Itsasorako Lasterketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsasorako Lasterketa
Lehen Mundu Gerra
Mendebaldeko Frontea
Race to the Sea 1914.png
Itsasorako Lasterketa 1914an
DataIrailaren 17tik urriaren 19ra
LekuaFrantzia, Belgika
Koordenatuak49°30′N 2°48′E / 49.5°N 2.8°E / 49.5; 2.849°30′N 2°48′E / 49.5°N 2.8°E / 49.5; 2.8
EmaitzaImpasse
Gudulariak
 Alemaniar Inperioa  Belgika
Britainiar Inperioa Britainia Handia
 Frantzia
Buruzagiak
Alemaniar Inperioa Erich von Falkenhayn Belgika Alberto I.a
Britainiar Inperioa John French
Frantzia Joseph Joffre

Itsasorako Lasterketa (frantsesez: Course à la mer; alemanez: Wettlauf zum Meer; nederlanderaz: Race naar de Zee) 1914ko irailaren 17tik 1914ko urriaren 19ra ingurura arte gertatutako ofentsiba-eraso militar bat izan zen, Mugen guduan (Abuztuaren 7tik irailaren 13ra arte) alemaniarrek garatutako lehenengo erasoak gelditzean. Aipatutako eraso honen amaieraren kausa nagusiena Marneko lehen gudua (Irailaren 5etik 12ra arte) izan zen.[1] Aliatuen lehen garaipen nagusia Mendebaldeko Europan, Alemaniarrei Pariserako bide zuzena moztea lortu zuten. Jarraian Aliatuek antolatutako Aisneko lehen gudua (Irailaren 13tik 28ra arte), alemaniarren armada iparraldetik erasotzeko intentzioarekin, Itsasorako Lasterketaren aurrekari gisa identifikatu egin da, aurrerago garatuko zen posizio gerraren oinarriak finkatu zituelako. Eraso honen emaitza zalantzatia da, bi aldeek bere burua garaile izendatuz.[2] Honen ondorioz, gerraren hurrengo fasean Aliatuek zein alemaniarrek elkar inguratzen saiatuko zuten, iparreko hegalak erasotuz. Gudaren amaieran inork lortuko zuen aurrerapen garrantzitsurik eta lubaki-gerrari hasiera emango zen, 1918ra arte iraungo zuena.[3]

Aipagarria da baita hainbat egileek azkenengo mendean zehar Itsasorako Lasterketari hainbat hasiera eta amaiera data ezberdin eman diotela, adostasunera iritsi gabe. Lehenengoa data zehatzak proposatu zituenak James Edmonds britainiar historialaria izan zen, 1925. urtean. Haren ustez Irailak 15 - Urriak 15 artean garatu egin zen, hala ere, hurrengo urtean Irailak 17 - Urriak 19ra iraun zuela aldarrikatu zuen.[2] Handik aurrera hainbat proposamen gehiago egon dira, adostasuna lortu gabe. Hala ere, historialari gehienek ados daude Azaroaren hasierarako lubaki-gerra jada hasi zuela.[1]

Borroka garatu zen lurraldeak; Pikardia, Artois eta Frantziar Flandria, hurrengo bost urtetan fronte estatiko baten guda-lurrak bihurtuko ziren.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garapen estrategikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVII Plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «XVII Plana»

