Pierre Bordazarre
Pierre Bordazarre | |
---|---|
![]() Mattin eta Etxahun Irurikoa bertsotan Zuberoan | |
Bizitza | |
Izen osoa | Pierre Bordaçarre |
Jaiotza | Iruri, 1908ko maiatzaren 30a |
Herrialdea |
![]() |
Heriotza | Paue, 1979ko urriaren 1a (71 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | nekazaria, idazlea eta musikaria |
Izengoitia(k) | Etxahun-Iruri |
Literaturaren Zubitegiko fitxa | 336 |
Pierre Bordazarre, ezizenez Etxahun-Iruri (Iruri, Zuberoa, 1908ko maiatzaren 28a - Paue, Okzitania, 1979ko urriaren 1a) euskal idazlea, musikaria, eta pastoralgilea izan zen, ogibidez laboraria eta artzaina.
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Iruriko Etxahunian sortua, etxe horretan bizi izan zen. Haur-denboran eskolara joan zelarik (13 urte bete artean), ikasle ona izan omen. Bereziki gustuko omen zituen literatura-gaiak, frantsesez ikasiak, jakina. Geroztik, beti maite izan zuen irakurtzea. Lanbidez, laborantza lanetan aritu zen, hala nola artzain.
Gazterik hasi zen pastoraletan parte hartzen. Harmonika eta txirula jotzen ere ikasi zuen. Hurrengo urratsa kantuak egiten hastea izan zen. Bigarren Mundu Gerran soldadu aritzea egokitu zitzaion, eta gerra horretan galdu zuen anaia. Pierre bederatzi hilabetez preso egon zen Alemanian[1], gero sorterrira itzuliko zelarik; garai horretan bertso gogoangarri hauek idatzi zituen[2]:
Aski sofritüz nik hanitzetan
desir nükean hiltzea
ez bazüntüdan hain maite üken
oi Ama Euskal Herria
Louis Ligetx zuberotar koblakariaren ikasle izan eta gero, harekin ibili zen bertso deman. 1946an sari bat irabazi zuen Hazparnen eta Zuberoan lehiakiderik gabe geratu zenez, batzuetan Xalbador[3] eta Mattinekin egin zituen saioak.
Nolanahi ere, bertsolari baino gehiago kantugile eta pastoral-egile izan zen. Kantuan Alexis Etxekopar Attuli barkoxtarrarekin lehiatu zen. Bordazarreren zenbait kantu oso ezagunak egin dira, bereziki Agur Xiberua.
Euskaltzain urgazlea izan zen.
Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kantuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Berrehun bat kantu ditu idatziak. Gehienak euskaraz, baina frantsesez ere hainbat egin zuen. Bere kantuetan Euskal Herria bere osotasunean hartzen du, Zuberoako mugetarik haratuago.
- Agur Xiberua. (1946) Euskal Herri osoan ospe handikoa da.
- Goizian argi hastian. Haren lehen kantetarik bat.
- Anaia etxen da ezkuntü, Benito Lertxundi oriotarrak Oi ama Eskual Herri izenburuaz ezagutarazia.
- Laida pilotaria, Pilotarien Biltzarra zela kari.
- De Trevilleren azken hitzak, Iruriko Jaun Kuntea pastoralekoa, hainbat bertsio ditu, tartean Imanol Larzabal zenarena.
- Ama Euskadi[4].
Pastorala[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bederatzi Pastoral edo trajeria idatzi zituen; herri-antzerki mota hau berriztatu zuen, batez ere protagonista euskaldunak sartuz. Mende laurden batez pastoral idazle bakarra izan zen.
- Etxahun Koblakari (1953, Barkoxe)
- Matalaz (1955, Eskiulan)
- Berterretx (1958, Maule eta Ligin)
- Zantxo Azkarra (1963, Gotaine-Irabarnen)
- Iruriko Jaun Kuntea edo Le Comte de Tréville (1966, Iruri eta Maulen)
- Txikito Kanbo (1967, Maule eta Donostian)
- Pette Beretter (1973, Gotaine-Irabarnen)
- Ximena (1979, Atharratze, Iruri)
- Iparragirre (1980, Urdiñarben)
Roger Idiartek idatzi eta 2001ean taularatutako Etxahun Iruri pastorala bere omenezkoa da.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/congresos/11/11439447.pdf
- ↑ «YouTube» www.youtube.com Noiz kontsultatua: 2019-01-17.
- ↑ Biak artzainak zirelako hurbiltasun handia izan zuen urepeldarrarekin.
- ↑ "Bedatseko lehen beroetan, Orhi delarik berdatzen, harrotürik artzainak dira petik gora abiatzen, beha itzazü kantan ari zure lürraren laidatzen, zuri diren amodiua ez dizie ezabatzen".
- Jean-Louis Davant: Zuberoako literaturaz. Antologia laburra, Euskaltzaindia, Bilbo, 2008; 106-107. or.
- Jean-Louis Davant: Zuberoako idazle zenduak, Elkarlanean, Donostia, 2001; 185-200. or.
- Jean-Louis Davant: Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri (1908-1979), Bidegileak saila, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2004.
Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- «Pierre Bordazarre», Literaturaren Zubitegia.
- «Piarres Bordaçarre», Bertsulari.com. EKE
- «Piarres Bordaçarre», Txistulari.eus