Espainiako borboien berrezarkuntza Euskal Herrian

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak
Mateo Benigno de Moraza foruzalearen irudia, Gasteizko hiriak eskaini zion monumentuan.

Espainiako borboien lehen berrezarkuntzan Euskal Herriko historia atal berri batean sartu zen.

Behin foruak ezabatu zirenetik, politika egiteko beste modu batera egokitu behar izan zuten euskal herritar politikariek eta modu hori, oinarrian, Espainian egiten zenarekin bat etorri zen. Esan daiteke euskal politika «sukurtsalizatu» edo berdindu egin zela, Espainiakoarekin alderatuta, Europa guztian gauzatu zen berezitasunen galtzearen baitan. Hala ere, sistemako bi talde handienek, kontserbadoreek eta liberalek, ez zuten lortu Euskal Herriaren txertatzerik, eta horrek, Espainiako politika berrezarkuntzazailea euskal lurrean behar bezala ez zilegitzea ekarri zuen ondoriotzat. Nork bere alderdiaren esanei jaramon gutxi eginez, «industriako kapitain» handien artetik sortu ziren, Bizkaian bereziki, sistemako politikariak, batez ere, euren interesek hartara eramanda.

Baina euskal probintzietako dinamika politikoa ez zen homogeneoa izan. Bizkaian -bera zen modernoena- gertatu zen lehia politiko handiena, eta talde berriak plazaratzeko bide eman zuen horrek, hala nola sozialistak eta abertzaleak. Gipuzkoa tradizioaren eta berrikuntzaren artean kokatu zen. Barneko probintzietan aldiz, Araban bezala Nafarroan, indar tradiziozale eta kontserbadoreenek agindu zuten aldi honen amaierara arte. 1876. urteak garrantzi berezia du, bai Espainiako historian, bai Hego Euskal Herrikoan.

Hurrengo berrogeita hamar edo hirurogei urteetan, gutxienez, funtsezko izango ziren hiru gauza gertatu ziren urte hartan. 1876ko uztailaren 2an Konstituzio berri bat onetsi zen, 1931ko errepublika deklaratu zen arte iraungo zuena; konstituzio hori izan zen Errestaurazio deritzan sistema politikoaren lege oinarria. Bestalde, urte horretan bertan bukatu zen azken karlistaldia, eta, garrantzitsuena dena, ezeztatu ziren betiko euskal foruak, uztailaren 21eko legearen bidez.

Foruen ezeztatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876. urtea, beraz, mugarri bat da gaur egungo euskal historian, garai hartakoek berek ondo antzeman zuten bezala, oso garbi bereizi baitzituzten foru garaia eta ondoren etorriko zena. 1876ko foruen ezeztatzea euskal probintzietako hiritarrek zituzten zerga eta soldaduska salbuespena deusezeko lehen urratsa izan zen. Azken ondorio gisa, Hegoaldeko euskal probintzietako bizitza politiko, sozial eta ekonomikoaren berdintze bat ere ekarri zuen, Espainiako inguru zabalagoaren baitan.

Aldaketa hori ez zen batere erraza izan, estutasun eta dramatismo handiko uneak izan baitziren. Urte betez, 1877ko udaberria arte, borrokan jardun ziren hainbat lekutan Batzar Nagusietan, Konferentzia probintzialetan, Espainiako Parlamentuan bertan, euskal indar biziak eta erakundeak, bai probintzialak, bai udalekoak, iritzi publikoaren eta espainiar politikarien indarraren kontra eginez, foruen ezeztatzearen eta konstituzioaren arauak, bere eskubide, eta batez ere, bere betebeharrekin, euskal probintzietara zabaltzearen aldeko zirenen kontra alegia. Zehaztugabetasun handiko aldi bat, 1839az gero zirauena, bukatu zen horrekin.

Foruen konponketak itzulerarik gabeko puntua aurkitu zuen Espainiako Gorteen lege batean eta ez zen halako konponketarik sekula aurrera eraman. Baina, orduko euskaldunek garai foralaren aldeko kanpaina zabal bat egin zuten arren kanpaina biktimista eta mitifikatzailea eta, bestalde, kontrako zentzuan, egoera asko aldatzen ari bazen ere, foruen ezeztatzearen baldintzak ezin dira ikusi, inola ere, behin betiko ezeztatze baten modura. Bi arrazoi nagusi izan ziren horretarako.

Batetik, Euskal Herriari aplikaturiko konstituzio batasuneko plangintzaren diseinatzailea, Antonio Cánovas del Castillo, sinetsita zegoen handiak zirela euskaldunek izandako autonomiak ekarritako onura eta ontasunak, eta ez arrazoi estrategikoengatik bakarrik, baita arrazoi ideologikoengatik ere. XIX. mendeko foruzaleek historia arrazoietan oinarritzen zituzten euskal askatasunak, eta Cánovas, horretan, bat zetorren foruzaleekin; izan ere, dotrinazalea zenez, ez zuen pentsatzen nazio burujabetasuna eta konstituzioa zirenik sistema politiko baten funtsa; aitzitik, baziren haren ustez beste errealitate batzuk, haien aurreko zirenak, edota, euskaldunen kasuan, bazen historian zehar pribilejio batzuen etenik gabeko jarraitasuna. Azken finean, kontserbadorea baitzen, desberdintasunaren printzipioa, kasu honetan lurralde desberdintasunarena, ez zitzaion Cánovasi arrotza gertatzen; era berean, bazuen aurreko espainiar moderatuen antzik, haiek ere beren ideia politikoak ezin hobeto islatuak ikusten baitzituzten foruetan: teoriazko berdintasuna eta egitura oligarkiko bat adostea posible egiten zuen sistema bat zen, eta kontraesan horrek ez zuen auzitan jartzen foru sistemak gizartean zuen zilegitasun sakona.

Beste alde batetik, epe laburragoko edo unean uneko politikari dagokionez, praktiko izatea zen Cánovasen ezaugarri nagusietako bat, egingarriaren aldeko baitzen.

Baina, horrez gainera, ondo asko zekien ezin zirela euskaldunak Espainiako konstituzioaren prozesuan indarrez txertatu; eta bazekien, halaber, euskal erakundeen hasierako jarrera zorrotzak ipinitako oztopoak gainditu beharko zituela, eta euskal aliatuak beharko zituela etorkizunean.

Horixe da bigarren arrazoia, foruen ezeztapenak zergatik ez zituen euskal probintziak Espainiako gainerako probintziekin erabat berdindu agertzen duena. Euskal erakundeak gogor jardun ziren uztailaren 21eko legearen kontra. Legearen berri jakin bezain laster, hiru probintzietako Batzar Orokorrek araua indargabetzea eta, 1839ko legea oinarri hartuta, negoziatzea eskatu zuten; hau da, XIX. mendearen erdialdeko egoera onuratsura itzuli nahi zuten, kontuan izan gabe Demokraziako Sei Urteetan eta azken karlistaldian izandako gertaerak. Bizkaian hartu zuten jarrera gogorrena, Fidel Sagarminagaren gidaritzapean.

Sagarminaga politikari liberala zen, Unión Vasco-Navarra-ren sortzailea, izen bereko egunkariarena (1880) eta Euskal-Erria elkartearena (ezaugarriei dagokienez, 1878an Iturralde, Kanpion eta beste batzuek Nafarroan sorturiko Nafarroako Euskara Elkargoaren parekoa). Sagarminagaren proposamenaren arabera, foruen berreskuratzearen alde egin behar zuten hiru probintziek, ideologia printzipio oro eta Espainiako politika eta alderdi politikoak baztertuta.

"Dena ala ezer ez" politika harekin, Sagarminagak, alde batetik, prozedura estrategiko bat adierazten zuen ezeztatze legea inola ere ez negoziatzea, baina, beste alde batetik, Euskal Herriko lege oinarriak foruaren jarraipena izan behar zuela ere adierazten zuen, alegia, lege oinarri horrek inola ere ezin zuela izan (etorkizunean) administrazioa deszentralizatzeko bide bat; izan ere, deszentralizazio hark abantaila handiak izan bazitzakeen ere, euskal tradizioari arrotz gertatzen zitzaion oinarri bat zuen, alegia, Espainiako konstituzioa.

Sagarminagaren zorrozkeria (eta beste probintzietan jarraitu ziotenena, hala adibidez Arabako azken Diputatu Nagusi Domingo Martínez de Aragónena), ahuldu egin zen 1876ko negutik aurrera, Arabako eta Gipuzkoako diputazioek uztailaren 21eko lege oinarriaren gainean hizketan hastea onartu zutenean, eta, Bizkaian bertan, 1877ko urtarrilean, liberal foruzaleen artean tesi pragmatikoagoak zabaltzen hasi zirenean. Izan zuen aldaketa horretan zerikusirik, zerikusi aski garrantzitsua gainera, gobernu zentralaren jarrerak, hilabete askoan jardun baitzen Batzar Nagusi menderakaitzen batzarrak eteten, Batzarrak deusezten eta haien ordez beste batzuk antolatzen, eta buruzagi gogorrenei esesten. Nolanahi ere, 1877ko udaberri alderako guztiz zabalduta zeuden jarrera pragmatikoenak, eta jarrera horiek sendotu egin ziren hurrengo urteetan, hauteskundeetan, foruen aldeko jarrera zorrotzenen kontra.

