Emigrazio europarra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Europar jatorriko populazioaren ehunekoak mundu mailan.

Emigrazio europarra Europatik beste kontinente batzuetara egindako emigrazio-olde desberdinen multzoa da, nagusiki[1]. Fenomeno bereziki bizia izan zen garai kolonialean, Europako gerrate eta diktaduren garaian, herrialde batzuen hazkunde demografikoengatik eta garai batzuetako krisi ekonomiko, gosete, errepresio politiko eta bestelako arrazoiengatik.

Garai zaharragoetan zenbat europarrek utzi zuten kontinentea esaterik ez dago; baina 1815 eta 1932 artean, 60 milioi pertsonak utzi zuten Europa, batez ere Ameriketara joateko, bereziki Ameriketako Estatu Batuetara, Kanadara, Brasilera, Argentinara, Uruguaira, Australiara, Zeelanda Berrira eta Siberiara; populazio horiek ere azkar ugaldu ziren beren bezileku berrian, Afrika, Asia eta Ozeaniako populazioak baino askoz gehiago. Ondorioz, Lehen Mundu Gerraren bezperan, munduko biztanleria osoaren %38 europar jatorrikoa zen. Gorago esandako bitarte horretan, Ameriketara egindako immigrazio boladan, Estatu Batuak (32.5 milioi), Argentina (6.5 milioi), Kanada (5 milioi), Brasil (4.3 milioi), Kuba (1.3 milioi) eta Uruguai (713 000) izan ziren europar migratzaile gehien jaso zituzten herrialdeak.[2]

Dena den, esan daiteke garai berriagoetan beste emigrazio europar bat ere egon dela, Europako herrialde batetik bestera, hasieran garapen ekonomiko gutxieneko herrialdeetatik herrialde ekonomikoki garatuenetara batez ere, eta, geroago, Europar Batasuneko barne-mugikortasunaren testuinguruan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonien garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europan, oso aspalditik, Aro Modernoa baino askoz lehenago, egon dira migrazio-mugimenduak, bai Europa barruan, eta baita kanpoko lurrekin, bereziki Afrika iparraldearekin, Ekialde Hurbilarekin eta Asia Txikiarekin. Hala ere, Behe Erdi Aroko hazkunde demografikoak bakarrik ekarri zituen biztanleria-mugimendu handiagoak, kontinentearen barnean eta kontinentetik kanpo[3]. Europarrek 1492an Amerika aurkitu izanak borondatezko migrazio korronte jarraitu bat bultzatu zuen. Itxura denez, 200.000 espainiar inguru ezarri ziren kolonia amerikarretan 1600 baino lehen, Amerikako lurralde espainiarretan 3 eta 4 milioi amerindiar bizi zirelarik.

Gutxi gorabehera 1,5 milioi europar ezarri ziren Mundu Berrian 1500 eta 1800 artean. Garai moderno goiztiarrean, migratzaile europarren kopuru absolutua oso txikia izan zen, XIX. eta XX. mendeetako ondorengo migrazio-boladekin alderatuta, baina lehen migrazio moderno horiek tamaina erlatibo nabarmena izan zuten.

XVI. mendean, Espainiak eta Portugalek etengabe bidali zituzten beren kolonietara gobernuko eta elizako funtzionarioak, noblezia txikiko kideak, nekazariak eta haien familiak, urtean batez beste 3 000 pertsona inguru, 8 milioi inguruko populaziotik. Guztira, kalkulatzen da 437.000 pertsona inguru irten zirela Espainiatik 1500 eta 1650 bitartean Erdialdeko Amerikara, Hego Amerikara eta Karibeko uharteetara. Kalkuluen arabera, 1492 eta 1824 artean, 1,86 milioi espainiar baino gehiagok emigratu zuten Latinoamerikara, milioi bat XVIII. mendean, eta hainbat milioi gehiagok jarraitu zuten emigratzen Ameriketako lurraldeen independentziaren ondoren.

