Kandela

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kandel» orritik birbideratua)
Artikulu hau argiztatzeko objektuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Kandela (argipena)».
Kandelak argimutiletan.
Kandela bat, hizki errunikoz apaindua.
Kandelak elizan (Frantzia)

Kandela da argiztatzeko erabili ohi den objektu bat, gorputz koipetsu batez (gehienetan, argizaria edo estearina) eta metxa batez egina. Metxari su emanda, kandelaren erregaia kontsumitzen da, gutxika, argia sortuz.

Jatorria eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ihia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendetan zehar, kandelak egiteko ihia erabili izan da. Muina ez kaltetzeko kontuz ebakita, landare edo animalia koipez bustitzen zen, eta gero gogortzen utzi. Ihi erregailutan erretzen zuten.

Olio kriseilua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldean, Erdi Arotik aurrera, kandela lehia gogorra egiten hasi zitzaion kriseiluan erretako olioari, etxeetan eta beste argiztapena egiteko. Izan ere, kriseiluak ia etengabeko arreta eskatzen zuen: olioa maiz gehitu behar zitzaion, erretzen zen metxa moztu eta igo behar zen, eta kanpora ateratzen zen olioa garbitu. Kandela, berriz, behi edo ardi zihoz inguratutako metxa bat besterik ez zen, behin piztuta geldo erretzen zena, egokiagoa, alegia, garestiago izan gabe, olioaren aldean. Alde txarrik ere bazuen, baina: zihoa urtu egiten zen ―eta hatzak erre zitzakeen―, gar horia ematen zuen, argitasun apalekoa, eta ke adar sendokoa; eta beti kendu behar zitzaion erretako metxa.[1]

Kandela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berez kolore horixka badute ere, kandela tradizionalak zuriak izan daitezke, argizaria egun batzuk edo aste batzuk eguzkitan zuritzen uzten baldin bada. Kandela zuriak garestiagoak ziren, denbora luzeago behar baitzen fabrikatzeko. Horregatik, soilik etxe aberatsetan ikusten ziren kandela zuriak.

Noblezia eta kleroa erleen ezkoz egindako xirioekin argiztatzen ziren; herri xeheak, berriz, ziho kandelak erabili behar zituen. Ezkoz egindako xirioak kandelaren alde on guztiak biltzen ditu (argitasun zuri eta indartsua), eta ez alde txarrak (usaina eta kea), baina prezioak ―Luis XIV.aren erregealdian, esate baterako, langile espezializatu baten eguneko soldata balio zuen xirio edo argizari batek, garai hartako 2,5 libera― gizarteko maila altuenetara eta, bereziki, erregetzara eta Elizara mugatu zuen.[2]

Kandelagintza XIX. mendearen erdialdean garatu zen; argizarien aldean, beste osagaiak erabiltzeaz gain, kotoi txirikordatuz egindako kandelak egiten hasi ziren, horri esker metxa berez kontsumitzen baitzen, mozten ibili behar izan gabe. Horrela, kandela pixkanaka erretzen zen, arreta jarri behar izanik gabe.[3]

Kandela estearikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1783an, Carl Wilhelm Scheele kimikariak, xaboiari buruzko bere ikerketen barruan, oliba olioa irakin zuen berun oxidoarekin batera, zapore gozoko substantzia baten emaitzaz, glizerina, alegia. 1823an, Michel Eugène Chevreul kimikariak, aurkikuntza horrek bultzatuta, ikusi zuen xaboia ez dela sortzen gantz elementuak alkaliarekin konbinatzen direnean, baizik eta lehenik gantz azidoetan eta glizerinan (edo glizerolean) deskonposatzen direla. Saponifikazioaren teoriaren esparruan egindako ikerketei esker, kandela estearikoa asmatu zuen, gantz azido jakin baten bidez: azido estearikoa. Horren ondorioz, 1825etik aurrera kandela estearikoak guztiz ordeztu zuen ziho kandela.[4]

Bi elementu horiek kandelaren eta xaboiaren industrializazio masiboaren oinarrian dira. Geroztik, kandelagileak eta xaboigileak eremu berekoak izan ohi dira maiz.

Gerora, parafina petrokimikoak eta estearinak (animalia eta landare koipearen estraktua) kalitate hobeko kandelak ekoiztea ahalbidetu zuten.

Argizaiolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi argizaiol, eskuinekoak bildumena kiribildua duelarik.