Istilu eta erresistentzia horren emaitza, eta Cánovasen trebezia pragmatikoarena, garrantzi handiko berezitasunak ezaugarri zituen foruen ezeztatze bat izan zen: hala, Kontzertu Ekonomikoak, euskal probintziei eta haien erakundeei, diputazioei, Espainiako gainerako lekuek ez zituzten ahalmenak eman zizkietenak, zergak bildu, gastatu eta erabiltzeari zegokionez; probintzia mailako autogobernu ahalmena, alderdi fiskal eta ekonomikoetatik hasi eta administrazio mailan ere antzematen zena, jarduteko askatasun handia zuten probintziako kudeatzaileen mesedetan; probintziaren erakunde mailako diseinu berezi bat, Batzar Orokorrak baztertzen zituena, baina diputazioei aginpide absolutua ematen ziena, hain ahalmen zabalak izanik oso menderakaitzak gertatzen zirela horri esker. Hala bada, aipatu diren arrazoiak zirela-eta, zerga eta administrazio autogobernuko egoera bat ekarri zien euskal diputazioei foruen ezeztatzeak, eta, hala, Euskal Herriko indar politiko eta ekonomikoek asko estimatzen zuten aginpide tresna bihurtu ziren diputazioak.

Nafarroan oso bestelakoak ziren gauzak.

Han, Nafarroako Lege Hitzartuak (1841) Ley Paccionada deitu zenak, izen oso egokia izan ez arren, foruen auzia amaiarazi zuen Lehen Karlistaldiaren amaieran; lege haren bidez, koroari ordaindu beharreko zerga sistema, gerora Kontzertuekin beste hiru probintziek ezarri zutenaren pare jarri zen, eta probintzia autonomia maila ere 1878tik aurrera Hegoaldeko beste euskal lurraldeek izango zutenaren antzekoa zeukan. Horregatik, 1876ko gerra ondorengo egoera ez zen bizi izan modu berean Nafarroan, 1841eko abuztuaren 16ko legearen berriztapena negoziatu besterik ez baitzen egin han, eta hitzarmen bat izenpetu (Tejada-Valdosera izenekoa, 1877ko otsailekoa), probintziak ordaindu beharreko zergak finkatzen zituena.

Politika homologazioa eta desberdintasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Canovasen irudia

Baina 1876an gertaturiko aldaketak ez ziren aipatu direnak bakarrik izan. Esan da lehen zeinen handia izan zen garai hartakoentzat urte haren eragina. Belaunaldi oso bat, bai politikan, bai gizartean, XX. mendearen lehen urteetan oraindik ere bizirik zena, markatu zuen foruen ezeztatzetzat ulertzen zuten gertaera hark; izan ordea, ezeztatzea baino askoz gehiago zen, errotik aldatu baitzituen hiritarren esku hartze publikoa gertatzen ziren espazioak. Izan ere, urte hori arte gutxi gorabehera, Hego Euskal Herrian, baina baita handik kanpora ere, udala zen, edo gehienera jota probintzia, oinarrizko dimentsioa, gizartearena nahiz politikoa. Oso jende kopuru mugatu baten baitan egiten zen agintarien izendatzea edo hautatzea, kooptazio sistemaz ia, lekuan lekuko eliteen artean. Elite horiek defenditzen zuten huraxe zen, gizartearen ustez, guztien ongia, baita eliteetako kideak, izenez, kontrako alderdikoak baziren ere.

1876aren ondoren aldatu egin zen egoera triste hori. Lehenbizi, espainiar politika, udalaren edo probintziaren mugak gainditzen zituen politika gisa ulertua, bere alderdi nazionalekin, interes zabalagoekin, eta abar, hasi zitzaion gaineratzen aurreko politika foralari; politika foralak, baztertu gabe ere, "kanpoko harreman" moduan ikusten zituen Madrilekiko harremanak, ez Espainiako beste lurraldeekin, baldintza berdinetan, gobernuaren edo erakundeen aurrean eztabaidan jarduteko gertaleku gisa.

Bigarren, alderdi politikoak hasi ziren bideratzen udaleko, probintziako politikarien hautapena, edo are kargu orokorragoena (diputatuak, senatariak), eta horrek bertan behera utzi zituen bi arau: aurrena, alderdiek defenditzen zituzten interes desberdinek auzitan jartzen zuten interes orokor bakar bat izatea, eta, bestalde, ustezko interes orokor bakar hori berriz ere zalantzan jartzen zuten politika modu berriaren ondorioz sorturiko liskar pertsonal eta taldekoek.

Jende haren artean nagusitu zen sentimendu mitifikatzailean, 1876 aurretiko foru garaiak bertutea besterik ez zeukan, bizimodu publikoa antolatzeari zegokionez; foruak ezeztatuta, borroka besterik ez zegoen, desagertzen ari ziren gizalegezko jokamoldeak (beti ere XIX. mendeko ikusmoldean), sasi interesak zabaltzen, gehienen onura pertsona baten edo taldearen onuraren mende jartzen zuen garaia baitzen, erdipurdiko kargu-goseen garaia.

Euskal politika gero eta espainolagoa ari zen bihurtzen, Madril aldera gehiago begiratzen hasi zen, eta Espainia osoari zegozkion eskema eta egitura orokorrak bere baitan berregiten. Estatu osoan jarduten ziren alderdi politikoak hasi ziren Euskal Herrian ere zabaltzen, desberdintasun garrantzitsuekin halere, orain ikusiko den bezala. Espazio batean zein bestean, gero eta orokorragoak ari ziren bihurtzen bizitza publikoa mugiarazten zuten arazoak.

Prozesu bikoitz baten aurrean gaude: politika modu batzuk politika zentralaren luzapen bilakatzen dira pixkana-pixkana, eta nazio mailako antolamendu luze bat hasten da. Euskal Herrian ez zen beti ondo ikusia izan prozesu hori.

Baina aldaketa ez zen berehalakoan gertatu. Zenbait urtez, esan den bezala, prozesu hori geldiarazten saiatu zen Sagarminagaren "aukera baskongadista". Aukera horren hutsegiteak ere ondo adierazten zuen herria eta herriko talde nagusiak noraino zeuden prest sistema politiko berriaren eskaeretara egokitzeko. Horrez gainera, 1885ean areagotu egin zen prozesua karlisten eskutik 1880 ezkero Araba eta Gipuzkoako diputazioen kasuan, haietan nagusitasuna lortu zutelarik, hauteskundeen joko berrian parte hartzen hasi zirenean.

Gehiago iraun zuten, XX. mendean ondo aurrera arte, euskal politika markatu zuten bi auzik: diskurtso forala eta erlijioaren defentsa. Lehenak indarra galdu zuen pixkana-pixkana; orokorrean aipatzen zen, eta, era horretan, esanahia galdu zuen.

Euskal talde politiko guztiek, egunkari guztiek, foralak zirela esan ohi zuten behin eta berriz, eta hori, barneko arrazoi zilegiztatzaile izan bazitekeen ere, azkenean ez taldeak identifikatzeko ez bereizteko ahalmenik ez zuen elementua bihurtu zuen. Horrez gainera, Javier Corcuerak bere garaian adierazi zuen bezala, foruen eskaera nahierara erabili zuten alderdiek, eta bidean galdu egin zen foruen izaeraren definizio zehatz, komun eta bateragarria. Foraltasunari buruz baino areago, metaforaltasun batez hitz egin beharko genuke. Erlijioak, ordea, ez zuen ezertxo ere galdu bere indar mugiarazletik, batez ere gutxien modernizaturiko lekuetan, XX. mendearen hasieran, Canalejasen proiektuen kontrako manifestazioetan, ondo asko ikusi zen bezala; horren ondorioz, gainera, eskuineranzko joera hartu zuen politikak euskal udal eta probintzia batzuetan.

