1936an arrasatearrei egindako sarraskiak

Wikipedia, Entziklopedia askea
1936ko arrasatearren kontrako triskantzak
Espainiako Gerra Zibila
Gipuzkoako kanpaina
Data1936ko urriaren 1aren eta azaroaren 5etik 6rako gauaren artean
LekuaArrasate, Oiartzun eta Hernani
Gudulariak
Falangistak, karlistak, militarrak eta zibilak Zibilak
Galerak
- 43 hildako

1936an arrasatearrei egindako sarraskiak Arrasateko (Gipuzkoa) (eta inguruko herrietako) hainbat pertsona hiltzeko sarraski-serie bat izan ziren, 1936ko uztailaren 18an Estatu-kolpea eman zuten militarrek, haien aldeko alderdietako (falangistak eta karlistak) paramilitarrek eta Arrasateko eskuindar zibilek (karlistek nagusiki), elkarlanean, eginak. Guztira 43 pertsona hil zituzten 1936ko urriaren 1aren eta 1936ko azaroaren 5etik 6rako gauaren artean zuzendutako zapalkuntzan.

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikaren aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrasateko udaletxea, herriko plazan, XX. mendearen hasieran. Plaza horretan, triskantzen lehen egunean (urriak 1) emandako mitin batean, armada faxistako militarrek esan zutenː «ez gatoz errebantxa egitera».

Arrasate herri industriala zen, industrializazioaren gurpilera batu zen Gipuzkoako lehenetakoa. Arrasateko ikur izen zen enpresa, Unión Cerrajera, 1906an sortu zen, baina aurretik existitzen ziren bi enpresaren batuketa izan zen: Vergarajáuregui, Resusta y Cía eta Cerrajera Guipuzcoana[1][2]. 1924an, beste fabrika handi bat sortu zuten Arrasaten, Elma fabrika[3]. 1931rako zazpi industri-fabrika zeuden Arrasaten[4]. 1930rako 1.400 langile zituen Unión Cerrajerak, teknikarien eta eskuzko langileen artean[5]. Fabrika hori zen, garai hartan, 1.000 langiletik gora zituen Gipuzkoako bi fabriketatik bat (bestea Beasaingo CAF zen).[6][7]

Horrek, noski, hazkunde demografiko handia ekarri zuen Arrasatera: mende hasieran 3.000 biztanle izatetik 1930an 7.500 izatera pasa zen[8][9]. Horrek etxe berriak egitea ekarri zuen, adibidez Maalan[10][11]. Noski, trena jartzeak ere lagundu zuen horretan: 1919an iritsi zen, Eibar-Gasteiz trenbideko geltoki bat jarri zutenean[12]

Langile herri batean, langileek euren interesak defendatzeko euren elkarte propioak sortu zituzten. Haietako zaharrena, 1904an sortu zen Langileen Zentro Katolikoa izan zen, baina antza denez gehiago izan zen aisialdirako elkarte bat sindikatu bat baino (1977an itxi zuten)[13]. 1912rako bi sindikatu zeuden Arrasaten, bata Langile Elkartea, “langile abertzale zein errepublikanoak biltzen zituena” (1919an desagertu zen)[14], eta bestea Sindikatu Profesional Askea, kontserbakorragoa, kide izan zen Jose Maria Urangaren arabera “karlisten adar sindikala” zena[15][16]. Langile Elkartea desagertzearen ondorioa 1919an ELA sortu zen Arrasaten[17] eta “garai horretan” ere, Metalurgiako Langile Sindikatua sortu zen, UGTren federazioko kide zena[18]. Langile kontzientziaren handitzeak, logikoa denez, klase-gatazkaren handitzea ekarri zuen. Arrasateko lehen greba, Oktubre Taldearen arabera, 1893an izan zen, eta bigarrena, 1915ko lanuzte bat izan zen[19] Bestalde, Jose Gabriel Zurbanok 1907an “Mugimendu” bat aipatzen du Arrasaten, baina ez du zehazten hura greba izan zen edo bestelako mobilizazio bat izan ote zen[20]. 1916an greba ziklo handiagoa izan zen Arrasaten, agian kasu horretan Euskal Herrian edo Espainian egin ziren greba handiei lotuta; bai 1916an[21], bai 1917an, bai 1918-1920 zikloan Arrasaten grebak izan ziren[22].

Arrasaten, antagonismo politiko tradizionala, XX mendeko 20. hamarkada arte karlisten eta liberalen (edo Arrasaten ezagutzen ziren moduan, “viteristen”) artekoa izan zen, haiek euren Zentro Errepublikanoa 1906an sortu zuten[23]. Indar nagusia karlistak izan ohi ziren eta viteristak oposizioa, baina XX mendeko 10. hamarkadan beste jokalari politiko bat atxiki zen, jeltzaleak. Haiek ere nolabaiteko pisua izan zuten Arrasaten: 1908an batzokia ireki zuten 1912 eta 1914 artean eta 1923an (Primo de Riveraren diktadura baino zerbait lehenago) alkatetza izan zuten[24] Bestetik, Arrasate bezalako herri industrial eta langile klase han handia zuen gune batean, Alderdi Sozialista bezalako alderdi bat lehenago edo beranduago agertu beharra zegoen: Elkarte Sozialista 1927 edo 1928an sortu zen Arrasaten[25]. Alderdi horren hazkunde faktorea, gainera, Arrasaten sindikatu nagusia zen UGTren laguntza izatean ere bazetzan[26]. Errepublika etorri baino zertxobait lehenago bosgarren alderdi politiko bat antolatu zen Arrasaten, Eusko Abertzale Ekintza[27].

Errepublika eta 1934ko iraultza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «1934ko Iraultza Euskal Herrian»

1931ko Udal hauteskundeek ezkerrari edo Konjuntzio Errepublikano-Sozialistari eman zioten garaipena Arrasaten, hamalau zinegotzitatik zazpi lortuz. Karlistek lau lortu zituzten eta EAJk hiru[28]. Alkate Eugenio Resusta errepublikanoa ezarri zuten. Nahiz eta bazirudien Udalak ezkerraren esku jarraituko zuela, gehiengo horri laster arrakalak agertu zitzaizkion, batez ere errepublikanoen arteko zatiketa gertatu zelako: alde batetik “antiklerikalak” edo “viterista zaharrak” izan ziren, Zentro Errepublikanoan jarraitu zutenak, sozialistekin aliantza mantentzearen aldekoak, eta bestetik “Viteri Kasinokoak”, kontserbakorragoak[16]. Bigarren ildo hauetakoak izan ziren Resusta alkatea eta Luis Martinez de Ubago alkateordea, zeintzuek 1934ko gertakarien harira dimisioa eman zuten. 1931ko ekaineko hauteskunde parlamentarioetan, ezkerrak botoen %40 inguru atera zuen Arrasaten[29].

Bestalde, hiru apaizek, Jose Joaquin Arinek, Leonardo Guridik eta Jose Markiegik, euskal eskola katoliko bat sortu zuten 1931an. Bestalde karlistek ez zuten euren eskolarik irekitzerik izan eta hiru apaizei bota zieten errua[16]. Gertakizun honek Arrasaten karlisten eta abertzaleen arteko herra handitu zuen.