Euskal Herrian tradizioz hildakoen omenezko zeremonia erlijiosoetan erabilitako argiztapen tresna bat da, eskutan eraman daitekeen zurezko taula bat, inguruan bildumen[5] izeneko kandela mehe eta luze bat kiribildua duena. Bildumenak egiteko, argizari zuritu gabea erabiltzen zen, merkeago izan zedin.[6]

Kandelagintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandelagintzak tradizio luzea izan du Euskal Herrian. Adibidez, Gasteizen, XVII. mendearen hasieran, kandelagileen gremioak garrantzi handia zeukan gizartean. Izan ere argizaria lantzea eta egitea ogibide nobleenetako eta garrantzitsuenetako bat zen garai hartako gizarte eta merkataritza bizitzan.[7][8]

Gozogintzari loturik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioz, gozogileak izan ohi ziren kandelagile. Izan ere, gozogintzarako erleek egindako eztia erostearekin batera, argizaria bera erosi beharra zeukaten. Horrenbestez, bi lanbideek batuta eta berezi gabe iraun zuten mendetan zehar, XX. mendera bitarte.[9] Bestalde, kandelagintzarako behar ziren ontziak eta tresnak gozogileen esku egoten ziren.[6]

Aro modernoan, papergintza industria zeukaten eskualdeetan, bereziki Tolosaldean, kandelagintza asko garatu zen, modu osagarrian eta elkarren interesen alde jokatzen baitzuten paper lantegiek eta kandelagileek, bereziki bi langintzatan erabiltzen zen parafina eskuragarri izateko.[10]

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kamera geldoan filmatutako kandela eta pospoloa, sutan (120 irudi segundoko).

Kandelaren funtzionamendua autoelikadura fenomeno batean oinarritzen da.[11]

Kandela bat parafinaz estalitako estearina bloke batek osatzen du. Bloke horren erdigunea azido borikoz bustitako kotoi hari txirikordatu batek zeharkatzen du.

Kandela pizten denean, metxaren inguruan berotutako aireak gertuko estearina urtzen du pixkanaka. Urtutako estearina kapilaritate bidez igotzen da metxan gora; lurrundu egiten da eta sugarrarekin kontaktuan dagoen gas erregai batean deskonposatzen da. Gas erregai hori airean azkar oxidatzen denez, estearina eta parafina pixkanaka erretzen dituen garrari eusten dio. Horrela, kandela erretzeko prozesuak aurrera egiten du, erregaia agortu bitarte.[11]

Parafina, estearina baino geldoago urtzen denez, mantsoago desegiten da, eta geruza gogorrago bat gelditzen da kandelaren kanpoaldean. Hala, kandela batek argizarizko xirioak baino «malko» gutxiago sortzen du; beraz, materia kantitate bera erabiliz errekuntza ―eta, horren ondorioz, argiztapen― denbora luzatzen du. Fabrikatzaile batzuek tximiniak jartzen dituzte estearina blokean, kandelaren luzera osoan; horrela, urtutako estearinaren zati bat barrurantz doanez, are eta gehiago luzatzen da errekuntza denbora.

Japoniar kandela tradizionalak ekoizteko lantegia.

Kandela baten metxa kotoizko hari txirikordatu batek osatzen du. Kandelaren goialdetik irteten den metxaren muturrari su ematen zaio, oxigenoaren eraginpean; zati hori erre egiten da eta errautsetara bihurtzen da. Txirikorda bustitzen duen azido borikoak errekuntzaren motelgarri gisa jokatzen du, estearinak dauzkan kare hondakinekin erreakzionatzean. Hori gabe, kareak metxa irentsi eta haren kapilaritatea murriztuko luke.[12] Metxa txirikordatu eta azido borikoz bustitakoekin, kandela automatikoki doa erretzen, pixkanaka, eta zenbait orduz argiztatzen da inolako manipulaziorik behar izan gabe.

Kandela baten sugarra bost zatitan bereiz daiteke:

  1. Sugarraren oinarrian, kandelaren gorputzaren gain-gainean, eremu ilun bat dago, gas erregaien ihesari dagokiona.
  2. Ondoren, zona urdin estu bat dago, gas erregaiak aireko oxigenoarekin kontaktua egiten duten gunea, hor gertatzen baita errekuntza, 1.200 °C inguruko tenperaturan.
  3. Errekuntza, baina, ez da osorik gertatzen, eta hirugarren eremuan uzten du errekuntzak 1.500 °C tenperaturaino berotzen dituen karbono partikulen hondakina. Sugarraren zati hau da kandelaren argitzailea.
  4. Gasak eta partikulak sugarrean gorantz igotzen diren heinean, tenperatura apaldu egiten da, eta kolorea laranja eta gorri bihurtzen da.
  5. Gutxi edo gehiago, kandela batek kedarra sortzen du.[11][13][14]

Kandela bat itzali egiten da sugarraren gainean putz egiten badugu, suaren triangelua hautsi egiten delako eta, horren ondorioz, errekuntza gelditu egiten delako. Kandela itzaltzen den orduko sentitzen den usain berezia metxatik ihes egiten duten gas erregaien usaina da, estearina urtzeko bezain bero jarraitzen duen bitartean. Gas horren jarioak berriro piztu dezake oraindik beroa dagoen kandela.[13]

Bougies en cire d'abeille.
Erle argizariz egindako kandelak.