Nolanahi ere, ezaugarri bereizleek ematen zioten herri izaeraren ideiak indarrez iraun zuen Hego Euskal Herrian, Espainiako gainerakoak ez bezalakoa zen leku baten ezaugarri gisa. Hala, 1895ean alderdi erabat nazionalista bat agertu izanaz gainera, izan ziren ikusmolde hori ez zela galdu adierazten duten estutasun uneak. 1893 eta 1894 artean istilu larriak izan ziren, Gamazada zela-eta. Espainiako Finantza ministroa, Germán Gamazo, murrizten saiatu zen Nafarroak zerga kontutan zuen autonomia, 1841eko Aldakuntza Legean hitz hartua; ahalegin horren kontrako erreakzioa oso handia izan zen, oso manifestazio jendetsuak egin baitziren, eta probintziaren erregimen bereziaren alde aho batez mintzatu ziren erakundeak eta prentsa. Hurrengo ministroak, Amós Salvadorrek, bere aurrekoaren bideari jarraitu nahi izan zion, eta, hala, hirietan haren kontrako ekintzak egiten jarraitu zuten; ekintza haien erakusgarri da herri harpidetza bidez eraikitako Foruen monumentua (Iruñeko erdi-erdian dago gaur egun oraindik). Nafarroatik kanpora ere izan zen protestarik, foruen defentsaren auzia beste askorekin nahastu zelarik. Hala, 1893ko abuztuaren 7an, protesta saioak izan ziren Gasteizen Kapitaintza Nagusiaren egoitza Burgosa eraman nahi zelako; desegokia zen erabaki hori ordurako jada hirugarren sektorearen aldera egiten zuen hiri batentzat (zentzu horretan, gudaroste ugari batek sorrarazten zituen baliabideetatik bizi zen nagusiki Gasteiz); Biasterin hildako bat izan zen abuztuaren 22an, foruak eta kontsumoko zergen kontrako protesta nahastu ziren bat-bateko matxinada batean; eta beste leku batzuetan ere izan ziren istiluak, hala Gernikan (Sanrokada deritzana), Bilbon eta Donostian (hiru hildako abuztuaren 27an), 1894ko kontzertu ekonomikoa berriztatzearen, gobernu liberala ukatzearen eta Guardia Zibilaren zapalkuntza gogorraren inguruko errebindikaziozko giro batean. Hamar urte geroago, 1904 eta 1906 artean, eta Kontzertuaren hurrengo negoziazioaren berotasunean, foruen aldeko hitzaldiak eta euskal probintzien interes komunen aldekoak hasi ziren berriz, orduko hartan protestarik izan ez bazen ere, Gipuzkoan eta Bizkaian izan ezik (Liga Foral Autonomista-ren hautagai zerrendetan).

Errestaurazioko txandakatzearekin zerikusirik gabeko politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñeako 'Foruen monumentua', Gamazadaren ostean egina.

Errestaurazioko espainiar politikaren ezaugarri nagusia kontserbadoreek eta liberalek 1876 ezkero ezarritako bakezko txandakatzea izan zen. Bi alderdiak txandakatzen ziren gobernuan, administrazioaren baliabide legezkoak, legeztatu gabeak eta legez kanpokoak erabiliz (gobernari zibilak, batez ere), eta Espainiako leku guztietara iritsiz. Alderdiez mintzatzen gara, baina hitz hori zehaztu beharra dago, egoera zein zen benetan ulertu ahal izateko.

Alderdi dinastiazaleak, liberala eta kontserbadorea, lekuan lekuko jauntxoek osatuak ziren; beren ideologia bereko prentsa bitartekoren bat izaten zuten, indar bizi gehienak beren ingurura biltzeko gauza izaten ziren, eta loturaren bat izaten zuten, pertsonala eta interesena, ideologiazkoa baino areago, Madrilgo goi mailako politikariren batekin. Hauteskundeak baino aste batzuk lehenago elkartzen ziren beren hautagaiak izendatu eta hauteskunde kanpaina apalak egiteko (eta, bide batez, esan dezagun berandu samar arte hautagaiak berak ordaindu ohi zuela kanpaina). Zerikusirik batere ez zuten beraz egungo alderdien makineria eta burokraziekin, masak mugiarazteko duten ahalmenarekin eta hauteskunde garaitik kanpora jardutearekin, edota gaur egun, eta duela hamarraldi batzuetatik hona, alderdi politiko esapideaz ulertzen dugun ezerekin.

Ez alderdi bat ez bestea hutsetik sortuak ez baziren ere, eta lehentxeago, XIX. mendearen erdialdean, moderatuek eta progresistek egindako ibilbidearekin zerikusi zuzena zuten arren, Sei Urtekoen esperientziak beren ideologia ezaugarriak eta beren alderdien osaera berriz adieraztera behartu zituen. Hala, 1876an hasi ziren, baita Euskal Herrian ere, kontserbadoreak eta liberal-fusionistak hauteskundeetarako prestatzen, hurrenez hurren, Cánovas eta Sagasta zirela buru. Baina prozesu hori oso baldintza kaskarretan gertatu zen Euskal Herrian.

Hala, Gipuzkoan eta Araban liberalak ez ziren 1887 edo 1888 arte elkartu, eta beste hainbeste gertatuko zen kontserbadoreekin.

Aipagarria da Araban esaterako 1910 arte ez zela osatu Alderdi Kontserbadorea.

Bizkorrago ibili ziren bizkaitarrak; 1881ean jada, Eduardo Victoria de Lezearen zuzendaritzapean, liberal deitura hartu eta birmoldatu egin zuten alderdia. Liberalak era guztietako hauteskundeetan nagusi izan ziren hurrengo hamarraldian. Nolanahi ere, bizkaitar liberal haien ideologia, 1891n oraindik ideia liberalak eta foruzaleak, biak bateratzen zituena, beste euskal probintzietakoa baino epelagoa eta aitzakiazkoagoa izan zen, tradizionalistak menderatuta nagusitasuna lortzeko gai izan baitziren; alabaina, karlismoaren kontrako izateak markatu zituen gipuzkoarrak eta arabarrak, ia beste garai batekoak balira bezala, eta horrek ideologia sakontzera bultzatu zituen.1876 ondoren izan zen politikaren berregituratzean, funtsezko faktorea izan zen politikara eta hauteskundeetara itzuli zenean karlismoak erakutsi zuen indarra.

Maila askotan agertu zuen karlismoak zer-nolako ahalmena zuen erakunde guztietan -1883 eta 1887 artean udala gobernatu zuen Gasteizen-, eta zein oinarri zabala zuen gizartean, ez nekazari giroetan bakarrik gehiengo erlatiboa zuen Araba eta Gipuzkoako diputazioetan, eta ordezkaritza garrantzitsua zuen Bizkaikoan. Karlismoaren indar horrek beste taldeak mugiarazi zituen, eta baita gobernua bera ere; hala, handik aurrera itunak egiten hasi ziren -funts handirik gabeak- karlistei aurre egiteko. Horren ondorioak berehala etorri ziren, karlista-antikarlista, liberal-tradizionalista kontrakotasuna izan zen egituraketa politikoaren oinarria, eta horrek, bere aldetik, bestelako ondorioak ekarriko zituen: lehenbizi, liberalen ligak oso makalak gertatu ziren, joera askotako kideak biltzen baitzituzten, mutur batekoak zein bestekoak, kontserbadoreak zein errepublikarrak; baina, bestalde, karlista ez ziren alderdiek zailtasun handiak izan zituzten beren eduki ideologiko eta politiko propioak agertzeko, beste taldeekin nahastuta joan behar baitzuten, eta hori oztopo handia gertatu zitzaien benetako alternatiba izateko prestatu ahal izateko.

Era horretan, gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zenean (1891), gauzak ez ziren askorik aldatuko, eta oinarri herritarrena zuten taldeek, karlistek eta errepublikarrek, alderdi gisa existitzen ez ziren, eta gizarte oinarri sendorik ere ez zuten dinastia taldeekin jarraituko zuten topo egiten. Horrez gainera, aukera dinastikoek Euskal Herrian zuten itzalak indarra galdu zuten, hainbat arrazoi zirela medio: aurrena, kontserbadoreek, beren buruzagi Cánovasen jarduna zela-eta, prestigioa galdu zutelako, hari leporatzen baitzioten foruen ezeztapenaren erantzukizuna; gero, beste alderdi dinastikoa, Sagastaren alderdi liberal-fusionista, herriak oso gaizki hartu zituen eginkizunetan sartu zelako: hala Gasteizko Kapitaintza Nagusia Burgosa eraman izana, edota Nafarroan Gamazadaren inguruan aipaturiko liskarrak, edota beste herrietan gertatutakoak, Biasterin, Donostian eta Bilbon.

Alderdi dinastikoak ez ziren era formalean agertu Euskal Herrian; antolamendu ahula zuten, eta, bestalde, Espainiako konstituzio sistemaren defentsak baino indar handiagoa zuen foruen errebindikazioak -izan ere, euskal dinastiazaleek beraiek probintziako gobernuan zituzten espazioak sendo zitzaketen foruen bitartez-, eta, gero, XIX. mendearen azken hamarralditik aurrera, industriaren kapitainen interes pertsonalek.

Zeren, 1891tik aurrera, Bizkaian batez ere, baina ez han bakarrik, ekonomiako buruzagi nagusiak berak izan baitziren alderdi dinastiazaleen politikaren protagonista.

