Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.

Samoera

Wikipedia, Entziklopedia askea
Samoera
Gagana fa'a Sāmoa — Gagana Samoa
Datu orokorrak
Lurralde eremua Samoa uhartedia eta samoar diaspora
Hiztunak 369.957
Ofizialtasuna  Samoa
 Amerikar Samoa
Informazio filologikoa
Hizkuntza-tipologia aditza-subjektua-objektua
Alfabetoa latindar alfabetoa eta latinaren alfabetoa
Hizkuntza kodeak
ISO 639-1 sm
ISO 639-2 smo
ISO 639-3 smo
Ethnologue smo
Glottolog samo1305
Wikipedia sm

Samoera[1][2] (Gagana Sāmoa, [ŋaˈŋana ˈsaːmoa]) Samoa uhartediko hizkuntza da eta, ingelesarekin batera, Samoa eta Amerikar Samoako hizkuntza ofiziala. Austronesiar hizkuntzen kidea da; samoeraren hizkuntza hurbilena tongera da eta samoerarekin ahaidetasuna duten beste hizkuntzak, adibidez, indonesiera, hawaiiera eta Taiwaneko jatorrizko hizkuntzak dira (hau da, amisera eta bununera, adibidez).

Samoeraren dialektoen arteko desberdintasunak oso txikiak dira;[3] beraz, hiztunek zailtasunik gabe ulertzen dute elkar, eta gehienetan ez da esaten samoerak dialektoak dituela, baina hizkuntza formala eta hizkuntza informala ez dira berdinak.[4][3] Samoera latindar alfabetoaren aldaera batez idazten da. Idazketa mota horrek 18 hizki ditu, baina hiru (H, K, R) maileguetan bakarrik erabiltzen dira; makron ikurra bokal luzeak adierazteko eta «‘» ikurra [ʔ] hotsa adierazteko erabiltzen ditu.

Errolda ugariren arabera, Lurrean samoeraren 350.000–400.000 hiztun bizi dira, haien erdia Samoa uhartedian.[3][5] Zeelanda Berriak (batez ere Auckland hiriak) samoar kopuru handia du –114 000 gutxi-gorabehera– eta haien artean 81 000k samoeraz dakite. Zeelanda Berrian gehien hitz egiten den hirugarren hizkuntza da, ingeles eta maorieraren ostean. 2016an egindako erroldaren arabera, 44.875 hiztun Australian bizi ziren.[6]

Samoeraren astea (Vaiaso o le Gagana Sāmoa) samoar hizkuntzaren Zeelanda Berriko jai ofiziala da, bertako jaurlaritzak eta beste erakunde ugarik (UNESCO haien artean) euskarritua; jai hori lehen aldiz Australian 2010an egin zen. George Pratt britainiar misiolariak argitaratu zituen samoerazko lehen gramatika eta hiztegia 1862an.

Idazketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1834an[3] samoerak bere idazketa lortu zuen, hura latindar alfabetoan oinarrituz eta 14 hizkiz osatua. h (he), k (ka) eta r (ro) hizkiak –[h], [k] eta [r] hotsak adierazten dituztenak– maileguetan bakarrik erabiltzen dira.[7] Samoeraren ortografia ez dago oraindik ere guztiz errotua, beraz, ikurrak (adibidez, makron ikurra bokal luzeak (Ā, Ē, Ī, Ō, Ū) adierazteko) sarritan ez dira idazten; ikur hauek hitzak bereizteko erabiltzen dira sarritan bakarrik (alderaketa moduan, o eta ‘o hitzek esanahi ezberdinak dituzte).[8]

Hizkia Hotsa Izena
Aa [a], [a:] a
Ee [e], [ɛ:] e
Ii [i], [i:] i
Oo [o], [o:] o
Uu [u], [u:] u
Ff [f] fa
Gg [ŋ] nga
Hizkia Hotsa Izena
Ll [l] la
Mm [m] mo
Nn [n] nu
Pp [p] pi
Ss [s] sa
Tt [t], [k] ti
Vv [v] vi

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polinesiako hizkuntza guztiek (rapa nui izan ezik) bezala, Europarren etorreraren aurretik samoerak ez zuen idazketarik.[9] 1777an William Andersen Eskoziako naturalistak, James Cooken hirugarren bidaian, lehenengo samoerazko hitzak idatzi zituen. Honako hauek ziren:

  • Tama‘loa («gizonezko buruzagi»),
  • Tamae‘ty («emakumezko buruzagi»),
  • Solle («ohiko gizaki»).

