Edukira joan

Behigorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Behigorri
Euskal Herriko mitologia
Ezaugarriak
Betizua, Euskal mitologiaren zenbait izakien oinarrian dago. Zezengorri, behigorri, txahalgorri...
Uro edo basa-zezenen marrazki ugari azaltzen dira Pirinioetako zein Euskal Herriko harpetako labar-pinturetan. Hainbat ikerleek, Barandiaranen kasu, animalia hauen izaera totemikoa ikusten dute honen atzetik.

Behigorria edo Zezengorria, Euskal Herriko mitologiaren izakia da, gehienetan lur azpian, harpe zein leize sakonetan bizi omen den irelu erasokorra[1]. Kolore gorriko behi, idi, txahal, txekor edo zezenaren itxura hartzen omen du [2]. Batzuetan Handik ateratzen da bere santutegiak defendatzeko bertara sartu nahian diren edota, besterik gabe, hurbiltzen diren pertsonei erasotuz.

Behigorria da, zalantzarik gabe, behi aziendaren inguruan Euskal Herrian kondaira, elezahar eta sinesmen gehien biltzen [3], baina ez bakarra.

Itxuraz Euskal Herriko mendietan bizi diren behi betizuen antzekoa da, eta Mariren etxeak edota jendearen gogoan belaunaldiz belaunaldi gordetako eta lur azpian ezkutatutako altxor mitikoak zaintzen omen ditu. Sarritan megalitismoarekin zein antzinako eraikuntzekin lotutako altxorrak dira hauek. Trikuharriak, mairu-baratzak, kastroak...

Euskal Herriko kondaira eta sinismenetan ohikoak dira animali itxura hartzen duten irelu edo jenioek. Sarritan etxeko animalienak. Zakurrak, behiak, zaldiak, zerriak, katuak...

Euskal Mitologian zezen gorria Marirekin lotuta agertzen da, eta lehen esan bezala, askotan leize eta harpe ezberdinen biztanle eta zaindaria da. Beste batzuetan Mari bera da hauetako abere batean eraldatzen dena. Halako abereak Mariren berraragiztatzea edo avatarra bilakatzen dira orduan.

Etimologia eta beste zenbait izen

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txahalgorriak zein ahatxe gorriak leizeen zaindariak azaltzen dira elezaharretan. Betizu txahalak harpe baten sarreran

Irelu honek beste hainbat izen hartzen du Euskal Herrian zehar:

Ahatxe, Ahatxe gorri, txahal gorri, behigorri, idigorri, txekorgorri[4]... Batzuetan ireluak idi gorrien itxuran agertzen dira ere.

Kontutan hartu behar da zezen gorriaren inguruko kondairen multzoa, euskal mitologiaren handienetakoa dela, eta eskualdez eskualde zabalduenetarikoa. Animali totemikoa ere izan zen zaldiaren inguruko elezahar baino gehiago dira behien eta zezenen ingurukoak.

Sakontzeko, irakurri: «Zaldia euskal mitologian»

Ireluaren izena aldatuz joaten da eskualde batetik bestera, eta euskalkiz euskalki, nahiz eta elezahar gehienen oinarrizko elementuak beti mantentzen diren amankomun.

Beste aldetik behi-irelu hauen kolore gorriak basatasuna adierazi nahi du, beste zenbait ireluen kasuan bezala. Zakur gorriak, Iratxoak eta abar. Mari beraren izenetariko bat Ionagorri da[5].

Koloreari eta abelgorriei dagokienez zera esan baherra dago, bai betizuen eta baita piriniar behi mota ezberdinen kasuan, kolore aldaketa bat ematen da haien hedapen gunearen ekialdetik-mendebalera. Gero eta ekialderago, gero eta zurizkagoak dira eta gero eta mendebalerago berriz, kolore gorri biziago dute.

Euskal Herrian behi azienda "abelgorriak" deitua izan da, piriniar enborreko abereak gorriak direlako. Piriniar behiak edo betizu arrazak zabalduenak izanik. Zaldiak berriz "abelbeltzak" ziren herri hizkeran, eta ardiak "abelzuriak".

Betizuak, zezengorriak eta behigorriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «betizu»
Betizua Adarra mendian

Antzinatik Euskal Herriko mendietan betizu izeneko behi-azienda mota bizi izan da. Duela ez hainbat urte askoz ere zabalduagoa zeuden betizuak euskal mendietan, samalda handiak osatuz. Betizuak azienda basatia bilakatzeko joera etengabea izan dute, eta sarritan sortu dira, garai historikoetan ere, betizuen populazio basatiak euskal mendietan. Honek misterio eta errespetu kutsua sortu du sasikoak bilakatutako behi hauen inguruan, euren inguruko elezahar eta istorioak elikatuz.

