Jaun Zuria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu

Jaun Zuria Bizkaiko Jaurerriko sortzaile eta lehen jaun mitikoa da. Iparraldeko lur hotzetatik, Eskoziatik-edo, Euskal Herriratu zela diote batzuk. Beste batzuk berriz, Sugaar eta Mundakako printzesa baten (Marirena beste batzuen esanetan) semea zela diote. Larrua elurra bezain zuria omen zeukan, gariak eguzkitako distiran duen koloreko adats luzea, eta zeruari kendutako isla urdina begietan.

Laster egin omen zen Bizkaiko lurren jaun eta jabe. Denek zioten begirunea, manbru eta trukuak (mairuak, musulmanak) lur hauetatik bidali zituelako. Arrosa andrearekin ezkondu zen, baina ez zuten seme-alabarik izan. Hala ere, Jaun Zuria[1] gizon gihartsu eta lerdena omen zen eta inguruko emakume asko, berarekin txoraturik, berarekin oheratu omen ziren. Horretatik Bizkai kostaldean, azalzuri eta ilehori jaiotakoak, haren nolabaiteko oinordekoak direla uste da.

Gaztelako erregeak Jaun Zuriaren beharra zuela-eta Butroeko gaztelu atzean, erregeren gerla-osteetan buru jarri zen. Benetako historian, ahozko tradizioak Jaun Zuria izena eman zion Bizkaiko III. jauna izan zen Diego Lopez I.a Harokoari. Alegiak dioenez, Arrosa andreak senarra gerran hil zitzaiola ustean, Errodrigo izeneko kondearen besoetan jarri zen, eta Jaun Zuria itzuli eta biak ezpataz hil zituen. Beste aldaera batek dioenez, emaztea eta amorantea hil ondoren, burua galdurik, itsasontzi batean Bizkaitik alde egin eta Ameriketaraino iritsi zen.

Bere gaineko istorioen berri Bizkaiko hainbat elezahar eta baladetan aurki dezakegu. Balada horietako bat, Jaun Zuriano izenekoa[2], Hiru Truku musika taldeak egokitu zuen, Mendebaleko Euskal Baladak diskorako (1994).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.euskonews.com/0205zbk/gaia20501eu.html Kondaira eta hainbat agiri Euskonews&Median
  2. http://www.euskomedia.org/cancionero/4166 Euskal kantutegia Euskomedian

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]