Alderdi energetikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kandela baten errekuntzak sortzen duen energia zehazteko, estearina har daiteke erregai nagusitzat. formula duen konposatu kimiko horrek masa molarra du[15] Estearina airearekin kontaktuan oxidatzen da erreakzio honen arabera:

Estearinaren formula topologikoari esker, erreakzioan bereizten diren loturak zehaztu daitezke:[15]

  • 53 lotura bereizketa
  • 6 lotura bereizketa
  • 3 lotura bereizketa
  • 110 lotura bereizketa

Jarraian, 57 karbono atomoen kondentsazioa kontatu behar da, horien entalpiak balio hau duelarik: .[16]

Ondoren, erreakzioaren produktuak sortzen dira:

  • 57 molekula talde .
  • 55 molekula talde .

Hessen legeak aukera ematen du erreakzio totalaren entalpia estandarra zehazteko. Beraz, estearinaren errekuntzak 40,2 kJ/g-ko energia askatzen du.

Adibidez, «plater berogailu» deitutako kandela txiki batek, 10 g erregaiz osatua, 402 kJ-ko energia kimiko potentziala dauka, errekuntzak bero eta erradiazio gisa askatzen duena.

Erabilerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtebetetzeko opil baterako kandelak.
Elektrizitaterik ezean, dama jokoa Tanzanian (2014).

Kandela argi iturri seguru bat da beti, elektrizitate indarrak huts egiten duenean, baina gaur egun ez da gehienbat horretarako erabiltzen.

Denbora[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denboraren joana edo igarotako urteak irudikatzen ditu kandelak urtebetetze opiletan. Erabilera hori, ziurrenik, suarekin eta argiarekin zerikusia duten antzinako sinesmenekin lotuta dago. Antzinako Grezian, urtebetetzea eta igarotako urteak nabarmentzeko, Artemisa jainkosa ohoratzen zuten, ehizaren eta, besteak beste, ilargiaren jainkosa. Ohoratze horretan, Artemisaren tenplura jotzen zuten, opil biribil batekin, ilargiaren ikur, eta kandelatxoak ezartzen zituzten inguruan, argizagiaren argitasuna antzezteko. Otoitzen ostean, putz egiten zuten kandelak itzaltzeko, ugalkortasunaren jainkosarekiko errespetuaren seinale. Hortik dator gurari bat adierazteko ohitura, kandelaren suari putz egiterakoan.[17]

Historian zehar, denbora neurtzeko erabili izan dira kandelak. Hori da su erlojuen edo kandela erlojuen kasua: erregaiaren kontsumoaren abiaduraren bitartez, orduak eta minutuak neurtzen ditu. Alfredo Handiak IX. mendean asmatu zituen bere gaueko otoitzen orduak finkatzeko. Kandela haiek graduatuta zeuden; erretzen ziren heinean, gelditzen zen argizariak adierazten zuen igarotako denbora.[18]

Erromako inauteria kandela erakustaldi handi batekin amaitzen zen iraganean, via del Corso erdiguneko kale nagusietako batean. Jokoa zen kandela bat ―italieraz moccolo izenekoa― piztuta eramatea, eta besterena itzaltzen saiatzea. Milaka lagunek hartu ohi zuten parte gaueko jai alaitsu hartan.[19]

Apaingarri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguberrietan etxeetan jarri ohi diren izeiak apaintzeko, hastapenetan, kandelak erabili izan ziren, baina sute arrisku handia sortzen zutenez, benetako kandelak imitatzen dituzten argitxo elektrikoekin ordezten dira gaur egun.

Era berean, kandelaren argia lagungarritzat jotzen da afari batean giro intimoago bat lortzeko. Halako irudiak maiz ikusten dira filmetan, gutxi gorabeherako berreraikuntza historikoetan, nahiz nabarmendu beharra dagoen kandelak ez duela behar adina argitasun ematen kamerarentzat, eta, horren ondorioz, zinemagileak argiztapen artifiziala gehitzera behartuta daudela, benetako distiraren ideia faltsua emanez.[20]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Xirio»

Kandelak oso loturik daude erlijio errituekin. Erromatar Eliza Katolikoaren kasuan, xirioak erabiltzen dira, hau da, erleen argizariz egindako kandela fin eta luzeak; horien artean dago, adibideez, pazkozko xirioa. Zeremoniak argiztatzeko edo apaintzeko ohituraz gain, katolikoen artean ohikoa da kandelak piztea Ama Birjinari edo santuei eskerrak eman edo desira bat aurkezteko.

