1936ko Olinpiar Jokoen Historia Politikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

1936an udako eta neguko Olinpiar Jokoak Alemania Nazian egin ziren, Berlinen eta Garmisch-Partenkirchen-en (Bavaria), hurrenez hurren. Bi une hauetan kirola nazien estetika ezartzeko erabili zen eta Hitlerren erregimenak propaganda egiteko erabili zituen, ordura arte inork egin ez zuen bezala.

Egoitzen aukeraketak ez zuen eztabaida handirik sortu. Hala ere, Hitlerrek boterea hartu ondoren, boikotatzeko proposamenak egon ziren eta baita olinpiada alternatibo batzuk antolatzeko saiakerak ere. Jokoak egiten ari ziren bitartean Alemaniak errepresio antisemita gutxitu zuen eta munduari irudi hobea erakusten saiatu zen. Aldi berean alemaniar gobernuak kanpaina diplomatiko bat antolatu zuen eta atzerriko buruzagien begikotasuna lortzen saiatu zen. Etorkizunerako, jokoak Jesse Owensen irudiarekin lotuta geratu ziren.

Antolakuntzaren hautaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Berlini esleitu zion udako Olinpiar Jokoen antolakuntza, 1931ko Bartzelonako kongresuan. Jokoak antolatzeko hautagaien artean konde-hiria bera ere bazegoen. Garai hartan, lehenik eta behin udako Olinpiar Jokoak antolatuko zituen hiria aukeratzen zen eta, ondoren, Batzorde Olinpiko nazionalak neguko jokoen egoitza hautatzen zuen. 1924ko eta 1932ko neguko Olinpiar Jokoak udako Olinpiar Jokoetarako herrialde berean egin ziren. Horrexegatik, Alemaniako Batzorde Olinpikoak Garmisch-Partenkirchen hiria aukeratu zuen negu-lehiaketak egiteko.

Alemania hautatzeak karga politiko nabarmena izan zuen, lehendabiziko aldia baitzen kirol-lehiaketa handi bat egiten zela berriro herrialde horretan Lehen Mundu Gerraz gero; horri dagokionez, gogoratzekoa da Berlinen egitekoak zirela 1916ko udako Olinpiar Jokoak, baina bertan behera geratu zirela Gerra Handiaren ondorioz, hain zuzen ere.

Boikot proposamena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitler eta Alderdi Nazia 1933ko hauteskundeetan garaile atera ziren. Handik hilabete gutxira, batzorde olinpiko nazional batzuetako hainbat kide euren buruari galdetzen hasi ziren ea nazi erregimenak antolatutako jokoetan parte hartzea etikoa izango litzatekeen.

Izan ere, azkar (1933ko apiriletik aurrera) arrazagatiko segregazio-politika bat ezarri zuten kirol munduan eta gizarte bizitzako beste esparru batzuetan, gobernua eratzeko aukeratuak izan baino lehen zeukaten erretorika berretsiz. Bereziki, juduak kirol-elkarte eta -federazioetatik sistematikoki kanporatu zituzten eta kirol-instalazioetara sartzea debekatu zieten.

Alemaniari Joko Olinpikoen agintea kentzearen alde apustu egin zuen lehenengoa Avery Brundage, Estatu Batuetako batzorde olinpiko nazionalaren burua, izan zen. Horren ordez, beste herrialde batean egitea proposatu zuen. Brundage bereziki kezkatuta zegoen juduek jokoetan parte hartzeko jasan behar zituzten debekuengatik.

Bandera olinpikoa

Bere ustez, espiritu olinpikoaren oinarriak kolokan jarriko lirateke herrialdeek erabakitzeko ahalmena izango balute irizpide sozial, erlijioso edo arrazagatikoen arabera zeinek har dezakeen parte eta zeinek ez. Dena den, Alemaniara bisita bat egin ostean, Brundagek aditzera eman zuen alemaniar juduak ongi tratatzen zituztela eta Joko Olinpikoak aurreikusita zegoen bezala egingo zirela.

