Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Neolito eta Kalkolitoa Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak

Neolito-Kalkolito aroetan Euskal Herrian garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren. Ekonomiaren oinarriak nekazaritza eta abeltzaintza izan ziren aro honetan, eta horrek antzinako kultura mundua goitik behera aldarazi zuen: lurralde berriak hartu zituzten gizataldeek bizitoki, bizitokiak haitzuloetatik kanpo hasi ziren eraikitzen (garai honetako aztarnategi ugari aurkitu dira haitzulo eta harpeetatik at), industria berriak asmatu ziren, gizarte molde konplexuagoak eratu ziren eta sinbolo eta hiletei dagokienez mundu berri bat sortu zen, eta trikuharriak, tumuluak eta haitzulo barneko errausketak egiten hasi ziren. Aldaketa eta dinamismo handiko garaia izan zen, zalantzarik gabe, eta horrela, kanpai formako ontzien zabalkundea, metala lantzeko teknologien transmisioa edo apaingarrien ugaltzea Euskal Herrian bizi ziren gizataldeek Europako beste lurralde batzuetako kultura zirkuluekiko harremanak finkatzeko beharraren ondorio izan zirela esan daiteke.

Produkzio ekonomiarantz, lurraldearen antolamendu berria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako Neolitiko kultura nagusiak, k. a. 3.500 inguruan

Gizataldeentzat berebiziko eragina izango duen kulturazko gertaerarik garrantzizkoenetako bat ekonomian produkzio jarduerak baliatzen eta indartzen hastea izango da zalantzarik gabe, nekazaritza eta abere hazkuntza finkatzea alegia, era horretara Paleolito eta Epipaleolito aroetan tipikoak ziren ehizaren eta janari bilketaren lekua hartuko baitute jarduera berriok.

Denbora luzea behar duen prozesua izango da zalantzarik gabe, hasi hasierako lehenengo saio nolabaitekoetatik, eta Neolito eta Kalkolito aroak bete-betean hartuko dituen historiaurreko aldian erabat finkatzen diren arte; bi aro horiek hain zuzen elkarren artean inolako etenik izan gabe gertatuko baitira elkarren ondoz ondo K. a. V. milurtekotik K. a. II. milurtekora bitarte, bien arteko muga, jartze alde, K. a. 2500. urte ingurutsuan jarri ohi delarik. Uste izatekoa ere badenez, ekonomia erregimenean gertatzen diren aldaketek berez ekarriko dituzte kulturaren bestelako alorretan ere sakon-sakonetiko aldaketak: habitatean, teknologian, gizarte antolabidean, gizonaren eta ingurunearen arteko orekari dagokionean, eta azkenik, ehortz moduetan eta errituetarako tresneriaren prestaketan bete-beterik ageri den ideologiazko oinarrian eta berorren adierazpen sinbolikoan.

Askotan zuzen-zuzeneko lotura ezarri nahi izan da giza jokaeran izan diren aldaketen eta klimaren aldaketen artean, klimarenak haien aldaketaren edo bultzagarri edo eragile deterministatzat harturik. Aztertzen ari garen honetarako, bada, ongi ezagutu beharko genuke ea zein egoera zuen Euskal Herriaren klimak eta paisaiak Atlantiko aldian (5500-2500) eta Azpiborealean (2500-500), Holozenoko bi aldi bereizi horiek ederki adosten baitira hain zuzen, biak, bata Neolito aroari eta bestea Kalkolito aroari eman ohi zaizkien ustezko iraupen aldiekin. Euskal Herriko historiaurreko aztarnategi bat baino gehiagotako polen zerrendak argitaratu dira: Mouligna, Le Baste, Zatoia, Abauntz, La Peña, Herriko Barra… eta beste hainbatekoak bildu dira: Aizpea, Pico Ramos, Fuente Hoz, Berniollo, Peña Larga, Kanpanoste Goikoa… baina goiz da oraindik garai bakoitzeko ekologia inguruneen deskribapen zehatz xeherik egin ahal izateko: gauza ezaguna da basoen hedatzea, haltza, hurritza eta harizti artadia zabalduz doazela; gauza ezagutua da orobat Euskal Herriko hegoaldeak geroz eta Mediterraneo eite handiagoa hartzen duela garai horretan, eta ozeano aldeko giroa nagusitzen dela Kantauri aldeko isurialdean, eta 2500-1500 bitartean gertatzen dela klima arorik bikainena, orain baino bero eta euri gehiagorekin hain zuzen. Baina honen ikuspegi zehartu eta orokorrean oso kontuan hartu beharko lirateke halaber Euskal Herriaren ezaugarri bereziak ere, eta haran eta eskualde desberdinetan diren mikroklima desberdinak. Hala, adibide baterako, Bizkaiko Muskizko Pico Ramosko eta Gipuzkoako Zarauzko Herriko Barrako historiaurreko aztarnategiak hartzen badira, biak K.a. 3800 ingurukoak eta biak itsaso ondokoak izanik ere, harizti nahasizko ingurune irekia du ezaugarri lehendabizikoak, eta bigarrenak aldiz haltza, urritza eta pinua nagusi diren ingurune itxi baten ezaugarriak ditu.

Esandakotik, aipatu diren ekologia desberdinetatik alegia, berez bezala dator gaurko Euskal Herriari dagokion eskualde honetan baliabide aukera zinez zabala duela gizonak, eta kulturazko beste horrenbesteko soluzio aukera zabal batean gauzaturik islatzen dela horrenbestez, baliabide aukera zabal hori.. ) Kosta eta estuarioa: Euskal Herriko itsasbazterrak berez dituen ezaugarri topografikoengatik beraiengatik, itsasbazterraren ustiaketak osagai izan ditzake estuarioek eta erdi mailako mendiek eman ditzaketen produktuak.

