Bizigarritasun planetario

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Planetako bizigarritasuna ulertzea lurreko egoerak estrapolatzea da, neurri batean, Lurra bizia garatu duen planeta ezagun bakarra delako.

Planetako bizigarritasuna gorputz astronomiko batek bizia eusteko daukan ahalmenaren neurria da. Planeta nahiz planeta horien satelite naturaletan aplika daiteke kontzeptua.

Bizia existitzeko betebehar bakarra energia iturri bat egotea da. Horregatik interesgarria da izar ezberdinen bizigarritasun gunea zehaztea, baina bizigarritasun planetarioaren nozioak beste irizpide geofisiko, geokimiko eta astrofisiko batzuen burutzapena suposatzen du gorputz astronomiko bat bizia eusteko gai izateko. Bizia estralurtarra existitzen den ala ez ez dakigunez, bizigarritasun planetarioa Lurreko egoeren eta Eguzkiaren eta Eguzki sistemaren ezaugarrien estrapolazioa da neurri handian, bizia garatzeko kondizio onak dituztelako. Aparteko interesa dauka Lurrean zelula anitzeko eta ez bakarrik zelulabakarreko animaliak sortzea ahalbidetu duen faktore multzoa. Gai honen inguruko teoriak eta ikerketak planeta zientziaren osagai dira, baita garatzen ari den astrobiologiarenak.

Beste planetek bizia ostatzea antzinako ideia da, historikoki filosofiaren barnean fisika zientziaren barnean bezala egon den arren (1). XX. mendearen bukaeran bi aurrerapauso garrantzitsu eman ziren arlo honetan. Hasteko, esplorazio robotikoak eta Eguzki Sistemako beste planeten eta sateliteen behaketak funtsezkoa izan den informazioa eskaini dute bizigarritasun irizpideakk definitzeko eta Lurra eta beste gorputz askoren artean konparazio geofisiko garrantzitsuak ezartzeko. Eguzki sistemaz kanpoko planeten aurkikuntza (1992an hasia eta handik aurrera izugarrizko hazkundea izan duena) bigarren pauso garrantzitsua izan zen. Eguzkia planetak ostatzen dituen izar bakarra ez dela konfirmatu zuen eta bizigarritasunaren inguruko ikerkuntzaren ikusmuga Eguzki Sistematik kanpo zabaldu zuen.

Izar sistema egokiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planetako bizigarritasunaren ulermena izarretan hasten da. Orokorrean Eguzkiaren antza duten gorputzak ugariak izan daitezken arren, garrantzitsua da ere kokatzen diren sistema biziarekin bateragarria izatea. 2002an SETI-ren Phoenix Proiektuaren babesarekin Margaret Turnbull eta Jill Tarter zientzialariek “HabCat”-a (“Izar Sistema Bizigarrien Katalogoa”) garatu zuten. Katalogoa Hipparcos Katalogoaren 120.000 izarrak galbahetzen prestatu zen 17.000 “HabStars”-ez osatutako taldearekin geratu arte, eta erabili zituzten hautaketa kriterioak abiapuntu ona osatzen dute planeta bat bizigarria izateko faktore astrofisikoen beharraren zergatia ulertzeko.[1]

Mota espektrala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izar baten mota espektralak sekuentzia nagusiko izarren kasuan bere erabateko masarekin koerlazionatua dagoen fotosferaren tenperatura adierazten du. Gaur egun “HabStars”-entzako lerrun espektral egokia “F baxu”-tik edo “G”-tik “K ertain”-eraino doala kontsideratzen da. Hau 7000 K-tik 4000 K-ra doazen tenperaturei dagokie; Eguzkia (ez da kointzidentzia) muga hauen arteko puntu erdian dago, eta G2 izarra bezala sailkatuta dago. Hau bezalako "ertain klaseko" izarrek bizigarritasun planetarioarentzako garrantzitsuak kontsideratzen diren ezaugarri batzuk dituzte:

  • Hainbat mila milioi urteko bizia dute gutxienez, bizia eboluzionatzeko aukera emanez. Sekuentzia nagusiko “O”, “B” eta “A” motatako izarrak, argitsuagoak, mila milioi urte baino gutxiago bizi ohi dira eta aparteko kasutan 10 milioi urte baino gutxiago[2] (2).
  • Marea akoplamendua eragiten ez duen distantzian orbitatzen duten planeten azalean ur likidoa existitu daiteke (ikus hurrengo atala eta 3.2).

Izar hauek ez dira ez “oso beroak” ez “oso hotzak”, eta bizia agertu ahal izateko denbora nahikoa bizi izaten dira. Lerrun espektral honek Esne Bideko izarren % 5-10 inguru suposatzen du. “K baxu” eta “M”-ko motatako izarrak (“nano gorriak”) planeta bizigarriak izateko egokiak diren ala ez bizigarritasun planetarioaren eremuan erantzunik gabe dagoen koskarik garrantzitsuena da, izar gehienak lerrun horretan sartzen direlako.

Gune bizigarri egonkor bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gune bizigarri teoriko batzuen lerrun bat, masa desberdinetako izarrekin (gure eguzki sistema erdi-puntuan dago).

Gune bizigarria (GB) izar bat inguratzen duen ‘azala’ da, non edozein planetak bere gainaldean ur likidoa izango luke. Ur likidoa bizia existitzeko osagairik garrantzitsuena da energia iturri bat eta gero, Lurreko izaki bizidun guztientzat duen funtsezko garrantzia kontuan harturik. Honek urarekiko dependentzia duen espezie baten aurreiritziak islatu ditzake, eta urarik gabeko egoera batean bizia aurkitzen bada (amoniako likidoko disoluzio batean, adibidez), GBren nozioa asko zabaldu beharko litzateke edota guztiz baztertu oso murritzailea izango litzatekelako (3).

GB “egonkor” batek bi faktore inplikatzen ditu. Lehenengo, GB baten lerruna ez da asko aldatu behar denboran zehar. Zahartzean izar guztiek argitasuna irabazten dute eta euren gune bizigarriak kanporuntz desplazatzen dira, baina prozesu honen abiadura gehiegizkoa baldin bada (izar supermasibo batekin, adibidez), planetek leiho labur bat bakarrik izango lukete gune bizigarriaren barruan, eta ondorioz bizia garatzeko probabilitate txikiagoa. GB baten lerruna eta bere mugimendua kalkulatzea inoiz ez da erraza, karbonoaren zikloa bezalako atzeraelikadura ziklo negatiboek argitasun gehikuntzak desplazatzeko joera dutelako. Egoera atmosferikoei buruz egiten diren suposizioek eta geologiak gune bizigarriaren lerrunean eguzki eboluzioak adina eragina dute; Eguzkiaren gune bizigarriarentzako proposaturiko parametroek, adibidez, asko fluktuatu dute.[4].

