Riccardo Muti
Riccardo Muti (Napoli, 1941eko uztailaren 28a) italiar orkestra-zuzendaria da. Napoliko Kontserbatorioan egon ondoren, Milanera joan zen orkestra-zuzendaritza ikastera Antonino Vottorekin Giuseppe Verdi kontserbatorioan. 1971n egin zen ezagun Donizettiren Don Pasquale lana zuzentzen Salzburgoko jaialdian. Hurrengo urtean, Florentzian, Rossiniren Gillermo Tell lanaren lehenengo bertsio osoa zuzendu zuen. 1973-1982 urteetan, musika-zuzendari bihurtu zen Flontziako Maggio Musicale jaialdian eta Orkestra Filarmonikoan. Garai horretan, Filadelfiako orkestrarekin lan egin zuen eta 1980tik 1992ra hango zuzendari izan zen. Riccardo Mutik arrakasta handia izan du Vienan eta Londresen, batez ere Verdiren lanekin. 1986an, Claudio Abbadoren ordezkari izendatu zuten Milango Scalan, eta hango orkestra filarmonikoaren zuzendaria izan zen urte askotan. 2010ean New Yorkeko Metropolitan operan egin zuen debuta eta Chicagoko orkestra sinfonikoaren ardura hartu zuen. Sari ugari ditu Mutik: Italiako errepublikako Meritu Ordena (1990), Frantziako Ohorezko Legioa (2010), Arte kategoriako Asturiasko Printzea Saria (2011).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Riccardo Muti |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.