Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da

Giza eskubideak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Giza Eskubideak» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search

Artikulu hau eskubideei buruzkoa da; Aldarrikapen Unibertsala gaitzat duena beste hau da: «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala»

La Libertad guiando al pueblo, Eugéne Delacroix (1830) eskutik. Giza eskubideak iraultza burgesen eskubideen bitartez jaso ziren XVII eta XVIII mendean: Ingalaterrako iraultza, Amerikar iraultza eta Frantziar iraultza; iraultza hauek 1789ko abenduaren 26an Asanblea Nazionalaren onarpena bultzatu zuten, emaitza bezala Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Aldarrikapena sortu zen. ONU-k 1948ko abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen, aldarrikapen honek 30 artikulu jasotzen zituen oinarrizko giza eskubideen gainean. [1]

Giza eskubideak pertsonari aitortzen zaizkion zenbait oinarrizko balore edo ahalmenak dira. Ukaezinezkoak dira eta edozein antolamendu juridiko, demokratiko eta pluralistak babestu, zaindu eta betearazi egin behar ditu.[2] Norberaren estatus, sexu, joera sexuala, etnia edo herritartasuna edozein izanda ere, ukaezinak dira eta ezin da hauen kontrako legeak ezarri.

Giza eskubideen aldeko mugimenduak 1970eko hamarkadan gailendu ziren, bai ekialdeko Europako estatu sozialistetan, bai mendebaldeko Europan, bai Estatu Batuetan eta baita Latinoamerikan ere. Mugimendua aktibismo sozialetik eta politika erretorikotik zenbait herrialdeen egoera munduko berrietan kokatzera pasa zen[3] eta, XXI. mendean, mugimendua zabaldu zen, jatorrian bakarrik totalitarismoaren aurka egotetik baita humanitarismo eta Hirugarren Munduko herrialdeen garapen soziala bultzatzera ere.[4]

Mugimendua sortu zuten jatorrizko ideiak Bigarren Mundu Gerraren ondorioz agertu ziren, 1948an Parisen Nazio Batuen Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ezarri zutenean gorenera iritsiz. Nahiz eta "giza eskubide" esamoldea nahiko modernoa izan, bere oinarriak filosofiaren historian ondo finkatuta daude, Antzinako Grezian eta Erroman aurrekariak izanik. Hala ere, arbasorik zuzenena, zuzenbide naturalaren eskubide naturalak dira, jadanik John Locke, Francis Hutcheson edo Jean-Jacques Burlamaqui bezalako filosofoek edo Estatu Batuetako eta Frantziako Iraultzek garatu zituztenak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grezia klasikoan hirietako biztanleria hiru multzotan banatzen zen: hiritarrak, atzerritarrak edo metekoak eta esklaboak. Greziarrentzat esklabotza gauza naturala zen. Aristoteles filosofo ezagunarentzat, adibidez, gauza jakina zen batzuek, berez, libre izan behar zutela eta beste batzuek, berez ere, esklabo.

Data garrantzitsuak:

  • 1537 urtea: giza eskubideen lehen aipamena
  • 1776ko Virginiako Eskubideen Adierazpena giza eskubideen lehen aitortza
  • 1789an Frantziako Iraultzak Gizakien eta Herritarren Eskubideen Adierazpena plazaratu zuen:
  • Feudalismoaren eta Antzinako Erregimenaren abolizioa, Erregearen subiranotasunaren ordez, nazioaren subiranotasuna
  • Jaiotzazko pribilegioen lekuan gizaki guztien askatasun eta berdintasuna
  • Beste eskubide garrantzitsuak: askatasuna, segurtasuna, jabetza, adierazpen-askatasuna...

Gaur egun orokorrak diren beste zenbait eskubide, aldiz, ez ziren jasotzen bi adierazpen horietan. Adibidez, ez zen esklabismoa abolitu, ez eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna onartu ere. Hala eta guztiz ere, 1776ko eta 1789ko adierazpenak giza eskubideen aitorpen-bidean mugarri garrantzitsutzat hartzen dira.

XIX. eta XX. mendeetan langileriaren borrokek, emakumeen mugimendu sufragistek, herri-askatasunerako mugimenduek eta abarrek bultzada handia eman zioten giza eskubideen hedapenari. Bigarren Mundu Gerraren basakeriaren ondoren iritsiko zen giza eskubideen aldeko aldarrikapen nagusia:

1948. urtean Nazio Batuen Erakundeak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala adierazi zuen. Bertan eskubide zibil, politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak jasotzen dira.

« Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute. »

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 1. atala[5]


Giza eskubideak gure gizartean presente daude politikoki, sozialki, kulturalki… Gatazka eta prozesu batzuk sortzen dira hala nola:

  • Gatazka sozialak: botere sektoreen parteko pribilegioetako defentsan agertzen dira.
  • Gatazka politikoak: interesak defendatzeko erabiltzen dira, baita besteenganako  dignitatearen kontra egindako gehiegikeriak legitimatzeko.
  • Gatazka internazionalak: Nazioen eta gobernuen ebaluazioetan sortzen dira, bai jarrera desegokia izateagatik bai giza eskubideekin zerikusia ez duten beste interes batzuk defendatzeko.

Kontzeptu hau Europan hasi zen, eta bere banaketa estatuko libertate eskubidea eta mendebaldeko kapitalismoaren espantsioaren parte izan zen, eta haren garapenak herrien eta herrialdeen aniztasunaren ekarpenak biltzen ditu gizateria osatzen duten kulturak.

Giza Eskubideen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz, gizabanakoek talde bateko kide izateko eskubideak baino ez zituzten, hala nola familia edo gizarte klase bat. 1948ko giza eskubideen aldarrikapen unibertsalenetatik, ez dira gelditu eskubide horien izaerari buruzko eztabaidak eta garapenak. Bigarren gerra mundiala bukatu zenean Europa eta Asia kaos batean sartuta zeuden. 1945 urtean, 30 nazioetako ordezkariak San Franciscon bildu ziren nazioarteko erakunde bakea munduan sartzen saiatzeko eta etorkizuneko gerrak eragozteko.

Tribu primitiboetan, taldekoei kalte egiteak oso txarto ikusita zegoen, modu horretan, edozein kolektiboren barruan errespetatzeko eskubidea aitortzen zen. Gainerako tribuetako kideak etsaitzat hartzen ziren eta ez zitzaien eskubiderik aitortzen. Filosofo batzuek onartu zuten jendearen berezitasunak elkarrekin bizitzera bultzatzen gaituela, herriak eta hiriak osatuz.

Duela laurehun urte hasi ziren gobernuen boterearen gainetik egon behar duten eskubideak, hala nola, askatasunerako eskubidea,errugabetasun presuntziorako eskubidea, erlijio askatasunerako eskubidea, berdintasunerako eskubidea… Bigarren mundu gerrak eragindako milioika heriotzek gizakien kontzientzia mugitu zuten, ONUk giza eskubideen deklarazio unibertsala idaztera eraman zuen, giza adimenaren lorpenik handiena izan dena. NBEk (Nazio Batuen Erakundea) nahi zuena zen munduko nazio guztiei bakea ekartzea zen. Gaur egun ONUren barruan 193 estatu daude eta haietako guztiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren aldea sinatu dute.

Honek alde negatibo eta positiboak ekarri ditu, hala nola:

  • Alde negatiboak: eskubideak kontraesanetan daude haien artean, eskubide asko eta asko ez dira betetzen, jada izan daiteke herrialdearen egoeragatik, ekonomiagatik, kulturagatik…
  • Alde positiboak: Garrantzitsuena mundu hobea izatea laguntzen dute, baita Nazio ezberdinek Giza Eskubideen inguruan adostasunak hartu izan dutela, eta milioika pertsona ziurrago daudela. [6] [7]

Jatorri kulturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza eskubideen kontzeptuaren jatorria antzinako erromatarrek zuzenbide naturala aitortzeko datza, gauzen izaeraz eratorritako ideia arrazionaletan oinarrituta eta ondorengo mendeetan kristau filosofiak islatzen zuen Jesus Nazaretekoaren irakaspenei.

Denborarekin hainbat dokumentu idatzi eta onartu ziren eskubide indibidualak jasotzen zituenak: Carta Magna (1215), La Peticion de Derechos (1628) eta Acta de Habeas Corpus  (1679).

Aurrerago Giza Eskubideen kontzeptu modernoago bat sortuko da Mendebaldeko kulturari esker. XVIII.mendearen bukaeran hamahiru kolonia ingelesak, Amerikan kokatuak, federazio independenteak izatera aldatuko dira, Amerikako Estatu Batuak izenarekin, hau 1776ko uztailaren 4an onartu zen Filadelfian. Deklarazio hau frantsesera itzuli zenean nolabaiteko eragina izan zuen “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa”-n.

