Sasi ardi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Wikipedia:Taxotaula bat irakurtzeko eraTaxotaula bat irakurtzeko era
Sasi ardia
Sasi ardiak, Itziarko (Gipuzkoa) Mendata puntan
Sasi ardiak, Itziarko (Gipuzkoa) Mendata puntan


Jatorrizko herrialdea(k):
 Euskal Herria

Sailkapen zientifikoa
Erreinua: Animalia
Filuma: Chordata
Klasea: Mammalia
Ordena: Artiodactyla
Familia: Bovidae
Azpifamilia: Caprinae
Generoa: Ovis
Espeziea: Ovis aries
Arraza

Sasi ardia

Sinonimoak
Sasardia. Xaxardia. Manexa tipia. Mutur gorri tipia.

Sasi ardia edo sasi-ardia Euskal Herriko mendietan bizi den bertako ardi arraza bat da.

Ardi gogorrak dira, oso landatarrak eta bizitzeko baldintza erdi basatietan moldatzen dira mendian, askotan oso leku sastrakatsu eta gaitzetan. Sasi ardiak sarritan ia artzainen zaintzarik gabe moldatzen dira irauteko.

Ardi hauen ohiko erabilera nagusia haragitarako izan da, bereziki arkumeak aprobetxatuz. Gaur egun sasi ardiak oro har ez dira jezten, arkumeek hazteko esnea behar baitute. Hala ere gaur egun gero eta garrantzi gehiago ematen zaio sasi ardiaren erabilerari laguntzaile gisa mendiko larre eta ekosistemak mantendu eta kontserbatzeko .

Hiruki itxurako burua duten ardiak dira honakoak, belarri tente eta txikikoak, profil zuzenekoak eta begi handiak eta oso espresiboak. Bular aldean ez daukate artilerik, eta hanka finak dauzkate. Adardunak edo adargabeak izan daitezke eta lehen esan bezala, ez dute talderako joerarik erakusten.

Urtarrilaren erdialdera erditzen dira. Amatasun ona erakusten dute eta erditze onak izaten dituzte. Apirilaren hasiera aldean baserritarrek basora eramaten dituzte ardiak eta han egoten ohi dira modu estentsiboan azaroa arte, orduan berriro biltzen baitituzte baserriko ingurunean.

Izenaren etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etimologia argia du, sasi eta ardi izenak elkartuta eratua baita; beraz, sasietan dabilen ardia esan nahi du, eta halaxe da. Sasi ardiak baso, sastraka eta sasietan bizi dira, beste ardi arrazarentzat gaitzak diren toki eta bazkalekuetan.

Hegoaldean mutur gorri ttipia izena ere erabiltzen da, sinonimo gisa.

Lapurdin eta Nafarroa Beherean xaxi ardia, gorri tipia edo manexa ttipia ere deitzen dute. Izen horietan guztietan nabarmentzen da ardi arraza honen tamaina txikiagoa, beste ardi arrazekin (ardi latxa, kasu) konparatuta.

Oiartzun aldera, bada esaera zahar bat: «Sasi-ardia: txikia baina gogorra».

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasi ardien eboluzioa bere ingurumen latzari lotuta dago.

Sasi ardi arrazaren eboluzioa bere inguruko garapen eta aldaketa sozioekonomikoei lotuta egon da. Aldaketa hauek baldintzatu dituzte bere ingurua eta abere hauek ustiatzeko erak.

Sasi ardia Ardi latxa muturgorriren ekotipo edo barietatetzat hartua izan da, baina berezko ezaugarri morfologikoekin. Sasi ardia betidanik ezaguna eta bereizia izan da bere eremuan baserritarren zein artzainen aldetik. Oso ingurune latzean bizi ohi dira, erdi basati, larra, sasi, txilar eta oteen artean, beste bazkarik gabe.

Inguru horietan, hautaketa naturalak bere eboluzioa baldintzatu du artzainen esku hartzea baino, eta era honetan beraien berezko ezaugarriak garatu dituzte, ardi arraza bat sortu arte.

