Jorge Luis Borges
Jorge Francisco Isidoro Luis Borges (
audio) (Buenos Aires, 1899ko abuztuaren 24a - Geneva, Suitza, 1986ko ekainaren 14a) argentinar idazle bat izan zen. Ipuinak, saiakerak eta olerkiak idatzi zituen batez ere. Latinoamerikako literaturaren egile ospetsuenetariko bat izan zen, eta Julio Cortazarrekin batera argentinar idazle ezagunena.[1] Zenbait aldiz Literaturako Nobel sarirako izendatu zuten, baina ez zioten inoiz eman.[2] Miguel de Cervantes saria irabazi zuen 1980an.[3]
Liburuzain, irakasle, jendaurreko hizlari eta itzultzaile izan zen. Bere bi liburu ezagunenak, Ficciones eta El Aleph, 1940ko hamarkadan argitaratuak, fantasiazko gai komunen bidez lotutako ipuin bildumak dira. Gaiak ematen die batasuna narrazio laburrei: ametsak, labirintoak, liburutegiak, ispiluak, klepsidrak, fikziozko egileak eta Europako mitologia (greziarra eta eskandinaviarra, kasu). Borgesek bere literaturan ideia filosofikoak esploratzeko argumentuak erabiltzen zituen; esate baterako, oroitzapena, betierekotasuna eta literatura bera: metaliteratura egiten zuen maiz, beraz.[4] Kritikari askoren iritziz, XX. mendeko literatura hispanoamerikarraren errealismo magikoaren hasiera, hein handi batean, haren lanari zor zaio.[5]
Haurtzaroa Buenos Airesen igaro ondoren, Borges Suitzara joan zen bizitzera familiarekin, 15 urteko nerabe zela, 1914an. Suitzan Collège de Genève ikastetxean ikasi zuen. Garai haietan, Borges familiak sarri bidaiatu zuen Europan zehar. 1921ean Argentinara itzuli ondoren, Borges literatura aldizkari ultraistetan argitaratzen hasi zen poemak eta saiakerak. Literaturari nolabait loturiko ofiziotan ibili zen, liburuzain, irakasle eta hizlari gisa. 1955ean, Argentinako Liburutegi Nazionaleko zuzendari eta Buenos Airesko Unibertsitateko ingeles literaturako irakasle izendatu zuten. 1956an, 55 urterekin, ia erabat itsu geratu zen. Kritikari batzuek iradoki izan dute haren itsutasun progresiboak bultzatu zuela irudimenaren bidez sinbolo literario berritzaileak sortzera.[6]
1960ko hamarkadan, haren lana Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan itzuli eta argitaratu zen. Ingelesera itzuli eta gero, nazioarteko ospea lortu zuen, 1961ean, Samuel Beckettekin batera lehen Formentor saria jaso zuenean. 1971n Jerusalem saria irabazi zuen; haren nazioarteko ospea urte horien artean sendotu zen, ingelesezko itzulpenen eskuragarritasunak hauspotua. García Marquezen Cien años de soledad lanaren arrakastak eta Latinoamerikako literaturaren loraldiak —nahiz eta bere partaidetza erlatiboa izan—[7] Nobel sarietako hautagaitza eman zioten zenbait urtetan. Borgesek Genevako bere gaztaroko hiriari eskaini zion azken liburua, Los conjurados, eta Genevan bertan hil zen 1986an.[8] J. M. Coetzee idazle eta saiakeragileak Borgesi buruzko liburuan esan zuenez, «berak, beste inork baino gehiago, fikzioaren hizkuntza berritu zuen, eta horrela bidea ireki zion hispanoamerikar eleberrigileen belaunaldi oparo bati».[9]
Sari ugari jaso ondoren,[10] Borges polemikoa ere izan zen jarrera politiko kontserbadore eta elitistengatik. Hain zuzen, kritikarien artean eztabaidatu izan da ea haren jarrera politiko atzerakoiak eragotzi ote zion Literaturako Nobel saria irabaztea, hiru hamarkadatan hautagai izan arren.[11]
Intelektual kosmopolita, haren estilo original sotilak eta erabiltzen zituen gaiek bereizi zuten garaiko Argentinako beste idazleengandik. Borgesen idazkera guztiz pertsonala zen, berezia, inolako estetika edo ideologiaren mende kokatzen ez zena. Gainera, barrokoaren oparotasuna eta isekarako joera biltzen zituen hizkuntza baten asmatzaile izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jorge Luis Borges Buenos Airesen jaio zen, 1899an, familia aberats batean, Aita Jorge Guillermo Borges abokatua eta psikologiako irakaslea izan zen, baina izan zituen helburu literarioak ere: «idazle izaten saiatu zen eta saiakeran huts egin zuen», esan zuen noizbait semeak. Borgesen arabera, aitak «oso soneto onak konposatu zituen».[12] Leonor Acevedo Suárez uruguaitar amak senarraren laguntzaz ikasi zuen ingelesez eta zenbait lan gaztelaniara itzuli zituen. Aitaren familiak jatorri espainiar, portugaldar eta ingelesa zituen; amarenak espainiar eta, ziur aski, portugaldarra. Etxean gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten zutenez, Borges elebiduna izan zen haurtzarotik, gaztelaniaz baino lehenago ikasi baitzuen ingelesez irakurtzen.[13] Palermo auzoan hazi zen, aitaren liburutegi oparoa gordetzen zuen etxe handi batean.[14] Gazte-gaztetatik, irakurle amorratua izan zen, eta idazten ere oso gazterik hasi zen. Bederatzi urte besterik ez zuela, Oscar Wilderen Printze zoriontsua itzuli zuen ingelesetik.[15]
