Durangoko bonbardaketa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Durangoko bonbardaketa
Euskal Herriko fronteaGerra Zibila
Durangoko Bonbardaketa 1937-03-31.jpg

Durangoko bonbardaketa 1937ko martxoaren 31ean italiar hegazkin batetik ikusia.
Data 1937ko martxoaren 31a
Lekua Durango Bizkaia
43°10′N 02°38′W / 43.167°N 2.633°W / 43.167; -2.633
Emaitza Hirigunearen suntsipena
Gudulariak
Flag of Italy (1861-1946) crowned.svg Italiako Erresuma (Aviazione Legionaria)
Buruzagiak
Victtorio Cannaviello
Gildo Simini
Indarrak
9 Savoia-Marchetti SM.79
18 Fiat CR.32
Galerak
336 hildako Ez

Durangoko bonbardaketa nagusia 1937ko martxoaren 31n burutu zuten Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek. Martxoaren 31 eta apirilaren 4an arteko bonbardaketetan, erregistratutako datuek diotenez, bonbardaketak 336 hildako eragin zituen Durangon. Guztira hegazkinek 281 bonba baino gehiago jaurti zituzten, hau da, 14.840 kilo inguru guztiz lehergailutan[1]. Durangok ez zuen aireko erasoen kontrako inolako babesik[2].

Durango 1936an[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai hartan Durango Bizkaiko hiri garrantzitsuenetako bat zen: 8.797 biztanle zituen erroldatuta. Gerra hasi zenean, Durangoko Udalaren alkatea karlista zen, Adolfo Uribasterra. Tradizionalistek zortzi zinegotzi zeukaten udaletxean, Alderdi Jeltzaleak hiru eta Fronte Popularrak bi[3].

Aireko erasoak 1936ko gerran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko gerran hegazkin eraso gogorra jasan zuen lehenengo hiria Otxandio (Bizkaia) izan zen. Uztailaren 22an, goizean, herriko jaietan, 57 pertsona geratu ziren Andikonako plazan hilda. Populazio zibilaren aurkako hegazkin-erasoak beste lekutan ere egin ziren: Irun, Donostia... baina gogorrenak Durango eta Gernikakoak izan ziren.

1936ko irailaren 25eko bonbardaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko irailaren 25ean Gasteiztik heldutako hegazkinek hainbat bonba jaurti zituzten Durangon 11:00k aldera. Bonba horietako bat Ezkurdi pilotalekura jausi eta bertan ziren Gipuzkoa aldeko iheslarien artean 12 hildako eta zauritu asko eragin zituen. Iheslari eta milizianoek mendekua hartu zuten: herriko kartzelara joan, presoak atera eta Santi Kurutzeko kanposantuan tiroka hil zituzten. Guztira 22 preso hil zituzten, uztailaren 18an altxatzeko prest zeuden erreketeak gehienak[4].

1937ko martxoaren 31ko bonbardaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Placa bombardeo Durango.JPG

1937ko martxoaren 31n 07:00etan Soriatik (Espainia) bonbardaketa astuneko 24. taldeko 213 eta 214. eskuadrilako Savoia S-81 bederatzi hegazkin aireratu ziren. 08:00etan Logroñotik (Espainia) Fiat Cr-32 hamazortzi ehiza-hegazkin abiatu eta Errioxa gainean elkartu ziren Soriatik irtendakoekin. Handik formazioan joan ziren Idiazabaleraino. Idiazabal gainean bira eman eta eskuadrila bakoitzak bere helbururantz hartu zuen: 213. eskuadrilako bost hegazkin, Victtorio Cannaviello buru zutela, Elorriorantz joan ziren, eta 214. eskuadrilako beste lau, Gildo Simini buru zutela, Durangorantz[3].

Elorriora 50 kiloko 88 bonba utzi zituzten jausten. Durangora 214. eskuadrila sortaldetik sartaldera sartu zen goizeko 08:30 aldera, Kurutziagatik aurrera hiriaren diagonalik luzeena egin eta, bonbardaketako lau hegazkin haiek 50 kiloko 80 inguru bonba bota zituzten.

Santa Anako kanpaiek alarma deika jo zuten[1]. Jendea ez zen larregi larritu, aurreko egunetan hegazkinek errenditu ezik Bizkaia osoa suntsituko zutela mehatxuzko orriak besterik botatzen ez zutelako. Gero Santa Anako kanpaiak etenik gabe jotzen hasi ziren eta batzuk gordelekuetara sartu ziren, babes handirik ematen ez bazuten ere. Sirena entzun zenerako, 13 hegazkin ikusi ziren sortaldetik Abadiño gaineko zerutik zetozela, lau hegazkin astun bonbardaketakoak eta bederatzi arin ehizakoak.