Bestetik, 1500 eta 1700 artean, 100.000 portugaldarrek zeharkatu zuten Atlantikoa, Brasilen ezartzeko. Hala ere, Minas Gerais eskualdean ekoizpen handiko urre meategi ugari aurkitu ondoren, Brasilerako portugaldar emigrazioa boskoiztu egin zen. 1500. urtetik, portugaldarrak Brasilera iritsi zirenetik, 1822an herrialde horrek independentzia lortu zuen arte, 500.000 eta 700.000 bitarte portugaldar ezarri ziren Brasilen, horietatik 600.000 inguru XVIII. mendean. 1700etik 1760ra bitartean, beste milioi erdi bat etorkin portugaldar sartu ziren Brasilen. XVIII. mendean, urre-sukarrari esker, Minas Gerais probintziako hiriburua, Villa Rica hiria (gaur egun Ouro Preto), garai batez, Mundu Berriko hiririk jendetsuenetako bat bihurtu zen. Portugaldarren immigrazio eta eragin masibo horrek hartaratuta, hiri horrek Amerikako XVIII. mendeko europar arkitekturaren adibiderik onenetakoa izaten jarraitzen du gaur egun.[1] Bestalde, meatzaritza-ekonomiaren garapenak soldaten igoera eta enplegu aukeren ugalketa ekarri zuen Portugalgo kolonian XVIII. mendean, eta horrek are bultzada handiagoa eman zion emigrazioari: horrenbestez, XVIII. mendean, 600.000 portugaldar inguru ezarri ziren Brasilen, emigrazio masibo bat, kontuan izanik Portugalek garai hartan 2 milioi biztanle baino ez zituela.[4]

Migratzaile europarren kopurua 1500-1783 bitartean
Jatorria Zenbatekoa Epea
Espainia 437.000 1500-1650
Portugal 100.000 1500-1700
Bretainia Handia 400.000 1607-1700
Bretainia Handia (Guztira) 322.000 1700-1780
     Eskozia, Irlanda 190.000-250.000
Frantzia 51.000 1608-1760
Alemania (Alemaniako hego-mendebaldea, Guztira) 100,000 1683-1783
     Suitza alemanieraduna, Alsazia, Lorena
Guztira 1.410.000 1500-1783
Iturria:[1]

Ipar Amerikarako immigrazioan, britainiarrak, irlandarrak, frantsesak eta iparraldeko beste europar batzuk izan ziren populazio migratzaile nagusiak[5]. Frantzia Berrirako emigrazioak Kanada modernoaren sorrera eragin zuen, Frantzia iparraldeko kolonoen immigrazio goiztiar garrantzitsu batekin.

Independentzia osteko immigrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. eta XX. mendeetan, emigrazio europar masiboa gertatu zen, nagusiki Amerika, Hegoafrika, Australia eta Zeelanda Berrira. Emigrazio masibo horren zergatiak XIX. mendeko Europako lanik eza eta miseria —bereziki nekazari eta langileen artean—, gerrak eta kontinenteko aldaketa politikoak izan ziren. Napoleonen gerren amaieratik 1920ra arte, 60 milioi europar inguru emigratu ziren. Horietatik, %71 Ipar Amerikara joan ziren, %21 Latinoamerikara (batik bat Argentina eta Brasilera) eta %7 Australiara. Horietako 11 milioi inguru Latinoamerikara joan ziren; horietatik %38 italiarrak ziren, %28 espainiarrak eta %11 portugaldarrak.[6]

XIX. mendean, 1821 eta 1890 artean, 9,55 milioi europar kokatu ziren Estatu Batuetan, nagusiki alemanak, irlandarrak, ingelesak, eskandinaviarrak, italiarrak eta eskoziarrak. 15 milioi gehiago iritsi ziren 1890etik 1914ra, eta Kanadara 2,5 milioi. Bitarte horretan iritsitako etorkin kopurua handia izan arren, Ameriketako Estatu Batuetatik kanpo jaiotakoek AEBetako biztanleriaren ehuneko txiki samarra osatzen zuten 1910ean: atzerritarrak herrialdeko biztanleriaren % 14,7 ziren, 13,5 milioi pertsona. Argentinaren kasuan, aldiz, immigrazioak askoz eragin handiagoa izan zuen herrialdearen osaera etnikoan, Estatu Batuek baino askoz jatorrizko biztanle gutxiago zituelako. Horrenbestez, 1914an, Argentinako biztanleriaren % 30a atzerrian jaioa zen, eta etorkin talde handiena, Italian jaiotakoak, populazioaren % 12 ziren. Kanadarekin ere fenomeno berbera gertatu zen: 1881ean, kanadarren % 14 atzerrian jaioak ziren, eta proportzioa % 22ra igo zen 1921ean.