Hitz hauek, zalantzarik gabe, samoar jatorria zuten. Gaur egungo samoeran oso hitz antzekoak –tamāloa («gizon»), tama‘ta‘i («emakume» (begirunearekin esanda)), sole («mutila!» (deitzeko))– aurkitzen baititugu.[10] William Mariner britaniako publizistak hainbat samoar abesti idatzi zituen, baina ez zituzten itzuli Williamek samoera ez zekielako eta, beraz, abestietako hitzak oker idatzi zituen.[11]

Europarrak uharteetara etorri zirenean Biblia samoerara itzuli nahi zuten eta, beraz, idazketa-sistema sortu beharra zegoen. Samoeraren alfabetoa 1834an sortu zen[3] eta 1834an lehenengo liburua «E tala A, E, F» izenekoa, ortografiaren ikasgaiak eta samoeraz idatzitako hainbat testu zituena, argitaratu zuten. Bertako ortografia, gaurkoarekin alderatuta, bestelakotasun batzuk ditu. 1836an ortografia horretan aldaketak egin zituzten: b hizkia erabili beharrean p hizkia erabiltzen hasi ziren eta ng, gn erabili beharrean – g hizkia, baita makron eta «‘» ikurrak ere.[12]

Piter Turner misiolariak samoerarekin ere lan egin zuen: hainbat ereserki eta Katiximaren zatia itzuli zituen, baita 1836an Itun Berriaren zatia ere. Erabiltzen zuen ortografia bestelakoa zela ezaguna da.[13] XIX. mendearen erdian samoerazko erlijio liburuak ez zituzten bakarrik misiolariek argitaratzen, samoarrek ere bai.[14]

Sendia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoera polinesiako hizkuntzen kidea da, austronesiar sendikoa. Morfologiari dagokionez, hizkuntza analitiboa da eta, horren ondorioz, euskararen antzekoa ez dena.[3]

Lexiko eta gramatikan oinarritutako klasifikazioek samoera tokelauerarekin batera jartzen dute, baita Ekialdeko Polinesiako hizkuntzekin (rapa nui, maoeiera, hawaiiera, tahitiera) ere; hizkuntza hauek Polinesiako hizkuntzen «muina» osatzen dute.[4]

Gaurko egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoera Samoa eta Amerikar Samoaren, ingelesarekin batera, hizkuntza ofiziala da. Biak hezkuntzan erabiltzen dira. Politika ofizialaren arabera, ikasketa ia guztiak ingelesez egin behar dira, beraz, samoar guztiek ingelesez ondo dakite; horregatik haurrek ingelesez samoeraz baino hobeto dakite sarritan.[15]

«Ethnologue»aren arabera, 1999an hizkuntzak 413 257 hiztun zituen eta haien erdia Samoar uharteetan bizi zen.[5] Zeelanda Berrian (Aucklanden nagusiki, % 59,4) ere hiztun kopuru esanguratsua du samoerak: 2013an egindako erroldaren arabera, lurralde horretan bizi ziren samoarren artean (144 138 pertsona) 86 403 hiztun zeuden.

Samoera gehien hitz egiten den hirugarren hizkuntza da Australian, ingeles eta maorieraren ostean; bertako biztanleriaren % 2,2ak samoeraz hitz egiten dute.[16]

Diglosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun samoerak bi aldaera ditu, «hizketa ona» (o le tautala lelei) eta «hizketa txarrak» (o le tautala leaga) izenekoak, hau da, hizketa formala eta informala. Hizketa informalean k beti idazten da t-ren ordez (horregatik haiei «T-hizkuntza» eta «K-hizkuntza» deritze batzuetan) eta gn-ren beharrean, baita maileguetan r hizkia ere ez da inoiz erabiltzen: tupekupe «diru», nofogofo «egon», KirisimasiKilisimasi «Eguberria» (en. Christmas).[17]