Hegazkinak Kurutziagatik hasi ziren, goizeko eguzkia bizkarrean helburuak argiago ikusteko. Kurutziaga kalean, 34, 36, 38 eta 40. zenbakidun etxeak zeharo hondatu ziren. Kurutziagako gurutze zaharra ere apurtuta geratu zen.

Bonbak Jesuiten San Jose elizaren gainera ere jausi ziren[5]: lau horma eta aldare nagusia besterik ez zen geratu. Meza zen; Rafael Villalabeitia abadea, ostien kopa eskuan, komunioa ematen ari omen zen meza-mutila alboan zuela, eta Kirikiño Batailoiko gudari bat ari zen memento hartan jauna hartzen. Elizaren babespean zeudela sinistuta zeuden: elizaren sabaia, arkuak, habeak, koroa, organoa, koloretako beirateak... dena gainera etorri eta gero, hondakinen azpitik 50 bat atera zituzten hilda, emakumeak asko, baina gudariak ere bai, bertan meza entzuten zeuden 18 gudari hil zirelako.

Andra Maria elizan ere meza zen[6]. Carlos Morilla abade asturiarra ari zen meza ematen, eta bertan hilko zen. Sagaratzearen mementoa zen, kaliza gora zuela erori zen sabaia koroarekin eta horma batzuekin batera abadearen eta jendearen gainera.

Andra Mariako arkupean merkatua zen, eta haren gainera ere jausi ziren bonbak.

Santa Susana komentuan 11 moja agustindar hil ziren, eta haientzat lanean zebilen neska bat ere bai, mojak bertako txabola barruan babestu eta lehergailuetako batek haraxe jo zuelarik.

Komentuaren alboko etxeak ere erdi hondaturik geratu ziren, teilatu hondatu eta horma kaltetuekin.

Hegazkinek Durango gainetik hegaldi bakarra eginik pasatu ziren, 1.500 metroko altueratik bonbak jaurtiz. Bonbaketari italiarrek bonbardaketaren mementoa fotografiatu egin zuten, gainera, argazki panoramiko eta planimetrikoz. Argazki horietako bat ezagutzen da, hiria leherketa-onddoz josirik ikusten dena.

Bonbardaketa amaiturik ehiza-hegazkinak 400 bat metrora jaitsi eta jendea metrailatzen hasi ziren[3].

11:00etan berriro agertu ziren hegazkinak Durangora. Oraingoan, gainean ibili eta hiriari begiratu besterik ez zioten egin, aurrekoan egindako hondamendia ikustatzeko bakarrik beharbada.

Arratsaldean, 17:45 aldera, Soriatik heldutako zortzi hegazkin astunek bonbardatu zuten berriro Durango, beste hiru hegazkinek Elorrio erasotzen zuten artean.

Arratsaldeko bonbardaketa honetan kanposantura daraman zeharkalea bonbardatu zuten batez ere. Jendea hiltzeko leku aproposa suertatu zen, jende ugari zebilelako kanposantu eta ospitale artean goizeko bonbardaketaren ostean[3].

Savoia S-81 hegazkinen bonbardaketa izan zen: 50 kiloko 36 lehergailu bota zituzten eta 100 kiloko 22. Hegazkin astunetatik hiruk tren geltokia izan zuten helburu: 100 kiloko 13 lehergailu, 50 kiloko 20 eta 15 kiloko su-eragile 56 bota zituzten hara. Eusko Trenbideak enpresaren tailerrak eta hainbat bagoi suak hartuta geratu ziren.

Oraingoan ehiza-hegazkinak 33 izan omen ziren, informe frankisten arabera, eta hiritik ihesean zihoan jendea metrailatzen eta esku bonbak jaurtiz jardun ziren luzaroan Durango inguruko auzo eta landetan, Montorreta, San Roke, Landakon barrena. Defentsa gabeziaz baliaturik, hegazkinetatik metraileten munizioaren kaxak ere bota omen zituzten jendearen gainera.

1937ko apirilaren 2ko bonbardaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937ko apirilaren 2an, 16:30 aldera, berriro agertu ziren italiar bonbaketariak Durango gainera. Soria-Logroño-Gasteiz-Otxandio-Durango airebidea egin zuten oraingoan. Gasteiz gainean Fiat CR-32 ehiza-hegazkinak batu zitzaien bonbaketari astunei. 213. eskuadrilako hiru hegazkin joan ziren beste hainbat bonba jaurtitzeko Mañaria gainera. Beste hiru Savoia S-81, 214. eskuadrilakoak, 100 kiloko 10 lehergailu eta 50 kiloko 36 deskargatzeko pasatu ziren Durango gainetik.