1933ko hauteskundeetako eskuinaren garaipenak greben igoera ekarri zuen, bai asmo politikoak tarteko (faxismoari beldurra eta Errepublikaren defentsa) eta bai arrazoi ekonomikoak tarteko: enpresa askotan kaleratzeak izan ziren eta patroiek euren indar posizioa aprobetxatzen zuten, Gainera kontutan izan behar da eskuineko Gobernu berriak Arartekaritza Mistoen Legea edukiz hustu zuela arartekaritza misto horiek ia botere gabe utziz, eta beraz langileei soldaten, kaleratze eta kontratatzeen eta oporren gaineko negoziazio-ahalmena kenduz. Jose Maria Arriaran, Arrasateko Gazteria Sozialistaren kidearen arabera: “Guk askoz gehiago espero genuen Errepublikarengandik, bi urtez Gobernuan errepublikanoak egon baitziren (…) Gainera, 1933ko hauteskundeen ostean, ugazabak fabriketan geroz eta harroputzago azaltzen hasi ziren”[30]. 1933an greba oso istilutsu bat izan zen Arrasaten[31], eta 1934ko urtarrilean beste bat.

1934ko Udalen mugimendua zela eta, eskuineko Gobernuak eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait alkate jeltzale edo ezkertiar kargugabetu zituzten. Honen erantzuna alkate eta zinegotzi ezkertiar eta jeltzale guztien dimisio kolektiboa izan zen, eskuinak hutsik geratu ziren karguetan bere aldeko zinegotziak ezarri zituelarik. Honek, Euskal Herrian behintzat, handitu egin zuen eskuinak diktadura bat ezarri nahi zuenaren sentsazioa, eta 1934ko urri hartan gertatuko zen iraultzarako giroa erraztu zuen[32].

1934an Iraultza hasi zen urriaren 5ean. Gipuzkoa mailan iraultza hori sozialistek gidatu zuten, nahiz eta beste joera batzuetako jendea (komunistak, anarkistak, Eusko Abertzale Ekintzakoak eta baita ere ELAko batzuk) bildu[33][34]. Hala ere, esan beharra dago Gipuzkoan iraultza hori oso gaizki prestatua izan zela: toki batzuetan langile grebalariak ez ziren ezta iraultza egiten ari zirela jabetuta atera eta greba orokor arrunt bezala hartu zuten mugimendua; honek erakusten du Gipuzkoan koordinazio falta izan zela, eta horrez gain, oso arma kopuru urria izan zuten[35].

Arrasate, Eibarrekin batera, iraultzaileek Gipuzkoan fisikoki kontrola izan zuten eta botere iraultzailea aldarrikatu zuten toki bakarretakoa izan zen, Arrasaten ordu batzuez soilik iraun bazuten ere. Lehen orduetan Arrasaten iraultzaileek atxiloketa batzuk egin zituzten, tartean orduko Arrasateko alkatea eta Unión Cerrajerako Administrazio-Kontseiluko kide Martzelino Oreja eta Dagoberto Resusta. Hauek gainera buruzagi politikoak ere baziren, Oreja diputatu izan zen karlisten aldetik, eta Resusta Gipuzkoako Aldundiko kide zen orduan Gobernuan zegoen Alderdi Errepublikano Erradikalaren aldetik. Hauekin batera Rikardo Azkoaga Union Cerrajerako ingeniari-burua ere atxilotu zuten.

Egia esan legenda asko egin izan da Orejaren heriotzaren inguruan, hil eta ostean langileek ahoan belarra jarri omen ziotela eta abar. Egia esan, atxiloketa bai, baina heriotza ez zen presatuta izan (Orejarekin batera, bere alderdikoak ez ziren Azkoaga eta Resusta ere atxilotu zituzten, beraz motibazio nagusia klasekoa, fabrikako agintariak izatea zen, ez politikoa). Atxilotu ostean Herriko Etxean izan zituzten, baina eguerdi aldean, polizia Arrasaten sartzen ari zela eta Herriko Etxerantz gerturatzen ari zela, iraultzaileek hiru atxiloak handik ateratzea eta frontoiaren atzealdetik eramatea erabaki zuten (orduan ortuz eta bidezidorrez betetako zonalde bat zen hura). Segituan polizia gainean zutenaz jabetu ziren eta tiroketa hasi zen, despiste-momentu hori Rikardo Azkoagak harresi bat igo eta beste aldera salto egiteko aprobetxatu zuen; Oreja eta Resusta jarraitzen saiatu zirelarik. Iraultzaileek bira egiterakoan tiro egin zuten, Azkoaga zaurituz eta Oreja eta Resusta hilaz. Oreja eta Resustaz gain, eta hauek baino lehenago, goizean, iraultzaileek Eugenio Edurra langile karlista hil zuten, hau bizikletan Bergarara lanera zihoala. Bestetik, indar polizialek UGTko Secundino Vitoria langilea hil zuten[36][37][38][39]. Orejaren heriotzak bai tokiko zein Euskal Herriko eskuina oso hunkitu zuen.

1936a gerra hasi aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrasateren ikuspegi orokorra, 1940an.

1936ko otsailean, hauteskundeen aurretik, Unión Cerrajera fabrikan greba bat izan zen[40].

Fronte Popularraren garaipenak 1931ko Udal-taldea berriz itzultzea ahalbideratu zuen. Hala ere, Resusta eta Martinez de Ubago alkate ohi errepublikanoen dimisioak ezkerreko gehiengoa desagerrarazi egin zuen; eta bestalde Nikanor Axpe zinegotzi jeltzalea artean hil egin zen (oreka berriak ezkertiarrek bost zinegotzi, karlistek lau eta jeltzaleek bi izatea ekarri zuen). Beraz orain errepublikanoak eta sozialistak gutxiengoan zeuden. Honek martxoaren 6an alkate aldaketa ekarri zuen, Nikolas Uriarte jeltzalea aukeratu zuten alkate berri, jeltzaleen zein karlisten botoekin. Jose Maria Urangaren arabera, karlistek eta jeltzaleek “zozketaz” aukeratu zuten alkatearen izena[5][16].

Guda Zibila Gipuzkoan eta Arrasateko Defentsa Komitea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolpistak Donostian uztailaren 20an altxatu ziren, uztailaren 27an garaituak izan zirelarik. Alta, Gipuzkoan Nafarroatik uztailaren 22an hasi ziren sartzen, Oiartzundik (beste sarrera bi puntu Berastegiko harana eta Goierri izan ziren). Nahiz eta lehen une horretan kolpe hori gainditua izan, 1936ko uztaila arte iraun zuten aginte errepublikanoa eta honen instituzioak desegin egin ziren, tokia Defentsa Komite ezberdinei eginez. Komite horiek tokian- tokian sortu ziren, gehienak Fronte Popularreko kideek osatzen zituztelarik, batzuetan EAJko kideak ere barne baziren ere. Instituzio ordezkaritza hau zela eta, Pedro Barruso historiagilearen arabera “iraultzailea” izan zen Gipuzkoako prozesua[41]. Hala ere, hori zalantzan jartzekoa da, izan ere aldaketak politikara, aginte-organoen aldaketa batetara –nahiko adostua, dena esan- mugatu ziren, inolako iraultza sozialik inposatu gabe (ez ziren langile komiterik, nazionalizaziorik eta abarrik eman Gipuzkoan), organo berrietan ezker erradikaleko indarrak gehienetan gainordezkatuak bazeuden ere eta ezkerreranzko lerrokatze bat eman bazen ere[42].

