1934ko Iraultza Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
1934ko Iraultza Euskal Herrian
Motaarlo historikoa
Honen parte da1934ko Iraultza
Data1934
KokalekuEuskal Autonomia Erkidegoa
HerrialdeaEspainiako Bigarren Errepublika

1934ko Iraultzak Hego Euskal Herrian bere berariazko ezaugarri eta bilakaera izan zituen Espainiako Bigarren Errepublikaren bigarren biurtekoan zehar.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1933ko Espainiako hauteskunde orokorretan zentro-eskuinak irabazi eta Partido Republicano Radicalek gobernuak osatu zituen- lehendabizikoz Alejandro Lerroux eta bigarrenez Ricardo Samper buru zituztenak- parlamentuan CEDAren laguntza zutenak.[1] Honek 1931ko Espainiako Konstituzioak babesten zuen estatutu-bultzada eten zuen, CEDAren ustetan “aberriaren desintegrazioa”-ren arriskua zegoelako, eta autonomia izateko prozesuan zeuden tokitan tirabira handiak eragin zituen.[2]

1934ko otsailean Autonomia Estatutuaren onarpena gelditu zen. Euskal diputatu tradizionalista batek Araba alde batera uztea eskatu zuen, 1933ko azaroaren 3an egindako erreferendumean Araban beharrezko gehiengoa (%50a) lortu ez zutelako esanez (batez ere karlistek euskal estatutuaren kontra egin zutelako). Ekainaren 12an EAJ-k bere diputatuak Gorteetatik erretiratu zituen; alde batetik, Estatutuaren izapidea geldirik zegoelako eta, bestetik, Kataluniako Ezker Errepublikarrari elkartasuna adieraziz. Berme Konstituzionalen Epaitegiak Kataluniako Parlamentuak emandako Laborantza Kontratuen Legea bertan behere utzi zuenean, katalanek bere diputatuak ere erretiratu zituzten.[3]

1934ko udan, Ekonomia Ituna inguruko eztabaida bat piztu zen: Espainiako Gobernuak ardoaren zerga-erregimena aldatu nahi zuen. Udalek, eta haietatik asko jeltzaleen eskuetan zeudenak eta Fernando Sasiain donostiar alkate errepublikanoak zuzenduak, matxinada instituzional bat eragin zuten. Gatazkaren giltza abuztuaren 12rako deitutako hauteskundeak izan ziren. Zeharkako hauteskunde hautetan (zinegotziek bozkatzen zuten) Ekonomia Ituna defendatzeko biltzar bat hautatzen zuten. Gobernuak baliabide guztiak erabili zituen biltzarra ez osatzeko: mila alkate eta zinegotzi baino gehiago atxilotu zituen eta hainbat batzorde kudeatzaile izendatu zituen Udalak ordezkatzeko.[4]

Gatazkaren une gorena irailaren lehenengo hamabostaldian izan zen. Hilaren 2an Indalecio Prieto buruan zuten euskal diputatuak, sozialista zein jeltzaleak, ERC-ko zenbait diputatuen laguntza zutenak, Zumarragan bildu ziren udalei elkartasuna adierazteko. Hala ere, EAJ-k ez zuen alderdiek biltzar batzuk osa zitzaten proposamena onartu, bere ustez, udalen mugimenduak norabide "politiko" bat hartuko zuelako, sozialisten jada prestatzen ari ziren "iraultzarekin" bat egingo zuena. Gainera, irailaren 28an diputatu jeltzaleek Parlamentura itzultzea adostu zuten eta bozeramaile batek EAJ-k ez zuela "greba orokor iraultzaile" moduan "bolo-bolo ibiltzen den mugimenduarekin" bat egingo adierazi zuen. Irailaren 7an euskal udalbatzarrek aho batez dimititu zuten eta, irailaren 10ean, gobernadore zibilak Ernesto Erkoreka Bilboko alkatea eta hogeita hamaika zinegotzi udaletik indarrez atera zituen. Atxilotuak Burgosko presondegira eraman zituen sedizioaren akusaziopean.