Bigarren, ezin da existitu erraldoi gaseoso bat bezalako gorputz masiborik gune bizigarriaren barnean edota gune honetatik hurbil, Lurra bezalako gorputzen eraketan interferitzen. Asteroide-gerrikoaren masa, adibidez, dirudienez ez zen materiaren gehitze prozesuaren bidez planeta bat sortzeko gai izan Jupiterrekin erresonantzia orbitalak zeudelako; planeta erraldoi hau orain Artizarra eta Marte planeten orbiten artean dagoen espazioan agertu izan balitz, seguraski Lurrak ezin izan zitekeen orain daukan forma garatu. Erraldoi gaseoso batek GBaren barnean eta kondizio zehatz batzuetan ilargi bizigarriak izan litzakeela dioten seinaleek lehenago esandakoa orekatu dezakete[5]. Lehen Eguzki sistemaren patroia, hau da, barnean planeta harritsuak eta kanpoan planeta erraldoi geseosoak, leku guztietan errepikatzen zela suposatzen zen, baina eguzkitik kanpoko planeten aurkikuntzek ideia hau baztertu dute. Jupiterren tamainako gorputz asko aurkitu dira euren orbita bere izar primarioetatik hurbil deskribatzen, GB potentzialak zapuztuz. Posible da gaur egun eguzkitik kanpoko planetei buruz ditugun datuak bakarrik orbita txikiak eta eszentrikoak dituzten planeta handien kasuan baliagarriak izatea, askoz errazago identifikatzen direlako; ezezaguna da oraindik zein eguzki sistema mota den eredua.

Izar aldakuntza baxua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argitasun aldaketak izar guztietan gertatzen dira, baina fluktuazio hauen tamainak lerrun handi bat hartzen du. Izar gehienak nahiko egonkorrak dira, baina izar aldakorren gutxiengo esanguratsu batek bat-bateko argitasun gehitze handiak jasaten ditu, eta ondorioz orbitan dauden beste gorputzetara erradiatzen den energia ere handitzen da. Izar hauek planeta bizigarriak izateko hautagai txarrak kontsideratzen dira, bere portaera aldez aurretik jakin ezin izateak eta bere energia emisioetan gertatzen diren aldaketek eragin negatiboa izango luketelako organismoetan. Tenperatura zehatz batetara ohituta dauden izaki bizidunak gehiegizko tenperatura aldaketara moldatzeko izan ditzaketen zailtasunak dira ondoriorik garbiena. Are gehiago, argitasun gehikuntzak bizia arriskuan jarri ditzaketen sekulako gamma izpi eta X izpi dosiekin batera gertatu ohi dira. Atmosferek ondorio hauek arintzen dituzte (Eguzkiaren argitasunaren % 100eko gehikuntza absolutuak ez luke beharrez Lurraren tenperatura absolutuaren % 100eko gehikuntza suposatuko), baina baliteke izar aldakorren inguruan euren orbita deskribatzen dituzten planetek atmosferen babesa ez izatea gorputz hauek zunpatzen duen maiztasun altuko energiaren eraginez.

Eguzkiak arrisku hau saihesten du: eguzki maximoaren eta minimoaren arteko aldakuntza % 0,1ekoa da, bere 11 urteko eguzki zikloan zehar. Nabariki (ukaezina ez den arren) Eguzkiaren argitasunean gertatu diren aldaketek eragin nabaria izan dute Lurraren klimarengan historian zehar; posible da, adibidez, bigarren milurteko Izotz Aro Txikia eguzkiaren argitasunaren epe luzerako urripenak eragitea[6]. Beraz, ez da beharrezkoa izar bat benetako izar aldakorra izatea argitasunaren aldaketek bizigarritasunarengan eraginak izateko. Ezagutzen diren Eguzkiaren “bikien” artean Eguzkiaren antza handiena duen izarra 18 Scorpii dela kontsideratzen da; interesgarria da (eta, aldi berean, zoritxarrekoa handik hurbil bizia existitzeko aukerentzat) bi gorputzen arteko desberdintasun esanguratsu bakarra eguzki zikloaren zabaltasuna izatea, 18 Scorpiiren kasuan askoz handiagoa, dirudienez[7].

Metalikotasun altua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein izarraren funtsezko elementuak hidrogenoa eta helioa diren arren, pisuko elementu kantitateari dagokionez aldakuntza handia dago. Izar bateko metal proportzio handi bat disko protoplanetarioan dagoen material astun erabilgarriarekin koerlazionatua dago. Metal kantitate txiki batek izar baten inguruan planetak sortzeko probabilitateak neurri handi batean gutxitzen ditu, sistema planetarioen eraketari buruzko eguzki nebulosaren teoriaren arabera. Metal gutxi duen izar baten inguruan sortutako edozein planetak oso masa gutxi izango du, seguraski, eta ondorioz ez da bizia garatzeko aproposa izango. Orain arte, exoplaneta bat aurkitu den sistemen ikerketa espektroskopikoek edukiera metaliko altua eta planeten eraketaren arteko erlazioa baieztatzen dute: “planetak dituzten izarrak, edo, behintzat, gaur egun aurkitzen ditugun antzeko planetak dituztenak, planetak ez dituzten izarrak baino askoz metal kantitate handiagoa dute, garbiki”[8]. Metalikotasun altuak gaztetasun betekizun bat ere ezartzen die ‘’habstars’’-ei: unibertsoaren historiaren hasieran sortutako izarrek metal edukiera baxua dute, eta ondorioz, planetak izateko probalitate handiago.

Ezaugarri planetarioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Planeta bizigarriei buruzko suposaketa nagusiak harritsuak direla dio. Planeta hauek, Lurraren masaren magnitude ordena baten barruan daudenak, gutxi gora behera, silikato harriez osaturik daude batez ere, eta ez dira erraldoi gaseosoetan aurkitzen diren kanpo hidrogeno eta helio geruzetatik sortu. Posible da bizia garatzea planeta erraldoien goi hodeietan (4), baina ez du ematen gerta daitekeenik ez dutelako azalarik eta bere grabitatea oso handia delako[9]. Beste aldetik, planeta erraldoien satelite naturalak guztiz baliozko hautagaiak dira bizia garatzeko[10].

Bizia baimentzeko probabilitate handiena zein giro duen aztertzean, bakterioak edota arkeak bezalako organismo zelulabakarren eta metozooak (animaliak) bezalako organismo konplexuen artean bereizketa egiten da. Zelulabakartasunak zelulaniztasunean du jatorria beharrez, eta organismo zelulabakarrak agertzen diren lekuetan ez dago konplexutasun hori baino handiagoa garatuko dela dioen elementurik (6). Behean zerrendatutako ezaugarri planetarioak normalean bizia sortzeko erabakigarriak kontsideratzen dira, baina kasu guztietan bizigarritasunari agertzen zaizkion oztopoak zorrotzagoak kontsideratu behar dira landareak bezalako organismo zelulanitzen eta animalien kasuetan bizia zelulabakarraren kasuan baino.

Marte, bere atmosferarekin, Lurra Eguzkitik antzeko distantzia batera egongo balitz izango lituzkeenak baino tenperatura hotzagoak ditu.