Ezkerreranzko joera izan zuen pluraltasun ideologikoaz gain, Gipuzkoan izan zen botere berriaren beste ezaugarri bat dispertsio geografikoa izan zen. Askotan tokiko defentsa-komiteek beren erabakiak hartzen zituzten, Gipuzkoa-osoko mailako agindurik ez zegoelarik[43]. Gipuzkoan batez ere hiru botere-nagusi nabarmendu ziren: Donostia, Azpeitia eta Eibar. Donostian, uztailaren 27an, kolpistak garaitu ostean Gipuzkoako Defentsa-Batzordea sortu zen, baina praktikan Donostialdean, Oiartzualdean, Bidasoan eta Tolosaldean (eta oraindik frankisten esku ez zeuden Goierriko herritan) soilik zuen boterea. Honen arrazoia izan zen Azpeitian, jeltzaleek Azpeitiko Komandantzia sortu zutela, Eusko Gudarostea sorrarazi zuena eta Urolaldearen gaineko nagusigoa izan zuena. Bestalde, Eibarren sortutako Defentsa-Komitea, sozialisten gehiengoa zuena, Debako haranaren (Debagoienaren zein Debabarrenaren) zentro politikoa izan zen.[41]

Arrasaten ere Defentsa Komite bat sortu zen, Eibarko Defentsa Komitearen pe zegoena. Defentsa Komite hau plurala izan zen, bai ezkerreko zein EAJko kideak barne zituelarik[44][45]. Bestetik, Komite honetan ez zegoen alderdi ezkertiar erradikaletako –komunistak eta anarkistak- kiderik. Komite honen egiteko nagusia ordena defendatzea eta Estatu-kolpea Arrasaten heda ez zedin saiatzea izan zen. Hori dela eta atxiloketa batzuk egin zituzten, lehen egunetan jada armatzen ari ziren zenbait errekete, 91 Barrusoren arabera[46], eta 96 Urangaren arabera[16] atxilotu zituzten, tartean, Uranga bera. Beste karlista ezagun batzuek Gasteizera egin zuten alde. Bestetik, altxatuen ideiak Arrasaten zabal ez zitezen saiatu ziren, adibidez uztailaren 18an bertan Zirkulu Tradizionalista itxi zuten, eta 19an, Sindikatu Aske Profesionala[16][47]. Uranga historiagile karlistak dioenez, lokalak Eusko Abertzale Ekintzak hartu zituen eta “bertan zeuden bandera karlistak erre zituzten”[5], baina Oktubre Taldeak ez du halakorik aipatzen. Abuztuaren 4an sei zinegotzi kargugabetzea erabaki zuen Komite honek.

Abuztuaren 15ean Defentsa Komiteak atxiloketa berriak egin zituen, eta Urangaren arabera heriotza mehatxuak ere izan ziren. Atxilotu hauek eta uztaileak atxilotuak, Viteri Eskoletan izan zituzten eta gero Bergarako seminarioan. Kolpistak Debagoienan sartu ahala, Bizkaira eraman zituzten, non ez zuten arrasatear eskuindar bat ere hil[16]. Hildako bakarrak abuztuaren bukaeran izan ziren karlista bi izan ziren, altxatuen zonaldera pasatzen saiatzen ari zirela. Askotan esaten da hirugarren karlista bat (Basilio Lasaga) ere hil zutela, baina Lasaga aramaioarra zen eta Bergarara eraman zuten atxilotua, bere patuan ziurrenik arrasatear errepublikanoek ez zuten zerikusirik izan[5][16]. Beraz bi pertsona bakarrik hil ziren Arrasate errepublikanoek kontrolatu artean, guda testuinguruan ekintza ilegal bat egiten ari zirela.

Donostia 1936ko irailaren 13an hartu zuten kolpistek eta errepublikanoek Gipuzkoa ebakuatzeko ordena ezarri zuten. Altxatuak 1936ko irailaren 26an sartu ziren Arrasaten.

Frankisten sarraldia eta sarraskiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketen kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altxatuek hil zuten lehen arrasatearra Rufino Ormaetxea militante sozialista izan zen. Hala ere, hau Arrasatetik kanpo hil zutenez, ez du triskantza hauekin loturarik, lotura handiagoa du Nafarroan gertatutako errepresioarekin[48].

Arrasaten kolpistak irailaren 26an sartu ziren, eta lehen gauza aurreko Udala kargugabetzea izan zen, eurak jarri zuten Udal bat jarriz. Gertaera hauen ondoren egin zituzten lehen hilketak urriaren 1ean izan ziren: bi herritar izan zituzten, salbokonduktua ez zutelako. Hilketa krudela izan zuten: “aske utziko” zituztela esan ondoren, soldaduei tiro egiteko agindu zieten[49]. Egun horretan militarrek Arrasateko plazan emandako mitin batean esan zuten: «ez gatoz errebantxa egitera». Baina egun horretan bertan, aurreko asteetan Gasteiza ihes egindako karlista batzuk itzuli egin ziren eta zerrenda beltzak prestatzen hasi ziren[50]}.

Hala ere, hau ez zen Arrasaten prozedurarik “ohikoena” izan, normalean talde handiagoetan atxilotu eta hil izan baitzituzten. Urriaren 1aren eta 5aren artean, herritar talde bat atxilotu zuten militarren, baina urriaren 9an aske utzi zituzten. Baina gerora iniziatiba tokiko karlistek hartu zuten, eta urriaren 15ean Arrasateko Gerrarako Batzorde Karlistak 22 pertsona (hamar Arrasateko eta beste hamabi inguruko herritako) atxilotzea agindu zuen, egun batzuez herriko kartzelan izan zituztelarik[51]. Argigarria izan zen Vara del Rey kapitainaren erantzuna: «Guk atxilotu eta libre utzi baditugu, errurik topatu ez diegulako izan da. Orain zibilek –karlistek- eurak berriz atxilotzea erabaki badute, euren kontuan da, ez gurea»[52]. Egun horietarako giroa oso gaiztotua zegoen herrian, eta herritar eskuindarrak jada odol-gosea erakusten ari ziren. Urriaren 9an aske geratu ziren presoekiko irainak bota zituzten erreketeek[53]. Urriaren 13an Jose Joakin Arin apaiza ere iraindu egin zuten mezatik ateratzean[54] (iturri batzuen arabera, Urraca Pastor buruzagi karlistak frankistek Arrasate hartu eta osteko lehen egunetan "nigatik balitz, oraintxe bertan fusilatuko zintuzkete!" esan zion[55]). Gainera, 15ean bertan, militarrek ezarritako Udalak dimisioa eman zuen, «egoerarekin zer ikusirik ez zuelako». Beraz, praktikan, militarrak eta Guda-Batzorde Karlista zeuden agintari bezala, besteren bitartekaririk ezean. Egoera honek azken talde honen boterea eta erabakimena handitu egin zuen.

Izan ere karlistek (“zibilek”) urriaren 15 horretan atxilotutako hainbat pertsona aurreko egunetan egindako zerrenda beltzean zeuden. Hauen patua urriaren 15ean, Arrasateko Udaletxearen aretoan (jada ez zegoen Udalik) tokiko Guda-Batzorde Karlistak eta zenbait karlista esanguratsuk, tartean Urraca Pastor buruzagi karlista ospetsuak, eginiko bileran erabaki zuten. Lekukoen arabera, «denak fusilatu!» eta antzeko oihuak entzun zituzten bildutakoen ahoetan[51]. Urriaren 20an atxilotuak Hernanira eraman zituzten eta han hil eta fosa amankomunetan lurperatu zituzten 21ean[56].

Baina zerrenda beltzen kontua ez zen berehalakoan bukatu. Oktubre Taldeak esaten duen moduan, urriaren 19an beste zerrenda beltz bat sortu zuten karlistek, agian hurrengo egunetarako baliagarri izan zena[57]. Bigarren triskantza, urriaren 25 eta 26 artean gertatu zen. Kasu honetan, Arrasateko hiru apaiz, “Nazionalista” bezala ikusiak zeudenak eta 1931an “eskola katoliko euskalduna” fundatu zutenak, Jose Joaquin Arin, Leonardo Guridi eta Jose Markiegi urriaren 25ean atxilotu zituzten, Arrasateko kide jeltzale batekin, Joseba Zeziagarekin, batera (kasualitatea izan edo ez, urriaren 22ko mezan Arinek, ikusi dugun moduan eskuindarrek jada herra handia ziotenak, euskaraz esaldi batzuk esan zituen[55]). Laurak Donostiako Ondarretako kartzelara eraman zituzten. Gau horretako edo hurrengo goizaldeko orduren batean Oiartzunera eraman eta han hil zituzten[16].

