Edukira joan

Euskal Kantagintza Berria

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal kantagintza berria» orritik birbideratua)
Zazpiribai kantu-ikuskizunerako afixa (1972)

Euskal Kantagintza Berria euskal kulturako mugimendua izan zen, 1961etik 1980ko hamarkadara arte Euskal Herrian jardun zuena. Nova Cançó Catalana-ri jarraituz sortu zen, euskal kultura azpiratua zegoen garai hartan. Euskal abesti herrikoiak jendartean entzuten ez zirenez, kanta zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten, bai eta euskal abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ere, euskaldun jendea pizteko, «zegoen egoeratik esnatzeko».[1]

Formaren ikuspegitik, Kataluniako, Frantziako eta Ameriketako hainbat egile abeslari hartu zituzten eredutzat. Edukiaren aldetik, Nova Cançó mugimenduan bezala, gizarte injustiziak salatu eta bertako hizkuntza aldarrikatu zuten, Frankismo garai hartan. Baina, Katalunian ez bezala, Euskal Herrian elebakarra izan zen kantagintza hori (hain zuzen ere, euskaratik datorkio euskal izendapena). Katalunian elebitasunera jo zuen hainbat kantarik (Joan Manuel Serratek, kasu).[2]

XIX. mende bukaeratik zetorren kantagintza tradizionalean, abestaldeen kantu polifonikoa zen nagusi: abesbatzak, zortzikoteak, kantutegi tradizionaleko abestiak, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zioten zenbait tenorino eta opera abeslari... Kantagintza Berriak, ideologia berriak sartzeaz gain, kantautorearen irudia ekarri zuen agertokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak «bakardadearen aroa» hasi zuen, JosAnton Artzeren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantatzen.[3]

Soroak laukoa. Iker, Ugutz eta Irkus Robles-Arangiz anaiek eta Txabi Villaverdek eratutako talde hura 1950eko hamarkadaren bukaeran eta 1960koaren hasieran aritu zen kantari.
« Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zarrez gogaitu, aspertu egiten dira. Erri-kanta oiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak, gatz-gabeak dirala, uste dute. Gure kanta zar asko gaiñera, musikaz ain bikain diralarik, oso itz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritxiz, euskal olerkariak lan au egin bear ligukete: lengo doñu zarrei, letra berria sortu, itz apañagoak ezarri: gaurko gaztediari atsegiñago zaizkion maitasun-itzak erantsi. Onela gure kanta zarrak, soiñeko atsegiñagoz erakutsi. Orrez gañera, kanta berriak sortu ditzagun. Au eresgile edo konpositore diranen lana dezu: ta Euskalerrian len ontan maixu diran asko ditugu. Sortu bitzate beaz urtero onelako doñu beri batzuek, erdal-aideak bezela, gure gaztean ezpañetan zabal ditezen. Kanta berri auek, era danetakoak bear ditugu, bai euskal-usaidunak eta bai kanpo-aizedunak ere. Gaurko dantza aideak, tango, rumba, fox eta abar, erri guzietara zabaldu zaizkigu, ta gure apaiz-biotzak min artu arren, gure errian bota dituzten sustraiak ezin uka genitzake. »
Nemesio Etxaniz[4]

Nemesio Etxaniz azkoitiar apaizak 1951. urtean idatzitako hitz horiek ederki islatzen dute garai hartako euskal musikaren egoera zein zen. Abesbatzetan kantatzeko doinuak, otxoteen musika eta herri kantu tradizionalak kenduta, basamortua zen euskal abestigintza. Inguruko herrietan nagusitzen ari ziren doinu eta erritmo berriek ez zuten islarik gurean, erdarazko eredu inportatuetan ez bazen.

Kezka horrek akuilatuta, kantagintza berritzeko beharra aldarrikatu zuen Etxanizek. Hura hasi zen zenbait tango, runba, pasodoble eta modako beste doinu batzuk moldatzen eta euskaratzen. Haren ekarpenak segida izan zuen; izan ere, handik gutxira dantza talde batzuk —Azkoitiko Kontrapuntoak eta Bilboko Soroak laukoa, besteak beste— hasi ziren kantu zaharrak modu berrian ematen. Eta horien atzetik etorri ziren besteak, egoera irauli zutenak. Tunelaren ilunean argia ikusten hasi zen. Nemesio Etxanizi zor zaio euskal kantagintza berriaren aitatasuna (espirituala, bederen).

