurrera ez ordaintzea hamarrenik gaztaina komunalagatik ez partikularragatik, baina bai hasikina.
  6. Gariaren hamarrenean ken dadila ordaintzerako garaian ereindako zatirako behar dena, eta ez ordaintzea hamarrenik txerriak izateagatik.
  7. Ahuntzak libreki ibili ahal izatea lur komunal zein partikularretan.
  8. Portu honetara itsasontziren bat iristen bada alearekin, laguntza ematea eta baimena nahi beste egun bertan geratzeko.
  9. Inongo apaiz edo apaizgairik ezin izatea bi kapilautza baino gehiago, eta dituztenek lagapena egitea ez dutenei.
  10. Medikuaren errentarentzat Herri honetan eskatzen den imurtxikada kentzea, eta horren ordez Udalak ordaintzea bere soldata. Hau da, ezin zaiela pertsonei dirua eskatu medikuan.
  11. Mendaroko bailaran ez balego inor txakolin pitxarra 20 kuartotan saldu nahi duenik, bertako herritarrek aukera izateko gustuko dituzten kanpoko ardoen tabernak jartzeko.
  12. Bideak konpontzeko egiten diren auzolanetan herritar eta bizilagun guztiak deitzea, baina ez bigarren aldiz guztiek egin arte, eta langile eta itzainei euren ordainketa egitea.
  13. Santua pasa behar den erreka nagusi guztietan zubiak eraikitzea, eta bi udalerriren mugan baldin badaude, bien artean egitea.
  14. Zahi anega ez saltzea 32 kuartotan ez bada; arrautza bakoitza bi marabeditan; esne pitxarra maiatzetik uztailera 6 kuartotan, eta hortik aurrera 8 kuartotan.
  15. Probestuari ez ordaintzea baserrietara egiten dituen bidaiengatik bi erreal baino gehiago, eta bakarra kartzela-gastuengatik.
  16. Lan genero guztietan itzainei ordain zaiela 8 erreal euren kontura badaude, eta bost eta erdi nagusiak mantentzen baditu, eta mandatuak egiten dituztenei 8 erreal eta ardo laurden bat, usadio zaharra zen bezala.
  17. Su bakoitzari urtero hiru egur karga ematea sukalderako, eta gehiago behar dutenek horiengatik ordaintzea, baina ez lehenengo hiruengatik.
  18. Inor ez dadila sartu egurra moztera udal lurretara, 15 errealeko isunarekin aldi bakoitzean, eta berdina ulertzen da orbela jasotzen dutenentzat.
  19. Herriguneko etxe bakoitzean behi bat eduki ahal izatea, beti ere ordainduz sor dezakeen kaltea.
  20. Oiloa 3 errealetan eta kapoia 4 errealetan sal dadila; hostoan egindako mina ez dadila aztertu mozketatik mozketara ez bada; eta azterketa hori egin dadila 3 errealetan kargako, eta ez gehiago.
  21. Hemen esandako guztia eska dadila lehen Batzar Orokorrean, konfirmatzeko, eta alondegietan zein burdinolatan dauden pisuak berdinak izan daitezela.
  22. Lurjabe zein maizterrek itxiturak egitea, eta bestela ez eskatzea ordainketarik azienda bertan sartzen bada.
  23. Herrira iristen diren barku espainiarrek ez ordaintzea inongo zergarik.
  24. Gaurko Herri honetara ez bada iristen eta ez bada eskatzen dutenen aurrean aurkezten Alkatea, Txurrukak ordain dezala matxinoen lotarako lekua, eta bestela zortzi, hamar edo hamabi kide geratuko direla.[27]
»

Azpeitiko kapitulazioa honen antzekoa izango litzateke, neurri zehatz batzuk aldatuta. Kapitulazioa onartuta, arratsalde horretan bertan prozesio bat antolatu zuten Loiolako Santutegira, herriko handikiak bertaratzera derrigortuz. Te Deum bat errezatu ostean, herrira itzuli ziren eta arratsalde osoa garaipena ospatzen eman zuten[26]. Garaipena ospatzearekin batera, lorpenaren albistea inguruko herrietara azkar barreiatu zen[24].

