Nafarroako sorgin ehiza (1525)
1525eko Nafarroako sorgin ehiza Euskal Herriko erresuma horretan gertatu zen 1525ean Iruñean eta Pirinioen hego-isurialdeko hainbat eskualdetan, Iturendik hasi eta Garderaino. Jazarpena Petri Balantza Nafarroako Errege Kontseiluko kideari eskuordetu eta berak hasi eta zuzendu zuen. Egindako epaiketen ondorioz, agintariek 43 herritar kondenatu eta hilarazi zituzten urte horretako urtarriletik abuztura; beste 100 pertsona gutxienez prozesuan inplikatu zituzten.[1][2] Nafarroan XVI eta XVII. mendeetan izandako sorgin pertsekuzio uhinetan jazotako lehena izan zen, eta beste hiruk jarraitu zioten 1613 arte.[1]
Euskal Herriko erresumaren gehiena konkistatu berritan, 1525eko sorgin ehizak neurria jarri zuen 1613 arte Nafarroan sortuko ziren beste kasuetarako, Inkisizioak oro har eta Hego Euskal Herrirako, bereziki, erabiliko zituen arau eta irizpideen inguruan; lehenik eta behin, askotariko auzitegien jurisdikzioak definitu zituen. Zehazki, Inkisizioak Nafarroaren gaineko jurisdikzioa eskuratu zuen 1525eko abenduan "fedearen kontrako delituetarako".
Nafarroako Errege Kontseiluak eta Petri Balantza sorginkeriarako batzordekide bereziak indarkeria handia erabili zuten, tortura ere tartean, eta emakumeak izan ziren akusatu eta kondenatu gehienak. Nafarroako sorginen pertsekuzioa Nafarroako Erresumaren konkistari lotutako barne errepresioan kokatzen da, ezarritako agindu eta araudi berriez bestela bizi ziren herritarren eta aurkari politikoen kontra, izu giro orokor bat baliatuz.[3][oh 1]
Zehazki, 1525eko pertsekuzioa 1524ko apirilean Hondarribiko setio garrantzitsua amaitu eta Karlos V.a enperadoreak nafar aurkariei barkamen partzialak eman eta hilabete batzuetara hasi zen, urtarrilean.[3] Iruñean finkatutako Juan Rena apezpikutzaren bikarioak, Nafarroako konkistaren kudeatzaile efizienteak, rol erabakigarria izan zuen Inkisizioaren eta Nafarroako Errege Kontseiluaren tentsioak leuntzen eta bi erakundeok koordinatzen.
Testuingurua
Sorgin ehiza berpiztua
XV. mendean eta XVI. mende hasieran, sorginkeria, aztikeria eta heresia kasu larriak hasi ziren Calahorrako Elizbarrutian agertzen, batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan, eta hamarka pertsona erre zituzten heretikotzat jota. Durangoko heresiaren kasua eta jazarpena aipatu behar da hurbileko aurrekari gisa (1442-1445), frantziskotar fraideak eta haien jarraitzaileak erdigunean zirela; gerora, haien eraginpeko izatearen susmopean zeudenetara zabaldu zen jazarpena.[4] Henrike IV.a Gaztelako erregeak ermandadeetako alkateei esleitu zizkien eskumenak sorginkeria kasuak epaitzeko (Gipuzkoakoei 1466tik aurrera), baina hori ez zen oso eraginkorra izaten.
Inkisizioa handik gutxira sortu zen, eta maleficium edo madarikazioaren ideia zabalduz joan zen, (Europan) hazten ari zen histeria giroan.[4] XV. mendean lehen aldiz aurkitzen da sorgin hitza aipatuta Nafarroako prokuradore fiskalen agirietan. Erdi Aro amaiera arte, sorginen inguruko prozesuak oso bakanak izanagatik, 1487an, Malleus Malleficarum idazlana argitaratu zen Spiran, Renania-Palatinatuan, sorginen kontrako teorizazio bitxi bat, 1484ko Inozentzio VIII.aren buldaren babespean argitaratua, eta Europako inkisidore gehienen eskuliburu bihurtua.[5][oh 2] Bulda horren bidez, hain zuzen, sorginen existentzia onartu zen ofizialki, bertan behera utziz 906. urtean promulgatutako Canon Episcopi, sorginkerietan sinistea heresiatzat jo zuena.
Andosillak De Superstitionibus idatzi zuen 1480 aldera euskal mendietako ustezko sorginkeriaz, baina idazlan moderatu hori ez zuten XVI-XVII. mendeko epaileek baliatu, Malleus Malleficarum baizik.[5][oh 3] Durangoko heresiak utzitako aztarnaren bidetik, Calahorrako egoitzadun Inkisizioak hamazazpi emakumetik hogeita hamarrera eta gehiago erre zituen (erdarazko agirietan, durangas deitutakoak),[oh 4] 1499 eta 1507. urteetan Inkisizioa aldi batez Calahorratik Durangora lekualdatzea eragin bide zuena.[6]
Erlijioaren politizazioaren erakusgarri, tartean zela aita santuaren bulden salerosketa, 1512ko abuztuan Julio II.a aita santuaren Exigit Contumacium buldaren berriak heldu ziren Nafarroara, espainiar armadak, Fernando II.a Katolikoaren agindupean, Tutera setiatzen ari zirela, erresuma horren inbasio bete-betean. Bulda haren bitartez, aita santuak Katalina eta Joanes erregina-erregeak eskumikatu zituen; harrezkero, haien ondasunak zilegitasunez konfiskatu zitezkeen, erresuma bera ere, baita neurri horren aurka azaldu zirenen ondasunak ere.[7] Nafarroa Beherea okupatzeko kanpainan, Erromako Elizak bertako biztanleria esklabo hartzeko baimena ere eman zuen, heretikoa zenez.