Bonbak geltokian, Batzokia eta Ezkurdi aldean, Berrioren oinetako fabrikan, Merkatu plazan eta Andra Maria elizaren inguruan jaurti zituzten. Ospitalea ere bonbapean gelditu zen, Gurutze Gorriaren sinboloa errespetatu gabe. Hildako gutxi eragin zituen, jadanik jende gutxi geratzen zelako Durangon.

Aurreko bonbardaketaren albisteak frogatzeko etorritako lekuko ingelesak izan zituen bonbardaketa honek. Hewet Johnson, Canterburyko dean edo burua; John MacMurray, Londresko unibertsitateko filosofia irakaslea, Monica Whateley, London County Councilekoa; Margaret Beer, idazlea eta beste. Bonbak botatzen eta ehiza-hegazkinak ihesean eta gordeleku bila zebilen jendea metrailatzera jaisten zirela ikusi zuten. Canterburyko deanaren lekukotasuna garrantzitsua izan zen nazioartean zibilizazioaren aldeko gurutzada katolikoaren argudio frankista desmuntatzeko[3].

19:00etan beste bonbardaketa bat heldu zen Andra Maria eta Santa Ana artera. Lehergailu su-eragileak ere izan omen ziren, eta suak hartu zituen Artekale, Goienkale eta Kalebarriko etxeak.

1937ko apirilaren 4ko bonbardaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1937ko apirilaren 4ean beste bonbardaketa bat izan zen. Durango ia hutsik zegoen ordurako. Durangoren kontrako bonbardaketak apirilaren 26ra arte mantendu ziren. Apirilaren 26an Aviazione Legionariak hasieran eta Kondor Legioak ondoren Gernika bonbardatu zuen.

Durango eta Gernika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Gernikako bonbardaketa»

Durangon bonbaketari astunek 1.500 metroko altueratik jaurti zituzten bonbak. Gernikan 3.600 metrotik, ez hiri batak ez besteak hegazkinen aurkako defentsarik ez zuten arren. Durangon baino askoz bonba su-eragile gehiago erabili ziren Gernikan. 50.000 kilo bonba jaurti omen zituzten 43 hegazkinetatik, eta hondamendia handiagoa izan zen Gernikakoa, 600 inguru hildako, hiriko etxeen %70 zeharo suntsiturik, eta beste %20 kalteturik.

Planifikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Durangoko bonbardaketa Bizkaiaren kontrako erasoaldiaren planifikazioaren barruan egindako erasoa izan zen[2]. Ejercito del Norte delakoaren komandante Emilio Mola jeneralak erasoaldirako planak zehazten hasi zenerako zeregin behinena eman zion aireko erasoei[1]. Mola jeneralak herritarrei propaganda orriak airetik bota zizkien errendizioa eskatzen, bestela, Bizkaia birrinduko zuela agindu zuen, "horretarako bitarteko nahikoak zituela".

Bizkiaren kontrako erasoaldiaren planifikazioan Emilio Mola, Brigadas de Navarraren komandante Juan Vigon eta Aire Armada frankistaren buru Alfredo Kidelanekin batera, alemanek ere parte hartze zuzena izan zuten. Wolfram von Richthofenek eta Kondor Legioa zelakoaren logistika zerbitzuek egin zuten aire erasoen planifikazio teknikoa. Han zen Hugo Sperrle ere, Kondor Legioko komandantea. Bai eta Velani aire jeneral italiarra ere, armada italiarra berrantolatzen zen artean Gasteizera etorri zena.

Erasoaldia eta bonbardaketak agintari espainolek proposatu zituzten, alemanek zehaztu zuten planifikazio teknikoa eta Wolfram von Richthofenen hitzez, Kondor Legioarekiko “subordinazio lagunkoian” ari zen Aviazione Legionaria italiarrak egin zuen bonbardaketa, Soriako eta Logroñoko aerodromoetatik abiaturiko hegazkinez.

Operazioarako agindua “U. Marelli” izenez sinatu zen. Marelli hau Aviazione Legionariako Ferdinando Raffaelli koronela zen, 21. bonbardaketa-eskuadrako komandantea. 24. eskuadrako burua Iginio Mencarelli zen. Eskuadrila haiek saguzarra zuten izen eta sinbolotzat, Pipistrelli deitzen ziren eta hegazkinen buztanean saguzar zuriz pintatua zeramaten zirkulu beltzaren barruan.

