Eskandinaviar mitologia
Eskandinaviar mitologia eskandinaviar herrien —eta haien ondorengo diren islandiarren— erlijio, sinesmen eta kondairez osatuta dago. Antzinako germaniarren mitologiatik ekarria eta anglosaxoi mitologiari lotua, aurreko indo-europar mitologian du oinarria[1].
Eskandinaviar mitologia iparraldeko germaniarren sinesmen eta kondairen bilduma da. Mitologia hau ez zen bertan bizi ziren uraliar (finlandiar, estoniar eta laponiarrek) eta baltiar herrien (letoniar) partekatua, herri hauek bere mitologia zutelako. Bere erlijioa ez zen teofania bat, ez zegoen jainkoek gizakiei emandako egia (hala ere badaude gizakiek jainkoak bisitatu, edo alderantziz, eta zerbait ikasten dutela kontatzen zuten kondairak) eta ez zuten liburu saindurik. Mitologia hau eskualdatzeko ahozko tradizioa erabiltzen zuten, poesia luzeak izanik. Ahozko eskualdatze hori bikingoen artean zabaldu eta Erdi Aroan, kristautasuna etortzear zegoela edo hasiberria zela, Edda izeneko liburuetan idatzi zuten.
Eskandinaviar folklorean, sinesmenak luzaroan mantendu zituzten eta zenbait baserri-eskualdetan ohiturek gaur arte diraute. Besteak, berriz, berpiztuak edo asmatuak izan dira, tartan Ásatrú edo germaniar neopaganismoa. Mitologia honek literatura, antzerkia edo filmei ere iradoki die.
Kosmologia [aldatu]
Eskandinaviar mitologian mundua disko laua formakoa da. Diskoa Yggdrasil izeneko bederatzi munduez osatutako unibertsoa eusten duen arbolaren adarretan dago[2]. Arbola honetan zenbait izaki bizi dira:
- sustraietan Niðhöggr dragoia bizi da (honek sustraiak karraskatzen ditu eta Ragnaröken hasieran arbola botako du).
- goiko adarrean bederatzi munduak behatzen zituen arranoa.
- bekozkoan Veðrfölnir izeneko belatza bizi da, arranoa behatzen duena.
- Ratatösk izeneko katagorria sustrai eta tontorren artean dabil, herensuge eta arranoen arteko liskarrak sortuz.
Hona hemen bederatzi munduetan nagusiak:
- Asgard (as- áss edo Æsirren arroa da, gard lekua da), zeruko goialdea da. Bertan jainkoak bizi ziren eta hara ailegatzeko ostadarra zeharkatzen zuten (Heimdalek babesturiko Bifrost izeneko zubia) Æsir (jainko) edo Vanir batek zeharkatua zenean Heimdalek adarra jotzen zuen.
- Jotunheimen berriz erraldoiak bizi ziren.
- Lokiren alaba Helak Niflheim gobernatzen zuen. Edda prosaikoak su-erraldoien Muspelheim erresumatik hegoalderantz dagoen gela hotz honetan hildakoak bizi zirela zioen[3].
- Alfheimen elfo argiak (ljósálfar) eta Svartalfaheimen elfo ilunak bizi ziren.
- Asgard eta Niflheim artean Midgard zegoen, zeruko behealdea, non gizakiak bizi ziren.
Kosmologia honetan dualtasuna inportantea da oso. Adibidez, eguna eta gaua bere kontrakontu mitologikoak ditu, Dagr/Skinfaxi eta Nott/Hrímfaxi hain zuzen ere.
Eragina gaur egun [aldatu]
Eskandinaviar jainkoek eta bere kondaira nagusiek eragina izan dute egungo munduan. Nabarmenena egungo hizkuntzetan asteko egunen izenak dira:
| Euskara | Ingelesa | Alemaniera | Suediera | Jatorrizko izena |
|---|---|---|---|---|
| Astelehena | Monday | Montag | Måndag | Ilargiaren eguna |
| Asteartea | Tuesday | Dienstag | Tisdag | Tyrren eguna |
| Asteazkena | Wednesday | Mittwoch | Onsdag | Odinen (Woden) eguna |
| Osteguna | Thursday | Donnerstag | Torsdag | Thorren eguna |
| Ostirala | Friday | Freitag | Fredag | Frigg edo Freyjaren eguna |
Artean ere mitologia honetan oinarritutako lanak arrakastatsuak izan dira oso, adibidez J. R. R. Tolkienen Eraztunen Jauna edo Richard Wagnerren Der Ring des Nibelungen.
Erreferentziak [aldatu]
- ↑ Niedner, Heinrich (1997), Mitología Nórdica, Bartzelona: Edicomunicación, ISBN 84-7672-781-X
- ↑ Crossley-Holland, Kevin (1981), The Norse Myths, New York: Pantheon Books, ISBN 0-394-74846-8
- ↑ Mable, Hanilton Wright (1901), Norse Stories Retold from the Eddas, New York: Hippocrene Books, ISBN 0-7818-0770-0
|
|||||||||||||