Hirugarren triskantza azaroaren hasieran gertatu zen. Hurrengo egunetan hamasei herritar atxilotu zituzten frankistek, eta azaroaren 2an Ondarretara eraman. Hauetako hamabost, azaroaren 5etik 6rako gauean hil zituzten Oiartzunen[58]. Hiltzerik izan ez zuten bakarra, Victoriano Balerdi medikua izan zen, akusazio faltsu bat tarteko. Arrasatera bueltatu zenean eskuindarren partetik mehatxuak jaso izan zituen. Azkenik, Beasaingo CAF fabrikan postu bat lortu zuen, mediku; baina behin lana bukatuta, bere Lazkaoko etxera joan zenean kamioi batek harrapatuta hil zen, ziurrenik nahita[59].

Beraz, urriaren 1ean bi pertsona, urriaren 21 eta 22 artean beste 22, urriaren 25 eta 26 artean 4 eta azaroaren 5 eta 6 artean 15; guztira 43 pertsona izan ziren triskantza hauen biktima. Erlazio honetan ez ditugu sartu ez frankistek Arrasate hartu aurretik hildako Rufino Ormaetxea, ez Arrasaten atxilotutako eta Gasteizera kartzelara eraman eta han kartzelan gaixotu eta hildako Felix Zulueta, ez gerora Lazkaon hildako Victoriano Balerdi, ez hurrengo hilabeteetan Arrasaten bertan edo beste nonbait hildako arrasatearrak.

Hilketen mekanismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilketa hauetan, militarrez gain, Arrasateko herritarrek (eskuindar zibilek) izan zuten papera ere kontuan hartu behar da. Alde batetik, salatari gisa jardun zuten: Oktubre Taldeak esaten duen moduan, hildakoetatik 14 gutxienez “salaketa pertsonalak” tarteko hil zituzten. Beste alde batetik, nolabaiteko iniziatiba izan zuten militarren ondoan. Ezin dugu esan militarrek gehiegi egin zutenik hilketak oztopatzeko edo hauen kontra jarri zirenik (hor daude Vara del Rey kapitainaren adierazpenak, edo momentu batean Arroyo komandantea askoz gogorragoa zen Latorre komandanteaz ordeztea[52]), baina aske utzitakoak berratxilotzea, zerrenda beltzak prestatzea, zigor gehiago eskatzea eta kalean atxilotutakoak iraintzea, horiek eskuineko arrasatearren ekintzak izan ziren. Are gehiago, urriaren 15ean lehen Udal-talde batek dimisioa eman zuen egoerak gainezka harturik, bertako karlistek errepresioa handitzeko eskatzen zutela, honek egoera “erraztu” egin zuela –eta karlistak izan ziren egoerak gainezka egitea eragin zutenak-. Izan ere, honek argi uzten du Arrasaten hildakoak, normalean pertsona “seinalatuak” zirela, ez edozein eskuindar. Honen adibiderik garbiena izan zen Arrasateko Udaletxearen aretoan urriaren 15ean (oraindik triskantzak abiatu gabe zeudenean) karlistek eginiko bilera horretan «denak hil!» bezalako oihuak agertzea. Esan bezala militarrak ere hilketekin ados egon zitezkeen, baina iniziatiba gehienetan herritar eskuindarrek hartu zuten.

Eskuindar batzuek, adibidez Jose Maria Uranga Arregui historiagileak, hilketak “mendeku” baten logikan kokatzen saiatu izan ziren: “ezer justifikatu gabe (…) 1934ko urriko eta 1936ko udako gertakariek giroa gaiztotu egin zuten”[5]. Honek azalpenaren parte bat ematen du, hain zuzen hilketak selektiboak ez izateak, hau da, pertsona konkretuak jomugan jartzea, baina ez du azaltzen hilketetarako erabili izan zen planifikazioa ezta ere aurretik prestatutako zerrenda beltzen existentzia. Uranga Arreguiren arabera zerrenda beltzena “falazia” bat izan zen “Arrasaten denek zekitelako Oreja, Resusta eta Edurra nortzuk hil zituzten”[5]; baina falazia bat izatekotan ere, egitatea da eskuindarrek hildakoen artean ez zegoela Edurraren, Resustaren eta Orejaren hilketen arduradunik, beraz ezin zitekeen mendeku hutsa soilik izan. Bestetik, Uranga Arreguik esan zuen baita ere “atxilotuta Gasteizera eraman zituztenetatik bat bera ere ez zuten hil, Donostiara eraman zituztenen artean bai"; hala agian triskantzak eragiteko faktore nagusia Arrasatetik kanpo -Donostian- egongo balitz bezala[5]. Hala ere, interpretazio hori modu literalean hartuz gero, baztertu egingo genuke Arrasateko karlistek –erreketeek zein margaritek- presoei botatako irainak edo errepresioa gogortzeko eskaerak, Arrasaten bertan gertatu zirenak. Adibidez argigarria da Paula Mujika izeneko emakume baten atxiloketa (eta geroagoko hilketa), urriaren 20an atxilotu zuten hiru apaizak atxilotzen ikusi zituenean “apaizak ez dituzue hilko, Jainkoarren!” esatearren[60]. Esaldi hori zela eta iraindua eta atxilotua eta geroago eraila izan zen.

Herritarren parte-hartzea Juana Uranga arrasatearraren testigantzak ere baieztatzen du. Honen aita atxilotua eta izan zen, eta senide bat Ondarretako kartzelara interesatzera eta galdetzera joan zenean, hauxe erantzun zion kartzelan zegoen militar batek: “herrian oso fama txarra duzue, Arrasate da zuek hil nahi zaituztena”[61].

Beste alde betatik, Gipuzkoako agintari politiko zein militar frankisten konplizitatea ezin dugu alde batera laga. Kontutan izan behar dugu hildako bi soilik izan zirela Arrasaten hilak, beste denak Hernanira edo Oiartzunera eraman zituztela, hau da jendea ehunka hil zen hiltegi antolatuetara. Hara garraiatzea eta han hiltzeko erabakia Gipuzkoako botere-egitura frankistak hartu behar izan zuen, ez soilik Arrasateko eskuindarren, izan ere horrek nolabaiteko planifikazio maila eskatzen baitu.

Esan beharra dago, ezkertiarrak saiatu zirela hilketen dinamika apaltzen, adibidez Celestino Uriarte militante komunista arrasatearrek (orduan Euskadiko Partidu Komunistan nolabaiteko ardura zuenak) gutun bat bidali zuen Bilbotik Arrasatera, Bilbon atxilo zeuden arrasatear eskuindarrek tratu txarrik jasoko ez zutela hitza emanez (eta ez zuten halako traturik jaso)[62]. Baina alferrikakoa izan zen.

Esan beharra dugu triskantza hauetan hildakoak ez direla “fusilatuak” askotan hala esaten bazaie ere, izan ere, fusilamendua epaiketa bat, gorte zigortzaile bat, fusilamenduko pikete bat eta komunikazio ofizial bat dagoenean gertatzen da. Arrasatearrek ez zutenez epaiketarik (ez bidezkorik ez bidegabekorik) izan eta toki ezezagunean hilobiratu zituzten. Asko jota, lekuko batek, Luis Arrizabalagak, esan zuenez, Donostiako epaile militar berezi eta Ondarretako kartzelako zuzendariak, Ramiro Llamasek esan zion Arrasaten atxilotutako preso guztiei militarrek txosten bana egin zietela, heriotz-zigorra gomendatuz, baina horrez gain, ez zen epaiketarik ez sententzia publikorik izan[63][64]. Beraz, hauek erailketak dira, ez fusilamenduak.