Masa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masa gutxiko planetak hautagai txarrak dira bizia garatzeko bi arrazoirengatik. Lehenengo, bere grabitate baxuak zaila egiten du atmosfera mantentzea. Molekula osatzaileek ihes-abiadurara heltzeko eta espazioan galtzeko probabilitate gehiago dute eguzki haizeak bonbardatzen dituenean edota talka batek astintzen dituenean. Atmosfera lodia ez duten planetek ez dute biokimika primario batentzako beharrezkoa den materiala, isolamendu gutxi dute eta bero transferentzia gutxi bere azalaren artean (adibidez, Martek, atmosfera mehea duenez, Lurrak antzeko distantzian izango lukeen tenperatura baino hotzagoa du) eta maiztasun altuko eradiazioaren eta meteoroideen kontrako babes gutxiago. Gainera, atmosfera 0,006 lur atmosfera baino txikiagoa baldin bada, ezin da ur likidoa existitu beharrezkoa den presio atmosferikora ez heltzeagatik, 4,56 Torr edo mmHg (608 paskal). Ura likidoa den tenperaturen lerruna txikiagoa da presio baxuetan, orokorrean.

Bigarren, planeta txikiek diametro txikiak dituzte eta, ondorioz, planeta handiak baino gainazal/bolumen proportzio handiagoa. Gorputz hauek osatu eta gero soberan geratu zen energia azkar galtzeko joera dute eta geologikoki hilda geratzen dira, bizia garatzeko gainazalak behar dituen materialak eta atmosferarako karbono dioxidoa bezalako tenperatura moderatzaileak hornitzen dituzten sumendi, lurrikara eta aktibitate tektonikorik gabe. Plaken tektonika bereziki erabakitzaile dela dirudi, Lurrean behintzat: ez du bakarrik mineralak eta konposatu kimiko garrantzitsuak birziklatzeko balio, biodibertsitatea ere sustatzen du kontinenteak sortuz eta giro konplexutasuna handituz eta lur eremu magnetikoa sortarazteko beharrezkoak diren zelula konektiboak sortzen laguntzen du.[11].

“Masa gutxi” etiketa erlatiboa da, nolabait; Lurrak masa gutxi duela kontsideratzen da Eguzki Sistemako erraldoi gaseosoekin konparatzen denean, baina, gorputz harritsuen artean, handiena da diametroari eta masari dagokionez, eta baita dentsitate handienekoa ere  (5). Bere grabitatearekin atmosfera bat eusteko moduko tamaina dauka eta bere nukleo likidoa bero iturri izaten jarraitzeko, azalaren geologia anitza bultzatuz (planeta baten nukleoan elementu erradioaktiboen deskonposizioa berotasun planetarioaren beste osagai garrantzitsu bat da). Marte, aldiz, ia (edo agian guztiz) hilda dago geologikoki, eta bere atmosferaren parte handi bat galdu du[12]. Beraz, bizigarritasunerako masa minimoaren muga Marte eta Lurra edo Artizarraren arteko puntu batean dagoela ondorioztatzea zuzena izango litzateke. Aparteko inguruabarrek aparteko kasuak eskaintzen dituzte: Jupiterren Io sateliteak (planeta harritsuak baino txikiagoa) sumendi aktibitatea dauka bere orbitak induzitutako tentsio grabitatorioak direla eta; bere bizilaguna den Europak azal izoztu baten pean ozeano likido bat izan dezake, erraldoi gaseoso baten inguruko orbitan sortutako energiaren eraginez ere; Saturnoren Titan ilargia, bestalde, bizia izateko posibilitate txiki bat dauka, atmosfera lodi bat mantentzen duelako eta bere azaleko metano likidoan erreakzio kimikoak posibleak direlako. Satelite hauek oso bereziak dira, baina masa ezin dela bizigarritasunaren irizpide definitiboa kontsideratu frogatzen dute.

Azkenik, planeta handi batek burdin nukleo handi bat izatea normala da. Honek planeta eguzki haizetik babesten duen eremu magnetiko baten existentzia ahalbidetzen du. Masa ez da ezinbesteko irizpide bakarra eremu magnetiko bat sortzeko (planetak bere nukleoaren barruan dinamo efektua sortzeko beharrezkoa den azkartasunez biratu behar du ere[13]) baina prozesuaren osagai esanguratsu bat da.

Orbita eta errotazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste bi irizpideetan bezala, ezaugarri orbitalek eta errotazionalek bizigarritasun planetarioarengan dituzten efektuak finkatzeko kontsiderazio kritikoa da egonkortasuna. Eszentrikotasun orbitala objektu primarioarekiko distantzia handien eta txikien arteko diferentzia da. Gero eta eszentrikotasun handiagoa, gero eta handiagoa da planeta baten azalaren tenperatura fluktuazioa. Adaptagarriak diren arren, izaki bizidunek bakarrik neurri baten jasan ditzakete aldakuntzak, batez ere fluktuazioek planetaren disolbatzaile biotiko nagusiaren (adibidez, Lurreko ura) bai izozte puntua bai irakite-puntua gainditzen badituzte. Gero eta konplexutasun handiagoa, gero eta sentsibilitate handiagoa dauka organismo batek tenperaturekiko[14]. Lurraren orbita ia zircularra da, 0,02 baino eszentrikotasun txikiagoarekin; geure sistemako beste planeta batzuek (Pluton planeta nanoa eta Merkurio izan ezik) bizia sortzeko kaltegarriak ez diren eszentrikotasunak dituzte ere.

Eguzkitik kanpoko planeten eszentrikotasunari buruz jasotako datuek zientzialariak harritu dituzte: % 90ak eguzki sistemako planetena baino eszentrikotasun handiagoa dauka., eta batez besteko datua 0,25 da[15]. Hau laginaren alborapen baten emaitza izan daiteke. Askotan planetak ez dira zuzenean ikusten, eta euren izarrean eragiten duten kulunkaren bitartez ondorioztatzen dira. Gero eta eszentrikotasun handiagoa, gero eta handiagoa da izarrarenganako perturbazioa, eta, ondorioz, planeta antzemateko posibilitateak handiagoak dira.

Biziak eboluzionatzeko aukera izateko planeta baten mugimenduak bere errotazio ardatzaren inguruan hainbat irizpide bete behar ditu. Lehen suposaketa bat planetak urtaro moderatuak izan behar dituela da. Ekliptikoaren perpendikularrarekiko inklinazio axial gutxi edo eza baldin badago, ez da urtarorik egongo eta, ondorioz, biosferaren dinamikaren funtsezko eragingarri bat desagertu egingo da. Planeta, inklinazio esanguratsu bat izango balu baino askoz hotzagoa izango litzateke ere: erradiazio handiena beti ekuadorraren gradu gutxi batzuen barruan erortzen denean, klima beroak ezin du polarra gainditu eta azkenean hotzagoak diren sistema klimatiko polarrek menperatzen dute planetaren klima.

Bestalde, planeta bat erradikalki inklinatua baldin badago, urtaroak muturrekoak izango dira eta hauek biosferak homeostasia lortzea zaildu egingo dute. Kuaternarioan Lurrak poloetako izotzaren murrizketarekin, tenperatura beroagoekin eta urtaro aldakuntza gutxiagoarekin batera heldutako inklinazio axial handiagoa zuen arren, zientzialariek ez dakite joera hau amaierarik gabe jarraitu izango balitz ardatzaren inklinazio handiagoarekin.