Debabarrena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoiena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Debagoienan matxinadak eragin txikiagoa izan zuen, baina saiatu ziren matxinoak hainbat herritara heltzen. Bergaran, adibidez, Elgoibartik etorritako 700 bat pertsona herrian sartzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Bergarak, gainera, 13 matxino atxilotu zituen eta probintziak eskertu zion. Espainiako erregeak ere mezua bidali zien Bergarako jaunei egindako defentsagatik[28].

Antzuolaraino ez zen matxinada iritsi, baina bai matxinadari aurre egiteko neurriak hartzeko gutuna. Okinari prezio baxuagoan saldu zitzaion, gutunaren gomendioz, garia[29].

Gipuzkoako kostaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tolosaldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiko ekialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepresioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766ko matxinadak. Orokorrean, 1718ko matxinada zapuztu zuten familia berberek zuzendu zuten oraingoan ere matxinada honen aurkako errepresioa[30]. Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta, eta helburu nagusia Azpeitia izan zen[24]. Errepresioaren finantziaziorako Donostiak 151.832 erreal jarri zituen, Caracasko Gipuzkoar Konpainiak 5.000 peso eta Kontratazio Etxeak beste 4.000 peso[31]. Hibernia batailoiko 300 soldadu irlandarren buru Vicente Kindelan militarra zegoen[oh 2], Fleigneseko kondearen eskariz[33]. Eurekin batera zihoazen beste 1.200 herritar, donostiarrak gehienak, baina asko Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Urnietan erreklutatuak[24]. Bidean Narrosko markesa eta Peñafloridakoa gehitu zitzaizkien, soldadu arrunt gisa jardun zutenak[33]. Tropa guztien antolaketa Donostiako alkateak egin zuen, Manuel Antonio Arriola Corral[34], Arriola familia boteretsuko kidea eta Donostiako oligarkiako agintarietako bat denbora luzez[35][oh 3].

Apirilaren 24ean iritsi ziren militarrak Azpeitira[oh 4], eta ehun pertsona atxilotu zituzten guztira: 75 Azpeitian eta 25 Azkoitian[31] Euren aurka Foruen 28. tituluko 4. legea aplikatu zen, ganboatar eta oinaztarren leinu guduen aurka egindako legea[31]. Egun horretan bertan, militarrak Azkoitian zirela, Loiolako Santutegira jo zuten, bertan eraikuntzan lanean ari zirenen aurka egiteko. Mila langile baino gehiago ziren, eta tailer osoa atxilotu nahi izan zuten. Eztabaida handia izan zen agintarien eta Jesusen Lagundiaren arduradunen artean, leku hori sakratua zelako eta, beraz, ezin zirelako bertara inor atxilotzera sartu. Azkenean, 74 pertsona atxilotu zituzten, baina bila ari ziren matxinoetako batek leihotik salto eta ihes egin zuen. Gertakari honek eragin nabarmena izan zuen ondoren Jesusen Lagundia kaleratzeko hartutako erabakian[24].

Maiatzaren 1ean Elgoibarrera iritsi zen armada. Bertatik bi dibisio atera zituen, bata Eibar eta Soraluzera joan zen; bestea, Mutriku eta Debara. Maiatzaren 4ean Azpeitira iritsi zen Donostiako alkatea eta hurrengo egunean Azkoitian eta Azpeitian zituen 70 presoak Donostiara eramatea eskatu zuen. Egun horretan bertan heldu ziren Tolosara, hortik hurrengo egunean Andoainera eta hilaren 8an Hernanira[34]. Hernanira sartu zirenean Juan Bautista Urretak, Azkoitiko zapatari batek, istripua izan zuen eta hil zen, nahiz eta istripu hori zer zen ez dagoen argi[34].