Hildakoen profila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hildakoen profila gehienbat politikoa izan zen, ez aleatorioa. Hildako gehienak abertzaleak edo jeltzaleak izan ziren. Tokiko historiagileen Oktubre Taldearen arabera, hildakoetatik 18 ziren profil politiko horren barruan sartzen zirenak[65] Gainera hildakoen artean profil handiko pertsonak zeuden, hala nola Leonardo Guridi apaiza, Gipuzko Buru Batzarreko kidea, edo Benantzio Gaztañarez, GBBko idazkaria edo Raimundo Galdos, Arrasateko ELAko sindikalista nabarmena[66]. Hildako beste apaiz euskaltzaleek, Arinek eta Markiegik ere jeltzaleen gertuko profil intelektuala izan zezaketen; adibidez Markiegiri Arrasateko erresistentzia "gorri-separatista" bultzatzea leporatu zioten[55] -Markiegiren anaia, Polentzi Markiegi, Debako alkate jeltzalea izan zen eta 1937an Santoñan hil zuten-. Hala ere aipatu beharra dago sozialista batzuk ere erailak izan zirela. Arrasate hain klase-borroka dinamika handiko herria izanda ere, biktima gehienak nazionalistak izan ziren, gainera kontutan izanik 1934ko Iraultzan Arrasaten sozialistek izan zuten papera. Hau azaltzeko gako bat Arrasatetik, frankistak sartu aurretik ezkertiar gehienek alde egin izana izan zen, ordurako Deba Garaiaren populazioaren %60 euren herrietatik kanpora joan zen[67].

Jeltzaleen kontrako herra batez ere politikoa izan zen, aurreko urteetan garatutakoa. Izan ere, heriotzen motibo gisa “mendekua” izan zitekeen arren, Jose Maria Uranga arrasatear historiagile karlistak esan badio “Donostiara eraman zituztenak “Orejaren hiltzaile” deitu zituzten, hura baino gauza okerragorik ez dago”[16]; beraz bazirudien karlista batzuek behintzat bazekitela eraildakoek ez zutela 1934ko gertakizunekin zerikusirik izan. Beraz, litekeena da “mendekuaz” gain, sakoneko motibazio politiko bat izatea, “mendekua” justifikagarri edo suspergarri huts, arrazoi baino gehiago izan zitekeelarik. Horietako bat izan zitekeen “iraultzaileak zigortu ezin ditugunez, iraultzaren gaizkideak zigortuko ditugu” pentsaera ematea, kontuan izanik EAJk orduan Errepublikaren zilegizko agintearen alde borrokatzen zuela[68]. Mikel Aizpuruk zuzendutako talde baten arabera, abuztuaren 6an Mateo Muxika Gasteizko gotzainak eta Martzelino Olaetxea Iruñeko gotzainak argitaratu zuten karta pastoralak, EAJ kondenatzen zuenak, ere EAJren kontrako giro hori berotzen lagundu zezakeen[69] -hala ere ematen duenez, idatzi horren benetako idazlea Isidre Gomà kardinala izan zen gutun horren benetako idazlea, hala uste zuen hildako apaizetako bik, Jose Joaquin Arinek[70] eta Leonardo Guridik[55]-. Gainera kontutan hartu behar dugu Gomàk Arini leporatu ziola "irailaren erdialdean" Eibarren, bertako apaiz Eugenio Urrotzekin batera "inbaditzaile espainiarren aurkako guda zilegizko jotzea"[70][71]. Hala ere, EAJren kontra arrasatear karlistek izan zuten herran egon zitezkeen baita ere “tokiko faktoreak”, adibidez, 1936ko martxoan karlistek Uriarte alkategai jeltzalea bozkatu izanagatik atsekabetuta izatea, edota eraildako hiru apaizek 1931an sortu zuten eskola katolikoa “euskalduna”, karlisten arabera eskola abertzalea zena. Urangak ere onartzen du “halako politika kontuak zerikusia izan zutela hilketa inolaz ere justifika-ezinezko hartan”[16].

43 hildakoetatik 31 arrasatearrak edo Arrasaten bizi zirenak izan ziren, eta beste 12 inguruko herrietakoak. Hildako gehienak gizonezkoak izan ziren, baina artean bazeuden emakume batzuk, hala nola, Paula Mujika, Maria Areitio, Frantziska Ojanguren edo Florentzia Olazagutia (azken hirurak, sozialistak). Hildakoetatik bat behintzat adin txikikoa zen, 17 urteko Maria Bengoa, Emakume Abertzale Batzako kidea.

Arrasateko sarraskiak Gipuzkoako Izu Urdinaren testuinguruan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gipuzkoan Izu Urdinak egin zituen errepresioaren inguruko zifren inguruko eztabaida ere egon badago gaur egun, hala ere, garbi dagoena da Arrasaten hil zituzten herritarren kopurua, ehunekotan, Gipuzkoako bataz bestekoaren gainetik dagoela. Pedro Barruso historiagilearen arabera, Gipuzkoan 485 eta 500 pertsona hil zituen Izu Urdinak, hala ere berak aitortzen du bere zifrak kontserbakorrak izan daitezkeela, izan ere “Identifikatutako” hildakoak soilik ematen ditu, Hernanin edo Oiartzunen hil zituztenak kanpoan utzita[72]. Iñaki Egañak mila inguru pertsonetan ezartzen du kolpistek Gipuzkoan hil zutenen kopurua[73]. Mikel Aizpuruk eta berak zuzentzen duen taldeak Iñaki Egañaren zifrak ontzat ematen ditu, nahiz eta azken honen teorizazio eta kategorizazio falta kritikatu (adibidez fusilatutakoak eta erailak ez bereiztea, edo fase ezberdinak ez bereiztea)[74]. Inolaz ere garbi dago Arrasaten hil zituztenen kopurua oro har Gipuzkoan hil zutena baino askoz ere handiagoa izan zela ehunekotan kontutan hartzen badugu.

Ikerlari ezberdinek diote Izu Urdinaren puntu gorena altxatuek Donostia hartu ostean gertatu izan zela izan zela[73][75][76]. Arrasateko triskantzak hain zuzen ere Donostia hartu eta hilabetera edo hilabete eta erdira izan ziren baita. Kontuan izan behar dugu Debagoieneko eskualdean, 43 hauetaz beste 17 pertsona hil zituztela garai hauetan[77] (eta 1937ko apirilean Elgeta hartuta beste zortzi hilko zituztela). Beraz, frankistek Gipuzkoako probintziaren gaineko kontrol osoa zutenean gertatu ziren triskantza hauek. Tokiko indarrek iniziatiba hartu zuten, baina Gipuzkoa osoko botere-egitura frankistak egin zuen posible hilketa hauek gertatzea. Mikel Aizpururen arabera, arrasatearrak bertara eraman zituztenerako jada Hernaniko eta Oiartzungo fosa amankomunek funtzionatzen zuten: Hernanin irail bukaeran hasi ziren hilketak eta urriaren 9an erailketa kopurua handiagotu egin zen (Arrasatekoak han urriaren 21ean hil zituzten). Oiartzunen urriaren bukaeran hasi ziren hilketak, han hildako arrasatearrak urri bukaeran eta azaro hasieran hil zituztelarik[78].