Argentinan ikasi zuen lehenik, eta gero Suitzan, gazte zela. Jorge Guillermo Borgesek abokatu lanbidea utzi behar izan zuen, hamarkada batzuk geroago semeak ere izango zuen itsutasun progresibo eta hereditario beragatik. Familia Europara joan zelarik, 1914an Lehen Mundu Gerratik ihesi Genevara joan ziren bizi izatera, han Borgesen aita hiriko oftalmologo batek tratatu zezan. Bitartean, Borges eta arreba Norah (1901ean jaioa) eskolan hasi ziren, Borgesek frantsesa eta latina ikasi baitzuen. Urte haietan, alemana ere ikasi zuen, liburuekin eta inoren laguntzarik gabe; gainera, frantses prosalari errealistak eta olerkari espresionista edo sinbolistak, Rimbaud bereziki, irakurri zituen. Horrez gain, Schopenhauer, Nietzsche, Carlyle eta Chestertonen lanak ezagutu zituen.[16]
Lehen Mundu Gerraren gatazkak amaitu zirelarik, Borges familiak hiru urte eman zituen Luganon, Bartzelonan, Mallorcan, Sevillan eta Madrilen. Suitzan egon zen bitartean, Alemaniako espresionistekin harremanetan jarri zen, eta Espainian poeta ultraistekin bat egin zuen, eragin handia izan baitzuten haren lehen lan lirikoan. Bere lehen poema, «Himno del mar», Walt Whitmanen estiloan idatzia, Grecia aldizkarian[17] argitaratu zuen, 1919ko urte amaieran.[18]
Ibilbide literarioaren hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1921eko urtarrilaren 24an, Ultra Espainiako literatura aldizkariaren lehen alea agertu zen. Aldizkari hura —izenak berak iradokitzen duen bezala— mugimendu ultraistaren organo hedatzailea izan zen. Kolaboratzaile nabarmenen artean, Borges bera, Rafael Cansinos-Assens, Ramon Gomez de la Serna eta Guillermo de Torre zeuden, azken hori geroago Norah Borgesekin ezkonduko zena.
1921eko martxoaren 4an, Borgestarrak —hori da, aitaren aldeko amona Frances Haslam (1916an Genevan elkartu baitzitzaien), Leonor Acevedo eta Jorge Guillermo Borges gurasoak, eta arreba Norah— Bartzelonako portuan Victoria Eugenia Erregina ontzia hartu eta Buenos Airesera itzuli ziren.
Buenos Airesen bizitza antolatuta, Borgesek Cosmópolis Espainiako aldizkarian argitaratu zituen lank batzuk, Prisma horma aldizkaria zuen —bi zenbaki soilik argitaratu zituena— eta Nosotros aldizkarian idatziak argitaratu zituen. Garai hartan, Concepción Guerrero ezagutu zuen, hamasei urteko neska gazte bat, eta harekin maitemindu zen. 1922an, Leopoldo Lugones poetarekin elkartu zen, Eduardo González Lanuza idazle eta adiskidearekin batera, Prisma aldizkariaren bigarren —eta azken— alea emateko.[16]
1923an, Suitzara bigarren bidaia bat egin baino lehentxeago, Borgesek bere lehen poesia liburua argitaratu zuen, Fervor de Buenos Aires, non, Borgesen beraren hitzetan, geroko obra guztia aurresuposatzen baitzen. Presaka eta korrika prestatutako edizioa izan zenez, akats batzuk zuzendu gabe gelditzeaz gainera, liburua hitzaurrerik gabe kaleratu zen.[19] Azalerako, arreba Norahk grabatu bat egin zion. Gutxi gorabehera hirurehun ale argitaratu zirenez, gordetzen diren ale apurrak altxortzat jotzen dituzte bibliofiloek, eta ale batzuetan Borgesek berak eskuz egindako zuzenketak ere agertzen dira. Zoritxarrez, Argentinako Liburutegi Nazionaleko ale bakarra 2000. urtean lapurtu zuten, Borgesen beste liburu batzuen lehen edizioekin batera.[20]
1924ko abuztuan, Proa aldizkaria sortu zuen, ideologia orori irekia, beste idazle batzuekin batera, besteak beste, Macedonio Fernández, Ricardo Güiraldes, Alfredo Branden Caraffa eta Pablo Rojas Paz.[19] Baita ere, kolaborazioak egin zituen Martin Fierro, Nosotros eta Valoraciones aldizkarietan.