«T-hizkuntza» (formala) eliza, eskola, abesti eta irratian erabiltzen da; samoar gehienek hizketa formala samoeraz dakiten atzerritarrekin hitz egiterakoan erabiltzen dute. «K-hizkuntza» (informala) lagunarte eta sendian erabiltzen da.[18] Samoerak begirunea adierazteko hitz bereziak ere baditu. Adibidez, ohiko «jan» esanahia duen hitza 'ai da eta begirunea adierazteko erabiltzen dena tausami edo taumafa da.[19]

Dialektoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoeraren dialektoen arteko bestelakotasunak oso txikiak dira, beraz, gehienetan ez da esaten samoerak, beste munduko hizkuntza asko ez bezala, dialektoak dituela.[3]

Hizkuntzaren egitura eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fonetika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsonanteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerak, beste Polinesiako hizkuntza askok bezala, kontsonante gutxi ditu (alderaketa bezala, esan behar da munduko hizkuntza batzuek 40 baino kontsonante gehiago dituztela, kaukasoko ipar-ekialdeko hizkuntzak haien artean) – 13 bakarrik[20]; bi ([r] eta [h]) maileguetan bakarrik erabiltzen dira:

Samoerazko kontsonanteak Ezpainkariak Ezpain-horzkariak Horzkariak Aho-gingilezkoak Eztarrikoak
Trabariak Herskariak Ahostunak /ʔ/
Ahoskabeak /p/ /t/ /k/
Igurzkariak Ahostunak /v/
Ahoskabeak /f/ /s/ /h/
Ozenak Sudurkariak /m/ /n/ /ŋ/
Albokariak /l/
Dardarkariak /r/

Batzuetan hiztunek hitzetako kontsonanteak tokiz aldatzen dituzte: mānu — nāmu «usaimen», lava’au — vala’au «deitu, hel egin» etb.[21] [h] eta [r] hotsak maileguetan bakarrik erabiltzen direnez, hiztun askok [h] inoiz ez dute ahoskatzen eta [l] hotsa [r]-ren ordez ahoskatzen dute; hitz jatorretan erabiltzen ez diren hotsak (atzerriko gizakien izenetan, adibidez) hots antzekoez ordezkatzen dira: Makerita — en. Margaret ([g] hotsa samoeran ez da erabiltzen samoerazko g hizkiak [ŋ] hotsa adierazten baitu), Tāvita — en. David.[22]

[t] hotsa i-ren aurretik [ts]-ren antzekoa da; alofonoak dira. [p], [t] eta [k] hotsak bokalen artean ahostun bihur daitezke. [ʔ] bi bokal berdinen artean ez da ahoskatzen sarritan. [r] hotsa [ɹ] gisa ahoskatua izan daiteke hots hau ingelesetik eratorri baitzen.[23] /l/ hotsa a, o eta u-en ostean [r] biguna, [d] hotsaren antzeko gisa ahoskatzen da, baita i-ren aurretik ere.[21]

Bokalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko bokalak iraupenaren arabera labur edo luzeak dira; samoerak, beste Polinesiako hizkuntzek bezala, 5 bokal bakarrik ditu.[20]

Samoerazko monoptongoak
Laburrak Luzeak
Aurrekoak Atzekoak Aurrekoak Atzekoak
Goikoak [i] [u] [iː] [uː]
Ertainekoak [e] [o] [eː] [oː]
Behekoak [a] [aː]
  • Lehenengo hitza amaitzen duen bokala eta bigarrena hasten duena berdinak badira, hitzak ahoskerazko zatiketarik gabe ahoskatzen dira: alofa atu «maite» [alofa:tu] gisa ahoskatzen da eta ez [alofa atu] gisa.[21]
  • Londreseko misiolarien elkarteak, (en. London Missionary Society, LMC), samoerazko idazketa sortu zuena, bokalen luzetasuna hiru mailetan bereizten zuen.[24]
  • Bokal luzeen kopurua hitz batean ez da mugatua, baina bokal luze batekin amaitzen diren hitzei -ga atzizkia eransten zaie, azken bokala labur eginaz: mālōlō → mālōloga.[25]
  • Bi bokal berdin [ʔ] hotsaz zatitzen dira askotan.[21]
  • Samoerazko diptongoak honako hauek dira: /au/, /ao/, /ai/, /ae/, /ei/, /ou/, /ue/, baita /ui/ diptongo bakana ere; batzuetan hitzek bi diptongo batera dituzte: taeao «goizalde, bihar», aoauli «eguerdi».[21][26]
  • [i] bi bokalen artean [ij] gisa ahoskatzen da: vāiaso [va:.i.'ja.so] «aste».[27]
  • [u] hotsa bi bokalen artean dagoenean [w] hotsaren, ingelesean dagoenaren, antzekoa da.[28]

