Pio XII.a

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Pio XII.a
Pius PP. XII
Pio XII.a

1939 – 1958
Aurrekoa Pio XI.a
Ondorengoa Joan XXIII.a
Jaiotzezko izena Eugenio Maria Giuseppe Giovanni Pacelli

Jaiotza 1876ko martxoaren 2a
Erroma (Italia)
Heriotza 1958ko urriaren 9a
Castel Gandolfo (Italia)
Erlijioa Eliza Katoliko Erromatarra

Pio XII.a[1] (latinez: Pius PP. XII), jaiotzez Eugenio Maria Giuseppe Giovanni Pacelli Graziosi (Erroma, 1876ko martxoaren 2a - Castel Gandolfo, Vatikano Hiria, 1958ko urriaren 9a), Eliza Katolikoko 260. Aita Santua izan zen 1939ko martxoaren 2tik bere heriotza egunera arte.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teologiako eta Zuzenbide Kanonikoko ikasketak egin zituen Unibertsitate Gregoriarrean eta 1899an, apaiz egin ondoren, Vatikanoko estatuko idazkaritzan sartu zen. Artzapezpiku egin zuten 1917an eta, Bavariako nuntzio izan ondoren, Berlinen izan zen sei urte geroago. 1929an kardinal izendatu zuten eta Erromara itzuli zen Pio XI.aren estatu idazkari izateko. Kargu horretan Europako zenbait herrialderekin itunak edo konkordatuak izenpetu zituen, besteak beste III. Reicharekin (1933).

1939. urtean hautatu zuten aita santu eta Pio XII.a izena hartu zuen aurreko Aita Santuaren omenez. Lehen hilabeteetan Bigarren Mundu Gerra geldiarazten saiatu zen eta gerra garaian nazionalsozialismoaren eta faxismoaren gehiegikeriak salatu zituen, jarrera ofiziala neutraltasunezkoa hartu bazuen ere. Laguntza Batzorde Pontifikala sortu zuen, gerrak eragindako sufrimenduak arintzeko.

Gerra amaitutakoan idazki eta mezu ugari bidali zituen komunikabideetara kristauen munduari jarrera moralari buruzko gida bat eskaintzeko eta, besteak beste, komunismoaren aurkako jarrera oldarkorra erakutsi zuen. Kardinalen kolegioan italiarren botere absolutua ezabatu zuen 1946an; ordutik aurrera italiarrak gehien izan diren arren, kultura eta herrialde askotako kardinalak egon izan dira. Teologiaren arloari dagokionez Bibliaren azterketa bultzatu eta dotrinaren desbideraketak gaitzetsi zituen Humani generis entziklikaren bidez (1950). XX. mendean ex cathedra dogma definitu zuen aita santu bakarra izan zen; izan ere, 1950ean, Munificentissimus Deus konstituzio apostolikoaren bidez, Mariaren Jasokundea dogma zela aldarrikatu zuen (katoliko orok sinistu beharreko egia errebelatua).

Pio XII.a 1958ko urriaren 9an hil zen, bihotzekoak jota. Paulo VI.ak hasi zuen haren beatifikazio prozesua, 1965ean, eta 2000ko irailean Joan Paulo II.ak Beneragarri titulua eman zion (dohatsu izendatu aurreko azken etapa).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pio XII.a Aldatu lotura Wikidatan