Pirinioetako behi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Piriniotar behi» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Pirinioetako behia
Piriniar behia 3.JPG


Jatorrizko herrialdea(k):
 Okzitania  Euskal Herria  Aragoi  Katalan Herriak

Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Artiodactyla
Familia: Bovidae
Azpifamilia: Bobinae
Generoa: Bos
Espeziea: Bos taurus
Arraza

Sinonimoak: Abelgorria, Pirinioetako abelgorria. Euskal behia. Aurer. Auger

Pirinioetako behia, Euskal Herrian abelgorri izenaz ere ezaguna (nahiz eta oro har abelgorri behi aziendaren sinonimoa izan), bertako behi arraza bat da.

Nahiko onartua dago adituen artean Pirinioetako behiaren arbasoa betizu arraza dela.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, euskaraz behi aziendari deitzen zaio abelgorri, baina deitura hori Pirinioetako behiak bereziki izendatzeko ere erabili izan da. Euskal behia edo euskal arraza ere ohiko izenak izan dira, bereziki Ipar Euskal Herrian.[1] Behi hauen ohiko izena baserrietan "abelgorriak" izan da.

Egun bearnotar behiak ofizialki aparteko arrazatzat hartzen bada ere (edozein moduan ere behi hauek oso antzekoak dira Pirinioetako behiekin konparatuz), garai batean ekotipo berberaren baitan egon ziren zalantzarik gabe, eta horregatik bearnotar behiak zein Pirinioetako behiak izen berberak hartu dituzte euskaraz.

Garai bateko betizuak zein arraza zaharreko Pirinioetako behiak Aurer deitzen zituzten Erronkarin eta Auger Aezkoan.

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako behiak Pirinio mendietan du jatorria. Haragitarako aziendatzat erabilia izan da, baita lanerako aberetzat ere, nekazaritzako jarduerari lotuta, baina baita basogintzan ere, egurra menditik ateratzeko esate baterako. Egun berriro zabaltzen ari da bere hedapen esparrua eta abelburuen kopurua, nahiz eta azken 150 urtetan murriztuz joan ziren, desagertzeko zorian izan arte.

Euskal Herrian oso zabalduta dago arraza, eta baita Burgosen, Kantabrian, Aragoian, Katalunian eta Okzitanian. Arrazarren gune txikiagoak daude Sorian, Errioxan eta Extremaduran. Txileko Piedras Blancas eskualdean ere arrazako samaldak daude.

Arrazaren historia Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako behiak, Jaizkibel mendian. Kostaldeko mendi hori Pirinioetako behientzako zein betizuentzako neguko larre eremu izan da.

Garai batean Pirinioetako behiak Euskal Herriaz gain, Oska eta Lleidaraino heltzen ziren Pirinioetako hegoaldean, eta Iparraldeko isurialdean barrena ere hedatzen ziren. XX. mendeko 60. hamarkadan piriniotar behiak ordea ia desagertuta ziren. Abagune hartan erabakigarria izan zen Nafarroako Foru Aldundiako bi albaitarien parte hartzea arraza salbatzeko.

Bereziki Teofilo Etxeberria Belzunegi nabarmenduko da lantegi honetan.

Aezkoan, Zaraitzun, Deierrin, Luzaiden, Ollaranen, Ameskoetan, Gesalatzen zein Goñin bildutako azken Pirinioetako behiekin lanean hasi ziren.

Teknikari nafarrek egindako lanaren esker arraza salbatzeaz gain, berriro indartu da bere antzinako eremuan barrena berriro zabalduz.

Pirinioetako arrazako behi horiek, betizuen nahiko antzekoak ziren. Pirinioetako lehenengo behiak gutxi garatuta ziren eta buru estua eta ez oso luzea zuten. Adarrak aurrerantz eta gorantz haziak. Bular mehe eta bizkar sartua. Ipurdi-gain mehea eta masail laburrak. Errape txikia eta “otso ilez” delakoak estalita. Hezurdura mehea zuten eta pisua bizirik 325 kilo inguru behi helduetan.

Antzinako Pirinioetako behiek urte guztia mendian ematen zuten, eta izutiak izaten ziren gizakien aurrean, baina baita oldarkorrak ere zokoratuz gero.

Euskal baserrietan Pirinioetako behiak haragitarako, esnetarako eta zamari gisa erabiliak izan dira.

Hala ere arrazarekin azken hamarkadetan egindako “hobekuntzak” eta hautaketa prozesua eta gero, Pirinioetako behien ezaugarriak nabarmen aldatu dira abere gehienetan, eta bakar batzuk baino ez dira garai bateko ezaugarriak mantentzen dituztenak.

Baliteke Pirinioetako behiek eta Austria zein Alemaniako beste zenbait behi arraza (Gelbuieh behiak esate baterako), Europako beste hainbat behi arraza horailak ahaztu gabe, elkarrekin lotura estuak izatea.

Dena den, beste aldetik, Pirinioetako behiak nahiko bereizita daude behi arraza hauengandik.

Pirinioetako behi zaharren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen hasieran Frantzian argitaratutako liburu batean (“Abelgorri arrazak”) P. Difflothek honako hau zioen Pirinioetako behiei buruz.