Frantziako Erreinua, Frantziako Iraultzaren bitartez, monarkia absolutua izatetik errepublika izatera aldatuko da.

Giza eskubideen kontzeptu zehatzago bat sortuko da Frantzian (1789) Frantziako Iraultzaren ondoren. Kontzeptu hau “Gizakiak gizartean dituen eskubideen deklarazioa” izenarekin jaso zen. [8]

Aldarrikapen Unibertsalaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazio Batuek zuten helburu nagusietariko bat izan zen Gutunaren antolaketa zehaztea eta definitzea, giza eskubideen tresna bat sortzeko. Giza Eskubideen Batzordea sortu zuten, 1946an zegoen Batzorde Ekonomiko eta Sozialaren atal ordezkatzaile modura.

Giza Eskubideen Batzordeak hiru helburu zituen: aldarrikapena, giza eskubideen Ituna eta aurreko bietan esandako eskubideak betetzeko zenbait neurri jartzea. Hiru jomuga horiek osatu zuten René Cassin-ek «Giza Eskubideen Gutuna» izena eman ziona.

Giza eskubideen Aldarrikapena sortzea ez zen erraza izan. Giza Eskubideen Batzordeak izan zuen arazorik nagusiena, une horretan bizitzen ari zen gatazka ideologiko-politiko handia zen. Alde batetik, Estatu Batuak eta mendebaldean zituen aliatuak, eta bestetik, Sobiet Batasunak  gidatutako bloke sozialista. Sobiet Batasuna eta bloke sozialistako herrientzat Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala ez zen haien lehentasuna. Garrantzi handia ematen zioten estatuaren subiranotasunari, horregatik, giza eskubideak ezin ziren estatuen subiranotasunaren gainetik egon. Hala ere, Mendebaldeko herriek zuten jarrera, Frantzia, Estatu Batuak  eta Britainia Handikoa bereziki, eskubide zibil eta politikoen defentsa egitekoa zen. Giza eskubideak elkarren kontrako arma bihurtu ziren Gerra Hotzean sarturik zeuden botere handien artean, gerra horrek Bigarren Mundu Gerraren  bukaeratik 80. hamarkadaren hasierara arte iraun zuen.

Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordea  izan zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren proiektua egingo zuena. Giza Eskubideen Batzordea bere lanetan hasi baino lehen, ECOSOCek (Consejo Económico y Social de las Naciones Unidas) hasierako Batzordea izendatu zuen. Zortzi herritako ordezkariek osaturiko erredakzio Batzordea izendatu zuten. Erredakziorako Batzordean ordezkaturik egon ziren zortzi herriak hauek izan ziren: Australia, Txile, Txina, Estatu Batuak, Frantzia, Libano, Britainia Handia eta Sobiet Batasuna.

Erredakziorako Batzordeak aginduta, René Cassin irakasleak Aldarrikapenaren proiektua sortu zuen. René Cassin-ek egindako proiektu hori, erredakzio Batzordeak onartu, eta Giza Eskubideen Batzordearen bigarren bilera aurkeztu zuten 1947ko azaroa eta abendua bitartean. Hala ere, Aldarrikapenaren proiektua oraindik ez zegoen amaituta, horregatik, Giza Eskubideen Batzordeak 1948ko maiatza eta ekaina bitartean egindako hirugarren bileran eztabaidatu zuten.

Giza Eskubideen Batzordean, Aldarrikapen Unibertsalaren helburua onartu ondoren, ECOSOCari jakinarazi zion. ECOSOC-ak Nazio Batuen Batzar Nagusian aurkeztu zuen. 1948ko irailean, Batzar Nagusiak duen Hirugarren Batzordeari bidali zion (Gai Sozial, Humanitario eta Kulturalen Batzordea), berak aztertu zezan. 24 lan bilera egin ondoren, Batzordea Aldarrikapenaren proiektuari amaiera eman zion, aldeko 29 botorekin, 7 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez.