XVII Planaren garapenaren ondorioz, Joseph Joffre jeneralak 1911an sortutako ofentsiba-estrategia, frantziar estatuaren bakealdiko armadak bost armada-gorputza osatu behar izan zituen, erreserbako dibisio talde bat erantsita, erreserbako beste sail batekin hegaletan. Honen arrazoia Europa mailan gerra piztean, Frantzia eta Alemaniar Inperioaren artean nagusiki, estatuak galdutako Alsazia eta Lorrenako lurrak errekuperatzeko prest egotea zen. Guztira, bi milioi soldaduk Épinal, Nancy eta Verdun-Charleville-Mezières lerroaren inguruan kokatuko ziren, baita erreserbako armada bat Sainte-Menehould eta Commercy inguruan. 1871. urteaz geroztik hamasei trenbide-lerro eraki ziren Frantziako Estatu Nagusiak Alemaniako mugara tropak azkar garraiatzeko. Honen helburua mugaren beste aldean kokatutako Alemaniako hamairugarren armadaren kontra modu eraginkorrean eraso egitea zen. Frantziako hedapenak gertu egon behar zuen Lorrainen edo Belgikan. Germaniarrek erreserbako tropak erabiliko zituztela aurreikusten zen, baita alemaniarren armadaren zati handi bat errusiar mugan kokatuta egongo zela bazekiten ere. Honen ondorioz mendebaldeko alemaniar armadak tropa nahiko izango zituen Belgikan zehar erasotzeko. Hegoaldeko Alsazia-Lorrenako lurrak nahiko desbabestuta utziko zirela aurreikusten zuen XVII Planak.[4] Honekin batera, Lehen Mundu Gerran eragin erraldoia izango zuen artilleriaren garapenak azkar eta ondo egokitu zen gerraurreko Frantzian, oraindik ere produkzioa hurrengo urteekin alderatuta baxua izan arren. 1913ko urrian Frantziako Estatu Nagusiaren kontseilu batean, Joffrek zuzenduta, agindu egin zen armada bakoitzaren menpe zeuden erregimentu zehatz batzuek soilik artilleria izango zutela. Distribuzio honen helburua armaden arteko artilleria eskaerak asetzea izango zen, baita dibisio gehienen mobilitatean eragina izatea ere. Honekin, historialariek interpretatu dute Joffreren intentzioa artilleria berria setio-artilleria bihurtzea zela, ez landa-artilleria.[1]

Frantziar zalditeria Parisen gerraren hasieran.

1905ean frantziar inteligentziak alemaniar Estatu Nagusiari mapa ariketa bat lapurtzea lortu zuen, non alemaniar tropen posizioak mendebaldean azaltzen ziren. Maparen idatziak jarraituz, alemaniar armadak belgiar hiri-gotorlekuak setiatuko zituztela jakin izan zuten.[4]

Eraso alemaniar bat Belgikako hego-ekialdetik Mézières aldera eta Lorraine iparretik Verdun, Nancy eta Saint Dié aldera aurreikusi ziren. Alemaniar intentzioak jakinda, aurretik 'XVI Plana' izeneko ofentsiba eraldatu egin zen, XVII Plana bihurtu arte. Plan berri honen helburua Belgikatik sar litekeen germaniar ofentsiba kontuan izatea zen. Egoera berrira egokitzeko frantziar Lehenengo, Bigarren eta Hirugarren armadek Épinal eta Verdunen artean kontzentratu behar zuten bere tropak, Alsazia-Lorrenaren aurrean. Bitartean, Bosgarren armada Montmédy-tik Sedan eta Mézières hirieen inguruan kokatuko zen, Laugarren armadaz lagunduta, Verdungo mendebaldean kokatuta. Azken honen helburua ekialderantz abiatzeko prest egotea, Alemaniaren inbasio baten hegoaldeko hegala erasotzeko, edo hegoalderantz abiatzeko prest egotea, Lorrenako iparraldeko hegalaren kontra zen. Ez zen xedapen formalik ezarri Britainiar Armada Espedizionarioarekin (BAE-BEF) bateratutako operazio bat antolatzeko, hala ere, 1911n Marokoko Krisiaren testuinguruan britainiarrek Frantziako Estatu Nagusiari sei dibisio Maubeuge aldean kokatuko zirela gerra egoteko kasuan zin egin zuten. [5]

Schlieffen-Moltke Plana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Schlieffen plana»