Brundage, erantzukizun berezia zuena estatubatuar ordezkaritza tradizionalki ugariena zelako, aurrerantzean boikot baten aurka azaldu zen, eta kirola judutarren eta nazien arteko harremanetatik urrun mantendu behar zela baieztatu zuen.

Adierazi zuen baita ere AEBk jokoetan parte hartzearen kontrako konspirazio bat zegoela judu-komunisten aldetik.

Boikotaren alde zeudenen aldetik, Jeremiah Mahoney AEBetako Atletismo Federazioaren presidenteak parte-hartze handia izan zuen. Mahoney-ren aburuz, Alemaniak espiritu olinpikoa urratu izan zuen arraza- eta erlijio-diskriminazioa inposatzean. Bere iritziz, jokoetan parte hartzeak Hitlerren alde egotea zekarren berarekin. Mahoney-ren boikotaren aldeko deiei bereziki AEBetako kristauek erantzun zieten. Ernst Lee Jahncke, boikotaren aldeko beste aktibista bat, Nazioarteko Batzorde Olinpikotik egotzi zuten AEBek jokoetan parte hartzearen aurka egiteagatik.

Boikotaren proposamena beste herrialde batzuetan ere biziki eztabaidatu zen, bereziki Erresuma Batuan, Frantzian, Espainian, Suedian, Txekoslovakian eta Holandan. Arrazoi politikoengatik erbesteratutako alemanak ere manifestatu ziren boikotaren alde. Hala ere, Espainia izan ezik, azkenean herrialde hauek guztiek jokoetan parte hartu zuten, hainbat ordezkaritzatako atletek (bai juduak, bai ez juduak) parte hartzeari uko egin arren.

Joko alternatiboak: Olinpiada Herrikoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Boikotaren aldekoak Bartzelonan lekua hartuko zuten joku alternatiboak prestatzen hasi ziren (Olinpiada Herrikoiak deiturikoak) 1936. urtean. Honako hautu hau egin zen Komite Olinpiko Internazionalaren erabakiaren ondorioz Bartzelonak Berlinen kontra galdu izanagatik. Hala ere, Guda Zibilaren hasieraren ondorioz 1936. urteko uztailean, ekitaldia hasi baino egun gutxi batzuk lehenago joko alternatiboak geldiarazi behar izan ziren. Ekitaldi honetan Hitlerren Berlinek baztertutako kirolariak parte hartuko zuten.

Herrialde partehartzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo herrialdeek parte hartu zuten jokoetan: Afganistan, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Belgika, Bermudak, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Costa Rica, Danimarka, Egipto, Erresuma Batua, Errumania, Estonia, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hegoafrika, Herbehereak, Hungaria, Islandia, India, Italia, Japonia, Jugoslavia, Kanada, Kolonbia, Letonia, Liechtenstein, Luxemburgo, Malta, Mexico, Monako, Norvegia, Peru, Polonia, Portugal, Suedia, Suitza, Turkia, Txekoslovakia, Txile, Txina, Uruguai eta Zeelanda Berria. Inoiz ez zuten hainbeste herrialdek olinpiar jokoetan parte hartu.

Biolentzia anti-juduaren ezabapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoak burutzen ziren bitartean eta aurreko hilabeteetan, beharrezkoa zen milaka bisitariei herrialdea eta bereziki erregimenak zituzten alde honak erakuztea, erregimenaren alde iluna izutatzeko. Honen ondorioz, Hitlerrek boterera iritzi zenetik abiarazitako kanpaina antisemitak ezabatuak izan ziren. Komunitate juduaren kontrako bortitzkeria, bereziki ikusgarri aurreko urteko udan, ia desagertu egin zen. Herri edo auzoetan ohikoak ziren jakinarazpen edo oharrak juduen presentzia debekatzen edo sahiesten (Juden sind nicht erwünscht – Juduak ez dira ongietorriak), eta antzeko kartelak Führerarren agintez kendu ziren (Henri de Baillet-Latour konde belgiarraren eskaeraren ondorioz, Komite Olinpiko Internazionalaren presidentea izandakoa), 1936. urteko otsailean, neguko jokoen inaugurazioa baino lehen. Horretaz gain, Alemaniak bere delegazioan jatorri juduko Helen Mayer esgrima tiraria sartzea onartu zuen, zilarrezko medaila irabaziko zuena.

Azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol eta aizialdi zonaldeetako aizpiegituren eraikitze, dekoratze eta berritzeak erritmo frenetikoan burutu zen, gastuei erreparatu gabe, jokoen egoitzaren itxura hobetu nahian. Begirada guztien zentrua, zalantza barik, Berlingo Estadio Olinpikoa izango zen.

Berlineko Estadio Olinpikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlingo Estadio Olinpikoa

Estadio berriaren lehen proiektuak Werner March arkitektuari enkargatuak izan ziren. Estadioak, Otto Marchek (Werner Marchen aita) diseinatutako Estadio Alemaniarra (Deutsche Stadion) ordezkatuko zuen, 1912-1913. urteen bitartean eraikitakoa Udako Joku Olinpikoen egoitza izateko 1916. urtean, burutu ez zirenak Lehenengo Mundu Gudaren ondorioz.

Estadioa eraikitzen zebiltzala, Hitlerrek berak bota zituen atzera Werner Marchen proiektuak; bitxikeria gisa, Hitlerrek proiektu hau komun-zulo moderno batekin parekatu zuen bere ohiko hitzaldietako batean. Hitlerrek estadio hau munduko handiena izatea exijitu zuen. Batez ere noski, Los Angeleseko 1932ko joko olinpikoetako estadioa baino nabarmenki handiagoa behar zuen. Izan ere, Hitler etengabean ibiliko zen eraikuntzaren tamaina txikia zela-ta kexaka.

Irekiera zeremonia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Su olinpikoa Berlinen.

Berlin esbastikez hornituta zegoen goitik behera, su olinpikoa 1936ko abuztuaren 1ean bertara iritsi eta XI. joko olinpikoak hastean. Estadio gainean Hindenburg izeneko baloi gidatu erraldoi bat zegoen, eta honek bandera olinpikoa zuen gainean esekita. Irekiera zeremonian, estadioaren edukierak baimentzen zituen 110.000 ikusleak baino gehiago zeuden bertan; kanpoan bitartean, miloi bat pertsona jarri ziren Führer-a eta zeremoniara gonbitatutako erregimeneko beste dignatarioak zeramatzaten kotxeen desfilea ikustekotan.

30 tronpetaz osaturiko orkestra batek agurtu zuen Hitler estadioan sartu zenean. Richard Straussek zuzenduta, 3000 pertsonaz osatutako koro batek, ‘’Deutschland, Deutschland über Alles‘’ Alemaniako ereserkia, eta ‘’Horst-Wessel-Lied’’, Alderdi Naziaren ereserkia kantatu zituen. Strauss bera izan zen ordurako bereziki konposatu zen Ereserki Olinpikoa zuzentzearen arduraduna.

Irekiera zeremoniarako estadioan sartu ziren delegazioetako askok agur nazia egin zuten Estatu Buruaren aurretik pasatzerakoan. Delegazio estatubatuarra eta britaniarra izan ziren agurra egiteari uko egin zioten gutxienetarikoak. Estadioa momentu epiko haiek grabatzeko jarri ziren kamera fotografikoz beteta zegoen. Leni Riefenstahlek, lehenago ere alderdiarentzako lan egiten ibilia zenak eta 1936ko Nurembergeko kongresua filmatu zuenak, jokoen parte handiena grabatu zuen gobernuaren aginduz.


Lehiaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udako jokoek aste bi iraun zuten. Kirolarien garaipenen artean, aipagarrienak Jesse Owens-enak izan ziren, urrezko lau domina irabazi zituelako. Badirudi Hitler-ek Owens eta beste dominadun beltzak zoriontzea ekidin zuela, Führer-ak dominadunak agurtzea aurreikusita ez bazegoen ere. Hala ere, Hitlerrek lehenengo bi urrezko dominak lortu zituzten kirolariak, finlandiar bat eta aleman bat, bai zoriondu zituen egiatan antolakuntzak aldez aurretik pentsatuta izan ez arren. Lehenengo egunean, oraindik probak bukatu gabe zeudela, Hitler estadiotik joan zen azken kirolari alemaniarrak altuera-jauzian kanporatuak izan zirenean. Jakitun zein ez, Hitlerrek alde egin zuenez, besteak beste urrezko eta zilarrezko dominak lortu zituzten Cornelius Johnson eta Davis Albritton afroamerikarrak aurrez aurre zoriontzea saihestu zuen.

Jesse Owens[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesse Owensek bigarren jardunaldian jokatu zuen, eta 100 metroko lasterketa irabazi zuen. Gertakari haren aurretik, Henri Baillet Latourrek Hitlerri jakinarazia zion protokolo olinpikoari jarraituz batzordeko ohorezko gonbidatu batek ez lukeela irabazlerik agurtu behar. Hitlerrek ez zuen domina-irabazleetatik inor agurtu. Hala ere, baieztatu daiteke Hitlerrek Owensekin topatzea saihestu zuela: Baldur von Schirachek, Hitleriar Gaztediaren buruak, proposatu baitzuen Hitler eta Orwens elkarrekin argazki batean agertzea.

Alemaniarrak garaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitler ia egunero agertu zen kirol jardunaldietara, eta beti zain zen jendetzak txalotzen zuen. Bere harrotasun eta pozerako, alemaniar atletek hainbat garaipen izan zituzten; Alemania izan zen udako jokoetan domina gehien irabazi zuen herrialdea; eta bigarrena, neguko jokoetan.

Dominak
Udako jokoak
Postua Herria Urrea Zilarra Brontzea Guztira
1 Bandera de la Alemania Nazi Alemania 33 26 30 89
2 AEB 24 20 12 56
3 Bandera de Hungría Hungaria 10 1 5 16
4 Italia 8 9 5 22
5 Bandera de Finlandia Finlandia 7 6 6 19
6 Bandera de Francia Frantzia 7 6 6 19

Oharra: dominadunetatik bederatzi juduak ziren.

Dominak
Neguko jokoak
Postua Herria Urrea Zilarra Brontzea Guztira
1 Norvegia 7 5 3 15
2 Alemania 3 3 0 6
3 Suedia 2 2 3 7
4 Finlandia 1 2 3 6
5 Suitza 1 2 0 3
6 Austria 1 1 2 4
7 Erresuma Batua 1 1 1 3
8 AEB 1 0 3 4

Austria garaitua, partida bertan behera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bada gertakari bat haserre handia piztu zuena lehiaketetan parte hartu zuten Hego Amerikako herrialdeen artean: NBOk Peru eta Austriaren arteko final-laurdenetako futbol partida baliogabetzea, hain zuzen. Partida, berez, Peruko taldeak 4-2 irabazi zuen, azken gola Teodoro Fernández Meyzán aurrelari bikainak sartu zuelarik (lehenago bertan behera utzi zizkioten beste hiru gol); baina, halako bertsio baten arabera, Adolf Hitler Führerrak, Austrian jaioa izanik, lehiaketaren antolatzaileak presionatu omen zituen partida baliogabetzeko. Horretarako, Peruko taldearen jarraitzaileek futbol-zelaia inbaditu eta austriar jokalari bat jo zutela alegatu zuen. NBOk, aurreko partidan zaleak (gehienak austriarrak eta alemanak) kontrolatzeko behar adina segurtasun-neurririk egon ez zela-eta, emaitza baliogabetu eta partida berriro ateak itxita jokatzea agindu zuen.

Protesta moduan, ordezkaritza peruarrak jokoetatik alde egin zuen eta, ondorioz, Austria irabazle atera zen.

Diplomazia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol-jarduerak aprobetxatuz, Hitler eta Alderdi Naziak atzerriko buruzagiei hotsandiko harrera egin zieten. Joachim von Ribbentrop-ek, zeina Hitlerrek Londreseko enbaxadore izendatu baitzuen baina oraindik jarduten ez baitzuen, ehundaka atzerritar gonbidatu zituen bere Dahlem-eko luxuzko etxean egiten zituen gala-afarietan. Joseph Goebbels-ek, Propagandako Ministroak, harrera bat antolatu zuen Havel-en (Berlin ondoko ibaian) su artifizialekin eta mila gonbidatu baino gehiago agertu ziren, batez ere atzerritarrak. Hermann Göring-ek, garai hartan Hitlerren ondoren kargurik garrantzitsuena betetzen zuenak, jairik handiena prestatu zuen. Henry Channon, Komunen Ganberako kide britaniar kontserbadorea, harrituta geratu zen Göring-ek 800 pertsonarentzat Aire Ministerioan emandako harrerarekin eta esan zuen ez zela horrelako festarik egon Luis XIV.aren garaitik eta baita Neronen garaitik ere.

Mediatizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Joko olinpikoen mediatizazioa oso bizia izan zen. Hiru mila irrati-emankizunetik gora egin ziren 50 herrialde baino gehiagorentzat. Estatu Batuetan adibidez, ehun irrati-estazio baino gehiagotan eman ziren Berlingo jokoen kontakizun eta erreportajeak. Joko hauek telebistak emandako lehenak izan ziren; hala ere emanaldia, Berlin hirira mugatua, kalitate gutxiko irudiz egina izan zen, baita garaiko teknologia kontuan hartuz ere.

Guztira, udako joko olinpikoetara lau milioi ikusle baino gehiago joan ziren. William Schirer kazetari amerikarrak eta Victor Klemperer politologo judu-alemaniarrak, propaganda naziaren eraginpean, bisitariak Alemaniaren dinamismo, alaitasun eta bake-nahiak harrituta geratu zirela kontatu zuten. Schirerrek bere kroniketan zera idatzi zuen: “Uste dut naziek hoberena lortu dutela beraien propagandarekin. Atletek atseginez hartu zuten joko olinpikoen antolakuntza maila, ordura arte inoiz ikusi gabeko handitasuna erakutsi zutelako. Gainera, naziek oso irudi ona utzi zuten bisitarien eta batez ere negozio gizonen aurrean.” Klemprerek begi onez ikusi zuen "jokoak lehenik eta behin gertaera politiko bat gertatu izana, zeinean alemanei eta atzerritarrei erakutsi zitzaien Hirugarren Reicharen loria-handitasuna eta espiritu bakezalea".

Kontakizun hauek alemaniar prentsan ere azaldu ziren, Gerra Zibilean erortzear zegoen Espainia errepublikano eta komunistatik zetozen lapurreta zein heriotza berriekin kontrastatuz. William Dodd enbaxadore estatubatuarraren egunerokoek, prensak orokorrean ematen zuen irudi positibotik aldenduta, iritzi publiko lokalaren gustokua izango zen propaganda deskribatzen zuen, baina atzerritarrek atsegingo ez zutena. (Doodek boikot proposamenaren alde azaldu zen eta negargarritzat jotzen zuen jokoetan parte hartzearen erabakia.)

Jokoak 1936ko abuztuaren 16an bukatzean berriz hasi zen juduenganako jazarpena. Jokoek arrakasta handia izan arren, 1936an Alemania berrarmatze azkarra dela eta, krisi ekonomiko batean murgildurik zegoen, kontsumo ondasunen gabeziak jota.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]