Prosodia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Azken silaba bokal labur batekin amaitzen bada, azentua azken aurreko silaban dago, eta bokal luze batekin amaitzen bada, azentua azken silaban dago.[20]
  • Samoerazko silabak beti bokal bat edo bokal bat kontsonante batekin ditu. Hitz guztiak (maileguak ere bai) beti bokalekin amaitzen dira bakarrik.[22]
  • Hitzen erroek silaba bat edo bi silaba dituzte; silaba asko dituzten hitzak maileguak dira edo bi erro dituzte, edo erro bat atzizki batekin dituzte.[29]

Morfologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko izenek bi numero izan ditzakete: singulara eta plurala (izenordainek duala ere dute, hau da, «gu biak», adibidez, adierazten duena). Artikulu definitea («-a» atzizkia euskaran) –le– singularraren adierazle nagusia da, eta plurala, izen zehatzak esan nahi badira, artikuluaren ezaz adierazten da: le tama «mutila» — tama «mutilak».[30]

Bederatzi hitzek singularra eta plularean forma ezberdinak dituzte[31]:

  • tamaitiiti (singularra) — tamaiti (plurala) «haur, mutil»,
  • teinetiititeineiti «neska»,
  • matuamātua «guraso»,
  • lo‘omatualo‘omātutua eta olomatua‘olomātutua «atso»,
  • toea‘inatoe‘i‘ina «gizon zahar»,
  • tuafafinetuafāfine «arreba, ahizpa»,
  • tamāloatamāloloa «gizon»,
  • tauele‘ale‘ataulele‘a «pertsona».

Izen ez zehatzak esan nahi badira, artikulua aldatzen da «ez zehatz» bihurtuz[32]:

  • le tama «mutila (mutil zehatza)»,
  • tama «mutilak (mutil zehatzak)»,
  • se tama «edozein mutil (ez zehatz)»,
  • ni tama «edozein mutilak (ez zehatz batzuk)».

Artikulu «ez zehatza» aginte, galderazko eta ezezko esaldietan erabiltzen da.[32]

E lē partikuluaren bidez ukapena adierazten da: ‘O oe ‘o le vale «Ergela zara» — E lē ‘o a‘u ‘o se vale «Ez naiz ergela».[33]

Kasuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko kasuak partikula eta preposizio ugarien bidez adierazten dira.[34]

  • ‘O partikulua nominatiboaren adierazle nagusia da.[34]
  • Genitiboaren («-ren» adierazlea duenaren euskaran) adierazle nagusiak o eta a partikulak dira, bakoitza hitzaren arabera erabiltzen da. O partikula, adibidez, familia kideak eta soin baten zatiak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da: ‘o le faletua o le ali’i «buruzagiaren emaztea», eta a partikula elikagaiak eta armak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da.[35]
  • Mo и ma partikulak datiboaren («-ri» adierazlea duenaren euskaran) adierazleak dira: au mai lea ma a’u «eman hau niri». O eta a partikulen aukeraren arauak mo eta ma partikulekin ere erabiltzen dira.[36]
  • Inesibo eta adlatiboaren («-n» eta «-ra» adierazleak dituzte euskaran) adierazlea i partikula da, izenaren aurretik beti jartzen dena: Sā nofo le teine i le fale «Neska etxean egoten da», Alu i fafo! «Irten zaitez (joan zaitez kanpora)!» etab.; esaldien hasieretan eta hizketa motelean i horren aurretik [ʔ] hotsa ahoskatzen da batzuetan. Horrez gain, samoeran kokalekuak adierazten dituzten izenak daude, adibidez, tua «atzeko zatia, atzean»: Va‘ai i tua o le fale «Etxearen atzean begira ezazu».[37] Partikula hau izenordainekin erabiltzen bada, edo iate (sarritan ia te gisa idazten dena) bihurtzen da; izenordainekin plurala eta dualean erabiltzen da eta iate (ia te) izenordainekin singularrean erabiltzen da.[38] Horrez gain, i partikula sentimenduaren «norabidea» adierazteko erabiltzen da: Le tama alofa i le teine «Mutilak neska maite du», baita aditz batzuekin –mana’o «nahi izan», adibidez– ere.[39]
  • Partitiboaren («-rik» adierazlea duenaren euskaran) sina partukulaz adierazten da: ‘o sina vai «ura pixka bat» (euskaran ez dugu kasu honetan partitiboa erabiltzen, baina samoeran beharrezkoa da).[40]
  • Bokatiboa e partikulaz adierazten da, baina ez da erabiltzen sarritan.[41]

Aditzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko aditz askok singular eta pluralean forma ezberdinak dituzte: siva «dantzatu» (singularra) — sisiva (plurala); pluraleko forma erroaren silaba bat bikoiztuz sortzen da, hurrengo hitzetan izan ezik[42][43]:

  • alu (singulara) — ō «ibili» (plurala),
  • sau — ō mai «etorri»,
  • la’itiiti — lāiti «txikia izan»,
  • pu’upu’u — pupu’u «laburra izan»,
  • uliulu — uli «beltza izan»,
  • ’ena’ena — ’e’na «marroia izan»,
  • pa’epa’e — papa’e «zuria izan»,
  • oti — feoti «il (aditza)»,
  • inu — feinu «edan»,
  • tipi — tatipi «ebaki».

Bai aditzek, bai izenek numero berdina izan behar dute: ’O le tamaitiiti moe ’umi «Luzaroan lo egiten duen haurra» — ’O le tamaiti momoe ’u’umi «Luzaroan lo egiten duten haurrak». Batzuetan pluraleko aditzak singularraren adierazlea duten izenekin erabiltzen dira, adibidez, ’o le ’āiga «sendi» eta ’o le fānau «haurrak» izenekin (euskaran pluraleko esanahia izan arren, azken hitza singularrean dago samoeran).[44]

Samoerak ez du kopularik (euskaran «izan» eta «egon» aditzak ditugu horretarako): ’O ai le tegata lea? «Nor da gizaki hau?» — ’O l’ou tinā lea «Hauxe nire ama da»; ’O nominatiboaren adierazlea da, l’ou «nire», tinā «ama», lea «hauxe».[45]

Denbora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko denbora partikula ugariz adierazten da; aditzen aurretik jartzen dira. Adibidez, partikulak lehenaldiko ekintza bat adierazten du: siva le tama «Mutilak dantzatzen zuen» — sisiva tama «Mutilek dantzatzen zuten».[30]

  • Na partikulak ere lehenaldiko ekintza bat adierazten du, baina, -k ez bezala, bat-bateko jazoerak edo luzaroan iraun ez zutenak adierazten ditu: Na pā le pa’u «Kotxearen gurpila (bat-batean) lehertu zen».[46]
  • E (edo ’e) partikulak orainaldi edo etorkizuneko ekintza bat adierazten du, etengabe jazotzen dena: E alu le pasi i Apia «Autobusa Apiara (beti) doa». Kopularen ordez ere erabiltzen da (baina «da» / «dago» eta «dira» / «daude» formetan bakarrik): E leaga «Txarra da», E pisi tele le fafine «Emakumea lanpetuta dago».[47]
  • Aldaketak eta perfektua ’ua partukulaz adierazten dira: ’Ua lelei «Orain ondo (txarra zen lehenago)», ’Ua timu «Euri egiten hasi da», ’Ua tumu le pasi «Autobusa betea da orain (baina lehenago hutsa zegoen)» etb.[48]
  • Oraindik amaitu gabeko ekintza bat ’olo’o (o lo’o edo o loo ere) partikulaz adierazten da (ekintzak oraindik irauten duela adierazten du): ’O lo’o siva la teine «Neska oraindik dantzan dago». Ahozko hizketan ’o lā e edo lā e gisa ahoskatzen da batzuetan.[49]
  • ’ole’ā (sarritan ’o le ’a edo o le a gisa idazten dena) eta ’ā, lehenengoaren forma laburra (galderazko esaldietan nagusiki erabiltzen dena), eten ezinezkoa den edo berehalakoa den ekintza bat adierazten dute: ’Ole ’ā malemo le tama! «Umea hondoratuko egingo da orain!».[49]
Ukapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko ukapena (esaldiak aditz bat duenean) «ez» eta le’i «oraindik ez» partikulen bidez adierazten da; aditzaren aurretik jartzen dira: 'Ou te fia 'ai «Ez naiz gose», E le’i sau «Oraindik ez da etorri».[50]

Inperatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko aditzak inoiz ez dira aldatzen inperatiboan: siva «dantzatu» (singulara) — siva! «dantzatu!», sisiva «dantzatu (plurala)» — sisiva! «(zuek) dantzatu!».[30]

Izenondoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko izenondoak era ugarietan osatzen dira. Adibidez, a atzizkia gehituz: ‘ele’ele’ele’elea «lokatz» → «zikin». Batzuetan fa’a aurrizkia gehitzen da: ’o le tu fa’asamoa «Samoako ohitura».[51]

Bai izenak, bai aditzak izenondoen ordez idatz daitezke: ‘o le mama auro «urrezko eraztuna» («eraztuna urrea» zehazki itzuliz); ’o le la’au ola «zuhaitz bizia (bizirik dena)».[51]

Koloreak esan nahi dituzten izenondoak bikoiztutako morfemez osatuak dira: samasama «horia (kolorea)», baina izenekin erabiltzen direnean hitzaren zati bat galtzen da: ‘o le ’ie sama «janzki horia».[51]

Konparatiboa eta superlatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerak ez ditu konparatiborik («-ago» atzizkia euskaran) edo superlatiborik («-ena» atzizkia euskaran) izenondoak alderatzeko.

Kasu honetan «Hauxe ona da, baina horixe ez da ona» edo «Hauxe ona da, baina horixe txarra da» bezalako esaldiak erabiltzen dira: e lelei lenei, ʻa e leaga lenā.[52]

Superlatiboaren beharrean aditzondoak erabiltzen dira: aʻiaʻi, naʻuā, tasi etb., adibidez: ʻua lelei tasi «Gauza hau oso ona da».[52]

Izenordainak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerak pertsonak adierazten dituzten izenordainen sistema garatua du[53]:

Samoerazko izenordainak (kortxetetan daudenak gutxitan erabiltzen dira)
Izenordaina Euskaraz
a‘u «ni»
‘ita, ta‘ita «ni (zirraragarriro)»
‘oe «hi, zu»
ia «bera, hura»
tā‘ua (‘i t‘au) «gu biak (ni eta zu)»
mā‘ua (‘i mā‘ua) «gu biak (zu baztertuz)»
‘oulua «zuek biak»
lā‘au (‘i lā‘au) «haiek biak»
tātou (‘i tātou) «gu (ni eta zu)»
mātou (‘i mātou) «gu (ni eta haiek)»
‘outou «zuek (bi gizaki baino gehiago)»
lātou (‘i lātou) «haiek (bi gizaki baino gehiago)»

Forma «zirraragarria» laguntza eskatu beharra dagoenean erabiltzen da, adibidez.[54] Norabidea adierazten duen i partikularen ordez izenordainekin beste hitz batzuk erabil daitezke norabidea adierazteko: mai «niregana» eta atu «zuregana», adibidez.[55]

Hurrengo izenordainak denborazko partikulen ostean eta aditzen aurretik beti jartzen dira; izenordainen atal berezia osatzen dute[56]:

Izenordainen atal berezia
Izenordaina Euskaraz
‘ou, o‘u, -‘u «Ni»
ta «Ni (zirraragarriro)»
‘e, e «hi, zu»
ia, na «bera, hura»
«gu biak (ni eta zu)»
«gu biak (zu baztertuz)»
lua «zuek biak»
«haiek biak»
tātou «gu (ni eta zu)»
mātou «gu (ni eta haiek)»
tou «zuek «bi gizaki baino gehiago»
lātou «haiek (bi gizaki baino gehiago)»
Galderazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galderazko esaldi batek artikulua ez duenean ai galderazko izenordaina erabiltzen da, «nor?» esanahia ere duena: ’O ai lou igoa «Zein da zure izena?» («Nor da zure izena?» zehazki itzuliz); artikulua dagoenean ā «zer?, zein?» hitza erabiltzen da: ’O le ā le mea lea? «Zer da hau?» («Zer (da) gauza hau» zehazki itzuliz).[57]

Jabetza adierazten dutenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerak bi partikula –a eta o– ditu jabetza adierazteko ditu. Lehenengo partikula gauza ez zatigarriak eta fenomenoak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da[58]:

  • ’o le 'upu a le ali’i «buruzagiaren hitza»,
  • ’o le tusi a le teine «neskaren liburua»,
  • ’o le naifi a le fafine «emakumearen labana»,

eta bigarren partikula ahaidetasuna (salbuespen ugariekin) eta zerbaiten zatiak adierazten dituzten hitzekin erabiltzen da, baita eraikinak, jantziak, sentipenak adierazten dituzten hitzekin ere[59]:

  • ’o le tinā o le teine «neskaren ama»,
  • ’o le lima o le tama «mutilaren eskua» (soin baten zatia da, beraz, o erabiltzen da),
  • ’o le ’ofu o le fafine «emakumearen jantzia»,
  • ’o le ’ofisa o le failautusi «idazkariaren bulegoa»,
  • ’o le fefe o le teine «neskaren beldurra»,
  • ’o le alofa o le Atua «jaungoikoaren maitasuna.

Alderatzeko: ’o le 'upu a le ali’i «buruzagiaren hitza» — ’o le 'upu o le pese «abestiko hitza» (abestiaren zatia dena).

Ez dago beti argi zein partikula erabili behar den. Batzuetan biak jarri daitezke, baina esanahia ez da berbera izango halere: o' le fale a Seu’o le fale o Seu «Seuren etxea (etxe honetan bizi da)» — «Seuren etxea (berak eraikia)». Hainbat hitzek a izan behar dute, baina horiek o izaten dute halere: ’o le fa’amalu o le fafine «Emakumearen euritakoa», 'o le tāne a Makerita «Makeritaren senarra» (ahaidetasuna adierazten duen hitza da, beraz, o erabili behar da arauaren arabera, baina a erabiltzen da halere).[60]

Zenbakiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarren etorreraren aurretik 10 000 baino handiago diren zenbakiak ez zituzten erabili samoarrek; horrelako gauzak «zenbaezintzat» hartzen ziren.[61]

Hainbat izate era berezi batean zenbatzen dira. Adibidez, gizakiak zenbatzean toʻa aurrizkia gehitzen zaie zenbakiei: toʻatasi «gizaki bat», eta kokoak zenbatzean oa atzizkia gehitzen da: fāgaoa «zortzi koko».[52]

Zenbakia Samoera
0 noa, selo (mailegua)
1 tasi
2 lua
3 tolu
4 fa
5 lima
6 ono
7 fitu
8 valu
9 iva
10 sefulu, gafulu, fulu
11 sefulu ma le tasi, sefulu tasi
12 sefulu ma le lua, sefulu lua
20 luafulu, lua sefulu
30 tolugafulu, tolu sefulu
40 fagafulu, fa sefulu
50 limagafulu, lima sefulu
60 onogafulu, ono sefulu
70 fitugafulu, fitu sefulu
80 valugafulu, valu sefulu
90 ivagafulu, iva sefulu
100 selau, lau
200 lua lau, lua selau
300 tolugalau, tolu selau
1000 afe
2000 lua afe
10000 mano, sefulu afe
100000 selau afe
1000000 miliona (mailegua)

Zenbaki ordinalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoerazko zenbaki ordinalak ohiko zenbakien berdinak dira: ʻo le lua «bi, bigarren», «lehenengo» esanahia duen hitza izan ezik – ʻo le muamua (edo ʻo le uluaʻi).[52]

Joskera (sintaxia)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoeraren hitz ordena nagusiak VSO («aditz-subjektu-objektu») eta SVO («subjektu-aditz-objektu») dira. Txineran bezala, hitzak ia inoiz ez dira aldatzen; horren beharrean, samoerazko izenek eta aditzek partikula ugari dituzte, haien aurrean jartzen direnak; izen bat bere partikulekin beti aditz baten ostean jartzen da.

