Costa Rica

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Costa Ricako Errepublika
República de Costa Rica
Costa Ricako bandera
Bandera

Costa Ricako armarria
Armarria

Goiburua: ¡Vivan siempre el trabajo y la paz!
(Gora beti lana eta bakea!)
Nazio ereserkia:
Noble patria, tu hermosa bandera
Costa Rica: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
San Jose
9°56′N 84°5′W
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania
Gobernua
Presidentea
Demokrazio konstituzionala
Laura Chinchilla
Independentzia
- Espainiatik

1821 irailaren 15
Eremua
• Guztira
• Ura

51.100 km² (125.)
% 0,7
Biztanleria
• Zenbatespena(2005)
• Dentsitatea

Herritarra

4.016.173 (122.)
81,40 biztanle/km² (91.)

Costarricar
Dirua Colón (CRC)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -6)
Ez (UTC -6)
Interneteko domeinua .cr
Telefono aurrezenbakia +506


Costa Rica Erdialdeko Amerikako estatua da, Ozeano Barearen eta Karibe itsasoaren artean kokatua. Mugakide ditu Nikaragua iparraldean eta Panama hegoaldean; ekialdean Karibe itsasoa, eta Ozeano Barea mendebaldean. Hiriburua eta hiri populatuena San Jose da (1.345.750 biztanle). Beste hiri nagusiak Alajuela, Cartago, Heredia, Puerto Limon eta Puntarenas dira. Costa Rica aspaldidanik izan da neutrala politikan: ez du armadarik (guardia nazionalak arduratzen dira barne segurtasunaz) eta Latinoamerikako politika sistema egonkorrena du.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde menditsua da Costa Rica. Landaredia klima tropikalari dagokiona da, irudian ikus daitekeenez.

Hiru mendikatek zeharkatzen dute herrialdea ipar-mendebaldetik hego-ekialdera: Guanacasteko mendiek, Erdialdeko mendiek (Irazu sumendia, 3.432 m) eta Talamancako mendiek (Chirripo Grande, 3.819 m). Mendikate horien guztien artean dago Costa Ricako erdialdeko goi-ordokia. Bertan bizi da jende gehiena (San Jose, 259.126 biztanle). San Juan ibaiak muga egiten du Nikaraguarekin. Costa Ricako ibaiak laburrak dira.

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tropikala eta hezea da ekialdeko kostaldeko ordokietan, eta hotzagoa barnealdean, altuera dela eta.

Biztanleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Costa Ricako biztanleak gazteak dira oro har: % 33 da hamalau urtetik beherakoa, eta % 62 hamabost eta hirurogeita lau urte bitartekoa (1999ko estimazioak). Jaioberrien hilkortasuna handia da: ia 13 haur hiltzen dira 10.000ko (1999ko estimazioa). Bizi itxaropena, berriz, aski altua da (76,04 urte) eta emankortasuna ere herri garatutakoen antzekoa da (2,76 haur emakumeko). Biztanle gehien-gehienek badakite irakurtzen eta idazten (% 94,8). Erlijioari dagokionez, katolikoak dira ia denak (% 95). Hizkuntza ofiziala espainiera da; ingelesaren dialekto jamaikarra ere hitz egiten da, Puerto Limonen inguruan batez ere, eta txibtxa familia amerikarreko bribri, kabekar, maleku, guiami eta bokota hizkuntzak halaber.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar Inperioaren garaia baino lehen, txibtxa hizkuntzetako herriak bertan bizi ziren, eta ondoren Espainia Berriko erregeordetzako probintzia izan zen hiru mendeetan zehar. Costa Rica Espainiaren kolonia izan zen, eta 1821. urtean egin zen independente. Independentziaren lehen urteetan istilu handiak izan ondoren, 1889. urtean demokrazia baketsuko aldi bat hasi zen, bi bider bakarrik eten dena: 1917-1919 urteetan diktadura bat egon zen agintean, eta 1948an altxamendu militar bat gertatu zen.

Kristobal Kolonek aurkitu zuen Costa Rica 1502. urtean, eta 1520an konkistatzaile espainiarrek menderatu zituzten bertako herriak. Espainiarrek konkistatu baino lehen, Antilletako herriak bizi ziren Costa Rican (huetar, choretaga eta boruca herriak). 1520. urtean 27.000 indiar bizi zen Costa Rican; 1567an 13.000 indiar zegoen espainiarren mendean. Konkistatzaileen nagusitasuna onartu ez zuten indiarrak borrokan segitu zuten XVII. mende barnera arte. XVII. mendearen hasieran, 7.000 lagun ziren eta XVIII. mende bukaeran ehunka batzuk baizik ez Costa Rica osoan.

Guatemalako Kapitain Nagusiaren mendeko lurraldea izan zen Costa Rica, 1821. urtean Espainiatiko independentzia aldarrikatu zuen arte —Mexikoren barnean— eta independentzia ofiziala 1839an eskuratu zuen.

Hurrengo urteetan, Mexiko eta AEBetako interesen menpe ibili zen. XIX. mendean kafea bihurtu zen Costa Ricako diru iturri nagusia eta Estatu Batuetako United Fruit konpainiak banana sail handiak landatu zituen bertan. XIX. mendeko bigarren erdialdekoak Santa Rosa eta Rivaseko batailak aipatzekoak dira, burujabetzaren alde egindakoak.