Geroago, besteak beste, Martín Fierro aldizkarian idatzi zuen, XX. mendearen lehen erdiko Argentinako literaturaren historiako aldizkari gakoetako bat. Bere prestakuntza europeista baztertu gabe, sustrai argentinarrak, eta bereziki porteñoak, aldarrikatu zituen gaietan, Fervor de Buenos Aires (1923), Luna de enfrente (1925) eta Cuaderno de San Martín (1929) poema liburuetan. Tango eta milonga batzuen letrak idatzi zituen, baina uko egin zion «tango kantu kontsolaezinaren sentiberatasunari eta lunfardo argotaren erabilera sistematikoari, zeinak kopla sinpleak aire artifiziotsuz janzten baititu». Bere letretan eta zenbait kontakizunetan, atzealdeko jendearen zalantzazko keinuak kontatzen dira, basakeria galduan erakusten dituenak, giro tragiko eta are epiko baten barruan bada ere.[21]
1931. urtean, Sur aldizkariaren lehen alea argitaratu zen, Victoria Ocampok zuzendua. Lehen zenbaki hartan, Borgesek Ascasubi koronelari eskainitako artikulu bat argitaratu zuen. Aldizkariko idazleen artean zeuden Victoria Ocampo bera, Waldo Frank, Alfonso Reyes, Jules Supervielle, Ernest Ansermet suitzar musikaria, Walter Gropius, Ricardo Güiraldes eta Pierre Drieu La Rochelle.[14]

1935ean Historia universal de la infamia ipuin bilduma argitaratu zuen.[22] Berriro ere, Buenos Airesen profil mitikoa lantzen du ipuinotan. Hurrengo urtean, Historia de la eternidad saiakera argitaratu zuen, non, besteak beste, Borgesek metafora ikertu baitzuen. El Hogar hamabostekarian, atzerriko liburu eta egileen kritika zutabea argitaratzen hasi zen, 1939ra arte. Hamabostean behin, aipamen bibliografiko ugari, idazleen biografia sintetikoak eta saiakerak argitaratu zituen. Adolfo Bioy Casares eta Manuel Peyrou idazleek argitaratutako Destiempo aldizkarian ere kolaboratu zuen, Xul Solar margolariaren ilustrazioekin. Sur argitaletxearentzat Virginia Woolfen A Room of One’s Own itzuli zuen gaztelaniara eta hurrengo urtean egile beraren Orlando eleberria.[15]
Hamarkadaren azken urteak benetan txarrak izan ziren Borgesentzat: lehenik amona Fannyren heriotza etorri zen; gero, aitarena, oso agonia luze eta neketsua izan ondoren.[23] Behingoz, bizitzak gizaki heldu arduratsuen mundura ekarri zuen irmoki Borges. Zortea izan zuen, baina: Francisco Luis Bernárdez poetaren laguntzaz, 1938an Buenos Airesko Boedo auzoko udal liburutegian lana lortu zuen. Jende gutxi ibiltzen zenez liburutegi hartan, ohi zuena egiten jarraitu ahal izan zuen: egunak liburu artean igaro, irakurtzen eta idazten.[24]
1940ko hamarkadaren lehen urteetan, Argentinako literaturaren zenbait antologia eta beste lan batzuk argitaratu zituen, batzuetan Adolfo Bioy Casaresekin eta haren emazte Silvina Ocamposekin elkarlanean.[25] 1944an, Estela Canto kazetari eta idazle gaztea ezagutu zuen, harekin guztiz maitemindu zen, baina emakumeak ez zion jaramonik egin.[26] Bioy Casaresen eta Ocamposen lankidetzak urte gehiago iraungo zuen, 1949an El Aleph ipuin bilduma argitaratu zuen arte, kritikari askoren iritziz Borgesen liburu bikainena.[27]
Lehenago, 1946an, Juan Perón jeneralaren gobernuaren aurkako agiri bat izenpetu zuen. Izan ere, jeneralaren politika demagogikoa eta populista kontrajarrita zegoen idazlearen kontserbadurismo elitistarekin. Peronek, idazlea gutxiesteko asmoz, Buenos Airesko merkatuetako hegaztien ikuskatzaile izendatu zuen, baina Borgesek uko egin zion karguari. Bien bitartean, irakasle eta argitaratzaile gisa atera zuen bizimodua, Sur eta Emecé argitaletxeetan, batez ere. Ameriketan barrena ibili zen hitzaldiak ematen, bere idazle eta pentsalari ospea alde guztietara zabalduz. Ingeles erromantikoen poesia, Kafkaren obra, literatura fantastikoa eta gautxoen poesia izan ziren haren hitzaldietako gai nagusiak.[25]
Helduaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1950eko hamarkadaren hastapenak markatu zuen Borgesen aitortzaren hasiera, bai Argentinan, bai kanpoan ere. Argentinako Idazleen Elkarteak presidente izendatu zuen 1950ean; hiru urte iraun zuen karguan. 1952an Otras inquisiciones saiakera agertu zen eta Buenos Airesko hizkuntzalaritzari buruzko saiakera bat berrargitaratu zen, El idioma de los argentinos. Baita ere, El Aleph bildumaren bigarren edizioa agertu zen, ipuin berriak erantsita. Liburu horretako narrazio batzuk frantsesera itzuli zituen Roger Caillois idazleak, eta Parisen argitaratu, 1953an, Labyrinthes izenarekin. Urte hartan, Borgesek El Martín Fierro saiakera argitaratu zuen, bigarren edizioa izan zuena urtearen barruan.[27]
1950-1953 bitartean, ingeles literatura irakatsi zuen Buenos Airesko Unibertsitatean. 1955ean, Argentinako Letren Akademiako kide hautatu zuten eta, Perón erorarazi ondoren agintea bereganatu zuen diktadurak Borgesen eskuetan utzi zuen Buenos Airesko Liburutegi Nazionala, 1974 arte.