Santimamiñe, Kobeaga II, Pico Ramos eta Marizuloko aztarnategietan itsasoko soinbera aztarren pila handiak aurkitu dira –Santimamiñekoan hala ere milaka–: lapak, muskuiluak, karrakelak, datilak, ostrak eta txirlak, bertako badien ustiaketa handiaren ezaugarri; horrekin batera badira arrantzaren aztarrenak, itsas hegaztien ehizarenak –pinguino mota bat Pico Ramosen eta Herriko Barran–, ugaztun apodunen ehizarenak –oreina, orkatza eta basurdea batez ere– eta baso ustiakuntzarenak orobat.. ) Ozeano aldeko eta Mediterraneo aldeko klima bitartekoa: izendapen honen bidez gaur egun bertan, eta antzina ere halaxe uste dugu, Atlantiko aldeko klimaren eta Mediterraneo aldekoaren ezaugarri bereziak elkarrekin batera dituzten egoerak nahi ditugu adierazi. Arabako lurraldean – Kantauri alderako haranetan salbu– eta Nafarroako hegoaldean gertatzen dira batez ere halakoak. Historiaurreari dagozkion datuak ondorio finkoak ateratzeko modukoak ez diren arren, hain baitira urri, leku horietan ere baliabide asko izan zitezkeela ez da ezin pentsatuzkoa: baso oparoa, goratasunaren eta latitudearen arabera era askotako landare motaz hornitua, arrantzarako probetxu ateragarri izan zitezkeen ibaiak, berez hornidura iturri bikaina izan zitezkeen ur bazterreko basoak –Neolito aroko zenbait aztarnategitan frogaturik dago giza hornidurarako ur eta ezkur bilketa egiten zela–, mota askotako abereak –oreina, orkatza, basurdea eta bobidoak dira azaldu diren motarik handienak– eta nekazaritzarako egoki eta eroso izan zitezkeen lur sailak.. ) Mendi garaia eta Pirinioetako haranak: eskualde horretan klima baldintza egokiak direnean baso aldeak eta berezko belardiak elkarrekin tartekaturik izaten dira; abere mota asko joango zen horietara udaldian; alde horietako errekak eta ibaiak ere arrantzarako erabilgarri zaitezkeen –gauza ziurra da Irati ibaian Aizpeako lekua horretarako erabilia zela–. Neolito aroa aurrera zihoala, eta abere hazkuntza aski finkaturik zela, gizataldeak sarri joango dira lur gora horietara beren abere taldeak eramanez.

Ia mendi goi guzietan diren trikuharrien ugaritasunak berak erakusten du zalantzarik gabe mendi goi horietan luzaro bizi izan zela gizona.

Hortaz bada, ondorio gisa esan daiteke Euskal Herriko lurralde osoaren ezagutza, erabilera eta ustiakuntza, Epipaleolito aroko azkeneko ehiztari-biltzaileek ordurako hasia zutena, Neolito aroan guztiz burutuko dela, eta lurraldearen bestelako antolamendu bat hasiko dela garai horretan.

Lehen ere esan dugu abereak eta landareak hezi izana dela Neolito aroaren ezaugarri bereziena, aro horren nolakotasuna ongien adierazten duena, eta horrexegatik hain zuzen, obsesio bat izan da historiaurrearen ikertzaileen artean eskualde bakoitzean prozesu horren jatorria zein izan zen asmatu nahi izatea. Ez da batere erraza ordea langintza hori; horrelako asmo bat onez burutu ahal izateko aztarna paleontologikoen multzo handia behar baita alde batetik, eta landare polen eta bihiak ongi kontserbatuta egotea bestetik. Gauza jakina da zakurra dela Euskal Herrian ere, bestetan bezala, lehenik otzandu zen animalia –badirudi Goi Paleolito aroaz gero otzandua zela–; eta gauza bitxia bada ere, zakurra izango da haragitarako baliatuko ez den animalia bakarra, ehizarako duen trebeziagatik hartarako baizik ez baita erabiliko.

Ardiak, ahuntzak, zerriak eta behiak dira otzandutako abereak; abere otzanduok ehizako animaliak baino gutxiago agertu ohi dira proportzioz aztarnategietan; seinale Neolito aroko gizakiak ehiztariak zirela gehienbat, eta elikagai osagarri mugikor gisa erabiltzen dituztela nonbait abere etxekotuok.

Peña Largako aztarnategiko abere zerrenda argitaratu berria harrigarri gertatzen da zentzu honetan, bai k. a. 4000. urte inguruan datatu den Neolito aztarnategi baterako erakusten duen abere etxekotuen ugaritasunagatik, alde batetik, bai abere etxekotuok ehizakoak baino gehiago izateagatik, bestetik. Datu hori –geroxeago xeheago adieraziko baita– harpe horretako beste ezaugarri batzuekin dituen erlazioen argitara behar da interpretatu, guztiz berezi gertatzen baita, orain arte ezagutzen diren aztarnategien artean, Errioxako harpe hori: kanpotik etorritako jendeak antolatutako kokaleku mota berri bat ote, ala k. a. laugarren milurtekoa aurrera doan ahala zabalduz joango den prozesu baten aurrekari bakana.

Peña Largako aztarnategiaren kasua alde batera utzirik, gainerako guztian k. a. laugarren milurtekoaren erditik aurrera zabalduko da abere hazkuntza eta jarduera horren emaitzen ustiakuntza; une horretatik aurrera, hain zuzen, hainbesterainoko balioa izango dute historiaurreko jende talde horientzat abere hazkuntzaren emaitzek, non ehortz errituetako sinbolo mundu aberatsaren parte bilakatuko baitira abere etxekotuez eta haien hezurrez egindako irudien eskaintzak. Eta uste izatekoa da nekazaritza ere abere hazkuntzarekin bateratsu dela hasia; gai honi dagokionez ordea datu gutxiegi du oraindik arkeologiak ezer ziurrik baieztatu ahal izateko: Kanpanoste Goikoako aztarnategiaren II. mailan aurkitu den basartoa da, gaur gaurkoz, Neolito azken aldiko laborearen lekuko bakanetakoa, baina zalantzarik ez da denborak ekarriko dituela berri zehatzagoak. Nolanahi dela ere, garai horretan ehizak, arrantzak eta bilketak parte handia zuten oraindik ere gizakiaren elikaduran.

Neolito aroko gizonari izadiaren ikuskera berri bat, lehengoa ez bezalakoa, ekarriko dio, besteren artean, produkzio ekonomian sartu izanak; bere bizilekua hautatzeko moduak ere aldatu egingo ditu, aukera horren ondorioz. Jarrera berriak frogatuz doazen ahala, gizakiek beretzen dituzten ahala, Epipaleolito garaiko erregimen zaharraren ezaugarri zen lurralde antolamenduak indarrean iraungo du oraindik ere zenbait lekutan; Epipaleolito garaian –edo lehenago ere– bizilekutarako erabiltzen hasiak ziren zenbait lekutan, Zatoia, Aizpea, Berroberria, Padre Areso, La Peña, Fuente Hoz, Kanpanoste Goikoa, Atxoste, Mendandia eta Montico de Txarratuko aztarnategietan, adibidez, badira zenbait maila Neolito hasiera edo erdiko aldi honetakotzat eman daitezkeenak. Bizitokia aldian aldian bisita laburrak egiteko babeslekuetan antolatze honek luzerako etorkizuna eta eginkizun handia du oraindik ere, alde batekin ordea oraindik aurrera: hain zuzen, lehendiko ehiza leku horietan badela maila hauetatik aurrera abere mota etxekotuen aztarrenik, ehizaren aldean gutxi izan arren, eta badela orobat zeramikarik, Neolito aroko ezaugarriak biak, jakina. Eta behin 3500. urte ingurura hurbilduz gero, babesleku horiek alde batera uzten dira erabat, edo ehortz leku gisa erabiliko dira gehienez ere handik aurrera, eta bizileku horien ordez aire zabaleko egoitzak antolatzen dira, ez haran hondoetan edo igarobide estrategikoetan antzinako garaietan bezala, ibar arroaren erdian edo mendi gainetan baizik: ideia hau kontu handiz zehaztu beharra dago, ordea, zeren ezagutzen baitira 3500. urtea baino lehenago aire zabalean kokatutako bizilekuak eta baita urtetsu horietan berorietan harpeetan berritik antolatutako bizilekuak ere.

