Bernardo Bertolucci
Bernardo Bertolucci (Parma, 1941eko martxoaren 16 - Erroma, 2018ko azaroaren 26) italiar idazle eta zinema zuzendaria izan zen. Bere bizitzako zenbait gai (gurasoekiko maitasuna, haurtzaroa) eta obsesio pertsonalak oinarri dituen estilo berezia moldatu zuen; bertan erromantizismoa, kritika soziala, opera eta nouvelle vague frantsesaren izpiritua biltzen dira.[1] Marxistatzat jotzen zuen bere burua. Last Tango in Paris, Novecento eta The Last Emperor dira haren filmarik ezagunenak; azken horrek bederatzi Oscar sari jaso zituen, zuzendari onenarena barne.[2]
Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Attilio Bertolucci poeta eta zinema kritikariaren eta Ninetta Giovanardi irakaslearen semea, txikitatik heldu zion poesiari, eta hainbat lan argitaratu zituen Erromako Unibertsitatean ikasketak egiten ari zela. Haren anaia Giusepperekin batera hasi zen zineman murgiltzen: kamera txiki bat eskuetan, inguruko kontuak grabatzen aritzen ziren bi anaiak; harik eta, aitaren laguna zen Pier Paolo Pasolini italiar zinemagile ospetsuaren bultzadari esker, industrian sartzea lortu zuen arte. Pasoliniren laguntzailea izan zen Accatone (1961) filmean, 20 urte zituela. Handik urtebetera ekoitzi zuen bere lehen lana: La commare secca. Erromako aldirietako bizitza deskribatzen zuen pelikulak, baina oharkabean pasatu zen.[3]
Aita eta Pasolini, biak izan zituen eredu; eta, ideologikoki ere eragin zuten zinemagile gaztearengan, marxismoaren gertukoak baitziren biak. 1969an hasi zen Italiako Alderdi Komunistarekin harremanetan; 1968ko maiatzeko gertakarien ondoren. Parisen bertan bizi izan zuen 1968ko maiatza Bertoluccik, eta han bizi izandakoak bizitza osorako aztarna utzi ziola aitortu zuen behin baino gehiagotan.[3]
1970eko hamarkadan ekoitzitako pelikulekin lortu zuen arrakasta: La strategia del ragno eta Il Conformista lanekin. Musoliniren erregimen faxistan kokatutako istorioa kontatzen du azken lan horrek, eta Oscar Sarietarako izendatuta egon zen, gidoiagatik. Nolanahi ere, ondoren ekoitzitako filmek izan zuten oihartzunak handitu zuten zinemagilearen itzala.[3]
Estreinatu zutenetik polemikari lotuta egon zen Last Tango in Paris (1972), zuen erotismoagatik. Estreinatu eta jarraian filma zentsuratu zuten Italian, eta bi hilabeteko espetxe zigorra ere ezarri zioten zuzendariari, “lizunkeria” leporatuta. Are, bost urtez, boto eskubidea kendu zioten. Italian ez eze, beste hainbat herrialdetan ere debekaturik egon zen Last Tango In Paris: frankismoaren menpe zeuden Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian, kasurako. Ipar Euskal Herriko zinemetara jo zuten askok lana ikustera.[3]
Zentsura ez zen izan pelikularen arazo bakarra, bortxaketaren itzala ere izan baitzuen filmak. Marlon Brando aktore eta pertsonaia nagusiak Maria Schneider bortxatu zuen filmean, zuzenean, eta Bertolucciren onespenarekin egin zuela azaldu zuen Schneiderrek, gerora. Orduan, inork ez zuen emakumearen akusazioa sinistu, baina kasua berriz azaldu zen jendaurrera 2016an. Bertoluccik aitortu zuenez: “Ez nuen nahi Schneiderrek umiliatze momentu hori antzeztea, zuzenean sentitzea nahi nuen”. Schneider hil eta bost urtera onartu zuen bortxatzea zinemagileak, baina ez zuen damu izpirik agertu. “Errudun sentitzen naiz, baina ez naiz damutzen”.[3]
Gertatutakoak gertatuta ere, garaiko zinemagintzaren ikurra izan zen pelikula eta, Oscar Sarietan, zuzendaririk onenaren saria jasotzeko hautagaia izan zen Bertolucci. Arrakastaz beterik zegoela ondu zuen bere ibilbideko egitasmorik handiena: Novecento (1976). Robert de Niro, Donald Sutherland, Gerard Depardieu eta Burt Lancaster aktore ezagunek parte hartu zuten filmean. XX. mendeko lehen hamarkaden historia du ardatz; zehazki, Italiako faxismoaren hastapenetik, erregimenaren erorketara bitarteko aldia kontatu zuen zinemagileak, 314 minutuko iraupena duen filmean. Komunismo italiarrari gorazarre egitea leporatu zioten Bertolucciri, eta filma zabaltzeko arazoak izan zituen horregatik.[3]
