Erreforma protestantea
Erreforma protestantea Eliza Katolikoa aldatzeko XVI. mendean sortutako mugimendua izan zen. Martin Luterok XVI. mendean Alemanian hasitako mugimendu erlijioso kristaua izan zen, Eliza katolikoaren zisma batera eraman zuena protestantismo izenpean bildutako eliza eta korronte erlijioso ugari sortuz. Protestantismoa kristautasunaren bigarren adar handia izatera iritsi da, gaur egun 900 milioitik gorako fededun talde batekin.[1]
Mendebaldeko Europan Elizaren barneko jokaera zitalek, barkamenen salerosketek batik bat, eta "doktrina faltsutzat" jotakoek kristau asko kezkatzen zituzten. Halaber, Elizako hierarkian —Erromako Apezpikua barne— zegoen ustelkeria estalgaitza beste kezka nagusietako bat zen, Elizarako izendapen andana emandako dirutzen truke banatzen baitziren.
Horiek horrela, 1517ko urriaren 31n, Martin Luterorek barkamenen salerosketen kontrako 95 tesiak argitaratu zituen. Elizaren praktika hori gogor salatu zuen, baina ez zen bakarra izan. Garbitokia, Mariarenganako eraspena, santuen bitartekaritza, sakramentu gehienak edo Aita Santuaren aginpidea ere haren kritiken jomugak izan ziren. Horretan, John Wycliffe eta Jan Hus aurrekari izan zituen.[2]
Erreforma protestantetik atera ziren eliz ohitura nagusiak luteranismoa, kalbinismoa/presbiterianismoa eta anabaptismoa izan ziren. Anglikanismoa Aita Santuaren aginpidearen kontra garatu zen, batik bat. Hor, doktrinaren gaineko argudioek pisu txikiagoa izan zuten. Hori dela eta, anglikanoek ez dute euren burua protestantetzat jotzen.[3]
Eliza Katolikoaren barnean, Erreforma protestanteak Kontrarreforma ekarri zuen. Paulo III.ak (1534-1549) Trentoko Kontzilioa (1545-1563) deitu zuen dogma katolikoa ezarri eta doktrinaren zabalkunde era berriak sortzeko.[4]
"Protestante" hitza
Ikuspuntu etimologikotik, "protestante" hitza, 1529an lehen aldiz erabili zena, Spirako Dietan, "protestatio" (latinezko protestare: aldeko testimonioa) hitzetik dator. XVI. mendeko hiztegi juridikoan adierazpen publiko eta aginduzkoa egitea esan nahi zuen, eta, aurreko eskubide bat erabiliz, kereila-jartzaileak legeria berriaren aurka egiten zuen. Hori bera izan zen lehen protestanteen jarrerari eman zitzaion zentzua; izan ere, ohituren erlaxazioa, usteldura hierarkikoa eta Erromako Elizaren tradizio desitxuratuak baztertuz, fededunek erlijio barneratu eta indibidualagoari berriro heltzeko zuten eskubidea baliarazten zuten. 1600etik aurrera eta gaur egun arte, protestante hitzak esanahi desberdina izan du, eta katolizismo erromatarraren aurkako protesta-jarrera, gutxi-asko beligerantea, izendatzeko erabili da.[5]
Sustraiak eta aurrekariak: XIV. eta XV. mendeak
Behe Erdi Aroan, Mendebaldeko Europak oro har eta Eliza Katolikoak ere egoera gorabeheratsua bizi zuten: Aita Santuen “Babiloniako presoaldia” Avignonen, Mendebaldeko Zisma (1378-1416), printzeen arteko borrokak, nekazarien arteko matxinadak, eta apaizteriaren ustelkeriaren uste zabala. Horrek guztiak kleroen elitearekiko gogogabe hedatua ekarri zuen.
Oxfordeko Unibertsitateko John Wycliffek eta Pragako Unibertsitateko Jan Husek erlijioaren inguruko ideia berriak eta aurrekoarekiko apurtzaileak ekarri zituzten. Hala ere, Eliza Katolikoak debate hori Konstantzako kontzilioarekin (1414-1417) amaitutzat eman zuen. Jan Hus erreta hiltzera zigortuta eta Wycliffe heretikotzat jota, Elizaren eta Inperioaren arteko lotura tradizionala indartu nahi izan zen. Aurreko urteetan sortutako nazioarteko edo teologiako gorabeherak ez zituzten kontuan hartu. Horrela, Bohemian Husitar gerrak piztea ezin zen galarazi.
