Etengailu
Ingeniaritza elektrikoan, etengailu bat zirkuitu elektriko bat eten dezakeen gailu elektriko bat da, korronte elektrikoa desbideratu edo etenduz.
Zirkuitu bat kontrolatzeko, etengailu bat zuzenean pertsona batek eragindakoa izan daiteke —argi etengailu bat edo teklatuko botoi bat, adibidez—, objektu mugikor baten bitartez eragindakoa —ate bat irekitzerakoan eragiten den etengailua adibidez—, edo sentsore baten bitartez eragindakoa —presio, tenperatura edo emari sentsore bitartez, adibidez—. Errele bat elektrikoki eragiten den etengailu bat da.
Etengailu mota ezagunena kontaktu talde bat edo gehiago dituen eskuz eragindako etengailu elektromekanikoa da. Kontaktu talde bakoitzak egoera bi izan ditzake: kontaktuak elkartuta daudenean, kontaktuetan zehar korronte elektrikoa igaro daitekeelarik, etengailua itxita dagoela esaten da; kontaktuak bananduta daudenean, kontaktu artean ezin daitekeelarik korronterik igaro, etengailua irekita dagoela esaten da. Egoera bi hauen arteko aldaketa eragiten duen mekanismoa egonkorra —sakatzerakoan etengailua zabalik edo itxita geldituko da— edo une batekoa —eragiten den momentuan bakarrik zabaldu edo izten den sakagailua— izan daiteke.
Tentsio eta korronte maila zabaletarako etengailuak daude, eta erabilpenen zerrenda ere oso zabala da.
Kontaktuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etengailu sinpleena metalezko pieza birekin —kontaktu deiturikoak— eta eragingailu batez osatzen da. Kontaktuak kanpoko zirkuitu batera konektatuak daude. Eragingailuaren bitartez kontaktuak elkartu egiten dira, zirkuitua itxi eta korrontearen zirkulazioa posible egiteko, edo banandu, zirkuitua ireki eta korrontea eteteko.
Kontaktuak korrosioaren aurkako erresistentziadun material batekin egiten dira. Materiala aukeratzerakoan eronakortasuna, gogortasuna —urraketaren aurkako erresistentzia—, prezioa eta toxikotasuna ere kontutan hartzen dira.
Kontaktuen izendapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elektronikan, etengailuak kontaktuen antolaketaren arabera sailkatzen dira. Kontaktu pare bat itxita dago batetik bestera korrontea igaro daitekeenean. Kontaktuak bananduta daudenean, hauen artean aire isolamendua dagoelarik, kontaktua zabalik dago eta tentsio normalekin ezin da korronterik igaro kontaktuen artean.
Kontaktu antolaketa deskribatzeko polo —pole— eta bide —throw— terminoak erabiltzen dira.
- Polo kopurua, etengailu bakarrak kontrolatzen dituen zirkuitu desberdinen kopurua da. Adibidez, polo biko etengailuak eragingailu berdinarekin aldi berean eragiten diren kontaktu talde berdin bi ditu.
- Bide kopurua, irekitako posizioa kontuan hartu gabe polo bakoitzean korronteak jarrai dezakeen bide desberdinen kopurua da. Bide bakarreko etengailuak irekita edo itxita egon daitezkeen kontaktu pare bat dauka; bide biko etengailuak kontaktu bitako bati konektatzen zaion kontaktu komun bat dauka; hiru bideko etengailuak hiru kontaktutako bati konektatzen zaion kontaktu komun bat dauka, eta abar.
Industria elektronikoan termino hauek ingelesezko laburdurekin erabiltzen dira, lehenik polo kopurua P —pole— hizkiarekin adieraziz eta ondoren bide kopurua T —throw— hizkiarekin. Kopuruetan, bakarra adierazteko S —single—, bi adierazteko D —double— eta gehiago adieratzeko zenbakiak erabiltzen dira, kasu batzuetan T —triple— hiru adierazteko edo Q —quadruple— lau adierazteko aurkitu daitekeelarik. Adibidez, SPST —single-pole, single-throw— polo bakar eta bide bakarreko etengailua izendatzeko, SPDT —single-pole, double-throw— polo bakar eta bide biko etengailua izendatzeko, edo 2P6T —two pole, six throw— polo bi eta sei bideko etengailua izendatzeko.
Hornidura elektrikoko kableatuetan eta argiketarien artean -way atzizkia ere erabiltzen da; atzizki honekin kontua eduki behar da, terminoaren erabilera desberdina bait da estatubatuar ingelesean eta britainiar ingelesean —two-way eta three-way terminoek esanahi desberdinak dituzte—.[1]
Eraginik ezean beti egoera berean dauden etengailuetan, sakagailuetan adibidez, kontaktuak normalki irekiak —NO, normally open— edo normalki itxiak —NC, normally closed— izan daitezke.
- Kontaktu normalki irekidun etengailua eraginik ezean kontaktuak bananduta dituena da; egoera honetan ezin da korronterik igaro kontaktuen artean. Eragingailua eragiterakoan kontaktuak beraien artean konektatu, eta hauen artean korrontea igaro daiteke.
- Kontaktu normalki itxidun etengailua eraginik ezean kontaktuak elkartuta dituena da; egoera honetan kontaktuen artean korrontea igaro daiteke. Eragingailua eragiterakoan kontaktuak beraien artean banandu, eta hauen artean ezin da korronterik igaro.
