Edukira joan

Bildoze-Onizepea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bildoze-Onizepea
 Zuberoa, Euskal Herria
Bildozeko eliza
Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Zuberoa
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaOloroe-Donamaria
KantonamenduaEuskal Mendialdea
Izen ofiziala Viodos-Abense-de-Bas
AuzapezaPierre Sueskun
(2008-2014)
Posta kodea64130
INSEE kodea64559
Herritarrabildoztar-oniztar[1]
Geografia
Azalera12.71
Garaiera110 - 420
Demografia
Biztanleria720 (2018:  12)
Dentsitatea58,85 biztanle/km²
Zahartzea[2]% 24,58
Ugalkortasuna[2]‰ 40,48
Ekonomia
Jarduera[2]% 71,55 (2011)
Desberdintasuna[2]% 8,13 (2011)
Langabezia[2]% 4,31 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 65,35 (2010)
Erabilera% 34,17 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera1842. urtea


Bildoze-Onizepea[3] ([bilðos̻e onis̻epe.a]) Zuberoako iparraldean dagoen udalerria da, Pettarra eskualdekoa.

Maulerekiko hurbiltasunak esker, ez du Zuberoako herri gehienek bezainbesteko biztanle galerarik izan.

Frantsesezko bere izena Viodos-Abense-de-Bas da.

Bildozerentzat Jean-Baptiste Orpustanek[4] euskarazko jatorrizko formaren etimologia topatzeko zokoratzen ditu Dauzat eta Rostaingen teoria (bildots hitza oinarritzat) zein Lemoinerena (latinezko Vinatius); -oz amaiera duten gehienetan bezala oinarri antroponimikoa duela uste du. Egun frantsesez erabiltzen den Viodos toponimoa agertu baino lehen[5] honako itxurak izan ditu: Biudos (1337), Biodos (1496, Ohixen kontratuak[6]), Viudos (1690).

Onizerena azaltzeko, Orpustanek Onizmendi muino eta etxe noblearen presentzia aipatzen du. Abense-de-Bas toponimoa azaltzeko,[5] berriz, Abenssa dejus Mauleon eta Avensa (1460an eta 1496an hurrenez hurren, Ohixen kontratuak[6]) eta Beata Maria d'Abence Inferioris (1658, Oloroeko elizbarrutiaren paperak[7]).

Okzitanieraz Biudòs-Avensa de Baish deritzo. Zuberoan herri askoren izenekin gertatu bezala, euskarazko jatorrizko izenetik gaskoi aldaera bat sortu zen, eta gaskoi forma horretan oinarritu zen frantsesez arautu eta ofizial bihurtu dena. Okzitanian bada herri homonimo bat, Landetako Biudòs (frantsesez Biaudos), Baionarekin harreman handia duen Seinautze eskualdean.

Ingurune naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uhaitzandi ibaiak udalerriaren ekialdeko muga markatzen du, aipatu Urdagietaren salbuespena izan ezik; beste aldean Sohüta, Berrogaine-Larüntze eta Larrabile daude. Ibaiaren ertzean daude punturik baxuenak (120 bat m). Akharrabia[8] errekak mendebalde-ekialde norabidean antzinako bi udalerrien banaketa egiten du.

Punturik altuenak mendebaldean daude: Lapitzaga (406 m) Ainharbetik oso hurbil eta beste muino bat (400 m) azken herri honetako, Bildozeko eta Lextarreko lurrek bat egiten duten lekutik hurbil. Urdagietan, Bildoze-Onizepea, Berrogaine-Larüntze, Ürrüstoi-Larrabile eta Mitikile-Larrori-Mendibilek bat egiten duten puntuan muino bat dago, Larleta (292 m); aztarnategi protohistorikoa dago.

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egungo udalerriak batu ziren biren batuketa da; bakoitzak zenbait auzo ditu.