Brasilen, berriz, biztanleria osoaren barruan etorkinek zuten proportzioa askoz txikiagoa zen, eta, gainera, immigranteek herrialdeko erdialde eta hegoaldean kontzentratzeko joera zuten. Brasilgo atzerritarren proportzioa 1920an iritsi zen puntu gorenera, % 7ra zehazki, 2 milioi pertsonarekin, gehienak italiarrak, portugaldarrak, alemaniarrak eta espainiarrak; dena dela, 1880 eta 1920 artean 4 milioi etorkin europar iritsi izanak nabarmen aldatu zuen herrialdearen osaera arraziala.[7] Brasilgo biztanleriak 1901etik 1920ra bitartean izan zuen hazkundean, immigrazioaren pisua ez zen iritsi % 7raino baino; aldiz, immigrazio handiko urteetan, 1891tik 1900era, proportzioa % 30erainokoa izan zen (Argentinak 1880ko hamarkadan izan zuen % 26tik gorakoa).[8]

1820tik 1930eko hamarkadaren hasierara bitartean etorkin europar gehien jaso zituzten herrialdeak Ameriketako Estatu Batuak (32,5 milioi), Argentina (6,5 milioi), Kanada (5,1 milioi), Brasil (4,4 milioi), Kuba (1,4 milioi) eta Uruguai (713.000) izan ziren.[2]Immigrazio kopuru apalagoa jaso zuten (guztien artean, Latinoamerikako emigrazio europarraren % 10 baino gutxiago) Mexiko (270.000), Kolonbia (126.000), Txile (90.000), Puerto Rico (62.000), Peru (30.000) eta Paraguai (21.000).[2]

Etorkinen jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetara, XVIII. mendetik XX. mendearen erdi aldera arte, 8 milioi alemaniar inguru joan ziren. Bestalde, 1840 eta 1920 bitartean iritsitako etorkinen jatorriari begiratuta, hauek dira zenbakiak: alemaniarrak 6 milioi; irlandarrak 4.75 milioi; italiarrak 4,5 milioi; ingeles, galestar eta eskoziarrak 4,2 milioi; Austria-Hungariako Inperiotik 4,2 milioi; Eskandinaviatik 2,3 milioi, eta Errusiar Inperiotik 2,3 milioi (bereziki, lituaniar katolikoak, poloniarrak eta juduak).[ Eta 1840 eta 1920 bitartean, 370.000 etorkin iritsi ziren Suedia, Danimarka eta Norvegiatik.[9]

XX. mendearen hasieran, New York hiriak mundu mailako hirugarren komunitate alemanieradun ugariena zeukan Berlin eta Vienaren ondoren.[10] XXI. mendean, estatubatuarretatik 42,8 milioik (% 15,2) alemaniar jatorrikotzat dute beren burua. Munduan, 90 milioi lagun inguru daude alemaniar jatorria dutenak, Alemaniako 71 milioi biztanleez gain; Brasil, Argentina, Mexiko[11], Txile[12], Guatemala, Venezuela, Hegoafrika eta Australia dira alemaniar jatorriko migratzaileen ondorengoan diren biztanle gehien dituzten herrialdeak.

Euskal herritarren emigrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazoi ekonomikoek eragin zuten batez ere euskal herritarren emigrazioa, baina egon zen bestelako arrazoi ugari ere: besteak beste, Lehen Gerra Karlisten ondorioz ezarritako nahitaezko soldadutzari ihes egitea eta maiorazkoaren oinordetze-sistema, zeinak ondasuna seme nagusiari soilik ziurtatzen zionez besteak lan bila joatera behartzen baitzituen.