Hilketa hauek “arauz kanpoko errepresioaren” bidez izan zitezen, hau da, inolako ez epaiketa ez erregistro gabe (“arauz kanpoko errepresioa” esatea komeni da, eta ez “legez kanpoko errepresioa; azken esapide hori erabiltzeak “legezkoa” zen errepresio frankista bat zegoela iradokitzen baitu). Izu Urdinak hasiera batetik erabili zuen “arauz kanpoko errepresioa”, Espainiako Estatu osoan, Molak esan bezala “mugimendua oso bortitza izan behar da etsaia ahalik eta lasterren neutralizatzeko”; askotan bando militar soila soilik justifikagarri bezala erabiliz, eta beste askotan hori ere ez[79]. Hala ere, bi ñabardura egin behar dira: alde batetik, “arauz kanpoko errepresioa” esapideak ez duela “kontrolik gabeko errepresioa” esan nahi, izan ere gehienetan tropa frankisten buruzagiek errepresio-trena hau nahi bezala erabiltzen zuten, kate hierarkikoa mantenduz. Beraz “arauz kanpokoa” eta “kontrolaz kanpokoa” ez ziren sinonimoak[80][81][82][83]. Bestetik, “arauzko errepresioa” erabiltzeak, frankisten kasuan ez zuen esan nahi “errepresio masiboa” geratzerik, Izu Urdinaren kasuan errepresioa berdin izan zitekeen “arauzkoa” eta “masiboa”. Mikel Aizpururen arabera, “arauzko errepresiboa” agertzean zerikusi handiagoa izan zuen frankisten para-Estatua zentralizatzeak eta botere-egitura finkatzeak (adibidez, kontzentrazio eremuak agertzeak) errepresioa geratu nahi izanak baino[84].

Gipuzkoan “arauz kanpoko errepresioa” hasieratik erabili zuten altxatuek; militarrak, karlistak zein falangistak izan; adibidez, Donostiarako bidean (Beasaingo triskantzan, Tolosako hilketetan eta abar) errepresio gehiena arauz kanpokoa izan zen. Pedro Barruso historiagilearen arabera, behin Donostia hartuta eta Gipuzkoako instituzionalizazio frankista hasita, hortik aurrera eman zen arauz kanpoko errepresioa “falangistek eta karlistek” burutu zuten, militarrek Guda-kontseiluak, beraz, nolabaiteko arauketaz eginiko errepresioa, egin omen zuten artean. Egia da Donostia hartuta, Gipuzkoan guda-kontseilu frankistak hasi zirela agertzen, lehenago ez zeudenean; eta egia da baita falangistek eta karlistek Donostian euren “arauz kanpoko kartzela alderdikoiak” ere izan bazituztela[85]. Baina Mikel Aizpuruk zuzendutako taldeak Barrusoren bereizketa hori (“militarrak arauz, falangistak eta karlistak arauz kanpo”) ihardetsi egiten du; talde honen arabera, bi errepresio moten arteko bilbaketa eta “konpenetrazioa” egon zen. Honen aldeko frogarik garbiena, Hernanin eta Oiartzunen –eta baita ere Gipuzkoako beste zenbait tokitan, Ulia mendian adibidez- “arauz kanpo” hildako asko, lehenbizi Ondarretako “arauzko” kartzelan egon izana izan zen, honek para-Estatu frankistaren egituren eta falangista eta karlisten arteko elkarlan errepresiboa garbi geratzen duelarik[86].

Arrasatearren kontrako triskantza hauen kasurik antzekoena, hau da, herrian sartu eta hurrengo egunetan hamarnaka herritar hiltzearen, Beasaingo kasua dugu (eta agian nolabait antzekoa Tolosakoa[87], hala ere Tolosan jende asko hil arren ez zen hain patroi erregularrik izan). Bietan hilketa kopuru altu bat gertatu zen, bietan frankistek herrietan sartu eta berehala hil zituzten herritarrak, “berotan” egindako triskantzak izan ziren. Bietan “arauz kanpoko errepresioa” erabili zuten. Hala ere, Jon Kortazar-Billelabeitia historialariaren arabera Beasain eta Arrasateko triskantzen artean ezberdintasun batzuk ere eman ziren. Hauetako lehena Beasainen triskantza egiteko iniziatiba militarrek izatean zetzan, Arrasaten ekimena eskuindar zibilen partetik etorri zelarik; bigarrena, Beasainen zerrenda beltzik ez erabiltzeak (edo erabili bazituzten oso eragin txikia izateak) izan zen, hango triskantzan hildakoen profil aleatorioak erakusten duen moduan. Arrasaten ordea, zerrenda beltzen erabilera erabatekoa izan zen. Hau da, Beasainen militarrek “herri ezkertiarra” zigortu nahi zuten eta herria bera zuten jomugatzat, Arrasaten “herritar onak” eta “gaiztoak” bereizi zituzten hiltzaileek (agian honek Errepublika garaian bi herrietan eman ziren dinamikekin du zerikusia). Hirugarrena, Beasaingo biktimak herrian bertan egun horretan hiltzea izan zen, Arrasatekoak hiltzera beste herri batzuetara eraman zituzten artean; hau da, jada Gipuzkoako errepresio-dinamikak antolatuta zeuden Arrasateko triskantzak eman zirenean, eta dinamika horretan sartu zen, Beasaingoak ordea zerikusi gehiago luke nafar errepresioaren dinamikarekin eta hau Gipuzkoara hedatzearekin[88].

Memoria-saiakerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismo-garaian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frankismo garaian hildakoen alde egiteko aukera handirik ez bazen ere, saiakera apal batzuk izan ziren Arrasaten hildakoak gogoratzeko, batez ere erregimenarekin "desados" edo erregimenetik "at" zeuden sektoreetatik ("oposizio" terminoa erabiltzea agian gehiegi zen, egileen artean asmo politikoak ote zeuden zalantzagarria baita). Adibidez, 1967an, "ezezagun batzuk" Arrasateko elizan gudan "Nazionalen alde eroritakoen" plaka apurtu ostean, Arrasateko Elizak Gobernadoreari eta gotzainari eskatu zioten plaka berriz jartzeko baimenik ez emateko, harik eta "Beste aldeko hildakoak" agertu arte. Argudio horren alde erabili zuten Arrasaten. Gotzaina hasieran Arrasateko apaizen eskakizunaren alde agertu zen, baina azkenean Espainiako Gobernuak presionatuta, plaka frankista berria jartzeko baimena eman zuen. 1967ko martxoaren 12an, Arrasateko karlista eta eskuindarrek antolatutako irain-kitatze ekitaldira apaiz arrasatearrak protestan ez ziren joan eta gainera ekitaldi horretako partaideek Elizaren atarian jarritako lore-sorta batzuk kendu egin zituzten, Gobernadoreak erretorari 25.000 pezetako isuna jarri ziolarik[89]. Hurrengo asteetan Arrasateko apaizek mezetan Arrasaten gudan hildako guztien aldeko otoitza eskatu zuten[89][90].