Jose Migel Barandiaranen ustez

« Zalantzarik gabe, betizua izan da antzinatik euskadunei beraien mitoak osatzeko edo inspiratzeko gai sinbolikoaren zati bat eskaini diena. Behigorri, Zezengorri, Izuargi, Gaueko... »

Garai batean, aurreneko elurrarekin betizuen hainbat samalda mendialdetik (Aralar kasu), kostaldera mugitzen zituzten negua pasatzeko transhumantzia ikusgarria eginez. Herriz herri pasatzen omen ziren behi samaldak haien zakur zaindari eta unaiekin. Larre aldaketa hau Duela 60 urte oraindik mantentzen zen. Aralarretik Jaizkibelera zihoazen betizu taldeak N-1 errepidean barrena mugitzen ziren.

Jende asko kalera irteten zen betizuen igarotzea ikusteko, benetako ikuskizuna zelako, eta jende zaharrak oraindik gogoratzen du. Andoainen, esate baterako, kale nagusitik zein Goiko Plazatik pasatzen ziren betizu samaldak.

Euskal Herriko beste zenbait eskualdetan ere betizuen mugimendu hauek ematen omen ziren neguko larreen bila. Lasturtik Jaizkibelera, esate baterako, 1944en urtera arte, Jakina. Betizuen inguruko istorioak abererekin batera mugitzen ziren Euskal Herriko bazter batetik bestera.

Behi hauek tamainaz nahiko txikiak eta gorri kolorekoak izaten omen dira, eta baldintza erdi basati edo erabat basatietan bizi izan dira gaur arte.

Gizakiengatik ihesi egiten dute ikusi orduko oreinak bezala, eta xaxatuz gero, edota kumearekin egonez gero, eraso egin dezakete. Betizuak harrapatzeko, animalia basatiak ehizatzeko era berberak erabiltzen zituzten. Ehizaldiak, eskopetak eta txakurrak.

Betizuak beraz, mendi eta baso basati eta apartatuetan bizi zirenez, eta askotan bertako harpe eta leizeetan babesten zirenez, eta abere erasokorrak izanik, Zezengorri eta Behigorrien inguruko kondaira askorentzako gaia eman dute.

Behiak labar-artean eta sinismen zaharretan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
"Giza-zezena" edo zezenez mozorrotutako xaman baten marrazkia. Labar-arte Franko-Kantauriarra. Le Gabillou leizea, Dordogne. Behiak ugalkortasunaren sinbolismoari lotuta egon dira zenbait kulturetan, esate baterako hainbat herri indoeuroparretan[6] eta dirudienez baita gurean ere. Hauxe izango genuke behigorrien eta Mariren arteko beste harreman bat. Ezin ahaztu alde hartatik, euskal leizeetan azaltzen diren labar-pinturetan basa-zezena edo uroa maiz agertzen dela, Altxerrin eta Santimamiñen adibidez. Margo hauek aspaldiko basa-zezen inguruko sinesmen magiko edota totemikoak adierazi ditzakete Jose Miguel Barandiaranen ustez. Jose Migel Barandiaranek labar artean azaltzen diren uroen marrazkiak eta leizetako behi eta zezengorrien inguruko sinesmenak lotzen zituen[7].

Joxe Migel Barandiaranek zera azpimarrazten du Euskal Mitologiari buruzko bere idatzietan; kasu askotan antzinako uro edo basazezenen marrazkiak agertzen diren labar-artea daukaten kobetan, behigorri edo zezengorrien istorioetako parajeak direla aldi berean[8]. Beste kasuetan garai neolitikoaren aztarna arkeologikoak topatu dira bertan.

Erromatarren garaia, zezen eta behigorriei egindako gurtza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antza, erromatarren garaian harpetako ireluei egindako gurtza oso zabalduta zegoen Euskal Herrian. Barandiaranek garai haietako txanpon ugari aurkitu zuen Izturitze, Kortezubi, Santimamiñe, Covaraida eta Solacuecako leize zuloetan. Baita Bidarraiko Harpeko-Sainduaren harpean ere. Antza txanpon hauek jendeak lur-azpiko Jainko eta ireluei egindako opariak ziren, Zezengorri eta Behigorriei barne.

Txanpon hauetako asko erromatarren garaikoak dira. Antza orduan behigorriei eta leizetako gainontzeko ireluei gurtza oso zabaldutan zegoen. Hala era beste hainbat txanpon garai modernoetan bertara botata dira eta zera adierzaten dute; Euskal Herrian sinismen eta gurtza hauen iraupena ia gaur arte. Bidarraiko Harpeko Sainduari mantendutako gurtza aintzinako sinismen hauen adierazpen modernoena litzateke [9].

Erromatarren garaian, Euskal Herrian, ilargiarekin eta ilargiari eskainitako gurtzarekin agertzen dira zezena eta behiak[10].

Antzeko beste zenbait irelu eta jainko-jainkosa zaharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Baigoriso deo aldarea. Luishongo museoan, Sacaze bildumakoa
Baigoriso deo aldarea. Gaur egun Luishongo museoan dago eta Sacaze bildumakoa da.

Baikorrix, Baigorisco, Baigorix, Baicorrixo, Buaicorrix (Comminges), Baigoriso, Buaicorixi (Labarthe-Rivière), Garona Garaian, Akitania zaharraren aldeko Pirinioetako erromatar garaiko aldare eta inskripzioetan agertzen diren antzinako euskal jainko edo jainkosa baten izenak dira, antza, izen beraren aldaera desberdinak. Euskal-akitanierazko teonimoak[oh 1] dituzten inskripzio horiteako bat da, adibidez, Secazeren katalogoko 214. zenbakidun idazkuna: BAIGORISO / DEO / GEMINVS E- / DVNNIS F(iliius) / V(otum) S(oluit) L(ibens) M(erito)[11].

Hainbatek Baigorri eta Bigorra toponimoekin lotzen dituzte[oh 2]. Baigorri ere, Ibai-gorrirekin lotua izan da, eta zaila zaigu daturen faltan etimologia zuzena zehaztea, baina Bernardo Estornes Lasa eta beste zenbait ikerleen arabera ordea, baliteke behigorrirekin zer ikusirik izatea.

Erromatarren garaiko hilarrietan zezen edota behien irudiak azaltzen dira Uxuen, Aibarren, Narbaxan, Artaxonan, Eslaban, Okarizen, Gastiainen... Ikerleek zezenei edo behiei mantendutako antzinako gurtza ikusten dute abelgorrien irudi ugaritasun horietan, baina baita, Zibele erromatarrek bereganatutako ekialdeko jainkosaren gurtza.

Zuberoan agertutako hilarri batean, antza zizelatutako behiaren itxurako jainkosa baten iruriarekin, Baigorrix dinitate honen beste aztarna bat izan daiteke [12].

Mikeldiko idoloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mikeldiko idoloa antzinako argazki batean

Mikeldiko idoloa da, zalantzarik gabe mitologiarekin zer ikusirik duen zezenik ospetsuena, nahiz eta aditu batzuek irudia aketz bat islatzen duela mantendu. Tamaina handiko aberea da eta hanken artean disko bat dauka alde batean eguzkia eta bestean ilargia islatuz [13].

Mundu zeltiberiarrean agertzen dira antzeko irudiak. Betoi herrian bizi izandako tokian nahiko ugari dira antzeko irudiak, baina Mikeldikoak daukan diskorik gabe. Disko hori da euskal idoloaren berezitasuna.

Irelu hauen gustuko leize eta parajeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Behigorria sarritan leizekin lotuta agertzen da

Hauek dira behigorriaren gustuko hainbat leku eta paraje. Leku hauetan ohikoak izan dira behi betizuen samaldak. Hauetako zenbait harpetan Paleolitoko arkeologi hainbat aztarna daude edota labar pinturak hainbat animali islatuz, behi-zezenak barne.

Behigorri eta zezengorrien inguruko elezaharrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenbaitetan, behi edo zezengorriak, ekaitzetan, gau ilunenetan zein elurradetan agertzen zaizkie gizakiei
  • Sarako lezean bizi den zezen gorria bertako zaindaria da. Batzuetan gizon baten antza hartzen du, eta horrela aurkezten da bere aurka zerbait egin duena zigortzeko. Horrela Zezen gorria Etsai pertsonaiarekin lotuta azaltzen da ere. Etsai izeneko pertsonaia honek erakusten zuen zientzi magikoak bere ikasleak izan nahi zuten pertsonei. Halaxe agertzen da Axularraren itzalaren kondairan[14]. Etsai, behigorria bezala, harpe eta leizetan bizi zen, eta Sarako kasuan harpe berberan.

Batzuetan saratarrak harpe hartara hurbiltzen ziren ardi eta hegaztien simaur bila. Behin Ibarsoro-beheria baserriko ama-alaba halako lantegian sartu ziren Leizian, baina behin barruan egonez gero behi edo zenen ezkila bezalako soinuak, baina ez zuten inolako abererik ikusi. Asko beldurtu ziren eta handik aurrera ez zuten nahi bertara joan.

Sarako behigorria Etxalarreraino heltzen zen Leizia eta etxalar lotzen dituen mendi azpiko ustezko pasadizoa erabiliz.

  • Amezketa herrian kontatzen dutenez, Irabi baserriko alaba bat Aralarrera igo omen zela etxeko behi baten bila. Betizu gorri bat ikusi zuen eta uste izan zuen berea zela. Aberearengana hurbildu eta buztanetik heldu zion. Orduan behia korrika batean abiatu zen eta neska berekin eramaten Marizuloko harpean sartu zen. Antza behigorri hura Mari bera zen.

Gurasoak alferrik eta luzez ibili ziren galdutako alabaren bila. Hala ere, geroago, neska ikusia izan zen Marizuloko leizearen barnean, baina bere alboan zakur gorri batek leizeko sarrera zaintzen zuen[15]. Erlazioa izan ala ez, Amezketako Orubearen armarriak bi behigorri agertzen ditu[16].