Alemaniar estrategiak lehentasuna eman zion Frantziaren aurkako erasoari, Errusiarekiko frontea hasieran egoera defentsibo batean kokatuko zen, Paris erori arte. Pentsaera honek 1891tik, lehenengo plana garatu zenetik, aurrera ez zuen aldaketa handirik jasan. Frantzian aurrez aurreko erasoak suntsigarriak eta ugariak izango zirela espero zen, arrakasta mugatuak ekarriko zituztenak, batez ere frantziarrek eta errusiarrek Alemaniarekin mugan zituzten gotorlekuak modernizatu ondoren. Honengatik, Alfred von Schlieffen, Alemaniar Inperioaren Oberste Heeresleitungaren (OHL, "Estatu Nagusia") agintariak, 1891-1906 urteetatik aurrera Frantziako mugan kokatutako gotorlekuak gailentzeko planak sortu zituen. Alboetatik garatutako eraso bat izan zen oinarrizko ideaia, zeinak tokiko nagusitasuna izango zuen eta garaipen erabakigarria azkar lortu ahal izango zuen. 1906. urterako jada zehaztu egin zen maniobrak neutrala zen Belgika gurutzatuko zuela, zuzenean Pariserantz abiatzeko. Schlieffen-en ondorengoak, Helmuth Von Moltke, plana moldatu zuen frantziarren erantzun posibleen aurka prest egoteko. Haren ustean erasoa oraindik Belgikatik garatu beharko liteke, baino zuzenean Frantziaren erditik eraso bat garatzera prest egon beharko ziren baita. Guztira 1.700.000 gizonek garatuko zuten erasoa. Alemaniako armada nagusiak Belgikan zehar joatean hegoalderantz joko zuen Frantziara. Maniobra honen ondorioz frantziar armadak ezkerreko hegalean bilduta geratuko ziren, atzera egin ahal gabe; bakea eskatzera behartuta bere burua ikusiz.[4]

Mugen Gudua: Abuztuak 7 - Irailak 6[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Mugen gudua»

'Mugen gudua' izena jaso duen gudu multzoak Frantziako armadak Marneko lehen guduan lortutako garaipenera arte egindako operazio guztien izen orokorra da. Lehenengo borrokak 1914ko abuztuaren 4an hasi ziren, bai Belgikako ekialdean, alemaniar armadak gidatua, zein Alsazia-Lorrena eremuan, Frantziak gidatua, aurretik aipatutako bi plan ezberdinak garatzen hastean. Frantziarrek Mulhouse hartu zuten abuztuaren 11n alemaniar kontraeraso batek kanporatu eta Belfort aldera erretiratu ziren arte. Impasse honekin ez asetuta, frantziar Estatu Nagusiak fronte osoan zehar ofentsiba agindu zuen; Lorrenako gudua (Abuztuaren 14tik 25era iraun zuena) izenarekin ezaguna. Eraso nagusi honek Morhange eta Sarrebourgeko guduekin hasi zen. Frantziar Lehen Armadak Sarrebourgerantz eta Bigarren Armadak Morhange aldera aurreratu egin ziren sei egunetan zehar. Morhange inguruko Château-Salinseko udalerria abuztuaren 17an hartu egin zuten eta hurrengo egunean Sarrebourg bera. Hala ere, garaipen hauek ez zuten luze iraungo; alemaniar 6. Armadak, 7.ak lagunduta, kontraerasoa garatu zuen Abuztuaren 20an. Erasoaren ondorioz Bigarren Armadak Morhangera iritsi baino lehen atzera egitera behartu zuten eta Lehen Armadaren kontrolpetik Sarrebourg hiria birkonkistatu zuten. Garaipenetaz aprobetxatuz, Alemaniako armadek muga zeharkatu eta Nancy-rantz aurrera egin zuten, hiriaren ekialdean gelditu arte.[6]

Mugen guduaren fronte ezberdinak erakusten dituen mapa, ingelesez.

