Francis Ford Coppola
Francis Ford Coppola (Detroit, Michigan, 1939ko apirilaren 7) estatubatuetar zinema zuzendari, ekoizle eta gidoigilea da. Berak eginak dira Ameriketako Estatu Batuetako zinemagintzak eman izan dituen film mitiko eta handienetako batzuk, hala nola, The Godfather, The Godfather, Part II eta Apocalypse Now. Sei Oscar irabazi ditu, eta 2015ean Arteen Asturiasko Printzesa saria jaso zuen[1].
Sofia Coppola eta Roman Coppola zinemagileen aita eta Nicolas Cage aktorearen osaba da.
Bizitza
Kaliforniako unibertsitatean ikasi zuen, eta hasieran gidoiak idatzi zituen. 1962, urtean zuzendu zuen bere lehenengo filma: Tonight for sure!. 1969an, George Lucas adiskidearekin batera, American Zoetrope izeneko estudioak fundatu zituen. Lucasen THX 1138 (1971) lehendabiziko filmak porrotara eraman zituen estudioak, baina The Godfather (1972) lanaren arrakasta itzela zela-eta, Hollywood konkistatzeko ametsa berpiztu zitzaion Coppolari. The Godfather eta The Godfather, Part II (1974) filmeetan Siziliatik Estatu Batuetara emigratu eta mafiaburu bihurtzen den lagun baten eta bere ondorengoen bizitzak kontatzen dira.
George Lucasek Apocalypse Now proiektuaren lehen ardura bazuen ere, Star Wars-en truke aldatu zuen. Hori zela eta, Coppolak hartu behar izan zuen proiektua bere gain. Filmaketa, Filipinetako oihanean egindakoa, oso zaila izan zen. Coppolak, bere sakeletik sekulako diru pila jarri eta sosik gabe zegoenenez, hiru aldiz mehatxatu zuen bere buruaz beste egingo zuela[2]. Filma 1979an eman zen lehen aldiz, eta arrakasta gaitza bildu zuen. «Nire filma ez da Vietnameko Gerrari buruzkoa. Vietnam da» esan zuen Coppolak, pelikula onenaren Cannesko Urrezko palmondoa jaso zuenean[3].
One from the Heart (1982) porrot sonatua izan zen, eta horren ondorioz saldu egin behar izan zituen bere estudioak, eta hutsetik hasi berriro. Ondoren, amerikar gazteriaren egonezina azaldu zuen Rumble Fish-en (1983), eta Cotton club (1984) musikal bikaina egin zuen. 1990eko hamarkadan aipagarriak dira, The Godfather, Part III (1990), Corleone familiaren bilakaera eta gorabeherei buruzko hirugarren filma, eta Bram Stoker's Dracula (1992).
Azken urteetan ekoizteari ekin dio gero eta maizago, batez ere Sofia Coppola alabaren filmak.
Filmografia hautatua
- Distant Vision (2015)
- Twixt (2011)
- Tetro (2009)
- Youth Without Youth (2007)
- The Rainmaker (1997)
- Jack (1996)
- Bram Stoker's Dracula (1992)
- The Godfather: Part III (1990)
- Tucker: The Man and His Dream (1988)
- Gardens of Stone (1987)
- Peggy Sue Got Married (1986)
- Captain Eo (1986)
- The Cotton Club (1984)
- Rumble Fish (1983)
- The Outsiders (1983)
- One from the Heart (1982)
- Apocalypse Now (1979)
- The Godfather, Part II (1974)
- The Conversation (1974)
- The Godfather (1972)
- The Rain People (1969)
- Finian's Rainbow (1968)
- You're a Big Boy Now (1966)
- Dementia 13 (1963)
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016/12/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Francis Ford Coppola zinemagilea, Arteen Asturiasko Printzesa saria. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2015-12-10).
- ↑ Izagirre, Gaizka. “The Revenant” eta infernu bilakatu ziren beste 8 errodaje. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2015-12-10).
- ↑ Urteurren apokaliptikoa. argia.eus, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) (Noiz kontsultatua: 2015-12-10).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Francis Ford Coppola |
- 1939ko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Francis Ford Coppola
- Jatorrizko gidoi onenaren Oscar Sariaren irabazleak
- Film onenari Urrezko Palmaren zuzendari irabazleak
- Zuzendari onenaren Urrezko Globo saridunak
- Zuzendari Onenaren BAFTA saridunak
- Urrezko Leohia ibilbideari
- Coppola familia
- Oscar saria irabazi duten zinema zuzendariak