Gaztetandik arazoak izan zituelarik begietan, 1956an erabat galdu zuen ikusmena; ez zen bat-bateko kontua izan («1899tik aurrera une dramatikorik gabe hedatu da, mende erdia baino gehiago iraun zuen ilunabar geldoa»),[28] baina, edonola ere, horrek ez zion eragotzi idazle, saiogile eta hizlari ibilbidearekin aurrera egitea, irakurtzen jarraitzea —ozen irakurtzen zioten— edo hizkuntza berriak ikastea.[29] Hurrengo urtean Literaturako Sari Nazionala eman zioten El Aleph ipuin liburuarengatik. «Ohi bezala, Borgesek gatz pixka batekin jaso zuen sari hura. Handik hamar urtera, Jean de Milleret frantses militarrarekin hizketan, aipatu zuen sari politikoa bat izan zela, neurri batean. Ziur aski, arrazoi zuen. Une hartan, gobernu militarrak azpimarratu nahi izan zuen kulturaren aurrean Peronen aurkako jarrera izan zuela eta kultura argentinarraren duintasuna berrezarri zuela».[30] Bioy Casares idazlea adiskide zuenez, harekin batera autore klasikoak argitaratu zituen, eta garrantzi handiko polizia eleberrien bilduma baten zuzendari izan zen, «El séptimo círculo», Emecé argitaletxearentzat.

1956an, Montevideon gogor kritikatu zuen peronismoa eta bere burua «Iraultza Askatzaile» izendatutako diktadura aldeztu zuen. Gobernu berriarekin bat egiteagatik idazle eta intelektual askok kritikatu zuten, besteak beste, Ernesto Sabatok eta Ezequiel Martinez Estradak. Sabatok eta Borgesek arrazoi politikoengatik «bananduta» jarraitu zuten, baina ez etsaituta, 1973 arte. Urte hartan, Orlando Barone kazetariak, liburutegi batean ezustean biak topatu zituelarik, bilera batzuk antolatu zituen, bi idazleek literaturaz, filosofiaz, zinemaz, hizkuntzalaritzaz eta beste gai batzuez eztabaidatu zezaten. Bilera haien emaitza liburu batean argitaratu ziren, Diálogos: Borges-Sabato izenburuaz.[29]
1960 ondoko urteetan, Roger Caillois itzultzailearen frantsesezko itzulpenen eta azterketa kritikoen ondorioz, haren ospea mundu osora zabaltzen hasi zen. Amarekin batera, Europara jo zuen 1963an, hitzaldi sorta luze bat eskaintzeko.[31] Buenos Airesera itzultzean, Evaristo Carriego poetari buruzko antologia bat kaleratu zen.[32]

1967ko irailaren 21ean Borges, 68 urte zituelarik, elizan ezkondu zen Elsa Astete Millan 57 urteko idazle alargunarekin. Hasierako garaietan, bikotea Borgesen etxean bizi izan zen, ama Leonor Acevedorekin batera. Ezkondu eta hilabete batzuetara, bikotea apartamendu batera joan zen bizi izatera, amaren begiradapetik urrun, baina emaztearen eta amaren arteko tentsioak indar handiagoa hartu zuen, eta idazleak ezkutuan hasi behar izan zuen Leonor bisitatzen. Esperientzia horrek, gainera, errealitateari behin betiko aurre egitera eramango zuen bikotea: elkarbizitza ezinezkoa zen. 1993an argitaratutako elkarrizketa batean, Elsak onartu zuen ez zela zoriontsu izan Borgesekin: «barnerakoia zen, isila eta maitasun gutxikoa. Etereoa zen, ustekabekoa beti. Ez zen mundu erreal batean bizi».[33] Ezkontzak 1970eko urrira arte iraun zuen.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1973an, Buenos Aires Hiriko Herritar Ospetsua izendatu zuten, eta, aldi berean, liburutegi nazionaleko zuzendari gisa erretiroa hartzeko eskatu zuen. Urte beran, bere lan guztiak elkartu zituen, Emecé argitaletxeak kaleratutako bilduma batean. Peronismoak hauteskundeetan garaipen argi bat lortu zuelarik berriro, Peronen lehen gobernua «irainezko urteak» bezala gogoratzen tematu zen Borges. Hauteskundeen ondoren egindako elkarrizketa batean, Borgesek aitortu zuen eskuineko alderdi txiki baten alde eman zuela boza, baina adierazi zuen amak eskatuta egin zuela, ezin baitzuen bozik eman gaixorik zegoelako, eta deitoratu egin zuen «galdutako botoa» iruditzen zitzaiona.[34]

1975ean hil zitzaion ama, 99 urte zituela. Une horretatik aurrera, Borgesek ikasle ohi batekin egin zituen bidaiak; gero, idazkaria izan zen, eta —azkenik, Borgesen zahartzaroan— bigarren emaztea, Maria Kodama.