Aldakuntza hori zehatz ebakirik ageri da Araba eta Nafarroako lurretan, baina handik iparralderagoko lurretan ere sumatzen da, Sollube aldean berriki egin diren aurkikuntzek argi erakusten duten bezala. Bizilekuen kokaera berri honek lurralde berriak konkistatzea eragiten du; eta hala, lehen gizakiaren presentzia –Neolito erdialde hau baino lehenagoko arkeologia dokumentazioaren urritasunak erakusten duenez– oso urria edo hutsa zen hainbat lekutan oparoa eta era askotakoa izango da hemendik aurrera: Arabako Riorrojo eta Ihuda ibaien ibarrak horren adibide bikainak dira, ehundik gora aztarnategi aurkitu baitira leku horietan garai honetakotzat ematekoak; gauza bera gertatzen da Nafarroako erdialdean, Errege Bardeetan, edo Entzia eta Urbasa mendi aldeetan, ongi eta zehatz deskribatuta dauden aztarnategiak baizik ez aipatzearren.

Badira beste bi arrazoi ere, habitat aldatze horren zergatiak ulertzeko lagungarri izan daitezkeenak: alde batetik biztanleriaren ugaltzea, zenbatekoa izan zen aise zehaztu ezin daitekeena, baina ageri-agerian dagoena, eta beste alde batetik antolatzen ari diren ekonomia jarduera berrietarako egokiago izan daitezkeen lurraldeak eta paisaiak bilatzea.

Historiaurreko garaietan demografiak izan zitzakeen gorabeheren ikerketak baditu neke eta zailtasun handiak, baina une honetan aztertzen ari garen garai honetarako, gizataldeen egoitzak dagoeneko egonkor bilakatu direlarik, eta jakinik nekazaritzak berez dakarrela biztanleriaren hazkunde logistikoa, Euskal Herriko biztanleriak hazkunde bat izan zuelako ustea uste ziurra da; bestelako gauza dateke biztanleriaren hazkunde hori zenbaterainokoa izan zen neurtzea; egin izan dira horretarako ahalegin batzuk, emaitzak ordea ez dira nahi bezain fidagarriak izan. Hasteko, aski dateke jakitea hazkunde hori gizataldeen barneko dinamikak berak eragina dela alde batetik, eta bestetik kanpotiko gizatalde banaka batzuk ere iritsi zirela, bertakoen artean etenik eta desorekarik eragin gabe bertakotu zirenak (Neolito eta Kalkolito aroen amaiera aldera beharbada).

Demografiaren hazkunde horrek, eta orobat lurraldearen erabilerarako planteamendu berriek, aztarnategien ugaltzea ekarriko dute lehenengo zuzeneko ondorioa, geometrikoki ugalduko baitira hain zuzen, hainbesteraino non Kalkolito arorako ehundaka aztarnategi eta bizileku izango baitira Euskal Herri osoan zehar. Hain zuzen, garai horretako bizilekuen banaketaren mapa bat egiten baldin bada, K.a. IV. milurtekotik II. milurtekora bitarteko bizilekuena egiten bada batez ere, berehalaxe ikusten da Euskal Herriko ibar, ordoki eta mendialde guzti-guztietan direla bizilekuak, gehiago ala gutxiago. Garai horretako aztarnategi zerrenda luzea ezagutzen da; era eta eginkizun askotako aztarnategiak dira gainera, zeren bizileku soil izanak diren aztarnategien ondoan badira lantegi izanen aztarnak ere –silex harrobiak adibidez–, eta badira ehorztegi edo hilobi guneak diren aztarnategiak ere. Aipatu berri den alderdi honek hain zuzen, heriotzaren inguruko erritu eta sinboloenak alegia, gogoeta pausatu berezia merezi du, aldi honetan hartzen duen konplexutasun handiagatik batez ere, ez baita ahaztu behar lehenagoko garaiei dagokienez ez dakigula ezer ere gai honi buruz. Eta aipatu berri den informazio multzo handi honen paradoxa gaiztoz, aitortu beharra dago, eta kexuz aitortu ere, eskasa dela kalitatez informazio hori, hainbesteraino non 1970 ondoko urteetan Apellaniz doktoreak egindako ahaleginei esker baizik ezin izan baita oraino zeramikadun kultura horien sintesirik egiten eta azalpenik ematen hasi ere. Arazo horietan guztietan badu zer ikusia orain artean ez eduki izanak ez estratigrafiarik ez datazio absolutuen zerrendarik, zeuden datu guztiak haietan oinarrituta sailkatu ahal izateko.

Horregatik guztiagatik, eta salbuespen guztiak salbuespen, Apellanizen obra hori da garai honetarako argitaratu den erreferentzia orokor bakarra. Obra horretan bi multzoren arabera antolatzen ziren kulturazko koordenatuak: Santimamiñeko multzoa Kantauri aldeko erlaitzean gertatutakoen paradigma gisa, eta Los Husoskoa Mediterraneo alderako isurialdean gertatutakoen paradigma gisa. Apellanizen iritzian tradizioari atxikirik jarraitu izanaren ondorioz dauzkate Santimamiñeko multzoan bizilekuak oraindik ere haitzuloetan eta arrazoi beragatik hasten dira, hasi ere, berandu produkzio mota berriez baliatzen. Los Husosko multzoko gizataldeek, aldiz, dinamismo bizkorragoa zuketen, Apellanizen iritzian, era gehiagotako bizilekuak antolatzen zituzten, industria mota desberdinagoak baliatzen eta ekonomia formetan aniztasun handiagoa erakusten. Hala ere, historiaurrearen ikerketan egin diren aurreramenduek, aurkikuntza berriek, kulturazko zenbait gertaeraren analisi zehatzek –zeramika kanpaniformearenak adibidez–, eta orain dela gutxi arte informaziorik ia batere ez zen Euskal Herriaren inguruko beste lurraldeetan gertatuaz orain ezagutzen denak, agintzen dute kontu handiz hartu behar direla, eta xeheki zehaztu, iritzi horiek guztiak, orain arteko ikuspegiak alda ditzakeen sintesi berririk gaur arte behintzat egin ez bada ere.

