Santa Maria basilika (Donostia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santa Maria basilika» orritik birbideratua)
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Santa Maria basilika
San Sebastián (Guipúzcoa)-Iglesia de Santa María-1.JPG
Atari nagusia.
Kokapena
kokapenmapa
Helbidea Parte Zaharra
Koordenatuak 43° 19′ 26″ N, 1° 59′ 12″ W / 43.32397222°N,1.98672222°W / 43.32397222; -1.98672222Koordenatuak: 43° 19′ 26″ N, 1° 59′ 12″ W / 43.32397222°N,1.98672222°W / 43.32397222; -1.98672222
Arkitektura
Estiloa Arkitektura barrokoa
Webgune ofiziala

Santa Maria basilika[1], sarri Koruko Andre Mariaren basilika[2] ere deitua, Donostiako Parte Zaharrean dagoen eliza barrokoa da.

Inazio Ibero arkitektoaren lana da, Caracasko Gipuzkoar Konpainiaren enkarguz eraikia XVIII. mendean.

Kultuz kanpoko erabilpenen artean musika arloa dugu. Izan ere, Musika Hamabostaldiak eliza hau du egoitza nagusietariko bat. Bestalde, Santa Marta nabean Donostiako Elizbarrutiko museoa bisitagai dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Mariaren basilika hiri honetako parrokiarik zaharrenetarikoa dela dirudi. Dokumentuetan azal­tzen denez, leku horretan Urgull mendiaren magalean, bat bestearen atzetik Birjina Mariari eskainitako elizak izan omen ziren, XII. mendetik hasita hiri honek nozitu zituen suteen ondorioz desagertuz joan zirenak, az­kenekoak 1575ean eta 1688an Mota zeri­tzan gazteluko bolborategiko bi leher­keten ondorioz. Koruko Andre Mariaren eta San Inazioren babespean 1728an sortutako Caracasko Errege Konpainia bere zeruko zaindariari eliza berri bat eraiki beharrean gertatu zen. Lanak 1738an hasi ziren, diseinuaren begirunez klaustro gotikoa eta alboko etxeak bota beharrean gertatu zirelarik. Bere lehenengo ar­kitek­toak, Pedro Inazio Lizardi eta Migel Salezan izan ziren eta hauek joan beharrean gertatu zirenez, Loiolako Santutegiko ar­kitek­toaren seme Fran­tzisko Iberok ordez­katu zituen. Beronen eraikun­tza 212.000 peso kosta zen eta ofizial­ki 1774an inauguratu zen. Azaleran 2.773 m bete­tzen ditu. Barrutik baditu luzeran 55, 50 m eta 32,70 m zabaleran, eta 28 m garaieran (ganga jarraituraino eta 35 m laranjaerdi-formako loroiraino). Barruan 4.000 lagunen­tzako edukiera du. Barrokoa da bere estiloa, halakoxe rococo ku­tsua duena, atarian hobeto ikus daitekeenez. Areto oinplanoa eta garaiera bereko hiru habearte dituena dugu, baina gangak gotikoak izaten jarrai­tzen dute, garaiera handiko pilastrez eu­tsitakoak, kapitelak kapitelen gainetan jarriaz disimula­tzen saiatu ziren arren. Barruan badira churriguereskotik eta rococotik hasi eta neoklasikora arte doazen kapera eta erretaulak. Mul­tzo aberats eta harmonia­tsua da horren ondorioa, eliza honi gipuz­koar hiriburuko elizarik ederren eta dotoreena izatearen sona eman zaio.[3]


Erretaula multzoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erretaula nagusia Koruko Ama Birjinarena da eta albokoetakoak Santa Barbararena eta San Piorena. Estilo neoklasikokoak eta 1775. urtearen inguruan eginak. Hiru erretaulek estiloari dagokionez multzo batua osatzen dute. Hirurak dira Francisco Azurmendik eginak, Diego Villanuevaren trazari jarraituz.

Erretaula nagusiaren oinplanoa ahurra da, eta burualdearen forma erdizirkularrari egokitzen zaio. Gorputz bakarrak hiru kale eta errematea ditu, eta honela dago antolaturik: goitik behera erdiko kalearen alboetan dauden zutabe korintiar bikoiztuen bitartez, albokoetakoek muturretan pilastra artekatuak eta dekoratuak dituzte. Atikoan San Sebastianen oihal handiaren aldeetan girlanda eta grekadun bi pilastra daude eta hodei eta eguzki-izpiak dituen frontoi hiruki bat errematea da. Taulamenduan erdiko aldean, zutabeen gainean, apaingarria dago: hodeiak, aingeruen burutxoak eta lurrina erretzen duten lau txarro. Erretaula aldeetara zabaltzen da eta hegoetan sakristiarako ateak eta bi santari eskainitako oihalak daude.