Nafarroako gerraren azken ahaleginak
Hondarribiko setioa luze jotzen ari zen, eta hura amaitzeko, Karlos V.a enperadoreak berari gogor egindako nafarrentzako barkamen partzial bat argitaratu zuen 1523ko abenduaren 15ean;[8][9] barkamen horretatik, ordea, ez ziren gutxi izan kanpoan geratutakoak. Barkamenaren truke, nafarrek leialtasuna zin egin behar zioten enperadoreari eta Gaztelako agintariei, baita beren "errua onartu" ere. Petrik, Nafarroako mariskalaren seme eta Hondarribian nafarrekin borrokan zebilenak, eta Frantses anaiak onartu egin zuten baldintza hori, baita Joan Belez de Medranok ere, Amaiurko defendatzailearen anaiak.[9]
Askotan, horrek, ordea, esan nahi zuen erbeste eroso bat onartzea, Nafarroaz kanpoko postuetara esleituz. Beste batzuek ez zuten hori onartu, eta hainbat nafar deserrian zeuden; itzultzea erabaki zutenetatik batzuk, kanporatu egin zituzten. Barkamenak onartuz gero, desjabetutako ondasunak ez ziren berehala berreskuratzen, eta luzea eta oztopoz betea zen horretarako bidea, Inperioko gorabehera ekonomiko-politikoei lotua.[9] 1524ko apirilean, enperadorearen tropek mendean hartu zuten Hondarribia. Nafar erregeak erresuma berreskuratzeko bultzatutako mobilizazio militarrak porrot egin zuen, baina ez ziren hor geratu ordu arteko nafar gizarte ordena kontrolatu eta hertsatzeko ahaleginak.[3]
Enperadoreak erabat hautsi nahi zituen bere mendeko nafar subjektuen eta Henrike II.a eta Frantses I.a erregeen eta haien lurraldeen arteko harremanak.[3] Bitartean, Lüküzeko jaun beaumontarrak, espainiar agintearen aldekoak, Nafarroa Garaiko erregeordeari proposatu zion Nafarroa Beherera tropa gutxi batzuk bidali eta bertako Henrike II.aren aldeko nobleak atxilotu zitzaketela. 1525 hasieran, ordea, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko hainbat herritar izan ziren Bortuak iparraldera zeharkatu zuten bakarrak, sorgin ehizatik ihesi.[10]
Bertako gizarte egituren zapalketa
Pirinioez bi aldeetako harremanak handiak eta naturalak izan ziren beti, kulturan, merkataritzan, historian, politikan zein familia arloan. Eugitik eta Bidasoa ibairako eskualdeak (Malerreka, Baztan, Bortziri, eta Hondarribia bera) Baionako elizbarrutiari zegozkion, eta horrek esan nahi zuen Baionako egoitza horren eskuetan zeudela notariotza eta jabetza gaiak, kontratuak, salerosketak, testamentuak, errentamenduak, etab.[3]
Konkistaren alde jarritako familia batzuek (Joan Arizkun, Martin Urtsua, etab.) auzi bat hasi zuten Nafarroako Errege Kontseiluaren aurrean Baionako elizbarrutiaren arabera egiten ziren errentamenduen kontra. 1525ean, lege eta erregelamendu berrien arabera, banatu egin ziren Pirinioez bi aldeetako herritarren ondasun eta lursailak, familiak eta auzokideak elkarrengandik bananduz, adibidez, aduana zergak ezarriz. Bortuetako herriek lurren erabilera komunerako hitzarmenak zituzten elkarrekin (partzuergoak).[3]
1525ean Karlos V.ak debekatu egin zuen "Frantziara" joatea eta Pirinioez iparraldeko lurraldeekin merkataritza harremanik edukitzea. Arau hori urratzen zuenari, zigor gogorrak ezarriko zitzaizkion:
« | lesa maiestate delitua izango da, eta [hura egiten dutenak] edozein duintasun, postu eta lehentasunetarako ezgai eta baliogabe izango dira Espainiako erresuma hauetan. | » |
Tentsio horien erdian, Nafarroako Errege Kontseiluak Balantza lizentziatuari esleitu zion sorginkeria Pirinioen inguruko eskualdeetan jazartzeko auzitegia osatzea.[3] Eskumenei dagokienez, tentsioak piztu ziren horregatik Calahorrako Inkisizioaren auzitegiarekin.[5]
Sorginen jazarpena
Jazarpenaren hasiera
Artean, Nafarroako gizartean, baziren konkista osteko erregimenari gogor egiten edo harekiko uzkur ziren herritarrak. Iruñeko espetxean, 1512ko inbasiotik Gaztela-Aragoiko Koroaren ordezkarien eskuetan, delitu larriko presoak zeuden. Horien artean aipatzen ziren Eneko Ezker, Antso Arroia, Martin Gartzia eta abar, guztiak ere auzipetuak izateko zain. Bada, urtarrilaren hasieran, ihes egin zuten kartzelazaina erosi ondoren, eta berehala plazaratu zen iheslariak harrapatzeko agindua. Edozein erresistentzia pasibo edo aktiborekin amaitzeko, eskumen osoak eman zitzaizkion Balantza lizentziatuari, Zangozako merindadean.[3][oh 5]
Iheslarien eta beren familien ondasunen bahimendua agindu zen eta, horretarako, errege kontseiluaren eta justiziako funtzionarioen laguntza eskatzen zen, espresuki aipatuz haien emazteen dotea kentzea. Neurri horiek justifikatzeko, azken urteetan izandako legeen urraketa aipatu ziren, gerrak eta barne gatazkak zirela eta, "bereziki Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako mendietan", bertan gaizkileak jaun eta jabe zebiltzalakoan eta, atzemandakoan, gehienez isunak ordainduz aske geratzen zirelakoan.
Urte horretako urtarrilaren 14an, haiek atxilotzeko agindua eman zen eta, bertan, hauxe adierazten zen besteak beste:
« | Izan ere, badugu informaziorik haiek, gure justizia eskas obedituz, erresuma honetan dabiltzala eta, errepublikaren etsaitzat deklaratuak izan diren arren, gure subjektuek harrera eta abegi egiten diete toki askotan.[3] | » |
Jabetzen eta pertsonen kontrako eta izaera politikoko delituen ikerketarekin batera, Balantzak sorginkerian aritzeagatiko prozesuei ekin zien eta, urtarrilaren 17tik aurrera, jurisdikzio inperialaren arabera jokatu zuen (Karlos V.a enperadoreak esleitutako ahalmenez). Bere ikerketetarako, "Frantziako aferarako" espioi sare bat, Iruñeko kartzelariak eta Goñi zein Anaia doktoreak izan zituen lagun. Bi prozesu horiek, ordea, sorginkeria salaketa zuten ardatz nagusi, akusatu guztiak sorginkeria karguen pean epaitu baitzituzten. Iruñean, Otsagabian, Erronkarin eta Zaraitzun izan ziren prozesuak.[3] Mikel Zabalak, Idoateri lotuz, Orreaga, Auritz, Zaraitzu eta Erronkarian aipatu ditu sorginkeria kasuak.[11]
Errege Kontseiluaren batzorde berezia
Haran horietan sorginkeria jazartzeko eskaera, lehenik, haran horietako bi mandatarik egin zuten Iruñean: Errege Kontseiluaren batzorde berezi bat eratu zedila "sorginen kontra, lurrak galarazi eta deuseztatzen zizkietelako".[2] Balantza, beraz, urtarrilaren 17an abiatu zen Iruñetik Nafarroako Pirinioetara, politikoki eskualde bihurriak, borrero bat, aguazil bat eta soldadu gaztelarrak lagun zituela (25, Orellak zehaztu duenez),[12] "aspalditik ez baitute bertan ezagutu justizia tenporalak edo espiritualak zer esan nahi duen". Bi neska gazte ere eraman zituen aldean, bederatzi eta hamaika urteko bi ahizpa, "ondo baitakite sorginak detektatzen". Neskatilek herritarrak aztertzen zituzten haien begietan Deabruaren aztarna aurkitzeko.[13] Berehala hasi ziren herritarren kontrako salaketak, atxiloketak eta torturapeko galdeketak.[10]
Pirinioetan (Erronkari eta Zaraitzu), Balantzak 50 pertsona hartu zituen atxilotuta, eta haien kontrako prozesuak Auritzen, Iruñean eta Agoitzen egin ziren,[12] eta martxoaren amaieran prozesuek indarrean jarraitzen zuten.[3] Pertsona horiei beren ondasunak desjabetu zizkieten (apirilean edo lehenago).[12] Balantzari Nafarroako Errege Kontseiluak ematen dion mandatuan, gomendatzen zaio kondenatuen exekuzioak herrietan bertan egitea, harrapatuak izan ez zirenentzat eta laguntzaile izandakoentzat eredugarri izan zitezen; halaber, Errege Kontseiluak Balantzari igorritako gutun batean adierazten zaio "gorputz-zigorra pairatu behar dute[la]".[14] Bahitutako ondasunak enkante askean jarriko ziren, eskaintzaile onenari esleitzeko. Agindu horretan, Jainkoaren izena aipatzen den arren, arrazoi ekonomikoa, herritarrak kontrolatzeko gogoa eta disidentzia politikoa menderatzeko nahia antzeman daiteke, izua erabiliz.[3] Balantzarekin batera, Verdugo delako lizentziatua ere aritu zen desjabetzeak egiteko, otsailaren 3tik aurrera. Otsagabian, dokumentatuta gorde da tokiko agintari zein arduradun oro behartuta zegoela Balantzari eta haren laguntzaileei laguntzera, bestela 100 dukateko isuna jasotzearen arriskupean.[3]
|
Nafarroako Gorteek salatu egin zituzten 1526-1527an Errege Kontseiluko kideek eta errege ordezkariek osatutako batzorde berezi hauek, arduradun fiskalaren ordez. Batzordekide horien zereginetan sartzen zen legedi berriaren kontra beren ohiturei eusten zieten herritarrak ikertu eta jazartzea. Hor kokatzen ziren sorginkeria salaketak, ordu arte ia erabili gabeko hitza; gainera, salaketa horiek ezarritako merkataritza lege berriak urratzen zituztenen kontra jotzen zuten, lurralde kontrola ere adierazten zuena.[3] Nafarroako Gorteek erresumako legearen urraketa eta haren jarduna salatu zuten, herritarrengan sortutako indefentsioagatik eta haren erabakiak apelatzen zituztenei zuzenean ondasunak kentzeagatik. Karlos V.a enperadoreak erantzun zabal bat eman zion kexuari, estatu arrazoia lehenetsiz:[3]
« | Bete bedi lege hori, eta gorde, salbu eta gerta baledi komeni zaiola nireganako zerbitzuari edo justiziaren onurari beste zerbait ebaztea. | » |