  • Bildoze (oraingo udalburua): biztanle gehienak herri barnean eta bere iparraldean zabaltzen den Eki Begia auzoan biltzen dira. Auzo txiki sakabanatuen artean mendebalderantz dagoen Bizkaiburu edo Uhaitzandi ondoko Uhartia.
  • Onizepea: kaskoaz gain hegoaldean Bildozerekiko mugan dagoen Haitz Bidea nabarmentzen da; txikiagoak: Onizmendi (gaztelua barne) eta mendebalderantz dauden Agerreberria, Aizagerria eta beste. Azkenik udalerriak Uhaitzandiren ekialdean duen lur zati bakarrean Urdagieta auzo zaharra dago.

Jakes Bela, XVII. mendeko euskal idazleak Bildozen foruak zeudela azaldu zuen, ondo gordeta zeudenak ere[9].

Bildoze eta Onizepea herriak, lehenago udalerri bana zutenak, 1842an batu ziren udalerri bakarra osatzeko.

Udalerriko ekonomia tradizionala laborantzan dago oinarritua (abelazkuntza, belardiak). Hala ere, Maulerekiko hurbiltasunak[10] sektore industrialaren garapena ere ekarri du, batez ere tailer eta lantegi txikiak[11].

Bildoze eta Onizepea XIX. mendean udalerri bakarrean batu zirenetik, biztanle kopurua 700 ingurukoa izan da. Kopururik handiena 1980ko hamarkadan erdietsi zen, 900 biztanleen maila gaindituta. XXI. mendean berriro 700 biztanleetara jaitsi zen populazioa.

Bildoze-Onizepeko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE
Alkatea Agintaldia
Jean-Charles Barkoïsbide 1995-2001
Pierre Sueskun 2001-2008
Pierre Sueskun 2008-2014
Pierre Sueskun 2014-2020

Jaiak eta ospakizunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abuztuko lehen asteburuan ospatzen dira udalerriko zaindariaren jaiak.

Bildozen eta Onizepean Lehen Hezkuntzako eskola publiko bana dago[12].

Bildoze-Onizepeako Sauveur Camus[13] (Ahotsak[14] proiekturako)

Bildoze-onizepean[15] Pettarrako hizkera[16] erabiltzen da, zubereraren aldaera.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Onizepeko Jasokundearen eliza. XVII-XVIII mendeetako erretaula dago bertan.
  • Bildozeko elizak XVII-XVIII mendeetako erretaula du. Eliza XVIII. mendekoa da.
  • Onizepeko Onizmendi jauregia, herriaren izena daramana.

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bildoztar-oniztar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia: 99. araua: Zuberoako herri eta herritarren izenak.
  2. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  3. Euskaltzaindia: 92. araua: Zuberoako herri izendegia.
  4. Jean-Baptiste Orpustan: Toponymie basque, Presses Universitaires de Bordeaux, Bordele, 1991.
  5. a b Paul Raymond: "Dictionnaire topographique Béarn-Pays Basque"
  6. a b XV. mendeko Zuberoako notarioa zen Ohixen kontratuak - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  7. XVII. mendea - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  8. Accarabie Cassiniren mapan eta Recalt (Errekalte, Errekarte) Paul Raymonden Dictionnaire topographique du département des Basses-Pyrénées, 1863.
  9. Philippe Veyrin, "Les Basques", 156. orr. Arthaud, 1975, ISBN 2-7003-0038-6 . Jatorrizko testuak honela zioen: "c'est au village de Viodos que de tout jamais en ça les habitants de Soule ont mis et tiennent les escrits de leurs privilèges, qui y sont serrés en l'église, dans un endroit de la muraille à ce destiné et qui se ferme à sept clefs, qui sont gardées par les sept dégans du païs, chascun en ayant une"
  10. Maule-Lextarre eta Sohütarekin "konurbazio" txiki bat osatzen duela esan daiteke.
  11. Etrxegintzarekin zerikusia duten enpresa batzuk adibide gisa.
  12. Eskola zerrenda Zuberoako Herri Elkargoaren webgunean.
  13. «Camus, Sauveur - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  14. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  15. «Bildoze-Onizepea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).
  16. «Pettarrakoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-22).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa