2014ko uztaileko uholdeak Euskal Herrian

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

2014ko uztailaren 4ean, Iparraldeko eta Nafarroako uholdeak gertatu ziren. Uholde hauek kalte handiak utzi zituzten eta pertsona bat hil zen.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uztailaren 3an, urak gainezka egin zuen Sagasetan. Urak hainbat etxebizitza kaltetu zituen, bereziki bi: horietako batean horma bat behera erori zen; bestean, berriz, ur-korrontea sartu zen eraikin barrura. Urak eta lokatzak kaleak hartu zituzten, eta 40 cm-ko altuera ere hartu zuten. Egun berean, 16:54ean, sutea piztu da Arantzako Albisko Borda, tximista baten ondorioz. Eraikin barruan zegoen lastoak su hartu zuen, eta teilatuaren zati bat kaltetu zen[1].

Uztailaren 4ean, Elizondon, 05:50 eta 06:50 artean botatako "aparteko euri-jasa baten ondorioz" izan ziren uholdeak. Iberiar penintsulatik gora joan zen ekaitza, Baztan aldean gelditu zen trabatuta eta zuen guztia bertan hustu zuen.

Datuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prezipitazioa uztailaren 3an eta uztailaren 4an
Euria mmtan Estazioa

139mm Gorramendi
107mm Gorraiz
101mm Doneztebe
97mm Añarbe
88mm Luzaide
78mm Ordizia
76mm Baigorri
59mm Corella
49mm Ezpeleta
46mm Orozko

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

84 urteko pertsona bat zendu zen urak eramanda, Izura eta Arhantsusi artean. Autoa gidatuz zubi bat igarotzen ari zela, uraren indarrak eraman zuen[2].

Baigorri, Donapaleu eta Donibane Garazi errepidez ia inkomunikaturik gelditu ziren. Donibane Garazi herri osoa ur azpian geratu zen, eta herriko sarrera eta irteerak blokeatuta utzi zituen. Baigorrin, euriak bidea hautsi zuen, eta goizean ur maila igo zen erdigunean eta irteeretan. Baigorrin helikopteroa gora eta behera aritu zen inkomunikatuta zeuden guneetan gorabehera larriak ote ziren jakiteko, eta zenbait teilatutan jendea ikusi zuten. Bankan, euriak eragindako lokatzak etxeak gainditu zituen. Donapaleun urak metro bateko altuera hartu zuen, eta, korrontearen ondorioz, autoak irauliak edota eramanak izan ziren. Errobi eta Ühaitza ibaiek eta horien ibai-adarrek gainezka egin zuten toki askotan. 40 pertsona atera zituzten euren etxeetatik hainbat udalerritan kanoaz eta helikopteroz, eta 3.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu ziren.

Urdiñarben, istripu txiki bat gertatu zen. Gaua zela, pertsona batek autoa hartu zuen, eta euri asko ari zuenez, korronteak eraman zuen. Gidaria ez zen zauritu. Jatsu eta Uztaritze arteko bidea itxi egin zuten; urak gaina hartu zuen, eta bide horretan kokatua den errugbi zelaia urpean geratu zen. Urak eramanda edo itota, bestalde, Michel Aguergarayek 400 ardiko taldea galdu zuen Donaixti-Ibarren. Izpura, Itsaso eta Kanboen ere ura atera zen.

Zuberoan, Maule-Lextarre, Gotaine, Barkoxe, Xarrikotapea eta beste herri askotan arazoak izan ziren. Maule-Lextarren, ur bidean kokatuak ziren etxeak ur azpian geratu ziren.

Eguraldiak elektrizitatea eta telefono lineak moztu zituen leku askoatan. Euriteen momenturik txarrenetan 4.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu ziren Ipar Euskal Herrian. Gure Irratia eta Xiberoko Botza, adibidez, ezin emititu ibili ziren, eta Irulegiko irratia bakarrik emititu ahal izan zuen[3].

Iparraldean errepide hauek moztuta geratu ziren: Baigorri eta Azkarate lotzen dituen RD 948a, RD 933a Larzabalen, Ortzaize eta Baigorri lotzen dituen RD 918a, Pagolan RD 362a, Sohütan RD 860a eta Ospitalepean RD 859 bidea[4].

Nafarroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztan ibaiak gainezka egin zuen goizaldean, eta uholde larriak eragin ditu ibarreko herrietan, Elizondon batez ere, bertan maila goreneko alerta ezarri baizuten. Baztan ibaia 3,95 metroko altuerara iritsi zen, baina eguerdian pixkanaka behera egiten hasi zen. Larrialdi zerbitzuek bi pertsona erreskatatu behar izan zituzten goizean, kalean harrapatuta geratu ostean. Erreskatuetako bat zaharren egoitza bateko langile bat zen.

Lekarozen, etxebizitza bat urez bete zen eta bertan zegoen pertsona atera egin behar izan zuten. Mortalengo erretenak ere gainezka egin zuen, eta baserri baten barruraino sartu zen ura. Doneztebeko industrialdea ere jendez hustu zuten, baina uholdeengatik baino gehiago, euriak hoditeria hautsi zuelako. N-121-B errepidea (Oronotz-Mugairiko irteera) itxi egin dute, Baztan ibaiak gainezka egin zuelako. Azpiegituretan ere arazoak sortu zituen euriak Gartzain, Erratzu, Luzaide eta Arizkun udalerrietan. Nafarroa hegoaldean arazoak izan ziren errepidean Cascante eta Ribaforada artean eta Andosillako zeharkalean[5]. Bost errepide moztuta zeuden uholdeen eraginez: NA-4404 eta NA-4403, Iruritan; NA-2600 Erratzun, 2. kilometroan; NA-2330, Urrotzen; NA-3042, Cascanten; eta NA-8715, Andosillan[6].

Kalte ekonomikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baigorri, Bidaxune, Donapaleu, Donibane Garazi, Iholdi, Kanbo eta Maule-Lextarre herrietan izan ziren kalteak nabarmendu zituen Bernard Cazeneuve Barne ministroak. Edonola ere, zabalagoa izan zen kopurua. Denera, 101 udalerrik eskatu zuten hondamendi natural izendapena[7]. Departamenduko azpiegituren arduradunaren ustez, eta errepideetan bost milioi inguruko galerak aurreikusi ziren.

Nafarroan, 500 pertsona baino gehiago kaltetu zituzten uholdeek Elizondon. Gainera, 100 auto baino gehiago hondatu eta sei zubi kaltetu ziren. Hogei errepide inguru igarogaitz gelditu ziren, eta baserri ugari, inkomunikatuta. Aseguru-etxeek Baztango kalteen kostuak lau milioi ingurukoak izan zirela adierazi zuten[8].

2014ko abuztuaren 5ean aditzera eman zenez, Baztanen guztira 22 eskaera egin zituzten, udalaren eta norbanakoen artean. Udalaren eskaeraz gain, beste sei eskari etxebizitzetan izandako kalteentzako izan ziren; beste bat etxejabeen elkarte batek aurkeztu zuen, eta 14 saltokik ere bete zuten eskabide orria. Udalak txosten bat aurkeztu zuen kalteak zenbatuz, eta 500.000 euro eskatu zityen[9].

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]