Hasieran, kondenatuei kendutako jabetzen enkantean, senitartekoek lehentasuna izatea onartu bazen ere, 1525eko martxorako, bahitutako ondasunak hainbat ordainketa egiteko baliatu zituzten agintariek: Petri Balantza, Petri Sarria, Huart batxilerdun (beharbada Anton Uharte), Martin Bergara idazkari eta Joan Arizkun larruginaren soldatak, baina baita erregearentzako opari eta graziak ordaintzeko ere. 1525eko abuztuaren 24an, Balantzak 100 florin ordaindu zizkion Lüküzeko jaunari (Nafarroa Behereko beaumontarra) 200 dukateko ordainketa batetik, "sorginen ogasunetik aterata".[3] Orellak nabarmendu du hilabete lehenago, uztailean, Karlos V.ak 75.000 marabedi eman zizkiola Gabriel Lüküzekoari (Lüküzeko jauna?), Martin Lizuain eta Johana Beherari konfiskatutako jabetzetatik aterata (biak exekutatuta hil ondoren).[12] Abuztu arteko bere jardun berezian, Balantzak 197 egun eman zituen lanean.[2]
Pirinioetako haranetatik Iruñea eta Malerrekara
Bereziki aipatzekoa da 1525eko ekainaren 19an Auritzen egindako exekuzio publikoa (hamar pertsona inguru, Idoatek dioenez), ordu arte ia inoiz ikusi ez bezalakoa; Jimeno Jurio zehatzagoa da, eta bost exekutatu aipatzen ditu: lau emakume eta gizon bat. Feria eta eskualdeko Orreagako erromeria egunean egin zen.[15][oh 6] Iruñean antzeko ikuskizunak izan ziren.[5][16]
Idoatek auzipetutako 10 emakume hilarazi aipatzen ditu Orreagan.[5] Usunarizek 43 herritar exekutatuta aipatzen ditu 1525eko prozesuan, urtarriletik abuztura; noizbait, Balantzak "200 sorgin" aipatzen baditu ere (Zaraitzu, Erro eta Erronkari), gutxi gorabeherako datu hori ez du fidagarritzat jotzen Usunarizek; Monteanok ez du kopuru hori auzitan jartzen, eta adin guztietakoak izan zirela gehitzen du, batez ere emakumeak. Exekuzio metodoaz, Monteanok urkatuak izan zirela dio; Idoatek, zehaztasun gutxiagoz, erreketa aipatzen du.[10][16][5] Exekutatuei, halaber, ondasun guztiak kendu zitzaizkien.
Hurrengo asteetan, psikosia zabaldu zen: uztailaren 18an, Irunberriko herri kontseiluak sorginkeria kasuak salatu zituen.[10] Luze gabe, pertsekuzioa Malerrekara zabaldua zen, abuztutik aurrera: Zubieta, Ituren, Urroz.[12] Besterik ez bada, fenomenoaren hedaduraren neurri erakusten du; Balantzak Juan Rena apezpikutzaren bikario orokorrari igorritako gutunean honela diosku 1525eko apirilean: "hainbeste gaitz dago hemen, ezen komeni da ni soilik ez ohartzea", gaitz hori ez baitzen hasierako haranetan bakarrik, "Iruñeraino ere" eta "Bortzirietan eta Baztanen egiaztatu didate gaitz handia dagoela". Bigarren jazarpen eremu horretan, sorgin-aztertzaile batek ("catadora de brujas") 400 pertsona ikuskatu zituen, horietatik 12ren baitan "Deabruaren aztarna" aurkitu zuen, eta lau epaituak izan ziren.[16]
Dena den, Malerrekako sorginkeria kasuetan, Anton Uharte batxilerduna izan zen mandataria, eta ez Balantza, ordurako Nafarroa Beherea okupatzeko kanpainaren buruzagi izendatu baitzuten. Malerrekan, atxiloketak eta galdeketak egin ziren arren, beste modu batean ebatzi zen gaia, eta exekuziorik, errepresio gogorrik gabe, Inkisizioaren esku epelagoaren eraginez, kasu honetan.[10] Geroago, 1525eko urrian egindako torturapeko galdeketak Guerrero komisarioak eta Bea idazkariak egin zituzten, gaztelarrak; ondorioz, Cruzat aguazila eta Estella idazkaria aritu ziren interprete lanetan. Goihenetxek bildu duenez, guztira 400 pertsonak pairatu zuten Balantzaren deia auzitegietara; pertsona horiei ezkerreko begia aztertzen zieten, eta guztietatik hamabi hautatu zituzten, belagileak zirelakoan eta ezkutuko bilkurak egiten zituztelakoan.[12]
Biktimak eta sorginkeriaren iruditeria
Sorgin izatea leporatu eta kondenatutako gehienak emakumeak izaten ziren. Konparazio baterako, 1525etik 1595era arteko auzipetu guztietatik 141 emakumeak ziren (% 73,8), eta 50, berriz, gizonak (% 26,2). Adin guztietako auzipetuak egoten ziren, tartean zirela haurrak ere. Epaileek emakume zaharretan eta, bereziki, alargunetan identifikatzen zuten sorgin eredugarriaren profila. Akusatuek familia harremanak zituzten, adibidez, Zubietako sorginen aurkako lekukoek zioten Graxi Iriartearen arbasoak, Otxoko bere osabak, eta bere etxeko oinordekoak eta bertan bizi direnak ezagun zutela haran osoan sorginak izatea;[2] izan ere, geroko pertsekuzioetan,1525eko jazarpenaren biktimen ondorengoak aipatzen dira.