Hegoaldean frantziar armadak Mulhouse berreskuratu zuten Abuztuaren 19an, berriz ere atzera egiteko egun batzuk geroago Lorrenako porroten ondorioz. Abuztuaren 24an Mortagneko gudua gertatu zen; Vosgeseko lurraldean alemaniar armadak aurreratzeko egindako saiakera, garaipen txikia lortu egin zuena, aurrerago frantziar kontraeraso batek lurrak berreskuratu egin zituen arren. Abuztuaren 20an alemaniar kontraeraso handia hasi egin zen, Neufchâteau hirirantz. Eraso honek, alemaniar 4. eta 5. armadek garatutakoa, Ardennetan zehar sartu egin zen.Kasualitatez, egun berean frantziar Hirugarren eta Laugarren Armadek Ardenetan zehar ofentsiba propioa garatzea erabaki zuten, aldi berean Lorrenan garatzen ari zen borrokarekin laguntzeko. Aurkako armadak laino lodietan elkar topatu zuten hurrengo egunean eta frantziarrek alemaniarrak tropa 'laguntzaile' gisa gaizki identifikatu zituzten. Abuztuaren 22an Ardenetako gudua frantziar erasoekin hasi zen, haien erroreaz konturatuta. Borroka honek bi aldeentzat suntsigarria izan zen, honen ondorioz frantziarrek Abuztuaren 23ko gauan erretiratu egin ziren. Hirugarren Armadak Verdun aldera atzera egin zuen, alemaniar 5. Armadak atzean izanik eta Laugarren Armadak Sedan eta Stenay aldera atzera egin zuen. Amaieran, Meuseko guduak (Abuztuak 26-8) geldialdi unea lortu zuen, alemaniar tropak bi egunez geldituta geratuz.[7]

Alemaniarrek Lieja abuztuaren 7an okupatu zuten Belgikan. Egun berean BAEko lehen unitateak Frantzian lehorreratu ziren eta Frantziako tropek Alemaniako muga zeharkatu zuten berriz ere. Abuztuaren 12an Halengo gudua gertatu zen, non Belgikar metrailadoreek Alemaniar zalditeriaren zati handi batekin guztiz akabatzea lortu egin zuen. BAEren tropa mugimenduak Abuztuaren 16an amaitu ziren. Guztira lau infanteria-dibisio eta zalditeria-dibisio bat Frantziara garraiatu zuten. Belgikako gobernuak abuztuaren 18an Bruselatik ihes egin zuen eta Alemania eta Belgika arteko borroka hasi egin zen Geteko guduan. Hurrengo egunean Belgikako armadak Anberes aldera erretiratzen hasi zen, alemaniarrentzat Namurrerako bidea irekita utzita. Hauek denbora galdu gabe Longwy eta Namur Abuztuaren 20an setiatzen hasi zuten. Mendebaldera, frantziar Bosgarren Armadak Sambre ibaian multzokatu egin zen, Charleroiko bi aldeen kontrola mantenduz. Ezkerreko hegalean frantziar Zalditeria Gorputzak, André Sordet Jeneralaren aginpean, Mons-en BAErekin lotzea lortu zuen. [7]

1914ko Charleroi eta Monseko guduak erakusten duen mapa.

Frantziar Bosgarren Armadak alemaniar 2. eta 3. Armadei aurre egin zien ekialdetik eta iparraldetik. Bosgarren Armadak Sambre ibaiaren beste aldetik erasotzeko ahalmena izan baino lehen 2. Armadak Charleroiko guduan eta Namurren eraso egin zuen abuztuaren 21ean. Alemaniar 3. Armadak Meuseibaia zeharkatu eta frantziarren eskuineko hegala erasotu zuen. Abuztuaren 23an Bosgarren Armadak hegoalderantz atzerakada hasi zuen inguratuta geratzea saihesteko. Saint-Quintineko guduan jasotako porrotaren ostean frantziar atzerapenak jarraitu zuen. Abuztuaren 22an BAEk aurrera egin zuen eta hurrengo egunean Monseko guduan borrokatu zuen, alemaniar 1. Armadaren aurkako ekintza batean. Borrokaren helburua Alemaniar Inperioaren erasoa moteltzea izan zen, eta hau lortu zuten. Hala ere, BAEk atzera egin behar izan zuen bi egun geroago, 1. Armadak britainiarren eskuineko hegalaren defentsa gainditzen hasi zutean. Frantziar Bosgarren Armadak Sambreren berriz ere gurutzatu zuen, Frantzian barrena ihes egiten. Mugimendu honek britainiarren hegalaren zati bat inguratuta utzi zuen. Namur abuztuaren 25ean errenditu egin zen, egun berean Anberesetik garraiatutako Belgikar armada batek Malineseko guduan alemaniarren aurka borrokatzen zuen bitartean. [7]