  • Gatikan, Mungiako bidean zihoazen bi gizon jazarri zituen behin zezen gorri batek gauean.
  • Pipaonen gauean zezen beldurgarri bat azaldu omen zitzaien herriko mutil talde bati, eta egunduko ikara eman. Beraiek gertaera zerekin lotu omen zuten; arratsalde hartan herriko atso bat iraindu egin zutela.
  • Uharte Garazin uste zuten zezen gorriak gauean ateratzen direla lurpetik.
  • Ataunen esaten omen zuten ez zela komeni harriak edo beste gauzak botatzea leize eta kobazuloen barnera, bertan bizi omen ziren Txahalgorriak ez molestatzeko. Bereziki Askaata eta Usategi leizeak aipatzen zituzten irelu hauen bizilekutzat. Berdin gertatzen zen Iturriotz baserritik gertuko kobazulo batekin. Han harriak bota eta gero, zezengorri bat agertzen zen eta bere agerpenak zori txarra ekartzen omen zuen.

Duela urte batzuk artzain gazte batzuk Marumendi aldean biltzen ziren jai egunetan, eta bertan dantza egiten zuten pandero eta tronparen doinuz.

Haietako hiruk harriak jaurti zituzten bertan dagoen kobazuloren barrura eta txahalgorri bat irten zitzaien. Beldurturik, korrika batean irten ziren eta haietako bat nekeaz jota Agaoz tontorrean hil zen. Bigarrena Aralegiko zelaian, eta hirugarrena Urrestarasu izeneko bere baserrira heltzea lortu zuen, baina handik hiru egunetara jasandako ikaragatik zendu zen. Marumendi Behigorrirekin harremana duten eta gero aipatuko diren Maru izeneko ireluen bizilekua zen baita ere.

  • Okinako leizean, Okinako ziloa ere deitutakoa, elezar askoren iturri da araban.Bertako zaindaria den zezengorri bat bizi omen da bertan, eta han dagoen altxorren bila hurbiltzen denari eraso egiten dio. Hainbat kondairetan altxor bera urrezko txekor bat da[17].
  • Otsibarreko leize batean ba omen zegoen zezengorri itxurako irelua, eta era erasokorrean agertzen zitzaion leizera hurbiltzen zitzaion edonori.
  • Markinizen ere, Kapilduimendiko beste leize batean, antzeko zezengorri bat bizi omen zen. Kasu honetan gainera, zezenak batzuetan urrezko zezenaren itxura hartzen zuen. Arluzeako herritar bat behin leize-zulo honetaraino hurbildu zen eta lehen tximista bezalako argitasunak ikusi zituen eta gero tamaina handiko urrezko zezen bat bera erasotzeko plantan.
  • Lizartzan kontatzen zutenez, Lapar mendian kokatuta dagoen Leizezuloa leizetik zezengorri bat irteten zen.
Elezahar askotan, behigorria basotik irteten da bidaiariak erasotzeko

Lizartzan ere, Otsabio mendiko Austokieta harpean Suzko zezen bat bizi omen zen.

  • Azkoitiako Txintxilo izeneko parajeko kobazulo batean zezengorri bat bizi omen zen.
  • Beste istorio bat behigorria eta Mari lotzen dituena:

Duela ez hainbat urte, Oñatiko baserri batean halako gertaera kontatzen omen zuten: bertako etxekoandrea sukaldean zegoen semeekin eta orduan etxekoa ez zen txahal bat korrika hurbildu zitzaien baserriko atera. Saiatu ziren bertatik bidaltzen baina abereak ez zuen nahi eta azkenean marrumaka etxe alboko estalpe batean sartu zen.

Halako agerpen eta portaera arraroa argitu nahian, emakumea aurrera joan zen. Lehen zalaparta bat entzun zuen estalpean, jende asko zaldiz ibiliko balitz bezala, gero beldurrez ikusi zuen alboko baserria, handik 300 metroetara zegoena, sutan zegoela. Semeak deitzera joan zen sutea itzaltzeko asmoz, baina orduan ikusi zuen sua mugitzen haien etxerantz. Sutan zegoen ote torto bat bezalakoa zen, baina isatsa oso zabala zuen. Orduan baserritarra lasaitu zen, beste batzuetan Anbotoko Anderea (Mariren izen bat) ere ikusita baitzuen, baina sekula ez hain hurbil.

  • Bedaioko gizon bat, Jose Ramon deritzana, bazetorren Nafarroatik bere asto zamatuarekin, eta usterik gutxienean, jartzen zaizkio aurrekaldean bi idi gorri beren zintzarriak joaz. Hori ikustean, gizona aztoratu zen eta heldu zion aberearen isatsari eta honek beti gurutzea beti berekin baitu, bat batean isildu zen zintzarri hotsa eta bi idi gorriak ezkutatu. Astoaren berezko ahalmen-majikoari esker gizonak bizia salbatu zuen[18].

Suzko zezenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beraien esanahi bereziagatik, aparteko aipamena merezi dute zuzko zezenen edota sua botatzen zuten zezenen inguruko istoriak.

  • Orozkon, Itxinako mendi-multzo karstikoan, Atxulaur kobazuloan lapur bat bizi zen. Urre pila ederra pilatuz joan zen bertan, bere "langintza"ren ondorioz.