Monasterioen zein eskolastizismoaren gainbeheraren ostean, Behe Erdi Aroan erlijio-erreformei eta oinarrizko baloreei buruzko eztabaida sakona hedatu zen Europan zehar. Konstantzako kontzilioak hasieran kontziliarismo deritzon mugimendu erreformazaleari bidea ireki bazion ere, ate hori ere itxi zen azkenean. Nominalismoak, Devotio Moderna zeritzonak, edo humanismoak ere ez zuten arrakasta handiagoa debate horretan. Historialariek jeneralean onartzen dute aldaketaren porrotak (gehienbat elkarren aurkako interes gehiegi, erreformatzaileen arteko elkarlan eza zela eta) erreformarako edo iraultzarako ere grina handiagoa zekarrela, sistema doitu edo apurtu behar baitzen.
Humanismotik protestantismora
Pizkundean sortutako gizakiaren irudi berriak humanismoa bultzatu zuen. Horrek erlijioaren inguruan ikuspuntu berriak ekarri zituen, baina humanisten erreformak ez zuen arrakastarik izan. Eztabaida horretan, Erasmo, Martin Lutero eta Zwingli agertu ziren, nork bere bideari ekinez.
Erdi Aroko teologiaren gainbehera Gilen Ockhamgoarekin hasi zen XIV. mendean,[6] burgoetan nahigabea hedatu ahala. Eskolastizismoaren oinarri filosofikoak pitzatu zirenetik, nominalismo korronte berria ez zetorren bat oso ongi bere burua Jainko eta Gizakiren artean ordezkaritzat hartzen zuen Elizarekin. Erlijiosoa ez zen doktrina ere argudio filosofikoek babes zezaketen ideiaren alde egiten zuen pentsamolde berriak. Horrela, Tomas Akinokoak eratutako arrazoia eta fedearen arteko lotura zaharra higaturik geratzen zen nolabait.
Erdi Aroko eskolastizismoaren aurka jo zuten mugimendu nagusiak humanismoa eta debozionalismoa izan ziren. Alemanian, “era modernoa” edo debozionalismoa (Amankomuneko bizitzako anaiak edo Jan Standonck) unibertsitateetara zabaldu ziren. Orduan, Jainkoa berriro definitu behar izan zen, zeren, gobernatzen zuen printzipio arrazoitsua baino, borondate entelegaezina eta mugaezina bilakatu baitzen. Hala izanik, gobernatzaile absolutua eta ulertezina zen, eta erlijioa sutsuago eta emozionalago bihurtu zen. Agustindar teologia berpiztu zen: haren arabera, Jainkoaren graziaren bidez baino salbaziorik ez dago, gizakiak jokabidean egiten dituen ahaleginak gorabehera. Horrela, ekintza onak eginez, Elizak —zerura joateko bidea dena— legitimazioa galdu zuen.
Pizkundearen ikasbide klasikoaren berreskurapena oinarritzat hartuta, Humanismoak, ordea, hezkuntza zuen erreforma-helburu nagusia. Aristotelesen logikaren aurka eginda, gizabanakoak elokuentziaren bidez eta ez arrazoiaren bidez erreformatzeko garrantzia azpimarratzen zuen humanismoak, Erdi Aroko latinezko tradizio zabala arbuiatu baitzuen. Erasmo buru zuela, humanistek Elizaren barneko hainbat ustelkeria mota salatu zituzten. Erasmok zioen erlijioa norberaren barneko debozio kontua zela, kanpora begira dauden erritual eta zeremoniaren ikurrak baino. Erreforma morala suspertuz eta zeremonia gutxietsiz, Luterori bidea zolatu zion Erasmok.
Humanismoaren antiklerikalismo intelektualak Luteroren gainean eragin handia izan zuen. Gero eta heziagoak ziren Iparraldeko Alemaniako sektore ertainek, hezitako hiritarrek, alegia, Luteroren pentasmolde erlijioso berriaren alde jo zuten, haren nahigabea ideietan gorpuztu nahian. Gainera, humanismoaren indibidualismoak ere kilikatzen zituen sektore horiek, negoziak muga zaharrik gabe eraman nahi baitzituzten. Askoren aburuz, Elizaren instituzioak zurrunak ziren, batik bat prezio egokiari edo usurari zegokienez. Halaber, iparraldean, burgotarrek eta printzeek zergak Italiako Aita Santuari baizik ordaindu behar zizkioten, ez nazioari.