Nahiz eta lehen aipatu dugun moduan sasi ardiak betidanik izan diren ezagunak artzainen artean, arrazaren onarpen ofiziala askoz beranduago etorri zen.

Arrazaren aurreneko aipamen bibliografikoa 1997.en urtekoa da. M. Gomez Fernandezek sasi ardiaren deskribapen laburra egin zuen orduan. Urte berean sasi ardia espainiar Estatuko interes bereziko ardi arrazen katalogoan sartu zuten.

Egungo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arraza onarpen ofiziala eman eta gero (mugaz bi aldetan emandako onarpena izan zen, Frantziar eta Espainiar erakundeen zein Euskal Herriko hegoaldeko bi gobernu autonomoen aldetik) Euskal Herriko herrialdeetan sasi ardia hazteko elkarteak sortu ziren. Nafarroakoa Sasiko deitzen da, eta Euskal Autonomia Erkidegokoa Sasi Ardi Hazleen Elkartea. Elkarte horiek muga administratiboen gainetik elkarlanean eta ardi erdi basatien euskal arraza honen etorkizuna kudeatzeko asmoz lanean dihardute.

Mitologia eta sinesmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Aari»

Euskal Herrian sinesmen multzo handia dago aharien eta ardien inguruan. Gauza normala da, kontutan hartuz euskal kultura zaharrean artzaintzak izan duen garrantzia.

Zalantzarik gabe, sasi ardiak animalia izuti eta erdi basatiak izanik, eta gainera malkar eta basoen biztanleak, elezahar eta sinesmen askoren iturri izan dira.

Kopurua, egoera eta banaketa geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artzaina, bere sasi ardiekin. Oro har sasi ardien kopurua oso txikia da
  • Sasi ardiaren kopuru orokorra txikia da. Arraza geografikoki sakabanatuta dago eta nabarmen egin du atzera azken urtetan. Beraz esan dezakegu sasi ardia desagertzeko arriskuan dagoen bertako arraza bat dela.
  • Euskal Herrian guztira 2000 sasi ardi inguru daude. 500 Iparraldean, beste 500 Nafarroa Garaian (22 artzain guztira), 480 inguru Gipuzkoan (7 artzain) eta 180 Bizkaian (5 artzainen esku).
  • Nafarroa Garaiari dagokionez, duela 50 urte, abeltegietan arraza honetako azienda-buru gutxi zeuden, eta esnerako zein arkumetarako erabiltzen ziren. Esnea, berriz, artzainaren familiak berak kontsumitzeko gaztak egiteko erabiltzen zen. Herri-larreetan eta zuhaiztietan bazkatzen ziren (gehienbat zuhaitz autoktonoak zituzten tokietan, oihanpe txikitxoetan).

60. hamarkadatik aurrera, haien banaketa eremuan, industria garapena gertatu zen eta, horren ondorioz, landa inguruneak baserri lanetarako uzten joan ziren poliki-poliki eta basoberritzeko koniferak sartu.

Baserrietan gero eta lanesku gutxiago zegoenez, arrazaren ustiapena baldintzatua zegoen. Haragiaren produkzioa lehenesten hasi zen eta larreko arkumeak hazten hasi ziren, gero, ilea mozteko biltzen ziren garaian (ekainean eta uztailean) saltzeko. Aharik hoberenak urte bat betetakoan zikiratzen ziren, eta hiru edo lau urte zituztenean "zikiro" gisa saltzen ziren.

Produkzioa hobetzeko, ahari latxa mutur-gorriak sartu ziren sasi ardiekin nahasteko, gorpuzkera handiagokoak eta otzanagoak zirenak, artaldea aiseago gobernatzeko. Horregatik jatorrizko populazioa nahasi da, eta gaur egun sasi ardi bakar batzuk baino ez dira gelditzen.

90eko hamarkadan, orografia zaileko eskualde hauetan esnetarako behien produkzioa uzten hasi zen, eta belardi asko libre gelditzen hasi ziren baserrien alboan. Belardi horiek ardiak neguan, hots, erditze garaian bazkatzeko erabiltzen hasi ziren. Ustiapen sistema "hobetua" esaten zaio honi, izan ere, sistema tradizionalean herri lurrak besterik ez baitzen erabiltzen, urte osoan.