Nazioarteko erreferenteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lluís Llach, 2006ko azaroaren 22an, Parisko Olympia antzokian

Esan bezala, Kataluniako Nova Cançó delakoari jarraituz sortu zen Euskal Kantagintza Berria. Bereziki, Els Setze Jutges taldeak egindako urratsak oso baliagarriak izan ziren Ez Dok Amairuren sorreran. Euskal abeslariek eredutzat hartu zuten Nova Cançó, baina bi mugimenduen artean harreman esturik eratu gabe:

« Asko hitz egin genuen haiekin kanta berriaren mugimenduari buruz. Harreman haren ondorioz beste kantari batzuk izan dizkiagu. Nolanahi ere, esango nikek sekula ez direla harreman estuak izan, sakonak pertsona artean bai, amistadeak sortu hituen, baina bi mugimenduen arteko harreman sakonik ez duk sekula egon. »
Xabier Lete[3]
Violeta Parra, 1973ko abuztuaren 2an

Gainera, Bob Dylan zen orduko Mendebaldeko Europako gazteen erreferentzia nagusietakoa, eta Euskal Herria ez zen salbuespen; Ameriketako Estatu Batuetako folk berria eta protesta abestiaren eragina zentsura guztien gainetik heldu zen gurera, gitarra soil batez gauza asko egiten ahal zirela erakutsiz. Dylan, Pete Seeger, Joan Baez, Simon and Garfunkel eta enparauek arrasto sakona utzi zuten Euskal Herriko kantari berrien artean.[5]

Orobat, eragin handia izan zuten Hego Amerikako kantariek (Atahualpa Yupanqui, Víctor Jara, Violeta Parra, Quilapayún taldea...) eta Europako beste hainbat herrialdetakoek (Georges Brassens, Jacques Brel, Tommy Steele, The Beatles, Domenico Modugno...).[5]

Euskal Herrian bezala, Galizian (Voces Ceibes) eta Gaztelan (Canción del Pueblo) ere sortu zen kantagintza berritzeko mugimendurik, Kataluniakoari jarraituz. Latinoamerikan ere bazuten antzeko mugimendua, Nueva Canción izenekoa, bereziki Txilen garatua.

Gizarte ingurunea: euskal kulturagintza, borborrean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Halako mugimendu baten sorrera ulertzeko, ezinbestekoa da garai hartako egoerari begiratzea. 1960ko hamarkadan aldaketa handi eta garrantzitsuak izan ziren mundu osoan, eta Euskal Herrian ere, egoera berezian izanik, aldaketa gose handia zegoen. Oztopoak oztopo, bazuen nora begiratu.

Euskal kulturaren berpizkundearen hamarkada izan zen 1960koa. Euskaltzaindiak euskara baturako pausoak eman zituen; antzerkira joera modernoak ekarri zituzten taldeak ugaldu ziren (Jarrai, Goaz, Geroa...); Gerediaga Elkarteak Euskal Liburu eta Disko Azoka antolatu zuen lehendabiziko aldiz, Durangon; Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek hainbat film esperimental egin zituzten, horien artean Ama Lur; euskal literatura garaikideak lehen fruituak eman zituen (Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua, Gabriel Arestiren Harri eta Herri); artista taldeak sortu ziren Hegoaldeko lau lurraldeetan (Gaur, Gipuzkoan; Hemen, Bizkaian; Orain, Araban; Danok, Nafarroa Garaian)... eta Jorge Oteizak Quousque Tandem...! argitaratu zuen. Liburu horrek eta oro har Oteizaren ideiek eragin handia izan zuten gero musikari garrantzitsuak izan diren gazte askorengan. Oteizak berak bultzatutako Euskal Arte Garaikidearen Eskola gauzatu ez arren, akuilu garrantzitsua izan zen Ez Dok Amairu taldearen sorrerarako.