Nahiz eta txandakatze sistemak behar bezalako eraginkortasunik izan ez Euskal Herrian, horrek ez du esan nahi dinastiazaleen edo erregimenaren kontrako ziren pertsonen edo taldeen esku zegoenik euskal politika. Euskal Herrian, lehen adierazi denez, talde haiek ez baitzuten zilegitasunik, pertsona nahiz interes taldeak nagusitu ziren, Madrilgo aginduei buruz askatasun osoz, edo askatasun handiz, jarduten zutela.

Hala, Santillanako markesa Zumaian, Urquijotarrak Amurrion, Gandariastarrak Gernikan, Txabarri Balmasedan, Casa de Torreko markesa Durangon. Denak ziren dinastiazale oinarrian, baina ez inongo erakunde dinastikokoak, ezta alderdi dinastikokoak ere. Kazikeen mekanismoak erabiliz eta boto ustelaren bidez aukeratzen zituzten denak, edota herriko talde eragileen baitako kooptazio prozesu batean oinarrituta.

Gero eta gehiago, herrian oinarritutako alderdiei kontrajarriko zitzaizkien sistema horiek, harik eta elite zaharrek beren estrategia eta antolatzeko era, eta politikaren pertzepzio praktikoa, aldatu behar izan zuten arte.

Beste aldean, gobernuko txandan sartzen ez ziren alderdien artean, karlismoak, Euskal Herrian indar handia eta oinarri zabala izan arren, gero eta arazo gehiago zuen udal mailako barne eztabaidak zirela-eta; ideologiarekin zerikusi gehiago zuten eztabaidak ere izan zituen, karlismoa banarazi zutenak: integristen haustura 1888an, Euskal Herrian oihartzun handia izan zuena.

Ramón Nocedal izan zen hausturaren eragile; arazo nagusia zen karlismo ofizialak gero eta gehiago egiten zuela antiliberalismo baten aldera, bigarren mailan utzita besteentzat bandera nagusia zena, alegia, erlijioa eta foruak. Integristek garai hartako politikan parte hartu nahi zuten, ahalik eta tresna gehien erabiliz, beren sineste tradizionalista sakona galdu gabe hala ere. Karlistak ez bezala, integristak -batez ere eliz jendea, jesuitak eta karmeldarrak, zutela atzetik, eta zenbait intelektual eta kazetari-, gogor jardun ziren erlijioaren defentsan, eta gero eta bizkorrago modernoagotzen eta sekulartzen ari zen gizarte hura salatzen.

Errepublikarrek ere, beren aldetik, izan zuten barne arazorik, eta gizartean oinarri garrantzitsua izanagatik -urbanoa batez ere-, ez zuten lortu Euskal Herrian talde batu bat osatzerik. Aldi berean, Espainiako beste lekuetako errepublikarrekin harremanetan zeuden, errepublikar talde ugarien bitartez.

Nolabait esateko, Errepublikaren ideia ez zen aski hain esparru politiko zabala bateratzeko.

Bizkaiko modernotasuna eta beste probintzietako jarraitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizartean azaleratzen ari ziren ekonomia eta gizarte aldaketen errealitateak eta bultzadak mugatu zuten euskal politika.

1890eko hamarralditik aurrera hasi ziren finkatzen Bizkaiko industrializazioak sorrarazitako talde berrien ordezkari ziren indar politikoak. Hiru izan ziren nagusiak: monarkikoak, sozialistak eta nazionalistak. Bizkaian agertu ziren aurrenekoz -urteetako aldearekin gainera-, hantxe izan baitziren gizarte aldaketa garrantzitsuenak. Aitzitik, askoz ere geroago agertu ziren beste probintzietan sozialistak eta nazionalistak, haietan ez baitzen halako aldaketarik gertatu, ez talde berriak oldeka ekarriko zituztenak (langileak), ez gizartearen parte baten defentsa mekanismoen adierazpen zirenak (nazionalistak).

Hala bada, esan daiteke bi eratako banaketak izan zirela euskal gizartean. Alde batetik, hirien mundua nekazarien mundutik bereizten eta aldentzen zuena, espazio bakoitzak bere indar politiko eta jarrera propioak zituela. Hala, errepublikarrek talde urbanoa osatzen zuten batez ere; dinastiazaleek hirietan ere bazuten lekurik, haien eragina nekazari giroetara iristen zen arren; karlistak espazio baten zein bestean zeuden; gero, talde berriak, nazionalistak eta sozialistak batez ere, hiriburuetatik zabalduko ziren probintziara. Beste alde batetik, politizazioa handiagoa zen hirietan,eta ugariagoak aukerak, eta herri txikietan berriz nabarmenagoa zen kazikismoa, ideologia oinarri ahulagokoa. Beste banaketak, batetik Bizkaiaren errealitate anitz eta berria, industrializazioak ekarritako aldaketen adierazpen zena, eta, bestetik, gainerako probintzietako errealitate estatiko eta tradizionalagoa, bereizten zituen, eskualde guztietan gauzak berdin ez ziren arren.

Berehala antzeman zen Bizkaian politika aldaketa. 1891ko hauteskundeen ondoren, mea eta fabrika ustiaketarekin ikaragarri aberasten ari zen talde indartsu bat agertu zen. Lehengo Batzorde Liberala eta gainerako indar politikoak bazterturik geratu ziren politika egiteko molde berriarekin, ekonomiagatiko bezerian -begirunezko harremanetan edota hautagaiek gizartean izan zezaketen eraginean baino areago, lotura pertsonaletan, xehetasun haiek etorkizunerako galduko ez baziren ere- oinarritzen zen joera batekin alegia. Joera berri horren buru nagusiak bizkaitar kapitalista garrantzitsuenak ziren: Benigno eta Víctor Txabarri, Martínez Rivas, Gandarias, Aznar, Allende, Urkixo Ibarra, Martínez Rodas, Casa Torreko markesa, José Ancillona, Federico Etxebarria. 1897 beste urte esanguratsu bat da buruzagi talde berri honen sorreran, eta Bizkaian politika egiteko molde berrian. Izan ere, urte horretan, talde horretako buru adierazgarrienak, Víctor Txabarrik, Unión Liberal antolatu zuen, La Piña izenaz ezagunagoa, ideiak ez ezik interesak biltzen zituen taldea, hauteskundeei begira bizkaitar oligarkiako kideen arteko liskarrak baretzeko helburua zuena (beharrezko ez zirelakoan, eta oso garestiak gainera ekonomiaren aldetik). Talde horrek, de facto, 1903 arte iraun zuen, eta gerora politika egoera zaildu bazen ere, La Piñako gizonak hautetsi izaten jarraitu zuten, eta, aldi batez, haien hautespen prozedurak erabili ziren.

Prozedura horien artean sufragioa faltsutzeko era guztietako moduak zeuden -Espainia osoan gertatzen zen bezala bestalde-; hautesleei botoak erostea, bizkor eta asko, izaten zen Bizkaian eta Euskal Herrian oro har sistema ohikoena. La Piñak, hiritarren botoak erosteaz gainera, sistema osoa ere usteldu zuen. Halako nagusitasuna lortu zuen non beste talde batzuk ere kutsatu baitzituen, esaterako errepublikarrak edota karlistak, behin baino gehiagotan onartu baitzuten Unión Liberalekin konponketak egitea. Era horretan, XX. mende hasieran, Bizkaian, sistema hondatu eta usteldu baten kontrako oposizio politikoa sortu zen, talde sortu berrietan, hau da, nazionalista eta sozialisten artean, eta ez lehenagoko taldeetan.

Horrez gainera, interesak ideiei nagusitu baitzitzaizkien La Piña, gehienera ere, protekzionista zen ekonomiaren alorrean, eta, horregatik, kontserbadoreen alde agertu zen, 1890. urte inguruan kontserbadoreek protekzionismorantz jo zutenean, eta, nagusitasunean baino areago, nagusikerian oinarritzen baitzen aginpidea, bizkaitar gizarteko talde askok ezin zuten hartan ordezkari egokirik aurkitu. Hala, langileak eta erdi mailako klaseak, politikan gero eta gehiago mugitzen zirenak, La Piñatik urruntzen eta haren kontra jartzen hasi ziren XX. mende hasieran, batez ere hiriguneetan; horrek adierazten du, besteak beste, zergatik hasi zen hura lehengo protagonismoa galtzen eta bestelako ekimenei lekua uzten. Kontuan hartu behar da bestalde Víctor Txabarri, taldearen buruzagi nagusia, gazterik hil zela, 1900ean.