Frantziar porrotaren ostean Lorrenako guduan, irailaren 3rako Frantziako Bigarren Armadak Nancy-tik gertu dagoen Grand Couronné-ko altueretara erretiratu zen, Pont-à-Mousson, Champenoux, Lunéville eta Dombasle-sur-Meurthe herrien inguruan defentsa-arku bat osatuz. Grand Couronné-ko gudua (Irailaren 4a -13a) hurrengo egunean hasi zen; alemaniar 7. eta 6. armadek aldi berean St. Dié eta Nancyko hiria bera erasotzean, frantziar Bigarren Armadak Hirugarren Armadari errefortzuak bidaltzen ari zen bitartean. Borroka odoltsua izan arren frantziar jeneralek lau gorputz baino gehiago erretiratu ahal izan zituzten ezker hegaleko armadak indartzeko. Irailaren 13an, kontraeraso batean, frantziarrek Pont-à-Mousson eta Lunévilleko herriak berreskuratu zituzten eta Seille ibaitik gertu aurreratzen jarraitu zuten. Momentu honetan frontea egonkortu zen.

Atzerakada Handia: Abuztuak 24 - Irailak 7[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Atzerakada Handia»

Frantziar Bosgarren Armadak Sambre ibaiatik 10km-ra atzeratu egin zen Charleroiko guduaren ondorioz (abuztuak 22), hurrengo egunean, 23an, Sambreko hegoaldetik orokorrean ihes egin zuen. BAEk abuztuaren 24an Monsen borrokatu zuen, alemaniar 7. eta 6.armadek Frantziako Lehen eta Bigarren armadak atzera bota zituzten bitartean Saint Dié eta Nancyren artean erasotuta, Hirugarren armadak Verdunetik ekialdera posizioak hartu zituen 5. armadaren erasoen aurka, Laugarren eta Hirugarren Armadek Montmédyko hegoaldean, Sedan, Mezières eta Fumay hirien artean, 4. alemaniar armadaren aurrean. Bostgarren armada Fumayren ekialdean zegoen. Frantziarren mendebaldeko hegalean, BAEk Maubeugetik Valenciennesera zihoan lerroa luzatu zuen, 1. armadaren aurka eta von Beselerren destakamentua Anberesen garaitu zuen Belgikako Armada.

Britaniar tropak Marneko guduan, 1914ko abuztuaren amaieran.

Abuztuaren 26an, germaniar indarrek Valenciennes hartu eta Maubeuge hiriaren setioa agindu zuten, Irailaren 7ra iraungo zuena. Alemaniarrek Lovaina suntsitu zueten eta Le Cateau-n BAEk eta 1. armadak borrokatu zuten. Longwyko goarnizioa handik gutxira errenditu zen eta hurrengo egunean Royal Marines eta Royal Naval Air Service (RNAS) britainiar unitateek Ostenden lehorreratu ziren; egun berean alemaniar tropek Lille eta Mezières okupatu zituzten. Arras abuztuaren 27an erori zen eta frantziar kontraeraso bat Saint Quentingo guduari hasiera eman zion. Abuztuaren 29an Bosgarren Armadal alemaniarren 2. armada eraso zuen Oise ibaiaren hegoaldean, Vervinsetik Mont d'Orignyra, baita ibaiaren mendebaldetik ere, Mont Dorignytik Moy aldera Somme ibaiaren ertzean. Britainiarrek bitartean La Fèreko mendebaldean Oise ibaiaren lerroa mantendu zuten. [8] Laon, La Fère eta Royeko herriak alemaniarren eskuetan geratu ziren Abuztuaren 30ean eta Amienseko zentru neuralgikoa hurrengo egunean ere bai. Amiens aurreko asteetan BAEren operazio zentrua izan zen Monsera mugitu baino lehen. Irailaren 1ean Craonne eta Soissons erori ziren eta 5ean BAEk bere atzerakada gelditu zuen, alemaniarek Clayera iritsi ziren (Parisetik 10km-ra), Reims erori zen, alemaniar tropak Lilletik alde egin zuten eta Marneko lehen gudua hasi egin zen; dena egun berean. Marneko gudua 12ra arte iraungo zuen, Atzerakada Handiaren amaiera markatu zuena.[9]

Irailak 4rako Aliatuen erasoek 7. eta 6. alemaniar armaden aurrerakada moteltzea lortu zuten St. Diéko mendebaldean eta Nancyko ekialdean, non bigarren armadak bere ezkerreko hegala erretiratu zuen Nancy eta Toulgo hirien artean iparralderantz begiratzeko. Zulo bat sortu egin zen Bigarren eta Hirugarren armaden artean Verdunen, ipar-mendebaldeko Revignyrako bidean, 5. alemaniar armadaren aurrerakadaren ondorioz. Laugarren armadak Sermaizerantz erretiratu zen, Marne ibaiaren mendebaldean, jarraian ibaia berriz gurutzatuz Somponserantz mugitzeko, alemaniarren 4. armadaren aurka, Châlons eta Retheletik zetorrena. Bederatzigarren armada berriak Mailly-n hasten zen lerroaren defentsan aritzen zen, 3. armadaren aurka, Mezièresetik erasotzen zuena. 2. Armadak aurrera egin zuen Marletik, Aisne eta Vesle ibaiak zeharkatuz, Reims eta Fismes artean Montmorterantz, Bederatzigarren eta Bosgarren Armaden bidegurutzetik iparraldera Sézanne-n. Bosgarren Armadak eta BAEk Oise, Serre, Aisne eta Ourq hegoaldera erretiratu ziren, 2. Armadak Guise-tik Laon, Vailly eta Dormans-era zihoan lerroa jarraituta. 1. Armadak Montdidierretik, Compiègne aldera eta gero hego-ekialderantz alde egin zuen, Montmirailera. Frantziako Seigarren Armada berriak BAEren ezkerrarekin elkartu egin zen Marneren mendebaldean Meaux-en, Pontoiserantz Parisko barrutiaren iparraldean. Alemaniarrek frantziar goarnizioak Estrasburgon, Metzen, Thionvillen, Longwyn, Montmédy-n eta Maubeugen setiatu zituzten (azken hau jada aste batez setiatuta egon zen). Belgikako armada Anberesen inguruan kokatuta zegoen orokorrean eta Liejan, gerraren hasiera alemaniarrek azkar babesleen gainetik igaro arren, gotorlekuko tropek kokaleku estrategiko batzuetan oraindik defentsan jarraitu zuten.[8]

Ekialdeko frontea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ekialdeko Prusiako ofentsiba (1914)»
Tapiauko herria Ekialdeko Prusian (egungo Gvardeysk, Kaliningradeko Oblasta) Errusiako armadaren eraso baten ondorioz, 1914.

Uztailaren 28an Austria-Hungariako Inperioak Serbiako Erresumari gerra deklaratu zion eta handik egun batzuetara; Abuztuaren 1ean, Polonian lehenengo talkak hasi ziren. Alemaniarrek Libau (egungo Letoniako Liepāja) Abuztuaren 2an bonbardatu zuten itsasotik eta Abuztuaren 5ean Montenegrok Austria-Hungariari gerra deklaratu zion. Abuztuaren 6an Austria-Hungaria eta Errusiaren arteko gerra egoera ofizialtu egin zen eta Serbiak Alemaniar Inperioari gerra deklaratu zion. Montenegrok eta Alemaniak elkarri gerra deklaratu zioten 8an. Errusiar Inperioak, bere partetik, hasierako erasoa bitan banatu zuen. Armadaren zati batek Ekialdeko Prusia inbaditu zuen, Königsbergeko forte-hiria azkar hartzeko helburuarekin. Armadaren beste zatiak, bitartean, Galitzian Austriarren aurka borrokatu zuen. Abuztuaren 12an Britainiak eta Frantziak Austria-Hungariari gerra deklaratu zioten austriarrek Sava ibaia gurutzatzen zuten bitartean. Hurrengo egunean Lehen Serbiar Inbasioa hasi egin zen. Abuztuaren 17an, Stallupönengo guduan, Hermann von François alemaniar generalak errusiarrak garaitu zituen lehen aldiz austriarrek Cergo guduan Serbiarren aurka talka egiten zuten bitartean. Abuztuaren 19 - 20 artean Gumbinnengo gudua gertatu zen Ekialdeko Prusian, non Errusiako armadak garaipen txiki bat lortu zuen.[7]

Abuztuaren 21ean Austria-Hungariarrek Serbiatik ihes egin zuten jasotako porroten ondorioz. Austriar jeneralek inbasioa prestatu gabe hasi egin zuten, etsaiak aste batean errendituko zela pentsatuz eta armadak azkar janari eta hornidurarik gabe geratu zen. Honekin, gainera, serbiarrek metro bakoitzaren defentsa egin zuten, heriotza austro-hungariarrak milaka izatera arte iritsiz. Serbiarrek gerrilla taktikak erabili zituzten inbasioa moteltzeko, Austriako armadak aurre egiteko prest ez zegoena. Honen ondorioz heriotza zibilak milakakoak izan ziren baita Estatu Nagusiak agindutako fusilamenduengatik, argazkietan "arazorik gabe" erakusten zirenak, beste serbiar guztientzat mezu izateko intentzioarekin.[9] Abuztuaren 26tik 30era Tannenbergeko guduan Alemaniako armada txikiago batek Errusiarren lehen armada suntsitu zuten, Ekialdeko Prusiako erasoaldiarekin ia guztiz akabatuz. Galitzian, bitartean, Kraśnikeko lehen gudua gertatu egin zen. Lembergeko gudua hasi zen egun berean, baita Komarów eta Gnila Lipako guduak ere, guztiak Errusiar Polonian. Ålanden alemaniar SMS Magdeburg itsasontziak lehorreratu zen errusiar eskuadroi baten erasoaren ondorioz. [7]

Guduak (osatu gabeko zerrenda)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izena Data Emaitza
Pikardiako lehen gudua 1914ko irailaren 22tik 26ra Garailerik gabe
Flireyko gudua 1914ko irailaren 19tik urriaren 11ra Alemaniar garaipena
Alberteko lehen gudua 1914ko irailaren 25etik 29ra Garailerik gabe
Arrasko lehen gudua 1914ko urriaren 1etik 4ra Garailerik gabe
Monchy-au-Boiseko gudua 1914ko urriaren 5etik 29a Alemaniar garaipena
La Basséeko gudua 1914ko urriaren 10etik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Armentieresko gudua 1914ko urriaren 13etik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Messinesko gudua 1914ko urriaren 12tik azaroaren 2ra Garailerik gabe
Yserreko gudua 1914ko urriaren 16tik 31ra Belgiar-Frantziar garaipena

Yserreko frontearen sorrera

Ypreseko lehen gudua 1914ko urriaren 19tik azaroaren 22ra Garailerik gabe

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Ingelesez) Doughty, Robert A.. (2005). Pyrrhic victory: French Strategy and Operations in the Great War.. Belknap ISBN 978-0-674-01880-8...
  2. a b (Ingelesez) Edmonds, James E.. (1926). Military Operations France and Belgium 1914: Mons, the Retreat to the Seine, the Marne and the Aisne August–October 1914.. Macmillan ISBN 58962523...
  3. Reichsarchiv (Potsdam). (1929). Der Herbst-Feldzug 1914 : im Westen bis zum Stellungskrieg, im Osten bis zum Rückzug.. Mittler PMC 257238467. (Noiz kontsultatua: 2019-07-25).
  4. a b c (Ingelesez) Strachan, Hew. (2001). The First World War: To Arms.. Oxford Unibertsitatea ISBN 978-0-19-926191-8...
  5. (Ingelesez) Peaple, Simon. (2022). From Maubeuge to the Rhineland: History of the 1st Division in the Great War. Helion ISBN 9781912866205..
  6. (Ingelesez) Zubert, Terence. (2007). The Battle of the Frontiers: Ardennes 1914. The History Press Ltd. ISBN 9780752444246..
  7. a b c d e (Ingelesez) Skinner, Terence; Stacke. (1922). Principal Events 1914–1918. .
  8. a b (Ingelesez) Tyng, Sewell. (2007). The Campaign of the Marne 1914. Green and co. ISBN 9781594160424...
  9. a b (Ingelesez) Hastings, Max. (2013). Catastrophe: Europe Goes to War 1914. Knopf Press ISBN 9780307597052..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]