Musikagintza ezin zen borborrean zegoen eltze horretatik kanpo gelditu. Peio Ospitalek honela deskribatu du: «Eguneroko bizitzako kontuak kantatzen genituen. Euskara, langabezia, errepresioa... Kantua borrokarekin lotua zegoen. Kantua desalienatzailea zen, euskal kontzientziaren piztailea».[6]

Mixel Labéguerie (1921-1980)

Aita espirituala Nemesio Etxaniz bada, Mixel Labéguerie lapurtarra da Euskal Kantagintza Berriaren izatezko aita. Bi disko txiki baino ez zituen argitaratu, 1961. eta 1963. urteen artean; osotara, zortzi abesti grabatu zituen, Ximun Haran pilotariaren etxean. Abesti bakan horiek erakutsi zuten bazela musika egiteko beste modu bat. Xabier Letek idatzi zuenez, «Labéguerie-ren diskoek, batez ere lehenak, izugarrizko garrantzia izan zuten euskal kanta herrikoiaren estilo aldaketan: gitarra soilez lagunduriko kantak baitziren, ahots partikular bezain apal eta arruntez kantaturikoak, molde komertzialei zegozkien amaneramendu eta sofistikazio guztietatik urruti».[7] Bi disko horiek grabatuta, musika utzi eta buru-belarri politikagintzan murgildu zen Labéguerie, baina hark ereindako haziak eman zuen fruitua. Gazteri berria abestia, 1963ko diskoan plazaratua, askatasun gosez zebilen euskaldun gazteriaren himno bihurtu zen berehala.

Bestalde, Alatz, Irkus, Ugutz eta Iker Robles-Arangiz anaiek eratutako Soroak laukoak, 1961ean, disko txiki bat argitaratu zuen Ximun Haranekin Baionako Euskal Museoan eta, Joxemari Iriondo kazetariaren ustez, hori izan zen «Euskal Kantagintza Berriaren lehenengo urratsa».[8] Dena dela, sarreran aipatu dugunez, Kantagintza Berriaren ezaugarri nagusietako bat izan zen bakarlari gisa aritzea, eta alde horretatik Soroak boskotea oraindik kantagintza tradizionaleko abestalde moldeari atxikita zebilen nolabait.

Beraz, Ez Dok Amairu taldea sortu zenerako (1965eko udazkena), bazen mugimendua. Gainera, urtebete lehenago, 1964an, Mikel Laboak bere lehen disko txikia argitaratua zuen; 1965ean berean, Julen Lekuonak gauza bera egin zuen (eta 1963an aurkeztua zuen Zeruetako gure osaba kantua, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina); Lourdes Iriondo gero eta ezagunagoa zen, Loiolako Herri Irratian egindako emanaldiei esker; eta Benito Lertxundi izeneko gazte bat bigarren gelditua zen La Voz de España egunkariak antolatutako artista berrientzako lehiaketa batean.

Ez Dok Amairu

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ez Dok Amairu taldeko zenbait kide, Atahualpa Yupanqui kantariarekin (ezkerretik hirugarrena). Besteak beste, JosAnton Artze (ezkerretik bigarrena), Benito Lertxundi (laugarrena), Mikel Laboa (seigarrena), Jose Angel Irigarai (zazpigarrena), Xabier Lete (makurtua, ezkerretik lehenengoa) eta Lourdes Iriondo ageri dira.
Artikulu nagusia: «Ez Dok Amairu»
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Ez Dok Amairu eta Euskal Kantagintza Berria lantzen dituen bideoa.

1965eko urrian, taldeak, artean izenik ez zuela, lehen bilera egin zuen, Zarautzen. Negu horretan, Jorge Oteizak izena eman zion jada izana bazuen taldeari, non musikariez gain bestelako artista batzuek ere hartzen zuten parte. Jendaurreko lehen emanaldia, artean taldearen izena erabili gabe, Hernanin eskaini zuten, 1966ko urtarrilaren 9an. Aurkezpen ofiziala Irunen izan zen, urte bereko martxoaren 6an.

