Brasilgo historia

Wikipedia(e)tik
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Brasilgo historia gaur egungo Brasilgo Errepublikaren lurraldean izan diren gertaera historiko nagusien kondaira da.

Cabral aurreko garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cabral aurreko labar pintura, Pará

Brasilgo lehen giza aztarnak duela 11.000 urtekoak dira. Amazoniako herriak nekazaritza, ehiza eta arrantzan aritzen ziren, eta goi-ordokikoak ehiztari-biltzaileak ziren. Orain dela 3.000 urte inguru, herri batzuk nekazaritza ibiltaria erabiltzen hasi ziren: oihan zati bat moztu eta erre ondoren, lurra errautsekin ongarritu eta ereiten zuten. Artoa, batata, manioka eta, leku batzuetan, kotoia eta tabakoa lantzen zuten era horretan. Egurrezko etxoletan bizi ziren, hamaketan etzanik egiten zuten lo, eta saskiak eta zeramikazko ontziak egiten zituzten, uzta biltzeko eta janaria prestatzeko[1]. Europarrak iritsi baino lehenxeago, 2-5 milioi indigena zeuden[2][3], hainbat talde etnikotan banatuak; garrantzitsuenak tupi-guarani, macro-jê eta arawakak ziren.

Kolonizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pedro Álvares Cabral portugaldarra izan zen Brasilgo kostaldera iritsi zen lehen europarra, 1500ean. Hasieran portugaldarrak itsasaldean baizik ez ziren kokatu. Beti ere, pau-brasil zuhaitzak portugaldar merkatarien interesa piztu zuen, estimu handiko koloregai gorria lortzeko erabiltzen zelako. Beraz, trukean hasi ziren indigenekin eta, aizkora eta labanen ordez, pau-brasil enborrak, hegazti exotikoak eta lumak eskuratzen zituzten[3]. 1532an, Joanes III.a erregeak São Vicente eraikiarazi zuen, lehenbiziko portugaldar kokalekua[1]. 1534an, 12 kapitaintzatan banatu zuen lurraldea, bakoitza kapitain baten agintepean. 1549an aurrerapauso handia eman zen gobernuaren zentralizazioaren alde: gobernadore bat izendatu zen lehenengo aldiz. Gobernadorea erregearen ordezkaria zen, eta aginpide politikoa zuen arren, lurjabeen esku utzi zuen ekonomia, nolabaiteko askatasunaz aritzeko moduan. Kolonizazioak zorigaiztoko eragina izan zuen indigenengan: batzuk animaliak bezala ehizatuak izan ziren, beste batzuk esklabo eginak, eta asko hil ziren europarrek ekarritako gaitzek jota[3].

Esklabo ontzia, Johann Moritz Rugendas, 1810 aldean

XVI. mendean azukre kanaberaren ustiakuntzan oinarritu zen hango ekonomia. Kolonoak hasi ziren azukre kanabera lantzen, haiek eraman zituzten kanabera xehetzeko tresnak eta hasiera-hasieratik bultzatu zuten esportazioa. Portugalen kolonia izateak baldintza egokiak eskaintzen zituen horretarako: Mendebaldeko Afrikako kostaldean nagusi ziren –esklaboak eskulangile gisa erabiltzeko aukera ematen zion horrek– eta merkataritza harremanak zituen Europa iparraldeko herriekin, herri horiek XV. mendean merkataritzarako azpiegitura antolatu zutenez gero. Merkataritza triangeluarra deitutakoa bideratu zen horrela: Europatik salgaiak eramaten ziren Afrikara eta esklaboen truke aldatzen ziren han; ondoren esklaboak azukre truke saltzen ziren Brasilen eta, azkenik, Europara esportatzen zen Brasilgo azukrea. Ihes egindako esklabo batzuek Quilombo izeneko bizilekuak antolatu zituzten oihanean, zuriak iristen ez ziren bazterretan[3]. Handiena Quilombo dos Palmares izan zen, non 20.000 lagun (esklabo iheslari, indigena eta mestizo) bizi baitziren XVI. mendearen erdialdean[4].