Irailaren 9an Donostian hotel baten jabe bat erail zuten: Manuel Carrión Damborenea falangisten buruzagia. Hurrengo egunean, baita Donostian ere, Manuel Andrés Casaus Acción Republicanako buruzagia hil zuten.[5] Hau Azañaren azken gobernuan Segurtasunaren zuzendari nagusia izan zen eta bere hileta-elizkizunak garai haietako Donostian izandako masa-mugimendurik handiena izan zen. Irailaren 15ean, Horacio Etxebarrieta bilbotar enpresaburua, Indalecio Prietoren lagun mina izandakoa, atxilotu zuten Asturiasen zuela gutxi Turquesa itsasontzian topaturiko kontrabandoko armekin lotura zuelakoan. Atxiloketa honi esker, gobernuak armak sozialistek aspalditik aditzera ematen zuten iraultzarako zirelaren errezeloa zabaldu nahi zuen.[6]

"Urria" Hego Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indalecio Prieto, buruzagi sozialista

Asturias eta Katalunia eta gero, Urriko Iraultzaren gertaerak larrienak Hego Euskal Herrian izan ziren. Greba iraultzaileak astebete iraun zuen (urriaren 5etik 12raino) eta 40 hildako izan ziren: gehienak matxinatuak, guardia zibil eta guardia de asalto bana, eta Marcelino Oreja Elosegi hil zuten, diputatu karlista eta Unión Cerrajeraren presidentea zena[7][8]

Sozialistek Euskal Herriaren garrantziari arreta handia eman zioten: Bilboaldea eta Meatzaldearen garrantzi estrategikoa, Eibarren hogeita hamar arma-lantegiak (horietatik bi kooperatiba sozialista zirenak) eta Indalecio Prietoren eragina Bizkaian. Beste aldetik, azken bi hilabeteetan izandako gertaerek Iraultzaren babesleei sostengua izateko itxaropena eman zioten.[7]

Hala ere, sozialistek ez zuten EAJ, (1933ko hauteskundeetan garailea izan zena), eta Eusko Langileen Alkartasuna sindikatuaren babesa izan.[9] Nahiz eta biek udalen “matxinada”n eta Zumarragako biltzarrean parte hartu, elkarte katolikoak ziren, sozialismoaren aurkakoak. Hori zela eta, iraultza hasi eta berehala, EBB-k bere kideei “edozein motako mugimenduan parte ez hartzea eta, beharrezkoa izanez gero, autoritateek emango dituen aginduak betetzea” eskatu zien.[10]

Araban sozialisten “greba orokor iraultzailea”k apenas ez zuen erantzunik izan (Gasteizen urriaren 6an okinek eta zenbait lantegi eta tailerrek lana utzi zuten; egunkariak, tabernak eta dendak martxan izan ziren eta ez zen inolako istilurik izan). Nafarroan ere antzekoa izan zen (salbuespena Altsasun izan zen non hilaren 8an guardia zibilek tiroz hil zuten grebalari bat, besoetan 14 hilabeteko semea zuela: Emilio Iguzkiza[11]). Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, greba iraultzaileak 5etik 12ra iraun zuen eta, Meatzaldean, 15raino ere.[12]

Gipuzkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoan urriaren 5ean, ostirala, “greba orokor iraultzaile” aldarrikatu eta lanuztea erabatekoa izan zen. Indarkeriazko istilu (indar publikoaren aurkako tiroketak, piketeak, poliziaren kargak, bonben eztandak) gutxi izan ziren, Eibarren eta Arrasaten, non benetako iraultza armatua izan zen, izan ezik.

Pasaian, urriaren 8 eta 9 arteko gauean, greba ia amaituta zegoenean eta ohikotasunera itzuli zenean, iraultzaile, soldadu eta guardia zibilen arteko tiroketa handia izan zen. Tiroketaren ondorioz, sei lagun hil ziren, denak matxinatuak zirenak.[13]

Eibarren grebalariek ia herri osoa hartu zuten, tartean udaletxea eta tren geltokia. Hala ere, ezin izan zuten zenbait tailerren eta guardia zibilaren erresistentzia gainditu. Hauek, inguruko herrien errefortzuak zituztelarik, kuartelean babesa hartu zuten. Tiroketa handienak urriaren 5eko goizean jazo ziren, noiz bost hildako (lau matxinatu eta guardia de asalto bat) izan ziren. Goiz horretan bertan, kalean elizatik zetorren Carlos Larrañaga buruzagi karlista erail zuten. Eibarko matxinada akabatzeko Emeterio Muga Gipuzkoako gobernadore zibilak plan bat martxan jarri zuen: Donostia eta Bilbotik guardia de asalto batzuk, metrailadorez hornituriko ibilgailu blindatuak zituztela, eta Gasteiztik bi infanteria-konpainia bidali zituen. Gainera, guardia zibilek zenbait irteera egin zuten, iraultzaileak ustekabez harrapatu zituztenak. Horri esker, guardia eta soldaduak herrian sartu eta urriaren 5eko arratsaldean bertan Toribio Etxebarria buruzagi sozialistak langile matxinatuaren errendizioa negoziatu zuen. 170 eibartar inguru matxinadan parte hartzeagatik gerra-kontseilutan jarri zituzten.[14]

