Edukira joan

2001eko irailaren 11ko atentatuak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Irailak 11ko Atentatua» orritik birbideratua)
2001eko irailaren 11ko atentatuak
Collage irudia
Irudia
Motaaircraft hijacking (en) Itzuli
masa hilketa
atentatu
Eraso suizida
Honen parte daterrorismoa Estatu Batuetan
Data2001eko irailaren 11
KokalekuArlingtongo konderria
Manhattan
Shanksville
HerrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
AntolatzaileaSaudi Arabia
HelburuWorld Trade Center, Pentagonoa, Ameriketako Estatu Batuetako Kapitolioa eta Etxe Zuria
Honen ondorioaDistrict of Columbia Police Coordination Amendment Act of 2001 (en) Itzuli
Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Saila
Afganistango gerra
Patriot Act (en) Itzuli
airport security repercussions due to the September 11 attacks (en) Itzuli
No Fly List (en) Itzuli
Pertsona hilak2.996
Pertsona zaurituak25.000
Erantzuleal Kaida
Armahegazkin komertzial
Osatuta
Hashtag#September11, #September11th, #NeverForget, #NeverForget911 eta #911Attack

2001eko irailaren 11ko atentatuak (I-11 euskaraz, 9/11 edo 11-S izenez ezagunagoak), 2001. urtean Al Kaidako 19 kidek eginiko atentatu suizidak izan ziren[1].

Atentatuetan lau bidaiari-hegazkin bahitu zituzten. Bahitzaileak lau taldetan banatu ziren, pilotu banarekin; pilotuok hegazkinak gidatuko zituzten, behin pilotuak eta eskifaia menderatuta. Lehen bi hegazkinek World Trade Centerko Dorre Bikien aurka egin zuten talka, hirugarrenak Pentagonoaren aurka, eta azkena Pennsylvaniako zelai batean erori zen, bidaiariek aurre egin baitzieten bahitzaileei. Hemeretzi bahitzaileez gain, beste 2973 pertsonak bizia galdu zuten eta oraindik beste 24 pertsona galduta daude[2].

Gertakarien denbora-lerroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetako Ekialdeko ordu eremuan daude denbora lerroko orduak.

  • 09.45: FAAk, presidentearen aginduz, hegazkin guztiek gertueneko aireportuan lur-hartzeko agindua eman zuen[3].
  • 09.48: Kongresua eta Etxe Zuria husu zituzten[3].
  • 09.57: Bush presidenteak Florida utzi zuen[3].
  • 09.59: Hego Dorrea eraitsi zen.
  • 10.03.11: United 93 hegaldia Pennsylvania zelai batean erortzen da. Dirudienez, bidaiari, tripulazio eta terroristen artean borrokak egon ziren eta hegazkinaren kontrola galdu zuten.
  • 10.06: FAAk NORADi United 93 hegaldia ustez bahitu dutela jakinarazten dio[4].
  • 10.28: Ipar Dorrea erortzen da.
  • 11.04: New Yorkeko Nazio Batuen eraikina husten dute[3].
  • 11.45: Bush presidenteak Luisianako base batean lur-hartzen du[7]
  • 13.04: Bushek "Alerta Gorena" deklaratu zuen mundu osoan eta herritarrei mintzatu zitzaen telebistaz Luisianako basetik[7].
  • 13.37: Bushek Luisianako basea utzi zuen[3].
  • 14.51: Marineen Gorputzak misildun ontziak bidali zituen New Yorkera[3].
  • 15.07: Bush presidenteak Nebraskako base batean lur-hartzen du[3].
  • 16.36: Bushek bera Etxe Zurira eramateko agindua ematen du[3].
  • 17.25: World Trade Centerreko 47 solairuko eraikin bat erausten da[3].
  • 19.00: Bush presidentea Etxe Zurira iritsi zen[3].
  • 20.30: Bush presidentea herritarrei zuzentzen zaie Etxe Zuritik[3].
Hegaldia Jatorria Norakoa Talka egindako tokia Heriotzak Hegazkinaren
airelinea
Mota
AA11 Boston Los Angeles World Trade Centerean 92 American Airlines Boeing 767
UA175 Boston Los Angeles World Trade Centerean 65 United Airlines Boeing 767
AA77 Washington Hiria Los Angeles Pentagonoan 64 American Airlines Boeing 757
UA93 Newark San Frantzisko Pensilvaniako zelai batean 44 United Airlines Boeing 757
Hildako kopurua
New York Dorre Bikiak 2.602 hildako eta 24 desagertutako[8]
AA11 hegaldia 93[8]
UA175 hegaldia 64[8]
Pentagonoa Eraikina 125[8]
AA77 hegaldia 64[8]
Pennsylvania UA93 hegaldia 44[8]
Guztira 2.992 hildako eta 24 desagertutako
*19 bahitzaileak kontutan hartuta