Gaur egun aldaketa hauen efektu zehatzak bakarrik ordenagailuz modelatu daitezke, eta ikerketek adierazten dutenez 85 gradu arteko muturreko inklinazioek ez dute bizia guztiz baztertzen, “urtaroki tenperatura altuena jasaten dituzten azalera kontinentalak okupatzen ez dituzten bitartean”[16]. Ez da bakarrik batez besteko inklinazio axiala kontuan hartu behar, denboran gertatzen den aldakuntza ere izan behar da kontuan. Lurraren inklinazioa 21,5 eta 24,5 graduen artean mugitzen da 41.000 urtetan. Aldakuntza gogorrago batek, edo askoz aldizkakotasun motzagoak, klima aldaketak eragingo lituzkete, hala nola urtaroen gogortasunaren aldaketak.

Orbitari buruz kontuan hartzeko beste puntu batzuk hauek dira:

  • Planetaren errotazioa erlatiboki azkarra izan behar da eguna-gaua zikloak gehiegizko luzera ez izateko. Egun batek urteak irauten badu, eguneko alboa eta gaueko alboaren arteko tenperatura diferentziala handia izango da, eta muturreko eszentrikotasun orbitalaren antzeko arazoak agertuko dira.
  • Errotazio ardatzean aldaketak (prezesioa) ez lirateke nabarmenak izan behar. Bere kabuz, prezesioak ez du bizigarritasunean aldaketarik eragiten, inklinazioaren norabidea aldatzen duelako, eta ez bere gradua. Hala ere, prezesioak beste beste desbidazio orbitalek eragindako aldakuntzak handitzeko joera dauka. Lurrean, prezesioak 23.000 urteko zikloa dauka.

Lurraren ilargiak paper erabakiorra jokatzen duela dirudi lurreko klimaren moderazioan inklinazio axiala tinkotzen duelako. Inklinazio kaotiko bat bizigarritasunerako zoritxarrekoa izan daitekela iradoki da; hau da, Ilargiaren tamainako satelite bat ez da bakarrik lagungarria, betebeharra baizik tinkotasuna emateko.[17]. Puntu honen inguruan desadostasuna dago (7).

Geokimika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orokorrean, existitu daitekeen edozein bizia estralurtarra bizia lurtarra oinarrituta dagoen oinarrizko kimika berean oinarrituta egongo dela onartzen da, bizirako ezinbestekoak diren elementuak, karbonoa, hidrogenoa, oxigenoa eta nitrogenoa badirelako ere elementu kimiko erreaktibo arruntenak unibertsoan. Egitez, aminoazidoak bezalako konposatu biogeniko sinpleak aurkitu dira meteorito eta izarrarteko espazioan. Lau elementu hauek Lurreko biomasa totalaren % 96a suposatzen dute. Karbonoak paregabeko gaitasuna dauka beste karbono atomoekin lotzeko eta estruktura anitzak eta nahasiak osatzeko, zelula biziek eratzen dituzten mekanismo konplexuak osatzeko material ezin hobea izanez. Hidrogenoak eta oxigenoak, ur egoeran, prozesu biologikoak gertatzen diren disolbatzailea osatzen dute, baita biziaren sorrera ahalbidetu zuten lehen erreakzioak gertatu ziren disolbatzailea ere. Karbonoa eta oxigenoaren arteko lotura kobalente indartsuak osatzean askatutako energia, konposatu organikoak oxidatzean erabilgarri, izaki bizidun konplexu guztien erregaia da. Lau elementu hauek aminoazidoak sortzeko balio dute. Aminoazidoak proteinak osatzen dituzten blokeak dira, ehun biziaren sustantzia.

Espazioan ugaritasun erlatiboak ez dauka beti islapena planetetan ugaritasun batean; bizirako ezinbestekoak diren lau elementuetatik, bakarrik oxigenoa da ugaria lurrazalean, adibidez[18]. Elementu hauetako asko, hidrogenoa eta nitrogenoa bezalakoak, karbono dioxidoa, karbono monoxidoa, metanoa, amoniakoa eta ura bezalako bere konposatu oinarrizkoenekin batera, tenperatura epeletan gaseosoak izateak esplikatu dezake hau. Eguzkitik hurbil dagoen eremu beroan, konposatu lurrunkor hauek ezin izan zuten paper esanguratsurik jokatu planeten eraketa geologikoan. Aldiz, era gaseosoan harrapatuak izan ziren azala gazteen pean, silizio dioxidoa (silizio eta oxigenoaren konposatu bat, oxigenoaren ugaritasun erlatiboaren berri ematen duena) bezalako konposatu harritsu ez lurrunkorrez osatuak zeudenak, gehienbat. Konposatu lurrunkorren askapena lehen sumendien bidez atmosferaren eraketan lagungarria izan zen, seguruenik. Miller-Urey esperimentuak aminoazidoak hasierako atmosfera batean konposatu sinpleen sintesiaz eratu zitezkeela frogatu zuen[19].

Dena den, sumendi gas askapenak ezin du Lurreko ozeanoetan dagoen ur kantitatea esplikatu[20]. Bizirako beharrezkoa den uraren (eta karbonoaren) gehiengoa kanpo eguzki sistematik iritsi behar izan zen, eguzki berotik urrun non egoera solidoan iraun ahal izan zuen. Baliteke Eguzki Sistemako lehen urteetan Lurra jo zuten kometek ur kantitate handiak uztea Lur gaztearen gainean, bizirako beharrezkoak diren beste konposatu lurrunkorrez gain (aminoazidoak barne), bizia garatzeko ignizio inarra proportzionatuz.

Beraz, lau “bizi elementuak” edozein lekutan eskuragarri daudela sumatzeko arrazoiak badaude ere, posible da sistema bizigarri batek epe luzean barne planetak ereinduko duen orbitan dauden gorputz horniketa ere behar izatea: posible da Lurrean ezagutzen dugun bizia kometa batek Lurraren kontra talka egin izan ez balu ez existitzea. Bestalde, posible da ere beste lekutan bizirako oinarri biokimikoa osatzen duten elementuak Lurrean ezinbestekoak diren elementu berak ez izatea.

Izar sistema alternatiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizia estralurtarraren bideragarritasuna finkatzeko, denbora askoan zehar astronomoek Eguzkia antzeko izarretan jarri dute arreta. Hala ere, Eguzki Sistemaren antza gutxi duten sistemetan bizia garatu ahal izateko posibilitatea ikertzen hasi dira.

Sistema bitarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Albireo, unibertsoan ugariak diren izar bitarretako bat

Estimazio tipikoek izar sistemen % 50-a edo gehiago sistema bitarrak direla diote. Honen arrazoi bat laginaren alborapena izan daiteke, izar masiboak eta argitsuak sistema bitarretan agertu ohi direlako eta ikusteko eta katalogatzeko errazenak direlako; beste analisi zehatzago batek izar arruntenek, argi gutxiago dutenak, normalean lagunkiderik ez dutela iradoki du, eta ondorioz izar sistema guztien bi heren bakartiak direla[21].