Egun Malerrekan, Aiako Harriaren inguruetan eta Bortzirietan daude Nafarroa Garaiko sasi ardiak. Leitza, Goizueta, Arano, Ezkurra, Arantza, Lesaka eta Bera herrietan.

  • Gipuzkoari dagokionez, bereziki Oiartzundik Leitzaraneraino eta Hernanitik Goizuetaraino, Gipuzkoa eta Nafarroako mugaren artean kokatzen dira sasi ardien talderik garrantzitsuenak.

Itziarren, Aizarnan, Elgoibarren, Ataunen, Zaldibian eta Azkoitian daude sasi ardien taldeak.

  • Bizkaian, bereziki Durango aldean daude sasi ardiak.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasi ardi ardi on bat bere arkumearekin. Arrazaren ezaugarri ohikoak dauzka

Ezaugarri orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pisu ertain edo arineko animaliak dira. Hiruki formako eta soslai zuzeneko burua, adierazkorra eta artilerik gabekoa. Belarri txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, adi dagoen uneetan atzerantz zuzenduak. Gorputz-enbor luzea eta triangeluarra, harmonikoa, artile zuriz estalia. Udaberrian eta udan lepo azpia eta paparra artilerik gabe geratzen dira. Gorputz adar finak eta mugimendu bizkor eta arinak, sasi artean jauzika ibiltzeko aproposak.

Ezaugarri bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondo proportzionatua eta erabat triangeluarra aurretik nahiz albotik ikusita, sakona. Baraila-arkua nabarmena da eta atzeratuta dago. Adarduna edo adarrik gabekoa, arretan nahiz emeetan, baina emeen adarrak, egonez gero, txikiak dira. Kopeta zabal eta laburra. Kopeta eta sudur aldea apur bat zapalduta dago. Ohi baino atzerago kokatutako belarriak, txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, alerta uneetan atzerantz zuzenduak. Orbita nabarmenak, almendra formako begi handiak, malko-bide labur baina nabarmenetan luzatzen direnak. Aurpegi luzea, gorrixka, albotik ikusita zuzena edo apur bat ganbila, mutur ondo proportzionatuan amaitua. Ezpain irmoak, meheak, ilunak, eta ezpain-komisura sakona. Sudur zuloek inguruan ile zurixka dute.

Luzera eta lodiera ertaineko lepoa emeetan, laburragoa eta gihartsuagoa arretan. Sekzio biribilekoa, gaineko eta azpiko ertzak zuzenak eta paraleloak ditu. Tente eduki ohi dute, 45º-ko angeluan. Ez du girgilorik ez tolesik. Lepoaren behealdean lepoko gorrixka eta ileduna dute.

Gorputz-enborra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Triangeluar samarra, luzea, sakona. Saihetsak kakotuak dira eta bularraldeari triangelu forma ematen diote. Soingurutze lausoa, bizkar eta gerrialdeko lerroarekin bat egiten duena. Honek gora egiten du apur bat, zabala eta horizontala da. Bular estua, sakon bezain zabala, eta bularrezur ez oso nabarmena. Zerra karratua, apur bat eroria, luzera- eta zabalera-diametroak berdintsuak dituena, baita aurreko eta atzeko zabalera-diametroak ere, inklinazio txikikoa. Isats iletsua.

Gorputz-adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hanka-jarrera egokia, hanka meheak, luzera ertainekoak. Bai hezurrak bai giltzadurak oso sendoak dira.

Aurrekoak: luzera ertaineko sorbalda, oso inklinatua (ia bertikala), eta saihetsekin etenunerik gabe elkartua, plano berean. Beso ondo proportzionatua. Luzera ertaineko besaurrea, mehea. Belaun luzea baina gutxi markatua, bat egiten duena kanabera oso mehe eta luzearekin. Belaunaren perimetro bertsuko hazkoskorrak, eta apatx txikiak, oso markatuak, ireki samarrak eta ondo taxutuak.