“Euskal arraza goi mendietan bizi da, eta oso ezaugarri bereziak dauzka beste behien aldean. Aitzin-aitzinekoa, eta bere jatorria “Espainia aldeko Nafarroan” dago (Nafarroa Garaia). Txikia da, soila, oso urduria eta gogorra. Lanean eraman handikoa eta ibilera arinekoa, oso egokia da hango inguruetan, nekazariek abelgorriak erabiltzen dituztelako baserriko zeregin guztietan. Gari kolorekoa da, eta adarrak oso bereziak:sendoak, ebakidura zirkularrekoak, tenteak eta atzerantz makurtuak. “gurpil moduan” esaten denez. Buru irmoak eta begietako kemenak bereziagoa egiten dute behiaren morfologia, eta beste horrenbeste esan daiteke bere irudi dotoreaz eta daukan ibilera bizia, hanka indartsu eta lerdenak dituelako, eta giltzaduretan altzairuaren malgutasuna”.

Euskal Herriko antzinako Pirinioetako behia eta hari lotutako Pirinioetako beste behi arrazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako behiaren burua
Betizuaren burua

Baiezta dezakegu Pirinio mendikatean barrena aurkitzen ditugun zenbait behi arraza antzeko arbaso berberak dituztela, edo beste modu batean esanda, enbor berberetik datozela. Lehen esan bezala, antza betizuak lirateke antzinakotasun handiena mantendu dutenak, gainontzeko arrazak garatuagoak daude. Pirinioetako bi isurialdetan honako arrazak topa ditzakegu orain, elkarrekin oso lotuta[2].

Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herritik kanpo[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lurdako behi arraza: Pirinioetako behi zaharren ondorengo zuzena.
  • Baretoar behia: Lurdakoa baina txikiagoa da, hezurtsuagoa, biziagoa eta kementsuagoa. Kolorez ere gorriagoa da.
  • Ahurtiko behia: sendoagoa, zabalagoa eta forma erregularragokoa. Kolore argiagoak. Batzuetan krema kolorekoa.
  • Ossauko behia: ile eta larru latzagoak. Txikiagoak eta kolore gorri iluna.

Hegoaldeko isurialdean, Hego Euskal Herrian, Aragoin eta Katalunian honako aldaerak daude edo zabalduagoak egon direnean izan dira Pirinioetako behian. Bizkaikoa, Baztangoa, Aezkoakoa, Zaraitzukoa, Auritzekoa eta Auritzberrikoa.

Koloreari dagokionez, gorri gorritik kremara aldatzen zen, lekuaren arabera. Oro har, gero eta mendebalerago behiak gero eta gorriagoak, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta gero eta ekialderago ordea, gero eta zuriagoak. Leku gehienetan kolore gorriago zuten abelburuak garbiagotzat, indartsuagotzat eta gorputzera hobeagokotzat jotzen zuten abeltzainek.

Egun, Pirinioetako behi gehienek oso antzeko ezaugarriak dituzte, nahiz eta zenbait ganadutegik arraza zaharreko abelgorriak mantentzen dituzten oraindik ere.

Antzinako ezaugarriak dituzten abere horiek mantentzea funtsezkoa da gordekin genetikotzat, arraza bere osotasunean gero eta urrutiagoa baitago antzinako Pirinioetako arrazaren ezaugarrietatik.

Arrazaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako behiak, larrean
  • Burua: Tarteko tamaina du. Adarrak aurrerantz irteten dira, oinarri zirkularrekoak, lira itxurakoak eta kiribilduak. (betizu eta Landetako behien kasuan bezala)
  • Kopeta eta sudur aldeko profila subkonkaboa; begi irtenak, aurpegi motza, mutur zabala eta maila-hezur sendoak.
  • Lepo gihartsua, buruari eta enborrari egoki lotuta; goiko lerroa zuzena eta azpikoan daukan kokotsa arrazaren antzinatasunaren zantzu dira.
  • Bizkarretik gerrialdeko lerroa zuzena dauka, eta isatsa goi-goitik sortzen zaio. Saihets aldeak kanporantz konkortuta daude. Ipurgaina luzea dauka, horizontala eta hezurtsua. Izatar eta masailak oso garatuak eta jaitsiak. Sabelaldea proportzioak gordetzen, abelgorri hauek belar meharretan eta askotan larre kaskarretan bazkatzen dutelako.
  • Hezurdura mehe eta trinkoa. Hankek ondo kokatuta eta apatxak egoki garatuak, gogorrak eta higagaitzak leku gaitzetan ibiltzeko.
  • Pirinioetako behiak kolore bakarrekoak dira; gari kolorea tonu ezberdinekin, zuritik-gorrira. Koroa du betinguruetan (eper begia deritzona) betzizuak bezala. Galtzarbetan, iztar eta muturrean ez du beste koloretako ilerik.
  • Mukosa arrosak edo haragi kolorekoak.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak", Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Argitaletxea Bizkaiko aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2
  2. "Euskal Herriko betizuak. Europako azken basa-behiak", Saturnino Napal Lekunberri y Alberto Pérez de Muniain Ortigosa, Argitaletxea Bizkaiko aldundia, 2006. ISBN 84-7752-409-2

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Behigorri, behiak euskal mitologian sakontzeko.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]