1979an, Miguel de Cervantes saria jaso zuen, ex aequo Gerardo Diego espainiar poetarekin batera.[35]
1986an, gibeleko minbizia zuela jakin zuenean eta bere agonia ikuskizun nazionala izango ote zen beldurrez, bizilekua Genevan finkatu zuen, maitasun sakon batek lotzen baitzuen hori horrekin, «Borgesek nire aberrietako bat» izendatu zuelarik. Apirilaren 26an, María Kodamarekin ezkondu zen —botere notarialen bitartez—, Paraguain data horretan egindako aktaren arabera. 1986ko ekainaren 14an hil zen, 86 urte zituela, gibeleko minbiziak eta biriketako enfisemak jota.[36] Adolfo Bioy Casares adiskidearen arabera, haren heriotzan lagundu zion Jean-Pierre Bernès frantsesezko itzultzaileak; hark azaldu zuenez, «hil zen aitagurea esaten anglosaxoiz, antzinako ingelesez, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz».[37]
Borgesen idazkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borgesek goren mailako lekua du gaztelaniazko literaturaren historian. Oso estilo berezia du, bere-berea: prosa bat itxuraz biluzia eta hotza, baina zentzuz betea eta guztiz iradokitzailea, ironia finez tantotua, doi-doia, hitz elkarketa bereziez hornitua. Borgesek irakurle asko izan ditu mundu osoan zehar. Nahiz eta haren obra, den bezalakoa izateagatik, literaturaren abenturan murgildutako jendearentzat izan, haren ospea unibertsala da, gizatasunaren barrenenean dauden arketipoekin elkartasun sakona agertzen zuelako, batetik, eta irudimen guztiz emankorra zuelako, bestetik.
Prosazko lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borgesek ez zuen idatzi ez eleberririk, ez arnas luzeko saiakerarik. Hori dela eta, haren prosazko lan guztiek halako alegia itxura hartzen dute, askotan saiakeren egitura izateaz gainera. Generoen arteko desberdintasuna, beraz, lausoa da Borgesen obran, erabiltzen duen egitura molde bereziagatik.
Haren lehenengo lanak, dena den, saiakeren artean sailka daitezke, berez besteko gairen bat lantzen baitute, literatura gehienetan, baina baita metafisika, matematika edo Argentinako nortasun nazionalaren bilaketa ere: Inquisiciones (1925, Ikerketak), Tamaño de mi esperanza (1928, Nire esperantzaren neurria), El idioma de los argentinos (1928, Argentinarren hizkuntza), Evaristo Carriego (1930), Discusion (1932, Eztabaida), Historia de la eternidad (1936, Betikotasunaren historia). Askotan gai horiek berak erabili zituen han eta hemen bere hitzaldietan, edota fikziozko lanetan.[22]
Lehen kontakizun liburua, Historia universal de la infamia (1935, Doilorkeriaren historia unibertsala), irudizko biografien bilduma da, Hombre de la esquina rosada (Kantoi arrosako gizona) izeneko polizia kontakizun errealistarekin burutua.[25] Aurreko horren antzeko estiloko kontakizunak idatzi zituen hurrengo liburuan, El jardin de los senderos que se bifurcan (1941, Banatuz doazen bidexken jardina). Handik hiru urtera, liburu hura Ficciones titulupean argitaratu zuen, baina askoz mardulagoa. Bi horien ondotik kontakizun liburu gehiago idatzi zituen: El Aleph (1949), El hacedor (1960, Egilea), El informe de Brodie (1970, Brodieren txostena) eta El libro de arena (1975, Hareazko liburua).[32]
Borgesek bere liburuetan ez ohiko gauzak ohikoak balira bezala hartzen ditu. Alabaina, ameskeria adimen jokoarekin lotuta agertzen da beti, espekulazio metafisikoarekin zerikusia izan dezakeen irudimen arrazoitu moduko bati esker. Gai berak erabiltzen ditu beti, ia modu obsesiboan: gizon bakoitzaren eta ororen artean dagokeen erlazioa, denbora (zirkularra, ametsezkoa edo, besterik gabe, ezin ulertuzkoa), ispiluak, alegiazko liburuak, polizia giroko azpijokoak (nabarmena da horretan Chestertonen eragina), labirintoak (hiriak, hondakinak, patuak aldi berean) eta, horren guztiaren azpian, deserrotze mingarri bat sexuarekiko[38] eta izadiarekiko.[39]
Poesia lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borgesek ultraismoarekin estuki lotuta hasi zuen bere poesia lana, metaforaren goraipamen gartsua eginez eta modernismoaren egiturak arbuiatuz: Fervor de Buenos Aires (1923, Buenos Airesko suharra), Luna de enfrente (1925, Aurreko ilargia), Cuaderno San Martín (1929, San Martin Koadernoa). Hasierako lan horietan nabarmena da identitate nazionalaren baieztapena lortzeko ahalegina.
Aurrerago, alde batera utzi zuen abangoardia, eta olerkigintzaren molde klasikoetan murgildu zen, Quevedoren eraginpean, besteak beste. Nolanahi ere, haren poesiak oso ezaugarri pertsonalak izan zituen gero ere, erabili zituen gaietan, batez ere, bere kontakizunetan eta saiakeretan erabili zituen berberak. 1964an El otro, el mismo (Bestea, berbera) argitaratu zuenez geroztik bere espekulazio filosofikoa bertsotan ematen ahalegindu zen, baina alde batera utzi gabe hainbeste erakarri zuten mitologia lanbrotsuak (Argentinako independentziako heroiak, eta marjinatuak, gautxoa hezala), Eskandinaviako poetak, kemenari edota nagitasunari buruzko elezaharrak, Spinoza, Kafka edo Cervantes bezalako gizonen bizitzako intuizio iluna, eta abar.[40] Hauek ditu hurrengo poesia lanak: Elogio de la sombra (1969, Itzalaren laudorioa), El oro de los tigres (1972, Tigreen urrea), La rosa profunda (1975, Arrosa sakona), La moneda de hierro (1976, Burdinazko txanpona), Los conjurados (1975, Konjuratuak).