Kultura materiala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zeramika kardiala

Neolito aroko lehenengo gizataldeen tresneria Epipaleolito aroko irudi geometrikoen garaiko gizakiak erabiltzen zuen tresneriaren zordun da, inondik ere: silex harriz egindako tresneria soil bat baizik ez duelarik egingo die aurre gainera datozkion erronkei. Neolito aroaren hasierari dagozkion maila edo geruzetan garrodun edo bizkardun tresnak eta irudi geometrikozkoak (hirukiak eta trapezioak), zentimetro bat-bi luzeko piezatxoak, elkarren segidan loturik ehizarako tresneria egiteko baliatzen direnak, dira arkeologoek sarrien aurkitzen dituztenak. Lehenagoko garaietan tresneria geometriko gehienak trapezio edo hiruki formakoak baziren, k. a. IV. milurtekoa baino lehentxeago segmentu formako tresneriak hasiko dira erabiltzen haien ordez, eta tresneria horixe hartuko da, hain zuzen, zeramikarekin batera, maila bat Neolito aroari dagokion ala ez erabakitzeko aztarren gisa.

Lehen ere esana dugu Neolito aroaren hasierako aldi honetan ez dela aldakuntza ohargarririk gertatzen ez lurraldearen baliatzeko moduan ez baliabideen ustiatzeko estrategiari dagokionean, oraingoz behintzat Peña Largako aztarnategiaren kasua salbu utzita, eta hortaz, zeramikagintzaren erabilera, ohargarria bada ere, gizataldeen baliabide materialen multzorako beste ekarpen bat bezala baizik ez da hartu behar.

Oinarri-oinarrizko buztina izan ohi da, bero handitan egosi ez den ore lodia, forma soilez moldatua, katilu edo ontziak ia beti, inoiz edo behin botila gisara moldatua. Ontzi horien kanpoaldea edertzeko modu bereziagatik bi aztarnategik aipamen berezia merezi dute, Peña Largako aztarnategiak eta Atxostekoak, aztarnategi horietako zenbait zeramikatan itsasoko maskorren –Cardium edule– arrastoz oso konplexutasun handia ez duten apaindurak ageri baitira. Zeramika horrek badu interes berezi bat, apaindura modu horrengatik Mediterraneo aldeko arku kardialarekin halako erlazio modu bat sumatzen baita, apaindura modu hori han sortua baita izan ere, eta bide batez gizatalde horien jatorriaren edo jatorri mendekotasunaren zantzu bat ematen baitzaigu modu horretara.

Berriro harrizko tresneriara itzuliz, lehen esaten genuen bezala, k. a. IV. milurteko inguruan segmentu gisako tresneria geometrikoa nagusitzen ari zen, lehenagoko hiruki edo trapezio formako tresneriaren lekua hartuz, eta halaxe jarraituko du Neolito aroan aurrera ere, k. a. 2700. urte ingurua arte. Ehizarako geziak egiteko erabiltzen diren harri segmentuekin batera badira bestelako tresnak ere: marruskak, ale bizkardunak, ertzak –itxuraz behintzat– aldatu gabe dituzten suharrizko xaflak, aizto gisa edo uzta biltzeko igitai gisa (sorbatzean duten distirak erakusten duenez behintzat) erabiltzen zirenak. 2700 inguruan harrizko gezietan aldaketak galtzen hasiko dira, eta harri segmentuz egindako azkon muturren lekuan lan gehiago eskatzen duten gezi puntak hasiko dira azaltzen: tailaketa laua deitzen den teknika erabiliz, orri edo erronbo itxura ematen zaie lehendabizi, eta, gerora, txorten batez eta albo gingilez osatutako azkon muturrak nagusituko dira azkenik.

Arma mota berri horren aztarrenak azaltzea Kalkolito aroaren ezaugarri gisa hartu ohi da, eta teknika horrek iraun zuen mila urte inguruko aldia bat dator, oro har, Kalkolito arotzat eman ohi den aldiarekin.

Baina tresneria aldaketa hori alde batera utzita, harrizko tresnagintzari berari begiratzen bazaio, gizakia sortu zenetik bere lagun izandako material horren erabileraren beherakada erakusten du batez ere tresneria horren analisiak: geroz eta tresna berdinagoak, mota gutxiago, eta geroz eta gutxiago erabiltzen da, gainera, harria, asmatzen ari diren tresneria berrien aldean: tresneria leundua eta metalezko tresneria, hain zuzen. Leuntze lan handi batez, eta aldi berean gaiak kontu handiz aukeratuz –ofitak, dioritak, fibrolitak…–, tresna berriak sortzen dira –aizkorak, opaitzurrak, aitzurrak– gizataldeak nekazaritzari eta abere hazkuntzari eman izanaren ondorio diren hainbat eginkizunetan erabiltzeko: zuhaitzak botatzeko, luberriak egin ondoren zuhaitz orpoak berdintzeko, zorua berdintzeko, lurra xehetzeko. Tresna berri horiek eginkizun horietarako erabiliko zirela uste delarik, badirudi halakoak aurkitzen direnean nekazaritza eta basogintza ezagutzen zirela, gertatu ere polen analisiek frogatzen dituzten baso galerekin batera gertatzen baitira, eta halako tresnak maiz aurkitzen baitira gainera apartean, erabili eta hondatu ondoren bertan behera utzi izan balira bezala.

Zeramika ere geroz eta gauza gehiagotarako erabiltzen da; hain zuzen ere, buztinak duen moldagarritasunak hartarako beta ematen duelarik, era askotako eginkizunetarako erabil baitaitezke zeramikazko ontziak: janaria gordetzeko edo prestatzeko eta eguneroko beste hainbat eginkizunetarako; edozeinetara ere, zenbait zeramika motak ez du galduko bere sinbolo balioa edo kultura ingurune jakin bateko ezaugarri izatea. Horregatik guztiagatik, bada, era askotako orez egindako zeramikak, era askotara egosiak, tamaina desberdinekoak, modu desberdin askotan amaitu eta apainduak aurkitu ohi ditu arkeologoak bere indusketetan.