Arazo handiak izan ziren Portugalen mendeko Ameriketako lurrak ebanjelizatzeko, ez baitzegoen lan hura egiteko misiolaririk. Izan ere, kolonia askoren arteko bat baino ez zen Portugalentzat, eta portugaldar misiolariek joera handiagoa izan zuten Ekialde Urrunerako Mundu Berrirako baino. Alor horretan aipagarria izan zen jesuiten lana; espainiarren kolonietan egin zutena baino askoz ere eraginkorragoa eta indar handiagokoa izan zen; izan ere, espainiarren mendeko lurretan beste ordena batzuek bete zuten zeregin hori, adibidez, frantziskotarrek, domingotarrek edo mesedetako ordenak. Portugalgo kolonietan ospe handia izan zuen Jose de Anchieta misiolariak, espainiarren mendeko Amerikako lurretan Bartolomé de las Casasen antzera, indigenak babesteko egin zuen lanagatik.

Koloniaren hedakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

São Miguel misioko hondakinak, Rio Grande do Sul

Tordesillasko Itunaren xedapenak haintzat hartu gabe, portugaldarrek mendebalderantz eraman zituzten koloniaren mugak, bandeira izeneko taldeen bitartez. Bandeiranteak indigenak harrapatu eta esklabo egiteko barneratzen ziren oihanean; baina, bide batez, lurraldea esploratuz eta konkistatuz joan ziren Portugalgo erregearentzat. Jesuitek misioak sortu zituzten indigenak babestu eta kristatutzeko[3]. Hori dela eta, gatazka latzak izan zituzten bandeiranteekin, eta hauek misio asko suntsitu zituzten[5]. Azkenik, 1759an Pombalgo markesak jesuitak kanporatu zituen Portugaldik eta kolonietatik[6]. Bestalde, frantziarrak eta herbeheretarrak Brasilgo itsasaldea kolonizatzen saiatu ziren. 1555ean frantziarrek Guanabarako badia beretu zuten. Badia berreskuratu ondoren, portugaldarrek Rio de Janeiro fundatu zuten bertan 1567an[3][1]. 1630-1654 bitartean, berriz, herbeheretarren aurka borrokatu behar izan zuten, Pernambuco, Sergipe eta Maranhãotik egozteko.

XVII. mendearen amaieran, bandeiranteek urrea aurkitu zuten Minas Geraisen. Urrearen sukarrak koloniaren norabidea irauli zuen. Artean kolonizatu gabe zeuden eskualdeetan meatze-herrixkak sortu ziren, eta itsasaldea jendegabetu zen[1]. Milaka lagun iritsi ziren Portugaldik eta portugaldar kolonietatik, esklaboen helduera ere handitu zen[3], eta liskarrak gertatu ziren kolono zaharren eta iritsi berrien artean; larriena Emboabasko Gerra izan zen (1707-1709). Herrialdearen hego-ekialdea izugarri aberastu zenez gero, koloniaren hiriburua Salvadortik Rio de Janeirora eraman zuten 1763an. 1789an, portugaldarrek bortizki zapaldu zuten Inconfidência Mineira izeneko matxinada independentista, Minas Geraisen piztu zena; buruzagia, Joaquim da Silva Xavier, hilarazi zuten[1].

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipiringako Oihua: Independência ou Morte!, Pedro Américo, 1888
Esklaboak kafe etxalde batean, 1885 aldean

1808an Napoleonen gudarosteak Iberiar penintsula okupatu zuen. Haiengandik ihesi, Portugalgo gorte osoa, Joan VI.a buru zuela, Brasilera aldatu zen. Herrialde hura erresuma autonomo gisa eratu zen, metropolikoaren berdin eta pare. Joan erregea 1821ean itzuli zen Portugalera eta han Petri semea utzi zuen erregeorde. Handik urtebera, erabaki guztiak baliogabetu eta, gizarte kreolearen babesarekin, Petrik Brasilen guztizko burujabetasuna adierazi zuen Ipiranga ibaiaren ertzean, Ipiringako Oihua izenez ezagutzen den ekitaldian. Batzar nazional batek baliotasuna eman zion erabakiari, eta Brasilgo lehen enperadore izendatu zuen printzea, Petri I.a izenarekin. Brasilgo Independentzia Gerra hasi zen horren ostean baina, azken portugaldar soldaduak 1824ko martxoaren 8an errenditurik, 1825eko abuztuaren 29an Portugalek Brasil ezagutu zuen.