Kopuruaren aldetik, euskal emigrazioa batez ere Venezuela, Argentina, Kuba, Txile, Uruguai, Mexiko, Kolonbia eta Ameriketako Estatu Batuetara zuzendu zen. Argentinako biztanleen %10 euskal jatorrikoak dira. Hara joandako euskaldunek Ipar nahiz Hego Euskal Herritik emigratu zuten, XIX. eta XX. mendeetan bereziki, arrazoi ekonomikoengatik edo Karlistadetatik ihesi. Txilera ere migrazio handia egon zen bereziki XVIII. mendean. Ameriketako Estatu Batuetan, bestalde, euskal jatorriko 57.000 lagun bizi dira, 2000ko erroldaren arabera.

Amerikaz gainera, euskal emigrazioaren zati bat Asiara ere bideratu zen, Filipinetara batez ere, nahiz euskal diaspora ezezagunagoa izan Amerikakoarekin alderatuz. Asiako lehen misiolari kristauetako batzuk euskaldunak ziren, hala nola Frantzisko Xabierkoa jesuita, zeina Txinako kostaldeko Sanzian uharteetan hil baitzen.

Munduko beste eskualde batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Australiak 3,5 milioi europar erakarri zituen 1850 eta 1950 artean. Haietatik milioi bat britainiarrak[13]. Australiara iritsitako migrazioa, askotan, behartua izaten zen, Erresuma Batetik erbesteratutako presoak: 1788 eta 1867 artean, 162.000 preso inguru iritsi ziren, gizon eta emakumeak, baita zazpi urte arteko umeak ere, batez ere Ingalaterra eta Irlandatik.

Zeelanda Berriak, bestetik, 18.000 britainiar inguru jaso zituen 1840 eta 1852 bitartean. Hortik aurrera, emigrazioa are gehiago handitu zen, eta, 1874an, adibidez, 38.000 etorkin iritsi ziren, eta harmarkada osoan zehar 140.000 pertsona inguru. Immigrazioak beheranzko joera izan zuen 1881 eta 1900 artean, bakarrik 40.000 etorkin inguru iritsi baitziren. Aldiz, 1900 eta 1915 artean, 120.000 gehiago sartu ziren. Lehen Mundu Gerraren eraginez, ordea, asko murriztu zen immigrazioa, eta 3.000 lagun baino ez omen ziren heldu. Gerora, etorkin kopuru handiena 1935ean izan zen, 10.000 etorkinekin.[14]

Bestalde, ia milioi bat herbeheretarrek emigratu zuten Indonesiara 1600 eta 1900 artean, baina gehienak handik gutxira itzuli ziren.

Afrikan, milioi bat europar inguru hartu zituen Hegoafrikak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c "To Make America": European Emigration in the Early Modern Period. Editoreak: Ida Altman eta James P. P. Horn
  2. a b c Baily, Samuel L.; Míguez, Eduardo José. (2003). Mass Migration to Modern Latin America. Wilmington, Delaware: Rowman & Littlefield ISBN 978-0-8420-2831-8. (Noiz kontsultatua: 2017ko otsailak 27).
  3. ISBN 9780230277847. OCLC .768167292.
  4. ISBN 978-0039217051. OCLC .16577780.
  5. .
  6. (Portugesez) A grande imigração européia para o brasil e o imigrante espanhol no cenário da cafeicultura paulista: aspectos de uma (in)visibilidade. cchla.ufpb.br 2004 (Noiz kontsultatua: 2009ko urriak 3).
  7. .
  8. .
  9. Ikus US Economy in the 19th century II (ingelesez) 10. orria.
  10. Little Germany[Betiko hautsitako esteka]
  11. [1][Betiko hautsitako esteka] Mexiko (Gaztelaniaz)]
  12. Los colonos, Corporación Patrimonio Cultural de Chile (Gaztelaniaz).
  13. ABC Television
  14. «History of immigration.» Te Ara Encyclopedia of New Zealand.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]