Berriozar
|
Berriozar |
|||
|---|---|---|---|
|
|
|||
| Izen ofiziala | Berriozar | ||
| Estatua Erkidegoa Merindadea Eskualdea |
Espainia Nafarroako Foru Erkidegoa Iruñeko merindadea Iruñerria |
||
| Alkatea | Xabier Lasa Gorraitz (Nafarroa Bai) |
||
| Herritarra | berriozartar | ||
| Koordenatuak | Koordenatuak: 42°50′10″N 1°40′17″W / 42.83611°N 1.67139°W | ||
| Eremua | 2,70 km2 | ||
| Garaiera | 428 m | ||
| Distantzia | 4 km Iruñera | ||
| Posta kodea | 31013 |
||
| Biztanleria | 8.931 bizt (2011) | ||
| Dentsitatea | 3.307,78 bizt/km² | ||
| http://www.berriozar.es/eu/ | |||
Berriozar Nafarroako udalerria da, Iruñerriko eskualdekoa, Iruñeko merindadean. 2011ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, udalerriak 8.931 biztanle zituen. Berriozar itsasoaren mailatik 428 metrora dago.
Iruñerriko Mankomunitatea, zaborra bildu, ur-hornidura eta bestelako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, Iruñea inguruko gune metropolitarreko beste hainbat herritan bezala.
Eduki-taula |
[aldatu] Inguru naturala eta kokapena
Berriozar Iruñerriko eskualdearen ipar-mendebaldean kokatzen da, Iruñatik lau kilometrora. Udalerriak Berriobeiti eta Ezkabarterekin egiten du muga iparraldean, Antsoainekin ekialdean, eta Iruñarekin hegoaldean.
Berriozarrek hiru auzo ditu, Alde Zaharra, Auzo Berria eta Zortziko auzoa.
[aldatu] Klima eta landaredia
Iruñerriko eskualde osoak bezala, Berriozarrek ere klima mediterraneoaren eta atlantiarraren trantsizioko klima dauka. Udak bero eta lehorrak, eta neguak hotzak eta euritsuak izaten dira. Urteko batez besteko tenperatura 12,1 gradukoa da, eta batez besteko prezipitazioa 907mmkoa. Hilabeterik beroena uztaila da, (20,6 gradu), eta hotzena urtarrila, (4,8 gradu). Euriari dagokionez, hilabeterik euritsuena abendua da (106,2mm) eta idorrena uztaila (41,8mm). Urteko hezetasunaren batezbestekoa %70ekoa da.
XX. mendean hasitako hiritartze handiaren ondorioz, jatorrizko landarediaren gehiena erabat galdu da. Herriaren inguruetako basoetan arteak ikus zitezkeen, eta gaur egun, ordea, Ezkaba mendira mugatzen dira. Horrez gain, zuhaixkak eta birlandaturiko espezieak eta degradaturiko baso hektareak daude.
[aldatu] Historia
Berriozar herriari buruzko lehen aipamena 1268. urteko liburu batean agertzen da. Bertan, herriak zortzi etxe dituela esaten da. Dena den, litekeena da garai horren aurretik ere, Berriozarren etxeren bat izatea, eta bertan jendea bizitzea, gerrarik ez zegoen garaietan; bestela, Iruñako hiribildu babestuaren babesera jotzen zuten.
1389. urteko uzta txarrek eraginda, herriko nekazariek ez zuten Carlos II.a erregeari zergak ordaintzeko ondasun nahikorik lortu eta urte hartatik aurrera, herria Ezpeletako Beltranen (Ezpeletako Baroia) jabetza bihurtu zen. Ondoren, baroiaren jabetza Ablitasko etxearen eskuetara igaro zen, hark izendaturiko alkate batek herrian agintzen zuela. Ablitasko etxearen eskubide hori 1815. urtera arte gorde zen, Espainiako Fernando VII.a erregeak boterea eskuratu arte.
XIX. mendean hainbat gerrate eta izurriteri egin behar izan zieten aurre Berriozarko biztanleek. Izurri eta gaixotasunekin batera biztanleria jaitsi, eta aurreko mendeetako hazkunde motela eten egin zen. XX. mendearen erdialdetik hasita, herrira ehunka etorkin iritsi ziren Nafarroako herrietatik aurrena, eta Espainiako hainbat probintziatatik ondoren. Biztanleri hazkunde handiarekin batera, herriaren hirigintza erabat aldatu zen, Auzo Berria eta Zortziko auzoa eraiki zirela. Auzo horiek Iruñerriko gune lauan kokatzen dira Iruñatik gertu. Hazkunde demografikoarekin batera, herriaren izaera aldatu egin zen, nekazarien herria izatetik, Iruñerriko gune erresidentziala izatera.