ʻO partikula izenaren ostean erabiltzen da hurrengo hitza gizaki baten izena bada: ʻo le fafine ʻo Makerita «Makerita izeneko emakumea».

Artikulua izenaren aurretik jartzen da beti; kasuen adierazleak artikuluaren aurretik jartzen dira beti: Sā nonofo i le fale «Etxean bizi ziren», lehenaldiaren adierazlea da, nonofo «bizi (pluralean)», i inesiboaren adierazlea da, le artikulu definitea da, fale «etxea». Modu eta denbora adierazleak aditzaren aurretik jartzen dira beti.

Lexikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Samoeraren lexikoa beste polinesiako hizkuntzen lexikoaren antzekoa da; erro berdinetatik eratorritako hitz asko dituzte, adibidez, samoeraz atua, hawaiieraz akua, maorieraz atua «jaungoiko» etab.[4]

Maileguen artean ingelesetik hartutako hitzak nagusitzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 38. araua - Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. Euskaltzaindia Noiz kontsultatua: 2011-6-25.
  2. 53. araua - Munduko estatuetako hizkuntza ofizialak. Euskaltzaindia Noiz kontsultatua: 2011-6-25.
  3. a b c d e f g «САМОАНСКИЙ ЯЗЫК • Большая российская энциклопедия - электронная версия» bigenc.ru Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  4. a b c «Самоанско-внешние языки на сайте Игоря Гаршина. Самоанский, такуу, тувалу, уоллис, футуна» www.garshin.ru Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  5. a b (Ingelesez) «Samoan» Ethnologue Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  6. «Language spoken at home | Australia | Community profile» profile.id.com.au Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  7. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 3 or..
  8. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 9 or..
  9. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 28 or..
  10. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 28 or..
  11. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 28 or..
  12. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 28-29 or..
  13. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 29 or..
  14. (Ingelesez) Haase, Martin. (1994). Samoan Reference Grammar. Scandinavian University Press/Institute for Comparative Research in Human Culture, 30 or..
  15. «САМОАНЦЫ • Большая российская энциклопедия - электронная версия» bigenc.ru Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  16. «Language | Stats NZ» www.stats.govt.nz Noiz kontsultatua: 2021-01-03.
  17. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 5 or..
  18. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 15-16 or..
  19. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 16 or..
  20. a b c (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 1 or..
  21. a b c d e (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 2 or..
  22. a b (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 2 or..
  23. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 3-4 or..
  24. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 1 or..
  25. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 7 or..
  26. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 7 or..
  27. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 5 or..
  28. (Ingelesez) Alderete, John. (2012). Samoan grammar synopsis. Simon Fraser University, 5 or..
  29. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 3 or..
  30. a b c (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 8 or..
  31. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 30-31 or..
  32. a b (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 28 or..
  33. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 33 or..
  34. a b (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 5 or..
  35. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 5-6 or..
  36. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 7 or..
  37. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 32 or..
  38. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 40 or..
  39. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 41 or..
  40. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 30 or..
  41. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 7 or..
  42. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 31 or..
  43. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 8 or..
  44. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 32 or..
  45. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 10 or..
  46. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 21 or..
  47. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 21-22 or..
  48. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 22 or..
  49. a b (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 23 or..
  50. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 53 or..
  51. a b c (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 8 or..
  52. a b c d (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 9 or..
  53. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 39 or..
  54. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 40 or..
  55. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 43 or..
  56. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 49 or..
  57. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 9-10 or..
  58. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 14 or..
  59. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 14 or..
  60. (Ingelesez) Mosel, La'i Ulrike. Say it in Samoan. The Australian national university, 15 or..
  61. (Ingelesez) Pratt, George. (2014). A Grammar and Dictionary of the Samoan Language. Forgotten Books, 9 or..
Hizkuntza honek bere Wikipedia du: Bisita ezazu.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]