Sistema bitar batean izarren arteko distantzia unitate astronomiko (UA, Lurraren eta Eguzkiaren arteko distantzia) bat baino gutxiagotik zenbait ehunetara doa. Azken kasu honetan, izarretako bat orbitatzen duen planeta batengan eragin grabitatorioak mespretxagarriak izango dira, eta bere bizigarritasun planetarioa ez da trabatua ikusiko, behintzat orbita oso eszentrikoa ez baldin bada. Hala ere, distantzia esanguratsuki txikiagoa denean, orbita egonkor bat ezinezkoa izan daiteke. Planeta eta bere izar primarioaren arteko distantzia beste izarrera hurbiltzen den distantzia minimoaren bosten bat baino handiagoa baldin bada, egonkortasun orbitala ez dago bermatua[22]. Sistema bitarretan planetak eratzeko posibilitatea bera denbora asko daramatza garbi egon gabe, indar grabitatorioek planeten eraketan interferitu litzatekeelako. Alan Bossen lan teorikoak Carnegie Institutuan sistema bitarren inguruan erraldoi gaseosoak eratu daitezkeela frogatu du izar bakartiekin egiten duten era berean[23]. Alpha Centauriren (Eguzkitik hurbilen dagoen izar sistema) ikerketa batek planeta bizigarrien bilakuntzan sistema bitarrak ez direla baztertu behar iradokitzen du. Centauri A eta B-ren artean 11 UA-ko distantzia dago bere hurbilketa handienean (23 UA batez beste), eta biek gune bizigarri egonkorrak izan ditzakete. Sistema honetan simulatutako planeten egonkortasun orbitalaren epe luzeko ikerketa batek edozein izarretik 3 bat UA-tara kokatuta dauden planetak egonkorrak iraun daitezkeela frogatzen du (hau da, ardatz erdi handiena % 5 baino gutxiago desbideratzen da). Centauri A-ren Gune Bizigarriaren estimazio kontsebadore batek 1,2 edo 1,3 UA-tara kokatzen du eta Centauri B-rena 0,73 edo 0,74-ra — bi kasuetan eremu egonkorrean ongi barneratuak [24].

Nano gorria duten sistemak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tamainak eta izarren tenperatura fotosferiko erlatiboak. Irudiko bezalako nano gorri baten inguruan orbitatu dezakeen planeta batek asko hurbildu beharko da Lurreko antzeko tenperaturak lortzeko, marea akoplamendua eraginez, seguruenik

Nano gorri baten bizigarritasuna finkatzea unibertsoan biziaren arruntasun gradua finkatzeko lagungarria izan daiteke, nano gorriek galaxia osoko izarren % 70- 90 suposatzen dutelako. Seguraski nano marroiak nano gorriak baino ugariagoak dira. Hala ere, ez dira izar bezala klasifikatzen, eta ezin izango lukete inoiz bizia sustatu ezagutzen dugun bezala, askatzen duten bero gutxia azkar desagertzen delako.

Urte askotan zehar, astronomoek nano gorriak bizia garatzeko leku posible bezala baztertu dituzte. Euren tamaina txikiak (0,1-0,6 eguzki masa) euren erreakzio nuklearrak erritmo mantso itzelaz gertatzen direla esan nahi du, eta oso argi gutxi emititzen dute (Eguzkiak ekoizten duenaren % 3-0,01). Nano gorri baten inguruan orbitatu lezakeen planeta batek asko hurbildu beharko litzateke izarrera bere azalean Lurreko antzeko tenperatura lortzeko; 0,3 UA-tik (Merkurioren orbitaren barruan) Lacaille 8760 bezalako izar baterako 0,032 UA-ra Proxima Centauri bezalako izar baterako[25] (horrelako mundu batek 6,3 eguneko urtea izango luke). Distantzia horietan, izarraren grabitateak marea akoplamendu bat eragingo luke. Planetaren eguneko aurpegia beti izarrari begira egongo litzaioke, eta gaueko aurpegia, aldiz, beti aurkako norabidean. Bizia potentzialak infernua edo izozketa saihesteko modu bakarra planetak izarraren beroa egun aurpegitik gau aurpegira transferitzeko moduko atmosfera lodia izatea izango litzateke. Denbora askoan zehar horrelako atmosfera lodiak eguzki argia azalera ailegatzea saihestuko lukeela onartu zen, fotosintesia ezinduz.

Ikerkuntzak ezkortasun hau baretu du. NASAren Ames Research Centeraren (Kalifornia) Robert Harbele eta Manoj Joshiren ikerketek planeta baten atmosferak (CO2 eta H2O berotegi gasetaz konposatua egongo litzatekeela suposatuz) beroa gau aurpegiraino transferitzeko bakarrik 100 milibare (Lurraren atmosferaren % 10a) beharko lituzkeela frogatu dute[26]. Hau ongi dago fotosintesia gertatzeko behar diren mailen barruan, baina ura izotz moduan jarraituko luke gaueko aurpegian bere hainbat eredurentzat. Greenwich Community Collegeko Martin Heathek ozeanoetako arroek gau aurpegiko izotz azalpetik jario librea ahalbidetzeko adineko sakontasuna izango balute itsasoetako ura ere izoztu gabe zirkulatu litzatekeela frogatu du. Geroagoko ikertetek —fotosintetikoki aktiboa den erradiazio kantitateari buruzko ikerketa bat barne— nano gorria duten sistemetan orbitalki akoplatuta dauden planetak bizigarriak izango litzatekeela iradokitzen dute goi landareentzat behintzat[27]. Akoplamenduaren eragozpena planetak satelite bat izateko posibilitatea kontuan hartzen badugu edo satelitea bera bizigarritasunerako hautagai gisa kontsideratzen badugu desagertu daiteke.

  • Planetan bizigarritasuna ikertzen bada, sateliteak planetaren errotazioa planetaren inguruan egiten duen mugimenduarekin akoplamendua produzitzea posible da, planetak izarrari beti aurpegi bera erakustea saihestuz. Eguzki Sisteman Pluton planeta nanoan aurkitzen dugu adibide bat, bere ardatzaren inguruan bere satelitea den Carontek adina denboran (6,4 egun bira bat emateko) bira egiten duelako.
  • Satelitearen bizigarritasuna ikertzen bada, Eguzki Sistemako satelite gehienek (Ilargia barne) planetari beti aurpegi bera erakutsiz egiten dutela bira aurkitzen dugu, eta batzuk bizigarritasunerako egokiak diren periodotan egiten dute. Hala ere, Eguzki Sisteman ez dago bizigarritzat hartu daiteken sateliterik, ez dutelako bizia eusteko moduko tamaina.

Dena den, tamaina ez da nano gorri bat biziarekin bateraezina egin dezakeen faktore bakarra. Nano gorri bat orbitatzen duen planeta batean fotosintesia ezinezkoa izango litzateke gaueko aurpegian, inoiz ez litzatekeelako eguzkia ikusi. Eguneko aurpegian, eguzkia inoiz ez litzatekeenez ez atera ez gorde, mendi baten itzalpean dauden guneak horrela betirako egongo lirateke. Ezagutzen dugun fotosintesia konplikatua izango litzateke nano gorri batek bere erradiazio gehiena infragorrian ekoizten duelako, eta Lurrean prozesu hau argi ikusgarriaren menpe dago. Badago hainbat alderdi positibo eszenatoki honetan. Ekosistema lurtar askok kimiosintesiaren beharra dute fotosintesiaren ordez, nano gorria duen sistema batean posible izango litzatekeena. Eguzkiaren posizio estatikoak landareek hostoak eguzkira zuzentzeko beharra ezabatzen du, baita eguzkia/itzala patroiaz okupatzeko edo gauez fotosintesitik energia metatura aldatzeko beharra ez izatea ere. Eguna-gaua ziklorik gabe, goizeko eta arratsaldeko argi ahula barne, askoz energia gehiago egongo da eskuragarri erradiazio maila zehatz batean.