Hala, 1533ko beste jazarraldi bat haran berdinetan izan zen (Zaraitzu, Erronkari).[17] Erronkari izan zen sorgin ehizaren erdiguneetako bat, eta Balantzak hainbat akusaturen izenak aipatzen ditu bere gutunetan: Magi Salvo (Miguel Gaiarreren emaztea), Maria Agerre (Petri Martinen emaztea), Gardekoak; Maria Periz, Erronkari herrikoa; Graxi Agialt eta Katalina Jauregi, eta beste bi, Uztarrozekoak.[14] 1539ko abenduan, Katalina Begieder otsagabiarrak baieztatu zuen "Katalina Sagasperen bidez uko egin ziola Jainkoari"; bada, Sagaspe andrea 1525eko prozesatuen artean aipatzen zen.[18]
Familia eta auzipetuek ematen dituzten kontakizunetan, askotan agertzen dira animaliak eta itxuraldaketak: akerrak, katuak, txakurrak, apoak. Zubieta eta Iturenen apoen sakrifizioa aipatzen da. Haurrak, emakumeak eta gizonak katu edo txakur itxura hartuta joaten ziren ezkutuko bilkuretara. Lekukoen arabera, akusatuak oso onak ziren ukenduak, pozoiak prestatzen, ez bakarrik hegaz egiteko, baizik eta haien biktimak hiltzeko.[2]
Zubieta eta Malerrekan, sorgin ehizetan ohikoak izaten ziren salaketa jakin batzuk auzipetuei: begizkoa egitea, ukenduak prestatzea, eta apoak, izakien odola eta bihotzak pozoi eta ukenduetan jartzea, eta gizon-emakumeak galaraztea, haurdunei abortuak eta umatze gogorrak eragitea, eta lurraren zein zuhaitzen fruituak suntsitzea, haize eta ekaitzak harrotzea, eta abar, "deabruak erakutsi bezala".[2] Beren bilkura edo akelarretan, gizon beltz bat aritzen omen zen haien buru, deabruaren ordezkari gisa, eta hura gurtzen omen zuten, baita musu eman eskuetan eta ipurdi kirastuan ere; bitartean dantzan aritzen omen ziren danbolinaren erritmoan. Era honetako deskribapenak ohikoak izan ziren 1525ean eta geroko sorgin ehizetan.[2]
Inkisizioaren eskua
Jurisdikzio auziak Nafarroan
Calahorrako Inkisizioa 1491n sortu zen,[4] eta Fernando II.a Aragoikoaren presiopean hasi zen sartzen Nafarroan, XV. mende amaieran. 1513an,[oh 7] Nafarroako Inkisizioaren Auzitegia sortu zen, egoitza ibiltariaz: Lizarra, Iruñea eta, azkenean, Tutera.[19] Nafar legitimisten eta frantsesen 1521eko espedizio militarrean, Nafarroako Inkisizioa erresumako mugez kanpora erretiratu zen: Calahorrara,[2] eta bat egin zuen Calahorrako Inkisizioaren Auzitegiarekin.[19] Horrek azpiegituraz eskas utzi zuen Inkisizioa Nafarroan; bestetik, Nafarroako auzitegien eta Inkisizioaren jurisdikzioak zein ziren ez zegoen ondo definituta. Nafarroako Errege Kontseiluko batzorde berezi bat aritu zen, beraz, sorgin ehizan 1525eko kasuetan.[2]
Nafarroako Erresumaren konkistaren epelean, Inkisizioak neurri gogorrak hartu zituen Biarnotik eta Europatik Gipuzkoan eta Nafarroan barrena zetozen liburu erreformisten kontra, idazlanok auzitan jartzen baitzuten Erromako Elizaren doktrina ofiziala eta jokabidea. Bestalde, sorginen auziko Errege Kontseiluaren interbentzio gogorrak jurisdikzio gatazka bat piztu zuen apezpikutzarekin eta Inkisizioarekin, baina Juan Renak bitartekari lanak egin ondoren, Calahorrako Inkisizioak eta, are, Toledoko Inkisidore Handiak babes osoa eman zioten Balantzari Zaraitzu eta Erronkariko sorginen inguruan ikertu, epaitu eta kondenatzeko.
1525eko ekainaren 8an, Calahorrako Ayala inkisidoreak bere oniritzia eman zion Balantzaren ekintzei Renari igorritako gutun batean, azken finean Inkisizioaren beraren gabeziak konpontzeko lana egiten ari zirelakoan.[2] Errege Kontseiluak adierazi zuen sorginen delituen jazarpena bere eskumenekoak zirela. Dena den, une batean, Petri Balantzak txosten bat bidali zion Inkisizioko Kontseilu Gorenari sorginen fenomeno horren tamaina ikusita elkarrekin lankidetzan aritzeko, "delitu handia baita", zioenez.
Renak adierazi zuen Errege Kontseiluak ezin zuela elizjendea epaitu; Inkisizioak, berriz, berari zegokiola heresiaren kontrako borroka.[10] Nafarroako Gorteek, 1525ean hasita, sorginkeria kasuak erresuman geratzearen alde azaldutako arrazoi nagusietako bat hizkuntza eta itzulpen beharra izan zen, euskaldunak (elebakarrak) baitziren akusatu gehien-gehienak, eta Calahorran/Logroñon ez zekiten euskaraz.[5][oh 8]
Inkisizioaren jurisdikzioa
Hala Juan Renak nola Inkisizioak Balantzaren jarduera auzitan jarri zuten; are, Faltzesko markesak salatu zuen ez zela sorginik existitzen, eta torturaz eskuratu zituela aitorpen horiek. Zaraitzu eta Erronkariko apaizek Balantzari kontra egin zioten, eta hark, berriz, deabruaren adiskide izatea leporatu zien (dirudienez, haiekin bizi ziren emakumeak atxilotu zituen), eta zeharka, Henrike II.aren jarraitzaileak izatea.[10] Ondorioz, Inkisizioak, Juan Renak eta Errege Kontseiluak bilkura bat egin zuten maiatzean auzia ebazteko, baina oraindik Balantzak jarraitu egin zuen sorgin jazarpen lanetan.