Petri I.a gaitasun urriko agintaria izan zen. Haren agintaldian Cisplatina probintzia (gaur egungo Uruguai) galdu zuen Brasilek, Argentinaren aurkako gerran (1825-1828). Enperadoarearen ospea itzaliz joan zen, eta 1831ko apirilaren 7an uko egin behar izan zion koroari bere seme Petriren faboretan[7]. Enperadore berria bost urteko umea zenez gero, erregeordetza ezarri zen. Probintzien nahigabeak eta gizarte-tirabirek matxinada ugari piztarazi zuten garai nahasi hartan: Cabanagem (1835-1840), Revolta dos Malês (1835), Balaiada (1838-1841), Sabinada (1837-1838), Farrapoen Gerra (1835-1845). Horiek horrela, 1840ean Brasilgo Legebiltzarrak Petri adin nagusikoa zela erabaki zuen, 14 urte besterik ez zuen arren[1].

Petri II.a 50 urtez izan zen Brasilgo enperadore, 1840tik 1890era. Egonkortasun politikoa berreskuraturik, nazio nortasuna finkatu zen. Ziklo ekonomikoa aldatuz joan zen: azukre ekoizpenak pisua galdu ahala, kafeak ordezkatu zuen[7]. Kanpo-politikari dagokionez, Brasil garaile atera zen Hego Konoko hiru gerratan: Platako Gerran (1851-1852), Uruguaiko Gerran (1864-1865) eta Aliantza Hirukoitzaren Gerran (1864–1870). Esklabotasunaren ezeztapena oso afera garrantzitsua izan zen urte horietan. Izan ere, esklabotasunaren aurkakoa bazen ere, Petri ez zen etsaitu nahi esklabo-jabeekin. 1871ean eman zitzaien askatasuna esklaboen seme-alabei, eta 1888an ezeztatu zen erabat; era horretan, herrialdeko 700.000 esklabuak askatuak izan ziren[1].

Errepublika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errepublikaren aldarrikapena, Benedito Calixto, 1893

1889ko azaroaren 15ean, lurjabe handiek eta errepublikaren aldeko mugimendu popularrak bultzatutako estatu kolpe batek Petri II.a eraitsi zuen; Brasilgo Errepublika Federalaren hasiera izan zen. Lehenbiziko lau urteetan diktadura militarra izan zen, 1894an hauteskundeak egin ziren arte. Beti ere, gizon lurjabe alfabetizatuek bakarrik izan zuten boto eskubidea, helduen %2ak besterik ez[7]. 1890eko hamarkadatik aurrera, Brasilek etorkin olde gaitza jaso zuen: portugaldarrak, italiarrak, alemaniarrak, espainiarrak, ukraniarrak, poloniarrak, errusiarrak, japoniarrak... 1888-1926 urte-tartean, 13,7 milioi biztanle izatetik 36,9 milioi izatera pasatu zen[8]. Kautxu sukarraren urteetan (1879-1912) Amazoniako eskualde zabalak kolonizatu ziren, Amazonas, Rondônia eta Pará estatuetan. Oihanaren erdian hiri oparoak sortu ziren, hala nola Belém eta Manaus, baina indigenak sarraskituak izan ziren[9].

1930eko hamarkada hasieran, herrialdea krisi larrian murgildurik zegoen, Depresio Handiaren ondorioz. Estatu Batuek, bezero nagusiak, utzi egin zioten lehengaiak erosteari eta hori zen, hain zuzen ere, Brasilen diru iturri nagusia. 1930ean, estatu kolpe militar batek amaiera eman zion Brasilgo erregimen politiko konstituzionalari. Getúlio Vargas, abokatu entzutetsua eta Rio Grande do Sul estatuko gobernadorea, izendatu zuten presidente. Vargas boterera heldu zenean egoera oso nahasia zen: matxinadak txitean-pitean gertatzen ziren, alderdi komunista buru zela, Sao Pauloko estatua Brasildik aldendu nahian zebilen, eta Integralistak izeneko alderdi faxista goraka zihoan. Gizon autoritario eta kontraesanez beteriko horrek erregimen populista ezarri zuen laster, diktadura faxisten ezaugarri asko zituena: Estado Novo. Nekazariak eta langileak zituen alde, baita negozio gizonak ere, irabazi handiak lortzeko modua izan baitzuten. Brasilgo komunismo sortu berriaren aurka egin zuen, emaitza onekin, eta nazioarteko politika bitxia egin zuen: Benito Mussolini faxistaren aurka borrokatu zen, Estatu Batuekin elkar harturik, eta batailoi bat bidali zuen Italiara.