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaiketak Arriolak berak egin zituen, horretarako baimena eskatuta[18]. Epaiketan, matxinatuek ekonomia moralaren defentsa egin zuten, eta bi neurrien aurka zein prezioen igoeraren aurka hitz egin zuten[18]. Argudio hau ohikoa zen elikagaien matxinaden epaiketatan, Erregimen Zaharraren ekonomiaren gainbeheraren ondorioz, liberalismoak ez zuelako moral hori onartzen[37]. Matxinatuen alde hitz egin zuten, gainera, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat aberatsek[18]. Matxinatuek, gipuzkoar izanda, aitoren seme zirela esan zuten, euren defentsa indartzeko asmoz; hala ere, epaile eta akusatzaile zein Arriolak ez zuen jada sinisten aitoren seme unibertsalaren ideian, eta klase sozial baxukoek eta altukoek eskubide berberak ez zituztela pentsatzen zuten jada agintariek[18].

Sententziak gogorrak izan ziren guztientzat, nahiz eta ez zen egon heriotza zigorrik. Jauntxoek heriotza zigorrak eskatzen zituzten, eta Barreda korrejidoreak horretarako baimena eskatu zuen Valladoliden[38]. Zazpi matxino urkatu nahi zituzten, eta dena prestatu zuten horretarako[39]. Gipuzkoatik deserriratzeak, 200 dukado arteko isunak edo Afrikako iparraldean zerbitzu militarra egin edo kartzelatzeak izan ziren, epaileen hitzetan "Gipuzkoa garbitzeko"[18]. Zigorretako batzuk fisikoak ere izan ziren; honela, zigortuak zaldiek lurretik eramatea eta makilakadak jasotzea, edo urka baten azpitik pasatzea agertzen dira sententziatan[40] Bartolome Olanoren aurkako sententzian heriotza zigorra ere proposatu zuten, eta bera izan zenez lehenengo ezkila jotzen, bere buru moztua kanpaian jartzea nahi zuen Barredak[41][oh 5].

Jesusen Lagundiaren aurkako neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bergarako Errege Mintegia, Jesusen Lagundiarena izan zen eraikinetako bat, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari eman zion Espainiako erregeak.

1767an Jesusen Lagundia Espainia eta bere lurralde guztietatik kaleratu zituzten. Sei urte beranduago Karlos III.a Espainiakoak lortu zuen Klemente XIV.a aita santuak Jesusen Lagundia osoa ezeztatzea. Pedro Rodríguez de Campomanes fiskalaren aginduz 2.641 josulagun kaleratu zituzten Espainiatik eta 2.630 Ameriketatik. Euren 146 eraikin estatuaren esku geratu ziren[42]. Jesusen Lagundiaren aurkako neurriak hartu zituzten hamarkada horretan hainbat herrialdek: Portugalek 1759an bota zituen, Frantziak 1764an eta Napoles eta Parmak 1768an[43].

Karlos III.ak Joaquín de Eleta konfesore frantziskotarra izendatu zuen, eta honen eraginez antijesuitismoa indartu zen[17][44]. Honi lagundu zion Manuel de Roda justizia ministroak zuen Jesusen Lagundiaren aurkako irizpideak izatea: berak Zesarea Operazioa deitu zion jesuitak kaleratzeko planari[45]. Guztien artean Esquilacheren aurkako altxamenduan Jesusen Lagundiak izandako papera aipatu eta baita asmatu ere egin zuten. 1766ko matxinadetan Isidro Lopez josulaguna zegoela aipatu zuten, eta Gasteizko euren eskola batean klandestinoki inprimatutako esku-orriak zeudela; bigarren hau faltsua zen[43][46].