Berriozarko udala 1991n eratu zen. Izan ere, urte horretan, Berriozar eta Antsoain herriak Antsoain Zendeatik bereizi ziren. Gainerako herriek, (Aitzoain eta Oronsuspe bere auzoa, Añezkar, Artika, Ballariain, Berriobeiti, Berriogoiti, Elkarte, Larrageta, Lotza eta Oteitza), Berriobeiti udalerria osatu zuten.
[aldatu] Armarria
Berriozarko armarria bitan banatuta dago. Ezkerreko aldean, kolore urdinean, belardi baten gainean dagoen bildots zuri bat ageri da. Eskuineko aldean, berriz, kolore zuria eta zortzi mihi gorri dira, binaka jarriak. Bi aldeak inguratuz zerrenda gorri bat dago, eta horren inguruan baita urre koloreko Nafarroako kateak ere.
[aldatu] Ekonomia
Iruñaren inguruko herri gehienetan gertatu bezala, hainbat enpresa hiriaren kanpoaldera joan dira, eta industrialdeak eraiki dituzte bertan. Besteak beste, Eroskik eraikitako merkataritza-gunea eta Iruñeko barazki, fruta eta janarien merkatu handia, MerkaIruña, Berriozarren kokatzen dira. Eroski-Iruña merkataritza-gunea gune-metropolitarraren mendebaldean dago eta Eroskiren supermerkatua eta beste hainbat denda daude bertan, guztira 25.000 metro koadro inguruko azalera dauka.
Eroskik Nafarroako gobernuaren baimena jaso zuen 2008. urtean zeukan azalera komertziala handitu eta merkatalritza-gune txiki bat eraikitzeko supermerkatuaren ondoan.
[aldatu] Industrialdeak
- Berriaintz Industrialdea
[aldatu] Ondarea
- Alde Zaharreko San Esteban eliza: Oinarri laukizuzeneko eliza, prisma itxurako dorre bat eta ebangelioaren ondoan kapera txiki bat eraikia dituena, azken hori eliza zaharberritu zenean erantsi zen. Erretaula nagusia eliza barruko jabetzarik garrantzitsuena da.
- Ezpeleta Jauregia: Herriko alde zaharrean kokatzen den XV. mendeko jauregia da. Ezpeletako baroiaren jabetzakoa izandako eraikin honek erabilera pribatua dauka gaur egun.
- Garbilekua: Berriozarko alde zaharrean dagoen egitura da, 1745ean eraiki zen. Garbitzera joaten ziren herriko emakumeen topagunea zen.
- Bestelakoak: Udalerriaren alde zaharrean, estilo barrokoko eraikin bakanen batzuk geratzen dira.
[aldatu] Demografia
2008ko erroldaren arabera, 1.330 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %15,40 (Nafarroako batezbestekoaren gainetik).
| 1897 | 1900 | 1910 | 1920 | 1930 | 1940 | 1950 | 1960 | 1970 | 1981 | 1991 | 2001 | 2006 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| * | * | * | * | * | * | * | * | * | * | * | 6.661 | 8.555 |
- 2001. urtetik aurrerako daturik ez dago, Berriozar Antsoainen menpeko herria zelako.
[aldatu] Politika
[aldatu] Udal hauteskundeak
Berriozarko alkatea Nafarroa Bai taldeko Xabier Lasa da 2007ko maiatzeko hauteskundeez geroztik. Talderik bozkatuena Nafarroa Bai izan zen, guztira hiru zinegotzi eskuratuz, bigarrenik, UPNek ere hiru zinegotzi lortu zuen baina 135 boto gutxiago, hirugarrenik, Eusko Abertzale Ekintza ageri da hiru zinegotzirekin. Ondoren PSN dator bi zinegotzirekin, eta azkenik,CDN eta Nafarroako Ezker Batua zinegotzi banarekin. Alkatetza Nafarroa Baik eskuratu zuen, gehiengo osorik izan ez arren, alkatetzarako aurkeztutako taldeen artean botorik gehien lortu zuen alderdia izan zelako. UPNk zinegotzi bat galdu zuen PPra igarota.
