Aljebra
Aljebra eragiketak eta erlazioak aztertzen dituen matematikaren atala da. Aritmetikaz haraindi, zenbaki, aldagai eta beste elementu abstraktoen arteko eragiketak eta erlazioak osatuz (zenbakien arteko eragiketak eginez, adibidez), polinomioak, ekuazioak eta egitura aljebraikoak eratzen dira. Matematikaren atal nagusietako bat da, geometria, topologia, analisia eta zenbaki-teoriarekin batera.
Izena arabierazko al-jabr (الجبر) izenetik dator, osaketa, burutze esanahiarekin. Lehen aldiz Muhammad bin Mūsā al-Khwārizmī matematikari pertsiarrak idatzitako saiakera batean agertzen da, Al-Kitab al-Jabr wa-l-Muqabala izenekoa (arabieraz كتاب الجبر والمقابلة , euskaraz Burutze eta orekatze bidezko kalkuluaz). Aldi berean, etimologiaz, arabierazko aljebra, hezurrak osatzearen jakintzarekin du zerikusia.
Aljebrako sailkapena [aldatu]
Aljebra-mota zenbait bereizten da:
- oinarrizko aljebra, adierazpen aljebraiko eta ekuazioen hasierako ikasketa dena;
- aljebra lineala, bektore eta matrizeak aztertzen dituena;
- aljebra abstraktua, egitura aljebraiko izeneko objektu matematikoez aritzen dena;
- geometria aljebraikoa, aljebra abstraktua geometria aztertzeko erabiltzen duena.