Loiolako Santutegia eraikitzen ari ziren langileek matxinadan izandako papera ez zitzaien gustatu agintariei. Eta erreprimitzera bertara sartu zirenean josulagunek eremu sakratua zela aldarrikatu zuten. Gertakari hau erabili zen ere kaleratzeko arrazoien artean[47]. 1769ko abuztuaren 17an Karlos III.ak Bergarako Jesusen Lagundiarena izan zen etxea Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari eman zion, eta bertan sortu zuten Bergarako Errege Mintegia[19].

Ondorio politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egile batzuek aipatu dute 1766ko matxinada (1632ko matxinada eta 1718ko matxinada bezala) Foruen aurkako neurriekin ere lotu behar direla. XIX. mendean Karlistaldiak ekarriko zituzten mugimenduen eta sakoneko interpretazioen lehen zertzeladak izan ziren matxinada hauek[24].

Plano juridikoan, ordena zaharreko "ekonomia moralaren" amaiera suposatu zuen. Gerora, beste epaiketa batzuetan ekonomia moralari buruzko argudio hauek erabili ziren, baita irabaziak bizitzaren gainetik jartzen ziren kasuetan ere. Jauntxoek, lehen aldiz Gipuzkoan, argudio hau guztiz ukatu zuten, liberalismoaren ordena juridikoa zaharren gainetik jarriz[18].

Literaturan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iñigo Aranbarrik bi liburu idatzi ditu gaiaren inguruan. Apirila, eleberri formatukoa, eta Txanton Garrote eskenatokitik jaitsi zen eguna, entsegu historikoa. 2018an Imanol Eliasek idatzitako antzezlana aurkeztu zen Azpeitian[48].

Memoria historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpeitiako kale batek 1766ko matxinada izena darama, gertakariak eta "galtzaleen borroka" gogoratzeko.[49]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Respondieron que vendrían contra la Villa de Azpeitia, pero no a favor de ella
  2. XVII. eta XVIII. mendeetan ohikoa izan zen Irlandako militarrek atzerriko estatu katolikoen alde aritzea, Erresuma Batua protestantearen alde egon beharrean. Espainiak izan zituen hainbat tropa bere alde, Amerikan zein Iberiar Penintsulako Gerran[32]
  3. Arriola familiak 1718ko matxinadan ere paper garrantzitsua izan zuen. Familia honek botere ekonomiko handia zuen, eta endogamia handikoak ziren. Horrela jasotzen du Otazuk[36]:
    « El diputado Arana se había casado, a su vez, con la hermana de su cuñado (Josefa de Arriola), por lo que resultaba que el parentesco de Aranas y Arriolas venía a ser doble. Pero lo curioso es que, fieles a las prácticas endogámicas que se daban en abundancia entre miembros de la oligarquía, el hijo y heredero del Diputado asesinado, Domingo de Arana y Arriola se casó con su doble prima hermana, Josefa de Arriola y Arana; e incluso, y en la misma generación de Manuel Antonio, el nieto del Diputado asesinado, su homónimo Enrique de Arana, Arriola y Arana se casó con Joaquina de Arriola, Corral y Arana (hermana del alcalde de San Sebastián) (…) En cuanto a la familia de su madre, los Corral, poco hay que decir. A través de ellos, Arriola estaba emparentado con la poderosa familia de los Idiáquez, a la cual pertenecía la mayor parte de los fundadores de la Sociedad Bascongada, empezando por Peñaflorida »

    Gainera, interes bereziak zituen horrelako matxinada baten aurka. Alde batetik, Zeanuriko hamarrena jasotzen zuen, eta hainbat maiorazko kudeatzen zituen. Peñafloridako markesaren ahaide gertukoa zen, eta oraindik gertuago Narrosko kondearena. Hori gutxi balitz, Nafarroako Eslava familiari lotuta zegoen, amaren aldetik[24].