Hildakoak milaka zenbatu ziren, zehazki 2.973 pertsona, 246 bidaiariak kontuan hartuta. Horietatik 2.602 New Yorken hil ziren, dorreen barruan nahiz kanpoan, eta 125 Pentagonoko eraikinean. Biktimen artean 343 suhiltzaile, 23 New Yorkeko polizia eta New York eta New Jerseyko 37 portuko polizia. Gaur egun, oraindik ere 24 pertsona desagertuta daude[9].

Osasun Sailaren arabera, 247 hildako latinoamerikarrak ziren. Hauetatik 25 dominikar, 18 kolonbiar, 13 ekuadortar, 6 kubatar, 4 argentinar[10] eta txiletar 1.

19 gizon arabiar lau hegazkinetara igo ziren, bost bakoitzean United Airlinesen 93 hegaldian izan ezik, hemen 4 baitzeuden. Erasotzaileetatik 15 Arabia Saudikoak ziren, 2 Arabiar Emirerri Batuetakoak, 1 egiptoarra eta azkena Libanokoa[11].

Atentatuak burutu zituzten 19 gizon horiek Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren agindupean jardun zuten. Hona hemen atentatuen egileen izenak:

American Airlinesen 11 hegaldian:

  • Mohammed Atta (egiptoarra, ustezko pilotua eta buruzagia)
  • Waleed al-Shehri (saudiarra)
  • Wail al-Shehri (saudiarra)
  • Abdulaziz al-Omari (saudiarra)
  • Satam al-Suqami (saudiarra)
Mohammed Atta. Atentatuen ustezko burua

United Airlinesen 175 hegaldian:

  • Marwan al-Shehhi (Arabiar Emirerri Batuetakoa eta ustezko pilotua)
  • Fayez Banihammad (Arabiar Emirerri Batuetakoa)
  • Mohand al-Shehri (saudiarra)
  • Hamza al-Ghamdi (saudiarra)
  • Ahmed al-Ghamdi (saudiarra)

American Airlinesen 77 hegaldian:

  • Hani Hanjour (saudiarra eta ustezko pilotua)
  • Khalid al-Mihdhar (saudiarra)
  • Majed Moqed (saudiarra)
  • Nawaf al-Hazmi (saudiarra)
  • Salem al-Hazmi (saudiarra)

United Airlinesen 93 hegaldia:

  • Ziad Jarrah (libanoarra)
  • Ahmed al-Haznawi (saudiarra)
  • Ahmed al-Nami (saudiarra)
  • Saeed al-Ghamdi (saudiarra)

Antrax erasoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Daschle senatariari bidalitako antraxa duen gutuna. Mezuak honela zioen: «11-09-01. Ezin gaitzakezue gelditu. Antraxa dugu. Hilko zarete. Beldurra duzue? Heriotza Estatu Batuei. Heriotza Israeli. Allah handia da.» Gutuna Washington Hiriko posta-zentroan prozesatu zen, non bi postari hil ziren antraxaren arnasteagatik.
Sakontzeko, irakurri: «2001eko antrax erasoak»

9/11ko atentatuak gertatu eta aste betera, antrax bakterio hilgarria erabiliz hainbat atentatu terrorista gauzatu ziren. Terroristek antraxa erabili zuten, gutunen bidez kazetari, politikari edo funtzionarioei bidaltzeko asmoarekin; New Yorken, New Jerseyn, Washington Hirian eta Floridan hain zuzen. Guztira 22 pertsona kutsatu ziren antraxarekin eta horietatik 5 zendu ziren.