Arrasaten, iraultza armatua ere izan zen, Eibarren bezala, guardia zibilaren aurkaritza izanik. Urriaren 5eko goizaldetik aurrera, matxinatuek guardia zibilaren kuartela tirokatu zuten. Herria grebalarien eskuetan geratu zen: “errepublika sozialista” aldarrikatu zuten,[15] tren-geltokia okupatu zuten, telefonogunea suntsitu zuten eta, elikagaien banaketa arautzeko asmoagaz, zenbait denda konfiskatu zituzten. Grebalariek 72 lagun atxilotu zituzten, "iraultzaren etsai" zirelakoan. Horietatik —Marcelino Oreja diputatu karlista eta Dagoberto Rezusta Partido Republicano Radicaleko ahalduna— grebalarien piketeek pilotalekuaren atzeko horman hil zituzten, gertaeren segida azkar batean eta beroaldian, dirudienez.[16] Gainera, matxinoek bizikletaz lanera zihoan langile bat ere hil zuten, grebarekin bat egin nahi ez zuelako. Hala ere, urriaren 6rako gobernuak herria jada kontrolpean zuen.[17]

Bizkaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Marcelino Oreja

Bizkaian urriaren 5ean 3.000 meatzarik Meatzaldea okupatu zuten. Ez zuten erresistentziarik topatu indiar-armatuek Bilboraino atzera egin zutelako, beraz, ez zegoen hildakorik izan. Bilbon eta itsasadarraren alde bietan (Barakaldo-Sestao-Portugalete; Deustu-Erandio-Leioa) matxinatuen helburua hiriburua eta industria eta portuko eremua geldiaraztea zen.[18] Armada eta polizien esku-hartze bortiztenak urriaren 6an izan ziren: Trapagaranen eta Gallartan, Bilbo-Santander errepidean eta baita Barakaldon eta Portugaleten ere. Bilbon urriaren 7an, igandean, tiroketak etengabeak izan ziren baina urriaren 8rako amaituak ziren eta hiribilduak ohikotasuna berreskuratu zuen.[19]

Bilbon “greba orokor iraultzaileak” jasandako porrotaren erantzule nagusia Angel Velarde gobernadore zibila izan zen, badaezpadako neurriak hartu baitzuen: aurreko egunetan guardia zibil leku estrategikoetan eta herri nagusietan bildu zuen, Meatzaldea utziz. Horri esker, Barakaldo eta Sestao arteko eremua mantendu zuen. Bilborako sarrera guztiak kontrolpean izateko, Armadaren gudarosteak, Guardia Zibil eta Guardia de Asalto erabili zituen. Horrela, Meatzaldetik hiribururaino martxa bat eragotzi zuen, nahiz eta urriaren 5ean Somorrostroko 500 meatzari inguru saiatu. Hamar egun lehenago zentral elektrikoetan, ur-biltegietan eta telefonoguneetan zaingo berezia ezarri zuen. Gainera, matxinada aldarrikatu eta berehala, urriaren 5ean Velardek tokiko zuzendaritza-batzorde sozialista eta komunista atxilotu eta Herriko Etxe, langile zentro eta batzoki guztiak itxi zituen, Bizkaian matxinada bururik gabe utziz.