  4. Doctor Caminoren arabera apirilaren 24an iritsi ziren militarrak Azpeitira; Gurruchagaren arabera 21ean.
  5. Mateo Garate eta Antonio Irigoieni buruz honakoa dio sententziak:
    « condenados a que sean sacados por las calles públicas de esta villa por caballeros en bestia menor de alabarda, atados de pies y manos con soga de esparto a la garganta, publicando su delito a voz de pregonero, y les sean dados doscientos azotes por el oficial verdugo en la forma ordinaria, y llevados de esta suerte a la plaza pública se les pase por debajo de una horca formada y puesta para el efecto en ella, y ejecutado lo susodicho a que sirvan a S[u] M[ajestad] por espacio de diez años en uno de los presidios cerrados de África, y cumplidos no salgan sin expresa licencia del Real y Supremo Consejo de Castilla pena de muerte; [Manuel de Irigoyen y Francisco de Oronoz] condenados a que igualmente sean sacados por las calles de esta villa a pública vergüenza por caballeros en bestia menor de alabarda, atados de pies y manos con soga de esparto a la garganta y traídos con voz de pregonero que publique su delito, y así ejecutado en otros diez años de presido cerrado de África, y que cumplidos no salgan sin precedente expresa licencia de dicho Supremo Consejo pena de muerte »

    —Archívo Histórico  Nacional, Consejos, lg. 570/8

    Bartolomé Olanoren sententzia proposamenak honakoa zekarren:

    « Que de la cárcel y prisión en que se halla en la ciudad de San Sebastián sea trasladado con segura custodia a la cárcel pública de esta villa [Azpeitia], y ejecutado así sea sacado de dicha cárcel por caballeros en bestia menor de alabarda, atado de pies y manos con soga de esparto a la garganta y traído por las calles públicas y acostumbradas de esta villa, con voz de pregonero delante quien manifiesta su delito hasta llegar a la plaza de ella donde estará hecha una horca de la cual será ahorcado hasta que naturalmente muera, y estando muerto se le corte la cabeza y entrándola en una jaula de fieras se ponga en la torre donde está la campana que fue la primera que por este reo y su compañero Domingo Zelaiaran… se tocó a rebato en esta Provincia, y de donde así se pusiese ninguna persona lo quite sin mi licencia o de quien me sucediera en este corregimiento »