Pentsalari berriak artalde eta artzainen arteko tartea gero eta zabalagoa zela konturatzen hasi ziren. Apaizteria, esaterako, ez zegoen beti ongi hezita. Oso maiz, apaiz xeheek ez zekiten latinez, eta teologia-hezkuntza ez zeukaten eskura. Apezpiku franko zuzenbidean jantzita zeuden, teologian izan beharrean, haien ondasun kopurua eta instituzioen zurruntasuna zirela eta. Administrazioan eskarmentatutako uztatzaileak gisan ikusita, Elizaren ospea apaltzen hasi zen, batez ere ongi hezitako hiritarren artean. Gainera, Behe Erdi Aroko Elizaren krisialdi politikoak ez zuen batere lagundu. Azkenean, Leon X.a aita santuak sustatu zuen San Petriren basilika eraberritzeko kanpainiak Elizaren aurkako gogogabea hirietan areagotu zuen.
Humanismotik, Luterok indibidualismoaren zentzua hartu zuen: nor bere apaiz izan daiteke (Iparraldean ongi hezitako klase ertainen hazkundea kontuan hartuta, babes zabala jasotzekoa zen ideia), eta Biblia baino benetako autoritaterik ez dago (kontziliarismoaren aldarrikapena bere eginda eta Aita Santuaren nagusitasunaren inguruko eztabaida berriro zabalduz). Hala ere, gizakiak ongiari jarraitzeko ezinduak zirela Luteroren esanak Erasmorengandik banandu zituen humanismoa eta protestantismoa azkenean.
Martin Lutero
Gordarazitako baina ez desagerrarazitako nahigabea berriro azaleratu zen Martin Lutero (Eisleben, 1483-1546) Wittenbergeko Unibertsitateko irakasle agunstindarrak 1517an indulgentzien salerosketa kritikatu zuenean. Izan ere, haren ustez, horrek azaleko pietatea sortzen zuen, eta kristaua salbazioaren benetako iturritetatik aldentzen zuen. Tesi horiek izan ziren Erreforma protestantearen abiapuntua.[7]
Luteroren dotrina
Hasiera batean, dotrina berri eratzeko asmorik ez bazuen ere, Wittenbergeko katedralean iltzatutako tesietan bertan ere, errua Jainkoak berak baino ezin duela barkatu –sola fede— argudiatzen zuen eta, apaizaren absoluzioa erabilgarria izanda ere, ez zela ezinbestekoa. Orobat, hierarkiak ez zeukan Purgatorioko zigorrik arintzeko eskumenik: Lutherrek gizakiaren eta Jainkoaren arteko elkarrizketa zuzena azpimarratzen zuen. Horrela, lehendabiziz, Elizaren eta apaizteriaren bitartekari-papera ahultzen zen. Bataiatutako ororen apaiza izateko gaitasuna defendatu zuen. Bigarrenik, Biblia (salbaziorako iturri bakarra –sola scriptura—, usadioa baztertzen baitzuen) edonork irakur eta interpreta zezakeen, eta ez bakarrik apaizek. Eta hirugarrenik, Elizaren zazpi sakramentuak hirutara mugatu zituen: eukaristiak, penitentzia mota batzuek eta bataioak baino ez dute oinarririk Biblian.
Dotrinaren hedapena Alemanian
Luteroren 95 tesien zabalkundeak hautsa harrotu zuen berehala. Mainzko apezpikuak eta domingotarrek, Inkisizioaren arduradunek, berehal salatu zuten. Erroman, nolanahi ere, besteak beste Maximiliano I.a enperadorearen heriotza zela eta, erantzuna 1520ra arte atzeratu zen. Leon X.a aita santuak, bulda baten bidez, hirurogei egunetan atzera egin ezean, eskumikatuko zuela adierazi zuen. Lutherren erreakzioa Wittenbergeko unibertsitateko irakasle eta ikasleen aurrean bulda erretzea izan zen.
