Exobiologia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
NASAren ibilgailua Martitzen

Exobiologia Lurretik kanpoko bizia ikertzen duen biologiaren adarra da. Astrobiologia izenarekin ere da ezaguna. Jakintza-alor anitzeko zientzia da, astronomia, kimika, geologia, antropologia eta biologia bera oinarritzat dituena. Gaur egun bere jarduera guztiz teorikoa da, orain arte ez baita inon aurkitu Lurretik kanpoko izaki bizidunik.

Zientzia honen lan eremuan Lur gaineko biziaren sorreraren ikerketa dago ere, Lurrean bizia nola sortu zen jakitea oso lagungarri baita Unibertsoko beste tokitan bizia bilatzeko. Lurreko bizi-eredua besterik ez dugunez, bilaketa horretan Lurrean bizia agertu zenean zeuden kondizioak bilatzen dira beste planetetan ere.

Exobiologia honako galdera hauei erantzuna ematen saiatzen da:

  • Zer da bizia?
  • Nola sortu zen bizia Lur gainean?
  • Lurretik kanpoko bizia al dago inon?
  • Bizi adimentsua da biziaren ezinbesteko gailurra?

Exobiologoen lana oso espekulatiboa da, baina aldi berean zorrotza eta zehatza. Gure planetan biziaren agerpena sortuarazi zuten baldintza fisiko-kimikoak ikertuz, zientzialariek -estrapolatuz- Unibertsoko zein txokotan dago aukera gehien bizia aurkitzeko ondorioztatzen dute. Espazio-bidaiek eta planeten esplorazioak exobiologoen ikerketa teorikoak osatu eta aberastuko dituzte hurrengo urteetan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Exobiologia Aldatu lotura Wikidatan