Aurkikuntza horiek guztiak behar bezala sailkatzea lan luzea eta nekeza izaten da, aurkikuntzen forma aniztasunagatik beragatik; horrexegatik hain zuzen oso ikuspegi orokor bat baizik ezin eman daiteke horiez: ontzi batzuen tamaina kontuan hartuta, ontzi horiek ereintzarako bihi gordailu gisa erabiltzekoak ziratekeela uste dugu, barren handiko, pareta lodi oieseko, hondo lodi lakatzeko ontziak baitira, ongi finkatzeko eginak; landareak, laboreak batez ere, luzaro eduki behar dira bero bizitan, elikagai gisa erabiltzeko; horrexegatik hain zuzen, bero horrek pitzatuko ez dituen eta janari prestaketan ematen zaizkien astinduek hautsiko ez dituzten ontziak behar dira janari prestaketarako.

Apaindurarik gabeko eta ore berdinduz eginak ez diren sukaldeko ontzi horiez gainera, badira etxean erabiltzeko beste batzuk ere: ura eta isurkariak hartzekoak –hauetarako ore fina beharko da, buztinak izan ohi dituen poroak izan ez daitezen–, esnea gorde eta maneiatzekoak –bigarren eskualdiko produktuen iraultza deitu ohi dena gertatzen denean, alegia, orduantxe azaltzen baitira iragazkiak eta gazta ontziak–; horren guztiaren emaitzaz era askotako ontziak asmatzen dira, pareta leun edo apaindura gabekoak; sinbolo edo ezaugarri balioa duten zeramikak, askotan luxuzko zeramika deitu izan direnak, adierazgarriagoak dira: ore jalkiz eginak, ongi landuak, pareta mehezkoak izan ohi dira –eguneroko lanetan erabiltzeko desegokiak beraz–, kanpotik eta zenbaitetan barrenetik ere apainduak: apaindura horietan berdin izango dira irudi errazak, marra ordena gabeak, ore eranskin muturdun zein zapalak, kordoiak, hatz, azkazal edo tresna markak, nola bestelako irudi lan gehiagokoak, ongi pentsatuak, estereotipozkoak eta kontu handiz eginak. Talde nortasunaren eta norbanakoaren nortasunaren identifikazio sinbolikozko produkzio honen adibide bikaina da zeramika kanpaniformea, bere modurik klasikoen eta zabalduenetan 2100-1700 artean hedadura handiena izan zuena.

Sinbolo izpiritu horrek berorrek eraginak direla dirudite itxura antropomorfikoa duten hezurrezko zenbait irudik, espatulaidolo deitu ohi direnek alegia. Aski modu erregularrean aurkitu izan dira Arabako zenbait megalitotan eta Errioxako, Burgosko, Palentziako, Valladolideko eta Zamorako zenbait hilobitan; aurkikuntza horiek eremu horretako gizataldeen homogeneotasunaren frogagarri gisa hartu hori dira, ehorzketa errituei dagozkienetarako bederen; izan daiteke eztabaida ea ehorzketa homogeneotasun hori berori kulturaren beste hainbat alorretarako ere baiezta daitekeen ala sinbolo mailarik baizik ez doakion –sinbolo mundu horrek lurraldetasunak, ekonomiak, mundu materialak edo gizarte antolamenduak jartzen dituzten mugez gaindi zabaltzeko joera izaten baitu hain zuzen–.

Euskal Herriko megalitoen zonaldeak.[1]

Neolito aroaren amaieraz gero –garai horretan hasten baitira tresna horiek– gizatalde desberdinen arteko harremanak sendotu egin ziren nonbait, eta are gehiago azkartu ziren gerora harreman horiek Kalkolito aroan; bestela nekez ulertzen baita nola zabaldu ziren eguneroko bizimoduarekin baino nortasunaren adierazkerarekin eta estatua eta irudizko adierazkerarekin zerikusi estuagoa duten zenbait produktu: lehen aipatu diren zeramika kanpaniformeez edo espatula-idoloez gainera, metalez egindako hasierako produktuak eta pertsonen apaindurarako erabiltzekoak (era askotako formak dituztenak, eta egiteko lehengaiak beti ere gizataldea bizi den lekutik bertatik hartuak ez direnak, zenbaitetan handik ehundaka kilometrotatik ekarri eta trukez aldatuak baizik). Kalkolito izenak berak horixe esan nahi baitu, metalaren oinarrizko ezaguera bat badela, kobrezko eta brontzezko tresnak nola egin ezagutzen dela alegia.

Hasiera-hasierako garaietan oso produkzio urria da, kobrezko eta urrezko hari edo xafla meheak; metal horiek hotzik mailukatzen dira, ez dira urtzen, eta apaingarri gisa moldatzen dira, eraztun, iduneko edo besouztai gisa. Aurrerago produkzio sailtxoak hasiko dira egiten, formaz estereotipo jakinei jarraikitzen zaizkienak; baina gauza horien jabeari jabetasun horrek ematen dion ospea gutxitzen ez zaiola (horrexegatik ehorzten dira, ehortzi ere, jabearen gorpuaren ondoan, Arabako Gobaederra haitzuloan ederki froga daitekeen bezala), eta askoz ere geroago arte ez dira hasten eguneroko tresna gisa baliatzen. Hortixe datorkie hain zuzen tresna horiei beren morfologia eta erabilera: apainduratarako asmatuez gainera badira eztenak, aizkorak, sastakaiak eta lantza puntak ere. Euskal Herrian azaldu diren historiaurreko brontzezko tresnen azterketa mineralogikoak erakutsi duenez, aski nikel kopuru handia du brontze horrek, gaur egungo meatze askotan gertatzen den bezalaxe; hala eta guztiz ere, ezin ziurta daiteke Brontze aroaz aurretik Euskal Herrian bertan brontzerik egin zenik, ez baita arkeologiazko frogantzarik hori baieztatu ahal izateko, ez garai horretako meatzerik, ez mea atera, jo eta urtzeko oinarrizko tresneriarik.

Gizarte egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Okabe harrespila, Donibane Garazi hego-ekialdean

Arkeologoarentzat ez da batere gauza erraza joandako garaietan izan diren gizarte antolamenduak ulertu eta balioztatzea, baina aztertutako guztitik atera dezake ondorioz aztergai dugun aro honetan zehar zuzeneko eragina izan zutela gizataldeen egituran biztanleriaren ugaltzeak, bizilekua egonkortzeak, ekonomia formen berritzeak, lan osagarrien premia berriak, soberakinen banaketa sistemak, eta trukea indartzeak.

