Palestinako historia
Palestinako historia gaitzat duen artikulu honek Palestina izeneko lurralde geografikoa aztertzen du, Antzinarotik orain arte. Palestinako Lurraldeak deritzona, Palestina horretako zati bat baino ez da, Palestinako Aginte Nazionalaren administraziopean.
Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurraldearen lehen biztanleak orain 50.000 urte heldu ziren; K.a. 2800 urtearen inguruan faraoien agindupean egon zen eta gero, hikso, hitita, kananeo eta feniziarrenean.
K.a. 1250 urtean lehen hebraitar konkistak izan ziren eta filisteoen agerpena (k.a. 1200-1000 artean), lurraldeari "pheleset" izena emango ziotenak. K.a. XII. mendean Jakoben ondorengoak garai hartako Kanaanen ezarri ziren, Egiptoko esklabutzatik irten ondoren. Israeldarren jabetza handiena K.a. 1000-957 urteetan eman zen, David eta Salomonen erresumak zeudenean. Daviden garaian tribuak monarkiaren baitan batu ziren (K.a. 1000 urtean), baina Salomonen erregetzaren ostean bitan banatu ziren: Israelgo Erresuma eta Judako Erresuma.
Ordutik aurrera israeldarrek botere politikoa galdu zuten, eta Babilonia, Persia, Mazedonia eta Erromaren menpe egon ziren. K.a. 539 urtetik aurrera persiarrek agindu zuten lurraldean, K.a. 332-an mazedoniarrek Alexandro Handiarekin, judutar hasmoneoek K.a. 140-tik aurrera eta erromatarrek K.a. 63 urtetik. 135. urtean, judutarren matxinada bat zela eta, Hadriano enperadoreak Jerusalem suntsitu zuen eta bere hondakinen gainean Aelia Capitolina hiri erromatarra eraiki. Hadriano judutarrei bertan bizitzea edo sartzea debekatu zien, diasporari hasiera emanez.
Bizantzioren garaian (330-637), biztanle asko kristau egin ziren.
Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
637an Omar bigarren kalifak Jerusalem konkistatu zuen, bertan Al-Aqsa (urruna) meskita eraikiz. Handik aurrera biztanleria arabiartzen hasi zen.
1099tik aurrera, 100 urtez, lurraldea erresuma gurutzatuen agindupean egon zen, 1187 urtean Saladinok konkistatu zituen arte. Mamelukoek kontrolaturik 1250 eta 1516 urteen artean, Jerusalen erromesaldien helburu bihurtu zen, ostatu, errepide eta zubi sare garrantzitsu bat eraiki baitzen.
Aro Modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraldea Otomandar Inperioaren probintzia izatera pasa zen 1515 urtean, Palestina izenarekin. Otomandarrak Lehen Mundu Gerratean garaituak izan ondoren, Nazioen Elkarteak Britainia Handiari eman zion Palestina eta Transjordaniaren agintea.
XIX. mendean zehar Moses Hess eta, batez ere, Theodor Herzlen eraginez, sionismoa deitutako ideologia sortu zen. Honen arabera, juduek Palestinara itzuli behar dute beraien estatua sortu eta antisemitismotik libre bizi ahal izateko.
Lehen Mundu Gerraren ostean, Palestina Britainia Handiaren esku gelditu zen. Honek zalantzak zituen juduen itzuleraren gainean. Hala ere, 1917an Balfour adierazpena onartu zuen, juduek Palestinan beraien egoitza nazionala eraikitzeko zuten eskubidea aldarrikatuz. Hala ere, arabiarrekin ez hasarretzeko nahiak konpromisoak hartzea zailtzen zioten.
Israelen independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1947an NBEak Palestinaren Zatiketa Plana onartu zuen, lurraldea bi estatutan banatzea ekarri zuena. Judutar gutxiengoari lurraldearen %60 eman zitzion. Hauek plana onartu zuten, baina arabiarrek ez. 1948an Israelgo estatua sortu zen eta berehala, 5 estatu arabiarren eta Israelen arteko gerra hasi zen. Amaitzean, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniaren agindupean geratu zen eta Gaza Egiptoarenean. Ordurako Israelek legezkoa zena baino %26 lurralde gehiago okupatua zuen. Biztanleria arabiarraren %70-ak beraien etxeak uztera behartuak izan ziren, errefuxiatu bihurtuz.
1964an Palestinaren Askapenerako Erakundea sortu zen, 1969-tik aurrera Yasser Arafaten Fata erakundeak kontrolatua izango dena. 1974an Nazio Batuen Erakundeak PAE-a herri palestinarraren ordezkari bezala onartuko du. Sei Eguneko Gerran, 1967-an, Israelek Gaza eta Sinaiko penintsula kenduko dio Egiptori, Zisjordania eta ekialdeko Jerusalem Jordaniari eta Golango Gainak Siriari. Egiptok 1979an amore eman zuen Gazari buruzko bere eskaeretan eta Jordaniak 1988an Zisjordaniari buruzkoetan. 1967tik, Zisjordania, ekialdeko Jerusalem eta Gaza Israelen okupazio militarpean daude.
1991n bake elkarrizketak hasi ziren, 1993-an Oslo Akordioetan amaitu zirenak. Bertan, Gazan eta Zisjordaniaren zati batean estatu bat eraikitzea erabaki zen. Pixkanaka Israel okupaturiko lurraldeetaik irteten hasi zen, ardura Palestinar Aginteari pasaz. Bake prozesua 2000. urtean zapuztu zen, Ariel Sharon, ehunka poliziek babestua, Mezkiten Zelaigunea bisitatu zuenean, biztanleriaren eta bertako elizaren oposizioa mesprezatuz. Probokazio honek bigarren intifada ekarri zuen.
2014ko abenduaren 30ean jakin zenez, 2020rako israeldar baino palestinar gehiago izango ziren Jordania ibaitik mendebaldera. 270.000 inguru gehiago. 2016rako bi herrien arteko biztanle kopurua berdinduko zen, israeldar demografoek aurreikusi baino lau urte lehenago. Guztira 7,4 milioi palestinar egongo lirateke[1].