1945ean, estatu kolpe batek erorarazi zuen Getúlio Vargas. 1946an deitutako hauteskunde libreetan Eurico Gaspar Dutra hautatu zuten presidente. Baina kargutik kendutako diktadoreak aldeko asko zituenez, 1950eko hauteskundeak irabazi zituen. Langileen botoei esker agintera itzulirik, Vargasek soldatak igotzeari eta estatuaren enpresak bultzatzeari ekin zion. 1953an, petrolio konpainia handiak nazionalizatu eta Petrobras sortu zuen, petrolioaren arloko estatuaren monopolioa. 1954ko abuztuaren 5ean, ezezagun batzuk Carlos Lacerda, oposizioko politikaria, hiltzen saiatu ziren. Horrek krisi politiko sakona eragin zuen; militar talde batek dimititzera behartu zuen Vargas eta, handik gutxira, bere buruaz beste egin zuen[1].

Erregimen militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brasiliaren eraikuntza lanak, 1959

1955ean Juscelino Kubitschekek irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak. Aski agintaldi oparoa izan zuen, atzerriko inbertsioak erakarriz eta auto-industriari hasiera emanez[7]. 1960an Brasiliara eraman zuen zuen Brasilgo hiriburua. 1961ean hautatutako Jânio Quadrosek zazpi hilabete baino ez zuen iraun karguan. João Goulart izan zen haren ordezkoa, 1964an militarrek eraitsi zuten arte[1].

Kolpe militarraren ostean, alderdi politikoak debekatuak izan ziren, eta sindikatuak gogorki zapalduak. Hurrengo hogei urteetan errepresioa latza izan zen, hildako, desagertu, torturatu eta erbesteratu ugarirekin[7]. Aurkari politikoez gain, gizarte sektore guztietako pertsonek pairatu zuten zapalkuntza: artistek, ikasleek, kazetariek, erlijiosoek, sindikalistek, intelektualek, erregimenaren aldekoak ez ziren polizia eta militarrek, eta preso politikoen senideek[10]. 1964-1974 bitartean herrialdeak hazkunde ekonomiko handia izan bazuen ere (Brasilgo mirari ekonomikoa), kanpo zorra asko hazi zen. Bestalde, lurrik gabeko milioika nekazari hirietara emigratu eta favela auzoetan kokatu ziren[7]. 1970eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, inflazioak gora egin zuen eta langabezia emendatzen hasi zen. Protesten beldur, militarrek gutxitu zuten errepresioa, sindikatuak baimendu ziren, Amnistia Legea onartu zen eta, 1980ko hamarkada hasieran, alderdi politikoak legeztatu ziren[1].

Manifestariak hauteskunde zuzenak eskatzen, Brasilian, 1983an

Datu ofialen arabera, 1980ko hamarkadaren erdialdean Brasilgo biztanle guztien (130 milioitik gora) erdia baino gehiago pobrezian bizi zen, eta ekonomia formaletik kanpo. Hirietan bakarrik sei milioi langabe baino gehiago zegoen, eta 13 milioi baino gehiago lan baldintza eskasetan lan egiten. 1983ko hauteskundeetan agerian geratu zen gizartearen haserrea eta oposizioa izan zen garaile, ekonomian indar gehiena duten estatuetan (Sao Paulo, Rio de Janeiro eta Minas Gerais besteak beste) irabazirik.

XX. mende amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984ko hasieran brasildarrek lehendakaritzarako hauteskunde zuzenak eskatu zituzten, aginpide militarra behin betiko desagerrarazi nahirik. 1985ean Minas Geraisko gobernadore Tancredo Neves hautatu zuten lehendakari, baina handik hilabete gutxira hil zen, eta Jose Sarney lehendakariordeak hartu zuen kargua. Sarneyk alderdi komunista eta ezkerreko beste erakunde batzuk legeztatu zituen 20, eta are 40 urte ere, legez kanpo egon ondoren. 1988ko udal hauteskundeetan ezkerreko eta erdiko alderdiek gora egin zuten, eta urte hartan bertan konstituzio berri bat onartu zen. Urtearen bukaeran, Acre eskualdeko jauntxoek Chico Mendes hil zuten, seringueiroen (kautxua ateratzen duten langileak) eta indiarren aldeko mugimenduko buruzagia.