Baliogabeko botoak hamazortzi izan ziren (emandako guztien %0,46) eta boto zuriak 42 (%1,08). Abstentzioa, berriz, %34,87koa izan zen.
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| Nafarroa Bai | 949 | 3 |
| UPN | 814 | 3 |
| EAE | 726 | 3 |
| PSN | 716 | 2 |
| NEB | 406 | 1 |
| CDN | 247 | 1 |
2011n hauexek izan ziren aurkeztutako zerrendak: NaBai 2011 (4 zinegotzi eta Lasarentzat alkatetza), Bildu (3; gobernu akordioa sinatu zuen NaBairekin), PSN (2), UPN (2), I-E (1), PP (1) eta CDN (0).
| Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
| NaBai 2011 | 1.080 | 4 |
| Bildu | 686 | 3 |
| PSN | 600 | 2 |
| UPN | 590 | 2 |
| I-E | 327 | 1 |
| PP | 254 | 1 |
| CDN | 90 | 0 |
[aldatu] Udaletxea
Berriozarko udaletxea Kaleberri kaleko 12. zenbakian dago baina XX. mendearen amaieran eraikin berria altxatzeko proiektua aurkeztu zen. Eraikin berria Euskal Herria Plazan egongo da. Udala alkateak eta hamar zinegotzik osatzen dute.
- HELBIDEA: Kaleberri Kalea, 7
[aldatu] Berriozarko alkateak
1979tik kontzejuko presidenteak José Luis Campo (AMO), José María Barrena eta Estela Vasco (biak PSNkoak) izan ziren. 1991n udalerri bihurtu zenetik Berriozarrek izandako alkateak honakoak izan dira:
| 1991-1995 | Alfonso Alonso | PSN |
| 1995-1999 | José Luis Campo | AMO-ULE |
| 1999-2000 | José Manuel Goldarazena | EH |
| 2000-2003 | Benito Ríos Otxoa | PSN |
| 2003-2007 | Benito Ríos Otxoa | PSN |
| 2007-2011 | Xabier Lasa Gorraitz | Nafarroa Bai |
| 2011-2015 | Xabier Lasa Gorraitz | NaBai 2011 |
[aldatu] Azpiegiturak eta garraioa
Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren honako lineek eskaintzen dute zerbitzua Berriozarren:
| Línea | Ibilbidea | Ordutegia | Maiztasuna | Oharrak |
|---|---|---|---|---|
| Aizoain - Noain - Beriain | 06:26 - 22:28 | 12´ | ||
| Yanguas eta Miranda - Berriosuso | 06:30 - 22:30 | 60´ | ||
| N4 | Sarasateko Pasealekua - Aitzoain | Gauez | 40´- 50´ |
[aldatu] Kultura
Herriko Udal Kultur etxeak hainbat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan zehar.
[aldatu] Musika
Berriozarren oinarrizko musika eskola bat dago. Horrez gain, udalerriko Musika Banda, 1985. urtean sortu zena, Jose German Villafranca zuzendari eta musikariaren eskutik. 2005. urtetik Zizur Nagusiko musika bandarekin anaiturik dago.
[aldatu] Marea
Marea 1998an Berriozarren (Nafarroa) sortutako rock musika taldea da. Hainbat punk taldetan aritu ondoren, Kutxi Romerok Alen Aierdiri, Begirako bateria-jotzaile ohiari, deitu zion bere rock taldea osatu nahian. Edu Beaumont "Piñas" lagunari ere deitu zion, nahiz eta honek inoiz ez zuen bertan jo. Cesar Ramallo eta David Diaz "Kolibri" gitarrajotzaileek ere taldean parte hartu zuten. La patera zen taldeak nahi zuen izena, baina izen hori zeukan beste talde bat egonda, Marea hautatu zuten. La Patera izena lehen diskoari eman zioten.
[aldatu] Jaiak eta ospakizunak
- San Isidro, maiatzaren 15ean.
- San Esteban, abuztuaren 26an.
[aldatu] Ikus, gainera
[aldatu] Kanpo loturak
- (Euskaraz) Berriozarreko udalaren webgunea.
- (Gaztelaniaz) Berriozarri buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren webgunean.
- Gipuzkoako errepidearen ikuspegia Google Street View-n.
|
|||||||