Nano marroiak bere lehengusu handiak baino askoz aldakorragoak eta bortitzagoak dira. Askotan euren argia hilabete batzuetarako gehienez % 40a gutxitu ditzaketen eguzki orbanez estalita daude, eta beste batzuetan, aldiz, hainbat minututan argitasuna bikoiztu ditzaketen sugar erraldoiak askatzen dituzte[28]. Aldakuntza hau oso kaltegarria izango litzateke biziarentzat, baina eboluzioa estimulatu lezake ere mutazio erritmoak handituz eta egoera klimatikoak bizkor aldatuz.

Hala ere, nano gorriek badute beste izarrek ez duten abantaila bat, bizigarritasunari dagokionez: denbora asko bizi dira. Gizadiak 4.500 milioi urte tardatu zuen Lurrean agertzeko, eta biziak, ezagutzen dugun bezala, beste 500 milioi urte gehiago bitartean izango ditu egoera aproposak[29]. Nano gorriek, aldiz, bilioika urtetan bizitzeko gaitasuna dute, euren erreakzio nuklearrak izar handiagoenak baino askoz mantsoagoak direlako, biziak eboluzionatzeko eta existitzeko denbora gehiago izan lezakeela esan nahi duena. Are gehiago, nano gorri zehatz baten gune bizigarrian planeta bat aurkitzeko probabilitatea txikia den arren, nano gorri guztiak elkartuta inguruko gune bizigarri kantitate totala Eguzkia antzeko izarren inguruan dagoen kantitate totalaren parekoa da, euren ubikuotasuna dela eta[30].

Beste hausnarketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biokimika alternatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizia estralurtarrari buruzko ikerketa gehienek bizi era eboluzionatuek existitzeko Lurrean ematen diren antzeko egoeren beharra dutela dioten bitartean, biokimika alternatiboaren hipotesiak Lurrean ezagutzen dugun metabolismoa erabiltzen ez duten izaki bizidunak existitu daitezkeela dio. Posible da Lurrean ezinbestekoak diren elementuez gain beste leku batean bizi oinarria errazten duten elementuak beste elementu desberdinak izatea. Karbonoan oinarrituta ez edo uraren beharra behar ez duten ziklo biokimikoei buruzko ideia fikzioan aztertu da, batez ere. Evolving the Alien-en, Jack Cohen biologoak eta Ian Stewart matematikariak Rare Earth (lur arraroa) hipotesian oinarritutako astrobiologia murritzailea eta irudimen gabea dela diote. Haien ustez posible da Lurra bezalako planetak oso gutxi izatea, baina karbonoan oinarritutako bizi konplexua beste ingurugirotan sortu daitekela diote.

"Jupiter onak"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jupiter bezalako planeta erraldoi gaseosoek paper garrantzitsua jokatzen dute izar sistema batean

"Jupiter onak" Jupiter bezalako planeta erraldoi gaseosoak dira, eta Jupiter bezala gune bizigarria (GB) ez aztoratzeko distantzia nahikora orbitatzen dute orbita zirkularretan baina hurbiltasun nahikora orbita hurbilagoak dituzten planeta harritsuak bi eratara “babesteko”. Lehenengo, barne planeten orbitak eta, ondorioz, klimak egonkortzen laguntzen dute. Bigarren, barne eguzki sistema talka suntsitzaileak eragin litzaketen kometa eta asteroiderik gabe mantentzen dute[31]. Jupiterrek bost aldiz Lurra eta Eguzkia artean dagoen distantziara orbitatzen du Eguzkia. Hori da, gutxi gora behera, beste lekutan Jupiter onak aurkitzea espero behar dugun distantzia. Jupiterrek daukan “atezain” rola 1994an era ikusgarrian azaldu zen, Shoemaker-Levy 9 kometak erraldoiaren kontra talka egin zuenean; Jupiterren grabitateak kometa harrapatu izan ez balu, barne eguzki sisteman sartu ahal zitekeen.

Eguzki Sistemaren historiaren hasieran, Jupiterrek kontrako papera jokatu zuen: asteroide gerrikoaren orbitaren eszentrikotasuna handitu zuen eta planetan konposatu garrantzitsuak utzi zituzten objektu askok Lurraren orbita gurutzatzea ahalbidetu zuen. Lurra orain daukan masaren erdira heldu baino lehen, Jupiter eta Saturnoko eremuko gorputz izoztuek eta lehenbiziko asteroide gerrikoaren gorputz txikiek Lurrari ura eman zioten Jupiterren dispertsio grabitatorioa eta, neurri txikiagoan, Saturnorena zirela eta[32]. Horrela, gaur erraldoi gaseosoak eskerroneko babesleak diren bitartean, lehen bizigarritasunerako funtsezkoa den materialaren hornitzaileak izan ziren.

Gune bizigarritik gehiegizko hurbiltasunean baino gune horretan sartu gabe (47 Ursae Majorisen bezala) edo gune bizigarria gurutzatzen duen oso orbita eliptikoa (16 Cygni B bezala) duten Jupiterren tamainako gorputzek, aldiz, zaila egingo dute sisteman planeta harritsu edo bat existitzea. Ikus gune bizigarri egonkor baten esplikazioa goian.

Galaxian kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzialariek galaxietako hainbat gune (gune bizigarri galaktikoak) bizirako besteak baino egokiagoak izateko posibilitatea ere ikertu dute; bizi garen eguzki sistema, Oriongo Besoan, Esne Bidea galaxiaren ertzean, bizirako puntu laguntzailean dagoela kontsideratzen da[33]:

  • Ez dago kumulu globular batean, non izarren dentsitatea bizirako kontrakoa da, gehiegizko erradiazioa eta aztorapen grabitatorioak direla eta. Gainera, kumulo globularrak izar zaharrez osatuta daude batez ere, metal gutxirekin seguraski.
  • Ez dago gamma izpi iturri aktibo batetik hurbil.
  • Ez dago nukleo galaktikotik hurbil, non berriz izar dentsitateak erradiazio ionizatzaile kantitatea handitzen du (magnetarsenak eta supernobenak, adibidez). Hurbil dagoen edozein gorputzarentzat arriskutsua izan daiteken zulo beltz supermasibo bat galaxiaren erdian existitzen dela uste da ere.
  • Eguzkiak zentro galaktikoaren inguruan deskribatzen duen orbitak beso espiraletatik kanpo mantentzen du, non erradiazio bortitzak eta grabitatea biziarekin bateraezinak izan zitezkeen[34]

Beraz, bizirako egokia den sistema batek behar duena bakartasun erlatibo bat da. Eguzkia sistema ugariez betetako gune batean egongo balitz, bizia ezinezkoa egingo lezaken erradiazio iturri arriskutsu batetik hurbil egoteko probabilitatea esanguratsuki handituko litzateke. Are gehiago, bizilagun hurbilek barne eguzki sisteman sartu ezkero katastrofe bat eragin lezaketen Oorteko hodeiko eta Kuiperren Gerrikoko objektuak bezalako egonkortasuna aztoratu lezaketen.