1990ean egin ziren lehenengo aldiz lehendakaritzarako hauteskunde guztiz libreak. Kontserbadoreen buru Fernando Collor de Mello izan zen garaile. Collorrek, ekonomia eredu neoliberala erabiliz, enpresa estatalak pribatizatu zituen, eta muga zergak murriztu zituen, baina ez zuen inflazioa eta langabezia gutxitzerik lortu. Ekonomia arazo handiei ez ezik, gizarte egoera larriari eta indarkeriaren gorakadari ere aurre egin behar izan zien gobernuak. 1991n Rio de Janeiron 350 haur baino gehiago hil zituzten. Gertaera horiek aztertzeko Legebiltzarrak izendatu zuen batzordearen kalkuluaren arabera, Brasil osoan 5.000 haur baino gehiago hil zituzten hiru urteko epean. Batzorde horrek berak dendariek finantzatutako talde parapolizialei leporatu zien etxerik gabeko haurrek (zazpi milioi) pairatzen zuten jazarpena. Bestalde, Amazoniako indiarrak ere aurrerabidearen ondorioak jasaten ari ziren. Eritasunek, ingurunearen hondamenak, metal bilatzaileen eta polizien erasoek eta hilketek, beldurrez seme-alabarik ez izateak eta suizido tasa handiak, deuseztatzen ari ziren Brasilgo indiar herriak eta kultura.

1991ko irailean Lurrik Gabeko Mugimenduko milaka pertsonek protesta handia antolatu zuten Rio Grande do Sul estatuan, nekazaritzaren erreforma eskatuz. Estatu hartan bakarrik, bederatzi milioi hektarea lur landu gabe bazegoen ere, non lan eginik ez zuten 150.000 baserritar familia bizi ziren. Horrezaz gainera, inflazioak eta interes tipoen igoerak eraginda, industria sektoreko langile asko kaleratu zituzten; Sao Paulon bakarrik, milioi bat pertsona baino gehiago geratu zen lanik gabe.

1992n lehendakariak dimisioa eman behar izan zuen ustelkeriaz akusatuta, eta Itamar Francok hartu zuen lehendakaritza. Urte amaieran, Carandiruko espetxean presoen arteko borroka zapaltzera sartu zen polizia, eta 111 preso hil zituen. Ikerketaren arabera, errenditu ondoren hil zituzten 85 preso. 1993an poliziak 8 haur hil zituen tiroka kalean lo zeudela. Hurrengo hilean 50 gizon sartu ziren Vigario Geral favelan eta 21 pertsona hil zituzten, droga trafikatzaileekin borrokan hil ziren lau polizia mendekatzeko. Herbert de Souza soziologoaren gidaritzapean, gosearen aurkako eta biziaren aldeko elkarte bat sortu zen 1993ko apirilean, herritarren artean janaria bildu eta banatzeko, eta lana bilatzeko.

Ogasun ministro Fernando Henrique Cardosok ekonomia egonkortzeko eta inflazioari aurre egiteko prestatu zuen plangintzaren arrakastaren ondoren, bera izan zen garaile lehendakaritzarako hurrengo hauteskundeetan, 1994ko urriaren 3an. Hala ere, handik gutxira ekonomiak atzera egin zuen berriro ere, langabezia eta indarkeria handitu ziren eta gero eta nekazari pobre gehiago lurrak hartzen hasi ziren. Estatistiken arabera, Brasilgo lurren ia erdia lur jabeen %0,83 eskuetan zegoen. Hala, Brasil zen munduan aberastasunaren banaketan desoreka handienak dituen herrialdeetako bat. 1997ko irailean Cardosok 8,4 milioi hektarea lur mugatu zituen indiarrek bakarrik erabil zitzaten. 1998ko urtarrilean Amazonian inoiz izandako suterik handienak milaka nekazari eta indiar behartu zituen beren lurrak uztera. 1998ko urriko hauteskundeetan Cardosok botoen %53 eskuratu zuen, Langileen Alderdiko hautagaiLula da Silvak baino 20 puntu gehiago.