Materiala ere elkarlanekoa zen. Durangon bota zituzten 100 kiloko bonbak italiarrak ziren eta 50 kilokoak alemanak.

Bizkaiaren aurkako erasoaldian, Manuel Aznar kazetari frankistaren arabera, 50.000 soldadu eta 500 edo 700 hegazkinek hartu zuten parte.

Espainiako Gerra Zibila eta Durangoko bonbardaketa ulertzeko Emilio Mola eta enparauak nondik zetozen jakin behar da. Maroko aldean Abd el-Krim eta bere arrifarren aurka Armada espainolak erabilitako metodoak espainolen arteko borrokara ekarri besterik ez zuen egin.

Izua zabaltzea zen Emilio Molaren helburua gerra hasieratik. Hitzez hitz esan zien Nafarroako alkateei 1936ko uztailaren 19an:

« Hay que sembrar el terror. Hay de dejar sensación de dominio eliminando sin escrúpulos ni vacilación a los que no piensen como nosotros.  »

Bertsioak eta isiltasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskadiko Gobernuak bonbardaketaren berri eman zuen munduan zehar. Emandako bertsioa nahiko egiatia zela egiaztatu da denborarekin, puntu batean ezik, Durangoko bonbaketariak ez zirela alemanak, baizik eta italiarrak.

Frankisten aldetik, Gonzalo Queipo de Llano jeneralak, Radio Sevillatik, horrela azaldu zuen Durangon gertatutakoa[3]:

« Nuestros aviones bombardearon objetivos militaren en Durango, y más tarde los comunistas y socialistan encerraron a los curas y monjas en las iglesias, asesinandolos a balazos sin piedad y quemando despues las iglesias.  »

Apirilaren 8an, George L.Steer egon zen Durangon eta lehenengo Times egunkarian eta gero The Three of Gernika liburuan honela idatzi zuen:

« Populazio zibilaren kontrako bonbardaketarik ikaragarriena izan zen memento hartara arte, gizadiaren historian ez zen halakorik gertatu 1937ko martxoaren 31 hartara arte.  »

Maiatzaren 17an, Jose Artetxe idazlea, jeltzale ohia, erreketeekin sartu zen Durangora eta ospitaleko erizain baten ahotik entzun zuen bonbardaketaz. Munduaren amaiera ematen zuela esan zion erizainak. Eta hildako gehienak eskumakoak zirela...

Claude G.Bowers, Ameriketako Estatu Batuetako kontsularen memorietan[3]:

« Gero Durangoko herri txikiaren martirioa gertatu zen, 1937ko martxoaren 31n, populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena munduaren historian.  »

Gogoratu behar da ordurako italiarrek populazio beltzaren kontra Abisinian aire eraso eta sarraski gogorrak eginak zituztela. 1935eko abenduaren 22an, 8.000 soldadu etiopiarrek Adi Quala inguratu zutenean, italiarrek hegazkin-bonbardaketa latza egin zieten, iperita edo ziape-gasa jaurtiz. 1925-1927ean Espainiako abiazioak Rifeko populazio zibila bonbardatu zuen behin eta berriro Abd el-Krimen Rifeko errepublika eraisteko ofentsiban, kasu honetan ere ziape -gasa ere erabiliz.

Bando nazionalaren bozeramaile eta historiagileen joera nagusia gertaerak minimizatzea izan zen. Manuel Aznar, Juan Vigon, Jesus Salas Larrazabal eta halakoentzat Durangon ez zen ia ezer gertatu[7]. Ezer egin bazuten, gune militarren kontrako erasoa izan zen, eta gainerako guztia propaganda gorria litzateke. Ricardo de la Ciervak, esate baterako, 1970. urtean esan zuen Gernikan 12 pertsona baizik ez zirela hil.

Nurenbergeko epaiketa orduko, 1934az geroztik Aire Indar alemanaren ministro izandako Hermann Göringi Gernikakoa bezalako bonbardaketak zergatik egin ziren galdeturik, hiri bonbardaketa haiek Luftwafferentzat probaleku modukoak izan zirela erantzun zuen. Eta froga ariketa haien biktimak aipatu zitzaizkionean, honela erantzun omen zuen:

« Tamalgarria da, baina ezin genuen besterik egin. Sasoi hartan ez genuen halako esperimentuak egiteko beste lekurik.  »

Espainian ez da inongo epaiketarik ez ikerketa ofizialik egin gertakari hauek argitu, zehaztu edota beren lekuan jartzeko[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]