Eraso hauek herri-segurtasun falta indartu zuten eta beldurra nagusitu zen berriro, irailaren 11ko atentatuak geroztik.

Eraso hauen egileak ezin izan ziren inoiz identifikatu. Orduko AEBetako presidenteordeak, Dick Cheneyk, baieztatu zuen ez zitzaiola batere harrituko Osama Bin Laden eraso horien atzean egoteak[12].

Ameriketako Estatu Batuetako segurtasun indarrek ezin izan zituzten egileak identifikatu, baina John Ashcroft orduko Fiskal Nagusiak Steven Hatfill doktorea aipatu zuen "pertsona interesgarri" bezala, nahiz eta ez zen inoiz haren aurkako epairik egin.

Atentatuaren egiletza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FBIak Justizia Sailarekin batera 72 ordu baino gutxiagotan 19 bahitzaileak identifikatu zituen. Ondoren, FBIak 19 terroristen argazkiak argitaratu zituen, herritartasun eta ezizen datuekin batera. FBIak historiako polizia-operazio handiena gauzatu zuen 7.000 agenterekin. Operazioari PENTTBOM deitu zitzaion. Ikerketak amaitzean, Al Kaida eta Osama bin Ladeni egotzi zitzaien atentatuen egiletza. 2001eko irailaren 16ean, Bin Ladenek mezu hau eman zuen Al Jazeera telebista-katearen bidez:

« Behin eta berriz diot ekintza hau ez nuela nik burutu, bestelako zergatiak dituzten pertsonek gauzatu dutela dirudi. »
Osama bin Laden

Beranduago, 2001eko abenduaren 27an, Bin Ladenen bideo bat hedatu zuten honakoa esanez:

« Mendebaldea orokorrean, eta Estatu Batuak bereziki, sekulako gorrotoa dute islamarekiko... Horregatik, Estatu Batuen aurkako terrorismoa onuragarria da eta justifikatua dago. »

Osama bin Ladenek atentatuei buruzko azken erreferentzia 2007ko irailaren 11n egin zuen, 6 urte beranduago, "hegazkinetako pilotuak heroiak izan ziren" esanez.

1.200 atzerritar inguru isilpean atxilotu edo kartzelaratu ziren, atentatuei buruzko ikerketekin zerikusia zutelakoan, nahiz eta AEBetako gobernuak ez duen inoiz zifra zehatzik eman[13].

2005eko irailaren 26ean, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Baltasar Garzón epaileak zuzendutako operazio batean, Abu Dahdahri 27 urteko kartzela-zigorra jarri zitzaion atentatuetan partehartzeagatik. Al Kaidako beste 17 kideri ere 6 eta 12 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zitzaizkien[14][15][16].

2014ko irailaren 2an, atentatuen antolatzailetzat jotzen zuten AEBek Khalid Sheikh Mohamed, eta haren abokatuak, Jason Wright komandanteak, hemendik aurrera auzian parte hartzeari uko egin eta armada uztea erabaki zuen. Epaiketa «bidegabea» salatzeko hartu zuen erabaki hori abokatuak. Bere bezeroari torturak eragin zizkiotela salatu zuen Wrightek: itotze simulatua, esaterako, 183 aldiz[17].

Atentatuei erantzuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ameriketako Estatu Batuetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erasoak gertatu ondorengo orduetan, bilatze eta erreskate operazioa hasi zen, erreskaterako 350 txakur baino gehiago erabiliz[18]. Bizirik oso pertsona gutxi aurkitu zituzten, eta ondorengo asteetan begien bistakoa zen ez zutela inor gehiago bizirik aurkituko. Gorpuen berreskuratze-lanek hainbat hilabetez luzatu ziren. Piztuta zeuden sute guztiak itzaltzeko asteak behar izan ziren; obra-hondakinak ez zituzten guztiz kendu 2002ko maiatzera arte.

Irailaren 11ko atentatuek ikaragarrizko efektua izan zuten biztanleriarengan. Erreskate eta laguntza lanetan lagundu zuten segurtasun indarrak, bereziki suhiltzaileak, heroi aldarrikatu zituzten. Herrialde osoko polizia eta erreskate-taldeetako kideak New Yorken bildu ziren gorpuen berreskuratze-lanetan laguntzeko. Odol-emailetza kopurua izugarri hazi zen erasoen ostean[19].