Erdi-puntuko hormakonka handian barrokoko zilar koloreko Koruko Ama Birjinaren irudia dago. Alboetako kaleetan Goienetxearen Santa Ursula eta Santa Dorotearen oihalak daude, eta hegoetan Santa Marta eta Maria Magdalenaren pinturak.[oh 1] Azkenik, atikoan taulamendu bakunaren gainean Donostiako zaindaria, San Sebastian, irudikatzen duen oihal argitsua dago. Egilea Luis Boccia izan zen.

Erretaula albokideek honako diseinu hau dute: oinplano ahurra, gorputz eta atikoan egituraturik eta erretaularen gorputza mugatzen duten zutabe korintiar handiak. Erdiko aldean, taulamendu atzeraemanda dute, eta atikoa erdizirkularra eta txaranbeldua da. Erretaularen gorputzean erdiko erregistroak erliebedun panel handi bat du eta alboetako alde ahurretan irudiak daude oinazpikoen gainean. Atikoetan erdiko espazioan eskulturak daude eta zutabeen gainean txarro bana daude. Santa Barbaren erretaula epistolaren aldean dago: erdiko kalean Santa Barbararen goi-erliebea dago, eta beste alde bietan San Roke eta Santo Domingo irudikatzen omen dituzten eskulturak. Erretaula horrek San Nikolasen erliebea duen sagrarioa du, eta atikoan Mikel goiaingeruak deabruari irabazten diola irudikatzen duen taila bat. Sagrarioa San Nikolas erretaulakoa izan zen. San Pio V.aren erretaulan goi-erliebeak Pio V.aren bizitza irudikatzen duen eszena erakusten du, eta alboetan San Joan Bataiatzailearen eta San Lorenzoren eskulturak daude; azkenik, atikoan San Jose eta umearen taila dago.

Santa Mariaren multzo hau Gipuzkoako akademizismoaren lanik nabarmenena da. Agerian daude diseinu egokia eta tenpluaren arkitekturarekiko egokitasuna. Horretaz gain, kontuan hartu behar dira eskulturagintza eta pinturagintzaren batez besteko kalitatea –batez ere San Sebastianen oihala-; Koruko Ama Birjinaren Erdi Aroko taila; eta tenpluan lan egin zuten egileen kalitatea. Horiengatik guztiengatik euskal erretaulagintza neoklasikoaren aparteko lana da, eta penintsularen iparraldeko multzoetan neoklasizismoaren inportanteenetako bat.

Eskulturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Camino Dok­toreak dioenez, Santa Maria basilikako eskultura ba­tzuk ere Juan Pascual de Menarenak dira, hain zuzen ere Santa Katalinaren al­darekoa (edo “Kon­tsulatukoa”). Familia Santuari buruz­koa da, Birjinaren gurasoekin eta Jesus Haurra tal­de osoaren erdigunean dela. Hodei lehorren gainean atseden har­tzen duten lagun santuek badute, halako bake adieraz­pen baten barruan, barroko keinu neurri­tsu bat eta batez ere argi dagoen halakoxe grazia rococoa. Horrelako tal­de ugariaren konposaketa, barrokoa baino neoklasikoagoa den simetria eskema baten inspirazio bidez lortua da.[4]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Badirudi ertilari arabar Jose Lopez Torrerenak direla uste izateko arrazoi gehiago daudela. Nolanahi ere lan kaskar samarrak omen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Santa Maria basilika izena Donostiako Udala, Donostia turismo, Euskararen Donostia, Irutxuloko HITZA, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, ETB, Gipuzkoakultura eta Musikaste webguneetan
  2. Koruko Andre Maria izena Hiru.com, Euskararen Donostia, Turismoa.Euskadi eta Ingeba webguneetan
  3. Euskal Herria Enblematikoa entziklopedia. Liburukia: Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera
  4. Joaquin Antonio de CAMINO y ORELLA, Historia de la Ciudad de San Sebastián (Donostia, 1963), 13. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Comenzana, I.: El arte en la Basílica de Santa Maria del Coro en San Sebastian. B.E.H.S.S.n, 9. znb., (1975), 271‑298. or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Santa Maria basilika (Donostia) Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Donostia