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Kondaira, http://www.kondaira.eus/index.php/kondaira/historiaMateriala/mapak. Noiz kontsultatua: 2017-11-20  .
  2. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
  3.   «XVIII. mendeko suminduak», Argia, https://www.argia.eus/argia-astekaria/2502/matxinada. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  4. (Gaztelaniaz)  País, Ediciones El (2012-01-15), «Tribuna | El largo siglo XVII», El País, ISSN 1134-6582, https://elpais.com/diario/2012/01/15/negocio/1326635545_850215.html. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  5. a b c (Ingelesez)  Reher, David S. (2001/12), «Producción, precios e integración de los mercados regionales de grano en la España preindustrial1», Revista de Historia Economica - Journal of Iberian and Latin American Economic History (3): 539–572, doi:10.1017/S0212610900009319, ISSN 2041-3335, https://www.cambridge.org/core/journals/revista-de-historia-economica-journal-of-iberian-and-latin-american-economic-history/article/produccion-precios-e-integracion-de-los-mercados-regionales-de-grano-en-la-espana-preindustrial1/8937D7893AC78BD3CC1CA3D45844C65A. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  6. a b (Ingelesez)  Andress, David (1999-06-12), French Society in Revolution, 1789-1799, Manchester University Press, ISBN 9780719051913, https://books.google.es/books/about/French_Society_in_Revolution_1789_1799.html?id=F9zq-Q3i6FEC&redir_esc=y. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  7.   Gonzalo., Anes Alvarez, (1981), Economía e "ilustración" en la España del siglo XVIII (3. ed., rev. argitaraldia), Editorial Ariel, ISBN 8434408279, PMC 8369616, https://www.worldcat.org/oclc/8369616. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  8.   1924-1993., Thompson, E. P. (Edward Palmer), (1993), Customs in common, New Press, ISBN 1565840747, PMC 30559109, https://www.worldcat.org/oclc/30559109. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  9. (Ingelesez)  Götz, Norbert (2015-05-04), «‘Moral economy’: its conceptual history and analytical prospects», Journal of Global Ethics (2): 147–162, doi:10.1080/17449626.2015.1054556, ISSN 1744-9626, https://www.tandfonline.com/action/captchaChallenge?redirectUri=%2Fdoi%2Ffull%2F10.1080%2F17449626.2015.1054556. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  10.   Ina., Baghdiantz McCabe, (2008), Orientalism in early modern France : Eurasian trade, exoticism, and the Ancien Régime, Berg, ISBN 9781847884633, PMC 423067636, https://www.worldcat.org/oclc/423067636. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  11. (Gaztelaniaz)  «Fisiocracia y liberalismo económico en el siglo XVIII», Andalán.es, 2017-08-01, http://www.andalan.es/?p=13774. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  12. (Gaztelaniaz)  Real Pragmatica por la qual su magestad se sirve abolir la tasa de granos, y permitir el libre comercio de ellos en estos reynos, 2010-01-29, http://www.liburuklik.euskadi.eus/jspui/handle/10771/9387. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  13. (Gaztelaniaz)  «José Carlos Rodríguez - Turgot», Club de Libertad Digital, http://www.ilustracionliberal.com/40/turgot-jose-carlos-rodriguez.html. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  14. (Ingelesez)  Nuevatribuna, «Los motines de 1766», Nuevatribuna, https://www.nuevatribuna.es/articulo/cultura---ocio/motines-1766/20150129111551111859.html. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  15. a b c d   Iñigo., Aranbarri, (2016), Txanton Garrote : agertokitik jaitsi zen eguna, Pamiela Argitaletxea, ISBN 9788476819326, PMC 950249831, https://www.worldcat.org/oclc/950249831. Noiz kontsultatua: 2018-09-11  .
  16. (Gaztelaniaz)  Olaechea, Rafael (2013-07-04), «Resonancias del motín contra Esquilache en Córdoba (1766)», Cuadernos de Investigación. Geografía e Historia (1): 75–124, ISSN 0210-3664, https://publicaciones.unirioja.es/ojs/index.php/cigh/article/view/1928. Noiz kontsultatua: 2018-09-12  .