- Mota bietako kontaktuak dituenean, MBB —make-before-break— motakoak egoera batetik besterako trantsizio unean zirkuitu biak konektatzen ditu, eta BBM —break-before-make— motakoak zirkuitu bat eteten du bestea konektatu aurretik.
Laburdura | Esanahia | Britainiar izena | Estatubatuar izena | Deskribapena | Ikurra |
---|---|---|---|---|---|
SPST | Single pole, single throw | One-way | Two-way | On-Off etengailu sinplea: Terminal biak bata bestearekin konektatuta ala deskonektatuta daude. | |
SPDT | Single pole, double throw | Two-way | Three-way | Kommutagailu sinplea: komuna (C, COM, Common) L1 ala L2rekin konektatua dago. | |
DPST | Double pole, single throw | Double pole | Double pole | SPST motako etengailu bi, eragingailu bakarrarekin kontrolatuta. | |
DPDT | Double pole, double throw | SPDT motako etengailu bi, eragingailu bakarrarekin kontrolatuta. | |||
Intermediate switch | Four-way switch | Gurutzatze kommutagailua: DPDT motako etengailua, barnean polaritate aldaketa egiteko konektatua; etengailuaren kanpoan lau kontakturen terminalak bakarrik aurkezten dira. | |||
2P6T | Two pole, six throw | Sei bideko polo biko kommutagailua: komuna (C, COM, Common) L1, L2, L3, L4, L5, ala L6ra konektatu daiteke; bigarren kommutagailu bat eragingailu berdinarekin kontrolatuta. |
Kontaktuen erreboteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kontaktuen errebotea etengailu mekaniko eta erreleen ohiko arazo bat da. Etengailu eta erreleak orokorrean metal elastikoekin egiten dira. Kontaktuak bata bestea jotzerakoan, beraien momentu eta elastikotasunak kontaktuak behin edo gehiagotan errebotatu eta banantzea eragiten du, kontaktu jarraia egin aurretik. Ondorioz pultsu elektriko azkarrak agertzen dira, zerotik korronte osora trantsizio garbi bat egin beharrean. Arazoa ez da orokorrean garrantzitsua izaten potentziako zirkuituetan, baina erantzun azkarra duten zirkuitu analogiko eta logiko batzuetan arazoak sortzen dira, pultsu azkarrak gaizki ulertu eta datu korronte lez hartzen direnean.
Kontaktuen erreboteen efektuak ekiditeko, kontaktuen zirkuituari behe-paseko iragazki bat ezarri ahal zaio pultsuak gutxitu edo ezabatzeko. Sistema digitaletan, kontaktuaren egoeraren hainbat lagin hartu daitezke edo denbora atzerapen bat ezarri daiteke, sarrera zerbaitetarako erabili aurretik kontaktua egonkor dagoela ziurtatzeko. SPDT motako etengailuen erreboteak SR latch batekin ezabatu daitezke.[2]
Etengailu mota batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Etengailu magnetotermiko edo disjuntorea: zirkuitu-labur eta korronte gainkargak gertatzen direnean ireki egiten den etengailua. Etengailu mota hau etxebizitza, saltegi eta industriako banaketa-koadroetan erabiltzen da, zirkuitu bakoitza indibidualki kontrolatu eta babesteko. Etengailu magnetotermikoak etengailu diferentzialarekin batera erabiltzen dira.
- Etengailu diferentziala: pertsonak isolamendu faltak eragindako korronte deribazioen aurka babesten dituen etengailua. Sentikortasun handia daukate —milianpere batzuetakoa— eta operazio azkarra.
- Potentzia kontrolatzeko etengailua: etengailu magnetotermiko mota bat da. Energia elektrikoa banatzen duen enpresak jartzen du etxebizitza bakoitzeko instalazioaren hasieran. Etxebizitzan xurgatzen den potentzia elektrikoa kontrataturiko potentzia baino handiagoa bada etengailu hau ireki egiten da.
- Transferentzia etengailua: energia elektrikoa falta bada, karga zirkuitu batetik beste batera mugitzen du. Azpiestazio elektrikoetan eta industrian erabiltzen dira.
- Etengailu zentrifugoa: indar zentrifugo jakin batera heltzerakoan ireki edo izten da. Motor elektrikoetan erabiltzen da, babes-elementu funtzioarekin.
- Hildako gizonaren gailua: jatorriz trenetako segurtasun sistema: denbora tarte bat igarotzen den bakoitzean sakatu behar den botoi edo pedal bat da, bestela tren-gidariari zerbait gertatu zaiola ulertu eta trena automatikoki gelditzen da.
Etengailuen konexioa etxebizitzetako argiztapenean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bonbilla bat edo bonbilla talde bat piztu eta itzaltzeko etengailu bi edo gehiago erabili nahi direnean, kommutagailuak ezartzen dira.
- Argia piztu/itzaltzeko puntu bi nahi badira, SPDT —polo bakarra, bide bi— motako kommutagailu bi erabiltzen dira:
- Argia piztu/itzaltzeko hiru puntu nahi badira, aipatutako SPDT kommutagailuen artean DPDT gurutzatze kommutagailu bat —polaritate aldaketa egiten duena— ezartzen da:
- Argia piztu/itzaltzeko hiru puntu baino gehiago nahi badira, gehitzen den puntu bakoitzeko aipatutako DPDT gurutzatze kommutagailu bat gehituko da, betiere SPDT kommutagailuen artean.
(Oharra: irudietako 3-way eta 4-way izendapenak estatubatuarrak dira.)
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ensunza, Martxel: Etxeko etengailuak. zientzia.eus, 1990-06-01