Karlos V.a enperadore berriak Wormseko dieta deitu zuen 1521ean, Lutherri berriro eskatzeko atzera egin zezan. Ezezkoak haustura berretsi zuen. Ordurako, Alemaniako humanista andana bat egina ziren Lutherren dotrinarekin, tartean Ulrich von Hutten eta Philipp Melanchthon (azken horrek dotrina egitaratu zuen). Zenbait artistak (Durer, Holbein) eta hiritarrek ere bat egin zuten Erreformarekin. Hurrengo urteetan hainbat hiritan eta printzerritan Lutherren dotrina onartu zen. Iparraldeko Europan, gero eta handiagoa zen nazio-kontzientziari esker ere erakargarriagoak suertatu ziren Lutherren irakaspenak. Izan ere, Aita Santua salatu zuen politikan eskua sartzeagatik. Gainera, noblezia babestu zuen Lutherrek 1525eko Nekazarien Matxinada bertan behera uzteko eta Elizaren lurra bereganatzeko.
Wormseko dietaren ostean, enperadoreak Lutero Inperiotik kanporatu bazuen ere, gezurrezko zelata batean Wartburgera eraman zuten Lutero, babesa ematearren. Bertan sei hilabete eman zituen haren lan nagusietako batzuk idazten. Ondoren, Wittenbergera joan zen, harik eta Eislebenera, haren jatorrizko hirira, itzuli zen, eta bertan 1546an hil zen.
Ulrich Zwingli
Erroformaren bigarren bihotza Suitza izan zen. Bertara erreformaren ideia berriak Ulrich Zwinglik (1484-1531) sartu zituen. Zuricheko katedralaren kanonigoa eta Erasmoren jarraitzailea, 1524-25ean Zuricheko eliza eraberritu zuen Zwinglik: elizetako irudiak debekatu, zelibatoa bertan behera utzi, konbentuak itxi eta haien ondasunak laguntza publikorako eman, edo meza erritu sinple eta sobrio batekin aldatu zuen.
Zwingliren irakaspenak Konrad Grebel eta Felix Manz buru zituen anabatista mugimenduak haratago eraman nahi zituen. Ahalik eta lasterren gizaki santu eta garbi hutsez osaturiko gizartea eratu nahi zuten. Umeen bataioa arbuiatzen zuten, eta hortik zetorkien izena, grekoaz berbataiatua anabatistes esaten baita. Gizakien arteko berdintasun soziala ere aldarrikatzen zuten, ebanjelioaren ikasbidea zelakoan. Ideia horiek oposizio gogorra topatuta, anabatista ugari hiltzera zigortu zituzten Zurichen.
Suitzako gainerako kantoietan aurkaritza are gogorragoa izanik, 1531n armada katolikoa osatu zen. Zurich hartu zuten, eta Kappeleko batailan Zwingli bera hil zen. Suitzan, orduan, erreforma geldiarazita geratu zen, Genevan izan ezik.[8]
Joan Kalbino
Genevan hain zuzen ere garatu zen Jean Calvinen (1509-1564) erreforma-ibilbidea. Frantzian jaioa bazen ere, Suitza aldera luteranoen aurkako jazarpenetatik ihesesan joan zen. Basilean Zwingliren ideiak ezagutu zituen. Genevan 1541ean finkatu zen, non hil arte, 1564an, egon zen.[9]
Erlijio kristauaren instituzioa liburua idatzi zuen. Arrakasta itzela lortuz, denboraren poderioz Erreformaren summa teologikoa bihurtu zen. Dotrina kalbindarrak predestinazioa, Luterok agertutako ideia, azpimarratzen eta garatzen du. Hau da, Jainkoak batzuk salbaziora eta besteak zigorrera eramaten ditu, ez gizabanakoaren ekintzen arabera, Haren borondatearen arabera baizik. Hala ere, patua onartzea deus egin gabe ez da irtenbidea, norberaren baitan hautatutakoen zeinuak aurkitu behar baitira. Bilaketa hori eguneroko bizitzan, beharra ongi betez, garatzekoa da.
Horretarako, asko ahalegindu ondoren, Calvinek Geneva eliza-estatu bilakatu zuen. Gainera, hasiera batean eliza nagusiki ikustezina dela irakatsi bazuen ere, denborak aurrera egin ahala gero eta garrantzia handiagoa ikusten den elizari eman zion. Bada, Genevan, hiriko biltzar nagusia dotrina-kontuez eta moral publikoaz arduratzen zen. Hezkuntza-sistema eraberritu zuten. Morala bizitzaren zirrikitu orotara iritsi zen, eta ikuskizunak, luxua, tabernak-eta debekatu ziren, bekatariak komunitatetik baztertuta geratuz.