Ez Dok Amairun parte hartu zuten, abeslari gisa, Mikel Laboak, Lourdes Iriondok, Benito Lertxundik, Julen Lekuonak, Xabier Letek eta Oskarbi taldekoek; ideologo gisa, Jorge Oteizak; eta, beste hainbat zereginetan, beste hainbat jendek. Euskal kantagintzaren eztanda horren lagungarri izan zen euskal kulturagintza osoa bizi zuen borborra ere.

Julen Lekuonak ederki azaldu zuen zein zen talde jaio berriaren espiritua:

« Hitz bitan esateko, lehengo euskal-musika oiñarri hartuaz, euskal-musika berria egitea duk. Denak esperientzi berri batean sartu gaituk eta esperientzi berri hortan bide bat billatu nahiean gabiltzak; batzuek alde batetik, besteak bestetik, batzuek oso era berdiñean, besteak lehengoan tinkatuaz. Nola nahi dela ere gure taldeak duen gauzarik inportanteena, gure herriari zenbait mensaje ematea duk, eta hortan dagoala uste diat Ez Dok 13 taldearen bereizkuntzarik jatorrena. Bestaldetik gure nahia, Ez Dok 13-ren espiritua, euskal mobimentu berri bat sortzea duk; espektakulu bat bakarrik ez dedilla izan, bizitzeko era bat ere bai. »
Julen Lekuona[9]
Ipar-Hego Euskal Herrietako hainbat abeslari Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren 1972an, Ez Dok Amairu desegitean. Parte hartzaileak: Manex Pagola, Ugutz Robles-Arangiz, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea (txistularia eta txirularia), Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi.[10][11]

Zazpi urte emankor izan ziren, harik eta 1972ko Eguberrietan taldea desegin zen arte. Baina ez zen deusen amaiera izan, hasiera baizik. Ez Dok Amairuk ikaragarrizko eztanda eragin zuen euskal musikagintzan; urte emankorrak eta sormen handikoak izan ziren. Haren errautsetatik bi egitasmo sortu ziren: Zazpiribai[10] eta Ikimilikiliklik[12] kantu-ikuskizunak. Horrez gainera, Ez Dok Amairun ibilitako askoren bakarkako ibilbide oparoa: Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi... Gaur egun euskal musikagintzan ezinbestekoak diren hainbat musikariren lehen lanak ondu ziren 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran.

Oskorri, 1977an: Natxo de Felipe, Bixente Martinez, Karlos Gimenez, Anton Latxa eta Santi Gimenez.

Txanpinoien aroa deitu izan zaio 1970eko hamarkadan Euskal Herrian gertaturiko kantarien ugaltzeari. Mixel Labégueriek ireki eta Ez Dok Amairu taldeko kideek zabaldutako Euskal Kantagintza Berriaren bidera izen berri asko agertu ziren. Horren arrazoietako bat Larrun aldizkariaren 1985. urteko zenbaki batean aurkitu dugu:

« Ez Dok Amairuk artista, kantaria, desmitifikatu, dignifikatu, gizakiagotu eta herrikoitu duen heinean eta entzule eta kantariaren arteko urruntasuna gutxiagotu duenean, gaztea berez ausarta delarik eta parte hartzeko aukera izaten duenez, gogo biziz joaten da gitarra hartuta ikusten duen eszenatokira berea egitera »
Markox Iraola eta Xalbardin[13]

Hala, bada, mugimendu horren eztanda eragin zuen Ez Dok Amairuk. Euskal Kantagintza Berriaren olatua norabide guztietan zabaldu zen: Maite Idirin, Oskorri taldea (Natxo de Felipe abeslariarekin), Gontzal Mendibil, Estitxu, Ipar Euskal Herriko kantaldien loraldia, Ortziken kolektiboa, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, Antton Valverde, eta abar.

Egoera politikoa arras aldatu zen 1973an, ETAk Luis Carrero Blanco Espainiako gobernuburu eta militarra hil ondoren. Francoren diktadura azkenetan zegoen, ETAren hedapen ideologiko eta kulturala gero eta handiagoa zen, errepresioak askatasun egarria areagotu besterik ez zuen egiten, eta aldarrikapen politikoen bozgorailu bilakatu ziren jaialdiak.