1948ko abenduaren 10ean Nazio Batuen Batzar Nagusiak  Pariseko Chaillot jauregian Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Batzar Nagusian egindako azken botazioa honako emaitzak izan zituen: aldarrikapen aldeko 48 boto, 8 abstentzio eta kontrako boto bakar bat ere ez. Zortzi abstentzioak,  Bielorusiako Errepubika Sozialista Sobietikoa; Txekoslovakia; Polonia;  Jugoslavia; Ukraniako Errepublika Sozialista Sobietikoa; Sobiet Batasuna; Hego Afrikako Batasuna eta Saudi Arabiarenak izan ziren. [9]

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleanor Roosevelt. 1884ko urriaren 11an jaio zen Nueva Yorken, eta,  1962ko azaroaren 7an hil zen. Estatu batuetako idazlea, diplomatika, politikaria eta lehen emakumea izan zen,  Estatu Batuetako Franklin Delano Roosevelt Presidentearen emaztea izan zen, Giza Eskubideen Nazio Batuen Batzordeko presidentea ere izan zen. Hau denarengatik XX.mendeko eragin handiko liderra kontsideratuta dago. Argazki honetan Giza eskubideen Aldarrikapen Unibertsala eusten dabil. [10]

Hitzaurrea: Abenduak 10, 1948. Kontuan izanik munduko askatasuna, justizia eta bakea gizaki guztien berezko duintasuna eta eskubide ukaezina delako; Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal hau egiten du:

1. Artikulua: Gizaki guztiak jaiotzen gara libreak eta duintasun eta eskubideekiko berdinak dira. Berdin tratatu behar gara bata bestearekiko.

2. Artikulua:

1. Pertsona orok dute tratatu honetan aitortutako eskubideak, arrazakeriarik gabe, klase bereizketarik gabe ezta beste edozer bereizketarekin.

2. Ez da bereizketarik egingo ez politikoki, ez juridikoki ezta internazionalki herrialdeari.

3. Artikulua: Denok dugu bizitzeko, aske izateko eta segurtasuna izateko.

4. Artikulua: Inor ez da esklabo ez morroi izango, esklabotza eta beraien salerosketak debekatuta daude.

5. Artikulua: Inor ez da torturatua izango, ez tratu krudelak ezta tratu iraingarriak jasango.

6. Artikulua: Gizaki orok du bere pertsonalitate juridikoa onartzeko eskubidea.  

7. Artikulua: Pertsona denak berdinak dira legearen aurrean, denek dute babesa izateko eskubide berdinak.

8. Artikulua: Pertsona orok du Konstituzioak edo legeek gizon-emakumeei aitortzen dizkieten oinarrizko eskubideak hausten dituzten ekintzetatik babesteko, norbere herrialdeko auzitegi aginpidedunetan errekurtso eraginkorra jartzeko eskubidea.  

9. Artikulua: Inor ezin da izan edozein modutan atxilotuta, ez erbesteratuta.

10. Artikulua: Bere eskubide eta betebeharrak erabakitzeko, eta, bere aurkako salaketa

penalak aztertzeko pertsona denek dute eskubide berdina: auzitegi eta alderdikeriarik gabe jendaurrean hitz egitea eta zuzentasunez entzutea.

11. Artikulua:

1. Delitu batengatik salatuta dauden pertsona denek dute eskubidea erru gabea dela kontsideratzeko.

2. Inor ez da kondenatua izango jarduera egin zuen momentuan ez bazen delitu kontsideratu zuzenbide nazionalak edo internazionalaren gaitik.  

12. Artikulua: Inor ezingo du zure bizitza pribatuan, ez zure familian eta ez zure etxean esku hartu. Pertsona denek hau babesteko eskubidea dute.

13. Artikulua:

1. Pertsona denek dute kaletik libre ibiltzeko eta nahi duen etxe-bizitza erosteko eskubidea.

2. Pertsona denek dute herrialdetik irteteko, nahiz eta berea izan eta horra bueltatzeko eskubidea.

14. Artikulua:

1. Pertsekuzio baten aurrean pertsona orok du babes-etxe bat topatzeko eskubidea, eta herrialdetik kanpo bada ere.

2. Eskubide hori ez da beteko delitu arruntek sortutako auzibideko egintza baten aurka bada, Nazio Batuen helburuaren aurka doa.

15. Artikulua:

1. Pertsona denek dute nazionalitate bat izateko eskubidea.

2. Inori ez zaio bere nazionalitatea edonola kenduko ezta nazionalitatez aldatzeko eskubidea kenduko.

16. Artikulua:

1. Mutil eta neska denek dute eskubidea ezkontzeko eta familia bat sortzeko inolako zapalketarik jasan gabe, eta eskubide berak izango dituzte bai ezkontzan, bai ezkonduta dauden bitartean, eta bai ezkontza apurtzen denean.