Atzekoak: izter eta hanka ertainak, luzera bertsukoak. Garapen ertaineko eta angelu irekiko belauna. Atzeko kanaberak eta apatxak, meheak izan arren, aurrekoak baino sendoagoak dira. Atzetik begiratuta paraleloak dira eta bananduta daude, errapeari leku zabala uzten diotela.

Azala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fina eta zuri arrosakara.

Kolorea eta artilea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolore zuria. Artile zuria, zakarra eta txima triangeluarretan irekia. Ez ditu estaltzen burua eta lepoa.

Neurria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pisu ertaineko edo pisu arin samarreko animaliei dagokien garaiera, ezarritako pisuekin proportzionatua.

Ahari baten burua

Pisua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emeek 35 eta 45 kilogramo bitarteko pisua dute. Arrek, 45 eta 55 kilogramo bitartekoa.

Errapeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertainak, globo itxurakoak, bilduak, gorrixkak, simetrikoak; erro txikiak eta ondo nabarmenduak. Errapeak ez daude pigmentaturik.

Barrabilak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ertainak eta simetrikoak; poltsa segmentatu gabea. Artilerik gabe.

Ezaugarri baztertzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sasi ardien taldea

Arrazaren ereduaren deskripzioaren arabera, akats hauek kontuan hartzekoak dira eta horiek zuzentzera joko da:

Soslaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpikonbexutasunerako joera izatea handia eta harmoniarik gabekoa izatea.

Belarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atrofikoak edo luzeak, eta beherantz zuzenduak izatea.

Gorputzeko akatsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz osoak edo zati batek itxura akastuna izatea (zelatua, karpa-bizkarra, beste kolore bateko zerrenda, hanka-jarrera akastunak, etab.).

Orbanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orban beltzak edukitzea.

Pigmentazioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pigmentazioa mukosetan.

Akats baztertzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Progmatismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiko edo beheko prognatismoa.

Genitalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Organo genitalen akatsak.

Adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adar handiak, emeetan.

Izaera eta portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaera izutia duen ardia da, baldintza gogorretan bizitzeko egokitua.

Berez oso menditarra eta gogorra den arraza da, eta oso leku latzera egokitzen da. Ez dute taldeka biltzeko sena handirik.

Udaberrian, ardiak erditu eta gero, ama arkumearekin edo hiruzpalau ardien taldetan biltzen dira. Gero udazkenean, zuhaitzen hostoak erori eta gero, talde handiagotan batzen dira, baina hala ere beste ardi arrazetan baino txikiagoak berriro udaberrian sakabanatzeko.

Sasardiaren etorkizuna eta bere aldeko neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertako beste hainbat arrazetan bezala, sasi ardien kontserbazioa larre eskasa duten baina balio ekologiko handiko gunei lotuta dago.
  • Sasi ardiak kontserbatzeko, beharrezkoa izango da administrazio publikoek artaldeak sortzea gutxienezko gordekin genetiko bat izateko, berme guztiekin. Hau oraindik ez da gauzatu Euskal Herriko administrazio ezberdinen aldetik.
  • Gaur egun dauden sasi ardiaren zentsuak ikusirik, bai purutasunari begira zein kopuruari begira, beharrezkoa izango litzateke beste zenbait arrazentzat gaitzak diren parajeetan ardi hauek bazkatzearen alde egitea. Beharrezkoa izango litzateke, orobat, behar bezalako hesiak ezartzea larre horietan, sasi ardiak beste ardiek baino hesi seguruagoak behar baititu.
  • Ardi hauek ematen duten mozkin txikiek arrazaren etorkizuna kolokan jartzen dute, hau dela eta diru laguntza publikoak beharrezkoak dira. Laguntza hauek gauzatuz joan dira administrazio ezberdinen aldetik.
  • Diru laguntza horiek hiru oinarri izango lituzkete:
    • Sasi ardiak Euskal Herriko kulturaren ondaretzat aintzat hartzea.
    • Ondare genetiko eta ekologikoa direlako.
    • Sasi ardien balioa balore ekologiko eta paisajistiko handiko, baina larre eskasa duten gune naturalak kudeatzeko tresna gisa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpoko loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sasi ardi Aldatu lotura Wikidatan