Meategi eta industriako enpresa gizon haiek, oso denbora laburrean aberastuta, eta probintziako liberalen eta dinastiazaleen iturburu zen salerosle talde buruzagia baztertuta, berehala hasi ziren beren protagonismo politikoaren onurez gozatzen. Protagonismo hori probintzia osora iristen zen, eta baita harantzago ere. Bizkaiaren barruan, autogobernu zabala zuen lurralde baten kontrolak ahalmen askorekin: zergak bildu eta dirua gastatu, barne politika ekonomikoa definitu, edota azpiegiturak antolatu, aginpide eremu gustagarria bihurtu zuen Aldundia, aukera handiak eskaintzen baitzituen. Aldunditik kanpora, diputatu edo senatari kargua izateak, gizartean ospea emateaz gainera -eta hori aski garrantzitsua zen ia-ia aberats berri huts ziren haientzat-, aukera ezin hobea eskaintzen zuen enpresa interesak kudeatzeko, interes horiek (muga zergen politikak, Armadaren hornidura, etab.) eztabaidatzen ziren lekutik bertatik gainera.

Horren ondorioz, hogei urtez ia, XIX. mendearen azken hamarraldiaren eta XX.aren lehenaren artean, oligarka bakoitza zein bere barrutiko nagusi zen, barrutia guztiz bere mendeko bihurtu arte; eta, esango dugu berriz ere, alderdi eta txandetatik erabat aparte. Hala, Casa Torreko markesa, Txabarriren koinatua, etengabe atera zen diputatu Durangotik 1891 eta 1910 artean, salbuespen bakarrarekin (1898), eta, gehienetan, inolako kontrakorik gabe; Juan Tomás Gandarias nagusi izan zen Gernikan 1896tik 1914 arte, hura ere oposiziorik gabe ia; José Acillona katolikoak gauza bera egin zuen Markinan 1903tik 1916ra, Plácido Allende kontserbadorearen ibilbideari jarraiki (1903an Acillonak Allende garaitu zuen, aurreko hiru hauteskundeetan, 1898 ezkero, Allende irabazle izan ondoren); Benigno Txabarri Balmasedako barrutiaren ordezkari izan zen 1893 eta 1907 artean, eta haren ondoren José María Txabarri etorri zen, 1916 arte; Barakaldon, Ramón eta Fernando Ybarra izan ziren hurrenez hurren diputatu, Bizkaiko Labe Garaietako familia nagusikoak, babes mota klasikoago bat erabili zutenak (enpresarekin zerikusia zuten mesede, lanpostu edo kontratuak, zuzeneko boto erostea baino). Hain zuzen ere, Ybarratarren aldetik sortuko ziren lehen disidentziak talde nagusiaren baitan, 1903tik aurrera, eta ez da harritzekoa, La Piñako gune nagusiaren kontra sortu baitziren (Txabarri, Allende eta Martínez Rivasek osatzen zuten gune hori).

Bilbon, azkenik, zailagoa zen barrutiaren jabe bat finkatzea. Gainerakoan, ikaragarrizko boto pilak erosi izan ziren, oso berandu arte -gutxienez, 1905eko lehen hauteskunde "garbiak" arte-, eta eguneroko gauza izaten ziren talde arteko konponketak.

1905 arte ez ziren hasi hauteskundeetako emaitzak sektore politiko desberdinen errealitatea eta gizarte pisua adierazten.

Barrutia menderatzeko zailtasunak azaltzen ditu orain diputatuen aldaketak: Lezearen garaipena, 1891n, liberal-foruzaleen garaia bukarazi zuena; Solaegi, izenez errepublikarra, baina izatez Txabarriren hautagaia; Martínez Rivas industria gizona, 1894an botoak erosten 40.000 duro gastatu zituena, eta beste hainbeste egin zuena 1989ko hauteskundeetan; Federico Etxebarria errepublikarra eta Tomás Zubiria kontserbadorea hurrengo hauteskundeetan atera ziren, antzeko prozedurekin; José María Urkixo Ybarrak, Adolforen anaiak (diputatu Barakaldotik 1896an, eta Bizkaiko Diputazioko lehendakari) 1903an monarkiko, katoliko, autonomiazale eta baita nazionalisten botoak ere bildu zituen (1901 ezkero bere egunkarian, La Gaceta del Norten, ageri zen eskuin katolikoa bateratzeko saioa azpimarratuz era horretan); Solaegi errepublikarrak hauteskunde "garbiak" irabazi zituen 1907an, Pablo Iglesias sozialistaren kontra (3.922 boto batak eta 3.104 besteak); Fernando Ybarrak, Bizkaiko Alderdi Kontserbadorearen buruzagi eta sortzaileak (alderdi maurista zen), katolikoen eta euskal nazionalisten parte baten laguntzarekin irabazi zuen 1907an; 1910etik aurrera, Horacio Etxebarrieta errepublikarrak Ramón de la Sota nazionalistarekin batera, politikan dinastiazale ez zen enpresari handiaren salbuespenezko eredua, eta, 1918tik aurrera, Indalecio Prieto sozialistak, garbi adierazi zuten beren emaitzekin, aliantza errepublikar-sozialistak Bizkaiko hiriburuan zuen indarra.

Industriako kapitainen botere ahalguztiduna, kontserbadoreena alegia, apurtzen hasi zen Bilbon XX. mendearen lehen hamarraldiaren hasieran, errepublikar, sozialista eta euskal nazionalisten pisua nabarmentzen hasi zenean hain zuzen. Une horretan hasi zen halaber gerora mamitu ez zen talde hori aldatzeko saio bat, Fernando Ybarra buru zuena; La Gaceta del Norte zelarik euskarria, eta euskal nazionalisten babesarekin, alderdi dinastiazale katoliko eta erregionalista baten aldera egin nahi zuen. Babes hori lortu nahian, Antonio Maura kontserbadorearen ardurapean, nazionalistak izendatu zituzten Bilboko alkatetzarako Ibarretxe, Horn Areilza, saioak iraun zuen artean. Horren ondorioz, nolanahi ere, kontserbadoreak (1909ko uztailan, Ybarra zela buru) eta liberalak (1910ean, Gregorio Balparda zela buru), alderdi gisa antolatzea besterik ez zen lortu.

Aipatutako talde horien antolaketaz aparte, aipagarria da Bizkaiko politikaren berrikuntzak ez zekarrela tradizionalisten ezeztatzerik. Etengabe beherantz ari baziren ere, ez baitziren egokitzen modernizatze prozesu laster batean sartua zegoen gizarte hari, oraindik ere izan zituzten emaitza onak Durango, Gernika, Markina eta beste zenbait laborari herritan (Markinan katolikoekin nahasirik eta haien mende bazen ere), eta, berandu arte, ordezkari asko izan zituzten Bilbon adibidez, joera askoko barruti bat baitzen (dena dela, XIX. mende bukaerako udal hauteskundeetako %20tik, erdira pasa ziren XX. mendeko lehen hamarraldietan).

Bizkaiko egoerak ez du batere zerikusirik beste probintzietakoekin. Barnealdekoetan urte hauek igaro arte ez ziren aldaketak sumatuko, inguruan gertatzen zenak nolabaiteko eraginik izan zuen arren.

Gipuzkoa oso poliki hasi zen industrializatzen eta aldatzen, eta, hori zela-eta, oso mantso aldatu ziren adierazmolde politikoak ere: nazionalistak, eta, askoz ere garrantzi gutxiagorekin, sozialistak, geroago azaldu ziren.

Gipuzkoan, tradizionalistek boto asko eskuratzen jarraitu zuten -boto multzo izugarriak batzuetan- Tolosa eta Azpeitia bezalako barrutietan (eta Zumaian, hauteskunde orokorretan, eta Bergaran, probintziakoetan).

Leku urbanoagoetan ere, Irunen adibidez, bazuten pisurik (%5 hirian baina %25 barrutian, 1890etik 1923rako probintziakoetan).

Horren antitesia hiriburua zen, Donostia, garbi-garbi liberala, eta neurri apalagoan, Irun eta Bergara (probintziako hauteskundeetan), tradizionalisten gotorlekuarekin lehiatu beharra baitzuten han.

Laburtuz, liberalen eta tradizionalisten artekoa zen oraindik ere Gipuzkoako auzi nagusia; kasu batean zein bestean, oso markatuak ziren barrutiak: karlistak boto guztiak lortu nahian Tolosan; integristak eta karlistak gutxiago Azpeitian; pertsona bakar baten kontrola, Joaquín Arteaga katoliko independentearena, Zumaian, hauteskunde orokorretan, etengabe hautatu baitzuten 1896tik 1918ra; liberak bakarrik ia Donostian.