2. Bakarrik ezkondu behar diren bi pertsonak ados badaude ezkonduko dira.

3. Familia da gizartearen oinarria, eta Estatuaren eta gizartearen babesa edukitzeko eskubidea du.

17. Artikulua:

1. Pertsona denek dute jabego pribatua indibidualki edo kolektiboki izateko eskubidea.

2. Inor ez da bere etxetik arrazoi gabe botata izango.

18. Artikulua: Pertsona guztiek dute libre pentsatzeko eta manifestatzeko eskubidea, eta erlijio eskubidea eta erlijioz aldatzeko eskubidea ere.

19. Artikulua: Gizaki orok du adierazpen-askatasuna, bere iritzia adierazteko eta inork ez molestatzeko.

20. Artikulua:

1. Pertsona orok du bakean batzeko eta elkartzeko eskubidea.

2. Inor ez da behartuta egongo elkarte baten parte izatera.

21. Artikulua:

1. Pertsona denek dute aukera gobernuan parte hartzeko, modu zuzen batean edo aukeratutako pertsonen gaitik.  

2. Pertsona denek dute sarbidea bere herriko funtzio publikoetara, berdintasunarekin

3. Herriaren borondatea da botere publikoaren agintearen oinarria, borondate hori hauteskunde bidez egingo da sufragio unibertsala eta berdintasunean ezarriz.

22. Artikulua: Pertsona denek gizarte-segurantza izateko eskubidea eta, herrialdearen ahaleginaz eta nazioarteko laguntzaz, estatu bakoitzaren araberakoa, eta ezinbestekoak diren ekonomi, gizarte eta kultura mailako eskubideak asetuta edukitzea.

23. Artikulua:

1. Pertsona orok dute lanerako eskubideak, lana aukeratzekoa, lan baldintzak egokiak izateko eta langabezian laguntzak jasotzeko eskubideak.

2. Gizaki guztiek dute soldata berdin bat izateko eskubidea, diskriminatuak izan gabe.

3. Lanean dabilen pertsona orok, bai bera eta bai bere familiak, bidezko lan-saria eta aski zaiona jasotzeko eskubidea dauka.

4. Pertsona denek dute  sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea.

24. Artikulua: Pertsona orok du deskantsu eta denbora librea izateko eskubidea.

25. Artikulua:

1. Pertsona orok du bizimodu egokia izateko eskubidea, bai berari eta bai bere familiari osasuna eta ongi izatea bermatuko diena, bai janaria, bizitokia, arropa eta bai gizarte zerbitzuak.

2. Amatasunak eta umetasunak zaintzarako laguntzak jasotzeko eskubidea dute. Umeek babes soziala izateko eskubidea dute.

26. Artikulua:

1. Pertsona orok du hezkuntza izateko eskubidea: oinarrizko hezkuntza derrigorra da, eta hau gutxienez doanik izango da, eta denek dute hezkuntzarako aukera bera.

2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea, arrazakeriarik gabe.

3. Gurasoek askatasun osoa izango dute haien seme-alaben hezkuntza mota hautatzeko orduan.

27. Artikulua:

1. Pertsona denek dute kultur ekintzetan parte hartzeko eskubidea, artearekin disfrutatzeko eta zientzia aurrerapenetan parte hartzeko eta hark dakarren irabazietan.

2. Zientzia, literatura edo arte mailan egindako lanen egile diren pertsona guztiek dute hauen babesaren eskubidea.

28. Artikulua: Pertsona denek dute ordena sozial eta internazionalean aldarrikapen honetan ageri diren artikulu guztiak errespetatzeko eskubidea.

29. Artikulua:

1. Pertsona denek dute betebehar bat komunitatean, komunitatea era askean garatzeko.

2. Pertsona orok, gainontzeko herritarren eskubide eta askatasunen begirunea ziurtatzeko eta gizarte demokratiko bateko moral, ordena publiko eta ongizate orokorreko bidezko eskakizunak betetzeko legez ezar daitezen mugak baino ez ditu izango dagozkion eskubide eta askatasunez baliatzeko orduan.