Izar ugariez betetako gune bat bizigarritasunerako desabantailatsua izan daiteken arren, muturreko isolamendua desabantailatsua da ere. Eguzkia bezalako metaletan aberatsa den izar batek ez litzateke Esne Bideko kanpoaldeeneko guneetan eratu, metal kantitate erlatiboaren murrizketa eta izar eraketa gabezia orokorra direla eta. Beraz, gure Eguzki Sistemak gozatzen duen “hiri inguruko” kokapena galaxiaren erdia edo gune urrunagoak baino hobea da[35]

Biziaren eragina bizigarritasunean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biziaren sorrera errazten duten faktoreei gehigarri interesgarria bizitza, behin sortua, bizigarritasun faktore bilakatzen dela dioen nozioa da. Lurrean adibide garrantzitsu bat antzinako cyanobacteriaek lehen eta landare fotosintetikoek geroago oxigenoa ekoiztea izan zen, lur atmosferaren konposizioaren aldaketa erradikala eraginez. Oxigeno hau funtsezkoa izan zen geroago sortu ziren animalia espezieentzat.

Bizia eta geroagoko bizigarritasunaren arteko interakzio hau era askotara ikertu da. Gaia hipotesiaren arabera, 1975ean Sir James Lovelockek ezarritako geobiosferaren eredu zientifiko mota bat, biziak berarentzat aproposak diren egoerak sustatu eta mantentzen ditu, bere jarraikortasunarentzat ingurugiro planetario egokia sortzen lagunduz; bere bertsio dramatikoenean, Gaia hipotesiak sistema planetarioak organismo mota bat bezala jokatzen dutela iradokitzen du. Bizi forma arrakastatsuenek euren jarraikortasuna segurtatzeko airea, ura eta zoruaren konposizioak aldatzen dituzte— ekologian onartutako legeen luzapen eztabaidagarria.

Biotak aurreikuspen koordinatu bat ezagutaraztearen ondorioa zalantzan jartzen da, azientifikoa eta faltsutugaitza delakoan. Hala ere, nagusia den korrontearen ikerlari askok antzeko ondoriotara ailegatu dira Lovelocken teologia beharrez onartu gabe. David Grinspoonek “mundu bizien hipotesi” bat iradoki du. Honen arabera bizigarritasunak suposatzen duenari buruz daukagun ulermena ezin da jadanik planeta batean existitzen den bizitik banandu. Gainera, geologikoki eta meteorologikoki bizirik dauden planetek biologikoki bizirik egoteko askoz probabilitate gehiago dute, eta “planeta batek eta bere biziak batera eboluzionatuko dute”[36].

2004ean argitaratutako “Planeta pribilegiatua” liburuan, Guilermo Gonzálezek eta Jay Richardsek planeta baten bizigarritasuna eta planeta horrek gaindiko unibertsoa ikusteko duen egokitasunaren arteko erlazio posiblea ikertzen dute. Lurrak biziarentzat posizio “pribilegiatua” duela dioen ideia hau zalantzan jarri da bere inplikazio filosofikoak direla eta, eta bereziki Kopernikoren printzipioa hausten duelako.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1. oharra: Artikulu hau gaur egungo fisika zientziaren ikuspuntutik egindako bizigarritasun planetarioaren analisi arrazoitua da. Bizi estralurtarraren probabilitatearen esplikazioa lortzeko, ikus Drakeren ekuazioa eta Fermiren paradoxa.

2. oharra: Bizia Lurrean planeta eratu eta 500 milioi bat urte geroago sortu zela dirudi. “A” motako izarrak (600-1200 milioi urte bizi direnak) eta “B” motako izarren parte txiki bat (10-600 milioi urte bizi direnak) leiho honen barruan sartzen dira. Sistema hauetan bizia sortu litzateke, teorian behintzat, baina denbora tarte hauek ikusita eta argitasunaren gehikuntzak oso azkar gertatuko liratekeela kontuan harturik, bizi hori maila konplexua heltzera ez litzatekeela ailegatuko esan daiteke. Bizia “O” motako izarretan agertzeko probabilitatea oso txikia da, 10 milioi urte baino gutxiago bizi ohi direlako.

3. oharra: Europan eta, neurri txikiagoan, Titanen (3,5 eta 8 unitate astronomiko Eguzkiaren gune bizigarritik kanpo, hurrenez hurren) bizia estralurtarra izatea susmatzeak GBaren kriterioaren izera problematikoa azpimarratzen du. Bizigarritasunaren bigarren eta hirugarren mailako deskripziotan planeta bizigarriak gune bizigarriaren barruan egon behar direla esan ohi da, oraindik frogatzear dagoen arren.

4. oharra: Evolving the Alien-en Jack Cohenek eta Ian Stewartek planeta gaseosoetako goi hodeietan bizia eratzeko eszenatoki onargarriak ebaluatzen dituzte. Carl Saganek Artizarraren hodeiek bizia ostatu lezaketela iradoki zuen.

5. oharra: Gure Eguzki sisteman “masa jauzi” bat existitzen da Lurra eta bi erraldoi gaseoso txikien artean, Urano eta Neptuno, biek 14 lur masarekin. Kointzidentzia da, seguraski, bitarteko gorputzak eratzeko ez dagoelako oztopo geofisikorik (ikus, adibidez, Eguzkitik kanpoko OGLE-2005-BLG-390Lb planeta) eta galaxian bi eta hamabi lur masa tarteko planetak aurkituko dira, seguraski. Bestalde, izar sistema egokia baldin bada horrelako planeta bat hautagai ona izango litzateke bizia garatzeko, barne dinamika izateko eta milaka milioi urteetan zehar atmosfera bat atxikitzeko tamaina nahikoa izango lukeelako, baina ez bizia eratzeko posibilitateak murriztuko lukeen estalki gaseoso bat areagotzeko bezain handia.

6. oharra: Mikroorganismo zelulabakarrak unibertsoan arruntak izateari buruz adostasun bat sortzen ari da, bereziki Lurreko extremofiloak lehen bizirako kontrakoak kontsideratzen ziren giroetan garatzen direla kontuan harturik. Bizi zelulaniztunaren sorkuntza potentzialak askoz eztabaidagarriagoa izaten jarraitzen du. “Rare Earth: Why Complex Life Is Uncommon in the Universe” lanean, Peter Waldek eta Donald Brownleek bizi mikrobioa oso zabaldua dagoela adierazten dute, eta bizi konplexua, ordea, oso arraroa dela eta, beharbada, bakarrik Lurrean existitzen dela. Gaur egun Lurraren historiari buruz dagoen ezagutzak teoria hau sostengatzen du zati batez: organismo zelulanitzak esplosio kanbrikoan sortu zirela uste da, duela 600 milioi urte, bizia agertu eta 3000 milioi urte baino gehiago eta gero. Lurreko bizia hainbeste denbora zelulabakarra irauteak organismo konplexuetara pauso erabakiorra ez dela beharrez gertatu behar adierazten du.