Familia baten neurriko taldetan antolatzeak alde on asko zituen paisaiaren ustiaketarako behar zen mugikortasunerako, eta horrexegatik Neolito aroaren hasieran indarrean zegoen oraindik ere antolabide hori, baina bizilekuaren egonkortzeak pertsonen eta taldeen arteko harremanak ulertzeko moduetan eragiten zituen aldaketen ondorioz eratzen diren kulturazko koordenatu berrietan lehendiko antolabide horiek ez dira aski izango.

Biztanleria hazi egin dela sumatzen da –aztarnategi gehiago dira lehen baino, eta lehen baino handiagoak gainera–; horrexegatik, hain zuzen, gehiago ustiatuko dira dauden baliabideak, eta horrenbestez, beste horrenbestean laztuko da konkurrentzia taldeen artean, labore lurrik hoberenak eta bazka hobereneko larreak zeinek beretu.

Geroago frogatuko den bezala, ñabardura finagoko ehorzketa kultura bat garatu izanak badu zer ikusia lehen aipatutako gertaerekin, eta halaxe, hainbat gorpu batera ehortzi izan diren zenbait hilobiren kasuak, Lorgar eta San Juan Ante Portam Latinamgo aztarnategietakoak adibidez, gudu gertaerekin edo gizataldeen arteko liskarrekin lotu izan dira hemen. Nekazari eta artzain bihurtu izanak aurrez ongi planeatu, antolatu eta zuzendutako talde edo auzo lana antolatzera behartzen du (baso botatzea, luberriak egitea, goldaketa, ereintza, uzta jasotzea, uzta biltegiratzea eta banaketa).

Urteko uzta biltegian jaso beharra da, haren zati bat hurrengo urterako ereintzarako gorde eta gainerakoa urtean zehar kontsumitzeko erabili; horretarako banaketa horren arduradunen bat –edo batzuk– izan behar dira, zenbat eta zer emango zaion zeini erabakitzeko, edota taldearen hornidurarako baino gehiagorako produzitzen zuten taldeetan, soberakinak beste produktu batzuen ordainez trukatzeko bildu eta antolatzeko.

Ikuspegi horretatik berorretatik, herriguneak aire zabalean antolatzeak, familia bakarreko zurezko etxeak eraikiz, edota areago La Renke Iparreko kasu ongi aztertuan bezala eskuharrizko hormak jasoz, eta ahalegin eta lan handia eskatzen duten eraikuntza megalitikoak jasotzeak –Arabako Errioxakoak, Aizkomendikoa edota, Nafarroan, La Mina de Farangoartea eta Farangoarteakoak– argi eta garbi erakusten du bazela gizarte antolamendu ahaltsu bat, eta gizarte antolamendu horrek aukera ematen zuela eskulangile espezializatuak mantentzeko zeramikagintzarako, metalgintzarako –hornidura bilaketa, mea ateratzea, mea urtzea–, ehungintzarako… Eta gizatalde horiek halako joera nabari bat izaten zuten kanpoko beste taldeekin harremanak izateko, era horretara oraindik ere aski gorabehera larriak (izurriak, uzta urriak…) izango zituen ekonomia baten urrialdiei aurre egin ahal izateko. Neolito aroaren erdi edo azken alditik aurrera, eta haren ondoren datorren Kalkolito aro osoan zehar, bada halako gizarte dinamismo bereziki interesgarri bat, arkeologiari dagokionez batez ere kanpotiko zenbait produktuk, historiaurrearen ikertzaile askok luxuzkotzat hartzen dituztenak, izandako barreiamenduan sumatzen dena. Lehen aipatutako zeramika kanpaniformea adibide bikaina izango litzateke: Europa kontinente osoan zabaldu zelarik, Euskal Herrian ere arras hedatu zen, eta Araba eta Nafarroako trikuharri (Pagobakoitza, Ithé I eta II, Trikuaizti I, San Martin, Tres Montes, Sorginaren Txabola) eta bizileku (Barranco Valinera, Aguilar mendia, Marijuan…) askotan aurkitu izan da. Zalantzarik gabe kanpotik ekarriak diren produktu horien (zeramika kanpaniformea, urre xaflak, norbere apaindurarako apaingarriak eta metalezko armak) jatorria Kalkolito Betean Euskal Herriko biztanleek dituzten gizarte harremanen adierazgarritzat har badaitezke, ezin ukatuzkoa izango da gizatalde horiek Frantziako Atlantiko aldeko (Akitaniatik Bretainiaraino) gizataldeekin dituzten harremanak eta, bakanago diren arren, Europa erdialdekoekin eta Iberiako Ipar Mesetakoekin dituztenak ere, hortik hartua baitu Ciempozuelosek bere zeramika kanpaniformerako inspirazio iturria.

Hileta mundua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorginaren Txabola trikuharria Bilar udalerrian (Araba).

Historiaurreko hileta mundua Neolito aroa aurreraturik den garaietatik aurrera ezagutzen da batez ere; garai horiek baino lehenagoko gisa horretako aztarnategi gutxi deskribatu dituzte arkeologoek, eta, horrexegatik hain zuzen, galdea utz daiteke ea zergatik gertatzen den garai horretan bat bateko ugaltze hori. Biztanleria arras handitu izana, hezurrak hobeto kontserbatu izana, hezurtegiak lurraren azalerago daudenez aurkitzen ere errazago izatea, garai horretako hileta errituak eta horretarako erabiltzen ziren lekuak (megalitoak, hilobi haitzuloak) hobeto ezagutuak izatea, horiek guztiak lagungarri izan daitezke ugaltze horren zergatia azaldu ahal izateko. Neurri batean bederen laguntzen baitute aztarnak ugariago izan daitezen, baina, dena den, horren arrazoi nagusia ez da heriotzan bertan bilatu behar, gizarte bizimoduan baizik: bizileku finkoa hartu izanak eta ustiaketarako eremuak mugatu izanak eraginik, leku jakinetan (hilobi haitzuloak) edo horretarakoxe prestatutako hilerrietan ehortziko dira handik aurrera hildakoen gorpuak.

Hasieran badira zenbait ehorzleku lehenago bizileku izandako haitzulo edo barrunbeetan eginak. Aizpeako babeslekuan, adibidez, barreneko hormatik hurbil, pertsona baten gorpua ehortzi zen k .a. V. milurtekoan; makurturik, ezkerka etzanik eta aurpegia hegoaldera zuela jarri zuten gorpua, eta ondoren harlosaz estali. Aita Aresoko babeslekuan ere pertsona baten gorpua aurkitu zen, makurturik, NE-SW norantzan etzanik, aurpegia iparraldera zuela, zanga batean sartuta eta harlosaz estalirik, ia tresneriarik batere gabe. Marizuloko haitzuloan, barreneko hormaren ondoan eta harriz inguraturik artzain gazte bat ehortzi zuten k .a. 3300 inguruan, arkume batekin eta zakur batekin batera.