Aldiei dagokienez, bi aldi oso desberdin azpimarra daitezke, gehienak liberal zirenak bat, eta tradizionalistak zirenak bestea, hurrenez hurren. Hasieran, liberalen eta errepublikar moderatuen arteko itun bat egin zen alderdi liberala zeritzana, hauteskundeetarako soilik eta politika edukirik gabea, karlismoaren kontrako izatea izan ezik. Jamar, Fermin Kalbeton, José Matxinbarrena, Brunetarrak, Goitia, Orbea bezalako jendea zen, industria gizonak edo profesional liberalak, probintziaren industrializazio eta modernizatze prozesuan sartuak, eta ekonomian bazutena politikan ere lortu nahi zutena. XX. mendeko lehen hamarraldiaren erdialdetik aurrera aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren, Liga Foral Autonomistaren agerpenari lotuak hasieran; integrismotik errepublikanismoraino zihoazen taldeen arteko itun behin-behineko bat osatuz, aurreko oreka hautsi zuten. Baina hauteskunde horiek sorrarazitako aldaketek ez dute, inondik ere, joera aldaketaren benetako eragile zenaren garrantzia: erlijioaren auzia zen eragile hori.

Beste euskal probintzietan gertatu zen bezala, erlijioa berriz ere lehen mailako eztabaidagai bihurtzeak gobernuaren proiektuen ondorioz, eskuinaren finkatze eta bateratzea ekarri zuen; orobat, aurreko itunak betiko aldatuta, eta XIX. mendeko liberalismo-tradizionalismo kontrakotasun zaharrak beste bati, askoz modernoagoa zen bati, lekua uztea: ezkerra-eskuina. Hala, karlistek, integristek, kontserbadoreek eta, noizbehinka, nazionalistek, eta baita liberalek ere, eskuinen gehiengo hauskor baina iraunkorra osatu zuten probintzian, lehen bi alderdiak zirela garbi-garbi nagusi.

Beste aldean, txiki-txiki eginda geratu zen aurreko bloke liberala, bai barne arazoengatik, bai probintzia politikagatik. Liberalek, gogoz kontra baina, eskuin aldera egin zuten, eta errepublikarrek, beren aldetik, ezkerrerantz egin zuten, gero eta erradikalago, sozialistekin hitzarmenak eginez; denek ere, aginpide eta leku asko galdu zuten Gipuzkoan.

Arabako eta Nafarroako egoera bat dator gauza askotan azaldu berri denarekin.

Oso berandu arte, tradizionalismoaren eta liberalismoaren arteko eztabaida izan zen nagusi. Tradizionalismoak izugarrizko indarra duen barrutiak ageri dira berriz ere: nafar barruti guztiak, Iruñea eta Tuterakoak bereziki probintziako hauteskundeetan, eta Iruñea, eta batez ere Agoitz, orokorretan (azken hori karlista baino, tradizionalista bazen ere, M.C. Minak seinalatzen duenez); Biasteri eta Gasteiz Gorteetako hauteskundeetan eta Diputaziokoetan; baina, batez ere, hiriburuetako udalak: 1890etik 1923ra Gasteizen tradizionalistak ziren %46,3 zinegotzi eta Iruñean %58,6 zinegotzi. Era berean, baziren dinastiazaleak nagusi ziren barrutiak -aipagarria da Amurrioko barrutia Araban-, eta ordezkari asko zuten Tutera, Agoitz eta Tafallan. Gobernu instituzionalaren egoera berriz ere orekan oinarritzen zen, hiriburuen udaletan izan ezik, udal horiek zenbaitetan karlisten mende egon baitziren. Arabako Diputazioa, bestalde, dinastiazaleen esku geratu zen, Urkixotarrek beren barrutian zuten aginpide osoagatik,eta beste bietakoa (Gasteiz eta Biasteri) zalantzazkoa zelako. Azkenik, sozialistak eta nazionalistak oso berandu agertu ziren, eta indar gutxirekin gainera.

Nafarroan, 1891 eta 1923 artean, kontserbadoreek lortu zituzten Gorteetako diputatu kopuru handienak (46), karlistek 41 zituztela, 13 liberalek, 7 integristek eta 5 euskal nazionalistek (nahiz eta Diputazioko hauteskundeen zenbaketan karlistei eman zitzaien nagusitasuna, ordezkarien ia %36 baitzuten, kontserbadoreen %29,6 eta liberalen %14aren ondoan). Talde horretan bi garai behar dira bereizi ordea, ideologiaz ere oso desberdinak: lehenengo garaia Unión Católicako kontserbadoreei dagokie (Alejandro Pidal y Monen tesien eraginpean, karlismoaren muga-mugan), Nafarroan Vadilloko markesa zutela buru, 1891 eta 1914 artean Iruñetik diputatu izan zena, eta koroaren ministroa; bigarren garaiaren ezaugarri nagusia kontserbadoreen haustura izan zen: mauristak alde batetik, Iruñean eta Agoitzen, eta Eduardo Datoren jarraitzaileak bestetik, Tafalla eta Tuterako barrutietan (Méndez Vigo nabarmendu zen Tuteran).

Laburtuz, eta kronologiari dagokionez, lehen aldian dinastiazaleak nagusitu ziren; horren arrazoia, parte batean behintzat, karlistak politika eta hauteskunde jokora berandu itzuli izana da (1885ean), eta euskaroek bakarrik, eta oso gutxi, kontra egin izana dinastiazaleei. Gizonezkoen sufragio unibertsala onartu zenez geroztik, eta 1905 arte, kontserbadoreak izan ziren erakundeetan nagusi, baina karlistek ere pisu handia zuten; azken aldian, 1916 arte, karlistek hartu zuten probintzia beren mende, Angel García-Sanzen interpretazioaren arabera, Errestaurazioaren erregimenak huts egin zuelako Nafarroan. Kronologia Arabakoaren antzekoa da (eta, ikusi dugunez, Gipuzkoan ere ez zen oso desberdina izan). 1880ko lehen probintzia hauteskundeek karlisten indar handia jarri zuten agerian; izan ere, nahiz eta irabazi ez, oso emaitza onak lortu zituzten, eta hiriburuko ordezkari guztiak atera zituzten.

Horrek, eta horrekin batera Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait barrutitan lorturiko emaitzek, karlismoaren kontrako koalizioak osatzera bultzatu zituen liberalak eta gobernua bera ere. Araban ere antzera gertatu zen; han, izen desberdinekin, kontserbadore, errepublikar eta independenteen koalizioak, ahal zuen neurrian, erakundeetako aginte karguetatik baztertu zituen tradizionalistak.

Hala ere, indar handia zuten tradizionalistek: hala adibidez, 1891n sufragio unibertsala aplikatu zenetik, eta 1903ko hauteskunde "garbi"etaraino, karlistek lortu zituzten Gasteizko zinegotzien erdiak.

Koalizio liberalaren baitan, XIX. mendearen azken hamarralditik aurrera, errepublikar moderatuek lortu zuten nagusitasuna, hautesleen ugaritzeagatik dudarik gabe -gizartean oinarri zabala zuen alderdia baitzen-, Gasteizek eta Arabako hegoaldeko parteak zuten tradizio errepublikarragatik, eta hautagaiek gizartean zuten izenagatik.

1903tik aurrera lekua galtzen hasi ziren Arabako talde dinastiazaleak, eta herrian oinarri sendoa zuten taldeek, errepublikarrek nahiz karlistek, hartu zuten mendean politika egoera eta udal, probintzia eta Gorteetako ordezkaritza. 1909 arte, errepublikarrek, eremu liberala beren esku zutelarik, ahalmen handia lortu zuten, nahiz eta gauza aski zaila zen, kontuan izanik zein estua zen Errestaurazioaren sistema. Baina 1909tik aurrera, beste euskal probintzietan bezala, erlijioaren auziak mugiarazi eta bildu zituen indar kontserbadore eta katolikoak, karlisten onurarako azkenean, eta, era horretan, karlistak jarri ziren Arabako politikaren buru Lehen Mundu Gerra arte.

Bukatzeko, xehetasun interesgarri bat aipatu behar da: ikusi ditugun kasu guztietan, hiritarrarengandik gertuen diren erakunde mailetan, behekoenetan, ageri da ugaritasunik handiena, eta haietxetan ageri da ondoen gizarte horietan benetan gertatzen zena. Era horretan, talde berriak, sozialistak edo nazionalistak, hiriburuetako udaletan agertuko ziren lehenbizi indarrez, haietatik diputazioetara igaroko ziren, eta, gero, zenbait barrutitan, Gorteetara. Era berean, erakundeen mailan behera egin ahala, gero eta ugariagoak ziren talde berri horiek: Gorteetara Bizkaitik joan ziren sozialisten zenbatekoa, 1891 eta 1923 artean, %4,3 zen, eta nazionalistena %6,5; probintzia diputazioko hauteskundeetan, %1,6 eta 19,8 ziren hurrenez hurren portzentajeak; Bilboko udalean berriz, %17,6 eta 26,6ra heltzen dira kopuru horiek.