Erreformaren hedapena Alemaniatik at
Eskandinavian
Eskandinavia osoak luteranismoa bereganatu zuen XVI. mendean zehar, Danimarkan (garai horretan Norvegia eta Islandia hartzen zuena) eta Suedian (Finlandiara ere zabaltzen zena) monarkak fede horretara aldatu baitziren.
Suedian, Gustavo I.a Vasa erregea, 1523an hautatuta, aitzindaria izan zen. Aita Santuak Suediako eliza-kontuetan eskua sartzeagatik hartu-eman ofiziala eten zen 1523z geroztik. Lau urte geroago, eliza nazionalaren gaineko nagusitasuna lortu zuen erregeak: elizaren ondasun oro patrikaratu zuen, elizarako izendapenek erregearen onespena behar izaten zuten, lege zibilaren azpian geratu zen apaizteria, eta “Jainkoaren Hitza bakarra” elizetan eta eskoletan irakastekoa zen, ideia luterarrei onespen ofiziala emanez.
Danimarkan, Frederiko I.aren agintaldian (1523-33) ofizialki katoliko jarraitu zuen erresumak. Hasiera batean erregeak luterarrei jazartzeko politika abian jarri bazuen ere, laster erreformatzaileak babesteari ekin zion. Horietako ospetsuena Hans Tausen izan zen. Haren semea, Kristian, luterarra zen argi eta garbi. Aitaren heriotzaren osteko gerra zibilean garaile ateratakoan, 1537an, estatuko eliza ofiziala eraberritzen hasi zen.
Ingalaterra
Ingalaterran, Erreformak Europako beste inon hartu ez zen bidea hartu zuen. Aldea Henrike VIII.aren behar politikoek ekarri zuten. Garai batean benetako katolikoa izanik ere (Lutero maiseatzen zuen liburua eta guzti argitaratu zuen), geroago ohartu zen Aita Santuekin haustea komeni zitzaiola. Izan ere, Katalina Aragoikoarekin alaba bakarra (Mary) eduki zuenez gero, eta dinastia kontuak zirela-eta beste gatazka armatuaren beldurrez (ikus ezazu Arrosen Gerra), erregeak uste zuen seme bat behar zuela. Aita Santuak dibortziatzeko baimena ukatu zionean, Ingalaterrako Eliza Erromaren agintetik kentzeko erabaki zuen. Honela, 1534an, erregea Ingalaterrako Elizako buru bihurtu zen. Hurrengo urteetan, Thomas Cromwellen zuzendaritzapean, monasterioak desegin ziren, hainbat santuren gurketa zein zenbait erromesaldi ere bertan behera geratu ziren. Elizaren lur eta ondasun andana koroarengana, eta, azkenean, noblezia txikiarengana (gentry), igaro ziren. Erreforma honek aurkari ugari topatu zituen, eta haietako batzuk, Thomas Moro edo John Fisher, besteak beste, exekutatu zituzten.
Eduardo VI.aren agintaldian, Ingalaterrako Elizaren dotrina ezarri zen. Nolanahi ere, herritarren artean oraindik ere ez zegoen guztiz finkaturik. Haren aholkulariek aginduta (hiltzean erregeak 16 urte besterik ez baitzituen) irudiak eta elizak suntsitu ziren.
Maria I.aren agintaldian (1553-1558) katolizismoa berrezartzen saiatu zen. Elisabet I.aren agintaldian, berriz, adostasun lausoa lortu zen, muturreko kalbindarrengandik katolikorenganaino onartu baitzen. Nolanahi ere, garai horretan alderdi puritanoa hazten hasi zen, erreforma erlijiosoak haratago eramateko asmotan.
Eskozia
John Knox (Haddington ondoan?, 1505 inguru-Edinburgo, 1572) Eskoziako Erreformaren burutzat jotzen da. Bertan, Erreformaren garaipenak Ingalaterraren eragina, Frantziarenaren ordez, ekarri zuen.[10]
Izan ere, 1560an Eskoziako Parlamentuaren Aita Santuaren nagusitasuna arbuiatu eta mezak debekatzen zituen ebazpena plazaratu ahal izan zen Maria Guisekoa erregentearen eta frantziarren hegemoniaren kontrako altxamenduari esker.
Erreforma honek Eskoziako Eliza gauzatu zuen, eta, honen bidez, mundu osoko eliza presbiterianoak.