Idazleen arteko lankidetza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Nahiz eta ez zuen eskolarik sortu, ez behintzat eskolaren zentzu hertsian, zenbait idazle Borgesen ardatzaren inguruan ibili ziren. Horien artean aipagarriena da Adolfo Bioy Casares. Hiru polizia eleberri idatzi zituzten elkarrekin: Seis problemas para don Isidro Parodi (1942, Sei arazo Isidro Parodirentzat), Un modelo para la muerte (1946, Eredu bat heriotzarentzat) eta Crónicas de H. Bustos Domecq (1967, H. Bustos Domecqen kronikak). Horiez gainera beste liburu hauek ere beste idazle batzuekin batera idatzi zituen: Manual de zoologia fantástica (1957, Zoologia fantastikoari buruzko eskuliburua, Margarita Guerrerorekin), Antiguas literaturas germánicas (1951, Antzinako germaniar literaturak, Delia Ingenierosekin), El compadrito (1945, antologia, Silvina Bullrichekin), eta abar.[41]
Sari nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jorge Luis Borges idazle argentinarrak bere bizitzan zehar sari, ohore eta aitortza ugari jaso zituen, bai Argentinan eta baita nazioartean ere. Bere lana 25 hizkuntza baino gehiagotara itzuli zen eta zinemara zein telebistara egokitu zuten. 1961ean, Formentor saria jaso zuen Samuel Beckettekin batera, Editoreen Nazioarteko Kongresuak emana, eta horrek mundu mailako ospea ekarri zion. Urte batzuk geroago, Frantziako gobernuak Letra eta Arteen Ordenako Komandante izendatu zuen, eta Britainia Handiko Inperioaren Ordenako Zaldun titulua eman zioten.
1979an, Borgesek Miguel de Cervantes saria jaso zuen, espainierazko literaturaren saririk garrantzitsuena, Gerardo Diego poeta espainiarrarekin partekatua.[35] Urte berean, Balzan saria jaso zuen Italian, giza zientzietan egindako ekarpen handiagatik, 140.000 dolarreko zuzkiduraz. Bestalde, 1971n, Jerusalemgo saria eman zioten, giza askatasunaren eta balioen aldeko literaturagatik. Azkenik, 1984an, Konex saria irabazi zuen, Argentinako Letren historian figura garrantzitsuena izateagatik.[14]
Unibertsitate askok eman zioten honoris causa doktoregoa (Oxford, Columbia, Sorbona, Buenos Aires, besteak beste), eta zenbait hiritan herritar ohoretsu izendatu zuten. Buenos Airesen, kale bat eta zoologikoko banku bat izendatu zituzten haren omenez, azken hori tigreen miresmenagatik.
Nobel sariaren auzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jorge Luis Borgesek, XX. mendeko idazle garrantzitsu eta itzal handienetakoa izan arren, ez zuen inoiz Literaturako Nobel saria jaso, zenbait faktore politiko, literario eta pertsonalen konbinazioagatik, dokumentu historikoek eta testigantzek adierazten dutenez.
Faktore politikoak: Pinocheti egindako bisita (1976)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txilen Augusto Pinocheten diktaduraren garaian, Borgesek Txileko Unibertsitatearen honoris causa doktoretza bat onartu zuen, Pinochetek berak emana. Hitzaldian, diktadorea goraipatu zuen «pertsona bikaina» zela esanez eta haren agindupeko «aberri indartsua» ospatu zuen, «ezpata argiarekin» konparatuz, «isilpeko dinamita» ez bezalakoa.[42][43]
Adierazpen haiek Orlando Letelier Txileko kantziler ohia Washingtonen hil zuten egun berean egin zituelarik, gaitzespena sortu zuten inguru intelektual eta politikoetan. Artur Lundkvist Suediako Akademiako kideak adierazi duenez, «Suediako gizarteak ezin du aurrekari horiek dituen inor saritu».[42][43]
Borgesek Latinoamerikako ezkerreko gobernuen aurkako kritikak egin zituen eten gabe, besteak beste Argentinako peronismoaren aurka, eta Jorge Rafael Videla diktadorearekin bat egin zuen. Halako jarrera eta adierazpenek erregimen autoritarioen aliatu irudi bat erantsi zioten.[2][44]
Kritika literarioak: «arte elitista» Suediako Akademiaren ustez
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borges Nobel saria irabaztetik gertuen egon zen urtean (1967), Anders Osterling Nobel Batzordeko presidenteak baztertu egin zuen, «haren miniaturazko arte burutsuan esklusiboegia edo artifizialegia» zelako. Kritika horrek haren estilo konplexua aipatzen zuen, nobela tradizionaletik urrundua eta ipuin edo saiakera metafisikoetara bideratua. Eragozpen horiek gorabehera, 1967ko saria Miguel Angel Asturias guatemalarrarentzat izan zen, bere lan «iraultzailea» (El señor presidente) «eskuragarriago» eta politikoki garrantzitsuagotzat jotzen baitzuten, nahiz eta Osterlingek gai mugatuengatik kritikatu zuen.[43][44]
Gorabehera pertsonalak: Artur Lundkvistekiko gatazka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1964an, Borgesek Artur Lundkvisten poema bat barregarri utzi zuen Stockholmen beste idazle batzuekin egindako afari batean. Suedian orduan Borgesen itzultzaile eta sustatzaile zen suediarrak ez zuen inoiz umiliazioa barkatu. Lundkvist Suediako Akademiako idazkari iraunkor bihurtu zenean (1977), bere eragina erabakigarria izan zen Nobel saria blokeatzeko.[42]
Lundkvistek biziki miresten zuen Borgesen poesia, baina haren prosa arbuiatzen zuen, «konplexutasun geldiarazle» batek joa ikusten baitzuen. Publikoki betoa jarri zionik ukatu bazuen ere, Volodia Teitelboim txiletar idazlearen testigantzek erakutsi zuen beti egon zela Borgesi Nobel saria ematearen aurka.[42][43]