7. oharra: Teoria nagusiak dioenez, Ilargiaren eraketa Marte planetaren tamainako gorputz batek Lurra bere formazioaren azken fasean talka inklinatu batekin jo zuenean hasi zen, eta jaurtitako materiala aglomeratu eta orbitan sartu zen (ikus talka handiaren hipotesia). “Rare Earth”-en, Wardek eta Brownleek talka horiek arraroak direla esaten dute, Lurra-Ilargia sistemen probabilitatea murriztuz eta, ondorioz, beste planeta bizigarrien probabilitatea. Dena dela, badaude ilargiak eratzeko beste prozesu batzuk, eta planeta bat ilargirik gabe bizigarria izan daitekeela dioen teoria ez da gezurtatu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Turnbull, Margaret C., eta Jill C. Tarter. "Target selection for SETI: A catalog of nearby habitable stellar systems," The Astrophysical Journal Supplement Series, 145: 181-198, 2003ko martxoa. (Lotura). Habitability criteria defined—the foundational source for this article.
  2. Star Tables, California State University, Los Angeles
  3. Kasting, J.F., D.C.B. Whittet, and W.R. Sheldon. "Ultraviolet radiation from F and K stars and implications for planetary habitability," Origins of Life, 27, 413-420, 1997ko abuztua. (Lotura abstract interneten). Radiation by spectral type considered.
  4. Kasting, J.F., D.P. Whitmore, R.T. Reynolds. "Habitable Zones Around Main Sequence Stars," Icarus 101, 108-128, 1993. (Lotura). Detailed overview of habitable zone estimates
  5. Williams, Darren M., James F. Kasting, and Richard A. Wade. "Habitable moons around extrasolar giant planets," Nature, 385, 234-236, 1997ko urtarrila. (Lotura abstract interneten). Habitability of moons within the HZ considered.
  6. The Little Ice Age, University of Washington
  7. 18 Scorpii, www.solstation.com
  8. Santos, Nuno C., Garik Israelian and Michel Mayor. "Confirming the Metal-Rich Nature of Stars with Giant Planets," Proceedings of 12th Cambridge Workshop on Cool Stars, Stellar Systems, and The Sun, University of Colorado, 2003. (Lotura). Metallicity and the occurrence of extra-solar planets.
  9. "Could there be life in the outer solar system?" Eskolentzako bideokonferentzia motibatzaileak
  10. Darren Williams Doktorearekin elkarrizketa bat, www.ibiblio.org
  11. Ward, Peter and Donald Brownlee. Rare Earth: Why Complex Life is Uncommon in the Universe, 191-220 orr., Springer, 2000
  12. The Heat History of the Earth, James Madison University, Geology
  13. Magnetic Field of the Earth, Georgia State University
  14. Rare Earth, 122-123 orr.
  15. Bortman, Henry. Elusive Earths, Astrobiology Magazine, 2005eko ekainak 22.
  16. "Planetary Tilt Not A Spoiler For Habitation", Penn State-en argitalpena, 2003ko abuztuak 25
  17. Laskar, J., F. Joutel and P. Robutel. "Stabilization of the earth's obliquity by the moon," Nature, 361, 615-617, 1993ko uztaila. (Lotura abstract interneten). Necessity of Moon for stable obliquity considered.
  18. Elements, biological abundance David Darling Encyclopedia of Astrobiology, Astronomy and Spaceflight.
  19. "How did chemisty and oceans produce this?", Electronic Universe Project, University of Oregon.
  20. "How did the Earth Get to Look Like This?", Electronic Universe Project, University of Oregon.
  21. Most Milky Way Stars Are Single, Harvard-Smithsonian Center for Astrophysics-aren prentsa-agiria, 2006ko urtarrilak 30.
  22. Stars and Habitable Planets, www.solstation.com.
  23. Planetary Systems can form around Binary Stars, Carnegie Institute release, 2006ko urtarrilak 15.
  24. Wiegert, Paul A., and Matt J. Holman. "The stability of planets in the Alpha Centauri system," The Astronomical Journal 113 bol., 4 zkia., 1997ko apirila (Lotura). Potentially stable orbits and habitable zones around Alpha Centauri A and B.
  25. Habitable zones of stars, Kaliforniako Unibertsitatea
  26. Joshi, M.M., R. M. Haberle, and R. T. Reynolds. "Simulations of the Atmospheres of Synchronously Rotating Terrestrial Planets Orbiting M Dwarfs: Conditions for Atmospheric Collapse and the Implications for Habitability," Icarus, 129, 450–465, 1997 (Lotura). Analysis and modelling of atmospheric pressure on planets in Red Dwarf systems.
  27. Heath, Martin J., Laurance R. Doyle, Manoj M. Joshi, and Robert M. Haberle. "Habitability of Planets Around Red Dwarf Stars," Origins of Life and Evolution of the Biosphere, 29. bol., 4. zkia., 405-424, 1999 (Lotura). Water cycle, photosynthetic radiation, and the affect of flares on planets in Red Dwarf systems.
  28. Red, Willing and Able, www.kencroswell.com, New Scientist-en argitaratua, 2001ko urtarrilak 27.
  29. "'The end of the world' has already begun", Washingtoneko Unibertsitatearen argitalpena, 2003ko urtarrilak 13.
  30. "M Dwarfs: The Search for Life is On," Interview with Todd Henry, Astrobiology Magazine, 2005eko abuztuak 29.
  31. Bortman, Henry. "Coming Soon: 'Good' Jupiters", Astrobiology Magazine, 2004ko irailak 29.
  32. Lunine, Jonathon I. "The occurrence of Jovian planets and the habitability of planetary systems," Proceedings of the National Academy of Science 98 bol., 3 zkia., 809-814, 2001eko urtarrilak 20 (Lotura). The role of Jupiter in seeding the early Earth.
  33. Mullen, Leslie. Galactic Habitable Zones, Astrobiology Magazine, 2001ko maiatzak 28.
  34. Rare Earth, 26-29 orr.
  35. Dorminey, Bruce. "Dark Threat." Astronomy 2005eko uztaila: 40-45 orr.
  36. The Living Worlds Hypothesis, Astrobiology Magazine, 2005eko irailak 22.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cohen, Jack eta Ian Stewart. Evolving the Alien: The Science of Extraterrestrial Life, Ebury Press, 2002. ISBN 0-09-187927-2
  • Dole, Stephen H. Habitable Planets for Man, American Elsevier Pub. Co, 1970. ISBN 0-444-00092-5
  • Fogg, Martyn J., ed. "Terraforming" (artikulu berezia) Journal of the British Interplanetary Society, April 1991
  • Fogg, Martyn J. Terraforming: Engineering Planetary Environments, SAE International, 1995. ISBN 1-56091-609-5
  • Gonzalez, Guillermo eta Richards, Jay W. The Privileged Planet, Regnery, 2004. ISBN 0-89526-065-4
  • González, Guillermo; Richards, Jay Wesley. El planeta privilegiado: cómo nuestro lugar en el cosmos está diseñado para el descubrimiento, Palabra Edizioak, 2006, ISBN 978-84-8239-989-8
  • Grinspoon, David. Lonely Planets: The Natural Philosophy of Alien Life, HarperCollins, 2004.
  • Lovelock, James. Gaia: A New Look at Life on Earth. ISBN 0-19-286218-9
  • Schmidt, Stanley and Robert Zubrin, eds. Islands in the Sky, Wiley, 1996. ISBN 0-471-13561-5
  • Ward, Peter and Donald Brownlee. Rare Earth: Why Complex Life is Uncommon in the Universe, Springer, 2000. ISBN 0-387-98701-0

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]