Data horretatik aurrera k .a. I. milurtekora arte, Neolito aroa aski aurreraturik zenetik hasi eta Brontze Arora arte alegia, multzo hilobiak antolatuko dira haitzulo askotan; K. a. III. milurtekoaren erdialdetik II. milurtekoaren erdialdera bitartean izango dira gehienbat horrelakoak. Geologiak horretarako baldintza egokiak eskaintzen dituen lekuetan aurkitzen dira batez ere gisa horretako hilobiak, haitzuloak erraz eratzen diren lekuetan eta hilobiak ongi gordetzen direnetan alegia, karaitza den lekuetan, eta inoiz hareharrizko geruzen azpian ere bai.

Barrunbe horietan zabalenak milaka urtez bizileku gisa erabiliak ziren, baina Holozenoan eguraldia hobetu zelarik harpe horiek hustu egin ziren bizileku gisa, eta ehorzketetarako erabili ziren handik aurrera; halakoak dira Lumentza, Urtiaga, Abauntz, Peña Larga… Badira irispide zaila duten harpe txikiak ere, hilobitarako baizik erabili ez direnak: Gobaederra, Iruaxpe, Urtao…, edo baita harkaitz geruza irtenen babespean jarritako hilobi lekuak ere: San Joan Ante Portam Latinam. Litekeena da barrunbe horiek hilobitarako erabiltzen ziren garaian zurezko nolabaiteko itxituraren batez hesiturik egotea, era horretara piztiarik barrenera sar ez zedin.

Gaur egun eskura dugun informazioak erakusten duenez, oso trataera soila ematen zitzaion hildakoaren gorpuari; hain zuzen ere, ezagutzen diren kasu gehienetan gorpua makurturik edo luze, lur gainean jarri edo zanga azal samar batean sartu baizik ez baitzen egiten. Normalean gorpuek ez dute izaten berentzat berariaz egindako tresna edo apaindurarik; horregatik salbuespentzat hartu behar dira Gobaederran edo Urtaon aurkitu ziren sastakaiak edo eztenak eta Abauntzen atera ziren zenbait gorpuk zituen espatulak. Ala gorputz horiekin aurkitu ziren tresnek berorien jabeak gizarte maila altuagokoak zirela nahi dute esan? Horretan aski adierazgarria izan daitekeelako, interesgarri izan daiteke Abauntzeko kasuaz hitz batzuk esatea: aztarnategi horretan gorpu multzo nahasi baten erdian gorpu bat bereizten da, umekiaren gisan kokoriko kuzkurtua, zanga batean zutik ehortzia, eskuaren eta aldakaren parean bi espatula zituela. Badirudi, gainera, gorpu horrekin zerikusia bazutela gezi punta hostokara batek, harri beltzezko upel formako kunder batek eta zeramika espatulatu liso batzuek; K. a. 2420. urte ingurukotzat datatu da multzo osoa.

Euskal Herrian, mendebaldeko Europa osoan bezala, orain dela 5500-5300 urte inguru hasten dira jasotzen eraikinak, trikuharri soilak eta sarbidedun hilobiak hildakoen gorpuak haietan uzteko; galeria estaliak eta harlosa zulodunekiko hilobiak berriz 600-800 urte inguru geroago hasiko dira eraikitzen. Trikuharri soilak orain dela 4.000 urte inguru arte jarraituko dira eraikitzen; horietako asko eta asko k. a. II. milurtekoan zehar erabiltzen jarraituko dira oraindik.

Harrizko egiturak dira; ganbara bat izaten dute hildakoen gorpuak han uzteko; zenbaitek sarbide bat izaten dute, eta hori dena elkarrekin giltzatutako harlosa eta lurrezko tumulu erdibiribil batez estaltzen da.

Monumentu horren inguruan harrizko biribil bat eraiki ohi da sarritan.

Monumentu horiek eraikitzeko hurbileneko harkaitz geruzetatik hartutako harriak erabili ohi dira; oso kasu bakanetan urrunxeagotik ekarri izan dira harri horiek.

Monumentua jasotzeko lekua aukeratzeko arrazoi sinboliko-izpiritualak eta arrazoi praktikoak (lehengaia hurbil izatea, muinoren bat baliagarri izatea, behar zen lanaren eta egon zegoen lan ahalmenaren arteko erlazioa…), bietatik izan bide ziren. Hasteko, monumentua eraikitzeko lekuan zegoen landaredia erre eta garbitzen zen, eta ondoren hasten zen eraikuntza: ganbara hormetako harriak zanga sakonetan iltzatzen ziren, edo lurrean bertan tinkatzen ziren harri ziriz, zutik gera zitezen.

Monumentu horien arkitekturari begiratuz zenbait mota bereizi dira: Trikuharri soilak, erdian ehorzketetarako barrunbe lauki-zuzen, karratu edo poligonal bat dutela. Ganbara hori 1,5-3 m inguru luze izan ohi zen eta metro betez goiti zabal; ganbara zola harlosaz estalia izaten da zenbaitetan, gehienetan sortaldera begira, eta hara ez bada hego-sortaldera edo hegoaldera. Gorpuak ehortzi behar zirenean estalkia kenduko zen seguruenera; estalki horren aztarrenik ez da geratu gehienetan, eta horregatik uste izatekoa da enborrez estaliko zela normalean ganbara hori. Litekeena da ehorzketak zenbaitetan ganbararen alde batetik egitea, alde horretan leku askotan falta baita zutiko harlosaren bat. Era honetako hilobiak Euskal Herriko mendialdeetan izaten dira batez ere (Aralar, Entzia, Urbasa, Pirinioak…), ur banalerroko goialdeetan, mendi lepoetan, artzain bideetan… Sarbidedun hilobiak barrunbe laukizuzen, biribil edo poligonal handi bat izan ohi du erdian; hartara sartzeko igarobide bat izaten du; eta neurri desberdinetakoa izan daitekeen tumulu batez estaltzen da hori guztia. Era honetako hilobiak Arabako Errioxan (San Martin, Los Llanos, El Sotillo), Kuartangoko haranean (San Sebastian II, Gurpide), Agurainen (Aizkomendi) daude gehienak, eta salbuespen dira handik kanpora (Igartza mendebala –Ataun-Urdiain–, Etxarriko Portugañe). Bereziki ohargarriak dira ate zulatudunak, Artaxoako Portillo de Eneriz, La Mina de Farangortea eta Vianako Longarrekoak. Azken honetan, gainera, ganbara ez da zutiko harlosaz eratu, eskuharriz baizik. Ganbararako sarrera harlosa zulatu batez ixten da, eta zulo horretatik sartzen zuten gorpua.