Herbehereak
Beste toki askotan ez bezala, Erreforma ez zuten Hamazazpi Probintzietako agintariek abian jarri, herri-mugimenduek baizik. Kontinenteko beste erreformatzeile batzuen etorrerarekin, mugimendu hori areagotu zen. Hasiera batean anabaptismoak ospe zabala jaso bazuen ere, 1560ko hamarkadatik aurrera, Herbehereetako Eliza Erreformatuaren bidez, kalbinismoa egin zen fede protestante nagusi. Protestanteen aurkako neurri gogorrak, Felipe II.aren gobernuak agindutakoak, probintzietan independentziarako gogoa areagotu zuen. Ondorioz, Laurogei Urteko Gerra piztu eta, azkenean, iparraldean Herbehereetako Errepublika protestantearen sorrera eragin zuen, hegoaldean (egungo Belgikan) katoliko jarraitzen zuten bitartean.
Frantzia
Frantzisko I.ak (1515-47) berak Erreforman interesik ez zeukan arren, hasiera batean jarrera tolerantea gorde zuen, humanismoarekiko atxikimendua zela eta. Hau guztia 1534an aldatu zen, erlijioa politikaren eremura iristean. Erregeak mugimendu erreformatzailea herrialdearen kontrako mehatxutzat jo zuen orduan. Honek protestantismoaren kontrako lehendabiziko jazarpen garrantzitsua ekarri zuen. Izan ere, Parisko Parlamentuak Chambre Ardente ("Ganbara Sutan") ezarri zuen, heresiarengatik auzien gorakada eraman ahal izateko. Frantziako protestante andanak erresuma utzi zuten garai honetan, haien artean Genevara joan zen Jean Calvinek. Hortik, Frantziako erresumaz kanpotik, Calvinek apaizak hezten zituen Frantziara bidaltzeko.
Henrike II.aren jazarpen gogorra gorabehera, Frantziako eliza erreformatuak, gehienbat kalbindarrak, gora egin zuen herrialdeko alderdi frankotan zehar: hirietako erdi mailetan eta aristokraziako hainbat sektoretan ere, katolizismoaren egitura erosotiak gogaituenen artean hain zuzen ere. Jazarpenak jazarpen, frantziar protestantismoak ezaugarri politikoa bereganatu zuen, 1550eko hamarkadan zenbait nobleen konbertsioak agerian utzi zuen bezala. Honek gatazka armatuetarako lurra erein zuen. Henrike II.aren ustekabeko heriotzak, orduan (1559), Frantziako Erlijio Gerrak piztu zituen. Gerra zibil hauetan, sarraskiak eta suntsipenak ohiko bilakatu ziren, erpina San Bartolome gaueko sarraskia izanik (1572ko abuztuan), non 30.000 eta 100.000 bitarteko higanot erail zituzten Frantzian zehar. Gerra ez zen amaitu harik eta Henrike IV.ak (Nafarroako erregea ere zenak), bera ere higanota, Nantesko Ediktua ezarri zuen arte. Horretan, gutxiengo protestanteari tolerantzia bermatu zitzaion, nahiz eta baldintza estuetan. Katolizismoak estatuaren erlijio ofiziala gisa segi zuen. Protestantismoaren askatasuna gainbehera joan zen hurrengo urteetan, eta, Louis XIV.aren Fontainebleauko Ediktuarekin, katolizismoa Frantziako legezko erlijio bakarra bihurtu zen.[11][12]
Euskal Herria
Euskal Herrian Joannes Leizarraga (1506 - 1601) euskal artzain kalbinista izan zen Itun Berria euskaratu zuen lehena (1571), Nafarroako erregina Joana III.a Albretekoaren enkarguz. Euskarazko itzulpenaren izateko arrazoi nagusia ez zen euskal kulturarekiko maitasuna, baizik eta Erreformaren hedapena eta Erreforma horren gibelean zen Nafar erresumaren biziraupen eta burujabetasun politikoa.[13]
Axularrek Bertrand Etxauz Baionako apezpikuari XVII. mendean zuzendutako hitzaurrean ere Euskal Herriko erlijio gerren testigantza dago[14]:
« |
Nafarroa behereko parte hetan, bertze anhitz lekhutan bezala, lege katolika saindua, iduriz flakatzera, kordokatzera eta erortzera zihoanean, badaki munduak nola zure aita Iauna, bere etxeaz, onez eta biziaz ere kontu guti eginik, ioan zen Donapalaiora, non baitzen orduan Nafarroako Parlamenta. Eta han ausartzia handi batekin, bere bihotz giristino noblearekin, hasi zen, ezpata biluzia eskuan harturik, oihuz, Matatias bat bere denboran bezala, erraiten zuela: Omnis qui habet zelum legis, statuens testamentum exeat post me (2 Mach 2). «Ea giristinoak, giristino izenarekin, izana duzuenak, bertze egiteko guztiak utzirik hurbil zakizkidate, iarraiki zakizkidate eta egiazko legearen eta fedearen mantenatzen eta sostengatzen, lagun zakizkidate». Eta hanbat egin zuen, non bere herria eta ingurunekoak ere, hetan sartzera zihoan eritasunetik begiratu baitzituen. Eta gero handik hartako herraz eta mendekuz bere iauregi ederra erre zioten. Hunelakoak ziren zure aita Iauna eta bai bertze aitzinekoak ere
|
» |
—Axular (1643) Gvero[15]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri |
Hungaria
Hungariar askok protestantismoa hartu zuten XVI. mendean zehar. Bertako alemaniar gutxiengo handi samarrak lagundu zuen erreforma zabaltzen, Martin Luteroren idatziak itzuliz. Hala ere, hungariarren artean kalbinismoak izan zuen arrakasta gehien.