3. Eskubide hauek ezingo dira gauzatu Nazio Batuen eskubideen kontra badoaz.

30. Artikulua: Aldarrikapen honetan, Estatuari Aldarrikapen honetan azaltzen diren edozein eskubide deuseztatzeko eskubiderik ematen zaionik. [11] [12]

Vienako deklarazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vienako deklarazioa, Nazio Batuen Giza Eskubideei buruzko Munduko Konferentzia izan zen, Vienan eman zen urriak 9an, 1993 urtean.

Parte hartu zuten herrialdeak: Austria, Bulgaria, Frantzia, Errumania, Italia, Belgika, Espainia, Polonia eta Danimarka.

Estatuetako buruek eta Europako Kontseiluko estatu kideetako gobernuek 6 gauza hauek erabaki zituzten: Lehenengoa: Europako Giza Eskubideen eraginkortasuna hobetzea. Bigarrena: Gutxiengoa babesteko konpromiso juridiko eta politikoak izendatzea eta Ministroen Batzordearen esku uztea nazioarteko lege tresna egokiak garatzea. Hirugarrena: Arrazakeriari, xenofobiari, antisemitismoari eta intolerantziari aurre egiteko politika gauzatzea. Laugarrena: Oraingoz, baimendu  Europan tokiko nahiz eskualdeko erakundeak benetan ordezkatzen dituen aholku organo bat sortzea. Bosgarrena: Europako Kontseilua bultzatu Europako kultura-ekintzetan bai botere publikoen eta bai herritarren parte-hartzea estimulatzeko tresna egokiak aztertzera. Seigarrena: Eta azkenik, agindu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeari beharrezko neurriak hartzera Antolamendu Estatutuan bere funtzionamendua hobetzeko.

Hitzarmen honek 100 atal ditu. Hitzarmen hau ezaguna da emakumeen borrokaren emaitzetako bat izan zelako, emakumeen eskubideak aldarrikatu zituzten, giza eskubideak aldarrikatzen ditu, berdintasuna, ekitatea, eta emakumeenganako diskriminazioa salatzen du. 1945eko San Franciscoko konferentzian ONUren karta bat idatzi zen, bertan ezin izan zituzten hainbat eskubide sartu. Baina konferentzia honetan hainbat emakumek hartu zuten parte, haiek ekarpen erabakigarriak egin zituzten. Esaterako emakume hauek lortu zutena Giza Eskubideen Batzordearen ezarpenak kartan agertzea eta sexu bereizketa eta diskriminazioa debekatzea izan zen. [13] [14]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Askatasuna herriaren gidari. 2019-11-13 . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  2. «eskubide - Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa» www1.euskadi.net . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  3. Giza eskubideak. 2019-11-26 . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  4. Giza eskubideak. 2019-11-26 . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  5. Nazio Batuen Batzar Nagusia. (1948-12-10). Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. .
  6. (Gaztelaniaz) Derechos humanos: historia y conceptos básicos. Fundación Editorial El perro y la rana, 1-113 or. ISBN 978-980-14-1256-4.
  7. (Gaztelaniaz) «Una Breve Historia de los Derechos Humanos: Las Naciones Unidas» Unidos por los Derechos Humanos . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  8. (Gaztelaniaz) Participativa, Democracia. «Los Derechos Humanos - Orígenes y aplicación» Democracia Participativa / Participatory Democracy . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  9. Oraá, Gomez Isa, Bilbao Ormaetxea, Jaime, Felipe, Marije. (2009). Giza eskubideen aldarrikapen unibertsala. Deustoko Unibertsitatea, 1-144 or. ISBN 978-8498301779.
  10. (Gaztelaniaz) admin. (2018-10-09). «Biografía de Eleanor Roosevelt» Mujeres Notables . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  11. (Gaztelaniaz) Declaración Universal de los Derechos Humanos. Independently published, 1-25 or. ISBN 1977067425.
  12. «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala | Declaración Universal de los Derechos Humanos» dudh.es . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  13. Salcedo, Juan Antonio Carrillo; Osuna, MARYCRUZ ARCOS VARGAS y ANA SALADO. (1994). «La declaración de Viena de los Jefes de Estado y de Gobierno de los Estados Miembros del Consejo de Europa (9 de octubre de 1993)» Revista de Instituciones Europeas (21) ISSN 0210-0924 . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.
  14. Facio, Alda. (2011). «Viena 1993, cuando las mujeres nos hicimos humanas» Pensamiento iberoamericano (9): 3–20 ISSN 0212-0208 . Noiz kontsultatua: 2019-11-29.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]