Bilbon urriaren 5etik 11raino 16 hildako izan ziren: hamabost greabalari eta dendari bat. Dendari pikete batek erail zuen, denda irekitzeko asmotan zegoela. Portugaleten hiru hildako izan ziren, horietatik bat guardia zibila zena. Durangon sindikatu profesionalen kideak ziren burdinbideetako langile bi hil zuten, grebarekin bat egin nahi ez zutelako.[20]

Iraultzaren amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urriaren 11n, osteguna, Bizkaiko UGTk, Gipuzkoako Alianza Obrerak eta ELAren zuzendaritza-batzordeak (bere kideek ez zuten Iraultzan parte hartu baina ez ziren lanera joan[21]) hurrengo egunean langileak berriz lanean hasteko deia egin zuten. Zeharka bazen ere, Iraultzaren porrota aitortu zuten.[22]

Euskal Herrian iraultzaren buruzagitza sozialisten eskuetan geratu zen, meatzari eta industria gune nagusietan UGT sindikatu hegemonikoa baitzen. Hala ere, komunistak herri batzuetan garrantzizkoak ere izan ziren. Lanaren Konfederazio Nazionalak, berriz, apenas ez zuen parte hartu, Pasaiako 8 eta 9 arteko gertaeran bakarrik. Beraz, ia euskal buruzagi nagusi guztiak (Indalecio Prieto, Julian Zugazagoitia, Guillermo Torrijos, Ramón Rubial eta beste asko) atxilotuak edo erbestean amaitu ziren.[23]

Abertzaleen balizko parte hartzea zalantzazkoa izan zen. Bizkaiko gobernadore zibilaren esanetan, EAJ eta ELAk Bizkaiko matxinadan lagundu zuten (Gipuzkoan ez), eta, emandako frogak hutsalak baziren ere, EAJ eta ELAren aretoak itxi eta, zenbait egunez, Bizkai Buru Batzarra atxilotu zuen (aste batzuk barru kargurik gabe aske geratu ziren eta lokalak berrirekiak izan ziren).[24] Aldi berean, Bilboko (La Gaceta del Norte eta El Pueblo Vasco), Iruñeko (Diario de Navarra) eta Madrilgo (ABC) egunkari “espainolistek” euskal “separatismoaren” aurkako kanpaina hasi zuten. Egunkari jeltzaleek erantzun eta katolizismo eta gizarte-ordenaren defentsa EAJren ezaugarriak zirela eta ELA Kristau Langileen Internazionalaren kidea zela gogoratu zuten.[25]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Preston, Paul. (1978). La destrucción de la democracia en España. Reacción, reforma y revolución en la Segunda República. Madril: Ediciones Turner S.A. ISBN 84-85137-76-0..
  2. Gil Pecharromán, Julio. (1997). La Segunda República. Esperanzas y frustraciones. Madril: Historia 16, 90 or. ISBN 84-7679-319-7..
  3. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). Gabriel Jackson ed. Octubre 1934. Cincuenta años para la reflexión. Madril: Siglo XXI, 178 or. ISBN 84-323-0515-4..
  4. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 178-180 or..
  5. «Un conocido industrial de filiación fascista es víctima de una atentado. A los pocos momentos cae muerto también a tiros el ex director de Seguridad del Gobierno Azaña, Señor Andrés Casaús» ABC 1934/09/11.
  6. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 179 or..
  7. a b Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 177-178 or..
  8. Payne, Stanley G.. (1974). El nacionalismo vasco. De sus orígenes a la ETA. Bartzelona: Dopesa ISBN 84-7235-196-3..
  9. Ansel, Dario. (2011). ELA en la Segunda República. Txalaparta ISBN 978-84-8136-482-8..
  10. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 181-182 or..
  11. «"Biktima batzuek ez dute aitortzarik, eta horietarik naiz ni"» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-03-02).
  12. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 184 or..
  13. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 186 or..
  14. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 183-185; 188; 190 or..
  15. gorripidea.blogspot.com. La Revolución de 1934 en Arrasate. .
  16. «El último revolucionario» Diario Vasco 2006-04-30.
  17. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 184-186 or..
  18. Oreja Agirre, Marcelino. (2009-10-5). Antecedentes de la Revolución de octubre de 1934 y su repercusión en el País Vasco. Eusko Ikaskuntza.
  19. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 183-184 or..
  20. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 183-184; 186-187 or..
  21. Ansel, Dario. (2009). «Del Congreso de Vitoria a la evolución sindicalista de Solidariedad de Trabajadores Vascos. 1933-1936» Sancho el Sabio (31) ISSN 1131-5350..
  22. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 189 or..
  23. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 194 or..
  24. Juan Pablo Fusi, 1985: 191-192
  25. Fusi Aizpurua, Juan Pablo. (1985). op. cit.. , 182; 193; 195 or..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]