Inkisizioak Balantzari igorritako gutunean, 1525eko abuztuan, adierazi zion sorginkeria kasuak apostasia zirela eta, beraz, Inkisizioaren lana zirela. Auzi hori eta beste batzuk ebazteko, Errege Kontseiluko bi kide Toledora joan ziren Karlos V.arekin hitz egiteko, eta enperadoreak batzorde bat eratu zuen gaia erabakitzeko. Alonso Manrique de Lara Inkisidore Nagusiaren iritziz, Inkisizioaren edo Elizaren mandatari batek kudeatu behar zituen kasu horiek.[10] 1525eko abenduaren 11n, enperadoreak Errege Kontseiluari agindu zion esku artean zituzten auziak amaitutakoan ordutik aurrerako sorginkeria kasuak Inkisizioak (Santo Oficio) hartuko zituela bere esku, delitu "komunak" ez zirelakoan, fedearen kontrako delituak baizik. Hala, 1526 hasieran, Fresneda inkisidorea Iruñera eta Agoitzera bertaratu zen, eta nafar erakundeak adin guztietako 30-35 ustezko sorgin gatibu eman zizkion, eta Calahorrara eraman zituzten.[10][oh 9]
Inkisizioak hirugarren inkisidore bat igorri zuen Nafarroara, "laguntzeko". Manrique de Lara Inkisidore Nagusia buru zuen Granadako bilkura batean 1526an bertan, ontzat eman zen sorginkeria benetakoa zela. Bilkuran, gainera, hura agintari zibilen edo Inkisizioaren jurisdikzioa ote zen erabakitzeko arauak ezarri ziren; bestalde, zehaztu ere egin ziren zeintzuk izango ziren era horretako kasuetan Inkisizioak aurrerantzean baliatuko zituen irizpideak eta zigor motak.[2]
Bilkura berean, araubide orokor bat ezarri zen herritarrentzat sorginkeria kasu berriak ez gertatzeko, bost puntuz osatua:[2]
- Sorginkeria agertutako tokietaraino elizako ordezkariak igortzea.
- "Akelarreak egiten diren tokietan" baseliza bana eraikitzea.
- Herritarrak jaiegunetan eta aste barruan ere mezetara maiztasunez joan daitezen eginahalak egitea.
- "Deabruaren tentaldiari aurre egiteko" soinean gurutzeak eraman beharra.
- Sermoiak tokiko hizkuntzan ematea.[2]
Neurri horiek guztiak hurrengo urteetan ezartzen joan ziren; 1533ko beste ustezko sorginkeria kasu batean, ordurako, Nafarroako Errege Kontseiluak tokiko agintariei adierazi zien ez zela eskuduna mota horretako auzietan.[2]
Ondorioak
1525eko urtarrilean Erronkari eta Zaraitzun hasitako sorgin ehizak neurria ezarri zuen XVII. mende hasiera arte agertu ziren beste sorginkeria kasuei erresumako erakundeek eta Inkisizioak emango zieten tratamendurako. Sorgin ehizek 1512tik 1524 arteko konkistaren ondoko gizarte ordena finkatu zuten, behartuki ezarritako aginpide berrien eta Inkisizioaren arabera. Nafarroako errege-erreginen azken ahalegin militarrak Hondarribian porrot egin ondoren egin zen hori, baita okupatzaileei Amaiurren eta Hondarribian aurre egin zieten buruzagi ugarik Karlos V.aren barkamenak onartu ondoren ere (1523ko abenduaren 15ean, lehen aldiz).
Kasuen kopurua auzitegiaren arabera (1525-1595)[2] | |||
---|---|---|---|
Pertsekuzio aldia | Errege Epaitegiak | Inkisizioa | Apezpiku Auzitegia |
Lehen etapa (1525) | 56 | 0 | 0 |
Bigarren etapa (1539-1570) | 46 | 53 | 4 |
Hirugarren etapa (1575-1595) | 37 | 70 | 0 |
GUZTIRA | 139 | 123 | 4 |
Karlos V.a enperadorearen 1525eko abenduko erabakiak ("fedearen kontrako delituen" eskumena Inkisizioak hartzeko) ez zuen guztiz itxi jurisdikzioen (eskumenen) auzia, baina ateak ireki zituen Nafarroan sorginkeria kasu gehienak Inkisizioaren eskuetan geratzeko. 1526ko urtarrilaren 3an, Inkisizio Gorenak gutun bat igorri zien Nafarroako inkisidoreei Nafarroako Kontseiluaren auzitegi sekularrekin lankidetzan aritzeko: 1527an, Avellaneda inkisidorea barneratu zen Nafarroako mendietan, historiako sorgin ehiza handienetako batean, eta Nafarroako Errege Kontseiluaren (eta Nafarroako erregeordearen) babesaz egin zuen.[12] Berriz ere Zaraitzu eta Erronkari izan ziren jomugan; bada, 200 pertsona eta Zaraitzun beste 100 prozesatu zituen, eta haietako 80k sutan erreta amaitu zuten, sorginkeria leporatuta, bederatzi eta hamaika urteko bi haurrek haien begiak aztertu ondoren;[11][3][4][oh 10] salatutako herritar asko agaramontar jarraitzaileak izan ziren.[11]
Avellanedaren jazarpenak, biktimen gaineko zuzeneko ondorioez gain, lortu zuen Espainian XVII. mende hasiera arte iraun zuen sorginen gaiari buruzko aztoramendu literarioa sortzea (bere idazkietan azaldu zuen lehen eskuko lekuko izan zela akelarre batean, eta "sorginak hegaz ikusi" zituela).[20][oh 11] Hiru urte geroago, 1530eko abenduaren 19an, Elisabet enperadore emazteak emandako zedula batek mugatu egin zuen zein sorginkeria mota zegozkion Errege Kontseiluari eta zein Inkisizioari; den den, konponbide horretan, inkisidoreek aztertu eta erabakitzen zuten beren irizpidearen arabera zein kasu hartuko zituzten beraiek, eta zein kasu Nafarroako auzitegi zibilek.[12] Hurrengo urte eta hamarkadetan sorgin ehizak errepikatu baziren ere, lau uhin nagusi nabarmendu dira XVI-XVII. mendeetarako Nafarroan: 1525ean; 40ko hamarkadan; 1575-1577an, Odieta harana erdigune izan zuena, baina Ultzamara ere hedatu zena[21].