Argiketa batzordearen logoa

Politikari dagokionez, biztanleek gogorki babestu zuten gobernuaren lana terrorismoaren aurka. Horrela, George W. Bush presidentearen onespen-indizea %86ra igo zen[20]. 2001eko irailaren 20ean, erasoak gertatu eta 9 egunetara, George W. Bush presidentea herriari eta Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuari zuzendu zitzaien, egun hartako gertakariak kontatu eta bere erantzun-plana azaltzeko. New Yorkeko alkateak herrialde osoan txalotu zuten erasoen aurrean edukitako jarrerarengatik[21].

Segurtasunari dagokionez, erasoen ondoren 80.000 arabiar eta musulmanen hatz-markak erregistratu ziren eta 5.000 atzerritar atxilotu ziren, AEBetako Kongresuak terroristak atxilotzeko indar militarrak erabiltzeko baimena eman baitzuen[22]. Baita ere, ministerio mailako agentzia federala sortu zen: Ameriketako Estatu Batuetako Segurtasun Nazionalerako Saila. Sail hori terrorismoaren aurka jarduteko birrantolatu zuten.

Hala nola Patriotic Act legea onartu zen, askatasun eta eskubide konstituzional batzuk kendu edo mugatzen zituena. Neurri hori hartu omen zen AEBetako barne-segurtasuna handitzeko asmoz. Halaber, Ameriketako Estatu Batuen aurkako Atentatu Terroristen Batzorde Nazionala (National Commission on Terrorist Attacks Upon the United States) sortu zen gertakariak argitzeko intentzioarekin. Azken txostena 2004ko uztailaren 22an argitaratu zuten.

Atentatuen ondoren, munduko gobernu askok terrorismoaren aurkako legeak ezarri edo zeudenak indartu zituzten, gehienbat islamiar terrorismoari begira. Hauen artean Erresuma Batua, India, Australia, Espainia, Frantzia, Alemania, Indonesia, Txina, Kanada, Errusia, Pakistan, Jordania, Maurizio, Uganda eta Zimbabwe[23]. Hartutako neurrien ondorioetako bat izan zen Al Kaidarekin erlazioa zuten banku-kontu korrenteak deuseztea[24].

Hainbat herrialdetako segurtasun eta inteligentzia zerbitzuek (Italia, Malaysia, Indonesia, Filipinak...) atentatuen ondoren Al Kaidarekin hartu-emana zuten pertsona ugari atxilotu zuten[25][26]. Atxiloketei dagokionez, Ameriketako Estatu Batuen Kubako Guantánamoko atxilotze-eremua ezaguna izan da, bertan "borrokalari ilegal" bezala izendatutako preso asko bertara eraman baitzituen atentatuen ondoren. Kartzela hori Amnesty International, Europar Batasuna edo NBE bezalako erakundeek gogorki salatu dute Giza eskubideak bortxatzeagatik.

Afganistango gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Afganistango gerra (2001-egun)»

Ameriketako Estatu Batuek Terrorismoaren aurkako gerran emandako lehen urratsa Afganistango inbasioa izan zen 2001eko urriaren 7an, NATO eta NBEn laguntzarekin. Inbasioa egin zuten herrialde hartako gobernuak Osama bin Laden ez zutelako amerikarren eskuetan utzi nahi.

2001eko azaroaren 13an, Kabul hiriburua, AEB/NATO eta Iparraldeko Aliantzaren eskuetan geratu zen. Ordutik Al Kaida eta talibanak gerrilla insurgente bezala antolatu ziren.

Marine talde bat Saddam Husseinen Bagdadeko jauregian sartzen

Irakeko gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Irakeko gerra»

Ameriketako Estatu Batuen bigarren urratsa Terrorismoaren aurkako Gerran, Irakeko inbasioa izan zen 2003ko martxoan. Ekintza militar hau AEB eta Erresuma Batuak burutu zuten Nazio Batuen onespenik gabe. Gainera Espainia, Italia eta beste herrialde batzuek ere militarrak bidali zituzten Irakera. AEBen arabera inbasioa nahitaezkoa zen bere ustetan "suntsipen masiboko armak" baitzeuden Iraken. Inbasioak gerra kausatu zuen eta Saddam Husseinen gobernuaren gainbehera, 2003ko apirilaren 9an. Beranduago gerra krimenengatik dekapitatua izan zena. Duela gutxiko txostenen arabera baieztatu da inoiz ez zegoela loturarik Hussein eta Al Kaidaren artean, eta George W. Bush presidenteak Irak Terrorismoaren aurkako Gerrarekin erlazionatzen saiatu zen[27].