Azken urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lula da Silvak, Langileen Alderdiko hautagaiak, irabazi zituen 2002ko presidentetzarako hauteskundeak; 2006koetan berriz nagusitu zen, botoen %60,8 lortuz[11]. 2010ean Lularen alderdikide Dilma Rousseff hautatu zuten presidente[12]. 2013ko ekainean, milaka lagun manifestatu ziren herrialde osoko hirietan, garraio publikoko prezio garestien eta ustelkeriaren aurka[13]. 2014ko hauteskundeak ere Dilma Rousseffek irabazi zituen[14], baina 2015ean Brasilgo Senatuak kargutik kendu zuen ustelkeria kasu batengatik bere kontra izandako prozesuan[15].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j   Una breve historia de Brasil, spainexchange.com, http://www.spainexchange.com/es/guia-paises/BR-history.htm. Noiz kontsultatua: 2017-1-15 .
  2.   Ferreira-Levy, Maria Stella, O papel da migração internacional na evolução da população brasileira (1872 a 1972), Revista de Saúde Pública 8, scielo.br, http://www.scielo.br/pdf/rsp/v8s0/03.pdf. Noiz kontsultatua: 2017-1-15 .
  3. a b c d e f g   Ormazabal, Estebe, Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea, euskonews.com, http://www.euskonews.com/0185zbk/kosmo18501eu.html. Noiz kontsultatua: 2017-1-15 .
  4.   Freixa, Omer, Orgullo afrodescendiente en Brasil. Zumbi y Palmares, elpais.com, http://elpais.com/elpais/2016/11/21/africa_no_es_un_pais/1479754309_244026.html. Noiz kontsultatua: 2017-1-15 .
  5.   Cancian, Renato, Entradas e Bandeiras: Bandeirantes expandiram limites do Brasil, educacao.uol.com.br, https://educacao.uol.com.br/disciplinas/historia-brasil/entradas-e-bandeiras-bandeirantes-expandiram-limites-do-brasil.htm. Noiz kontsultatua: 2017-1-15 .
  6.   Brasil, artehistoria.com, http://www.artehistoria.com/v2/contextos/1630.htm. Noiz kontsultatua: 2017-1-17 .
  7. a b c d e f   Ormazabal, Estebe, Brasilgo historia eta euskaldun batzuk: ezezagun handi bati gerturatzea (bigarren zatia), euskonews.com, http://www.euskonews.com/0204zbk/kosmo20401eu.html. Noiz kontsultatua: 2017-1-17 .
  8.   Atividades república oligárquica - Documents, documentslide.com, http://documentslide.com/documents/atividades-republica-oligarquica.html. Noiz kontsultatua: 2017-1-17 .
  9.   Plotkin, Mark, Mark Plotkin: «Zuk ez dakizkizun baina Amazoniako jendeak badazkiken zenbait kontu», ted.com, https://www.ted.com/talks/mark_plotkin_what_the_people_of_the_amazon_know_that_you_don_t/transcript?language=eu. Noiz kontsultatua: 2017-1-21 .
  10.   Araujo, Maria Paula; Pimentel, Izabel; dos Reis Santos, Desirree, Ditadura Militar e Democracia no Brasil: História, Imagem e testemunho, historia.ufrj.br, http://www.historia.ufrj.br/pdfs/2013/livro_ditadura_militar.pdf. Noiz kontsultatua: 2017-1-18 .
  11.   Lula presidente berriro, babes handiarekin, berria.eus, http://www.berria.eus/albisteak/17362/lula_presidente_berriro_babes_handiarekin.htm. Noiz kontsultatua: 2017-1-20 .
  12.   Dilma Rousseff da Brasilgo presidente berria, berria.eus, http://www.berria.eus/albisteak/44438/dilma_rousseff_da_brasilgo_presidente_berria.htm. Noiz kontsultatua: 2017-1-20 .
  13.   Brasilgo suminduen manifestazioak herrialde osora hedatu dira, eitb.eus, http://www.eitb.eus/eu/albisteak/mundua/osoa/1373966/protestak-brasilen--suminduen-martxak-herrialde-osora-hedatu-dira/. Noiz kontsultatua: 2017-1-20 .
  14.   Bigarren agintaldia hasi du Brasilen Dilma Rousseffek, berria.eus, http://www.berria.eus/paperekoa/5103340/013/004/2015-01-02/bigarren_agintaldia_hasi_du_brasilen_dilma_rousseffek.htm. Noiz kontsultatua: 2015-1-2 .
  15.   Apaolaza, Urko, Rousseff kargutik kenduta, agro-esportatzaileek Brasilgo lurra helburu, argia.eus, http://www.argia.eus/albistea/roussef-kargutik-kenduta-oligarkiak-brasilgo-lurra-helburu. Noiz kontsultatua: 2017-1-20 .
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Brasilgo historia Aldatu lotura Wikidatan