Masen agertzea eta Errestaurazioaren krisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europako gizartean XX. mende hasieran izandako aldaketa sakonak antzeman ziren, maila desberdinetan, euskal probintzietan ere. XIX. mendeko gizarte tradizionalak beste bati utzi zion lekua; aurreko ordena hautsiz, masak noranahi heltzea zen gizarte berri horren ezaugarri nagusia.

1890ean, gizonezkoen sufragio unibertsalak legezko izatea eman zien aldaketa horiei denei, eta politikak berak ere aldatu behar izan zuen. Modu horretan, eliteen politika baten ordez, beste politika mota bat sortu zen, herriaren protagonismoa aintzat hartu behar zuena.

Esan den bezala, leku guztietan ez ziren berdinak izan aldaketa horiek: zenbait tokitan, barnealdean adibidez, oihartzun arina izan zuten; baina Bizkaian eta Gipuzkoan oso azkar errotu ziren, eta baita hiriguneetan ere. Diskurtso berriak eta alderdi berriak sortu ziren. Euskal Herrian, sozialistak, euskal nazionalistak eta errepublikarrak izan ziren talde berri horiek, ahaztu gabe ordea beste faktore batzuk, biztanleriaren mobilizazioa adibidez: tradiziozko talde baten alde egin zuen herriak, hau da, karlistek eta integristek osatzen zutenaren alde. Ezker-eskuin kontrakotasunak -euskal nazionalismoarekin batera hemen- hartu zuen lehengo liberalismo-tradizionalismo bitasunaren lekua, nahiz eta azken horrek luzaro iraun zenbait tokitan.

Horrela, gizarte aldaketak, sozialisten eta nazionalisten agerpen gero eta indartsuagoa, eta Errestaurazioaren sistemarekiko konfiantzaren krisia, 1917an azaleratzen hasi zena, izan ziren XX. mendeko lehen bi hamarraldietako euskal politikaren ezaugarriak.

Ezker-eskuin lehiak, gero eta nabarmenagoa baitzen, alderdien estrategiak aldarazi zituen. Ezkerrean, 1909an hasi zen aplikatzen Conjunción errepublikar-sozialista, eta hari elkartu zitzaizkion gero, gogoz kontra eta estrategiarik gabe ordea, liberal urbanoak (Gasteiz edo Donostian).

Koalizio horrek bazuen aurrekaririk, ez formala baina bai praktikoa; hala ere, Euskal Herrian koalizioa ofizial bihurtzeak aldaketa garrantzitsuak ekarri zizkien sozialistei, eta, era horretan, Prietoren politika demokratikoa eta liberala nagusitu zitzaion lehengo Perezaguaren klasismoari. Eskuinean, tradizionalistei eta katoliko independenteei hurbildu zitzaizkien kontserbadore dinastiazaleak (nahiz eta horrekin borrokak desagertu ez, contra natura-ko talde eta boto emate hauen baitan). Euskal nazionalismoak bakarka jokatu zuen, zenbait salbuespenekin: hala, Iruñeko barrutian 1917an tradizionalismoarekin egin zuen koalizioaren kasua, eta kontserbadore katolikoei emandako behin-behineko laguntza (hala Fernando Ybarrari Bizkaian emandako babesa, edo Gipuzkoako beste zenbait kasu).

Liberal-kontserbadore lehia ezker-eskuin arteko lehia bihurtze horren jatorrian, erlijioaren auzia zen faktore nagusietako bat. Aldi hartan izan ziren, mende hasieran, eliza-estatu banaketari edota elizaren pribilejioak mugatzeari buruzko eztabaidarik handienak. Garai horretakoak dira Canalejasen proiektuak eta haren Erlijio Elkarteen Legea (giltzarrapoaren legea izenaz ezagunagoa zena), edota Combes eta Waldeck-Rousseauren frantses politikaren aurreko eragina. Horrek guztiak erraztu egin zuen apezpikuen ildo berrien babespeko katolizismo politikoaren inguruan biltzea eskuina. Erlijio faktorearen azpian beste bat zegoen ordea, garrantzitsuena, gizartearena; hau da, indarrean zegoen ordena defenditzeko irizpidea, edota hura berriztatu nahia. Urte horietako karlismoa -Javier Realek adierazi duenez-, liberalismoaren sarrerari kontra egiteko saioetatik, (gizarte) iraultzaren zabaltzea geldiaraztera igarotzen da.

Horrek erraztu egin zuen Eskuineko Blokeen osatzea, eta blokeek, ordezkari kopuruari zegokionez, mesede egin zieten kontserbadoreei, nahiz eta erakundeetan ordezkari gehienak tradizionalisten taldeek irabazi, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako probintzietan. Ezker liberalak ondo erreakzionatu zuen Bizkaian, indartsu ari baitziren han errepublikar eta sozialistak, baina beste probintzietan, egoeraren aldaketarekin, eta taldekideak eta haien diskurtsoak hain desberdinak izanik, nora jo ez zekiela geratu zen, eta azkenean krisian sartu zen. Bestalde, kontserbadore batzuk tradizionalismora igaro ziren betiko, eremu oro har liberala zenari indarra kenduz.

Bizkaian, indarrak biltzea lortu zuen ezkerrak, baina ez eskuinak. Izan ere, hasieran, monarkismoaren edo kazikismoaren kontra nazionalismoaren hedatzea talde desberdinak erakartzeko zenbait ahalegin oso goiz egin ziren arren, La Gaceta del Norteren sorrera adibidez (1901), jende guztiz desberdina bateratzeko gauza izan zena, hala Lezama-Leguizamón, tradizionalista, Chalbaud, nazionalista, Adolfo González Kareaga, monarkikoa edota José María Urkixo Ybarra, katolikoa. Egin ziren hitzarmen batzuk, baina, nazionalisten indarra hazi ahala, nazionalista-antinazionalista lehia izan zen probintzia horretako eztabaiden ezaugarri nagusia, 1918tik aurrera batez ere; kontserbadore dinastiazaleek egindako itun xelebreak ere azalduko zituen horrek, hala La Piñako kide ohiak sozialistekin elkartu zituena.

Politika gertaera jakin batzuek aldatu zuten egoera. Bizkaian, nazionalistek bat batean agertu zuten indarra izan zen gauzarik nabarmenena: 1917an Diputazioaren lehendakaritza lortu zuten, eta Gorteetako diputatu guztiak urte bete geroago, Bilbokoa izan ezik, urte horretatik aurrera Prieto sozialista izango baitzen Bilboko diputatua.

Nazionalistek Bizkaian zuten oparoaldia laster zabalduko zen beste probintzietara ere. Gipuzkoako barruti mendebalekoenean, Bergaran, beste diputatu bat lortu zuten, Iruñean bezala, kontserbadore karlista eta mauristekin elkartuta. Bilbo eta Donostiako udaletan talde nagusia izan ziren, eta, geroxeago, 1920tik aurrera, bigarrena, karlisten atzetik, Gasteiz eta Iruñekoan.

Dinastiazaleei dagokienez, indarrak bateratzeko alferreko saio asko egin ondoren, berregituratu ziren azkenean, eta horrek, eta nazionalisten arrakastaren aurkako erreakzioak, koalizio saio bat egitera bultzatu zituen, Liga de Acción Monárquicaren inguruan; liberal zahar batek, Gregorio Balpardak, eta itzal handiko pertsonek (hala Luis Salazar Zubia, Datoren aldeko kontserbadorea eta Diputazioko lehendakari ohia, edota Ramón Bergé eta Félix Lekerika mauristak) fundatu zuten 1919an. Ligak, besteak beste, lortu zuen, aurrenik, Bizkaiko probintzia erakundeen ordezkaritzaren kontrola monarkikoentzat berreskuratzea, bere inguruan berriz ere industriaren kapitainak biltzea (Gandarias, Txabarri, Ybarra, Echebarria eta beste batzuk sorreratik bertatik sartu ziren Ligan), eta etorkizun hurbilerako zertzea bizkaitar oligarkiaren oinarri ideologiko eta politikoak: bizkaitarrismoa, espainolismoa eta antinazionalismoa (euskaldunen kontrakoa), argi asko adierazten zutenak nola ari ziren autoritarismoaren aldera egiten. Bestalde, horrekin guztiz egituratua geratu zen bizkaitar politikaren hirukia: monarkikoak, nazionalistak eta sozialistak.