Laugarrena eta ezagunena, berriz, 1609tik 1613ra gertatu zen, Zugarramurdi eta Urdazubin batez ere, "jazarpen handia" deitutakoa, aztoramendu kolektibo baten erdian eta Bortziriak, Baztan eta Doneztebe eskualdeak ere tartean zirela.[22] Beraz, ez 1610eko sorgin ehizak, ez lehenagokoak, ez ziren salbuespenak izan, Nafarroan zehar konkistaren ondoren zabaldutako fenomeno baten segidan kokatutako ekintzak baizik. 1613tik aurrera, sorginkeria kasuak nabarmen gutxitu ziren, beste 15 kasu bakarrik izateraino. XVI. mende osoan, indarrean izan ziren Nafarroako erakundeen eta Logroñoko Inkisizioaren arteko eskumenei buruzko desadostasunak, tartean zela bi lurralde eta erakundeen hizkuntza desberdintasunaren gaineko eztabaida ere.[1] Dena den, Inkisizioak, erabat erdalduna eta Nafarroaz kanpokoa zen erakundeak, hartu zituen bere gain sorginkeria kasu gehienak, gehienean euskaldun eta elebakarra zen erresuman.
Oharrak
- ↑ Adierazgarriak dira Veneziako enbaxadore Gaspar de Constantiniren 1521eko hitzak, Karlos V.a enperadoreari idatziak: "erresuma honetan, unibertsalki gorroto dituzte espainiarrak, eta haien errege naturala nahi dute"; ikus Abasolo Lopez, Patxi. "Nafar menderakaitzak" in Haria (29). Nabarralde. 2012, 55. or. Ikus baita ere 1516an Nafarroako gazteluak eraistearen bezperan Cisneros Gaztela-Aragoiko erregeordeak, Diego Lopez Aialakoari igorritako gutunean, adierazitakoak, gotorlekuak mendean hartu eta bertako alkaideak Gaztelara kanporatu beharraz: "[...] hemen [Gaztelan] zerbaitetan lanean jarri, erresuma horretan egon ez daitezen; izan ere, gertatu denez, ia ez genuen han norekin fidatu; hartara, dena oso seguru egongo da, eta Gaztelari oso lotua, eta inork ez du adorerik izango Berorren Gorentasunen zerbitzuaren kaltetan ezer egiteko, ez eta indarrik ere horretarako, bereziki horma guziak berdinduta utziz, orain egingo den bezala"; ikus Esarte, P. 2001. 323-324. or.
- ↑ Ekintzarako eskumen zabalak ematen zizkien inkisidoreei.
- ↑ Alde horretatik, argigarria izan daiteke Salazar Frías inkisidoreak 1613an Zugarramurdiko sorgin ehiza prozesuaren amaieran adierazitakoa: «Ez zen izan sorginik harik eta haien inguruan hitz egiten eta idazten hasi zen arte»; ikus Idoate, F. "La brujería en Navarra", 66. or.
- ↑ Durangon gertatu bide baziren ere, lehen mailako agiriak oso urriak dira, aipamen hutsak baizik ez. Juan Zumarraga durangarrak, Mexikoko apezpikua zela, aipatu egin zituen askoz geroago (1543), ustezko sorgin haiei Anbotoko "karitatekoak" deituz eta eszeptiko agertuz («sorguinas que dizen que hay en nuestra tierra»). Juan de Padilla delako batek Durangoko jazoeretako emakumeei "durangas de Embote" deituz idatzi zuen haien berri; beste agiri batzuetan, zuzenago, Anbotoko (sorginkeria) erdigunea aipatzen zen. Juan Antonio Llorente kanonigoak atera zuen berriz gai hau 1841ean bere Historia crítica de la Inquisición de España eta Anales de la Inquisición. Desde que fue instituido aquel tribunal hasta su total estinción en el año 1834 idazlanetan, oso labur aipatzen badu ere; ikus Bazán Díaz, I. 2011.
- ↑ Patxi Abasolo Lopezek adierazi duenez, inbasio militarra bukatutakoan, desagertu egin zen nafar menderakaitzen aipamena; aldiz, "frantsesak", "sorginak", "traidoreak", "bide-lapurrak", "heretikoak" hasi ziren agertzen agirietan; ikus Abasolo, P. 2011. "Nafar menderakaitzak". Haria (29). Nabarralde, 54-57 or.
- ↑ Auritzen, exekuzio horien lekuko izan ziren Joan Nabarro agaramontarra (hurrengo astean, Balantzak Auritzen galdekatua eta bi asteren buruan auzipetua izango zena, zaldiak "Frantziara pasatzea" leporatuta), Lüküzeko jauna, eta Errege Kontseiluko kideak, tartean zela Martin Azpilkueta ''Zaharra'', Martin Azpilkueta pentsalari eta kanonistaren anaia. Petri Balantzak Joan Nabarroren kontrako prozesua instruitu zuen; 1525eko irailean, berriz, Nafarroa Beherea okupatzeko espedizio baten buru jarri zuen Karlos V.a enperadoreak, Henrike II.a nafar erregea gatibu zela probestuz. Nabarroren kontrako fiskalak hauxe adierazi zuen uztailaren 4an: "propongo en demanda contra Joan Nabarro, alias Nabarrico, vezino de la Puent de la Reyna, preso e acusado, e proponiendo digo que el dicho accusado, inducto por persuasion diabolica e con temeraria osadia, no temiendo a Dios ni al rigor de la justicia ni penas dende procedientes, e contra veniendo a la fidelidat que a Vuestra Magestad debe y a su naturaleza, de mucho tiempo ca ha tenido intelligencias secretas con los franceses y enemigos de Vuestra Magestad carteandose con ellos e inbiando e passando como ha inbiado e passado, caballos de los reynos de España y deste reyno de Nabarra para Francia"; Nafarroako Errege Kontseilukoek, agaramontarrek ez bezala, "Frantzia" deitzen zioten Nafarroa Behereari, ikus Jimeno Jurío, Roldan (2011).