Halako ekintza txikiek, ikusi dugun moduan, arrasatear eraildakoak eta gudan frankisten alde hildakoak, denak "gudan hildakoen" kategoria generikoan sartzen zituzten. Beraz erregimena edo Estatu-kolpea salatu ordez, "barkamenaren" eta "arimaren salbazioaren" logika kristauaren barruan ulertzen dira, ez hainbeste logika historiografiko batetik. Halere, eraildako ezkertiar zein abertzaleak publikoan lehen aldiz aipatzea ahaldu zuten, frankisten memoria bakar horretan arrakala bat ireki zuten eta eskuindarrek hildako arrasatearrei memoria egiteko bidea urratu zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Parra & Aramendia 2004, 18-12 orr. .
  2. Belaustegi 2014, 220-221 orr. .
  3. Parra & Aramendia 2004, 24-25 orr. .
  4. Parra & Aramendia 2004, 19-28 orr. .
  5. a b c d e f g URANGA ARREGUI, Jose Maria: «Comentarios de complemento al libro de Oktubre Taldea “Una generación cortada. Arrasate 1.936”», 1987. Arrasateko Udal Liburutegiaren Artxiboa. Uranga funtsa. 36 espedientea.
  6. Parra & Aramendia 2004, 55 orr. .
  7. Barruso Barés 1996, 48 orr. .
  8. Parra & Aramendia 2004, 30 orr. .
  9. (Gaztelaniaz) VELEZ DE MENDIZABAL, Josemari. (2014). Mondragón en su historia (y en cuatro horas). Arrasate: Autoedizioa, 50 or. ISBN 84-933299-1-6..
  10. Parra & Aramendia 2004, 30-31 orr. .
  11. VELEZ DE MENDIZABAL, Josemari. (2000). Maalako Errebala. Arrasate: Arrasateko Udala eta Kutxaren Gizarte Ekintza, 32 eta hurrengo or. ISBN 84-921707-501..
  12. (Gaztelaniaz) VELEZ DE MENDIZABAL, Josemari. (2014). Mondragón en su historia (y en cuatro horas).. Arrasate: Autoedizioa, 50-51 or. ISBN 84-933299-1-6..
  13. URANGA ARREGUI, Jose Maria: “El Centro Obrero Católico”. Arrasateko Udal Liburutegiko Artxiboa. Uranga funtsa, 36 espedientea.  
  14. Garai 2006, 27 orr. .
  15. URANGA ARREGUI, Jose Maria: “Sindicato Libre Profesional” (dokumentu-bilduma). Arrasateko Udal Liburutegiko Artxiboa. Uranga funtsa, 36 espedientea.
  16. a b c d e f g h i j k URANGA ARREGUI, Jose Maria: “La politiquería en  Mondragón desde 1.930 en adelante”. Arrasateko Udal Liburutegiaren Artxiboa. Uranga funtsa. 36 espedientea.  
  17. Oktubre Taldea 2003, 29 orr. .
  18. Parra & Aramendia 2004, 50 orr. .
  19. Oktubre Taldea 2003, 31-40 orr. .
  20. ZURBANO MELERO, Jose Gabriel. (1993). Industrializazio prozesua eta gizarte modernizazioa Beasainen (1860-1936). in: (Beasaingo paperak bilduma (3. zkia). Beasain: Beasaingo Udalaren kultura-batzordea, 118 or. ISBN ISBN 84-7086-311-8..
  21. Oktubre Taldea 2003, 39-40 orr. .
  22. (Gaztelaniaz) CASTELLS, Luis. (1993). Los trabajadores en el País Vasco (1876-1923). Madril: Siglo XXI ISBN 9788432308253..
  23. Belaustegi 2014, 40-41 orr. .
  24. Oktubre Taldea 2003, 81-82 orr. .
  25. Oktubre Taldea 2003, 139 orr. .
  26. URANGA ARREGUI, Jose Maria: “La politiquería en  Mondragón desde 1.930 en adelante”. Arrasateko Udal Liburutegiaren Artxiboa. Uranga funtsa. 36 espedientea. Urangaren arabera, Alderdi Sozialistaren kide propio zirenak “oso gutxi ziren, 60 bat, oso bortitzak (…) baina UGTko masaren aldekotasuna zuten.
  27. (Gaztelaniaz) GARAI BENGOA, Juan Ramon; GUTERREZ AROSA, Jesus; CHUECA INTXUSTA, Josu. (2014). Octubre de 1934 en Euskal Herria. Revolución, insurrección y huelga general.. Oñati: Intxorta 1937 Kultur Elkartea, 170 or. ISBN 9788494309502..
  28. (Gaztelaniaz) GARAI BENGOA, Juan Ramon; GUTIERREZ AROSA, Jesus; CHUECA INTXUSTA, Josu. (2014). Octubre de 1934 en Euskal Herria. Revolución, insurrección y huelga general. Oñati: Intxorta 1937 Kultur Elkartea, 149 or. ISBN 9788494309502..
  29. (Gaztelaniaz) RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio. (1994). Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II República.. Donostia: Gipuzkoa Donostia Kutxaren Gizarte-ekintza, I eranskina or. ISBN 9788471732293..
  30. (Gaztelaniaz) GARAI BENGOA, Juan Ramon; GUTIERREZ AROSA, Jesus; CHUECA INTXUSTA, Josu. (2014). Octubre del 1934 en Euskal Herria. Revolución , insurrección y huelga general. Oñati: Intxorta 1937 Kultura Elkartea, 169 or. ISBN 9788494309502..
  31. Parra & Aramendia 2004, 63 orr. .
  32. KORTAZAR BILLELABEITIA, Jon. (2018). Beasain. Oroimen historikoa. 2: Beasain Errepublika garaian=Beasain durante la Segunda República Beasain: Beasaingo Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea, 114-115 or. ISBN 978-84-947343-5-9..
  33. (Gaztelaniaz) GARAI BENGOA, Juan Ramon; GUTIERREZ AROSA, Jesus; CHUECA INTXUSTA, Josu. (2014). Octubre del 1934 en Euskal Herria. Revolución, insurrección y huelga general. Oñati: Intxorta 1937 Kultura Elkartea, 67, 151 or. ISBN 9788494309502..
  34. (Gaztelaniaz) JIMENEZ DE ABERASTURI, Joan Karlos. (1985). «“Protagonistas de la Historia Vasca 1923-1950: Sebastian Zapirain”» Eusko Ikaskuntzaren Vasconia. Cuadernos de Sección de Historia y Geografia (Donostia) 6: 140. ISSN 1136-6834..
  35. KORTAZAR BILLELABEITIA, Jon. (2018). Beasain: Oroimen historikoa. 2: Errepublika garaian=Beasain durante la Segunda República Beasain: Beasaingo Udala eta Aranzadi Zientzia Elkartea, 123 or. ISBN 978-84-947343-5-9..
  36. Parra & Aramendia 2004, 64-66 orr. .
  37. Oktubre Taldea 2003, 162-185 orr. .
  38. Garai 2006, 34-54. orr orr. .
  39. VELEZ DE MENDIZABAL, Josemari. (2000). Maalako Errebala. Arrasate: Arrasateko Udala eta Kutxaren Gizarte Ekintza, 46-54 or. ISBN 84-921707-501..
  40. Oktubre Taldea 2003, 132 orr. .
  41. a b Barruso Barés 1996, 109-125 orr. .
  42. KORTAZAR-BILLELABEITIA, Jon. (2018). «Gipuzkoako 1936ko “izu urdinaren” bi kasu alderatuta: Beasain eta Arrasate» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 42 (101-138. orr.): 113. ISSN 1136-6834..
  43. Barruso Barés 1996, 59-71 orr. .
  44. Barruso Barés 1996, 122-123 orr. .
  45. Oktubre Taldea 2003, 200-203 orr. .
  46. (Gaztelaniaz) BARRUSO BARES, Pedro. (2005). Violencia política y represión en Guipúzcoa durante la Guerra civil y el primer franquismo (1936-1945). Hiria, 54 or. ISBN 9788497971065..