Gaur egun ondorioak oso larriak dira Irakentzat. 34.000 zibilen heriotza (2006an bakarrik, NBEn arabera) eta milioi bat irakiarren desplazamendua izan dira kalte nagusiak. Halaber, 2007an armada estatubatuarraren heriotz kopurua 4.000ra igo izen, 2001eko irailaren 11ko atentatuen hildako kopurua handituz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Al Yaziraren bideo batean Bin Laden terroristak entrenatzen ditu 9/11rako» BBC News 2006-09-07.
  2. 24 desagertu oraindik. 2006-08-12 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-12-18) (Noiz kontsultatua: 2006-09-07).
  3. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s Timeline: Sept. 11, 2001; FOX News
  4. a b c d e National Commission on Terrorist Attacks Upon the United States. (2004). «Chapter 1» 9-11 Commission Report. Government Printing Office.
  5. a b Right decision, Bill Sammon, Washington Times, 2002-10-8
  6. Richard Clarke and the Rise Of the Heroic Bureaucrat; Washington Post, 2004-03-28
  7. a b .The President's Story; CBS News, 2003-09-10
  8. a b c d e f 11-S El ataque que aterrorizó al mundo. EMOL.
  9. Irailaren 11ko biktimak
  10. Homenaje a las víctimas argentinas del 11-S en el consulado de Nueva York con la presencia del presidente Kirchner, 12 orr., 2003-09-22
  11. Erdi mailako eta instrukzio mailak handiko terrorista suizidak. Clarín.com.
  12. El contraataque: el vicepresidente cree que sería un atentado de Bin Laden, Clarín, 2001-20-13
  13. Human Rights Watch, ed. AEB: Abusuez beteriko atentatuen ikerketa. .
  14. La Audiencia Nacional dicta la primera sentencia contra el terrorismo de Al Qaeda en España, Diario Directo, 09.26.2005
  15. Al-Qaeda Cell in Spain Charged with Aiding September 11 Attacks, Institute for Counter-Terrorism, November 19, 2001
  16. El Supremo rebaja de 27 a 12 años la pena a Abu Dahdah y absuelve a otros tres condenados, El País, 06.01.2006
  17. «Irailaren 11ko erasoen ustezko buruaren abokatuak auzia eta armada utzi egin ditu», Berria, 2014-09-03
  18. PICTURE GALLERY: The World Trade Center's Heroic Rescue Dogs. Canine Nation 15 de septiembre de 2001 (Noiz kontsultatua: 2006-09-18).
  19. Effect of a National Disaster on Blood Supply and Safety: The September 11 Experience. Journal of the American Medical Association 2003-05-07  doi:Vol. 289 No. 17. (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  20. Benedetto, Richard and Patrick O'Driscoll. (2001-09-16). Poll finds a united nation. USA Today (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  21. «Time 2001 Person of the Year» «Mayor of the World» Time (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  22. «Public Law 107-40 [S. J. RES. 23»] Authorization for Use of Military Force. U.S. Congress 2001-09-18 (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  23. Hamilton, Stuart. (2002ko abuztuaren 18-24). «68th IFLA Council and Conference» (PDF) September 11th, the Internet, and the effects on information provision in Libraries. (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  24. G8 counter-terrorism cooperation since September 11th backgrounder. Site Internet du Sommet du G8 d'Evian (Noiz kontsultatua: 2006-09-14).
  25. Italian police explore Al Qaeda links in cyanide plot. Christian Science Monitor 2002-03-07 (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  26. SE Asia unites to smash militant cells. CNN 2002-05-08 (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
  27. No hay vinculo entre Hussein y al-Qaeda. BBC Mundo Internacional 2006-09-09.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]