Lapurra paraje haietatik urruti hil zen, eta bertako inork ez zekien non zeuden bere altxorrak.

Egun batean kanpotar batzuk Orozkora etorri eta Atxularrera joan ziren. Beraiek bazekiten altxorrak non zeuden. Baina kanpotarrak leizera inguratzerakoan, barrutik muturretik eta zahotik sua zerion zezena agertu zitzaien, eta ez zien uzten bertara hurbiltzen.

Handik denboraldi batera kanpotarrak itzuli ziren eta beraiekin zerkartzaten lapurraren hezurrak Atxulaurko harpearen sarreran utzi zituzten. Orduan bakarrik eskuratu ahal izan zuten lapurraren altxorra, eta sua botatzen zezena ez zen handik aurrera berriro azaldu.

Zezen-suzko Ayerben (Aragoi).
  • Ataungo gizon batek zenbait ekintza sakrilego ak egin eta gero, zuzko zezen baten aldetik jazarpena nozitu zuen bere etxeko bidean.
  • Lizartzako Austokieta parajean beste suzko zezen bat bizi omen da.
  • Bermeon kontatzen zutenez, herritarren portaera gaiztoa zigortzeko, Burgo menditik jeitsi zen eta adar zein isatsan sua zeraman zezen batek, San Juan portaletik sartu eta herri guztia erre eta suntsitu ei zuen.

Folklorearen ikertzaileek, gure herrietako zein Pirineotako jaietako zezen-suzkoaren oinarrian, suzko-zezen hauen inguruko elezaharrak ikusi izan dituzte. Zezen gorria hainbat kondairetan jendearen portaera txarrak zigortzen du bere suarekin[19].

Uste da, zezen-suzko hauen atzetik, garai batean benetako zezenak erretzen jainko-jainkosei egiten zitzaizkien sakrifizioak egon daitezkela.

Beste zenbait sinesmen eta istorio mitiko zezen eta behigorrien inguruan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
deiadarra jotzen

Deiadarrak idi edo behi adarrekin egiten omen ziren.

Euskal Herrian, pentsatzen da Gernikako Batzarretarako deia egiteko erabiltzen zirela, Kolitza, Ganekogorta, Gorbeia, Oiz eta Sollube mendietatik.

Gaur egun daiadarrak oraindik erabiltzen dira jendea konbokatzeko Euskal Herriko zenbait jai eta ekitaldietan.

Idi narruak, altxorren gordailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat kondairetan, lur azpian ezkutatutako altxorrak idi narrutean bilduta daude. Esate baterako Ereñoko Ereñusarre mendian idi narru baten barruan urrezko altxor handi bat lurperatuta omen dago[20].

Sinismen hau oso zabalduta dago Euskal Herrian barrena, haren ondorioz trikuharri ugarietan jendeak atzurka ibili izan da ustezko altxor hauen bila ondare arkeologikoa suntsituz.

Aizkorriko Aizkorriondo parajean harri handi bat zegoen eta bere azpian, sinismenaren arabera, idi narru bat urrezko txanponez beterik. Artzain batek "buelta nazak" inskripzioa topatu zuen harriaren goiko partean, eta azpiko urrearen kontua buruan, inguruko artzainak harriari buelta emateko komentzitu zien. Lan handia harturik lortu zuten baina urrearen ordez beste inskripzio bat topatu zuten "orain bapo negok" esanez.

Okinako zulo edo leizean , Arabako Okinako herrian, Manuel Diaz de Arkaia idazleak jasotako elezahar baten arabera urrezko txekor bat gordeta omen dago. Urrezko irudi trinko bat da eta hango barrunbetan iskutaturik omen dago. Altxor hori feneditzeko mota askotako ireluak daude leizean, haien artean behi gorria. Sinesmen hau oso sustraitua zegoen inguruetan eta jendea beldur zen ilundu eta gero leizera hurbiltzeko bertako zaindarien beldur. Jende askok esaten zuen Okinako zuloko zaindariak ikusiak zituela [21]..

Arrabako bi zezenen arteko borroka

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrabako Landa Zeberiorena" Ipuina edo kondaira zaharra. Arrza betizuko bi zezenen arteko borroka. Horrela dio istorioak mendebaldeko euskaraz:

« "Gorbeia eta Lekanda bitartean Arrabako Landa dago. Landa ederra, zelaia eta ganaduentzat bedar gozokoa.

Gaur, Zeanuri partea da baina lehenago, arrabako Landa Zeberioko Santo Tomaseko auzokoa zen. Lehenago, Zeberioko abadea, ohiturari jarraituz, urtero urtero joaten zen Arrabara urteko bedeikazioa botaten. Zeberioko herriak, elia eroaten zuen gorbeia ondoko landa honetara. Arrabako Landa taket (esola) eta alanbradura ederrez hesituta egoten zen zein ganaduak mundurik aramaio joan. Zeberioko herriak, bere elia batzanduten zuenean, Santo Tomas eliza nagusiko eleizportalera eroaten zuen lehenengo. Han bedeinkatu, gero elizondoko harizpetan abaroan euki eta hurrengo egunean, freskuran Arrabako bidea hartu.