  17. a b c d e   Gallego, José Andrés (2003), El motín de Esquilache, América y Europa, Fundación Mapfre Tavera, ISBN 8400081331, PMC 53153889, https://www.worldcat.org/oclc/53153889. Noiz kontsultatua: 2018-09-12  .
  18. a b c d e f g   Rilova Jericó, Carlos, «La economía moral de la oligarquía. San Sebastían y su gobierno municipal de la machinada de 1766 a la revolución de 1917», Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastían (Kutxa) (36)  .
  19. a b c d (Gaztelaniaz)  «La Machinada contra "los caballeritos" | España Fascinante», España Fascinante, https://espanafascinante.com/leyenda-de-espana/leyendas-de-pais-vasco/la-machinada-contra-los-caballeritos/. Noiz kontsultatua: 2018-08-31  .
  20. a b (Gaztelaniaz)  Eitb, «La Matxinada De Los Cereales (1766) Y Mecurio, El Planeta Maravilloso | La Mecánica Del Caracol (2015-2016) 25/04/2016 | Radio a la carta | EITB Radios», www.eitb.tv, https://www.eitb.tv/es/radio/radio-euskadi/la-mecanica-del-caracol/3446060/4012464/la-matxinada-de-los-cereales-1766-y-mecurio-el-planeta-maravilloso/. Noiz kontsultatua: 2018-09-21  .
  21.   Liberalismo y fuerismo en el País Vasco (1808-1876), Fundación Sancho El Sabio, 2002, ISBN 8493190020, PMC 51612084, https://www.worldcat.org/oclc/51612084. Noiz kontsultatua: 2018-09-19  .
  22. a b c   Lonbide, Xabier Alberdi (2010), «Matxinada Barrualdean?: Donostiari eta 1766ko matxinadari buruzko ikuspegi berriak», BOLETIN DE ESTUDIOS HISTORICOS SOBRE SAN SEBASTIAN (43), ISSN 0210-2889, http://www.inguma.eus/produkzioa/ikusi/matxinada-barrualdean-donostiari-eta-1766ko-matxinadari-buruzko-ikuspegi-berriak. Noiz kontsultatua: 2018-09-21  .
  23. a b   «XVIII. mendeko suminduak», Argia, https://www.argia.eus/argia-astekaria/2502/matxinada. Noiz kontsultatua: 2018-09-19  .
  24. a b c d e f g   Nueva Síntesis de la historia del pueblo vasco, ISBN 9788498432312, http://www.eliburutegia.euskadi.eus/libro/nueva-sintesis-de-la-historia-del-pueblo-vasco. Noiz kontsultatua: 2018-09-24  .
  25. a b c   Iñigo., Aranbarri, (2016), Txanton Garrote : agertokitik jaitsi zen eguna, Pamiela Argitaletxea, ISBN 9788476819326, PMC 950249831, https://www.worldcat.org/oclc/950249831. Noiz kontsultatua: 2018-09-21  .
  26. a b c d e f g (Gaztelaniaz)  Gurruchaga, Ildefonso (1933), «Funtsak: La Machinada del año 1766 en Azpeitia», catalogo.sanchoelsabio.eus, http://catalogo.sanchoelsabio.eus/Record/156545. Noiz kontsultatua: 2018-09-24  .
  27.   Bergara, Ayuntamiento general del 21 de Abril de 1766, http://www.bergarakoartxiboa.eus/recursos/bestelakoak/XVIII/AAgirre_hustuketa_L5_apen_06.pdf  .
  28.   «Bergara - Auñamendi Eusko Entziklopedia», aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus, http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/bergara/ar-21466-121100/. Noiz kontsultatua: 2018-09-24  .
  29.   Telleria, Iñigo Ramirez De Okariz (2016-09-11), «IRINMODO (1307-2018): 1766ko MATXINADA ANTZUOLAN», IRINMODO (1307-2018), http://irinmodo.blogspot.com/2016/09/1766ko-matxinada-antzuolan.html. Noiz kontsultatua: 2018-09-24  .
  30. (Gaztelaniaz)  Vicente, Iñaki Gil de San, «2011 Resumen y propuesta de historia marxista vasca», www.abertzalekomunista.net, http://www.abertzalekomunista.net/es/biblioteca/autores-vascos/gil-de-san-vicente-inaki/214-2011-resumen-y-propuesta-de-historia-marxista-vasca. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  31. a b c   de., Camino Orellana, Joaquín Antonio (2009), Historia civil, diplomática, eclesiástica, antigua y moderna de la ciudad de San Sebastián : con varias noticias particulares concernientes a la provincia de Guipúzcoa, Editorial Maxtor, ISBN 8497616855, PMC 503049902, https://www.worldcat.org/oclc/503049902. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  32.   G., McLaughlin, Mark (1980), The Wild Geese : the Irish brigades of France and Spain, Osprey, ISBN 0850453585, PMC 10096048, https://www.worldcat.org/oclc/10096048. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  33. a b (Ingelesez)  «Vicente Kindelan Luttrell», studylib.es, https://studylib.es/doc/8347532/vicente-kindelan-luttrell. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  34. a b c (Gaztelaniaz)  Otazu, Alfonso (1982-01-01), La burguesía revolucionaria vasca a fines del siglo XVIII: (dos estudios complementarios), Editorial Txertoa, ISBN 9788471481054, https://books.google.es/books?id=c4AhAAAAMAAJ&q=La+burgues%C3%ADa+revolucionaria+vasca&dq=La+burgues%C3%ADa+revolucionaria+vasca&hl=eu&sa=X&ved=0ahUKEwjPyqqO-73eAhUHKsAKHSy7BK4Q6AEIKDAA. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  35.   1959-, Martínez Gorriarán, Carlos, (1993), Casa, provincia, rey : para una historia de la cultura del poder en el País Vasco, Alberdania, ISBN 8488669089, PMC 31967338, https://www.worldcat.org/oclc/31967338. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  36.   «ENDOGAMIA INTERESBIDE, ADIBIDE BAT: ARRIOLA», apirila, 2015-02-07, https://apirila1766.wordpress.com/2015/02/07/endogamia-interesbide-adibide-bat-arriola/. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  37.   1924-1993., Thompson, E. P. (imp. 1979), Tradición, revuelta y consciencia de clase : estudios sobre la crisis de la sociedad preindustrial, Crítica, ISBN 8474230934, PMC 434563418, https://www.worldcat.org/oclc/434563418. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  38.   «JAUNTXOAK HERIOTZA-ZIGOR ESKE», apirila, 2015-03-18, https://apirila1766.wordpress.com/2015/03/18/jauntxoak-heriotza-zigor-eske/. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  39.   «DENA PREST MATXINOEI HERIOTZA EMATEKO», apirila, 2015-03-19, https://apirila1766.wordpress.com/2015/03/19/dena-gertu-matxinoei-heriotza-emateko/. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  40.   «ZIGOR ZENTZAGARRI BAT», apirila, 2015-05-19, https://apirila1766.wordpress.com/2015/05/19/zigor-zentzagarri-bat/. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  41.   «BARREDA KORREGIDOREAREN SENTENTZIA PROPOSAMEN BAT», apirila, 2015-05-20, https://apirila1766.wordpress.com/2015/05/20/barreda-korregidorearen-sententzia-proposamen-bat/. Noiz kontsultatua: 2018-11-05  .
  42.   Domínguez Ortiz, Antonio (2005), Carlos III y la España de la Ilustración, Alianza, ISBN 8420659703, PMC 82811466, https://www.worldcat.org/oclc/82811466. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  43. a b   «COMPAÑÍA DE JESÚS», Auñamendi (Eusko Entziklopedia), http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/compania-de-jesus/ar-31786-47473/. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  44.   Luengo, Manuel, Diario de 1773: el triunfo temporal del antijesuitismo, ISBN 9788497172752, PMC 870967183, https://www.worldcat.org/oclc/870967183. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  45.   Diccionario histórico de la Compañía de Jesús : biográfico-temático, Institutum Historicum, 2001, ISBN 8484680363, PMC 50561782, https://www.worldcat.org/oclc/50561782. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  46.   «Erraldoi bat Loiolan», uztarria.eus, https://uztarria.eus/azpeitia/liburuak/09bLoiolarik_ez_balitz/04. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  47. (Gaztelaniaz)  Cervantes, Biblioteca Virtual Miguel de, «Desde Guipúzcoa hacia el exilio. El viaje de los jesuitas desterrados (1767) / Inmaculada Fernández Arrillaga | Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes», www.cervantesvirtual.com, http://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/desde-guipuzcoa-hacia-el-exilio-el-viaje-de-los-jesuitas-desterrados-1767/html/54202f0c-7f3f-43a3-935a-bc266478a572_7.html. Noiz kontsultatua: 2018-09-22  .
  48.   «"Gariaren matxinada" oinarri hartuta, herri-antzerkia egingo dute Azpeitian larunbatean», Argia, https://www.argia.eus/albistea/gariaren-matxinada-oinarri-hartuta-herri-antzerkia-egingo-dute-azpeitian-larunbatean. Noiz kontsultatua: 2018-10-24  .
  49.   «'1766ko matxinada' izena jarri diote Azpeitiko kale bati», Argia, https://www.argia.eus/albistea/1766ko-matxinada-izena-jarri-diote-azpeitiko-kale-bati. Noiz kontsultatua: 2018-08-30  .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]