Zesta punta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Haurrak jokoan (Bidarte)

Zesta punta pilota joko bat da, xistera handia izeneko saskiarekin jokatzen dena. Kirol honi, Jai Alai ere esaten zaio nazioartean, eta hala da ezaguna Euskal Herritik kanpo kirol hau jokatzen duten herrialdeetan: Frantzian, Mexikon, Espainian eta Ameriketako Estatu Batuetan, kasu. Zesta puntako jokalariari puntista edo zestalari deritzo.

Munduko joko bizkorrena omen da, pilotak hartzen duen abiadura dela-eta. Ahuntz larruz forraturiko 125-140 gramoko pilotak 302 km/h har ditzake (Jose Ramón Areitiok lortua, Newport Jai Alai pilotalekuan, Rhode Island)

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xistera handia
Xisteraren egitura (gaztain zura)

Pilota jokoko espezialitateetako bat da, Eusko Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak (FIPV) bere munduko pilota txapelketetan sartua duena.

Xisteraren lehen ezaugarria, nabarmenena, saskia bera da. Zesta puntako saski honek, antzinako xisteran du bere jatorria. Saskiak gaztainondo zurez eta zumez egiten dira. Saskien luzera ezberdina izaten da aurrelarien eta atzelarien kasuan. Aurrelarien saskien neurria, 62 zentimetro ingurukoa da, eta atzelariena, berriz, 68koa. Lerroen kurbadura kontutan hartuz gero, neurri hau 90 eta 110 zentimetro arte luzatzen da. Saskiaren beste ezaugarrietako bat bere poltsa da. Saskiaren erdialdean dago poltsaren zatirik sakonena, 15 zentimetroko sakonerarekin. Pilota, saskira puntatik sartuta, hortxe hartzen da, eta saskiaren muturreraino bidaltzen da, zuzen frontisera bidaltzeko.

Bigarren ezaugarria frontoia da. Izan ere, euskal pilotako joko ez zuzenetako espezialitateen artean, instalaziorik luzeena erabiltzen duena da. Pilotalekuak 54 metroko luzera du, eta ezker paretan 13 koadrotik 15era arte adierazita daude. Frontisaren altuera 10,50 metro ingurukoa da. Kontrakantxa, berriz, erabat estalita egoten da sare baten bidez. Izan ere, pilotak hartzen duen abiadarekin, sarerik ez balego ikusleak arriskuan leudeke.

Pilotariek kasko bat erabiltzen dute segurtasunerako, erremintazko beste hainbat espezialitatetan bezala, erremontean eta palan kasu.

Jokatzeko modua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoena bikoteka jokatzea da. Bikote bakoitzean aurrelari bat eta atzelari bat egoten dira. Jokalaririk zaharrena duen bikoteak gorriz jokatzen du eta besteak urdinez.

Sakea aurrelariari dagokio. Sakerako lasterketa erreboteko hormatik gertu hasten da, eta pilotaren abiada dela eta, pasako lerroaren atzeraino jaurtitzen du pilota. Hor, besoa luzatu, eta, pilota bere saskiaren muturrean duela, frontiserantz bidaltzen du. Ondoren, beste bikoteko jokalarietako batek hartu behar du pilota bere saskiaren poltsan, pilotak saskiaren poltsa barnean punparik egin gabe. Halakorik gertatuko balitz, tantua beste taldearentzat izango litzateke. Eta hala jarraitzen du partidak. Partida batzuk, 30 tantotara jokatzen dira, eta, beste batzuk, berriz, 35era. Azken kasu hau, lehiaketetako finaletan oso ohikoa izaten da. Bikoteka jokatzeaz gain, banaka ere jokatzen da. Baita beste konbinaketa ezberdinetan ere: bat biren kontra, bi hiruren aurka... nahiz eta hau erremontean askoz ohikoagoa den.

Berrikuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela denbora gutxi arte, espezialitate honen jokalariek ez zuten zenbakirik eramaten euren elastikoaren atzealdean, baina AEBetako ohiturari jarraiki, zenbakiak erabiltzen hasi ziren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jai-Alai eraikina, Manilan.
Zesta Punta 1900ko Olinpiar Jokoetan, Paris

Zesta puntan aritzeko xistera Senpereko Joan Dithurbidek asmatu zuen 1857an.

Migel Lopez Legazpikoa eta Andres Urdaneta Filipinak aldean ibili ondoren, oso ohikoa izan zen euskaldunak Asiako uharte haietara joatea, euren ohiturekin. Eta, ohitura horien artean, Zesta punta bera zegoen. Manilan, 1917. urtean ireki zen lehen zesta puntako frontoia, Indonesia eta Txinakoak, (azken honetan, Shangairen kasua nabarmendu behar da) itxi ondoren.

Jokalari ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]