« Jendeak esperantza dauka. Garai ilun eta triste bat amaitzear sentitzen du, eta kantariek abestu dituzten egunsenti argitsuak, injustiziaren amaiera, herriaren askatasuna, esperantzari eskainitako himno guztiak gauzatzeko, egiztatzeko, errealitate bihurtzeko sasoiaren zain dago, eta sasoi hori hurbil sentitzen da. »
Pako Aristi[14]

Kantariak bihurtu ziren esperantza eta amets guztien bozeramaile, politikarien ordez. Eta herriak jarraitu zien. Kantaldiak ugaritu egin ziren, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, herrietako pilotalekuak eta plazak milaka lagunez eta ikurrinez betetzen hasi ziren, eta ordura arteko kantu jaialdietan ezagutzen ez zen osagai berri bat agertu zen: entzuleen parte-hartzea. Emozioa, herriaren ilusioekiko lotura eta bultzatzen ari ziren aldaketetan parte izateko sentimendua azaleratu zituzten kantaldiok.

Bai Euskarari kanpainaren amaierako jaialdia, San Mames futbol zelaian, 1978ko ekainaren 17an

Fenomeno horretan bada mugarri bat: 1976ko martxoaren 27an Herri Irratiak Donostiako Anoetako belodromoan antolaturiko 24 orduak euskaraz jaialdia. Artze anaiak, Jean Mixel Bedaxagar, Lourdes Iriondo, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lupe, Gontzal Mendibil eta beste hainbat musikari aritu ziren ekitaldi gogoangarri hartan. «Hortik aurrera beste neurri bat, beste itxura bat hartu zuten jaialdiek. Hor zerbait piztu zen, eta gero, nik uste, toki askotan Anoetan bizi izan genuen giro hori sortu nahi izan zela, eta batzuetan pixka bat artifizialki. Han gertatu zena esplosio bezalako bat izan zen, inork ez zekien aurretik zer gertatuko zen», azaldu zuen Peio Ospitalek.[13] Beste jaialdi garrantzitsu bat Bai Euskarari kanpainaren amaierakoa izan zen. Bilbon, lepo betetako San Mames futbol zelaian egin zuten, 1978ko ekainaren 17an, eta hainbat kantari, bertsolari eta idazle bildu zituen: Lourdes Iriondo, Jean-Louis Davant, Gorka Knörr, Mikel Laboa, Lupe, Xabier Amuriza, Urko, Antton Valverde, Gontzal Mendibil, Xabier Lete, Oskorri, Pantxoa eta Peio... Kantaldia grabatu egin zuten, eta zuzeneko disko bikoitz batean argitaratu.

Kantaldien gorakadak isla zuzena izan zuen diskoen ekoizpenean eta salmentan. Diskoetxe berriak agertzearekin batera (IZ, Elkar...) kantuak grabatzeko eta argitaratzeko inoiz baino aukera gehiago izan zuten kantariek, eta disko batzuek ezohiko salmenta kopuruak erdietsi zituzten. Pantxoa eta Peioren lehen disko luzea eta Urkoren Sakonki dira bi adibide. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako zenbait diskoetxe handik (CBS, Movieplay, Zafiro...) euskarazko diskoak salgarriak zirela ikusita, hemengo kantariengana jotzea: Oskorri, Urko, Niko Etxart, Gorka Knörr, Iñaki Eizmendi, Miren Aranburu, Lupe... Are gehiago, gaztelaniaz abesten zuten zenbait kantarik euskaraz disko bat grabatzea erabaki zuten: Patxi Andion (Jose Maria Iparragirre Patxi Andion'en era), Mocedades (Kantaldia)... Urte batzuk geroago, gauza bera egin zuen Mocedades taldeko abeslari Amaia Urangak ere (Lilura urdinak).

Sukarrak 1978 arte iraun zuen, ordutik aurrera kantaldiek behera egin zuten. Kantari batzuk nekatu egin ziren kontzertuak mezu politikoetarako baliatzeaz, eta erretiratu egin ziren, apur bat desengainaturik; beste batzuk bestelako bide musikalak eta estetikoak jorratzen hasi ziren, eta politikoei utzi zieten aldarrikapenen zeregina...