- ↑ Fernando II.aren Nafarroako gaztelar-aragoitar inbasioa gertatu eta hurrengo urtean.
- ↑ Nafarroako Inkisizioak 1570 arte izan zuen egoitza Calahorran; gero, Logroñora lekualdatu zuten.
- ↑ Ez da ezagutzen haien patuaren berri.
- ↑ B. Bennassarrek (Por el Estado, contra el Estado, 1981, 324. or.) zuzenean dio "Zaraitzu eta Erronkari haranetan eta Orreagan Avellanedak jazarritako sorginak Nafarroak Gaztelarekin bat egitearen kontrako nafartarrak” zirela; ikus Orella, J.L. 1986, 815. or.
- ↑ Bada, hala ere, Avellaneda inkisidorea existitu zela auzitan jartzen duenik, Bazán Díazek, adibidez; ikus Navajas Twose, E. Sainz Varela. J.A. 2010.
Erreferentziak
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María. «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o (Gaztelaniaz) Usunariz, Jesus María. (2012). «La caza de brujas en la Navarra moderna (siglos XVI-XVII)» RIEV. , 306-350 or. ISBN 978-84-8419-238-..
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q Esarte, P. 2001, 697-715. or.
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Bazán Díaz, Iñaki. (2014). «El tratado de Fray Martín de Castañega como remedio contra la superstición y la brujería en la diócesis de Calahorra y La Calzada¿Un discurso al margen del contexto histórico (1441-1529)?» Journal of Iberian Studies 26: 18-53. (Noiz kontsultatua: 2019-12-24).
- ↑ a b c d e f g (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio. «La brujería en Navarra», 61-66 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Bazán Diáz, Iñaki. (2011). «Superstición y brujería en el Duranguesadoa fines de la Edad Media: ¿Amboto 1507?» Clío&Crimen. , 191-224 or. ISSN 1698-4374..
- ↑ (Gaztelaniaz) Monreal, Roldán. (2012). Conquista e incorporación del reino de Navarra a Castilla. Pamiela, 28-37 or. ISBN 978-84-7681-736-0..
- ↑ Esarte, P. 2001, 672-691. or.
- ↑ a b c Esarte, P. 2001, 692-696. or.
- ↑ a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Monteano, Peio. (2012). Dos destinos para un reino; Navarra de 1522 a 1529. Pamiela, 70-77 or. ISBN 978-84-7681-740-7..
- ↑ a b c Zabala, Mikel. (2001). «Nafarroako sorginkeria berriro eztabaidagai» Uztaro. Udako Euskal Unibertsitatea, 39-52 or. ISSN 1130-5738..
- ↑ a b c d e f g h (Gaztelaniaz) Orella, José Luis. (1986). «Conflictos de jurisdicción en el tema de la brujería vasca: (1450-1530)» RIEV. , 797-815 or. ISSN 0212-7016..
- ↑ Clark, Stuart (2002). The Period of the Witch Trials: Witchcraft and Magic in the Period of the Witch Trials. Witchcraft and Magic in Europe. 4. Bloomsbury 3PL. ISBN-13: 978-0485891041.
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Idoate, Florencio. (1975). «Un proceso de brujería en Burgui» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 20 ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) Jimeno Jurío, Roldan. (2011). «Martín de Azpilcueta el Mayor, el Consejo Real y el proceso contra Juan Navarro, defensor de la causa de los Albret en la conquista de Navarra» Principe de Viana. Gobierno de Navarra, 553-564 or. ISSN 0032-8472..
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María. «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-11-25).
- ↑ (Gaztelaniaz) Tabernero, Cristina; Usunáriz, Jesús M.. «BRUJA, BRUJO, HECHICERA, HECHICERO, SORGINCOMO INSULTOS EN LA NAVARRA DE LOS SIGLOS XVI Y XVII» Modelos de vida y cultura en Navarra (siglos XVI y XVII). Antología de textos (GRISO-Universidad de Navarra) (Noiz kontsultatua: 2019-12-19).
- ↑ (Gaztelaniaz) De la Nogal Fernández, Rocío. (2010). «Las brujas de Ochagavía y sus documentos (1539-1540)» Huarte de San Juan. Geografía e Historia 17: 373-385. ISSN 1134-8259. (Noiz kontsultatua: 2019-12-21).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) De la Nogal Fernández, Rocío. (2010). «Las brujas de Ochagavía y sus documentos (1539-1540)» Huarte de San Juan. Geografía e Historia. , 373-385 or. ISSN 1134-8259..
- ↑ (Gaztelaniaz) .
- ↑ Carasatorre, Rafael. (2021-04-29). «Textos Históricos Navarros: 1576 Ulzama madre e hija y otro vecino acusados burdamente de brujería» Textos Históricos Navarros (Noiz kontsultatua: 2021-05-16).
- ↑ (Gaztelaniaz) USUNÁRIZ, Jesús María. «La caza de brujas en la Navarra moderna (Siglos XVI-XVII)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-01).
Bibliografia
- (Gaztelaniaz) Esarte Muniain, Pedro. (2001). Navarra, 1512-1530. Pamiela ISBN 84-7681-340-6..
Ikus, gainera
- Sorgin ehiza Euskal Herrian
- Alemaniar nekazarien gerra
- Paviako gudua
- Martin Azpilkueta
- Sorginkeria Luzaiden