Ipar-mendebaldean, nolanahi ere, turkiarrak borrokatzen ari zen Habsburgotarrek babestuta, fede katoliko zaharra defendatu zen, eta, ahal zuten aldiro, protestanteak atxilotu eta erre zituzten. XVI. mendearen amaierako, protestantismoa hungariarren erlijio nagusia bilakatuta zegoen. Hala ere, XVII. mendean, Kontrarreformak egindako ahaleginei esker, katolizismora itzuli zen herrialdearen gehiengoa, beti ere protestantismoak bizirik jarraituta.
Erreforma protestantearen kronologia
- 1507: Guillaume Briçonnetek Meauxen Jacques Lefèvre d'Étaples jaso zuen. 1505etatik ezagutzen zuen.
- 1515-1516: Martin Luterok San Pauloren Erromatarrei Gutunari buruzko ikastaroa eman zuen.
- 1516: Basilean Ulrich Zwingli Erasmo Rotterdamgoa eta Froben inprimatzailea aurkitzen dira.
- 1517: Martin Luterok 95 tesiak argitaratzen ditu.
- 1520: Luterok bere idazlan garrantzitsuenak plazaratu zituen. Urte berean, ekainaren 15ean, Leon X.a aitasantuak Exsurge Domine izenko bulda plazaratu zuen, 95 tesien erantzuna.
- 1521:
- Ekainaren 3: Leon X.ak Lutero eskumikatu zuen Decet Romanum Pontificem buldaren bidez.
- Karlos V.ak Wormsen ediktua plazaratu zuen, luteranismoa debakatuz.
- Sorbonak Luteroren tesiak ezeztatu zituen.
- Meauxen Zenakulua
- 1522: Ulrich Zwingliren idazlanak Zurichetik kanpo ezagutzen dira.
- 1523:
- Jacques Lefèvre d'Etapplesek Itun Berriaren frantsesezko bertsioa argitaratu zuen.
- Zurich erreformareki bat egiten duen Suitzako lehen kantoia izan zen, Ulrich Zwingliri esker.
- 1524: Martin Bucerrek Estrasburgon erreformatutako kultoa ezarri zuen (Alsazia Erromatar Inperio Santuaren parte zen).
- 1528: Jacques Lefèvre d'Étaples Itun Zaharraren frantsesezko bertsioa plazaratu zuen.
- 1529: Basileak bat egiten du Erreformarekin. Beste hiriek eta Mulhouseko errepublika jarraituko diote.
- 1530: Ausburgeko Aitormena luteranismoaren fede-aitormen nagusia plazaratu zen.
- 1531: Suitzako kantoi katolikoek Zurich eraso zuten. Zwingli hil zen. Zwinglik itzulitako Zurich Biblia Christian Froschauerrek argitaratzen zuen.
- 1532: Chanforango sinodoan Vaudiseko eliza erreformatutako elizekin batzen da. Joan Kalbino, 1531an bihurtuta, Parisen predikatzen hasten da.
- 1533: Nicolas Cop diskurtsoa Sorbonan; Kalbinok idatzikoa zen. Eskandalua. Kalbino erbestera doa.