« Euskal kantagintza berria deitu den horretako partaideak, lehen emozio politikoekin oso, eta baita gehiegi ere, lotutako jendea politikagintzari uko egiten hasten da. «Politikoek erabili egin gaituzte, politika egiteko beste bideak badira» leloa gero eta gehiago entzuten da, eta «artistak jan egin behar du» eta «kantariak egin behar duena da bere lana kalitatez egitea» esaldiekin batera, artista inportante sentitzen hasten da. Protagonista berria artista da, edo sentitu nahi du, eta herri osoaren (edo kantaldietara zihoan zatiaren) sentsazioen partaide kualifikatu bat izatetik berak zentro izatera pasa nahi du. »
Markox Iraola eta Xalbardin[13]

Garai berriak ziren, lirikarako garai txarrak. Baina ordurako kimua zuhaitz sendoa zen, eta haren adarrak, gero eta ugariagoak...

1980ko hamarkadan bukatu zen Euskal Kantagintza Berriaren mugimendua. Izan ere, kantautoreak bigarren plano batera pasa ziren, salbuespenak salbu. Lehenengo folk eta rock taldeak (Errobi, Itoiz, Izukaitz, Haizea, Oskorri...) hasi ziren haien lekua hartzen, eta Eusko Rock Erradikalaren agerpenak erabateko etena ekarri zuen.

Euskal Kantagintza Berriko abeslariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Estitxu, 1970ean
Mikel Laboa, 2007ko irailaren 22an

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lekuona, Julen. Euskal musika berri. Zeruko Argia aldizkaria, 1966-05-01, euskaraz.org (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  2. Sarasola, Ainhoa. Nor bere nazioari kantari. 1960-1970 urteetako euskal kantagintza berria eta Kataluniakoa alderatu ditu liburu batean Marc Bioscak. Berria egunkaria, 2010-03-05, paperekoa.berria.eus (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).[Betiko hautsitako esteka]
  3. a b Oronoz, Belen. BARTZELONA - DONOSTIA zubiaren bila: Euskal Kantagintza Berria ("Ez dok Amairu") eta La Nova Cançó Catalana-ren ("Els Setze Jutges") arteko azterketa konparatiboa. Euskonews & Media, 38. zenbakia, 1999-06-18, euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  4. Etxaniz, Nemesio. Itz bi. Kanta-kantari liburuaren hitzaurrea, Ordorika argitaletxea, 1951, trikitixa.eus (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  5. a b Oronoz Antxordoki, Belen Gazteri berria, Kantagintza Berria: Euskal Kantagintza Berriaren (Ez Dok Amairu) eta Nova Canço Catalana-ren (Els Setze Jutges) arteko azterketa konparatiboa, Erein, 2000. ISBN 84-7568-876-4.
  6. Erostarbe, Gorka. Kantua, herriaren zerbitzura. Berria egunkaria, 2008-04-19, archive.is (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
  7. Lete, Xabier. Kanta Berria, erresistentzi abestia. Jakin aldizkaria, 4. zenbakia. 1977, jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
  8. Iriondo, Joxemari. Estibalitz Robles-Arangiz (1944-1993). Bidegileak bilduma, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2001, euskara.euskadi.net (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  9. Letamendia, Juan Antonio. «Protest song», Julen Lekuonari eginiko elkarrizketa. Zeruko Argia, 202. zenbakia, 1967-01-08, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  10. a b Zazpiribai. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2018, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2010-7-1).
  11. Eskisabel, Jon. Manex Pagola. artxiboa.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2010-6-29).
  12. Altzak. Ikimilikiliklik. Zeruko Argia aldizkaria, 1976-5-2, artxiboa.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-26).
  13. a b c Iraola, Markox; Xalbardin: «Euskal kantagintzaren aldaketak ulertu nahiz», Larrun, 5. zenbakia, 1985eko abendua
  14. Aristi, Pako (1985) Euskal Kantagintza Berria, 1961-1985, Erein.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]