Suediako Akademiak betidanik azpimarratzen badu ere Nobel saria ez dela arrazoi politikoengatik erabakitzen,[42] ebidentziak erakusten du arrazoi politikoak izan zirela, iritzi literarioekin eta gatazka pertsonalekin batera, Borges baztertu zutenak. Hala ere, bazterketak «Nobel gabeko hilezkorren» panteoian kokatu zuen Borges, kritikari batzuen iritziz, Kafka, Joyce edo Cortazarrekin batera.[2] Borgesek honela azaldu zuen: «Eskandinaviako tradizio zahar bat da: sarirako izendatzen naute eta beste bati ematen diote».[43]
Idazlan nagusien zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Inquisiciones (1925)
- Discusión (1932)
- Historia universal de la infamia (1935)
- Poemas (1943)
- Ficciones (1944)
- El Aleph (1949)
- El hacedor (1960)
- El informe de Brodie (1970)
- El oro de los tigres (1972)
- El libro de arena (1975)
- Libro de sueños (1976)
- Nueva antología personal (1980)
- La memoria de Shakespeare (1983)
Euskaraz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Juan Garzia idazle eta itzultzaileak Ipuin hautatuak izeneko liburua argitaratu zuen 1998an, Borgesen ipuinen bilduma bata, alegia.[45] Liburuaren testua sarean irakurri daiteke, Armiarma.eus webgunean.[46]
Borgesen beste ipuin eta poema batzuk ere euskaratuta agertu dira aldizkarietan edo bildumatan. Horien zerrenda ikus daiteke, halaber, Armiarma.eus webgunean.[47] Zerrenda hori osatzeko, Gillermo Etxeberria itzultzaileak «Emma Zunz» ipuinaren itzulpena argitaratu zuen 1995ean, Egan literatura aldizkarian.[48]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Fernández Martín, María Ángeles. (2022). Borges y Cortázar: una relación literaria. Madrid: Centro Editor OCLC .1381455140.
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Ricardo Lugo. «¿Por qué Jorge Luis Borges nunca ganó el Premio Nobel en literatura?» Bibliotequeando (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Jorge Luis Borges: Premio de Literatura en Lengua Castellana "Miguel de Cervantes" 1979» Ministerio de Cultura - Gobierno de España (web.archive.org) 1989-01-01 (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Ingelesez) «Jorge Luis Borges - Profile Of A Writer: Borges (1983)» UbuWeb Film & Video (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Ingelesez) D’haen, Theo L.. (1995). Parkinson Zamora, Lois ed. «Magic Realism and Postmodernism: Decentering Privileged Centers» Magical realism: theory, history, community (Durham: Duke University Press): 191-208. or. doi:. ISBN 978-0822316114. OCLC .969925360 (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Portugesez) Ferriera, Eliane Fernanda C. (1996). Pedro Pires Bessa ed. «O (In) visível imaginado em Borges» Riqueza cultural ibero-americana (Divinópolis: FAPEMIG): 313-314. or. OCLC .947242342.
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Es Jorge Luis Borges el escritor más importante del siglo XX?» BBC News Mundo (web.archive.org) 2014-09-12 (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ Barili, Amelia. «Borges on Life and Death» Southern Cross Review (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Ingelesez) Coetzee, J.M. (1998-10-22). «Borges's Dark Mirror» The New York Review of Books (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Jorge Luis Borges. Premios» Departamento de Bibliotecas y Documentación - Instituto Cervantes (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Ingelesez) Markham, James M. (1983-10-07). «Briton Wins The Nobel Literature Prize» The New York Times (kontsulta data: 2025-07-22).
- ↑ Kociancich, Vlady. «Jorge Luis Borges» Antroposmoderno (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-22).
- ↑ (Ingelesez) Ruch, Allen B. (2014-09-21). «Jorge Luis Borges - The Garden of Forking Paths» www.themodernword.com (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-22).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Jorge Luis Borges - Premio Konerx de Brillante 1984» Fundación Konex (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-22).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Traductores hispanoamericanos - Biblioteca de Traducciones Hispanoamericanas» Biblioteca Virtual Miguel de Cervantes (/web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1899-1923)» Ministerio de Educación de la Argentina (kontsulta data: 2025-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Grecia (Sevilla)» Hemeroteca Digital - Biblioteca Nacional de España (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Grecia (Sevilla) 1919-12-31» Hemeroteca Digital - Biblioteca Nacional de España (web.archive.org) 37. zk.: 3-4. or. (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Nehuén, Tes. «Jorge Luis Borges» Solo Literatura (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ (Gaztelaniaz) Mochkofsky, Graciela. (2014-08-09). «Fervor de Buenos Aires» Letras Libres (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ «Jorge Luis Borges: Poetas de Buenos Aires» Borges todo el año (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-23).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1924-1930)» Ministerio de Educación de la Argentina (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ Pascual 2000, 36. orr. .