Beste erlijio batzuetan ere erabiltzen dira kandelak, hala nola Wicca erlijioan.

Masajea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argizari jolaseko irudi bat.

Gaur egun, masajeetan ere erabiltzen dira kandelak. Argizari naturalez egindako kandelak erabiltzen dira halakoetan, batik bat erle argizarizkoak, estearinarekin konbinatuta, edo landare olioekin, kandelaren urtze puntua apalagoa izan dadin eta erredurarik sor ez dezan. Urtze puntua murriztuta, besteak beste, kandeletan olio lurrunkorrak gehitu daitezke.[21]

Sexua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu harremanetarako objektu gisa erabiltzen dira kandelak, argizari jolas deituriko sexu ekintzan, batik bat BDSM praktika erotikoetan.[22] Kandelan urtutako argizaria beste pertsonaren azalera botatzen da, tentu handiz, erredurarik ez sortzeko.[23]

Kandela eta ekonomia politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frédéric Bastiat (1801-1850) baionar ekonomialari eta politikariak satira gordin bat idatzi zuen, indibidualismoaren eta liberalismoaren alde, «Pétition des fabricants de chandelles» («Kandelagileen eskaera») izenburuaz, non Estatuaren babesa eskatzen baitzuen «bere argia salneurri baxuegitan eskaintzen duen lehiakide atzerritar baten konkurrentziaren» aurrean; «atzerriko hornitzaile» hori, jakina, eguzkia baitzen.[24]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Velas, kandelak - Atlas Etnográfico de Vasconia. Labayru.
  2. (Frantsesez) «L'histoire de la chandelle - Chandelles Tradition Candles» web.archive.org 2022-08-13 (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  3. (Frantsesez) «Découvrez la fabuleuse histoire des bougies et chandelles» web.archive.org 2022-09-30 (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  4. (Frantsesez) «L'histoire de la bougie – La Belle Mèche» web.archive.org 2022-11-26 (Noiz kontsultatua: 2023-01-18).
  5. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > bildumen» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  6. a b «Kandelak egiteko prozesua eta tresnak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  7. «Andre Maria Zuria, 1613-2013, 400 urteko historia, milaka ahots...» web.archive.org 2013 (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  8. «Euskal Herriko Historia. Aro Modernoa - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  9. «Gozo eta kandelagile - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  10. «Gorrotxategin argizaria eta kandelak ere saltzen zituzten - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  11. a b c (Frantsesez) Frédéric Elie. (2005). Combustion d'une bougie. .
  12. (Frantsesez) Girardin, Jean. (1846). Leçons de chimie élémentaire: appliquées aux arts industriels.... Fortin, Masson et Cie (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  13. a b (Ingelesez) David de Hilster. (2017-07-07). The Candle, The Light Bulb, and The Radio. CNPS Proceedings 2017 ISBN 978-1-387-06289-8. (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  14. (Ingelesez) Richard E. Barrans Jr.. «Candle Flame» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  15. a b (Ingelesez) «Tristearin | C57H110O6 - PubChem» web.archive.org 2023-01-21 (Noiz kontsultatua: 2023-01-22).
  16. (Frantsesez) C. Houssier. (2021-11-22). «Exemple illustratif» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-23).
  17. (Frantsesez) «Pourquoi souffle-t-on des bougies à un anniversaire ?» web.archive.org 2022-11-30 (Noiz kontsultatua: 2023-01-23).
  18. (Frantsesez) Musée de Cluses. Horloge à bougie. web.archive.org.
  19. (Frantsesez) Ernest de Toytot (1832-1910). (1868). Les Romains chez eux : scènes et moeurs de la vie romaine. Gallica BnF (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  20. (Ingelesez) Saro Varjabedian. (2010-12-05). «How to Recreate Candle Lighting: Some Quick Tips» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  21. (Ingelesez) «What is a Candle Massage? - Health & Beauty» web.archive.org 2022-12-07 (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  22. (Ingelesez) «A to Z of BDSM : a practical guide to the art of BDSM play | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  23. (Ingelesez) «Wax Play | Sex Talk About» web.archive.org 2022-06-30 (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).
  24. (Frantsesez) Frédéric Bastiat. (2023-01-24). «Sophismes économiques» web.archive.org (Première série, VII.): Vol. 4 des OEuvres complètes de Frédéric Bastiat, mises en ordre, revues et annotées d’après les manuscrits de l’auteur (Paris Guillaumin et Cie, 186264) en 7 volumes, pp. 1271.. (Noiz kontsultatua: 2023-01-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]