  47. Oktubre Taldea 2003, 192-193., 204. eta 303-305 orr. .
  48. Oktubre Taldea 2003, 195 orr. .
  49. Oktubre Taldea 2003, 299 orr. .
  50. Oktubre Taldea 2003, 300 orr. .
  51. a b Oktubre Taldea 2003, 301-302 orr. .
  52. a b Oktubre Taldea 2003, 302 orr. .
  53. Oktubre Taldea 2003, 301. eta 307-308 orr. .
  54. Oktubre Taldea 2003, 301 orr. .
  55. a b c d AIZPURU, Mikel (zuz.); APAOLAZA, Urko; GOMEZ, Jesus Mari; ODRIOZOLA, Jon. (2007). 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak. Irun: Alberdania, 200 or. ISBN 978-84-96643-66-6..
  56. Oktubre Taldea 2003, 308-311 orr. .
  57. Oktubre Taldea 2003, 303 orr. .
  58. Oktubre Taldea 2003, 317 orr. .
  59. Oktubre Taldea 2003, 317, 332 eta 329 orr. Jose Maria Urangak hau istripu bat izan zela esan zuen, baina antza denez ez zen hala izan, Balerdiren alargunak ere eraila izan zela esan baitzuen
  60. Oktubre Taldea 2003, 326 orr. .
  61. Oktubre Taldea 2003, 307 orr. .
  62. Oktubre Taldea 2003, 35 orr. .
  63. AIZPURU, Mikel; APAOLAZA, Urko; GOMEZ, Jesus Mari; ODRIOZOLA, Jon. (2007). 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak. Irun: Alberdania, 155 or. ISBN 978-84-96643-66-6..
  64. (Gaztelaniaz) GAMBOA, José María; LARRONDE, Jean Claude. (2006). La Guerra civil en Euzkadi, 136 testimonios inéditos recogidos por José Miguel de Barandiaran. Milafranga (Lapurdi): Bidasoa, 128 or. ISBN BI-331-05..
  65. Oktubre Taldea 2003, 300-329 orr. .
  66. KORTAZAR-BILLELABEITIA, Jon. (2018). «Gipuzkoako 1936ko “izu urdinaren” bi kasu alderatuta: Beasain eta Arrasate» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 42 (101-138. orr.): 124. ISSN 1136-6834..
  67. GARAI BENGOA, Juan Ramon. (2006). Celestino Uriarte. Klandestinitatea eta erresistentzia komunista. Tafalla (Nafarroa): Txalaparta, 48 or..
  68. KORTAZAR-BILLELABEITIA, Jon. (2018). «Gipuzkoako 1936ko “izu urdinaren” bi kasu alderatuta: Beasain eta Arrasate» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 42 (101-138. orr.): 125. ISSN 1136-6834..
  69. Aizpuru et al. 2007, 206-207. eta 211 orr. .
  70. a b AIZPURU, Mikel (zuz.); APAOLAZA, Urko; GOMEZ, Jesus Mari; ODRIOZOLA, Jon. (2007). 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak. Irun: Alberdania, 194 or. ISBN 978-84-96643-66-6..
  71. (Gaztelaniaz) ANDRES-GALLEGO, Jose; PAZOS, Anton M.. (2002). Archivo Gomá: documentos de la Guerra Civil. Tomos I-VII. Madril: CSIC, 101-102 or. ISBN 9788400092610..
  72. (Gaztelaniaz) BARRUSO BARES, Pedro. (2005). Violencia política y represión en Guipúzcoa durante la Guerra civil y el primer franquismo (1936-1945). Donostia: Hiria, 120-121 or. ISBN 9788497971065..
  73. a b (Gaztelaniaz) EGAÑA, Iñaki. (1999). 1936. Guerra Civil en Euskal Herria. 4: La Guerra en Gipuzkoa Andoain: Aise Liburuak ISBN 84-95261-00-6..
  74. Aizpuru et al. 2007, 149-150 orr. .
  75. Aizpuru et al. 2007, 149-150. or. orr. .
  76. (Gaztelaniaz) BARRUSO BARES, Pedro. (2005). Violencia política y represión en Guipúzcoa durante la Guerra civil y el primer franquismo (1936-1945). Donostia: Hiria, 122-123 or. ISBN 9788497971065..
  77. GARAI BENGOA, Juan Ramon: Celestino Uriarte. Klandestinitatea eta erresistentzia komunista. Txalaparta. Tafalla (Nafarroa), 2006, 68-69. orr.
  78. Aizpuru et al. 2007, 149. 170. eta 176 orr. .
  79. NUÑEZ DIAZ-BALART, Mirta: “El por qué y el para qué de la represión” in NUÑEZ DIAZ-BALART, Mirta (koord.); ALVARO DUEÑAS, Manuel; ESPINOSA MAESTRE, Francisco eta GARCIA MARQUEZ, Jose Maria: La gran represión. Los años de plomo del franquismo (21-52. or.). Ediciones Flor de Viento. Bartzelona, 2009, 30-31. orr.
  80. ESPINOSA MAESTRE, Francisco: “La represión franquista: un combate por la historia y por la memoria” in ESPINOSA MAESTRE, Francisco (ed.); GARCIA MARQUEZ, Jose Maria; GIL VICO, Pablo eta LEDESMA VERA, Jose Luis: Violencia Roja y Azul. España, 1936-1950 (15-78. or.). Critica. Bartzelona, 2010, 39. or. 
  81. NUÑEZ DIAZ-BALART, Mirta: “El por qué y el para qué de la represión” in NUÑEZ DIAZ-BALART, Mirta (koord.); ALVARO DUEÑAS, Manuel; ESPINOSA MAESTRE, Francisco eta GARCIA MARQUEZ, Jose Maria: La gran represión. Los años de plomo del franquismo (21-52. or.). Ediciones Flor de Viento. Bartzelona, 2009, 328. or.
  82. (Gaztelaniaz) VEGA SOMBRIA, Santiago. (2007). «“Manifestaciones de la represión franquista”» Hispania Nova. Revista de Historia Contemporánea 7 ISSN 1138-7319..
  83. LEDESMA VERA, Jose Luis: “Una retaguardia al rojo. Las violencias en la zona republicana” in ESPINOSA MAESTRE, Francisco (ed.); GARCIA MARQUEZ, Jose Maria; GIL VICO, Pablo eta LEDESMA VERA, Jose Luis: Violencia Roja y Azul. España, 1936-1950 (147-247. or.). Critica. Bartzelona, 2010, 192-214. orr.
  84. Aizpuru et al. 2007, 170-174 orr. .
  85. (Gaztelaniaz) BARRUSO BARES, Pedro. (2005). Violencia política y represión en Guipúzcoa durante la Guerra civil y el primer franquismo (1936-1945). Donostia: Hiria, 116-117, 126-127, 180 or. ISBN 9788497971065..
  86. Aizpuru et al. 2007, 153-154 orr. .
  87. ERRAZKIN AGIRREZABALA, Mikel. (2011). Memoriaren izenak. Errepresioa eta giza eskubideen urraketa Tolosan, Gerra Zibilean eta Lehen Frankismo garaian (1936-1945). Donostia: Aranzadi Zientzia Elkartea, 88 or. ISBN 978-84-96287-67-9..
  88. KORTAZAR-BILLELABEITIA, Jon. (2018). «Gipuzkoako 1936ko “izu urdinaren” bi kasu alderatuta: Beasain eta Arrasate» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 42 (101-138. orr.): 124-132. ISSN 1136-6834..
  89. a b AIZPURU, Mikel (zuz.); APAOLAZA, Urko; GOMEZ, Jesus Mari; ODRIOZOLA, Jon. (2007). 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak.. Irun: Alberdania, 269 or. ISBN 978-84-96643-66-6..
  90. (Gaztelaniaz) BARRUSO, Pedro. (1996). Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (Julio-Septiembre de 1936).. Donostia: Haranburu, 207-208 or. ISBN 9788488947611..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]