Nahiko oharkabean igaro ziren La luna (1979) eta La tragedia di un uomo ridicolo (1981), baina 1987an indartsu bueltatu zen pantaila handira. The Last Emperor-en Pu Yi Txinako azken enperadorearen bizitza kontatu zuen, eta arrakasta handia izan zuen, bederatzi Oscar sari irabazteraino —besteak beste, film eta zuzendari onenarenak—. Handik aurrera, film komertzialak —Little Buddha (1993)—, eta pertsonalagoak —O ballo da sola (1996), Besieged (1998)—, tartekatu zituen. 2003an gauzatu zuen 1968ko maiatzari buruzko The Dreamers filma. Novecento-ren hirugarren atala filmatzeko aukera aztertzen ari zela sortu zitzaion film hori egiteko ideia; Bertoluccik adierazi zuen 1968ko gertakariei buruzko ezagutza eskasa zegoela, eta hutsune hori bete nahi zuela filmarekin. 2012an azkeneko filma egin zuen: Io e Te. 2018an hil zen, 77 urte zituela, gaixotasun luze baten ondorioz.[3]
Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- La commare secca (1962)
- Prima della rivoluzione (1962)
- La Via del petrolio (1965)
- Il Canale (1966)
- Partner (1968)
- Amore e rabbia (1969, "il Fico Infruttuoso" atala)
- La Strategia del ragno (1970)
- Il Conformista (1971)
- Ultimo tango a Parigi (1973)
- 1900 (edo Novecento, 1976)
- La Luna (1979)
- La Tragedia di un uomo ridicolo (1981)
- The Last Emperor (1987)
- The Sheltering Sky, (1990)
- Little Buddha (1993)
- Stealing Beauty (1996)
- L'assedio (1998)
- Ten Minutes Older: The Cello (2002)
- The Dreamers (2003)
- Io e te (2012)
Urtea | Izenburua | Kredituetan | Oharrak | ||
---|---|---|---|---|---|
Zuzendaria | Gidoigilea | Ekoizlea | |||
1962 | La Commare Secca | Bai | Bai | Ez | |
1964 | Before the RevolutionPrima della rivoluzione | Bai | Bai | Ez | |
1967 | How to Win a Billion... and Get Away with It | Ez | Bai | Ez | |
1968 | Partner | Bai | Bai | Ez | Nominatua - Golden Lion |
Once Upon a Time in the West | Ez | Bai | Ez | ||
1969 | Amore e Rabbia | Bai | Bai | Ez | Zatia: Agonia Nominatua - Golden Bear |
1970 | The Conformist | Bai | Bai | Ez | Nominatua - Academy Award for Best Adapted Screenplay Nominatua - Golden Bear |
The Spider's Stratagem | Bai | Bai | Ez | ||
1972 | Last Tango in ParisUltimo tango a Parigi | Bai | Bai | Ez | Nominatua - Academy Award for Best Director Nominatua - Directors Guild of America Award for Outstanding Directing Nominatua - Golden Globe Award for Best Director |
1976 | 1900
(edo Novecento) |
Bai | Bai | Ez | |
1979 | La Luna | Bai | Bai | Ez | |
1981 | Tragedy of a Ridiculous Man | Bai | Bai | Ez | Nominatua - Palme d'Or |
1987 | The Last Emperor | Bai | Bai | Ez | Academy Award for Best Director Academy Award for Best Adapted Screenplay BAFTA Award for Best Film César Award for Best Foreign Film David di Donatello for Best Director David di Donatello for Best Screenplay Directors Guild of America Award for Outstanding Directing Golden Globe Award for Best Director Golden Globe Award for Best Screenplay Nominatua - BAFTA Award for Best Direction |
1990 | The Sheltering Sky | Bai | Bai | Ez | Nominatua - Golden Globe Award for Best Director |
1993 | Little Buddha | Bai | Bai | Ez | |
1996 | Stealing Beauty | Bai | Bai | Ez | Nominatua - David di Donatello for Best Director Nominatua - Palme d'Or |
1998 | BesiegedL'assedio | Bai | Bai | Ez | Nominatua - David di Donatello for Best Director |
2001 | The Triumph of Love | Ez | Bai | Bai | |
2002 | Ten Minutes Older: The Cello | Bai | Bai | Ez | Zatia: Histoire d'eaux |
2003 | The Dreamers | Bai | Ez | Ez | |
2012 | Me and YouIo e te | Bai | Bai | Ez | Nominatua - David di Donatello for Best Film Nominatua - David di Donatello for Best Director Nominatua - David di Donatello for Best Screenplay |
2021 | The Echo Chamber | Ez | Bai | Bai |
Documentalak
Urtea | Izenburua | Kredituetan | Oharrak | |
---|---|---|---|---|
Zuzendaria | Gidoigilea | |||
1966 | Il canale | Bai | Bai | Dokumental laburra |
1971 | La salute è malata | Bai | Ez | |
1984 | L'addio a Enrico Berlinguer | Bai | Bai | |
1989 | 12 registi per 12 città | Bai | Ez | Zatia: Bologna |
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ The Last Emperor. sansebastianfestival.com (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
- ↑ a b c d e f g Larrabe Arnaiz, Ainhoa. Bortxaren itzala duen ikurra. Berria egunkaria, 2018ko azaroak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2018-11-27).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Larrabe Arnaiz, Ainhoa, Bortxaren itzala duen ikurra, Berria egunkaria, 2018ko azaroak 27, berria.eus
- Lizarralde, Mikel, Bernardo Bertolucci hil da, Berria egunkaria, 2018ko azaroak 26, berria.eus
|