Araban, Guillermo Elio kontserbadoreak eta Gabriel Martínez de Aragón liberalak zirela buru, Eduardo Datoren inguruan bildu ziren karlismoaren kontrako guztiak; era horretan karlisten nagusitasun aldia amaitu zen, eta jarri ziren Gasteizko indar biziak probintziako politikaren buruzagi. Prozesu horretan, errepublikarrek, hasieran koaliziora erakarri bazituzten ere (Alianza Patriótica Alavesa zuen izena), berezko ezaugarriak galdu zituzten, eta krisi sakon eta ezin gaindituzko batean sartu ziren. Karlistek, besterik gabe, denbora pasatzen utzi zuten, harik eta Aliantza desagertu eta eskuineko beste bloke batzuk sortu ziren arte; haietan tradizionalistek berreskuratu zuten zertxobait aurreko posizioa. Izan ere, Datoren Aliantzaren politika jardunak, diskurtso politikoan baino areago interes materialetan oinarriturik -mesede truke, Gasteizek Eduardo Dato hautatzen zuen barrutiko diputatu-, bizkortu egin zuen arabar alderdien krisia, haien ideologia profilak apur bat ezabatu baitzituen. Krisi hura onuragarria gertatu zitzaien bai euskal nazionalistei, hiriburuan, beherantz zihoan Errestaurazioak gastatu gabeko alderdi bakarra baitziren, bai Urkixozaleei, haiek, eskuinerako jarrera orokorrak lagunduta, Amurrioko barrutian zuten nagusitasuna probintzia osora zabaldu baitzuten, baita Gasteiza ere.

Nafarroan, gertaerarik nabarmenena alderdi kontserbadore indartsuaren baitan gertaturiko haustura izan zen, alderdi maurista sendotu zuena; hura zen tradizionalista ez zirenetan garrantzitsuena, Diario de Navarraren orrialdeek ondo babestua. Iruñeko mauristek, karlistek eta nazionalistek, behin eta berriz eskuratu zuten, txandaka, 1918tik aurrera eta elkartuta, hiriburuko ordezkaritza; mauristek ere ordezkariak lortu zituzten Agoitzeko barrutian (Barrikartek hartu zuen Rodeznoko kondearen karlistaren lekua). Hegoaldean, Tafallan eta Tuteran, kontserbadoreak Datoren jarraitzaileen pareko ziren, José María Méndez Vigo eraginkorraren mende. Nolanahi ere, tradizionalistek ez zuten indar askorik galdu, Vázquez de Mellaren zatiketaren ondorioak gorabehera; banatutakoak mauristekin elkartu ziren, bozeramaile berezi bat zutela, Víctor Pradera, nabarrismo politikoaren aldezle zena. 1921ean, tradizionalisten artean izandako aldaketak zirela-eta, koalizio bat osatu zuten jaimistek euskal nazionalistekin, Aliantza Forala: berrizalea gertatu zen Nafarroarentzako egitarau politiko benetako baten adierazpen zelako, eta era horretan 1923 arte boto gehienak bildu zituen probintziako erakundeetan.

Gipuzkoan, azkenik, ez zuen nagusitasunik galdu tradizionalismoak, integristen eta karlisten (jaimisten) artean banatuta, zein bere feudoan. Azken horien alderdiak jarraitu zuen boto gehien biltzen, era guztietako hauteskundeetan eta erakundeetan.

Eskuineko taldeen artean, bi indartu ziren.

Aurrena, kontserbadoreak; probintziako politikak eta euskal politikak eskuin aldera egin izanak lagunduta, eta bestetik eskuineko indarrak bateratzeko saioen ondorioz, ordezkarien kopurua gehitu zuten, eta Gipuzkoan zuten benetako presentzia sendotu.

Bigarren, euskal nazionalistak; eskuineko gainerako taldeekin elkartuta nahiz bakarka, emaitzak asko hobetu zituzten, bai Donostian bai Bergarako barrutian, eta, gutxiago izan arren, baita Tolosako eta Azpeitiko barrutietan ere. Ezkerrean, oso maila garrantzitsuetan mamitu zen errepublikarren krisia. Oso behera egin zuten, liberalen onurarako; hala, alde horretatik irabazten zutenarekin orekatu zuten liberalek eskuinetik galtzen zutena (kontserbadore dinastiazaleen mesedeetan).

Errestaurazioaren azken krisiaren unea bestalde, politika alderdien baitan, une larri eta liskar handiekin batera gertatu zen Euskal Herrian. Errepublikarren artean sekulako krisia sortu zen bat-batean, alderdia desagertzeraino ia. Errusiako Iraultzaren eta Hirugarren Internazionalaren zuzeneko ondorio gisa, komunistak eta sozialistak banatu egin ziren 1921ean; nolanahi ere, banaketa hori sindikatuetan antzeman zen batez ere, politikan eta hauteskundeetan baino gehiago. Urte horretan bertan bereizi ziren talde nazionalistako aberrianoak, eta bi talde sortu ziren, batez ere Bizkaian garrantzitsu zirenak: Comunión Nacionalista Vasca eta EAJ, bereizitakoek hartu zuten izena. Gainerako probintzietan talde ofizialarekin geratu ziren nazionalista gehienak. Karlistek ere izan zuten beren zatiketa mellista (Vázquez de Mella, bultzatzailearen izenagatik), aurreko integristenarekin elkartu zena; baina zatiketa hark, aldi berean, beste taldeekin elkartzeko aukerak zabaltzen zituen, mauristekin esate baterako, eta nolabait jaimisten diskurtso zaharkitua berritzen zuen. Horrez gainera, oso ahulduta baitzebiltzan garai hartan, euskal nazionalismoaren bultzadak Bizkaian sorrarazitako eztabaida ere beretu behar izan zuten, nazionalismoak nola indargabetzen zituen ikusiz. Primo de Riveraren kolpe militarra iritsi zenean, 1923ko irailean, euskal gizartea, politikari zegokionez, gizarte espainolaren krisi berean zegoen murgildua, eta horregatik ere ez zion behar bezalako indarraz kontra egin diktaduraren ageriko mehatxuari.

Euskal pluralismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Pablo Fusik bere garaian esan bezala, Errestaurazioko euskal gizarteak -gerora Errepublikarenak bezala- pluralismo bat adierazi zuen. Honela definitzen zen kultura eta politika pluralismoa Horace M. Kallenen proposamen batetik abiatuta: Ezaugarri nagusia bere baitan talde kultural eta etniko desberdinak izatea duen lurralde errealitatea, elkarren ondoan harmoniaz bizi diren taldeak eta kultura baterakor batean elkartu gabeak. Gure kasuan, lehen ondorioa oraindik ere agerikoa gaur, nortasun bateratzaile bat ez izatea da, aitzitik, kultura desberdinak izatea.

1900 eta 1936 artean ordena politiko berri bat mamitu zen, oinarrizko bi gertaerek definitzen dutena: Aurrena, euskal politikaren hiruki forma izateko joera, hiru kultura politiko desberdinduetan oinarrituta: eskuin espainolista, euskal nazionalismoa eta ezker demokratikoa edo errepublikar-sozialista. Fusik, gainera, "hiruki polarizatua" dela dio, elkarren kontrako baitira euskal herritartasunaren ideia eta espainoltasunarena, nazionalistek eta monarkiazaleek bultzatzen zituztenak, hurrenez hurren. Horrez gainera, ez da hiruki perfektua, talde bat baino gehiago baitago erpin bakoitzean: tradizionalistak eta hainbat eratako dinastiazaleak (liberalak edo kontserbadoreak); nazionalistak, liberal erregionalista eta etniazale independentistetan banatuak, eta, geroago, joera laikokoak (Jagi-Jagi); ezkerraren baitan, berriz, baziren hainbat eratako sozialista eta errepublikarrak, beste eremu sindikaletan eta politikoetan zebiltzanez gainera: CNTko anarkistak eta anarkosindikalistak, eta komunistak.

Bigarren, ez zegoen erabat nagusitasuna zuen indarrik, egoera politikoa desberdina baitzen probintzia bakoitzean. Egoera hori sendotu egingo zen, gainera, Bigarren Errepublikarekin.

Horretatik abiatuta, geografia eremuak bereiz daitezke, bakoitzean nagusi zen egoera politikoaren arabera. Hala, errepublikar-sozialisten eraginpeko eremuak Bilbo eta Nerbioi ibaiaren mea eta lantegi esparrua hartuko lituzke, eta Donostia, Irun, Eibar, Gasteiz eta Iruñea. Eremu nazionalista, berriz, hau izango litzateke: Bilbo, Bizkaia (1918tik aurrera), Gipuzkoako parte bat (mendebala hasieran eta gero, 1930etik aurrera, gainerakoa), Arabako iparraldea eta Nafarroako mendebal eta ipar-mendebala.

Eremu tradizionalista Arabak eta Nafarroak osatuko lukete, eta horiekin batera Tolosa eta Azpeitiko barruti urbanoek, eta Durango eta Markina bezalako bizkaitar barrutiek (gero eta ahulago, halere, nazionalisten indar hartzearen ondorioz).

Eremu monarkiko-espainolistak, azkenik, Bilbon izango luke gune nagusia (eskuin espainolista), eta eragina zuen, halaber, Donostian eta Gasteizen (monarkiko liberalak) eta kazikismo dinastiazaleen eraginpeko lurraldeetan (Amurrio eta Balmasedatik, Tutera edo Tafallaraino).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]