- 1534:
- Luterok Itun Zaharraren alemanezko bertsioa argitaratu zuen.
- Paskinen afera Frantzian.
- 1536:
- Kalbinok Bâle l'Institution de la religion chrétienne plazaratu zuen, predestinazioaren kontzeptua jasoz.
- Kalbino Genevan gelditu zen; hirian erreforma onartua zegoen.
- 1537: Kalbinisten fede aitortza.
- 1538: Kalbino Genevatik erbesteratua, Estrasburgora joan zen. Han Martin Bucerrekin kolaboratu zuen.
- 1541: Kalbino Genevara itzuli zen.
- 1542: Paulo III.a aitasantuak Inkisizio erromatarra sortu zuen.
- 1545:
- Trentoko kontzilioa ireki zen.
- Mérindolgo sarraskia.
- 1546: Martin Lutero hil zen.
- 1552: Kalbinok De la prédestination éternelle de Dieu liburua plazaratu zuen.
- 1555: Augsburgeko bakea sinatu zen, Inperioko hiri eta estatu luteranoak onartuz.
- 1561: Poissyko konferentzia egin zen, katolikoak eta protestanteak hurbiltzeko saiakera.
- 1562:
- Kalbinok La Congrégation sur l'élection éternelle liburua plazaratu zuen.
- Hugonoteen sarraskia Wassyn. Erlijio Gerren hasiera Frantzian.
- Anglikanismoa ezartzen duten hogeita hemeretzi artikulu aldarrikatzen dira.
- 1563: Trentoko kontzilioa amaitu zen.
- 1571: Joanes Leizarragak kalbinista Itun Berria euskaratu zuen.
- 1572: San Bartolome gaueko sarraskia.
- 1598: Nantesko Ediktuarekin Frantziako Erlijio Gerrak amaitzen dira.
- 1618: Hogeita Hamar Urteko Gerraren hasiera.
- 1629: Alèsko Bakea.
- 1648:
- Hogeita Hamar Urteko Gerra amaitu zen.
- Adiskideen Erlijiozko Elkartea edo kuakeroak sortu ziren.
- 1685: Fontainebleauko Ediktua
- 1787: Versallesko Ediktua: ez-katolikoek izaera zibila lortu zuten.
- 1789: Gizakiaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena: Erlijio askatasuna onartu zen.
Bibliografia euskaraz
- Egile batzuk: Erreforma protestanteetako idazkiak, Ibaizabal Fondo, 2010, ISBN: 978-84-8394-330-4.[16]
Ikus, gainera
Erreferentziak
- ↑ https://www.donneesmondiales.com/religions/protestants.php
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/martin-lutherrek-erreforma-protestantea-hasi-zuen
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=protestantismo
- ↑ https://www.hiru.eus/eu/historia/reforma-y-contrarreforma
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/erlijioa/ar-125386-143479/
- ↑ https://www.euskadi.eus/web01-a2lurhiz/es/contenidos/termino/_c02438/eu_g_1849/g1849.html
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Luther,Martin
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Zwingli
- ↑ https://www.euskadi.eus/web01-a2lurhiz/es/contenidos/termino/_c03335/eu_k_0221/k0221.html
- ↑ http://www1.euskadi.net/harluxet/hiztegia1.asp?sarrera=Knox,Joh
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/erlijioa/ar-125386-143479/
- ↑ https://dbpedia.org/page/Edict_of_Fontainebleau
- ↑ https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/testamentu-berria-1571-joannes-leizarraga/ar-154230/
- ↑ (Gaztelaniaz) Olaizola Iguiñiz, Juan María de.. (2011). El Reino de Navarra en la encrucijada de su historia : el protestantismo en el País Vasco. (2a ed. aumentada. argitaraldia) Pamiela ISBN 978-84-7681-695-0. PMC 768810645. (Noiz kontsultatua: 2020-11-23).
- ↑ Kondaira. .
- ↑ https://www.elkar.eus/es/liburu_fitxa/erreforma-protestanteetako-idazkiak/batzuk/9788483943304
Kanpo estekak
- "Erreforma eta kontrarreforma", Hiru.eus webgunean.
- Erreforma protestantea.
- (Ingelesez):[1]
- (Alemanez):Lutherpedia.
- (Alemanez):Luther Memorials Fundazioa.
- (Gaztelaniaz):Erreforma protestante eta Lutero bideo labur batean.