Betizu zezen gaztea

Era horretara, urteetan ibili ziren baina halangoren baten, Zeanuriko herriak demandea sartu zion Zeberioko herriari Arrabako landa erreklamatuz. Egia esateko, Arrabako Landa hurbilago dago Zeanuritik Zeberiotik baino, baina usadioak usadio Zeberiok be ez zuen bere ohitura galdu gura.

Abokatuekin hasi barik, izan be abokatuek ez-baiari emoten diote emon be indarra eta, beste apostu hartu zuten ontzat:San Joan egunean jaiotako zekor bana aukeratu, urte betean hazi eta gero biak borrokan imintea Arrabako landan eta irabazten duena haxe izateko landa horren jaube. Esan eta egin. Baina Zeberioztarrak larri zeuden, euren zekorra irdarga eta hezur hutsa zelako eta Zenauriztarrena ostera mardo mardo eta indartsua. Baina, berbari eutsi behar zitzaion lez, heldu zen San Inazio, Gorbeiako jai eguna, eta eroan zituzten urteko zekorrok. Hasi zen zekor-enbitea herri bietako testiguen aurrean eta Zeanurikoak aurretik zeraman Zekor mekoa. Hain zen handia Zeanuriko zekorraren indarra, halako beten taket eta alanbradurazko hesi be apurtu egin zuen eta Zeberioko zekor borroa amildegira noiz botako zeukanean, zer?, eta laprast ez du egiten ba Zeanuriko zekorrak eta bera jausi amildegira? Ikusle guztiak harrituta zeuden, batez be zeanuriztarrak, baina berba, berba denez, berriro be Zeberiorentzat izan zen Arrabako Landa. Urteak joan urteak etorri, Zeberioko abadea zahartu egin zen eta utzi egin zion Arrabako Landa bedeinkatzen joateari apurka apurka elia eroateari be utzi egin zion Zeberioko herriak eta jaubetu ezaz, azkenean arrabako Landa Zeanuriko herriko propietatera joan zen eta hantxe dago. Bake santu bat!"

»

Ipuin honetan zenbait elementu mitologikoak azaltzen zaizkigu Arratiako bi zekor betizuen borrokaren inguruan. Hasteko borrokaren bi zekorrak San Joan gau mitikoan jaiotakoak dira, Euskal Mitologiako indar berezia daukaten zenbait abere eta pertsonaia bezala. Beste aldetik, Jose Manuel Etxebarriak jasotako Arratiako elezahar honek zera ekartzen digu gogora; Irlandako mitologia zeltarrean oinarria den Táin Bó Cúailnge edo Cúalilngeren Zezenaren lapurketa izeneko kontakizuna. Kontakizuna Finnbennach zezenaren lapurketarekin hasten da, eta haren ondorioz gerla bat pizten da Ulsterreko klan irlandarren artean. Gerla haren azken gatazkan, Irlandako bi erregen jabetzarik preziatuenak diren Finnbennach zezen zuriak eta Donn Cuailnge zezen nabarrak borroka egingo dute elkar hil arte.

Bi zezenen arteko borrokak agerian utziko du zezenen jabetzagatik piztutako gerla haren burugabekeria, Arratiako bi zezenen arteko borrokaren istorioren ikasbideak agerian uzten duen bezala bi herrien arteko gatazkaren zentzugabekeria.

Maruak Euskal Mitologiaren pertsonaiak dira. Jose Migel de Bandiaranek aipatzen ditu bere lanetan[14], eta horretaz gain hainbat toponimoetan agertzen dira. Maruak izaki beldurgarriak ziren, adardunak, behi adarrekin bezala. Lapurrak eta sakuratzaileak ziren. Ataungo Marumendiko harpetan bizi omen ziren. Haien kokalekuen ingurura hurbiltzen ziren herritarrak bahitzen zituzten. Beste aldetik aziendaren lapurrak ziren ere. Atunen Maruzulo izeneko bi koba daude. Maruak, dauzkaten ezaugarriengatik euskal kondariretako pertsonaiak diren eta antzeko izena duten mairuengatik bereizten dira.

Kondaira hauetan ikusten dira Behigorri ireluaren hainbat osagai. Irelu adardunak dira, eta haiek zaindutako harpetara hurbiltzen diren pertsonak zigortzen dituztela, erasotuz edo bahituz.

Bertako elezahar baten arabera San Juan Gauan leku hartan bertan, iratzea sortzen ez den gune batean, eguzkia altxatzen denean pertza misteriotsu bat agertzen omen da. Pertze azpian lurperatutako altxor bat dago. Hemen ere, kasu honetan maruen inguruan, Behigorriaren zenbait ezaugarri dituen sinesmena aurkitzen dugu. Lurperatutako altxorren zaindariak izatea.

Maruak toponimian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maruen inguruko toponimia oso zabalduta dago Euskal Herrian barrena, bereziki mendebaldeko eskualdetan. Horregatik, seguruen, pentsa daiteke behigorriekin lotutako irelu hauei buruzko sinismenak egun baino askoz zabalduagoak egongo zirela. Horra hemen Maruekin lotutako zenbait toponimo.