- ↑ Pascual 2000, 33-34. orr. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1931-1940)» Ministerio de Educación de la Argentina (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Un personaje de película» La Nación 2000-09-05 (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1941-1950)» Ministerio de Educación de la Argentina (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ (Gaztelaniaz) Borges, Jorge Luis. (1987). «La ceguera» Siete noches (México: Fondo de Cultura Económica): 144-160. or. ISBN 978-9505570188. OCLC .1509095766.
- ↑ a b Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1951-1960)» Ministerio de Educación de la Argentina (kontsulta data: 2025-07-24).
- ↑ Rodríguez Monegal 1987, 392. orr. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Sosa Vivanco, Walter. (2016-06-21). «Vargas Llosa entrevista a Borges: “He cultivado un solo género: la poesía. Salvo que mi poesía se ha expresado muchas veces en prosa”» Crónica Viva (kontsulta data: 2025-07-25).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Efemérides Culturales Argentinas. «Jorge Luis Borges (1961-1970)» Ministerio de Educación de la Argentina (kontsulta data: 2025-07-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Camarasa, Jorge. (2007-12-30). «Esa extraña mujer de Borges» La Voz (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Baroffio, Juan Francisco. (2023-02-24). «Borges y su pensamiento político: una aproximación» Diplomacia Activa (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-25).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Discurso de Jorge Luis Borges, Premio Cervantes 1979» RTVE.es (web.archive.org) 2014-10-22 (kontsulta data: 2025-07-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Jorge Luis Borges murió ayer en Ginebra» El País (web.archive.org) 1986-06-15 (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ Bioy Casares 2006.
- ↑ (Ingelesez) Brant, Herbert J. (1995). The Queer Use of Communal Women in Borges' "El muerto" and "La intrusa". Washington DC: XIX Latin American Studies Association (LASA) Congress.
- ↑ Vázquez 1996.
- ↑ (Gaztelaniaz) Paz, Octavio. (1986). «El arquero, la flecha y el blanco, Jorge Luis Borges» Vuelta (Letras Libres - web.archive.org) 117. zk: 26-29. or. ISSN 0185-1586. (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Rodríguez, Carmen Morán. (2023-11-24). «Borges y Bioy Casares: sus colaboraciones literarias a la luz de la estilometría» Cultura, Lenguaje y Representación 32: 167-184. or. doi:. ISSN 2340-4981. (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Seitz, Maximiliano. (1999-08-21). «Por qué Borges nunca obtuvo el premio Nobel» La Nación (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ a b c d e (Gaztelaniaz) Getty. (2018-01-10). «Final para un misterio: ya se sabe por qué Borges nunca ganó el premio Nobel» Infobae (web.archive.org) (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Revelan por qué Borges no ganó el Nobel de Literatura» Radio France Internationale (web.archive.org) 2018-01-10 (kontsulta data: 2025-07-27).
- ↑ Borges, Jorge Luis. Itzulpena: Juan Garzia. (1998). Ipuin hautatuak. Euba: Ibaizabal ISBN 978-8483252086. OCLC .432701342.
- ↑ «Jorge Luis Borges Ipuin hautatuak» Armiarma.eus (kontsulta data: 2025-07-28).
- ↑ «Jorge Luis Borges» Euskarari ekarriak (kontsulta data: 2025-07-28).
- ↑ Borges, Jorge Luis. Itzulpena: Gillermo Etxeberria. (1995). «Emma Zunz» Egan 48.: 193-197. or. (kontsulta data: 2025-07-28).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Bioy Casares, Adolfo. (2006). Borges. Buenos Aires: Ediciones Destino ISBN 978-9507320859. OCLC .76955299.
- (Gaztelaniaz) Rodríguez Monegal, Emir. (1987). Borges: una biografía literaria. México: Fondo de Cultura Económica OCLC .37314555 (kontsulta data: 2025-07-24).
- (Gaztelaniaz) Pascual, Arturo. (2000). Jorge Luis Borges. Barcelona: Océano ISBN 978-8449418105. OCLC .1158056090.
- (Gaztelaniaz) Vázquez, Maria Esther. (1996). Borges: esplendor y derrota. Barcelona: Tusquets Editores ISBN 978-8472239425. OCLC .1346668113.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jorge Luis Borges Euskarari ekarriak, Armiarma.eus
- (Ingelesez) (Gaztelaniaz) The Borgesian Cyclopaedia (web.archive.org)
- 1899ko jaiotzak
- 1986ko heriotzak
- Buenosairestarrak
- Argentinako itzultzaileak
- Gaztelaniazko idazleak
- Argentinako idazleak
- Cervantes saridunak
- Argentinako saiakeragileak
- Argentinako ipuingileak
- Agnostikoak
- Ohorezko Legioko zaldunak
- Idazle itsuak
- Argentinako literatura kritikariak
- Argentinako antikomunistak
- Aforismoegileak
- Genevan hildakoak
- Gibeleko minbiziaren ondorioz hildakoak