Galeria estaliak aurrekoen berdinak dira, salbu eta hauetan ganbarak korridorearen zabalera berbera duelako. Neurriagatik Jentilarrikoa eta Arrakokoa dira ohargarrienak.

Ehorzketa modua lur ematekoa da; oso bakanetan baizik ez da erretzen gorpua.

Ehortzitako gorpu kopurua hilobi ganbararen neurriaren edo biztanle dentsitatearen araberakoa izan ohi da. Trikuharri soil batzuetan hamabi gorputzetaraino aurkitu dira, beste hilobi handiago batzuetan aldiz (Longar, Los Llanos…) ehundik gora gorpu ehortzi izan dira. Gorpuak nahas-mahas aurkitu izan dira gehienetan, ehorzlekuak sarritan erabili izan direlako nonbait; oso gutxitan baizik ez da aurkitzen gorpu osorik edo anatomiari dagokion bezala antolaturik.

Zenbaitetan ehorzlekua berriro antolatu dela sumatzen da, gorpu gehiago sartu ahal izateko: garezurrak pilatu dira (Gurpide) edo hezur luzeak eta garezurrak (Larrarte)… ganbarako harlosen barruan edo azpiko hezurren gainean harri geruza bat ezarriz haren gainean berriro gorpuak jartzeko.

Zenbaitetan okrea aurkitzen da hezur hondarretan nahasirik edo hezur batzuk margoztatuaz, eta okre gorri arrezko lapitzak ere aurkitu izan dira (Zorroztarri, Praalata); oraindik eztabaidagai dago, ordea, ea sinbolo balioa duen horrek ala higienez egiten den hori.

Hezurretan egin diren adin eta sexu ikerketek erakutsi dutenez, ez da diskriminaziorik arrazoi horiengatik, era guztietako gorpuak aurkitu baitira hilobi horietan.

Baina monumentu horiek zertarako ziren hobeki aztertu eta ulertu ahal izateko aldi, leku eta erabilera bakoitza ehorzleku edo haitzuloen arabera nola banatzen den beharko litzateke aztertu.

Horrez gainera bada aurkitu diren aztarna arkeologikoak interpretatzeko beste arazo bat ere, zeren ondasun edo eskaintza pilak askotan aipatzen badira ere, horrelakoak ez baitira gertatzen uste izatekoa litzatekeen bezain agerian, hainbeste lekutan eta horren sarri ere. Estalkia eroria zuenez itxia eta inoiz ukitu gabea zen Longareko hilobian oraindik orain egin berri diren ikerketetan ez da ikusi hildako bakoitzarentzat eskaintzarik egiten zenik. Hala ere, pentsa daiteke zenbait gauza jakinek (zeramikazko ontziak, metalezko armak, espatula-idoloak…) eskaintza edo opari zentzua zuketela agian, baina beste batzuk hildakoen jantzien osagai gisa iritsiak daitezke hilobietara (botoiak, apaingarriak…) edo hildakoaren gorpuan txertaturik ere bai agian (armadura geometrikoak, gezi puntak…), Longarreko eta San Joan Ante Portam Latinamgo hilobietan antzematen den bezala, gudu gertaeren aztarrenak ageri baitira horietan.

Beste alde batetik zenbait hilobi segidan ez baina aldika erabili izan dela uste da. San Martingo sarbidedun hilobia, adibidez, k. a. IV. milurtekoaren bukaera aldera utzi eta handik 1.500 urte geroago zeramika kanpaniformearen garaian berriro erabili zela uste da. Baliteke hilobien baztertze eta erabilera aldizkatu horiek zerikusirik izatea lurraldearen ustiaketa orekatuarekin, monumentuaren beraren hondatzearekin edo betetzearekin… zenbaitetan, hala ere, baztertutik aski hurbil beste hilobi monumentu bat eraiki izan da: Trikuaizti I eta II, Gorostiaran sortaldekoa eta sartaldekoa… Orain arte deskribatu ditugun hilobiok gizarte mailakatu gabe bati legozkiokeenak dira, baina produkzio ekonomiaren aurreramenduak eta metalgintzan egindako aurreramenduek geroz eta hierarkia hertsiagoa eragiten dute gizartean; horren ondorioz eliteak antolatzen dira gizartearen gainerako mailetatik bereizirik. Gertaera horren ondorioak argi ageri dira ehorzketetan, K.a. II. milurtekoaren erdialdean hilerri berriak eraikitzen baitira (Aitxuko, Atxurbiko trikuarri zistak); hauen tumuluak 8 metroz behetiko diametroa izaten du, erdian ganbara, metro bete luzera gabe, eta metro erdi zabal gehienera ere.

Euskal Herrian Neolito eta Kalkolito aroetan izan ziren kulturazko koordenatuen laburpen baterako gertakariok hartu beharko lirateke batez ere kontuan: produkzio ekonomia hasten da antolatzen; K. a. 4000 inguruan abiatzen hasi eta laugarren milurtekoaren erditik aurrerako finkatzen da; bizilekua, ordu arte harpeetan zena, aire zabalean antolatzen da etxalde eta herrixketan, eta paisaje berriak bilatzen dira bizitzeko, Euskal Herriko zoko guztietaraino zabaltzen baitira biztanleak, leku bakoitzean bertako baldintza ekologikoetara moldatuz; kultura materiala aniztu egiten da formaz; kultura material horretan harrizko tresnagintza galduz joango da, eta nekazaritzarako tresneria leunduak, zeramikak eta metalgintzak hartuko dute poliki-poliki haren lekua; eta gizartea arras konplexuago bilakatuko da, gizataldeek arrisku eta jarrera berriak hartuko baitituzte, biztanleriaren handitzeak eta taldeen arteko konkurrentziak eragiten dituzten arazoei irtenbidea emateko barne antolamendu hobea beharko baitute. Eta bere izatearen adierazpide gisa sinbolo mundu berri bat eratzen da, bere ezaugarri nagusiak norbanakoaren apainketa, talde arteko harreman zabalagoak –elkarren artean ehundaka kilometroz bereizirik dauden taldeen artean trukea eratzen delarik–, eta haitzuloetan eta trikuharrietan egiten diren ehorzketa erritu konplexuak dituena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Euskaraz)  Kondaira, http://www.kondaira.eus/index.php/kondaira/historiaMateriala/mapak. Noiz kontsultatua: 2017-11-21 .