Behiak Euskal Herriko inauteri eta maskaradetan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Momotxorro bat akelarreko suaren aurrean Altsasuko inauterian

Momotxorroak, Altsasuko inauterietako pertsonaia tradizionalak dira. Behi edo idi adarrak daramatzate eta aurpegiak oihal-zapiaren azpian ala zaldi ileen azpian ezkutatzen dituzte; odolaz zikindutako izara zuria ardi-larruzko bizkarrekoak, praka urdinak, galtzerdi zuriak eta abarka beltzak jantzita dituztela agertzen dira. Ardi larruan josita edo gerri inguruan ezkilak daramatzate, zarata ateratzeko. Eskuetan sardea daramate. Pertsonai hauek gogora ekartzen dute Behigorri ireluaren hainbat agerkunde.

Lapurdiko inauterietako pertsonaiak diren Kotilun Gorriak bi izan ohi dira. Galtza zuriak, gainetik gona gorria, artilezko jaka zuria eta koloreetako mantala ere janzten dituzte. Eskuetan, behi-buztana zintzilika duten makila batekin jendea zirikatuz ibiltzen dira, eta buruan berriz, kapela luze piramidala daramate. Bukatzeko, ahoa eta begiak izan ezik, aurpegia ehun gorrizko mozorro batez estaltzen dute [23]. Lapurdiko inauteriko pertsonai hauetan ikusten da behi buztana eta kolore gorriaren erabilera.

Behia mitologi kristauean. Euskal Herria eta Pirinioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat kontakizun eta sinismen kristauen arabera, Pirinioetako bi aldeetako Amabirjinaren 150 irudi baino gehiago, zezen edo behin baten parte hartzearekin aurkituak izan ziren[24]. Leku eta kasu guztietan kondaira oso antzekoa da; Taldeko abereen batek ohitura omen dauka gainontzekoetatik aldentzeko bakartzeko edota harpe, zuhaitz, zuhaizka edo lur zati baten aurrean belauniko jartzeko. Aberearen joera ez ohikoari erreparatuz, unaiak Amabirjinaren irudi bat aurkitzen du. Orduan, segituan, herriko apaizari eramaten dio irudia. Orduan apaizak Amabirjiñari gurtza egiteko tenplu bat eraaikitzea erabakitzen du, baina irudia behin eta berriro eta bere kabuz, unaiak aurkitutako tokira itzultzen da era mirakulosoan. Azkenean jendeak amore emango du Amabirjinaren borondatearen aurrean eta irudia aurkitutako tokian erakiko dute santutegia.

Kontakizun honek, gurtzarako bi lekuen arteko joan etorri hauek, zalantzarik gabe, antzinako erligioaren eta gurtzen eta krsistautasun berriaren arteko talka eta borrokak islatzen dute. Zehazki Lurrarekin lotutako Ama Jainkosei emandako antzinako gurtza. Ama jainkosak, behiak bezala, ugalkortasunaren ikurra ziren.

Txomin Peillenek Zuberoan jasotako hainbat sinismen artean zera zegoen; Emakumezkoek eta bereziki neskek ezin zutela ardi edo ahuntzaren esnea ezin jeitsi zuen bitartean (abere hauek nonbait oso "garbiak ez direlako), behia abere sakratua eta garbia zela, zeren andere batek, neska batek behiaren esnez batu dezake eta berdin zezen bat behi estaltzen duelarik ernalketa hori zaindu, zezena karreiatu ta abar, berdin zaldiarekin[25] . Ardiak jeistei buruz berriz, eta Peillenei Dominika Prenenda garazitarrak eson zionez "Gizonen lekia düzu hori" .

Hardoieneko etxekandere zaharrak etxeko behiak urtero ur bedeinkaturekin bustitzen zuela esan zion Peillenei.

Behien inguruko antzineko festa, ospakizun eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behi aziendak garrantzi handia izan du euskal ohituretan. Lehen aipatu den bezala, Euskal Herrian behi azienda "abelgorriak" ziren, behi azienda kolore gorriekin lotzen zelako. Hau dela eta, hainbat festa eta ohitura agertzen omen dira abelgorriekin lotuta.

Hiru behien zerga

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru behien zerga Erronkaribarren (Nafarroa Garaia) eta Baretos ibarraren (Bearno) artean egindako hitzarmen zaharra da, XIV. mendetik datorrena.

Ohitura honen jatorria oso argi ez badago ere, gauza jakina da 1375. urtean alde biek akordioa sinatu zutela, unai erronkariar eta biarnotarren jarduera muga inguruan arautu zuena eta bi bailaren artean bakea ekarri zuena. Bi urte lehenago, liskar larrien ondorioz Pedro Carrica erronkariarrak Pierre Sansoler biarnotarra hil zuen, eta honek eragin zuen hitzarmena ezartzea. Ordutik aurrera, Baretosko abeltzainek hiru behi eman behar dizkiete Izaba, Uztarroze, Urzainki eta Gardeko herritarrei hilabete batez euren aziendek zelai nafarretan belar eta ura hartzearen truke. 600 urte baino gehiago luzatu da dagoeneko ohitura hau, XVII. mendean ia 20 urtez hitzarmena eten bazuten ere. Tradizio luze hau, izan ere, gaur egun oraindik berresten den Europako itunik zaharrena da. Tradizio honetan aipatu behar da behien balio sinbollikoa, eta behaik bertako behi piriniarrak izatea. Hau da, abelgorriak.