XX. mendean hiru aldiz konstituzioaren aurkako mugimenduak gertatu ziren, 1917, 1919 eta 1948an. Azken urte hartan, gerra zibila gertatu zen eta Jose Figueres Ferrer politikariaren aldekoak garaile irten ziren.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979tik aurrera, Nikaraguako gerra zibilak Nikaragua Costa Ricaren mugakidea da, eta eskualde osoa ia hamar urtez astindu zuen krisi larriak, eragin handia izan zuten Costa Rican, sandinisten kontrako oposizioko jende askok bertara jo baitzuen babes bila. Oscar Arias lehendakari sozial-demokrataren ekimenez (PLN, 1986an hautatua), hasi ziren Amerika Zentraleko herrialdeak negoziazioak egiten eskualde hartako gatazkak konpontzeko. Ariasen bake plangintza 1987an jarri zen abian, eta hori zela-eta Bakearen Nobel saria eskuratu zuen Ariasek 1987. urtean. 1990. urtean PLN alderdiak hauteskundeak galdu zituen, eta Rafael Ángel Calderón Batasun Sozial Kristauaren alderdikoa (PUSC) izan zen garailea, gehiengo erosorik ez zuela ordea Legebiltzarrean. 1994ko hauteskunde orokorretan, berriz ere PLN alderdiak hartu zuen aurrea oso alde txikiarekin, eta José Maria Figueres hautatu zuten lehendakari. Bi alderdien txandakatze etengabe horretan, alderdi batek beste alderdiaren lana eragozten zuen; alderdi txikiek erabakitzen zuten Legebiltzarreko oreka, eta gero eta ugariagoak ziren eskualde txikien interesen defentsan ziharduten higikundeak. Alabaina, Miguel Ángel Rodríguez lehendakariak (PUSC, 1998an hautatua), hasiera hobea izan zuen bere agintaldian, hain zuzen ere harreman onak zituelako oposizioarekin: izan ere, PLNko kideak jarri zituen gobernu berriaren postu garrantzitsuetan. Hala eta guztiz ere, 2002. urtean alderdibitasun horren gainbehera hasi zen, indar politiko berriek gero eta indar handiagoa baitzuten, Acción Ciudadana eta Movimiento Libertario alderdiek batez ere. Hainbaten ustez, bi alderdi tradizionalen lehendakari ohien eta goi mailako agintarien ustelkeriaren ondorio izan da egoera hori. Eskandalu politiko handienetako bat 2007. urtean sortu zen, jakin zenean gobernuko zenbait agintarik hainbat gomendio egiten zizkiotela Lehendakariari, hala nola, Hauteskundeetako Auzitegi Gorenaren araudiak saihestea, Hugo Chávez, Fidel Castro eta Daniel Ortegaren esku-hartzeari buruzko beldurra eragitea, eta NAFTArekin bat egiteko erreferendumean kontrako jarrera adierazten zuten kantoiak zigortzea.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Jose hiriburuaren ikuspegia

Costa Ricako oinarrizko ekonomia egonkorra da, eta hiru faktoreren mende dago: turismoa, nekazaritza eta elektronika gaien esportazioa. Azken hamabost urteotan asko murriztu da pobrezia, eta aseguru sozialeko sare indartsu bat garatu da. 1990eko hamarraldian, elikagaien ekoizpenak, kimikagintzak, ehungintzak eta metalurgiak gora egin dute, atzerriko eskariak eraginda batez ere, iparramerikarrak bereziki. Alabaina, sektore hauen garapena, hein handi batean atzerritar gaien inportazioaren mende baitago, gobernuaren neurri protekzionistek eragotzi dute, nahiz eta politika ekonomikoak liberalizatzera jo duen azken urteotan. Tradizionalki, batez ere azukrea esportatzen du Costa Ricak; 1980ko hamarraldian behera egin zuen azukre esportazioak, baina, merkatu txinatarra zabaldu zaionean, 1994 eta 1996 bitartean bikoiztu egin da. Ekonomiaren hazkundea handia izan da urteotan Costa Rican: % 0,9tik 1996. urtean, % 3ra igo da 1997. urtean, eta % 5,5ra 1998an. Inflazioa % 22,5era iritsi zen 1995. urtean; 1997. urtean % 11,1era jaitsi zen, eta % 12 igo zen 1998an. Langabezia tasa ez da batere handia (% 6,5), baina azpienplegu asko dago. Bestalde, gobernuaren defizit handiak barne zor oso handi baten interesak ordaindu beharrak areagoturik, gizarte zerbitzuen kalitateari eusteko ahaleginak moteldu ditu. Inflazioa menderatzea, defizita murriztea eta sektore publikoaren eraginkortasuna hobetzea dira gobernuaren egun erronka nagusiak. Miguel Ángel Rodríguez presidenteak dei bat egin du sektore pribatuak ekonomian duen papera indar dezan, baina erresistentzia handia dago pribatizazioaren kontra.

Hauek dira Costa Ricako auzi nagusiak gaur egun: sektore pribatua indartzea, gobernuaren mendeko aseguru sozialari eustea, eta aurrekontuaren defizita, langabezia eta inflazioa kontrolpean edukitzea.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Costa Ricaren banaketa administratiboa
Costa Ricako probintziak
  Probintzia Hiriburua Kantoiak Barrutiak Azalera (km²) Biztanleak*
1 Alajuela Alajuela 15 108 9.757,53 716.286
2 Cartago Cartago 8 48 3.124,67 432.395
3 Guanacaste Liberia 11 59 10.140,71 264.238
4 Heredia Heredia 10 46 2.656,98 354.732
5 Limón Limón 6 27 9.188,52 389.295
6 Puntarenas Puntarenas 11 57 11.265,69 357.483
7 San José San José 20 118 4.965,90 1.345.750

* 2000ko errolda

Costarricar ezagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Costa Rica Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]