Behigorri eta Zezengorriei lotutako toponimia.

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbaitzuk Bearn edo Bearno (edo Benearno) toponimoa behiarekin lotzen dute, eta Bearnoko armarrian behi piriniar edota betizu itxurako bi behi gorri agertzen da.

Piriniar behiak, betizuak eta Bearnoko behiak armarrietan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Teonimo bat jainko edo jainkosa baten izena da, adibidez: Zeus, Diana, Apolo, Osiris, etab.
  2. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/baicorrix/ar-10154/

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Behigorri» Auñamendi Euskal Entziklopedia (Eusko Ikaskuntza).
  2. «Behigorri» Harluxet hiztegia (Eusko Jaurlaritza).
  3. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1996). La primitiva religión de los vascos. Donostia: Orain, 84 or. ISBN 84-89007-56-8..
  4. «Aatxe» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Eusko Ikaskuntza).
  5. ose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  6. https://web.archive.org/web/20181118190746/http://www.santiagoapostol.net/latin/geografia.html
  7. Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  8. http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/es/aatxe/ar-5626/
  9. (Gaztelaniaz) Barandiaran, Jose Miguel. (1972). Diccionario ilustrado de Mitología vasca. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 15 or..
  10. https://www.persee.fr/doc/palla_0031-0387_1999_num_50_1_1542
  11. «Base de Datos de inscripciones aquitanas» eorduna.awardspace.info (Noiz kontsultatua: 2020-12-15).
  12. (Gaztelaniaz) de Marliave, Oliver. (1995). Pequeño Diccionario de Mitología Vasca y Pirenaica. Barcelona: Jose J de Olañeta, 23 or. ISBN 84-7651-323-5..
  13. «Mikeldi» Auñamendi Eusko Entziklopedia (Eusko Ikaskuntza).
  14. a b Jose Miguel de Barandiaran, obras completas. Egilea, Jose Miguel de Barandiaran. Argitaletxea, Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbao 1976.
  15. https://www.hiru.eus/eu/cultura-vasca/vaca-roja
  16. Amezketako Orubearen armarria
  17. La primitiva religión de los vascos. José Dueso. argitaletxea, Orain, 1996. ISBN 84-89077-56-8.
  18. https://web.archive.org/web/20200718141524/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/jgl/24001103.pdf
  19. https://mitologiadevasconia.amaroa.com/personajes-mitologicos-de-vasconia/zezengorri
  20. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1996). La primitiva religión de los vascos. Donostia: Orain, 24-25 or. ISBN 84-89007-56-8..
  21. (Gaztelaniaz) Dueso, José. (1996). La primitiva religión de los vascos. Donostia: Orain, 25 or. ISBN 84-89007-56-8..
  22. Valdés, Luis. (2005). «El Santuario Protohistórico de Gastiburu (siglos IV al I a.C.) y el calendario estacional (Arratzu, Bizkaia)» Munibe (Antropologia-Arkeologia). Homenaje a Jesús Altuna (Donostia) 57 ISSN 1132-2217 ISSN 1132-2217. (Noiz kontsultatua: 2018-08-13).
  23. https://www.hiru.eus/eu/cultura-vasca/danzas-de-iparralde
  24. (Gaztelaniaz) de Marliave, Oliver. (1995). Pequeño Diccionario de Mitología Vasca y Pirenaica. Barcelona: Jose J de Olañeta, 163 or. ISBN 84-7651-323-5..
  25. Peillen, Txomin. (1985). Animismua Zuberoan. Donostia: Haranburu Editorea, 51-52 or. ISBN 84-7404-226-3..
  • Jose Miguel de Barandiaran. 1976. Obras completas. Editorial la gran enciclopedia vasca, Bilbo .
  • Enciclopedia General Ilustrada del Pais Vasco, Historia General de Euskal Herria. Auñamendi, Zarautz 1978.
  • Olivier de Marliave. 1995. Pequeño diccionario de mitologia vasca y pirenaica. Alejandria, Bartzelona.
  • José Dueso. 1996 La primitiva religión de los vascos. Orain . ISBN 84-89077-56-8.
  • Juan Garmendia Larrañaga. 1990 Euskal Pentsamendu Magikoa (I). Baroja, 1990.
  • Juan Garmendia Larrañaga. 1994. Euskal Pentsamendu Magikoa (II). Elkar. Donostia-Baioana.
  • Juan Manuel Etxebarria Ayesta. 1995. Bizkaialdeko Ipuin-Esaundunak. Ibaizabal. Bilbo.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]